Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Txostenak eta idatziak »  Komunikazioa »  Aldizkaria - 2000ko proiektua »  Herri aldizkariaren ezaugarriak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Herri aldizkariaren ezaugarriak

Nortasunari dagozkion ezaugarriak

Herri aldizkaria benetan herritarra izango bada, garrantzitsua da izaeraren inguruan hitz egitea. Uztarriaren iritziz, behar-beharrezkoa da aldizkari horrek izaera zabala izatea. Mota guztietako herritarren partaidetza izan behar du. Horrek emango baitio zabaltasun hori. Bide horretatik, gainontzeko herri aldizkarien historiari kasu egiten badiegu, gehientsuenak, denak ez esatearren, euskara edota herri elkarteetatik sortu dira.

Funtzionamendu aldetik autonomo samarrak dira Euskal Herriko herri aldizkariak. Eta horrek ematen dio izaera zabal hori. Izan ere, aldizkari bat alderdi politikoren baten mendean edota eraginpean baldin badago, herriko informazio guztia ez da agertuko. Beti interes partidistak nagusituko dira, agintean dagoena dagoela.

Garrantzitsua da, horrenbestez, herri aldizkarian era eta kolore guztietako informazioa agertzea. Beti ere irizpide orokorrak interes propioen gainetik egon behar du. Informazioa sakratua baita, beti esaten dugun moduan. Eta guztiok informatzeko eskubidea eta informatuak izateko eskubidea baitugu.

Herri aldizkariaren gutxieneko baldintzak

Esandakoaren harira, horratx herri aldizkariak bete behar dituen gutxieneko baldintzak:

  • Herri aldizkari horrek autonomoa izan behar du: Ezinbesteko baldintza da. Lehenago esan bezala, herri aldizkaria alderdi politikoen mendean badago interes partidistak nagusituko direlako, eta, ondorioz, aldizkariak gorde behar duen inpartzialtasuna kolokan legoke.
  • Udalak diru laguntza dezentea eman behar du: Herri aldizkari bat kaleratzeko dirua behar da. Gainontzeko herrietako aldizkarien finantziazioaren zutabe nagusiak publizitatea eta dirulaguntza publikoa dira. Eta tokian tokiko udalek paper garrantzitsua jokatzen dute haien finantzaketan. Beharrezkotzat jotzen dugu, horrenbestez, Azpeitiko Udalak diru laguntza dezentea ematea. (Beste kasuetan herria aldizkariaren aurrekontuaren %30-40 finantziatzen du tokian tokiko udalak).
  • Era guztietako jendeak parte hartu behar du: Aldizkaria herritar eta elkarte guztiei irekia egongo da. Erabakiguneetan ere aniztasun hori bilatu behar da, eta, bide horretatik, Azpeitiko Udaleko Kultur Batzordeko ordezkari batek ere erabakigune horietan egon beharko luke. Guztion elkarlanaren ondorio izan behar du aldizkariak.
  • Aldizkariaren profesionalizazioa: Aldizkari batek lan asko eskatzen du, dedikazio handia exijitzen du, eta horri berme guztiekin aurre egin behar bazaio, langileak behar dira. Herri aldizkariak, hastekotan, ondo hasi behar du. Eta iraunkortasun bat ziurtatzea ezinbestekoa da. Horretarako behar-beharrezkoa da aldizkariaren profesionalizazioa. Alegia, soldatapean gutxienez kazetari bat eta publizista bat egotea.

Ezaugarri fisikoak:

Hona hemen herri aldizkariak izango dituen ezaugarri fisiko nagusienak:

  • Maiztasuna: Aldizkariaren maiztasunaren araberakoa izango da, hein handi batean, herri aldizkaria. Ez baita berdina aldizkaria astero edo hilabetero argitaratzea. Hala, proiektua lantzen hasi orduko mahai gainean izan zen maiztasunaren inguruko eztabaida. Iritzi eta argudio ezberdinak aztertu ondoren, hasiera batean hilabetekaria argitaratzea erabaki du Uztarriak.

Hasiera batean diogu, gerora begira helburua hamabostekaria delako. Baina hastekotan ondo eta aurrera jarraitzeko bermeekin hasi behar delakoan, hilabetekariaren aldeko apustua egin du Kultur Koordinadorak. Hamabostero aldizkaria ateratzeak zailtasun gehiago dakarzki. Lan aldetik ez ezik, finantziazio aldetik ere arriskutsu jo du Uztarriak. Baina behin martxan jarri eta hilabete batzuetara, esan bezala, xedea hamabostekaria izango da. Udalarekiko harremanak, bazkideak, lan taldea, diseinua eta publizitatea sendotutakoan emango du Uztarriak urrats hori.

  • Doanekoa: Aldizkaria doan banatuko da. Helburua ez da, inondik inora, etekin ekonomikoak lortzea. Bestelako helburuak ditu aldizkariak. Horrela, eta helburuotako bat herriko informazioa zabaltzea izaki, garrantzitsua da aldizkaria ahalik eta gehien hedatzea. Horretarako dirua behar da, noski. Produktu txukun bat egin nahi bada beste diru iturriak ondo landu beharko dira. Ordea, lehen esan dugun moduan, bazkide figura egongo da, eta prokiektuarekin identifikatuta dagoen herritarrak urtean 3.000 pezeta ordainduko ditu bere borondatez. Herriko talde, elkarte edota alderdi politikoek tarifa handiagoa izango dute. Bazkide guztiek, jakina, Uztarria herri aldizkariko erabaki garrantzitsuenetan parte hartu ahal izango dute.
  • Edukia eta informazioaren tratamendua: Behin eta berriro aipatutako zabaltasunaren bidetik, herri aldizkarian era guztietako eduki eta gaiak aztertuko dira. Herrian mugitzen den guztia aipatzeak izan behar du aldizkariaren helburu. Era eta taju guztietako informazioa landu behar dugu herri aldizkarian. Informazio arina, serioa, gai politikoak, gizarte gaiak, ekonomikoak, kulturalak, aisialdia, entretenimenduak...

Herri aldizkariaren helburu nagusietakoa informatzea da; azken finean ahalik eta azpeitiar gehiengana heltzea. Horregatik, sekulako garrantzia dauka informazioaren tratamenduak. Informazioa paperean jartzerakoan irakurterraztasuna eta gauzak argiro azaltzea izango dira kazetariak jarraitu beharreko ardatzak. Irakurleek lehenengo irakurketan ulertu behar dute. Kontuan hartu behar da, gainera, herritarren %87k euskaraz dakiten arren, euskaraz irakurtzeko ohitura handirik ez dutela.

Aldizkaria euskara batuan idatziko da nagusiki (azpeitiarrez idazteko lekurik ere izango den arren). Eta sinplea da Uztarria erabaki hori hartzera bultzatu duen arrazoia: idazterakoan behar-beharrezkoa da idaztarauak izatea, kasu batean edo bestean nola idatzi behar den jakiteko irizpideak ongi finkatuta izatea; eta azpeitiar idazkera arauturik ez dugu, eta bai, aldiz, euskara batu arautua.

Informazioa plazaratzeko modua ere zaintzeko kontua da. Alegia, maketazio aldetik kontu handiz jokatu behar da. Hobe baita informazio bat hiru testutan banatuta ematea, testu luze eta astun batean ematea baino. Betiere irakurterraztasunaren eta ulergarritasunaren mesedetan izango da.

  • Irudiaren tratamendua: Informazio zabaltzerakoan testua garrantzitsua bada ere, irudia ere ezinbestekoa da. Garrantzitsua da informazioa irudi aldetik ondo janztea. Beraz, irudiari dagokion garrantzia emango zaio aldizkari honetan ere. Bide horretatik, aldizkaria bi koloretara aterako dugu (1, 2, 31 eta 32 orrialdeak lau koloretara).

Herri aldizkariaren organigrama eta funtzioak

Horratx Uztarria Herri Aldizkariaren organigrama eta funtzioak:

  • Organo gorena Bazkideen Batzar Orokorra izango da. Aldizkariaren erabaki nagusiak honen esku egongo dira. Gutxienez urtean behin bilduko da.
  • Zuzendaritza Batzordea: Hilean behin bilduko da gutxienez, eta aldizkariaren norabidea finkatuko du. Zuzendaritza Batzordea honokoek osatuko dute: Erredakzioko zuzendariak, Udaleko Kultur ordezkariak, kultur taldeen ordezkariak, Batzar Orokorreko lehendakariak, idazkariak eta diruzainak (azken hiru hauek Uztarriako talde eragileko kideak dira, eta Zuzendaritza Batzordean egotera behartuta daude estatutuen arabera). Beraz, sei lagunek osatuko dute Zuzendaritza Batzordea.
  • Erredakzio Zuzendaritza: Honen esku egongo da aldizkariaren eguneroko martxa. Batzar Orokorra eta Zuzendaritza Batzordea gainetik ditu. Hala ere, eguneroko erabakiak hartzeko askatasuna izango du. Kazetariek (zuzendariak tartean) eta publizistak osatuko dute erredakzioko zuzendaritza

Erredakzio zuzendaritza osatzeko irizpideak

Honokoak dira Uztarria Euskara Elkarteak aldizkarian lan egin behar dutenentzat ezarri duen gutxieneko profil profesionala.

KAZETARIA

  • Euskalduna, euskaraz idazterakoan maila txukuna agertu beharko du.
  • Militantea izan behar du; alegia, ez diru kopuru baten truk ordutegi zehatz batean lan egingo duen kazetaria. Hasiera batean behintzat, zaila izango da soldatarik irabaztea ere. Bere funtzioengatik, ekimen handiko pertsona izan behar du, ordenatua, eta agintzeko gauza.
  • Ezinbesteko jotzen da kazetaritza edo kazetaritzaren inguruko ikasketak edota lanak eginak izatea edo egiten ibiltzea.
  • Adina: gaztea. Lan sistema zurrun batera ohituta dagoen kazetaririk ez dugu nahi. Halaber, ezinbesteko jotzen da, proiektuaren xedea dela eta, ilusio handiko pertsona izatea.
  • Azpeitiarra edo Azpeitian asko ibiltzeaz gain, bertako jendea, gertaerak, arazoak eta abar oso ongi ezagutu beharko ditu. Kultur talderen baten inguruan lanean jardun izana baloratuko da.
  • Hautagaiak ordenagailu bidezko diseinu eta maketazioan izan dezakeen trebezia, hala nola Windows, Quark X Press edo gisako programez izan ditzakeen ezagupenak baloratuko dira.

PUBLIZISTA

  • Saltzailea izan behar du, jendearekiko harremanetan trebea. Ez da inolako ikasketarik eskatzen, baina Publizitate, Marketing edo Salmenten inguruan burututakoak aintzat baloratuko dira. Azpeitiko sare industrial eta komertzialaren berri agertu beharko du.
  • Euskalduna.
  • Militantea; alegia, ez diru kopuru baten truk ordutegi zehatz batean lan egingo duen kazetaria. Hasiera batean behintzat, zaila izango da soldatarik irabaztea ere.
  • Adina: gaztea. Lan sistema zurrun batetara ohituta dagoen kazetaririk ez dugu nahi, halaber, ezinbestekotzat jotzen da, proiektuaren xedea dela eta, ilusio handiko pertsona izatea.

Baliabide materialak

Herri aldizkariak, modu txukunean ekingo badio lanari behintzat, baliabide material batzuen premia du. Lokala, material informatikoa... behar-beharrezkoak dira lana egokiro egin ahal izateko. Horratx Uztarriak premiazko ikusten dituen inbertsioak:

  • Lokala: Epe ertain-luzera, herrian izan dezakegun Kultur Etxean kokatu beharko luke herri aldizkariak. Aldizkaria herriarena izanik, eta udalarekin eta kultur mugimenduekin nahitaezko harreman iraunkorra izango duenez, Uztarriaren ustez Kultur Etxea da lekurik egokiena.

Baina bitartean herrian ditugun azpiegiturak aprobetxa daitezke, gastu handirik egiteke. Hala, behin-behineko lokala herriaren erdiko lokalen batean kokatzea derrigorrezko jotzen dugu.

  • Materiala: Hona hemen bulegorako behar den materiala: Bi ordenagailu (Macintosh), scaner bat, telefonoa, faxa, interneta, inpresora, argazki kamara, grabadora, apalak eta inmobiliario guztia. Inbertsio hori guztia egiteko 1.000.000 pezeta beharko lirateke. Diru gutxi da.

Baliabide ekonomikoak

Gastuetan sartu aurretik azalpen bat: herri aldizkariaren bizitzan bi aro bereiztuko ditugu:

  • Hilabetekari gisa funtzionatuko du 1999ko azaroan hasi eta 2000. urteko udara aldera arte.
  • 2000. urteko azaroan, hamabostekari izatera igaroko litzateke. Bi kasuetan 32 orrialdetako produktua kaleratuko dugu, bigarren arokoa zehaztea zaila bada ere.

Gastuak: Gastuak atal ezberdinetan banatuko ditugu. (1999-11-01etik 2000-12-31a bitartekoak bildu ditugu).

  • Inprenta gastuak: Graficas Zubi-n inprimituko dugu. Epe horretan 17 ale (15 izan daitezke, hamabostekarirako jauzia 2000. urteko irailean egin beharrean azaroan egiten badugu) aterako ditugu; inprenta gastuak: 3.498.000 pezeta, gastuen %31,2.
  • Banaketa gastuak: Gainerako herri aldizkari gehienetan bezala, herriko gazte batzuk arduratuko dira herri aldizkariaren banaketaz. Banatzaileari 7 pezeta ordainduko zaizkio banatzen duen ale bakoitzeko. Hasierako hiru aleak-edo etxe guztietara banatuko dira; gero, bazkideei eta harpidedunei bakarrik. Banaketa gastuak: 343.000 pezeta; aurrekontuen %3,1.
  • Bulegoko materiala: Herri aldizkaria egiteko egunero-egunero erabiliko den materiala: disketeak, papera, inpresora kartutxoak, egunkariak... Ale bakoitzeko 10.000 pezetako gastua hartu da kontuan. Guztira, 170.000 pezeta; gastuen %1,5.
  • Langileak: Herri aldizkariko bi etapa hauei aurre egiteko, bi langile hartzea pentsatu da. Herri aldizkarian lan egingo duten langile horiek euskal kazetaritzan egun ematen den soldata ertainaren pareko kopurua jasoko lukete. Urteko 2,2 milioi pezeta langile bakoitzeko. Aurrikusitako epean, bi langileen kostua 5.833.333 pezetakoa izango da; gastuen %52.
  • Kolaboratzaileak: Herri aldizkarian noizbehinka idatzi, marraztu edo lan egingo duten zenbait pertsonari ere diru kopuru bat ematea aurreikusten da. Aleko 30.000 pezeta inguru gordeko dira horretarako. Guztira: 510.000 pezetako gastua; gastuen %4,5.

Guztira, 1999ko azarotik 2000ko abendua bitarteko aurrekontua 11.209.333 pezetakoa izango da.

Sarrerak: Sarrerak atal ezberdinetan banatuko ditugu. 1999-11-01etik 2000-12-31a bitartekoak bildu ditugu.

  • Publizitatea: Publizitate bidez, sarreren %40 inguru jaso nahi da, guztira 4.460.000 pezeta, gutxi gora behera.
  • Bazkideen kuotak: Hasierako helburua gutxienez 450 bazkide lortzea da. Bazkide bakoitzak urtean 3.000 pezeta ordaindu beharko ditu. Bide horretatik gastuen %15 betetzeko asmoa du Uztarriak.
  • Dirulaguntzak: Diru-sarreren %40 inguru dirulaguntza pu-blikoen bidez eskuratu asmo dugu, 4.450.000 pezeta hain justu. Laguntza hori eskatuko diogu, hain justu, Azpeitiko Udalari (Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Diputazioaren laguntzen berri datorren urtean jakingo dugu).
  • Ekitaldien bidez diru-sarreren %5 inguru lortu nahi da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak