Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Begoña Elias

Begoña Elias

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Aio denoi!

    Agurra | Begoña Elias |  2006/07/22  13:23

    Iraileko 29an ireki nuen nire Blog-a, hasieran nahiko beldurra nuen, neure buruari askotan galdetzen nion, baino, hi gai al haiz euskaraz idazteko?.

    Erronka bat izan da niretzat, eta ez dut ukatuko ere, batzutan buruhauste galantak izan ditudala ez nekielako zertaz idatzi.

    Zerbait desberdina idaztea nahi izaten nuen eta hor izaten ziren komeriak, horri gehitzen badiozu nire lexiko eskasa, a zer koktela!.

    Hasieran, beldurrez akabatzen idazten nuen, ordu pila pasatzen nituen nire idatzitxoa errepasatzen eta beti zerbait aldatzen nuen, mesfidantza ikaragarria neukalako neure buruarekin, eta hainbeste astetan idatzi baldin badut ere, oraindik ez dut gainditu beldur hori.

    Analisi bat egin diot neure buruari, agian, lotsagabe xamarra izan naiz idazterakoan, baina, bateren batek esan didan bezala, onez gero ez naiz aldatuko.

    Dena den, eskerrak eman nahi nizkioke Uztarriari, oportunitate hau eman zidatelako, azken finean, niretzat,  “ euskarazko ikastaro-intentsibo “ bat izan delako.

    Bukatzeko, nire Blog-eko irakurle izan zareten guztioi, mila esker, eta noizbait, bateren bat, ofenditu edo amorrarazi badut, barkamena eskatzen diet.

    Niretzako, plazer bat izan da zuekin nire iritziak konpartitzea. Ondo izan!

    Lotura zuzena  |  26 erantzun. Azkena: gai honekin | 2006-07-26 | 17:12

     

    Aurten ere, gauza bera

    Festak | Begoña Elias |  2006/07/19  18:32

    Atzo jaso nuen aurtengo festen programa. Han neukan, “ felpudo ” gainean utzita, pentsa zenbaterainoko interesa edukiko nuen, gaur bazkalondora arte ez dut ireki sobrea.

    Hasteko, programaren azaleko argazkiak Franco gogorazi dit, baina ez, gero akordatu naiz, gure patroiaren heriotzaren 450. urteurrena betetzen dugula.

    Programaren edukia, orain dela 30 urtekoen  berdina, erdaraz esaten den bezala, <más de los mismo>, urteak pasa arren hemen dena berdin jarraitzen du, ez dakit, agian izango da Udalean beti jende berdina dagoelako?

    Oso ondo, Jon Agirrek programari buruz idatzi duena, erabat ados nago. Egia esan, neu ere harritu egin nau alkatearen agurrak, sinatu gabe egon bazen, jesuita baten diskurtsoa zela pentsatuko nuen.

    Programaren edukiarekin jarraituz, umeen euskal festa eta baserritarren eguna kenduta, euskal kutsu gutxi ikusten dut beste egunetan.

    Nik faltan botatzen dut “ euskal festa “ egun bat. Oraindik gogoan daukat, frankismo garaian Azpeitian antolatu zen hura, jende guztia baserritar jantzita, egun guztian zehar erromeria herriko txoko guztietan, herritar asko ibili ginen lanean, partehartze ikaragarria izan zen, eta oker ez banago “Oargik” hartu zuen antolamenduaren ardura.

    Eta egun hura gogorazi zidan, lehengo astean Errenterian ospatu zuten, erromeri egunak, egunkarian zetorren argazkian ederki ikusten ziren, zahar, gazte eta haur, denak elkarrekin dantzan edo saltaka.

    Baina, “Azpeitia is different“, hemen gauza guztiak goitik behera antolatzen dira, hori bai, urtero ateratzen dute deialdi bat, festen antolakuntzan parte hartzeko eta herritarren partehartzea eskatuz.

    Balio al du ezertarako?, iruditzen zaizue “aurretik“ dena lotuta eta antolatuta daukaten programa bat aldatzeko gai direla?, nire ustez, deialdi hori marketing hutsa da.

    Aurten ere, zer esana emango dugu bazter guztietan, hasi Bilbotik eta Donostiara bitarteko denak harrituta utziko ditugu gure programaren luxuarekin. Gustura jakingo nuke zenbat diru kostatzen zaigun Azpeitiarroi, begi-bistakoa da batzuentzat negozioa bihurtu dela.

    Bukatzeko, alkateak bere agurrean aipatu ez dituenak aipatu nahi nituzke. Aurten ere herritik urrun zaudeten, Txapi, Jabi, Xegu, Paterra, Gotzon, Mª Angeles, Iker, Pakea eta Etxarte, ziur egon, txupinazoko momentu horretan herritar askoren bihotzean izango zaretela.

    ONDO PASA SANINAZIYUEK!!!

    Lotura zuzena  |  35 erantzun. Azkena: Begoña Elías | 2006-07-22 | 12:28

     

    ETB-ko antena

    Telebista | Begoña Elias |  2006/07/17  08:02

    Egun asko daramagu ETB1 oso gaizki ikusten dugula, nire etxean behintzat, pertsiana moduko irudi bat ikusten da pantaila osoan, eta horren mugimendu etengabeko horrek imajinak distortsionatu egiten ditu, orduan, onena telebista-kanal hori ez konektatzea, itsutzea nahi ez badugu.

    Kuriosoena da, ETB2 (gaztelerazkoa) ondo ikusten dela. Arazo hau dela eta, bi aldiz deitu dut udaltzaingora eta bietan gauza bera esan didate, alegia, abisua pasatua dutela.

    -Noiztik dago arazo hau?, galdetu nion udaltzainari.

    -Hamabost bat egun, erantzun zidan.

    Momentuan, Euskaltel-eko kable optikoa instalatuta daukatenak abantaila daukate, hauek primeran ikusten bai dute. Ez daukagunok, aldiz, EITB-ko antena edo repetidorearen bitartez, seinalea hartzen dugunok, hemen gaude, egun pila pasatu eta aberia konpondu gabe, beti bezala protestatzen. Gainera, txarrena da, udaltzaingora egiten diren deiak, ez direla erreklamazio bezala agertzen. Horretan ere atzeratuta gaude, zeren, herri batzutan lortu dute, telefonoz egindako kexak, idatziz egindakoaren balio berdina edukitzea.

    Lehen esan dudan bezala, dagoeneko bi aldiz deitu dut kexatzeko, baina, arazoak horrela jarraitzen badu, berriro deitzeko asmoa daukat, eta kaltetuok, denak masiboki, gauza berdina egiten badugu, esperantza daukat arazoa konponduko dutela.

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Gizarteko irudiak

    Irudiak | Begoña Elias |  2006/07/10  07:56

    Pentsatzen dut, zuei ere inoiz gertatuko zitzaizuela, irudi hunkigarri bat ikusi edo eta egunkariko notizi bat irakurtzean berehala emozionatu.

    Pasa den astea, niretzat behintzat, horretarako aproposa izan da.

    -Telebistan ikusi nuen irudi hura ez zait sekula ahaztuko. Gasteizko zanpantzarrak “ momotxorroak”,  Israelgo ejertzitoari aurre eginez, Bil`in-en, Ramala ondoan, beraien zintzarriak gogor astinduz, ikurriña eta  Palestinako banderak eskuan zituztela  albokaren soinuari jarraituz. Berehala azaldu ziren Israel-go soldaduak, eta ederki kargatu ere. Korrika sakabanatu ziren gure “ ttuntturroak”, aldiz, gerri bueltan zituzten zintzarriak isiltzea ez zuten lortu.

    -Larunbateko Garak zekarren Jose Mari Sagardui “ Gatza”, euskal presoaren emazteari, Kontxa Lunari egindako elkarrizketa. Hogeita sei urte darama preso, Europako preso politiko zaharrena da.

    Denbora horretan, era guztietako zigorrak ezagutu ditu, tortura fisikoa eta psikologikoa, mespretxuak, dispertsioa, isolamendua. Hamalau kartzela desberdin ezagutu ditu, eta gaur egun, “egoera berezi “ honetan ere, orain dela 26 urte bezala edo okerrago jarraitzen du, hogei orduz edukitzen dute bakar bakarrik ziegan. Orain dela 15 urte, kalean egon behar lukeena oraindik barruan daukate.

    Halere, horrela zion “ Gatza”-k, azaroan Zazpikak egin zion elkarrizketan: “ Orain arte eutsi diogu eta aurrerantzean ere gogor jarraituko dugu ”.

    - Karasusaneko etxea okupatu zuten gazteek ere beraiekin solidarizatu ziren, bi balkoietan ipiniak zituzten, “ Palestinako “ bandera eta “ Euskal Presoak etxera ” maindirea.

    Hauek ere “ desalojatu “egin dituzte, eta barruan zeuden bederatzi gazte ateratzeko, beraien “ indar bortitza “ erakutsi dute, hiru furgoneta eta Patrol bat erabiliz.

    Oraingoz, atera dituzte, baina, burua oso ondo “ amueblatuta “ ikusten diet….

    Lotura zuzena  |  9 erantzun. Azkena: azkenari | 2006-07-17 | 09:15

     

    Piper potie

    Espainiako bandera | Begoña Elias |  2006/07/3  08:11

    Nire generazioak, Espainiako banderari “ piper potie “ deitzen genion. Ez dakit zeinek asmatuko zuen, baina ziur nago Azpeitiarra izango zela, ezizenak ipintzen espezialistak garelako. 

    Dena den, “ hain preziatua “ dugun bandera horrek, nahiko buruhauste eman dizkigu, azkena, pasa den astean gertatu zitzaiguna kontatuko dizuet.

    Amerikatik etorritako lehengusuekin, Donostian egun pasa egin ostean, Zarautzera joatea erabaki genuen.

    Bi kotxetan ginen, eta nire koinatuak gasolina hartu behar zuenez, Aritzetako gasolindegian gelditzekotan abiatu ginen, nire autoa aurretik zela.

    Gasolina hartu ostean, handik irteterakoan nire koinatuak aurrea hartu zidan, eta hara non ikusten dudan, matrikula gainean bandera espainolaren pegatina handi bat zeukala ipinia.

    Kriston amorrua hartu nuen, aurreratzen zioten auto guztiak begiratzen zioten, ez zen gutxiagorako, Donostiako matrikula gainean “ bandera espainola " eramateak deigarria gertatzen zen.

    Zarautzerainoko ibilbidea bukaezina egin zitzaidan, eta ailegatu ginenean esan nion:

    -         Beituyok matrikula gainean zer daukekan.

    -         La ostia, zein kabroik ipini oteit!, klaro, oin konturatzen nauk, Amarako semaforo batien geldiu geanien, albuen nauken kotxe batetik, lau mutil gaztek zeozer esaten zibela, besuek gora altxata!, eta egiye esan moskeaute geldiu nauk pentsaute, hauei zer pasatzen zakobe, mekauen!

    Ez dakit egun horretan jende gehiagori ipiniko zioten pegatina.Baina, bistan dago, oso galtzaile txarrak direla, eta Futbolean eliminatu dituztenez, agian, eliminazio-erreakzioa izango zen, Victoria Pregoren “ a por ellos” famatu hura martxan jarriz.

    Abisatuta zaudete, autoa hartzerakoan, adi!, badaezpada ondo begiratu.

    Lotura zuzena  |  23 erantzun. Azkena: 22ri ta 21 ri | 2006-07-17 | 11:05

     

    Albiste zaharragoak »»

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak