Gaia: Jarduna
««Itzuli blog osora
Mozioa emozio
Jarduna | Alaitz Olaizola |
2005/10/26
15:52
Utziko didazue jardutearen aldera jarduten. Zera, gaur, Hitza-ko titularretan, honela irakurri ez dut ba: “Hiru emozio izango dituzte aztergai gaurko udalbatzarrean” Ni bai harritu! Udalbatzarretan emozioak aztertzen hasi ote dira ba? Berehala, burua astindu eta begira jarri natzaio berriro ere titularrari. Noski, “mozio” jartzen zuen, eta ez “emozio”. Nik nahiago izango nuen emozio jarri izan balu! Ez dut esan nahi, mozioak jarri behar ez direnik, ez horixe! Hobe, mozioak emozioz jartzen badira ordea!
Zergatik irakurri dudan emozio? Bai, badakit bistak halakoak askotan egiten dituela, baina oraingoan, “mozio” hitza izan da nahastu nauena eta “emozio” bilakatu. “Inozo” izan zitekeen, edo “negozio”. Emozio… Zer esango dizuet ba, egunkariarekin emozionatu naizenekorik ez dut gogoan. Argazki tristeren baten aurrean, zeoze, baina emozio atseginak, oso gutxi.
Ni bai harritu udalbatzarreko hiru emozioekin… Zerk emozionatzen nauen pentsatzen jarri naiz gero.
Bat: Abesti on batek, dudarik gabe. Honek, besoko ileak puntan jartzen dizkit.
Bi: Etxeko txikiaren kontu anitzek. Bai, ama batentzako oinordekoen kontuak, sekulako pisua izan ohi dute.
Hiru: Zientzia fikziozko liburu on batek. Asimov-en edozein, urruneko eta etorkizuneko kontuak belarrira kontatzen dizkidan horietako bat.
Hiru aipatu ditut jada. Um… Eta beste batzuk, hemen konta ezin direnak, noski.
Askotan galdetzen diot neure buruari, zergatik atsegin dudan horrenbeste eszenategi batetara igo eta sekulako urduritasunarekin gainean, sekula santan erabat ondo gogoratu ezin izaten dudan testua, mugimenduekin nahastuz jende aurrean botatzea. Berdin da lehengo aldia izan edo hogeigarrena. Beti izan ohi da emozionantea. Eta bukatutakoan, are eta emozionanteagoa. Marka duk gero! Zarautzko mozioei eskerrak eman beharrean egongo naiz gainera! Emozionantea delako ote gara ba titiriteroak? Ezin emoziorik gabe bizi…
Hauetako egun batean, Azpeitiko udaletxeko udalbatzarrera joango naiz, nire emozioak besapean hartuta.
Lotura zuzena |
Erantzun bat.
emoxon | 2005-10-28 | 17:42
Bakarrizketan
Jarduna | Alaitz Olaizola |
2005/10/3
10:19
Bai?...Inor ba al dago hor?... Kaixo? Alo??
Norentzat ari ote naiz? Hauxe sentsazio xelebrea… Bai, arraro xamar sentitzen naiz bloga estreinatzen ari naizen honetan. Izotzezko gela batean banengo bezala, bakarrizketan. Bueno, hori ere, sanoa omen da. Sanoa zer da, izotzez inguratua egotea, ala bakarrizketan jardutea?
Uztarriatik, Uztarria.com-era pasa naiz oraingoan. Epel eta jendartean sentitzen nintzen han, egia da. Hori ere, sei urte eta gero. Horregatik, izotzetik epelerako bidea, bakarrizketatik tertuliarakoa, etorriko delakoan nago. Denborarekin.
Grazia egiten dit neure burua blog batean ikusteak. Agertokira igo, eta hutsik dagoen areto batean antzerkia egiten ari naizenaren inpresioa daukat. Grazia egiten dit. Grazia sanoa.
Bai? …Esan?… Ez, bueno, probatze aldera. Akustika ona ote daukan ba blog honek!!
Gaurko honekin,funtzioa hasi da. Orain, emanaldiak komeni! Gero etorriko dira kritikak, inork kritikari papera bete nahiko balu behintzat. Agertokia badugu, antzezleak ere bai. Obra, sortuko da eta ikusleak, agertuko dira. Izotzezko paretak urtuko direnaren inpresioa badaukat. (Sekretutxo bat: Agertoki gaineko fokuek, sekulako beroa botatzen dute.)
Azkenean zer, sanoa al da bakarrizketan jardutea edo ez?
Animuak blogari guztioi!
Lotura zuzena |
Erantzun bat.
AZPEITIAR BAT | 2005-10-04 | 21:54