Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Txostenak eta idatziak »  Komunikazioa »  Aldizkaria - 2000ko proiektua »  Azpeitia eta herri-aldizkaria

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitia eta herri-aldizkaria

Azpeitia eta herri aldizkariaren beharra

Uztarria Kultur Koordinadorak hasiera-hasieratik, 1998ko martxoan sortu zenetik, buruan darabilki herri aldizkari anitz baten sorrera. Orainoko lerrootan aipatu dugunez, informazio lokalak izugarrizko garrantzia dauka herritarrentzat. Azpeitiko informazioak izugarrizko garrantzia dauka azpeitiarrentzat, herrian gertatzen diren gauzen berri jakiteko irrikitan egoten baitira. Eta hor kokatu behar da, besteak beste, herri aldizkari gehienen sorreraren funtsa. Hor kokatu behar da, beste arrazoi batzuen tartean, Azpeitian ere herri aldizkari bat sortzeko hartutako erabakia.

Eta arestian aipatu dugunez, herri aldizkari batek beste maila bateko prentsak betetzen ez duen hutsunea betetzen du. El Diario Vasco egunkariko Azpeitiko kartak, Azpeitian Zer? Udal aldizkariak eta 1998ko martxotik 1999ko martxora bitartean Uztarriaren agendak eskainitako informazioa, garrantzitsua izanik ere, ez da nahikoa herritarren informazio gosea asetzeko. HBren Azpeitia Eginez-ek ere ez du informazio zabaltasuna bermatzen.

Norbaitek esan dezake herritarrek herrian gertatutakoaren berri badutela. Baina praktikak oso bestelako norabidea erakutsi digu. Uztarriak herri osoan banatutako inkesten emaitzen arabera, halaber, herritarrek informazio gabezia somatzen dute herrian. Jendeak herrian gertatu diren gertaeren inguruan edota hartu diren erabakien inguruan jakin nahi du. Eta horretarako eskubidea du, gainera. Informazioa sakratua da. Eta hortxe kokatzen da herri aldizkarien xede nagusia: alegia, alde guztietako informazioa zabaltzean, herritarrek gero horren inguruan gogoeta eta hausnarketa egiteko aukera izatea. Azpeitian herri aldizkari zabalaren alde hasi dugun ekimenaren xede nagusia ere hortxe kokatzen da, ezbairik gabe. Hurrengo puntuan ikusiko dugu herritarrek gaiaren inguruan duten iritzia, beti ere 1999ko urtarrilean Uztarriak egindako inkestaren arabera.

Herri aldizkariaren inkesten emaitzak

Uztarriak, aurrerago esan bezala, betidanik buruan izan du herri aldizkari bat. Ordea, benetako herri aldizkari bat sortu behar bada, herriak aldizkariaren beharra duelako sortu behar da. Aldizkariak ezin du talde baten kapritxoa izan.

Kultur Koordinadoraren baitan talde eta jende ugari biltzen den arren, handik kanpo ere azpeitiar asko eta asko dago. Horrek bultzatu zuen Uztarria herri osoan inkestak banatzera, herritar ia guztien iritzia jasotzera behartuta sentitu zelako. 1998ko azaroaren bukaeran hiru mila inkesta inguru banatu zituen. Inkestak jasotzeko ere ahalik eta bide errazena eta lasterrena ezarri zen: posta kutxa bat eta tabernetan buzoiak jarriz. Hona hemen orduan egin ziren galderak, eta jasotako erantzunetan oinarrituz Uztarriak emandako emaitza eta ondorioak.

  • Herri aldizkariaren beharra eta zergatia: Hasierako galderari erantzunez, inkestak erantzun dituztenen gehiengoak beharrezkotzat jo du herri aldizkari bat. Hain zuzen ere, %97,17k. Azpeitiak, beste hainbat herriren moduan, herri aldizkari baten beharra duela uste du herritarren gehiengoak, betiere inkestei kasu egiten bazaie. Zergatiei dagokionez (erantzuna irekia zen), guztiek bide beretik jo dute. Alegia, Azpeitian informazio falta nabaria dagoela uste dute gehienek: %73,3k.

Izan dira, horretaz gain, aldizkaria herriko kultura bultzatzeko garrantzitsua litzatekeela aipatu dutenak ere. Bestalde, hainbat eta hainbat erantzunetan aipatu izan denez, Azpeitian Zer? udal aldizkaria ez da nahikoa herritarren informazio gosea asetzeko.

  • Herrikoa ala eskualdekoa?: Kontu horri dagokionez, gehienek herri mailako aldizkari baten aldeko apustua egin dute: %71,4k. Izan ere, eskualdeko informazioa garrantzitsua dela irizten dioten arren, betiere herriko informazioari ematen diote lehentasuna. ?erri bakoitzak bere nortasuna du? ?nformazio zehatzagoa eta hobeto landutakoa bilduko luke?.. eta horrelakoak aipatu dira erantzun hori arrazoitzeko orduan.
  • Partehartzea: Benetan harrigarria eta era beran pozgarria da inkestako puntu horretan jasotako erantzuna. Izan ere, herri aldizkarian parte hartzeko prest ez dagoen jende dezente agertu den arren (nahikoa normaltzat jotzen dugu hori), gehiengoak parte hartuko lukeela erantzun du: % 57,28k hain zuzen. Horrek garbi erakusten du jendeak horrelako proiektuak aurrera ateratzeko duen gogoa. Horretarako, Uztarriak beharrezko jotzen du, behin eta berriro dioenez, aldizkari bat proiektu zabal batetik sortzea. Soilik era horretan identifikatuko dira herritar guztiak.
  • Oro har herriko informazioaren berri ba al dugu?: %97,1ek ezetz diote. Herritarrak zenbait gertaeren berri duen arren, oro har ez du jakiten erabaki desberdinak, eztabaidak eta bestelakoak nondik nora doazen. Ez baitu herriko gorabeherez informatzeko paperezko euskarri egokirik. El Diario Vasco-ren Azpeitiko karta nahikoa motz geratzen da, nahiz eta ahal duen heinean bere funtzioa betetzen duen. Bestalde, eta lehen aipatu bezala, Azpeitian Zer? udal aldizkaria ere eskas geratzen da; hura udal aldizkaria den momentutik, eta politiko jakin batzuen menpe dagoen momentutik (agintean dagoena dagoela), informazio guztia ez plazaratzeko arriskua dago.
  • Udal aldizkaria ala autonomoa?: Herritarrek argi dute aldizkariak ez duela udalaren menpe egon behar. Erantzunen arabera, herritarrek izan behar dute aldizkariaren nondik norakoak finkatuko dituztenak, betiere udalari bizkarrik eman gabe. Herritarren %87,7k egin dute herri aldizkari autonomo baten alde. Hala, hainbatek eta hainbatek esan duten moduan, aldizkari-taldearen eta udalaren arteko halako elkarlan bat litzateke egokiena, eta aldizkaria herri osoarena izango den momentutik, ?dalak hura finantziatzen lagundu beharko luke?

Bide horretatik, ia guztiek aldizkariaren harpidedun izango direla esan dute (harpidetza doan izan ohi da herri aldizkarietan).

  • Zergatik ez dago herri aldizkaririk Azpeitian?: Horren errudun herritar guztiak direla ondoriozta daiteke inkestak irakurriz gero. Halakoetan ohikoena eta errazena erantzukizuna udalari leporatzea da. Oraingoan ere udalak izan du kritikarik, asko izan baitira egoeraren ardura egotzi diotenak (%38,8k udalaren borondate eza aipatu dute). Baina herritarrak ezin esan frogatik onik irten direnik, erantzunen gehiengoak ?erritarren ekimen falta?aipatu baitu arrazoi moduan (erantzunen %50,6 da iritzi hori duena).
  • Helburuak? Herri aldizkariaren helburuak aipatzerakoan denetariko erantzunak izan dira. Baina batik bat herriko informazioa objetiboki zabaltzea eta hainbat arazoren inguruko gogoeta bultzatzea aipatu dituzte. Askok eta askok garrantzitsutzat jo dute, bestalde, herritarrek hitza izatea, Zuzendariari gutunak eta horrelakoen bidez.

Azpeitiko orain arteko egoera

Orain artean esandakoaren haritik, Azpeitian ez dago paperezko euskarri egokirik herriko informazioa zabaltzeko. Hainbat eta hainbat gai plazaratzen dira, horretan ez da dudarik, baina hainbat eta hainbat gehiago kaleratu gabe geratzen dira. Informazio horri bidea egiteko beharrezkoa da herri aldizkari bat. Horratx ondoren Azpeitian gaur egun dauden hiru argitalpen nagusienak:

  • Azpeitian Zer? udal aldizkaria: Euskarri hori, jakina denez, udalaren menpe dago. Zehazki esateko, Alkatetzaren menpe. Garai batean Kultura Batzordearen menpe zegoen, baina duela urte batzuetatik hona alkateak eta ingurukoek zuzentzen dute. Hilean behin kaleratzen da, duela gutxi arte hiruhilabetekaria bazen ere. 12 orrialde ditu eta batik bat zerbitzu funtzioa betetzen ditu. Ale bakoitzean elkarrizketa bat, gai baten inguruko informazioa eta inkesta bat kaleratzen dituzte. Batik bat udalaren inguruko informazioa kaleratzen dute.
  • El Diario Vasco-ren Azpeitiko karta: Informazio zabaltasunaren aldetik, askoz ere zabalagoa dela ezin uka. Udalaren inguruko informazio asko dagoen arren, herriko kultur eta gizarte taldeek ere presentzia dute orrialde horretan. Ordea, arazo handi bat du Azpeitiko kartak: espazio falta.
  • Herri Batasunaren Azpeitia eginez: 1996an hasi ziren argitalpen hori kaleratzen. Gaur egun hilero ateratzen dute, normalean 4 orrialdekoa, baina tarteka 16 orrialdekoa. Ezker Abertzaleko eta inguruko informazioa zabaltzen du. Herri Batasuna da egilea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak