Gaia: Gabonak
««Itzuli blog osora
Hamabitarik bat
Gabonak eta ekologia | Ainhoa Odriozola |
2005/12/16
10:08
HAMABITARIK BAT.
-Zer izan nahi zenuke pertsona ez bazina?- Ilobatxoak egin dit galdera, horrela bat-batean, umeek bakarrik duten filosofiarako naturaltasun horrekin.
-Zer dela eta galdera hori?- Nire erantzuna ( 15 segundotan lelo aurpegia jarri ondoren).
-Ba tokatzen zaizunean, pentsatuta edukitzeko ombreee!- Logika osoz berak.
Ez dakit zer ipuin irakurtzen dizkieten gaur egun umeei ikastolan.Trantzea pasa eta gero ordea serio jarri naiz ilobaren galderari buruan bueltaka, eta fantasiari herdoila kendu nahian , gabonen ataria egoki iruditu zait ariketa hori praktikan jartzeko.
Asko pentsatu ondoren, gauza izan nahiko banu, garai honetan bonbila izatea aukeratuko nukeela argi daukat; dagoeneko piztuta, omnipresentziaren sentsazio hori bizitzeko, Sevillako apirileko feriari inbidiarik gabe.Gauzekin jarraituz ,diru izan nahi nuke ondoren, papera txanpona baino hobe, egunotan asko bidaiatuko bainuke eskutik eskura. Bazterrak ikusteko...badakizue.
Abere bat izatekotan aldiz, arrain gorri txiki batean bihurtu nahi nuke, akuarioko horietakoa, txikitatik fan sutsu naizen Periko Motxala gertutik ikusteko , parrokiko naximentuan, primerafilan. Edo katu bat bestela, ez legoke gaizki, zakarretara botatako langostinoekin bazka ederra egiteko.
Ez nuke ordea Agirreneko eskaparate izatea nahiko, ume guztien hatz marka , arnas lauso eta babaz betea. Ezta oparitarako papera ere, berri izan arren txiki-txiki eginda bukatzeko.
Ez nuke etorkinaren buzoi izan nahi, huts ez sentitzeko, ezta tabernariaren belarri ere feliznavidad prosperañoyfelizidad hamabost aldiz entzutetik libratzeko. Ez nuke noski, bixigu edo angula izatea aukeratuko, ezta olentzeroren asto, erregeen gurdi, baxera garbitzeko xaboi, urdaileko zuku gastriko edo turroiari begira dagoen amonaren ordezko hortzeria ere....
Zerrenda luzea egin liteke horrela, amaigabea. Baina gutxien gura nukeena, zerrendan azkeneko postuan legokeena , garai honetan inolaz ere aukeratuko ez nukeena, zinez , pinu izatea litzateke: adornu izateko soilik moztua. Bakarra nahikoa ez eta plazan dauden hamabitarik bat ez izateko alegia.
Lotura zuzena |
Erantzun bat.
Edu | 2005-12-16 | 15:35