Gaia: Emakumea
««Itzuli blog osora
Emakume bat baino ez
Emakumea | Alaitz Olaizola |
2007/03/8
10:33
Etxerako bidean, norbait atzetik korrika datorrela sumatu dut. Berehala hurbildu zait. Etxera goaz, ikastaroa bukatu eta etxera. Bilbo handia da, ezagutzen ez diren bi elkarren ondoan bizi izateko. Baina badirudi hango mugak ere txikitzen hasiak daudela, berak eta nik, elkarrengandik oso hurbil dauden etxeetan hartuko dugulako ostatu. Bere begirada senti dezaket aldapan gora; mantsoa, sakona, hitzik gabekoa. Ikastaroan ezagutu dugu elkar emakumeak eta biok; lau egunez elkarrekin egingo dugu etxerako bidea.
Egia da ez dugula elkar ezagutzen, baina mundua elkarrekin konpontzen saiatu gara. Erlijioaz, aste santuaz, bekatuaz, ekonomiaz, emagalduez, amatasunaz… hitz egin dugu biok lau egunez, egun bakoitzeko hamar minutuz.
Ez diot beharbada ondo ulertzen esan nahi duena. Ideia solteak jasotzen dizkiot, ordenatu gabeak, sakonak, zailak beharbada. Erraietara jo behar dugula dio berak, hantxe dagoela gakoa. Ekonomiak duen garrantziaz aritu da, dirua ezagutu egin behar dela, jakin behar dugula diruak nola funtzionatzen duen; gero, behar bezala erabili nahi badugu. Emagalduen inguruko azterketa bat egiten ari dela ere esan du. “Zergatik daude?” Eta artista bat da, eskuekin artista bat, bere lanik ikusi ez badut ere. Milaka gauza egin eta ikasten ari den emakume baten aurrean nago.
Azken eguneko etxerako bidean, ideia solte mordoa ezin antolatuta, galdera bat egin diot:
–Nola bideratu dezakezu lan mundura egiten edo aztertzen ari zaren guzti hori?
Irribarre egin dit, bere begi urdin erraldoiak txikituz. Eta lasai, oso lasai, halaxe esan dit:
–Badakizu, Alaitz, ni bi mundutan bizi naiz: Intelektualtasunean eta erotasunean. Biekin bizi beharra daukat, biak baitauzkat barruan.
Txundituta, hunkituta… utzi nau. Baina egia da biak bere dituela nire lagun berriak.
Gaur, martxoaren 8 honetan, bera daukat gogoan, bera eta bere lanerako grina. Bere mundua aztertzeko gogoa, erraietaraino jaisteko asmoa, besteei laguntzeko borondatea… finean, emakumea.
Besarkada bat berarentzat hemendik, urte betez abandonatua izan dudan txoko honetatik. (Berak ez zukeen hainbeste denboraz bere txokoa abandonatua izango!)
Lotura zuzena |
Erantzun
Emakumeon hanketako ileak
Emakumea | Alaitz Olaizola |
2006/03/8
09:51
“Galtza luzeak eramaten ditudanez, ez ditut hanketako ileak depilatzen”
Urteroko moduan, gaurko egunez, datu andana jasotzen ari gara komunikabide guztien bitartez. Esatariak berak dio, ia urtero, eskakizunak berdinak direla, berrikuntzaren batekin. Zerbaitegatik izango da...
Euskal Herrian, langabezian dauden gehiengoa, emakumea da. Lana izatearen kasuan, behin-behinekotasuna askoz ere handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino. Eta hori gutxi balitz, askok, gizonek baino ehuneko hogeita hamarra gutxiago kobratzen dute.
Historian zehar izandako emakumeak, ezezagunak zaizkigu, inoiz existitu izan ez balute bezala. Azpeitin bertan, San Sebastianetako karroza “suntuosoan”, omenduak beti dira gizonezkoak.
Horrela, datuak, nahi beste eta aspertzeraino.
Ondo. Berdintasunerako bidea jorratzen jarraitu behar.
Eta gero...
“Galtza luzeak eramaten ditudanez, ez ditut hanketako ileak depilatzen”
Eta segidan erantzuna edo komentarioa: Akats grabea da hori! Ez duzu ba pentsatuko, hankak ilez josita, inor konkistatzeko gai izango zarenik, ezta?”
Gero, depilazioaren aldeko diskurtso laburra, eta amaitzeko, krema konkretu baten propaganda: 25 euroren truke, ilerik gabe eta konkistatzaile!
Guzti hori, azken hilabeteotako El Semanal batean irakurria.
Akats grabea! Orain, emakumeon hanketako ileak ere, kriminalizatu egin behar ote dizkigute ba? Besterik ez zitzaigun falta!
Berdintasunaren bidea jorratuz, hanketan ileekin edo ilerik gabe.
(Egia ote da, hanketan ileak dituzten emakumeak, ez dutela “konkistatzen”?. Ikerketa bat egin genezake…)
Lotura zuzena |
3 erantzun. Azkena:
mutil 1 | 2006-03-12 | 23:01