Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Txostenak eta idatziak »  Komunikazioa »  Aldizkaria - 2000ko proiektua »  Informazio Lokala Euskal Herrian

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Informazio Lokala Euskal Herrian

Azken hogei-hogeitabost urteotan herri komunikabideak dezente ugaritu dira, mundu osoan gainera. Herri informazioaren edo informazio lokalaren loraldi hori bete-betean somatu dugu Euskal Herrian; baina beste horrenbeste gertatu da beste herri batzuetan ere (Katalunian eta Europako beste tokietan adibidez).

Izan ere, fenomeno oso zabaldua da hori; hau da, gizakiok betidanik kezkatu gaitu gehiago etxetik gertu gertatu den ezbehar tamalgarri batek (hildakorik gabeko autobus istripu batek, adibidez), gugandik urruti izan den uholde ikaragarri batek baino (nahiz eta ehundaka hildako izan). Eta ez da axolagabekeriaren ondorio, ez. Joera guztiz naturala da hori, gizakiok ingurukoengan bilatzen baitugu beti geure lehenengo erreferentzia, eta ez gure mugez gaindi gertatzen diren kontuetan.

Hala, guztiontzat dira interesgarri, ezbehar tamalgarriez gain, gure herrian gertatzen diren hainbat eta hainbat gertakizun, erabaki, eztabaida eta ika-mikak. Guztiok jakin nahi dugu, lehen eskutik gainera, ondoko ikastetxean dituzten arazoak zertan diren; Himalayara joan berri diren herritarren orain arteko kirol ibilbidea zein izan den; Udalak, alderdi politiko eta bestelako gizarte eragileek zer erronka eta egitasmo dituzten epe labur edota ertainean; eta beste hainbat gai (herriko agenda, bitxikeriak, pertsonaia famatuen inguruko xehetasunak...).

Esandakoaren haritik, 1975etik hona informazio lokalak izugarrizko hazkundea izan du. Gorakada hori, gainera, are nabarmenagoa izan da azken hamar urteotan. Ikus dezagun Carl N. Warren-ek (Generos period?sticos informativos, Ate, Bartzelona, 1975), kazetaritza alorrean adituak, gai horren inguruan dioena: Warrenek albistegarritasunaren inguruko azterketa egin zuenean, aktualitatearen eta hurbilasunaren baloreak azpimarratu zituen beste guztien gainetik. Bide horretatik mintzatzen dira halaber, Jose Luis Martinez Albertos eta Emil Dovifat kazetariak. Bi horiek, adibidez, herriko informazioak hartzailearentzat izan lezakeen erabilgarritasun praktikoa azpimarratu dute. Beraz, hurkotasuna lehen mailako balorea da hartzailearentzat. Zita horiek, informazio lokalak herritarrentzat duen garrantziaren adibide dira.

Herri aldizkarien fenomenoa ahalbidetu duten faktoreak

Herri aldizkarien loraldia, baina, ez da besterik gabe eman. Hainbat faktorek eragin dute. Horratx Diaz de Tuesta euskarazko teknikariak aipatzen dituen faktoreak:

  • Erakunde publikoen laguntza: Euskarazko herri aldizkariek hasiera-hasieratik izan dute erakunde publikoen babesa, bai diru laguntza aldetik, baita azpiegitura teknikoaren aldetik ere. Egia da, halaber, laguntza hori oso aldakorra dela, baina oro har, aldizkari horiek erakunde publikoen begirunea jaso dutela esan daiteke.

Aldizkari horiek gehienak udaletik kanpo egiten dira, eta hori ezinbesteko baldintza da, Uztarria Kultur Koordinadoraren iritziz behintzat. Herri aldizkariak benetako izaera zabala izango badu, era eta taju guztietako gaiak landuko baditu, alderdi politikoen jardueratik independentea eta inpartziala izango bada, beharrezkoa da udaletik kanpo egotea.

Erakunde publikoen laguntza oso-oso garrantzitsua da herri aldizkari gehienentzat; gaur egun aldizkari horien diru-sarreretan erakunde publikoen laguntzek atal handia betetzen dute, berak gabe ez baita erraza kalean izatea. Alabaina, erakunde publikoek daramaten diru laguntza sistema aski kritikatua izan da azken urteotan.

  • Teknologia berrien eragina: Autoedizioaren sorrerak erraztu egin du herri aldizkarien ibilbidea. Teknologia berriek merketu egin dute argitalpenen edizioa. Teknologia zenbat eta gehiago aurreratu, inbertsio txikiagoak egin behar dira herri aldizkari bat egiteko.
  • Euskara batuaren sendotze prozesua: Arrasate Press sortu zenean (herri aldizkarien eredu berau), euskara batuak 20 urteko ibilbidea zuen. Orain, 30 urte baino luzeagoa den iragana du bere atzean euskara batuak. Zalantza eremu asko eta asko argitzeke daude oraindik. Hala ere, ezin uka daitezke azken urteotan euskara batuak eman dituen urratsak. Sendotze prozesu hori ere lagungarri gertatu zaio herri aldizkarien fenomenoari. Izan ere, duda-mudak argitzen joan diren neurrian, gero eta talde gehiago animatu dira beren produktuak argitaratzera. Irakaskuntzan gertatu den bezala, komunikaziogintzan ere aurrerapauso nabarmenak gertatu dira azken urteotan. Eta euskara batuari ere mesede egin dio horrek.
  • Herriko informazioak euskaraz informatzeko zuen (eta duen) beharra: Herri aldizkariek mezubide erraldoiek eta nazionalek ezin ase duten errealitatea bete dute: tokian tokiko informazioa luze eta zabal eskaintzea eta, gainera, euskaraz. Behar bezala garatu gabe zegoen espazioa (informazio lokalarena, alegia) euskarak bete zuen, eta ez gaztelerak edo frantsesak. Azpeitiari dagokionez, alde horretatik ere gabezia nabarmena dugu. Izan ere, herriko gaiei buruzko informazio gutxi zabaltzen bada, informazio hori, hein handi batean, gazteleraz (El Diario Vasco-ren Azpeitiko kartan) eskaintzen da.
  • Kazetari euskaldunen plazaratze masiboa: Leioako Kazetaritza ikasketak 1976an jarri ziren abian, Bartzelonako Informazio-zientzien Fakultateko unitate delegatu modura. Gerora etorri zen Fakultate bihurtu izana eta euskal lerroen indartzea. 1980ko hamarkadaren bigarren zatian plazaratzen hasi ziren lehenengo kazetari euskaldunak. Gehientsuenen xedea garbi zegoen: euskarazko prentsa. Horren adierazle dira Euskaldunon Egunkaria, Argia... eta herri aldizkari askotako erredakzioak.
  • Banaketa-sistema erraza: Fenomeno honek bere alde duen beste faktore bat, banaketa sistemarena da. Herri aldizkari gehienak harpidetza bidez banatzen dira, herritarren postontziraino zuzen-zuzenean, gainera. Banaketa, normalean, herritarrek eurek egiten dute, herri aldizkariarekin zuzenean edo zeharka harremana duten ikasle edota gazteek.

Herri aldizkarien ezaugarri bereziak

Ikusi ahal denez, herri aldizkariek ezaugarri bereziak dituzte, gainontzeko komunikabideekin alderatzen baditugu behintzat. Hona hemen ezaugarri berezi horietarik garrantzitsuenak:

  • Doanekoak izatea: Euskarazko herri prentsa doan banatzen da. Horrek abantaila izugarria dakar, herritar askorengana iristeko bide ematen duelako; baita harpidetza bidezko banaketa hori pertsonalizatzeko ere. Irakurle eremua handia izaki, publizitatea eta erakunde publikoen diru laguntzak ere errazago etor daitezke.
  • Finantziazio sistema berezia: Herri aldizkarien diru-iturri nagusiak erakunde publikoen laguntzak eta publizitate bidez datozenak dira. Arlo horretan aldaketa handiak daude aldizkari batetik bestera. Esaterako, Arrasate Press aldizkariak dituen sarreren %43 iragarkien bidez lortzen du. Beste aldizkari batzuetan zati hori txikiagoa da. Gainontzekoaren parte handia erakunde publikoen bizkar joan ohi da.

Azpimarratzekoa da, alabaina, herri aldizkari zenbaitek bazkideen kuoten bidez eta tarteka-marteka antolatzen dituzten kontzertu eta halakoen bidez ere diru sorta polita lortzen dutela. Esan bezala, ordea, zutabe nagusiak publizitatea eta diru laguntza publikoa dira.

  • Herrigintzan oinarrituta: Herri aldizkarien sorburua euskara edota kultur taldeetan dago. Horrek eman zien bizitasuna eta herrigintzan aritzeko behar den kemena eta indarra. Fenomeno hau beheko oinarririk gabe ezinezkoa zatekeen. Esan nahi baita, kultur espresio herritar askoren moduan, behetik gora sortu direla herri aldizkariak, ez alderantziz. Gainera, herrigintzan aritze hori abiapuntu ireki eta zabaletatik bideratu da, alderdikerietan erori gabe; euskararen (eta euskal kulturaren) unibertsoak bere baitan duen pluraltasuna aldizkarien orrietan islatuz, alegia.

Zentzu horretan, behar-beharrezkoa da erakunde publikoek talde horien lana eta ahalegina errekonozitzea. Herrigintzan ari diren taldeek ez dute probetxu propioa bilatzen, herriarentzat komenigarri iruditzen zaiona baizik. Hori erakunde publikoek onartzea ezinbestekoa da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak