Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Blogak »  Aatik

Aatik

(Ainhoa Odriozola)

 ARTXIBOA

 HARPIDETU

  • Jarioa: XML
  • Blog honetara harpidetu nahi? Mezu bat jasoko duzu zerbait idazten duenean. Sartu hemen zure e-posta:



    (rssfwd zerbitzuari esker)

     ORRI HAU...

     

    Zinema Paradiso

    Zinerik gabe azpeitian | Ainhoa Odriozola |  2006/01/31  12:01

    ZINEMA PARADISO

    Ibili ibilian, negua lotsagabe atera zaigu aurtengoan, abisatu gabe jaurtitzen dizkigu bere opari ederrenak. Larunbat gauean Azpeitian egiten zuen hotza, ez zen parte onekoa! Eta gu hantxe, kalean gora eta behera, tabernatik tabernarako bidea ziztu bizian eginez, berotan sartzeko itxaropen txatxuarekin... Pekatari gaixoak, haize polarrari aurka egitera kondenatuak, zine triste bat bera ere gabe, bi ordu behintzat epelean pasatzeko!
    Egia esan behar bada, epelean... epelean, ez ginen egoten askotan zinean, Soreasun eta neguan, bederen. Pelikula amaitu eta gogor-gogor eginda altxatzen ginen, kalefazio faltak ala eserlekuaren gogortasunak eragindakoa zen seguru jakin gabe. Destenple hura kafesneak ere ez zuen kentzen. Eserleku gorri haietan, (aurrekoen pipa azalez beteak portzierto) postura hartzea baino errazagoa zen tente lo egitea. Zenbat pelikula erdizka ikusiak, aurrekoaren kokotea beltz pantailaren argiaren kontrastean, hura ezkerrera, gu eskuinera , eta atzekoa alderantziz. Lerro osoa mugimenduan tipo batek behar baino gehiago neurtzen zuelako. Agian zuek argituko didazue oraindik buruan dabilkidan zalantza bat. Zergatik ez ziren ondo entzuten filmearen lehenengo 15 minutuak?
    a)soinu ekipoa zaharra zelako
    b)patata eta palomita zorro hasi berrien zaratagatik.
    d)elkarrizketak entzuten ez eta pelikularen haria hartzeko ondokoari egindako galdera erantzunek sortutako zurrumurruagatik.

    Dirua ordaindu eta anuntzioak ikusi behar gainera. “Moooooo-vi-re-cord” hura gabe ez zegoen hasterik. Ez bazuten botatzen, bazen mutil koadrila bat, ahots aldatzen oraindik, ozen abesten zuena, besteon algararako. Eta narruzko jaka haiek saltzen zituen denda haren izena? Zuetako batek gogoratzen badu bidali mesedez.Zenbat aldiz ikusi genituen jaka berak anuntzio ajatu hartan, norbaitek erosteko zain.
    Baina bitxiena da, kalamitate guzti hauek eta halere... oroimen onen artean ditudala Soreasun pasatako arratsalde-gau haiek. Hantxe hazi ginen, goiko balkoitik txikleak botatzen zituztenak izatetik, beheko eserlekuetan gora begira mekauenka jardutera pasatuz. Gogoan dut, pasiloan egurrezko aulki batean ikusi nuela E.T, halakoa izan zen joan zen jendetza. Gogoan dut, telebistan baloiari kolpeka eta liga kopa eskuan ikusitako hura, sarreran txartelak puskatzen ikusteak sortzen zigun emozioa. Gogoan ditut, orain haurrentzakoak iruditzen zaizkigun filmeekin botatako kurrixkak, komunera joateak ematen zuen beldurra, horma zati bat erori zenean hartutako sustoa, piperrik ulertzen ez genituen zine klubeko filme haiek...
    Denboraren iraganak oroitzapenak makilatu egiten omen ditu, idealizatu. Gazte eta haurtzaroan bizitakoa espezial gordetzen dugu gure oroimenetan ordea, mundua ikusteko gure modua aldatzen delako eta hunkipen eta emozioz betetako garaia delako.Nire kasuan, eta askorenean uste dut, zinea oroimen horien parte da, neguko arratsalde hotzetan nora joan ez genuelako bada ere.
    Udaletxeko jaun andreok, egin zerbait mesedez, DVDaren hatzapar bakartietan erori eta zinerako bidea ahaztu baino lehen, edo Baztartxora joatearen poderioz, zeharo axkoitiartu baino lehen. Eta ez galdu denborarik, bi aukera hauek ez dituztened , orain gaztetxo direnek bere zinema paradiso propioa eduki dezaten.

    Lotura zuzena  |  3 erantzun. Azkena: ainhoa | 2006-02-03 | 12:10

     

    Bisitariak

    Santamasak | Ainhoa Odriozola |  2005/12/23  17:41

    NABIGAZIO KOADERNOA 

    Laugarren galaxialdiko,3.678 garren eguna.
    (Planeta urdineko abenduaren 21-a.)
    Misioa: planeta urdinaren lehen kontaktu hartzea.
    Gidariak: Sxlurf-2 komandantea.
                      Blaxx-17  komandante ordea.

    NERUNO HG-3 planetara hirugarren komunikazioa:.... iritxi gara!!!.....

    Lurrartze ordua: 12.45 ( tokiko ordua)
    Lurrartze koordenatuak: ezezagunak ( galaxia konfederatuen  mapan ez da agertzen)
    Lurrartze tokia : A-Z-P-E-I-T-I-A  ( zehaztapena: k-o-m-u-n-t-z-o)
    G.E.Z.(Galaxiarteko entziklopedia zibernetikoa)  erreferentziak:
    L-o-i-o-l-a-k-o- i-n-a-z-i-o
    t-x-i-k-i-t-e-o-e-l-e-g-a-n-t-e
    h-a-r-r-o-p-u-t-z
    u-r-r-e-s-t-i-l-l-a-h-e-r-r-i-a-d-a...

    Txostena:
               Lurrartzea espero bezala gertatu da,  atmosfera igarotzean oreka  motorearekin arazo txiki bat salbu. Espazio ontziaren kamuflatze operazioa bikain (b-e-l-a-r-m-e-t-a). Kontaktu hartzeko bertako bizidunen itxura hartu dugu: lau hanka/mingain luzea/begi beltzak/mantxa beltzak larru zuriarengainean/ hizkuntza:mu.
              Bizidun mota ezberdinak planeta honetan. Bigarren itxuraldaketa: bi hanka/buru haundia/jaka beltz/praka urdinak/txapel beltza/lepoko zapia/gomazko oinetakoak/pikatzen duten galtzerdi zuriak.
     Lehen kontaktuaren balorazioa: ONA. Ez gaituzte ezagutu. Taldean mugitzen dira. Bi oinen gainean lekualdatzen dira, baketsuak dirudite baina ez dira fidatzekoak, belarriko mina egiteko moduan hitz egiten dute eta. Belarriko mina egiten duen musika dute ere.  Hizkuntza garatua, fonema errepikatuenak: -ye/-ayo/-eunon/-zemouz/-mokaillue/-motell/-hombreee/...Esanahia: ezezaguna(data-basean sartuta).   Jokabidea, eginkizun garrantzizkoenak:  elikatu/hitzegin/ahoa ireki eta hortzak erakutsi/elementu zilindrikoa bitan egin (t-r-o-n-k-u-e)/ beste elementua jaso( h-a-r-r-i-k-o-s-k-o-r-r-a)/batetik bestera lekualdatu...
             Tamaina ezberdinetako izakiak:handiak eta txikiak. Txikiak ez dira bi oinen gainean ibiltzen beti, lau gurpilen gainean eramaten dituzte. Handiak bezala jantzita, baina bost edo sei geruza jaka beltzaren azpitik. Arriskutsuak.
              Dieta solidoa: zanpatutako masa horia ,koloretako gauzekin barruan,  dastatze analisia: 7 (lagina hartuta). Erditik ebakitzen den gauza zuria , kolore gorriko zeraz barruan, dastatze  analisia: 6 (lagina hartuta). Dieta oso homogeneoa, barietate gutxi. Galaxialdiko behin jaten dute dirudienez (kantitate handiak). Elikadura motaren ondorioak: betekada/hortzen artean katigatutako puskak/ mantxa laranjak alkandora zurian...
              Dieta likidoa: karbonodun likido marroia, dastatze analisia: 5 (lagina hartuta). Usai sendo dun likido gorria (r-i-o-j-a), dastatze analisia: 4 (lagina hartuta). Aparrarekin ateratzen duten likido horizta, dastatze analisia: 9`5 (lagina hartuta). Karbonodun likido marroia + kolore desberdinetako likidoak (t-x-a-r-r-a-s-t-a-y-e), dastatze analisia:10 (lagina hartuta). 
              Ingurugiro analisia: bero eta argi ematen dien astroa dute ( sartzen eta irteten ikusi dugu). Ilun denean: bero falta (k-r-i-x-t-o-n-o-t-z-a), tamaina txikiko izakien  desagertzea  eta hizkuntza aldaketa. Fonema errepikatuenak: -ye/-mengaaa/-atatragueee/-galimotxxxo/-txeannnitxik/...Esanahia: misteriotsua. (data basean sartzea ahaztu zaigu).
              Planeta urdinaren kontaktu hartze misioa : BETETA.  Espazio untzira buelta  arazorik gabe. Hartutako lagin likidoen bapateko baporizazio misteriotsua bidean.. . esplika ezinezko fenomeno fisikoa. Arrankeko sisteman matxurak. Egun bat atzeratuko da gure itzulera.

    NERUNO HG-3 planeta......hamargarren komunikazioaren amaiera.....komunikazioa etenda...


     

    Lotura zuzena  |  5 erantzun. Azkena: EBtik | 2005-12-30 | 21:25

     

    Hamabitarik bat

    Gabonak eta ekologia | Ainhoa Odriozola |  2005/12/16  10:08

    HAMABITARIK BAT.

     -Zer izan nahi zenuke pertsona ez bazina?- Ilobatxoak  egin dit galdera, horrela bat-batean, umeek bakarrik duten filosofiarako naturaltasun   horrekin.
    -Zer dela eta galdera hori?- Nire erantzuna ( 15 segundotan lelo aurpegia jarri  ondoren).
    -Ba tokatzen zaizunean,  pentsatuta edukitzeko ombreee!- Logika osoz berak.

                            Ez dakit zer ipuin irakurtzen dizkieten gaur egun umeei  ikastolan.Trantzea pasa eta gero ordea serio jarri naiz ilobaren galderari buruan bueltaka, eta fantasiari herdoila kendu nahian , gabonen ataria egoki iruditu zait ariketa hori praktikan jartzeko.

                            Asko pentsatu ondoren, gauza izan nahiko banu, garai honetan bonbila izatea aukeratuko nukeela argi daukat; dagoeneko piztuta, omnipresentziaren  sentsazio hori  bizitzeko, Sevillako apirileko feriari inbidiarik gabe.Gauzekin jarraituz ,diru izan nahi nuke ondoren, papera txanpona baino hobe, egunotan asko bidaiatuko bainuke eskutik eskura. Bazterrak ikusteko...badakizue.
                            Abere bat izatekotan aldiz, arrain gorri txiki batean bihurtu nahi nuke, akuarioko horietakoa, txikitatik fan sutsu naizen  Periko Motxala gertutik ikusteko , parrokiko naximentuan, primerafilan.  Edo katu bat bestela, ez legoke gaizki, zakarretara botatako langostinoekin bazka ederra egiteko.
                            Ez nuke ordea Agirreneko eskaparate izatea nahiko, ume guztien hatz marka , arnas lauso eta babaz betea.  Ezta oparitarako papera ere, berri izan arren   txiki-txiki eginda  bukatzeko.
                            Ez nuke etorkinaren buzoi izan nahi, huts ez sentitzeko, ezta tabernariaren belarri ere feliznavidad prosperañoyfelizidad hamabost aldiz  entzutetik libratzeko. Ez nuke noski, bixigu edo angula izatea aukeratuko, ezta olentzeroren asto, erregeen gurdi, baxera garbitzeko xaboi, urdaileko zuku gastriko edo turroiari begira dagoen amonaren ordezko hortzeria ere....
                            Zerrenda luzea  egin liteke horrela, amaigabea. Baina gutxien gura nukeena, zerrendan azkeneko postuan legokeena , garai honetan inolaz ere aukeratuko ez nukeena, zinez , pinu izatea  litzateke: adornu izateko soilik moztua. Bakarra nahikoa ez eta plazan dauden hamabitarik bat  ez izateko alegia.

    Lotura zuzena  |  Erantzun bat. Edu | 2005-12-16 | 15:35

     

    Aatik

    euskara xuxena | Ainhoa Odriozola |  2005/11/24  12:11

    "Zeatik?" "Aatik". Ordenadoreak  Xuxen-en aginduak zintzo jarraituz gorri salatariz azpimarratzen ditu bi hitz hauek nik idatzi bezain pronto. Gaizki idatziak daudela esan nahi du horrek, esperotakoa, egiaztatu beharra nuen ordea. Hiztegira noa.

     A : primera letra del alfabeto

     a: interj.¡a!

     a: forma del artículo de 2º grado en absolutivo singular,

    aainundar: natural de Aaiun...

    Garbi dago, hemen ez dago horrelakorik. Ea h-a  jarrita.

    haatik: no obstante, sin embargo, a pesar de

    hargatik: por eso, por esta razon

    Onartu dezadan, euskaraz ez da aatik existitzen, ez nik ulertzen dudan zentzuan behintzat, hargatik hori, gerturatzen bada ere. Nire blogaren izena aldatu beharrean aurkitzen naiz. Pena, primeran datorkidan hitza delako. Azpeitian, edozein gairi buruzko elkarrizketa batean zergatik galdera egin eta aatik erantzuna jasotzen baduzu, zera adierazi lezake:

    - Ez dagoela arrazoi jakinik, gauzak horrela direla horrela direlako eta kito, eta ez  alferrik burua nekatzen jarduteko  arrazoi baten bila, ez dagoelako.

    - Edo arrazoia hain dela garbi eta begi bistakoa ez duela merezi esplikatzen hastea ere, eta gutxiago hiri ez haiz enteratzen eta.

    - Gauzak horrela direla nik (gure azpeitiar solaskideak  noski) horrela diodalako, niri gogoa ematen didalako, eta momentu honetan hemen inportantea ni naukelako, eta hire  iritziak noski, piperrik balio ez dialako.

    - Edo... galdera gehitxo egiten hari haizela  eta kokoteraino naukaala eta hobe dukela isiltzea erantzun petralagoa jasotzea  nahi ez baduk behintzat.

    Seguru zuek ere, eman ahal dizkiozuela  erabilera gehiago aatik hitzari. Hitz todoterrenoa da. Nire kasuan, eta blog honetan  erabiliko ditudan gaiei buruzko zergatiari   jenialki erantzuten dio, azaldu ditudanetatik lehenengo esanahia erabiliz. "Zergatik idatzi duzu honetaz, edo beste hartaz...?" "Aatik". Ez saiatu arrazoi berezirik aurkitzen. Eta aatik ere ez dut aldatuko nire blogaren izena, hiztegian agertzen ez diren hitz, molde eta era asko (herrietako hizkeretakoak batez ere, azpeitiarra barne), ezin direlako hainbat hitz legalengatik ordezkatu, xuxen idazteagatik  esanahi karga galtzen dutelako. Aatik bezalako hitz ilegal asko topatuko dituzue nire blogean, seguru. Eongoatxik.

     

    Lotura zuzena  |  3 erantzun. Azkena: Iosu Badiola | 2005-11-24 | 19:45

     

    uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
    Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
    Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
    Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
    Sareko Argia 2005 - Estatistikak

    Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
    Parte hartzeko arauak