Agur Soreasu!
Oroitzapenak | Begoņa Elias |
2006/01/4
09:13
Iritsi zaio eguna Soreasuri, jadanik ateak itxita edukiko ditu, eta botatzen duten momentuan bere hondakinekin geratuko dira hainbat eta hainbat istorio, batzuk fikziozkoak eta besteak benetakoak.
Neuk behintzat,hainbeste urte pasatu ondoren oroipen asko dauzkat. Nire haurtzaroan, igandetako paga ez zen handia izaten, baina, gogoratzen naiz amak dirua ematerakoan nola gogoratzen zidan erdia zinemara joateko zela.
Igandero joaten ginen bostetako Tolerada saiora, dena umez josita egoten zen, hura zen giroa!.
Pelikula hasi baino lehen, Nodoa botatzen ziguten, hortik ez ginen sekula libratzen, hemen betiko aktoreak ikusten genituen, protagonista nagusia, Franko diktadorea, beti bezala urtegiren bat inauguratzen.
Gehienetan Oesteko pelikulak ikusten genituen, buru-belarri sartzen ginen gidoian, ez dut sekula ahaztuko Indioen jefea mendi puntan azaltzen zeneko eszena hura, arnasik hartu gabe egoten ginen denok, baina Bakeroak tiroka azaltzen zirenean, bat-batean txaloka hasten ginen, izan ere, orduan, gaur bezala, gidoia idazten duenak, bere erara kontatzen du istorioa, gehienetan Indioak txarrak ziren
Gero, hemezortzi urterik ez, baina 3R (treserre) pelikulak ikusteko irrikitzen egoten ginen, baina, komeriak izaten genituen sartzeko. Sarrera erosi baino lehen atean zein zegoen begiratzen genuen, izan ere, batzuekin errazagoa izaten zen sartzea, aldiz, "Katranekin" ezinezkoa, honek filtro-operazio zorrotza egiten zuelako.
Eta ezin ahaztu, hainbat eta hainbat antzerki, Aste Santuetan,Jesusen Pasioa, herriko jende pila batek parte hartzen zuen, protagonisten artean gogoratzen ditut, Potxolo, Juanito Bikendi (Judas), Gurrutxaga eta abar, urte batzutan, ekitaldi hau tradizioa bihurtu zen herrian. Geroztik sortu ziren Azpeitiko Antzerki Topaketak, gaur egun Azpeitian dagoen antzerkirako zaletasuna, orduan egindako lanaren ondorioa da.
Eta azkeneko agurra eman nahian, Zine Klubak, lehengo astean zine ziklo bat antolatu zuen, egun batzutan joateko aukera izan nuen eta jende asko bildu ere. Ostiralean agurtu zen taldea eta eskertzekoa da urteetan egin duten lana.
Ez nuke nahi aipatu gabe utzi, Soreasu sarrerako bost edo sei eskailera horiek, hauek ere urteetan zehar beraien protagonismoa izan dutelako. Azpeitiko etxe gehienetan egongo da argazki bat horiek azaltzen direna egun seinalatu batean, lehen jaunartze egunean, hor ateratzen baizen taldeko argazkia.
Bukatzeko, nik behintzat, faltan botako dut, eta orain gehiago, herria zinema aretorik gabe gelditzen delako.
Agur Soreasu!, hainbat urteetako ekitaldiak bukatu dira, garai berriak datoz, Ongi Etorri Kafe Antzokia!
|
1. ni - 2006-01-04 | 17:23
txikitan oso ondo eote ginen soreasuko butakatan!baina hankak luzatzen joan zaizkidan einean,ernia batekin irteten nuen joaten nitzen bakoitzean.Pena ematen dit eraikin hori botatzeak baino...ze eingo zako ba.Oso ondo idaztezu
2. Oraindik ez - 2006-01-04 | 20:49
Ongi etorri Kafe Antzokia, esan dezu. Baina oraindik ez dago lortuta. Uztarriak egin du proposamena, talde askok egin dute azken batean, babesa ere haundia izan da, proposamena oso logikoa da baina nik dakitenez Udalak ez du erantzun. Baiezkoa emango dulakuen nago baina inun ezin da jarri oraindik Ongi etorri Kafe Antzokia
3. baiezkoa? - 2006-01-05 | 12:26
Ni ez naiz hain optimista. Iruditzen zait Udalak ez duela kontuan hartuko Uztarriako taldeek egin duten proposamena. Eta iruditzen zait aspaldian herrian egin den interesgarrienetakoa dela proposamen hau. Baina EAJ-k erabakiak hartuak dauzka, eta taldeak mareatu nahian dabil. Aurrekoan bati irakurri nion parte-hartzea marketing operazio moduan erabiltzen dela askotan,eta arriskutsua dela hori.... Eta horixe bada: iruditzen zait taldeen oniritzia lortu nahi izan duela EAJk, baina ez zuela espero taldeek horrelako proposamenik egitea, eta orain ez dakiela nondik jo, baina gauza bat garbi duela: hasieran pentsatzen zuen gauza bera egingo dutela Soreasun, Kafe Antzokiaren proposamena hor egon ala ez.
4. Nik - 2006-01-09 | 15:57
Eskarrikasko Begoņa,nere ume-gazte denborak berritu dituzulako.Benetan disfrutatu dut irakurtzen zure idatzitxoa.ESKARRIKASKO
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|