Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko martxuek 18,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Bai ala bai?

Bai ala bai?

(Alaitz Olaizola)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Emakume bat baino ez

    Emakumea | Alaitz Olaizola |  2007/03/8  10:33

     

     

    Etxerako bidean, norbait atzetik korrika datorrela sumatu dut. Berehala hurbildu zait. Etxera goaz, ikastaroa bukatu eta etxera. Bilbo handia da, ezagutzen ez diren bi elkarren ondoan bizi izateko. Baina badirudi hango mugak ere txikitzen hasiak daudela, berak eta nik, elkarrengandik oso hurbil dauden etxeetan hartuko dugulako ostatu. Bere begirada senti dezaket aldapan gora; mantsoa, sakona, hitzik gabekoa. Ikastaroan ezagutu dugu elkar emakumeak eta biok; lau egunez elkarrekin egingo dugu etxerako bidea.

     

    Egia da ez dugula elkar ezagutzen, baina mundua elkarrekin konpontzen saiatu gara. Erlijioaz, aste santuaz, bekatuaz, ekonomiaz, emagalduez, amatasunaz… hitz egin dugu biok lau egunez, egun bakoitzeko hamar minutuz.

     

    Ez diot beharbada ondo ulertzen esan nahi duena. Ideia solteak jasotzen dizkiot, ordenatu gabeak, sakonak, zailak beharbada. Erraietara jo behar dugula dio berak, hantxe dagoela gakoa. Ekonomiak duen garrantziaz aritu da, dirua ezagutu egin behar dela, jakin behar dugula diruak nola funtzionatzen duen; gero, behar bezala erabili nahi badugu. Emagalduen inguruko azterketa bat egiten ari dela ere esan du. “Zergatik daude?” Eta artista bat da, eskuekin artista bat, bere lanik ikusi ez badut ere. Milaka gauza egin eta ikasten ari den emakume baten aurrean nago.

    Azken eguneko etxerako bidean, ideia solte mordoa ezin antolatuta, galdera bat egin diot:

    –Nola bideratu dezakezu lan mundura egiten edo aztertzen ari zaren guzti hori?

     

    Irribarre egin dit, bere begi urdin erraldoiak txikituz. Eta lasai, oso lasai, halaxe esan dit:

    –Badakizu, Alaitz, ni bi mundutan bizi naiz: Intelektualtasunean eta erotasunean. Biekin bizi beharra daukat, biak baitauzkat barruan.

     

    Txundituta, hunkituta… utzi nau. Baina egia da biak bere dituela nire lagun berriak.

     

    Gaur, martxoaren 8 honetan, bera daukat gogoan, bera eta bere lanerako grina. Bere mundua aztertzeko gogoa, erraietaraino jaisteko asmoa, besteei laguntzeko borondatea… finean, emakumea.

     

    Besarkada bat berarentzat hemendik, urte betez abandonatua izan dudan txoko honetatik. (Berak ez zukeen hainbeste denboraz bere txokoa abandonatua izango!)

     

     

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Emakumeon hanketako ileak

    Emakumea | Alaitz Olaizola |  2006/03/8  09:51

    “Galtza luzeak eramaten ditudanez, ez ditut hanketako ileak depilatzen”

     

    Urteroko moduan, gaurko egunez, datu andana jasotzen ari gara komunikabide guztien bitartez. Esatariak berak dio, ia urtero, eskakizunak berdinak direla, berrikuntzaren batekin. Zerbaitegatik izango da...

     

    Euskal Herrian, langabezian dauden gehiengoa, emakumea da. Lana izatearen kasuan, behin-behinekotasuna askoz ere handiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino. Eta hori gutxi balitz, askok, gizonek baino ehuneko hogeita hamarra gutxiago kobratzen dute.

     

    Historian zehar izandako emakumeak, ezezagunak zaizkigu, inoiz existitu izan ez balute bezala. Azpeitin bertan, San Sebastianetako karroza “suntuosoan”, omenduak beti dira gizonezkoak.

     

    Horrela, datuak, nahi beste eta aspertzeraino.

     

    Ondo. Berdintasunerako bidea jorratzen jarraitu behar.

     

    Eta gero...

     

    “Galtza luzeak eramaten ditudanez, ez ditut hanketako ileak depilatzen”

    Eta segidan erantzuna edo komentarioa: Akats grabea da hori! Ez duzu ba pentsatuko, hankak ilez josita, inor konkistatzeko gai izango zarenik, ezta?”

     

    Gero, depilazioaren aldeko diskurtso laburra, eta amaitzeko, krema konkretu baten propaganda: 25 euroren truke, ilerik gabe eta konkistatzaile!

     

    Guzti hori, azken hilabeteotako El Semanal batean irakurria.

     

    Akats grabea! Orain, emakumeon hanketako ileak ere, kriminalizatu egin behar ote dizkigute ba? Besterik ez zitzaigun falta!

     

    Berdintasunaren bidea jorratuz, hanketan ileekin edo ilerik gabe.

     

    (Egia ote da, hanketan ileak dituzten emakumeak, ez dutela “konkistatzen”?. Ikerketa bat egin genezake…)

    Lotura zuzena  |  3 erantzun. Azkena: mutil 1 | 2006-03-12 | 23:01

     

    Esfingeari falta zaiona

    Kultura | Alaitz Olaizola |  2006/02/8  11:17

    Katalanek lortu dituzte Salamankako artxiboak, ditxososko artxiboak! Kostata eta batzuen arrazoitu gabeko haserrearen gainetik.

    Atzo goizean, irratian elkarrizketatu zituzten Bermeo eta Ońatiko alkateak. Salamancan ba omen daude gerra garaian hemendik eramandako artxibo batzuk. Bermeo eta Ońatiko artxiboak omen daude tartean. Eta noski, eskatu dituzte Salamancara, itzuliko ote dizkietenaren duda muda handian.

     

    Segidan, bi herrietako herritarrei galdetu zieten ea ba al zeukaten artxibo hauen berri eta berauek ekartzeari buruzko iritzia. Une honetan, esaten ari zirenaz deskonektatu eta duela urte batzuk Egiptora eginiko bidaia hura etorri zitzaidan gogora.

     

    Piramideetara iritsi baino metro luze batzuk lehenago, hondar artean aurkitzen da Gizako esfinge ezaguna. Animali gorputza eta gizaki aurpegia duen irudi erraldoia, milaka urte bizkarrean badauzkana. Yasser, gure gidari egiptiarrak, bertara heltzean, honela esan zigun:

     

    -Hona hemen, esfinge ezaguna. Milaka urte baditu, (ez dira ados jartzen zenbat diren) eta arrisku larrian dago.

     

    Hainbeste denbora eta gero, arriskuan egotea arraroa ez zela pentsatu nuen nik. Izan ere, babestu gabe, han kanpoan, bero izugarri harekin…

     

    -Ikusten ai diozue burua? Okotz-bizar moduko bat zeukan egin zutenean. Gero ordea, britainiarrek kendu egin zioten eta beraiekin eraman. Buru horrek, ezinbestekoa du kendu dioten zati hori, bestela, urte batzuen buruan, burua eroriko zaio. Itzul diezagutela gure bizarra!

     

    Hura bai sorpresa! Jakin nahiko nuke, britainiarrak direnean ikusleak, gidariak zer esaten ote dien. Guri, euskaldun eta Valentziarrez osatutako taldetxoari, argi utzi zigun esfingeari ezer txarrik gertatuz gero, britainiarrek izango zutela errua.

    Gero, British museum-ean, saiatu nintzen okotz-bizar delakoa topatzen, eta ez nuen inondik ere ikusi. Egia da, ditxososko museoan, non nenbilen aklaratzea ere nirea kostatu zitzaidala, baina esfingeari falta zitzaion zati hura ez nuen inon sumatu. Harri Rosetta bai, ederra inondik inora ere. Hau ere, ez dut uste Londresko parkeren batean topatuko zutenik!

    En fin… Munduan zehar banaturik, zenbat Salamanca kultural eta historiko.

     

    Ekintza horri, gure herrian, badakizue nola esaten zaion, ez?

    Lotura zuzena  |  Erantzun bat. Jarraitzailea | 2006-02-10 | 12:21

     

    Entzuteko ba!

    Gizon-emakumeak | Alaitz Olaizola |  2006/01/13  12:48

     

       

    MIREN:         Ez nuen espero hark hura esaterik. Esan nion nik, bakoitzaren ideiak beti direla errespetagarriak, eta berak, baietz, baina arrazoia berea zela... Ez zitzaidan batere gustatu....Zer nahi duzu ba esatea.... Joxe. Joxe!... JOXE!!!

     

    JOXE:           Ai! Ez egiteko ba oihurik!

     

    MIREN:         Entzun al duzu nik esandako ezer?

     

    JOXE:           Zuk ze uste?

     

    MIREN:         Ezetz!

     

    JOXE:           Bai emakumea. Ederki afaldu zenutela esaten ari zinen. Joango gara elkarrekin bertara datorren astean edo afaritxo eder bat egitera. Zer diozu polita?

     

    MIREN:         Hara Joxe, azkenean egia izango da “Al habla” aldizkarian irakurri nuen hura.

     

    JOXE:           Zein egi?

     

    MIREN:         Zientzialari talde batek, ikerketa bat egin ostean, ondorioak kaleratu ditu.

     

    JOXE:           A.

     

    MIREN:         Ba al dakizu zein ondoriotara iritsi diren? Gizonezkook, emakumezkoon ahotsak sortzen dituen soinuak prozesatzeko, biologikoki ezgaituak zaudetela.

     

    JOXE:           Bai zera!

     

    MIREN:         Ikerlariek diote, emakumearen ahotsa gizonarena baino askoz ere konplexu eta musikalagoa dela. Ez hainbeste ahotsaren neurriagatik, baina bai jariatzen dituen uhinengatik.

     

    JOXE:           Ez dut piperrik ere ulertu.

     

    MIREN:         Entzuidazu ba arretaz! Emakumeon ahotsaren konplexutasunaren ondorioz, gizonok arreta handiagoa jarri behar izaten omen duzue, eta horregatik nekatzen omen zarete hain azkar. Halako esperimentu bat egin omen zuten: Gizon talde bati, aurrez grabatutako ahots batzuk jarri omen zizkioten entzuteko. Hamabi gizon eta hamabi emakumeren ahotsak zituzten entzungai. Tramankulu baten bitartez, ahotsak entzuten zituztenean, beren garunek izaten zituzten erreakzioak neurtu zituzten. Orduan jabetu omen ziren, emakumearen ahotsak, garuneko zelula desberdinetan zuela eragina. Alegia, gizonaren garunean, emakumearen ahotsa entzutean, soinua eta musika prozesatzen dituen garuneko atala jartzen omen zen martxan, ez ordea lengoaiarena. Horregatik esaten omen dugu emakumeok hain sarri, “ ez du entzuten, ez du ulertzen…”. Joxe? JOXE??

     

    JOXE:           Zer Miren?

     

    MIREN:         Entzun al didazu?

     

    JOXE:           Entzun zer, maitea?

     

    MIREN:         Hara, gauza bat esango dizut. Ez dakit ikerketak ezertarako balio duen. Edo gizonoi ikerketaren ondorioak primeran etorri zaizkizue eta emakumeoi etsitzea baino ez zaigu geratzen, edo kirofanotik pasa beharrean zaudete, eta ikerketa egin dutenei, hori aipatzea “ahaztu” egin zaie! Marka duk gero!

     

    JOXE:           Bai laztana.

     

     

     

    Lotura zuzena  |  2 erantzun. Azkena: elorri | 2006-02-01 | 12:04

     

    Jauzi txikia

    Antzerkia | Alaitz Olaizola |  2005/12/30  12:04

    (Abenduak 31. Eguerdiko 12ak, herriko plazan, bi Azpeitiar)

     

    LOLA:Pello, majo… Urteak eskatutakoa eman al dik?

    PELLO:Nola esango dinat… Eskatutakoa baino gehiago, saiatutakoa.

    LOLA:Hire burua zaindu al duk?

    PELLO:Ingurukoena adina.

    LOLA:Zenbat duk hori?

    PELLO:Zoriontsu izan diren adina.

    LOLA:Eta, memoria? Memoriak zer esaten dik?

    PELLO:Memoria, arimaren pare dinat nik.

    LOLA:Beteta…

    PELLO:Batez, Lola, batez.

    LOLA:Orduan, zer gorde behar duk iraganetik?

    PELLO:Etorkizunera begira bizitzeko gogoa.

    LOLA:Itxura onarekin al zetorrek? Etorkizuna, alegia…

    PELLO:Iraganaren parekoa badun, heuk ere badakin erantzuna.

    LOLA:Aizak guapo! Ez zegok hire jarduna ulertuko duenik!

    PELLO:Hirea ulertzen dinatela iruditzen al zain?

    LOLA:A, badakik, hemen bakoitzak bereari.

    PELLO:Hori, zilborra lehertu arteraino.

    LOLA:Bakarra izanda, ez duk ba horrenbeste puztea komeni.

    PELLO:Zer kezkatzen hau? Hirearekin bukatzean, hartu ondokoarena.

    LOLA:Aizak, hi. Deprimitua al ego edo ze?

    PELLO:Ez ba. Deskonprimitua baino ez.

    LOLA:Reprimitua esan nahiko huen…

    PELLO:Sanoenaren pare.

    LOLA:Sano bai. Egia esan, itxura ona daukak.

    PELLO:Urte berriari aurpegi hoberena eman nahian, badakin.

    LOLA:Mahatsekin egingo duk saltoa urte berrira…

    PELLO:Bakarrarekin, Lola.

    LOLA:Kanpai bakoitzeko bat izan ohi duk ordea!

    PELLO:Hori hik dion…

    LOLA:Nik ez, tradizioak.

    PELLO:Tradizioak, querida Lola, askotan memoria eta anima bezalakoak izan ohi ditun.

    LOLA:Itoko haizen beldur haiz… Koldar hutsa.

    PELLO:Igeritan aspaldi ikasitakoa naun.

    LOLA:Hala ere, koldarra, eta gainera, lotsagabea!

    PELLO:Ez Lola. Umoretsua.

    LOLA:Umoretsua al duk hire berba? Zaila esan nahiko huen…

    PELLO:Egungo gizartearen modukoa.

    LOLA:Baita zera ere! Jende majo asko zegok.

    PELLO:Bai horixe.

    LOLA:Zaila esan duk ba hik!

    PELLO:Hor hago hi, maja-maja, heure buruari begiratu ezin eta nirea deskonprimitzen.

    LOLA:Aizak Pello. Pasatzen ari haiz!

    PELLO:Eta zer nahi huen ba?

    LOLA:Urte berri ona opatzea baino ez.

    PELLO:Garaiz habil ba horretarako ere.

    LOLA:Garaiz diok? Amargatu egin nauk eta!

    PELLO:Amarratuta bizi haizelako.

    LOLA:Hara Pello, itoko al haiz gaur gauen hire mahats bakarraren haziarekin!

    PELLO:2005a izango dinat nik hazi, mahats ale bakar handi.

    LOLA:Hara…

    PELLO:Berriak itotzeko kuidorik ez dinat nik, zaharrarekin joango naunalako.

    LOLA:Badakit zer esaten diaten? Joateko haize freskoa hartzera hire mahats ale eta guzti! Inozoa…

    PELLO:Adios Lolita guapa! Ahaztu egin zaidan esatea!! Urte berri on, panpoxa!, Egun, bazeuden hazirik gabeko mahats aleak, beraz, hik ere badakin zer egin, ito nahi ez badun!!

     

     

      “Bost mando eta sei karga, hartutako lekuan deskarga”

    Lotura zuzena  |  Erantzun

     

    Albiste zaharragoak »»

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak