Gaia: Ohiturak
««Itzuli blog osora
Txapela buruan…
Ohiturak | Begoña Elias |
2006/02/1
13:00
Aspaldian, halako ohitura xelebre bat hartu dut, eskelak irakurtzekoa. Arreta handiarekin irakurtzen ditut, eta baten baino gehiagotan, esan ere, "Dios, hau neure edadekue hunan", eta baten baino behiagotan malkoren bat erori ere bertso samur bat irakurri ondoren. Orain dela egun batzuk, 'Hitza'k zekarren eskela baten argazkiak txunditu ninduen. Hau zen irudia, aitona bat borda aurrean bere artaldearekin, neure ahizpari komentatu nion, “beituyon zer argazki politte eta txapela zer ederki jantzita dauken”.
Izan ere, txapelari beti eduki diot kariño berezia, jantzi horrekin gogoratzen dudalako nire aita. Jai egunetan, txapela janzteko momentu hura, ia zeremonia bihurtzen zelako gure etxean, berarengana hurbiltzen ginen esanez, “Benga atte, ia gaur nola janzten duzun txapela”, beti berdina egiten zuen, “ekarrien Baron Dandy botila“, handik parrastada bota, eskuetan pixka bat gozatu eta, ttak! burura, ondo zentratu eta azkenean bere ukitu berezia ematen zion, albo batera ipintzen zuenean, benetan dotore ipini ere. Beti erabili zuen txapela, eta orduan gehienak eramaten zuten, baten baino gehiagotan esan genion, “atte, hurrenguen txapel urdina erosi behar duzu“ eta horrela erantzuten zigun, “ez, hori jende haundiyek ibiltzen dinabe, kapitalekuek“. Ño!, txapela eramaterakoan ere kategoriak zeudek!. Horregatik, gaur egun Donostian ikusten dudanean gizonezkoren bat txapela urdinarekin, neure baitan pentsatzen dut; “hau ere kategori handiko gizona izango dun".
Eta baten baino gehiagotan faltan bota dut, bereziki komunetako sarrerak bereizterakoan, ez didazue esango orain ipintzen dituzten irudi horiek errazak direnik ulertzea, ez?. Azkena, Donostiako jatetxe batean gertatu zitzaidan, komunera joan eta ezin asmatu zein zen emakumeena, ezker-eskuineko irudiak ia berdinak zirelako. Halako batean mutil gazte bat gerturatu zitzaidan irribarrez eta berak esan zidan non sartu behar nuen, lehen, gizonezkoen atean aitona txapela jantzitako irudia ipintzen zuten, eta horrela primeran genekien non sartu behar genuen.
Txapelak, protagonismo handia izan du Euskal gizartean, gertaera garrantzitsuenetan, aurreskua dantzatu ondoren txapelarekin agurtuz bukatzen da, txapelketa guztiak txapela ipiniaz borobiltzen dira eta beste hainbat ekitaldietan berdin.
Eta jantzi honekin lotuta, ezin ahaztu Che Guebararen irudia, hau ere ez bai dut imajinatzen txapel beltza aurrean izar gorria duena jantzi gabe.
Ah, eta bitxikeria moduan kontatuko dizuet, orain dela urte batzuk, oporretan Puerto Rikora joan nintzen eta gauza batek harritu ninduen, kalean, tarteka, txapel beltza jantzita ikusten nituen mutil gazteak. Horri buruz galdetu nuen eta esplikatu zidaten “Independentistak " zirela, eta bereizteko txapela eramaten zutela.
Galtzeko arriskuan dagoen txapela errebindikatu nahi dut, Azpeitiko mutilak txapelarekin ikusi nahi nituzke, gainera, burua beti babestuta eramango duzue, horregatik, ilea erortzen bazaizue ere, ez kexatu, Txapela buruan eta burusoilak babesean………
Lotura zuzena |
5 erantzun. Azkena:
nagore | 2006-02-07 | 11:43