Sentimenduak
Portaerak | Begoña Elias |
2005/12/29
10:11
Zenbat aldiz gogoratu dut Blaise Pascalen esaldi hau, “Bihotzak arrazoiak ulertzen ez dituen hainbat arrazoi ditu” (El corazón tiene razones que la razón no entiende). Orain dela egun batzuk, nire tortolika zaharra,( horrela deitzen nion nire errezinkoari), Zestoako autoen desguazera bidali nuen.Hori egin behar izan nuen, bolada honetan ia hilero gaixorik baitzegoen. 26 urte egin ditu nirekin; pentsa, nire ilobetako hiru baino zaharragoa zen. Erabaki bat hartu beharra neukan eta azkenean txatarretara bidali nuen.
Agian, ez didazue sinistuko, baina gaizki pasa nuen grua-gidariak deitu zidanean; kotxearen bila hamar minutu barru iritsiko zela esanez. Eta agindu bezala, oso puntual etorri zen. Nire lehenengo sorpresa grua-gidaria ikusi nuenean izan zen, neska gazte bat zen, eta berari ere komentatu nion nire harridura, nik mutil morrosko bat azaltzea espero nuen. Kotxea martxan jarri ezinik, bultzaka atera genuen garajetik. Badirudi, antzeman zuela nora zeramaten; kable batekin lotu eta berehala hasi zen gruara igotzen. Euria ari zen, eta halako batean, konturatu nintzen autoak leihoa irekia zeukala. Grua-gidariari leihoa ixteko eskatu nion, azkeneko momentu arte babestea nahi bainuen. Lan denak bukatu zituenean, grua-gidariak, izugarrizko trebetasunarekin bukatu ere, martxan ipini zuen kamioneta eta hor eraman zuen nire Tortolika. Nire begiradaka ezkutatu arte jarraitu zion.
Etxera etorri nintzenean, neure ahizpa bati deitu nion honen berri emateko eta horrela esan zidan: “ ze pena, gaur dauen egualdiyekin, han eongo den desguazien, euriten!”
Komentario honek lehenago nengoen baino tristeago utzi ninduen. Baina hurrengo egunean iloba baten komentarioak poztu ninduen, honako hau esan zidanean: “es ke izeba, zure kotxie asko matte gendun. Akordatze atzea plaire juten ginenien, zenbat parre egiten genuen, atzeko asientuen, betiko kaseta patxangero hura ipintzen zenuenean?. Beno, etziok gaizk!. Ematen duenez, oroitzapen onak zeuzkeabe, pentsatu nuen.
Eta nire tristura eta pena, agian, batzuei zaila egingo zaizue ulertzea, kotxe zahar batek nola eduki dezakeen nigan horrelako eragina. Baina hasieran esan dudan bezala, bihotzaren portaerak, batzutan, zailak dira ulertzea.
|
1. ebtik - 2005-12-30 | 21:32
Gauza txar guztiek dute bere alde ona. Alde on hori aurkitzen zaiatu behar dugu naiz eta ez izan erraza.
|
Erantzuteko izena eman behar duzu
|
|