Gaia: Antzerkia
««Itzuli blog osora
Jauzi txikia
Antzerkia | Alaitz Olaizola |
2005/12/30
12:04
(Abenduak 31. Eguerdiko 12ak, herriko plazan, bi Azpeitiar)
LOLA:Pello, majo… Urteak eskatutakoa eman al dik?
PELLO:Nola esango dinat… Eskatutakoa baino gehiago, saiatutakoa.
LOLA:Hire burua zaindu al duk?
PELLO:Ingurukoena adina.
LOLA:Zenbat duk hori?
PELLO:Zoriontsu izan diren adina.
LOLA:Eta, memoria? Memoriak zer esaten dik?
PELLO:Memoria, arimaren pare dinat nik.
LOLA:Beteta…
PELLO:Batez, Lola, batez.
LOLA:Orduan, zer gorde behar duk iraganetik?
PELLO:Etorkizunera begira bizitzeko gogoa.
LOLA:Itxura onarekin al zetorrek? Etorkizuna, alegia…
PELLO:Iraganaren parekoa badun, heuk ere badakin erantzuna.
LOLA:Aizak guapo! Ez zegok hire jarduna ulertuko duenik!
PELLO:Hirea ulertzen dinatela iruditzen al zain?
LOLA:A, badakik, hemen bakoitzak bereari.
PELLO:Hori, zilborra lehertu arteraino.
LOLA:Bakarra izanda, ez duk ba horrenbeste puztea komeni.
PELLO:Zer kezkatzen hau? Hirearekin bukatzean, hartu ondokoarena.
LOLA:Aizak, hi. Deprimitua al ego edo ze?
PELLO:Ez ba. Deskonprimitua baino ez.
LOLA:Reprimitua esan nahiko huen…
PELLO:Sanoenaren pare.
LOLA:Sano bai. Egia esan, itxura ona daukak.
PELLO:Urte berriari aurpegi hoberena eman nahian, badakin.
LOLA:Mahatsekin egingo duk saltoa urte berrira…
PELLO:Bakarrarekin, Lola.
LOLA:Kanpai bakoitzeko bat izan ohi duk ordea!
PELLO:Hori hik dion…
LOLA:Nik ez, tradizioak.
PELLO:Tradizioak, querida Lola, askotan memoria eta anima bezalakoak izan ohi ditun.
LOLA:Itoko haizen beldur haiz… Koldar hutsa.
PELLO:Igeritan aspaldi ikasitakoa naun.
LOLA:Hala ere, koldarra, eta gainera, lotsagabea!
PELLO:Ez Lola. Umoretsua.
LOLA:Umoretsua al duk hire berba? Zaila esan nahiko huen…
PELLO:Egungo gizartearen modukoa.
LOLA:Baita zera ere! Jende majo asko zegok.
PELLO:Bai horixe.
LOLA:Zaila esan duk ba hik!
PELLO:Hor hago hi, maja-maja, heure buruari begiratu ezin eta nirea deskonprimitzen.
LOLA:Aizak Pello. Pasatzen ari haiz!
PELLO:Eta zer nahi huen ba?
LOLA:Urte berri ona opatzea baino ez.
PELLO:Garaiz habil ba horretarako ere.
LOLA:Garaiz diok? Amargatu egin nauk eta!
PELLO:Amarratuta bizi haizelako.
LOLA:Hara Pello, itoko al haiz gaur gauen hire mahats bakarraren haziarekin!
PELLO:2005a izango dinat nik hazi, mahats ale bakar handi.
LOLA:Hara…
PELLO:Berriak itotzeko kuidorik ez dinat nik, zaharrarekin joango naunalako.
LOLA:Badakit zer esaten diaten? Joateko haize freskoa hartzera hire mahats ale eta guzti! Inozoa…
PELLO:Adios Lolita guapa! Ahaztu egin zaidan esatea!! Urte berri on, panpoxa!, Egun, bazeuden hazirik gabeko mahats aleak, beraz, hik ere badakin zer egin, ito nahi ez badun!!
“Bost mando eta sei karga, hartutako lekuan deskarga”
Lotura zuzena |
Erantzun
Zakur amorratuak
Antzerkia | Alaitz Olaizola |
2005/11/30
12:53
Titiriteroei adarra jotzea zilegi dela dirudi batzuentzat. Ordubete luzez taula gainean atzera eta aurrera isildu ere egin gabe aritzea, “txorrada” bat dela.
“Batzuk” horiek, azaroaren 22an Soreasura hurbildu ziren. Goizez eta arratsaldez, eta okerrena, desberdinak zirela! Goizeko mozoloak eta arratsaldekoak mozolo desberdinak zirela.
Gazteentzako antzerki lan bat eskaintzera etorri zen Gasteizeko konpainia bat. Lau aktore, bi neska eta bi mutil. Gazteak, ikusleak baino urte gutxi batzuk zaharragoak. Gaia: Drogomenpekotasuna. Modu bizian eta azkarrean egin zituzten, droga, alkohola, gaua, harremanak eta sexuari buruzko gogoetak. Goizeko saioan izan nintzen bertan, Azpeitiko ikastetxe desberdinetako 14-15 urteko gaztetxoekin batera.
Saioa hasi bezain pronto galdetu nion neure buruari, antzerkira edo zirkora, nora etorri ote nintzen. Batzuk, zaratak eginez ahoaz, gainontzeko ikusleengan barre algarak sortuz. Beste batzuk, aktoreei zuzenean, jardunean. Neskari: “Titi punta ederrak dituzu ba!” Mutilari: “Hori atzelaria duk!” Saio osoa horrela.
Gutxi batzuk baino ez ziren, baina, denak mutilak! Morroskoak, heldu ustekoak, harroxkoak… Lotsatuta pasa nuen ordu bete osoa. Lotsa handiagoa sentitu nuen saioa bukatu eta lau aktoreak, “Matxoman” horiengana hurbildu eta modu onean, azalpenak eskatu zizkienean.
Ez dakit nola jasan zuten saio osoa taula gainean presio horren azpian lanean. Nik, ez nuke jasango. Benetan.
Lotsak-lotsa, hara non esan zidaten, arratsaldeko saioa, emanaldi erdian gelditu egin zutela! Talde buruak egoera ezin jasan eta oihu egin omen zien aktoreei saioa geratzeko. Eta hauek, noski, geratu. Gero, jarraitu omen zuten, azalpen batzuk eman ostean.
Eta nik galdetzen dut: “Matxoman” gizajo horiek, lotsa zer den ba ote dakite?
Eta erantzuten diot neronek neure galderari: Eta hauek, urte gutxi barru, gazteak izango dira. Zer nolako gazteak? Gogoeta ez baita antzerkira joan eta portaera txarra azaldu zutela! Anekdotikoa izan liteke, (eta hala hobe) baina etorkizunari begira; usain txarra hartzen diet; benetan: Hauei, eta hauen moduko beste batzuei. Lotsagabekeria neurria gabe hori, bortizkeria nazkagarri hori… Zorionez, badakit gutxi batzuk baino ez direla, baina badaude eta ez ditut gogoko.
Ikusten ari zaren hori ez duzula gogoko? Ba, aguantatu! Han aurrean ari diren horien errua ote da ba zu zakur amorratu bat izatea?
Badaukat fedea gazteengan, benetan. Zakur amorratuei, txertoa eman beharko zaie. Baina, zergatik ez hasi gazteak beraiek, ondoan daukatenari neurriak hartzen? Oso erosoa da, “ni ez naiz izan” esan baina beronen graziekin kolaboratzea.
Azkenean, egun horretan irainak eta jarduna sufritu zuten aktore haiek baino pena handiagoa, jaberik eta legerik gabeko zakurtxo hauek ematen didatela uste dut.
Beste gauza bat ere ikasi dut: Bakoitzak bere lotsen jabe beharko dugula egin. Neronen ekintzetaz, neroni lotsatu behar, baina besteenetaz? Ahalik eta gutxien!
Lotura zuzena |
3 erantzun. Azkena:
Saioa | 2005-12-16 | 16:21
Agertokitik, agertokiari
Antzerkia | Alaitz Olaizola |
2005/11/15
11:48
Urtero, azkena izango zela pentsatuz egon naiz, azken aldia izango zela. Azken aldia, Soreasuko agertokitik herriari antzerkia egiten geniona. Hala ere, hurrengo urtea iritsi eta berriro ere agertoki berdinetik begira antzeztu ditugu gure antzerki lan desberdinak. Orain ordea… orain, desberdina da.
Ostiral eta larunbat honetan, bi egunez arituko gara bertatik herriari oihuka. (Oihuka, entzun diezaguten) Eta azkenak izango dira, azken zalapartak.
Aizue! Pena ematen didala konturatu ez naiz ba!
Hantxe, Soreasun maitemindu nintzen nire haurtzaroan Bruce Lee-taz. Hura bai kunfulari bikaina!! Hantxe ikusten nuen, agertoki gaineko pantaila zurian, olibak eta erregaliz beltza janez.
Nork esan behar zidan niri orduan, urte gutxiren buruan, agertoki horretan bertan, geu arituko ginela kunfulari lanetan…Eta orain, batez, ez Bruce Lee, ezta gu ere.
Bi aste daramatzagu gauero bertan, gure lana puntuan jarri nahian, eta hotz egiten du, jendearen berotasunak baino betetzen ez duen hotza. Baina ederra da bertako agertokitik besaulki hutsetara begiratu, eta iraganetik bueltatxo bat eginez, une bakar eta ahaztu ezinak errepasatzea.
Ez nago oso seguru, larunbatean, antzerkia bukatu eta jendea agurtzera ateratzen garenean zer esango didan aretoak, ez eta ezer esango ote didan ere. Baina azkena izango dela badakit…
Berria badatorrela dirudi… zorionez. Baina horrek ezin kendu zaharra desagertzearen pena.
Gure herrian gertatzen ez denik… Zaharra kendu, eta berria izan arte, tartekorik ez!
Igual da, hainbeste bider guztiok esandako berdina esatera ez naiz etorri. Denok dakigu gure herriaren gabezia garrantzitsuenak zeintzuk diren.
Litekeena da, Soreasukiko sentitzen dudan penatxoa, biluzik geratuko garenaren sentsazioak areagotzea.
Soreasun, barre eta negar egin dut. Zinea eta antzerkia ikusi ditut, egiteaz gain. Esku soinua ere jo nuen behin! Jendez gainezka zegoen egun hartan, nire anaietako batek, korrika batean abiatu eta agertoki azpiko horma buruarekin jo zueneko hartan… Dantza ere egin dut bertako pasilloetan eta hori dena gutxi balitz, kanpoko belarra moztu eta jasotzea ere tokatu zait.
Joxin, Pilar… eta gainontzeko anai-arrebak… Hauek ez nituzke ahaztu nahi. Jende jatorra inondik inora ere. Beti, edozertarako prest.
Larunbatean ikusiko dugu, ea zer demontre dioen areto zaharrak. Gonbidatuak zaudete, ostiral eta larunbatean, barrez, Soreasu agurtzera gustu baduzue.
(Datorren urteko topaketak, non? Urola ibaiak dituen zubi desberdinetan emanaldiak, eta ikusleak, ibaian botinak jantzita. Aurrez abisatuko zaizue egun horretan euri jasak espero badira, eta bestela, aurrez, igeriketa ikastaroren bat egin. Urpekaritzako bat ere egitea komeni!!)
Lotura zuzena |
6 erantzun. Azkena:
IÑAKI GARATE | 2005-11-18 | 19:31