Kalien izenak
Izenak | Begoña Elias |
2006/03/20
12:24
Nik ez dakit, radarra edo zer demontre daukadan, baina askotan hurbildu zaizkit kamioi edo furgonetako txoferrak informazio eske.
Azkena, aurreko astean, Zelaitxo aurrean zegoen kamioi handi bat geldirik, txoferra, leihotik burua aterata, papera eskuan zuela emakume batekin hizketan, beraien parera iritsi nintzenean, txoferra neuri zuzendu zitzaidan.
<< Paseo de los Fueros?>>
Izena entzunda neukan, baina, dudak neuzkan non zegoen esplikatzeko. Baina neure ustetan, hartzubitik zezen plaza bitarteko kalea zen eta horrela esan nion.
- Coja la vuelta y en la rotonda a la derecha.
- << Cómo, si me han mandado aquí?.
- Bueno, ¿a dónde quiere ir?
- <<Corrugados Azpeitia>>
- ??????? oraindik okerrago, pentsatu nuen, lehenengo aldia zen izen hori entzuten nuela. Espaloitik zihoan gizon bati galdetu nion, non zegoen lantegi hori eta esan zidanean lehenago Uzin zela, berehala informatu nuen kamioilaria, baina ez pentsa, bekozko ederra jarri zidan.
Ez da, ez, lehenengo aldia hanka sartzen dudana, baten baino gehiagotan okerreko lekura bidali ditudalako, eta ze bota ote dituzte nirekin akordaute….
Onartzen dut despistatu xamarra naizela eta Azpeitiko kaleen izendegia gehiago ezagutu behar nukeela.
Izan ere, kale batzuen izenak oraindik eguneratu gabe dauzkat, Pelotalekue, Albergatzie, Astotaye, Zelailuzie, Hartzubiye, eta, beste batzuk berriz, izena eduki arren ezizenekin ezagutzen ditudanak, Mundo Joven ( Damaso Auzoa), ah, eta orain, José de Artetxe kaleari, Gros deitzen diote jubilatu koadrila batek.
Tabernen izenekin ere berdin gertatzen zait, Taberna berdie, Saski Baloie, Costa Rica (Juantxo Txiki).
Eta ezizenekin berriz, oraindik ez naiz eskarmentatu, akordatzen naizen bakoitzean, zer belarrondoko eman zidan, Bilbora joaten zen rekadistak, galdetu nionean… Zu altzea Xirtxili Xartxalanekue?
Ia ba, behingoz ikasten ditudan kaleen izenak, bestela hurrena hurbiltzen zaidan kamioilaria, auskalo nora bidaliko dudan.
|
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|