Farrah Fawcett
Nostalgia | Iosu Badiola |
2009/06/30
09:20
Goizean lanera nindoala jakin nuen Michael Jackson eta Farrah Fawcetten heriotzen berri. Kotxean sartu eta irratia piztu orduko. Ostiralekoan, lanerako bidea nostalgiaz betetako bidaia izan nuen.
Lehenengoari buruz nahikoa entzun-ikusi-irakurri izateko aukera eduki degunez, bigarrenari buruz arituko naiz. Jill pertsonaia interpretatuz famatua egin zen neskaz.
Nere memoriak ezin izan dit zehaztasun haundiagorik eman, eta hortaz, ezin jakin nik Jill, nere ama edo nere andregaia izatea nahi nuen. Ondo akordatzen naizena berataz erabat txoratuta egon nintzela da. Gaur egun ez dakit, baino, sasoi haietan baziren pasteltxo arrosa batzuk (industrialak), nik jan ezin nituenak. Ikuste hutsak egundoko atzerakada ematen zidatenak. Pantera Rosa izenekoak. Ba bolada batean pasteltxo hauekin batera pegatina batzuk etortzen ziren zorroan. Los ángeles de Charlieren pegatinak. Goizean ikastolara joateko autobusa hartu aurretik Trastornon dendatik bat erosi, barruko pegatina hartu eta pasteltxoa zaborretara botatzen nuen. Eta pegatinean Jill ez bazen agertzen pegatina ere bai. Atera kontuak zenbat miresten nuen neska begiurdin hura.
Eta orain, bere heriotzaren berri jakindakoan, benetako erlazio bat izandakoan harremana bukatu eta denbora bat pasa ondoren geratzen den esker oneko oroimena sentitu det. Gure artekoa egitan pasatu izan balitz bezela. Emozio atseginak sentitu ditut berriro ere.
Michael Jacksonek egindako gauza guztietatik We are the world abestiarekin geratzen naiz.
Lotura zuzena |
Erantzun
Lehengo zulo haiek
Krisia | Iosu Badiola |
2009/03/5
12:49
9 urte pasa dira. Ikastaroa etxe partikular baten zen. “Ze arraro!” Lehena iritsi nintzen. Ikastaroa emango zen gelara bideratu ninduen gizon batek. Argi ahul bat zegoen gelara. Nere harridurarako etzegoen ez mahairik ezta eserlekurik ere. Kojin bat hartu eta bertan, lurrean esertzera gonbidatu ninduen. Intzentsu usaina zegoen. Arbel txiki bat txoko batean. Jende gehiago heldu zen. Guztira zortzi bat lagun ginen. Gazteena ni. Askok elkar ezagutzen zuten; “eztek ba sektan bat izengo?” Oinetakoak kendu eta eroso jartzeko esan zigun irakasleak. “Oinetakoak kendu? Kriston patata zulue zaukeat ezkerreko galtzerdietan!” Koadernoan zeoze apuntatu nuen denbora galtzeko. Denak zapatak kentzeari ekin zioten. “Nik e kendu einberko itxiat ba...” Paretan apoiatu aitzakiz denei bizkarra eman eta nik ere neureak kendu nituen eta behatz potoloa agerian uzten zidan zuloari tiraka-tiraka hanka azpira eramatea lortu nuen. Eskerrak!
Hortan, eseri eta irakaslea azalpenak ematen hasi orduko behatz potoloa ikusi nuen. Hatz azala eta behatz osoa. Aldemeneko behatzaren hertza ere bai. Halako izerdi batek busti ninduen. Gorri-gorri jartzen hasi nintzela jabetuz eskuarekin hanka eutsiz zuloa tapatzea lortu nuen. “Lixto!”. Azken 5 minututan irakasleak esan zuenaren arrastorik ez, ordea. Zentratzea lortu bezain pronto, oso ezeroso sentitzen nintzen. Zuloa tapatzea lortu bai baina ezin gehiago agoantatu postura hartan...
Ordu laurden inguru galdu nuen nere burua lotsagarri sentiarazten zuen zuloa disimulatu nahian. “Hola ezteok segitzeik! Nahi dunak nahi duna pentsau daiyela. Eztek hain rarue galtzetinetan zulo bat eukitzie”. Eta halaxe,nere arreta hankatik klaseruntz zuzendu zen. Klasea bukatzerako ia-ia harro eta dena sentitzeraino. Halere, hurrengo klaserako ondo asko erreparatu nien jantzitako galtzerdiei.
Lehen, zulatutako edo zuloak konpondutako galtzerdiak erabat erabiltzen ziren. Baita barruko kamixetak, eta beste arropa asko ere. Gero, oparotasun aldian sartu ginenetik nik uste tontotu egin garela eta zulo aztarna txikiena izan arren zakarretara bota izan ditugula lehen konpontzen ziren jantziak (ezta kristalak garbitzeko ere ez ditugu gorde hortarako produktu bereziak erosiaz), etxeko tresnak, altzariak....
Orain, aldiz, krisia etorri. Krisi ekonomikoa (beste krisi batzuk aspaldian baitauzkagu inguruan, balioena esate baterako). Dirua errazegi xahutu degu. Gehiegi izan degu denetik: arropa, etxea, kotxea, gu geu garbitzeko produktuak, jatekoa, altzariak... diruak eskuetan erre egin izan digu. Artean erabili, jan zitezken zenbat gauza bota ote degu zaborretara! Bitartean munduan oso urrutira joan gabe gure hondakinekin bapo biziko zirateken milaka lagun goseak akabatzen.
Gaur familia ugari dira oparotasunetik hilabete bukaerara iritsi ezinik egotera pasatu direnak. Aurrera begira ere dena beltz ikusten dutenak. Ez da giro bazterretan.
Materialtasuna alde batera utzi eta baztertutako harremanak berreskuratzeko aukera ederra daukagu diru eskasia daukagun garaiotan: lagun arteko tertuliak, pasierak, seme alabekin gehiago jolastu gurasoak jostailuak ordezkatuz, telebista itzaldu eta sexu harremanak hobetu, bai kopuruan eta baita kalitatean ere...hau da, pertsonago izateko aukera degu.
Aurreko aukeretatik ezer ere gustuko ez duenak Uztarrian blog bat ireki dezake bere ideiak azaltzeko ze krisiak guri, blogarioi, ere eragin digula esan behar...
Lotura zuzena |
3 erantzun. Azkena:
JaioneBeobide | 2009-03-06 | 23:31
Zer dio isiltzen denak isiltzen denean?
Isiltasuna, ETA, Laboa | Iosu Badiola |
2008/12/5
12:23
Aste hontan hil den Mikel Laboaren abesti batek hala dio : Zer dio isiltzen denak, isiltzen denean?
Izan ere atzokoan isiltasuna izan zen protagonista gure herrian. Alde batetik, Altuna y Uria enpresako langileek eta ELAkoek deitutako Loiolako elkarretaratzean, eta eguerdian udaletxe aurrean bildutako herritarren artean sortutako isiltasuna. Pertsona batek oihu egiten duen aldean, multzo batek egitean bolumena dexente igotzen den bezela, zenbat eta pertsona gehiago elkartzen direnean, denak isilik, orduan eta isiltasun haundiagoa egiten da. Denen isiltasunak bateratuz sortutakoa. Zirraragarria. Atzokoa isiltasunak bezelakoa.
Bestetik, ezker abertzaleko jende asko isilik mantendu zen, gustura hitz egingo zukeen arren. Bere kontzientziak Inaxio Uriaren hilketa gaitzestea eskatu arren. Elkarretaratzetan parte hartzeko gogoa izan arren beraietara agertu gabe. Zer dio isiltzen denak isiltzen denean?
Mikel Laboa haundiaren kantuekin jarraituz, beraien letratan erreparatzen badugu asteazkeneko gertakizuna ederki deskribatu daiteke:
“kantuz igortzen ditut nik penak ihesi”. “Eta behar dudan denbora baino lehen hiltzen banaute, nere hortzetan itzaliko den azken antzia beste batenetan loratuko den lehen irria izango da.”
“Zai, zoi, bele, harma, tiro, pun!”
"Haika mutil, jeiki hadi, uria den mira hadi."
- Bai, nausia, uria da,”
“Zerraldo erori haiz gure oinetan eta gorpu gogor hintzen, udazkenaren tronoan, hertsi dizkiagu begiak, adiosik ez.”
“adio erran gabe etxetik partitua”.
“Ixil-ixilik urte luzetan bizitua, eta arratsalde hotz eta euritsu batean, ia inor konturatu gabe,hila eta hobiratua izan zena.”
“Lanikan ezin egin lenago bezala”.
“Herria kaleratzen denean entzungo diezu "pakea, pakea" deiadarkatzen.”
“Gizonak ba du inguru latz bat menperatzeko premia”
“Mundua ez da era hortan aldatzen. Gizonen hartu-emanak ez dira hobekitzen”
“Gu ere zerbait ba gera eta gauden tokitik hemendik bertan, saia gaitezen ikusten: amets eroak bazterturikan, sasi zikinak behingoz erreta bide on bat aukeratzen.”
“Eta ametsa bilakaturik egiaren antziduri, herri zahar batek bide berritik ekingo dio urduri.”
ETA: NAHIKOA DA!!! Hegoak ebakiz ez!
NERE DOLUMINAK ETA BESARKADA BANA INAXIO URIA ETA MIKEL LABOAREN FAMILIKOEI.
Lotura zuzena |
11 erantzun. Azkena:
nineunaiz | 2009-01-24 | 11:22
Tamainak inporta du (I)
Sexua, antzerkia | Iosu Badiola |
2008/11/9
21:14
Atzokoan Ohean izeneko antzezlana taularatu zuten Maskarada taldeko bi artistek Izarraitz pilotalekuan. Zerbait desberdina ikusteko aukera izan genuen. Zerbait desberdina sentitzekoa. Zerbait desberdinari puntuak ematekoa.
Antzezlan hau jendea motibatzen atzo baino lehenago hasia zen. Ehiza garaian gaudenez mokokada eragingarriagorik ezin zuten asmatu. Kartela. Kartelak berak halako erakargarritasun punttu bat bazuen, ikusten zuen inor hotz uzten ez zuena. Azpeitiko kaleetan ikusteak morbo ukitu bat ematen ziona. “Hau ikusi berkoa!” esan arazi ziona bat baino gehiagori. Eta halaxe, normalean antzerkia ikustera joaten ez den jendea ugari zen bertan. Garaiz joanak gainera. Oso.
Izan ere, hain geurea degun sexuaz emanaldi bat ikusteko aukera ematen zigun behingoz. Toki arraroetara joan beharrik gabe, eta geure ingurukoekin batera. Naturaltasunez. Inork zer pentsatuko ote duenaren beldurrik gabe. Bazen garaia!
Hasiera berde berdea zen (nahiz eta oraindik ulertu ez dudan sexu kontuek zer ikusi duten berde kolorearekin. Daltonikoa naizen arren loturarik ez diot aurkitu eta konbentzitu nauen erantzunik ere ez det entzun). Pikante pikantea (pikanteak egon ezin antzeko zirrara bat sentiarazten digu, eta atzo aurreneko zatian egon ezin disimulatu bat nabari zen publikoan. Batik bat seme alaba gazteekin joandako gurasoetan, eta hori sarrerak erosterakoan garbi jartzen zuela 16 urtetik beherakoentzat etzela).
Parre egiteko momentuak, serioagoak gero, berriro ere bero beroak… eta ikuskizuna txalo zaparrada artean amaitu.
Ez da erraza izango horrelako lan bat antzeztea. Krisian murgildu garenez, aktoreek ere neurriak hartu behar izan dituzte eta mundura ekarritako trajea erakutsiz (mutila korbata ta guzti) eta gehienez galtzontzilo edo kuleroak eta emakumearen titiak tapatzeko traputxo bat jantzita azaltzea jendaurrean.
Hori dena gogotsu egiteko ez dago publikoa bezelako motibanterik. Bi katuren aurrean antzeztu edo bete-bete (eta bero-bero) dagoen antzoki batean egin alde ederra badago. Neure esperientziaz dakit. Publikoa urria denean gogorik jartzen ez denik ez det esanahi. Baina askoz esfortzu haundiagoa eskatzen duela behintzat bai. Asko dagoenean dena bere kasa ateratzen den bezela. Ikuslegoaren tamainak asko inporta du.
Atzokoan oso natural eta zentratuta aritu zen bikotea taula gainean. Ondo konektatu zuten gurekin. Izarraitzeko jendetzaren tamainak inportako zuen.
Lotura zuzena |
6 erantzun. Azkena:
alaitz1 | 2008-11-18 | 08:57
Eguna hasteko kemena
Psikologia | Iosu Badiola |
2008/10/5
20:42
Badago gurekin ikastolan ikasi zuen pertsona bat, kalean ikusi eta kasurik egiten ez didana. Beno, berez dexente daude, baina honek orain dela urte gutxi batzuk arte beti egiten zidan. Txikitan tratu asko izandakoak gera, gainera, eta dexente nerabezaroan.
Eta ni kontuan ez hartze horrek, min ematen dit. Gutxitan ikusten gera (ze itsua ez da), eta nire ezerosotasun sentimendu hau, asko jota, urtean 8-10 bat alditan sentitzen det.
Berari zerbait egin ote diodan galdetzeko konpromisoa hartzen det kasurik egiten ez didan bakoitzean, baina inoiz ez det pauso hori ematen. Egia da beti edo bera edo ni beste batekin egotea tokatu dela eta nahiago det biok bakarrik gaudela esatea.
Gaurkoan berarekin topo egin det eta dena gaizki ulertu bat izan dela jakin degu: bera ere txokatuta zegoen nik kasurik ez egitearekin…Gero esnatu egin naiz, ordea, eta dena amets bat zela konturatu. Beste batean hitz egin beharko gauzak argitzeko.
Halere, egun guztian zehar halako sentsazio atsegin bat bizitu det. Pakeak egin ditugunaren sentsazioa. Egunerokotasuna indarrez eta energiaz aurrera eramaten lagundu dit.
Momentu baten, teoria berria asmatu berri duen psikologo bat bezela sentitu naiz: gauean zehar bizitako ametsek, hurrengo egunean edukiko ditugun animoa eta kemena baldintzatzen dituztenaren teoria aurkitu duena bezela, alegia.
Gure osasunak, egoera pertsonalak, lanak, familiak eta abarrez gain ametsek ere eragina dutela gugan. Jarri pentsatzen, ametsetan gertukoren bat hiltzen zaigunean, edo oraindik ikasketak bukatzeko azterketa batetara deitzen gaituztenean (ia 40 urterekin), edo diruz betetako kutxa bat topatzen degunean, edo hegan ibilitakoan…biharamunean nola sentitzen geran eta nerekin bat egingo dezute.
Orain hurrengo erronka, amets onak eragingo dituen zeoze asmatzea da.
Lotura zuzena |
2 erantzun. Azkena:
haizeaburuan | 2008-10-28 | 12:04
Albiste zaharragoak »»