Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Dikazkan

Dikazkan

(Iosu Badiola)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Gaia: Gizartea

    ««Itzuli blog osora

    Kezkatuta

    Eliza, Gotzaina, Gizartea | Iosu Badiola |  2006/06/27  18:38

    Atzoko afarian nere aldean elizaz asko ulertzen duten batzuekin egon nintzen. Zapatuan jakin zen Palentziako gotzain berriaren izendapenarekin kezkatuta zeuden. Kezkatuta, ez Jose Inazio Munilla Palentziako gotzain izendatzeagatik. Kezkatuta, zurrumurruz eta infiltrazioz betetako gizarte hontan, gerora Gipuzkoako gotzain izateko asmoarekin izendatu dutelakoan. Juan Mari Uriarteren erreleboa hartuko duelakoan (Bizkaikoa, beste batzuen iturriek esatera).

    Kezkatuta, Munillaren ibilbidea aztertuz, langile amorratua, elizari leiala etabar izan arren, oso tradizionala den elizaren jarraitzailea delako. Eskuindar ideak defendatzen omen dituelako. Kezkatuta, beraiek elizaz ulertzen dutenarekin, pobre, marjinatu eta beharra dutenen aldeko eliza batekin, bat ez omen dagoelako.

    Kezkatuta, elizaren eskuindar aldekoek, jarrera irekiagoa duten alderdiak baino jende ugariago erakartzen dutelako parrokietara. Kezkatuta, orokorrean gizartean ere eskuindarren indartze bat sumatzen dutelako.

    - Deretxakuek indartzen ai dituk. Arlo askotan gainea. Biologikoki ere askoz indartsuagoak dituk.

    - Hor galdu ein nauk – esan nion.

    - Fijau ai eskubiko jendiek zenbat ume ekartzeitun. Mordo bat. Eta belaunaldiz belaunaldi beraien ideologia aurrera bultzatzeko gero eta gehiago dituk. Indarra haundituz ziztek.

    - Egiye. Arrazoie daukek. Behin e enituan konturau arrisku hortaz. Xinplie dek ba...

    - Ezker aldekuek berriz, liberalak, irikiyek eta nahi deken dana izengoituk baina ume gutxi. Ta pixkanaka-pixkanaka indarra galtzen…

    Neuk ez det ezagutzen eta ezin iritzirik eman. Ni, baina, beti izan naiz baikorra. Oso. Hankak lurrean ditudan optimista bat.

    Fijatu bitxikeria hontan: J.I.Munilla Zumarrako El Salvador parrokiko parrokoa da.

    Orain dela urte batzuk, 1977an ameriketako El Salvadorren, Oscar Romero artzapezpiku izendatu zuten. Hau ere oso kontserbadore eta eskuindarra zen.  Militarren basakeriak eta nekazarien pobreziak jarrera alda erazi zioten ordea. Pobre, etxerik gabeko eta txiroen eskubideen alde, justizia bila lanean jardunez, “Teología de la Liberación”- en ahots garrantzitsu bat bilakatzeraino.

    Kasualitateek ez omen dute existitzen...

    Lotura zuzena  |  11 erantzun. Azkena: osky | 2006-07-03 | 11:15

     

    Milaka pieza

    Gizartea | Iosu Badiola |  2006/03/14  08:26

    Denbora luzez pentsatzen egon arren, badaude ulertzea asko kostatzen zaizkidan zenbait gauza.

     

    .- Asteburuetan eta festetan jendeak edaten duen guztiarekin nolatan ez diren askoz kotxe istripu gehiago izaten. Hortan, gainera, gazteak hain gazte ez garenok baino gehiago barneratuta dute kultura hau: taldeko batek, normalean txofer egin behar duenak, alkoholik ez du edaten parrandan zehar. Edota denek edan badute kotxean lo egin eta hurrengo goizean abiatzen dira etxeruntz. Eredugarria. (Ez naiz edateari buruzko ausnarketan sartuko).

    Zaharragoak aldiz, akaso tabernatik tabernarako ibilbiderik egin ez arren, jatordu ostean kopa bat, gero beste bat, beste… eta bete-bete daudela ere sagardotegitik, jatetxetik, soziedadetik irten, kotxea hartu eta etxeruntz edo beste nonbaiteruntz lasai joaten dira. “Kopatxo bat ere ezin ote diogu ba geure buruari opa?” aldarrikatuz.

     

    .- Beste kontu batera pasatuz, nola demontre agoantatzen dute zenbait mutilek manga motzetan, baina batik bat neska mordo batek gerri buelta bistan eramanez (batzuk ia ipurditik titietaraino) kalean termometroak ia zeropeko tenperatura ematen dutenean? Txilborreko piercing hoiek ez det uste bero haundirik emango dietenik, ezta tatuajeek ere. Neri barruko kamixetak gantzontziloetatik irten orduko gorputz osoko hotzikara sartzen zait behintzat. Eta ez naiz hozbera hoietakoa. Kaleak bustiak badaude berriz, lehengoaz gain belaunetaraino praka barrenak (edo erdiak) blai eginda. Arrantzuan ote dabiltza ia zeinek “pikatuko”?

     

    .- Herenegun pizza ear bat egin nuen. Oinarria erosi eta beste dena neuk jarri nion. Hura itxura eta usaina zituena! Labetik ateratzen hasi nintzen plater bat pizza azpira sartu nahian eta hala, platerean ateratzekotan. Eskuarekin ordea labe hertz bat ukitu nuen, erre nintzen, platera askatu eta lurrera erori zitzaidan. Plateraren definizio berri bat bururatu zitzaidan: milaka piezaz osaturiko zera bat. Hura zen sukalde aldea! Dena pusketa txuri txiki-txikiz beteta. Hainbeste atera zitezkenik ere…Pizza berriz oso osorik labean. “Oiñ enauk ba hau dana jasotzen hasiko. Lenengo afaldu eta gero jasokoiat. Enauk jasotzen agobiauko eta gero pizza dana hoztuta jan”. Ta halaxe, erretzarekin neu pasatzeko lain hutsune egin, eta bapo afaldu nuen. Gozatuz. Gero erretza, aspiradorea…Okerrena gaur beste katilu bat erori zaidala eta beste hainbeste piezatan zatitu dela. Berriro ere erretza, aspiradorea…Nire hau ere bolara aldrebesa izango da.

     

    .- Zetorrena ikusita Udalak oraindik nolatan ez duen zinema aretorik egokitu. Lotsagarria.

     

    .- Espaloi gainetan oinezkoei enbarazu egiten, eta ume kotxeei eta silla de ruedasei berriz zer esanik ez, egoten diren kotxe piloari multarik ez jartzea.

     

    .- Internet eta inoiz baino mugikor eta gehiago dagoen garai hontan gero eta  inkomunikazio gehiago egotea

     

    .-  Zenbat ume ta gazte batere ilusiorik gabe bizi diren, ilunpean, psikologoengana bueltaka, alaitasunez, bizipozez gainezka egon besterik ez da

     

    .- …

     

     

     

     

    Lotura zuzena  |  5 erantzun. Azkena: Nerea | 2006-03-16 | 08:22

     

    Interferentziak

    Gizartea | Iosu Badiola |  2005/10/18  20:06

    Iraileko jai arratsalde baten Baztartxora pelikula bat ikustera joan nintzen. Bostak eta laurdenetako saiora. Sartu orduko “baina noa etorri nauk?” galdetu nion neure buruari. Hango orrua, hango mugikorren soinua, hango zarata…eskolako jolas ordua ematen zuen. Argiak itzaldu eta denak batera builan, koru baten antzera. Neure gazte denboraz akordatzen nintzen, garai haietan “Sesión Infantil” ikustera joaten ginenekoaz.

    Okerrena, pelikula hasi arren berdin jarraitu zutela. Azkenerako nire umore ona eta nostalgia amorrazioan bihurtzen hasi zen. Aldemenekoei zeoze esan ala ez nengoen. “Noa hue hi, bakarrik, hauen kontra?” , hobeto pentsatuz ixilik jarraitu nuen.

    Bi pelikula ikusi nituen: pantailakoa eta aretokoa.

    Herenegun aldiz, Soreasun nintzen Obaba pelikula ikusten. Zazpi t´erdietan. Aspalditxo ez nuen hain betea ikusi aretoa eta gustora, ondo. Baina argiak amatatu zituzten bezain pronto, han ere egundoko zarata hasi zen. Bateko zorroa, besteko lata…Pelikula nahiko ixila zenez oso gogaikarria eta desatsegina zen egoera. “Axkoitiko umiena baina okerroue dek hau”. Soresun umerik ez ordea.

    Badago txutxeri mordo bat zinemara eramateko aukera. Neu ere eramandakoa naiz. Horren kontra ez daukat ezer. Baina bai zineman jan-edateak dakarren zarataren aurka. Pelikulako misterio, suspentse, tentsio edota une erromantikoa kutsatzen duen zarataren aurka, alegia.

    Jende horrek, telefonoz hitz goxoak entzuten ari denean interferentziren bat sartu ezkero, zer esango ote luke?

    Lotura zuzena  |  7 erantzun. Azkena: Ana | 2005-10-20 | 18:44

     

    Gezur handi baten oinarritutako benetako pasadizo txiki bat

    Gizartea gazteak | Iosu Badiola |  2005/10/6  12:26

    Aurreko zapatu baten erdi kaleko taberna baten komunera joan nintzen. Barruan baten bat zegoenez, ate ondoan zain jarri eta inguruko gazteei begira. Halako baten larri xamar balego bezelako itxurarekin, urduri, gazte bat komunera sartzen hasi zen. “Ni re zai nitxiok” esan nion. Halamoduzko muturrarekin begiratu zidan, baina nire atzean zain geratu zen. Eginbeharrak eginda barrukoak irten zuenean ni sartu eta nire itzala balitz bezela beste gaztea atzetik sartu zen komunean. Txixa egiteko paretako ontzia eta kaka egitekoa bata bestearen aldamenean ditu komun horrek, dena batera. Ez nion inportantzi handirik eman eta “eztek earki eongo” pentsatuz nik neure barruak usteari ekin nion.

    Erdi hustuta nengoela “nahi al dek raia bat?” galdetu zidan irin antzeko hauts txuri batez betetako poltsatxo bat erakutsiaz. “Hi re txerrikei hoyekin ibiltze al haiz?” galdetu nion. Ikustekoa izan zen haren aurpegia. Ez nion antzematen edo muturreko bat emango al zidan edota zeharo minduta geratu zen. “Arrazoie daukek“ eta ezertxo ere probatu gabe poltsa ixten saiatu zen. Saiatu esaten det, eginhalak egin, ez baitzen gauza izan poltsa ixteko. Depositua hustu nuenean “itxiko al diek?” eskatu zidan urduri “ezin diat ixten asmau. Korapillo bat eiyok”. Poltsa hartu nion, komunzulo parean jarri “eta kumunea botatzen baiat?”

    Hor bukatu ziren gure hitzak. Baina geure aurpegiek hizketan jarraitu zuten.

    Atea ireki eta kanpoan beste gazte bat zegoen zain. Gu biok komunetik irteten ikusita auskalo zer pentsatu zuen.

    Orain kalean ikusten dudanean ezikusiarena egiten du. Badaukat ordea, berarekin pare bat hitz egiteko gogoa...

    Lotura zuzena  |  4 erantzun. Azkena: Patxitrapero | 2005-10-08 | 13:09

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak