Handiegiak, zapuzteko
Ekonomia | Gurutz Ansola |
2010/02/8
12:25
2010-01-21ean,
Barack Obamak nazioari jakitera eman zion, banku sistema birzuzentzeko neurri
fiskalak hartzea erabaki zuela. Xedea zen banketxeen tamaina mugatzea. Eta,
bide batez, debekua ezartzen zuen depositoak eta baliabideak espekulazioetan
erabiltzeko.
Horrelako neurriek ez zuketen,
finantzen munduan, harridurarik sortu behar. Izan ere, krisiaren sorreran,
banketxe handiek izan duten partea, mundu guztiak, honela esateko, ezagutzen
bait du. Etekin neurriz gainekoak eskuratzea posible izan da, izan ere
“arriskurik gabeko aktiboak” sortu bait dituzte banku mundialek. “Too big to
fail”, handiegiak zapuzteko. Printzipioa betetzera behartuak daude Estatuak.
Bestela, gerta liteke, finantz eta ekonomia alorreko katastrofeari aurre ezin
egin ahal izatea.
Krisiaren
azterketak egin direnean, “arriskurik gabeko arriskuak” diagnosia, aski onartua
bilakatu bide da, G20 ren bileretan. Beraz, krisi sistemikoari aurre egiteko
arau berriak indarrean jarri beharko liratekela, aski zabaldua dagoen eritzia
da politikari nahiz ekonomilarien artean.
AEBko
ekonomiaren jakitun diren azterlari anitzek ulertzen du Obamak eman nahi duen
pausoa. Arrazoi batzuk barnekoak dira. Gaitza ia sendatua zegoela uste zenean,
berriz ere lehengo bidegabekerietan erortzen hasiak dira banketxe eta finantz
botereak. Askok uste du, egoera hau kalte egiten hasi dela Presidente Obamari.
Seinale bat, demokratek Massachusettsen galdu duten senataria izango litzateke.
Eta Txinan? Eta
Europan? Nola erori da Obamaren egin-asmoa? Txinako gobernuak , ziur aski,
abegi onez hartu du AEBk zergak altxatzea. Zeren amerikar gobernuaren defizita
arindu eginen da. Kontuan eduki Txinak dolar kopuru eskerga daukala erreserban.
Europari
gagozkiola, Alemaniak abegi baikorra egin dio Obamaren asmoari. Egia da,
europar askok ez dio zuzena iristen AEBk, bere gisa, G20 ren kanpotik, sistema
finantzarioaren erreformari ekitea. Horregatik, badirudi, Angela Merkelek
hauzia G20ren hurrengo bilerara eraman nahi duela.
Lotura zuzena |
Erantzun
Elkarren menpeko
Ekonomia | Gurutz Ansola |
2010/01/5
11:27
Txinako agintariak kexu dira. Yuana, bere moneta,
birbaliatzera behartu nahi omen dituzte. Alde batetik, yuana birbaliatu;
bestaldetik, esportazioei eragozpenak jarri. “Gure monetari arrazoizko maila
batean eutsiko diogu”, esan du, behin eta berriro, Wen Jiabao lehen ministroak.
Txinarekin harreman komertzialak dituzten estatuen
erantzuna da, neurri babesleak eskuan eduki arren, bide arriskutsu hori, ez
dutela, oraino, hartu nahi izan. Txinari, aldiz, ez zaiola nabaritzen, gauzak,
hots, kanpoko balantzaren desoreka, bideratzeko asmorik. Berriz ere, azken hilabete hauetan, Txinaren
hazkundea eta kanpoko soberakina, beste inon ez bezala, bizkortu dira.
Martin Wolf en arabera (Financial Times, Le Monde
), Txinaren kanpoko soberakina, berariazko estrategia baten fruitua da.
Industriari laguntzen dio, zergak arinduz. Barne kontsumoa mugatzeko, errenta
erabilgarria murrizten da. Kanpoko merkatuetan Txinako ondasunak errazago
saltzeko, dibisak garestiago jarri dira. Horretarako, moneta politikaren
tresnak darabilzkiete. Politika honen
bidez, berriz ere Txinaren kanpoko balantzak ziklo berri bati hasera emango al
dio?
Zer joku aterako dute soberakin balantzak lortzen
dituzten estatuek? Eta printzipalki Txinak?
M. Wolfek aurreikusten duen arabera, aukera bikoitza dago. Edo gastu
publikoa murriztu egiten dute. Edo eutsi demanda globalari. Lehenengo
aukera-bideak, ekonomiaren kaltea eta hondamena dakarte; depresioa esan nahi
da. Bigarren aukera-bideak, berriz, esan nahi da, aurrekontuen defizitak,
berehala lehertaraziko luke fiskalitatearen krisia.
Bi aukerabide aipatuok ez dira onargarri, zein
bat, zein bestea. Irteera bakarra, baliagarri litzatekeena, zera dela dio
Wolfek. Defizit-superavit dutenen artean negoziaketa bat burutzea. Bestela,
itsuak ikusten du; Estatu defizitkorrak merkatuen babes-neurriak ipintzera
nahi-ta-ez beharturik aurkituko lirateke. Trenak, talka egitera, abiada eroan,
badijoazte, ba al dago beste irtenbiderik kontraesan larri honentzat?
Lotura zuzena |
Erantzun
Yuang
Ekonomia | Gurutz Ansola |
2009/11/19
11:29
TXINAren moneta polítika, izugarria omen da. Munduko
ekonomiarentzat gero eta arriskutsuago bihurtzera doana. Zehatzago esateko:
Txinako agintariek daramaten yuanekiko estrategia, munduko ekonomiaren galbidea
izango litzateke.
Sententzia ez da edozeinena, P. Krugman, Nobel saria bait
da. Horregatik ezagutu nahi izan ditut bere argudioak. Egia esan, ez du
korapilo bihurri asko egiten bere pentsaeraren hariarekin.
Txinako Gobernuak erabaki zuen yuang/dolar kanbioa maila
berdinean finko eustea. Dolarraren balioa jaisten baldin bazen, era berean
yuanga jaistera behartuko zuen. Moneta bien arteko paritatea ez zen aldatuko.
Jokoa ez da jolasa. Izan ere, joko honekin, txinatar agintariek debaluatu
egiten bait zuten bere moneta nazionala. Ordutik katea ezaguna da. Txinatar
produktuak merkeagoak bihurtzen dira mundu zabalean, eta esportazioak neurriz
gain goratzen. Eta azkenik, Asiako estatu eskergaren balantza komertziala
“irabazle” (superavit) bihurtzen.
Krugmanen arabera, Txinaren
estrategia gudua da, ez lehia ekonomikoa. Daukan superavit edukirik, birbaluatu
egin behar luke bere moneta. Bestela,
eskuak sartzen ditu merkatuetan. Demandaren zati gehiegizko bat eramaten du eta
ekonomiaren hazkunde eragozten. Besteak pobreago bihurtuz norbera aberastea ez da
zilegi, erabakitzen du, azkenik Krugmanek.
Lotura zuzena |
Erantzun bat.
txikia | 2009-11-26 | 17:56
Stiglitz txostena
EKONOMIA | Gurutz Ansola |
2009/09/24
10:38
Bazter
guztietan, egunero, barreiatzen dira ekonomiako emaitzen estatistikak. Hauen
artean gehien erabili ohi dena Barne Produktu Gordina (BPG) deritzana da.
Zenbaki-tresna honek hainbat zerbitzu baliozkorik ematen du. Hala eta guztiz ere,
inork ez dizu, agian, ukatuko BPG indizea, aldez edo moldez, berraztertu eta
eraberritu beharra dagoenik.
Barru barruan daramagun krisia izan da,
dirudienez, estatistika aparailuak kritikoki begiratzeko lana abian jarri
duena.
Duela urtebete jarri zuen martxan
Sarkozik, G20ren izenean, BPGa kritikoki biraztertu behar zuen lantaldea. Eta
nolako taldea! Eginkizun honetan, izan ere, lagun dira, besteak beste:
Stiglitz, Sen, Arrow, Fitoussi…. Batzorde honek behin behineko fruitua burutu
du eta, dagoeneko, zabaldu da “STIGLITZ TXOSTENA” izenarekin.
Txostena ikuspegi berri batean jartzen
da. Bada dioenik, ekonomilari horiek errudun sentitzen direla, estatistikak
egiten direnen moduaz. BPG kalkulatzen denean, hango eta hemengo produktuak oro
metatu egiten dira. Ondasun berrien partiketarik ez du kontuan hartzen. Beste
logika bat erabiltzeko eskatzen du Stiglitz taldeak. Produktuen metakuntza
irizpide aurrerakoi batez neurtu behar da. Ez da aski, ondasunen ekarpena
handiagoa izatea. Ekonomia herriaren premiei erantzuteko ez bada, baizik asko
dutenek gehiago eduki dezaten, orduan urte horretako BPGa ez da aurrelari
bezala behatu behar. Justizia banatzailearen irizpideak kontuan hartu gabe, ez
dago benetako aurrerakortasuna epaitzerik.
Izen handiko ekonomilariek burutu dute
gomendatu zitzaien mandatua. Hots, ze mundu nahi dugun, BPGaren
adierazgarrietan ematea.
A.Senek aitortu du, ez dela hori jakintsu multzo batean
egitekoa. Aldiz, politikak eta gizarte zibilak deliberatu behar du, zer
aldaketa gauzatu behar diren egungo indize estatistikoetan. Sarkozik, G20ren
bilera hautatu omen du, gaia, burrunba handiz, mahai gainean jartzeko. Nola
nahi ere, BPG eraberritu bat abian ikusi ahal izateko, denbora beharko da.
2009ko iraila
Lotura zuzena |
Erantzun
Nazionalismoaren kartela
EKONOMIA | Gurutz Ansola |
2009/07/2
11:24
Europa Batasunak ba al du, beregan, abantailik, krisiari aurre gogorrago egiteko?
Europako zenbait naziotan, esaterako ipar aldekoetan, askoz aurreratuago dago Ongizate Estatua. Badirudi ados gaudela, krisiari kontra egiteko modu baikor bat dela Ongizate Estatuko zerbitzuak eta laguntzak, irmo helduak egotea.
Langileak lana galdu eta berehala jasotzen badu lanezaren aseguru ordaina, gizartearen kontsumoa ez da hainbeste eroriko, errenta nazionalaren galera laburragoa izango da. Gisa honetako instituzioei, "egongortzaile automatiko" deitzen diogu. Eta Europako Batasunak munduko Ongizate Estatu aurreratuenak dituelarik, esan daiteke, alde honetatik baduela abantailik, krisi honi aurre egiteko.
Europa Batasuna, alabaina, ahul dabil. Eta ahul dabil, politikagintzarako nahitaezkoak diren eskuduntzak falta zaizkiolako. Gaizki dabilen Bankua zaintzea eta larri badabil salbatzea, estatu kideei dagokio. Bada, Bruselako ministroen kontseiluak, neurri kritikoak hartzera beharturik aurkitzen denean, gezurra badirudi ere, kideen interes partikularra jartzen du aurreneko lerroan.
Komunitatearen premiak eta egitasmoak jerarkiaren atzeko lerroetan gelditzen dira.
Europa Batasunak badu, Bruselan biltzen den ministroen Kontseilua. Erakunde honek Europari eman behar lioke politikako erabakien lehentasuna, baina nahiago du estatu-kideen nagusitasunari eustea.
2009ko ekaina
Lotura zuzena |
Erantzun
Albiste zaharragoak »»