Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Txostenak eta idatziak »  Komunikazioa »  Aldizkaria - 2000ko proiektua »  Azpeitiko azterketa sozio-ekonomikoa

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitiko azterketa sozio-ekonomikoa

Euskal Herrian, batik bat Gipuzkoan, herri aldizkari ugari daude. Azpeitia baino baldintza sozio-ekonomiko txarragoak dituzten herri ugarik badute herri aldizkari propioa. Ondorengo azterketaren bidez, gure herrian aldizkaria sortzeko baldintzak onak direla erakutsi nahi du Uztarriak. Azpeitian herri aldizkari bat sortzeko baldintza ezin hobeak ematen dira euskara, egoera sozio-ekonomikoa, merkataritza eta industriaren indarra... kontuan hartzen badira. Herri aldizkari bat duten inguruko lau herrirekin (Azkoitia, Eibar, Elgoibar eta Zumaia) hainbat datu konparatu ditu Uztarriak. Eta horratx ateratako ondorioa: herri aldizkari bana duten herri horietan baino baldintza sozio-ekonomiko-linguistiko hobeak ditu gure herriak.

Oharra: azterketa egiteko 1998. urteari buruzko Eustat-en datuak erabili ditugu.

-Gainontzeko herriekin konparatuta, Azpeitiko biztanleria apur bat gazteagoa da, eta adin-piramideari jarraiki, oinarri sendoagoa du. Gizonezkoak, emakumezkoak baino gehiago dira, eta nagusitasun hori beste herrietan baino gehiago nabarmentzen da.

Azpeitiko biztanleria

-Lan egiteko adinean dauden biztanlego portzentaia ere Azpeitian gehixeago da lagin bezala hartutako beste herrietan baino; ahatik, 65 urtetik goragoko biztanleak gutxiago dira.

Beraz, lehen ondorio nagusi bezala, oinarri sendoa duen herria da Azpeitia, gaztea, gaztetasunak berekin dituen abantail eta desabantail guztiekin.

Gainera, 1991ko biztanlego erroldatik ateratako datu haiek, bere osotasunean baieztatzen ditu 1996ko hurrengo biztanlego erroldak. Dentsitateari begiratuta, gainera, badirudi (horretarako ezinbestekoak diren faktore guztiak bilduta) oraindik hazkundean ahal lezakeen guztia ez duela eman gure herriak.

-Gure herrian familia tradizionala da nagusi, nukleo konposatua deritzona estatistiketan, alegia, gurasoek eta seme-alabek osatzen dutena. Portzentaietan neurtuta, pertsona bakarrak osatutako familiak gutxiago dira Azpeitian lagina osatzen duten gainontzeko herrietan baino. Bestalde, nukleo hutsa, alegia, bi pertsonek bakarrik osatutakoa, Azpeitian beste herrietan baino gutxiago da. Pentsa genezake estrato horretan batik bat bikote gazteak aurki ditzakegula; hortaz, Azpeitian proportzioan jende gutxiago elkartzen dela ondorioztatzen da, edo behar bada, adin nagusiagoetan. Bestalde, aipatzekoa da guraso bakarreko familien portzentaia lagineko beste herrietan baino handiagoa dena. Familien batez besteko tamaina ere parekoa den arren, Azpeitian zertxobait handiagoa da besteetan baino. Datu hau ikusita, esan daiteke emakumea gure herrian ez dela bete-betean lan munduan sartu, edota azken urteetan hasi dela sartzen. Oinarrian, lan egiteko adinean dauden emakumezko gehienak etxean ditugu, beraz.

-Biztanlego mugimenduei dagokionez, Azkoitiarekin batera, hazten ari den herri bakarra da Azpeitia. Orokorrean, arestian aipatutako ondorio berak Zumaiari ere bat etortzen zaizkio, baina azken datu honek, alde handiak zabaltzen ditu Zumaiarekiko. Jaiotza kopuruak ezkontzekin alderatuta (umeak edukitzeko ezkon-agiria beharrezkoa ez den arren), esan dezakegu gure herria biztanlego hartzaile garbia dela. Jendeak, zerbaitegatik, Azpeitian bizi nahi du.

Euskal Autonomi Erkidegora mugatuz, LANE estatistiken baitan, zerbitzuak dira jardunbide nagusi. Emakume bakoitzeko bi gizonezko daude lan munduaren barnean, batik bat zerbitzuetan (merkataritza, irakaskuntza,...) emazkumezkoak gizonezkoekiko gailentzen direlako. Baina industrian, esate baterako, emakumezko bakoitzeko bost gizonezko daude. Eraikuntza arloa nagusiki gizonezkoena da. Landu dugun kontextu hau Gipuzkoan ere betetzen da.

Lan mundua

Orain, Azpeitiko datuak Gipuzkoarekiko eta gure lagina osatzen duten gainontzeko herriekiko erkatzen baditugu, honako ondorioetara iristen gara:

-Laginarekiko nekazaritza jarduera altuxeagoa du, Gipuzkoako batez bestekoa baino zertxobait handiagoa. Azpeitian, baserri giroko biztanlego nukleo garrantzitsu bat dugu, nahiz eta guztira gutxiengoa izan.

-Industriarekin alderantziz gertatzen zaigu, baina aipatu behar hautatutako herriak Gipuzkoaren batez bestekoaren gainetik daudela oso. Industria portzentai baxuagoa du Azpeitiak beste herriekiko, baina alde hori eraikuntza sektorean ateratzen diegun abantailarekin orekatzen da. Zer pentsatua ematen du datu honek: hazten ari den herria gara, eraikuntzak kontuan hartzeko pisua dauka gure herrian, baita probintzian ere.

-Zerbitzuen sektoreak aurreko baieztapena indartzen du. Probintzian, Donostia dugu ia bere osotasunean zerbitzuetara emaniko herria. Hori horrela izaki, probintziako jende ugarik, egunerokoak ez diren erosketetan, hiriburura jotzeko joera dauka, baina gure herrian badirudi egoera horri buelta emateko oinarriak biltzen direla. Garraiobideen hobekuntzak eta alde zaharra peatonalizatzeko borondate ageriak joera hau biziki indar lezake gainera.

-LANE estatistikekin jarraituz, arestian aipatutako baldintzak biltzen dituen herria izaki, Azpeitiko langabezi tasa altutzat jo dezakegu. Gure herriko jendea lan munduan barneratzeko mekanismorik falta dela dirudi, edo daudenak ez direla oso eraginkorrak. Gainera, ekonomia suspertzen ari zen garaian (1995-1996) gure herrian, langabezia Gipuzkoaren bikoitza jaitsi bazen ere, ekonomikoki Azpeitia bezain garrantzitsuak ez diren herrietan askoz gehiago jaitsi zen. Lane ez-aktiboak zutabeak, prekarietate maila kezkagarria izan dezakeen herria garela susmatzera bultzatzen gaitu.

-Ikasketen datuak norabide honetan ate bat gehiago zabaltzen digute: gure herriko ikasleriaren gehiengoak lanbide heziketatik jotzen du, eta beste herriekin konparatuta ere, Zumaiari begira batik bat, pattal antzera ageri da Azpeitia goi-mailako ikasketetara jotzen duten ikasleen arabera. Datu esanguratsua da, adibidez, gure herrian ibilgailu parkea proportzioan nahikoa exageratua izatea. Motorraren kulturak pisu handia du gure herrian.

Azpeitia herri euskalduna da, zalantzarik gabe, baina ez da herri euskaltzalea. Herri aldizkari batek, dinamizatzaile gisa izugarrizko lana egin lezake alor horretan. Datuei begiratzea besterik ez dago. Euskaldunak eta alfabetatuak gure herrian lagineko besteetan baino askoz gehiago dira, eta ia Gipuzkoaren batez bestekoaren bikoitza da. Datu hauek, bestalde, hasieran gure herriko biztanlegoaren gaztetasunaz genioena baieztatzen dute. Alfabetatu eta ez-alfabetatuen artean, Azpeitian %87 euskaldunak dira (+ %7 ia euskaldunak). Beraz, izugarrizko potentzialitatea duen herria da. Gure herriko gabezia historikoen akatsa, ordea, hurrengo estatistikan nabarmentzen da: %87ren ama hizkuntza euskara da, baina etxean %76k hitz egiten dute euskaraz. Datu horrek agerian uzten du gure herrian, orain dela gutxi arte, euskararen alorrean lanik ez egiteko beharrak ekarri duen kaltea. Egun, oraindik hitz emandako lanaren zain gaude, aparteko fruiturik eskatu gabe.

Euskara

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak