Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Txostenak eta idatziak »  Komunikazioa »  Uztarria Kultur Koordinadoraren Komunikazio Proiektua - 2002 »  Herri aldizkariaren nondik-norakoak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Herri aldizkariaren nondik-norakoak

Herri aldizkariaren nondik-norakoak

HERRI ALDIZKARI BERRITUAREN ZUTABEAK

Kalitateko produktu erreferentziala egitea da Uztarriaren helburua, eta, luze gabe, hauek dira –ez daude ordenean sailkatuta– Uztarria herri aldizkari berrituak izango dituen zutabe nagusiak:

  • Diseinua-Maketazioa. Ikusgarriagoa izango da, erakargarriagoa, apainduagoa (Uztarriako jendeak egin du diseinua, hain zuzen). Edozein tokitan edo gauzatan bezala, edukia da garrantzitsuena, baina edukia edertzeak ez du kalterik ekartzen.
  • Edukia. Oso kontuan hartu behar da hilabetekaria dela Uztarria. Komunikabide orok aktualitatean oinarritutakoa izan behar du, baina bakoitzak izan behar ditu bere ezaugarriak. Uztarriak, nahitaez, gaien hautaketan selektiboa izan behar du –albiste txikiek ere beren lekua izango duten arren–. Horretarako, informazio propioa gehiago sartu behar da eta gaiak hobeto landu, betiere, jakina, aniztasuna bilatuz eta modu errazean idatziz. Eta hori bai: alferrik da maketazio on bat, edukia ez badago ondo aletua; hau da, lehendabizi informazioaren diseinua egin behar du kazetariak, edukia aletuz eta kazetaritzako osagaiak ondo erabiliz.
  • Iritzia eta atal historikoa. Indartu egingo dira iritziaren atala eta atal historikoarena. Herritarrek bere iritzia eman behar dute, konplexurik gabe, edonorentzat aberasgarria delako. Historiaren arloa indartzea ere aberasgarri da, ondare.
  • Zerbitzuak. Askotarikoak eta asko izango dira. Komunikabide batek ez du soilik informazioa jorratu behar; zerbitzu funtzioa ere bete egin behar du. Uztarria herri aldizkariak orain arte eskaini izan du zerbitzurik (agenda, telefono zenbakiak, autobusen ordutegiak, farmaziak gauez irekita, erakunde eta toki publikoak…), baina aurrera begira badu zer hobetu, eta saiatuko da hobetzen. Honekin guztiarekin Azpeitian dagoen hutsune bat beteko du –zerbitzuarena–, eta erreferentzialtasunean irabaziko du herri aldizkariak.

HERRI ALDIZKARIKO ATALAK

Kalitateko produktu erreferentziala egiteko bidean, azken batean interes handiz, gustora eta aise irakurtzeko moduko aldizkaria egin nahi du Uztarriak, eta aurtengo udatik hona asko hausnartu, eztabaidatu eta hitz egin ondoren, kazetaritza ukitu propioa eman dio aldizkariari. Honatx atalak eta hauetako azpi-atalak (hilabete batzuetan orrien kokapena aldatu egin daiteke).

  • Kazetaritzako ohiko atalak. Albisteak, erreportaiak eta elkarrizketak. Aldizkariko orrialde asko hartuko dituzte. Betiere ondo landuz: sakon behar denean sakon eta bizi behar denean bizi. Kazetaritzako ohiko osagaiez hornituta joango dira: puntuz puntuak, entresakak, despiezeak, datuak, argazki-notiziak, egitarauak, tabulazioak, soslaiak, analisiak, iritziak, fitxak.
  • Azala. 1. orrialdea. Bi gai joango dira Uztarria herri aldizkariko azalean: aleko gai nagusia eta bigarren gai nagusia.
  • Gure gaia edo Atzera begira. 3, 4, eta 5. orrialdeetan. Aldizkarian zehar bi gai nagusi izan ohi ditugu: bata erdiko orrialdeetakoa (bospasei orrialdekoa) eta beste bat hiru bat orrialdekoa. Hemendik aurrera ere gai nagusiak erdiko orrialdeetan segituko du (azaleko gai nagusiak ere zentralekoak izaten segituko du), baina –normalean– bigarren gai nagusia hirugarren orrialdera pasatuko da, laugarren eta bosgarren orrialdeak ere hartuz. Gure gaia izenako du sailak, eta albiste, erreportaia edo elkarrizketa izan daiteke. Bestetik, ordea, Atzera begira ere sar dezakegu toki horretan, eta atal hori jada gaur egun aktualitatean ez dauden baina garai batean zerbait izan ziren azpeitiarrei egindako ukitu historikoko elkarrizketa izango da.
  • Zenbat buru, hainbat aburu. Iritzi atala da. 6, 7, 8, 9. orrialdeetan, baita batzuetan 10 eta 11. orrialdeetan ere. Jendeak iritzia ematea bilatzen da. Hainbat azpi-atal joango dira:

Zutabe normalak; hiru. Beti.
Puntie ateaiez zutabea. Beti.
Bota bertsue. Beti.
Otso beltz marrazkia. Beti.

Galdera, harridura ikurra, txaloa… ataltxoak. Beti.

Gutunak. Ahal dela beti.
Hemerotekie. Tarteka.
Kanpoko begiradie. Kanpoko idazleren batek Azpeitiari buruz egindako iruzkina. Tarteka.
Hitzaldiye. Herriko edo herritar baten hitzaldiko pasarteak. Noizean behin.
Inkestie. Beti.
Webguneko inkestie. Beti.
Webguneko eztabaidie. Tarteka.
Zer diyo? iritzi artikulu normala. Ahal dela beti.
Hausnartzen. Uztarriak planteatutako eztabaida; artikuluak. Ahal dela beti.

-Herri mailan. Laburren orrialdeak dira. 14, 15, 16, 17. orrialdeetan. Aldizkariak selektiboa izan behar du, baina, jakina, aldizkari guztia ezin da gai mardulez bete. Azkenean, konbinazio on baten emaitza izan behar du aldizkariak. Horregatik moldatuko ditugu gaur egungo laburren orrialdeak, laburren orrialdeak izan ordez albiste txikien orrialdeak bihurtuz. Azpi-atalak: Udal erabakiyek edo ‘Udal kontuek’. Beti. Ataltxo horretatik kanpo ere joango dira Udaleko kontuak, betiere ugaritasuna eta garrantzia kontuan hartuta.
‘Gurien’. Beti. Normalean, Azpeitira etorri den pertsonaia ezagun bati egindako elkarrizketa.
Esanak. Azpeitiarrenak edo Azpeitiari buruzkoak. Ahal dela beti.
Aurreko hileko irudia(k). Argazki-notizia(k). Beti. Uztarriaren lehiaketa. Beti.
‘Pertsonajie’. Aurreko hilekoa. Ahal dela beti. Edo bestela antzeko osagai txiki bat.
Ohiko osagaiak: albiste txikiak eta labur txikiak.

  • ‘Pako Aristi’. 20. orrialdean. Ahal dela Azpeitiarekin eta aktualitatearekin lotutako iritzi artikulua.
  • ‘Uztarriaren tartie’. 21. orrialdean. Uztarriaren kontuak: datuak, lagun-tzaileak, promozioa, bazkide txartela, albiste txikiak…
  • ‘Jakingarriak’. Aholkuen eta kontu historikoen atala da. 28, 29, 30. orrialdeetan. Azpi-atalak:

‘Kontue da’. Imanol Eliasen atal historikoa. Beti.
‘Garai bateko Azpeitiye’. Adineko herritar bati egindako erreportaia historikoa. Beti.
‘Datue’. Gaur egungoa. Beti.
‘Dato historikue’. Dugunean.
‘Esaerie’ edo ‘Esaldiye’. Beti.
‘Liburutik ttak’. Edozein liburutatik Euskal Herria, informazioa-komunikazioa, euskara edota kulturari buruz ateratako pasarte txiki bat. Beti.
‘Zapo euskerie’. Euskara artikulua, Aitor Arrutik eta Arantzazu Azpillagak egina. Beti.
‘Osasune’. Osasunari buruzko artikulua, Julian Bereziartuak egina. Beti.
‘Gertuko pasadizue’. Azpeitiko liburu historiko batetik hartutako pasadizoa. Beti.
Bestelako atalak: kultura, euskara, hil eta jaio, informazioa, sukaldaritza, ileapaindegia… Tartekatuz.

  • ‘Zerbitzuak’. Baligarri izan daitekeen informazioa, erreferentzialtasuna lortzeko. 34 eta 35. orrialdeetan. Ataltxoak: Telefonoak, farmaziak gauez, gune publikoak irekita, autobus ordutegiak. Beti.
  • ‘Azpeitiko azokie’. Zer saltzen, zer alokatzen, zer erosi nahi, zer alokatu nahi, zer lanpostu… Hau da, inmobiliaria, lan eskaintzak, motorra, bidaiak… Beti.
  • ‘Klik’. Argazki bidez egindako erreportaia. 36, 37 eta 38. orrialdeetan.
  • ‘… gai librean’. Fernando Morillo eta Alaitz Olaizola gai librean ariko dira, aktualitateari hain lotua ez dagoen artikulua idatziz, txandaka. Beti. 39. orrialdean.
  • ‘Agenda’. 40 eta 41. orrialdeetan. Beti. Ataltxoak: Ekitaldiak. Beti.
    Musika, liburu… kritika. Ahal denean.
    Ekitaldi bat(zuk) azpimarratu argazki-notizia bidez.
    Tarteka.
    Ekitaldi bat azpimarratu, datuak emanez, eta batzuetan elkarrizketa bidez. Beti.
    Soreasuko hileko filmak. Beti.
    Zine Forumeko hileko filmak. Beti.
  • ‘Hi heu!’ edo ‘Hantxe bertan’. 42. orrialdean. Beti. ‘Hi heu’, bigarren mailakoa den azpeitiar bati egindako elkarrizketa da, azpeitiarrez idatzita. ‘Hantxe bertan’, berriz, atzerrian dagoen azpeitiar bati egindakoa, azpeitiarrez idatzita, eta dagoen tokiko mapa eta datuak sartuta. Biak txandatuz.
  • Publizitatea. Orain artekoa ikusita, Uztarriak espero du 2., 43. eta 44. orrialdeak koloretako publizitatez betetzea.

HERRI ALDIZKARIAREN BESTE ZENBAIT EZAUGARRI

Hona hemen Uztarria herri aldizkariak izango dituen beste zenbait ezaugarri:

  • Maiztasuna. Aldizkariak hilabetekaria izaten segituko du, eta, beraz, 2002. urtean 11 ale aterako dira (hilero, irailean izan ezik), baita 2003. urtean ere. Baina aldizkariaren hileroko orrialde kopurua igo egingo da: 32 orrialdetik 44ra.
  • Doanekoa. Aldizkaria doan banatuko da. Helburua ez da, inondik inora, etekin ekonomikoak lortzea. Bestelako helburuak ditu aldizkariak. Horrela, eta helburuotako bat herriko informazioa zabaltzea izaki, garrantzi-tsua da aldizkaria ahal den gehien hedatzea. Horretarako dirua ere behar da, noski. Produktu txukun bat egin nahi bada beste diru iturriak ondo landu beharko dira. Baina, lehen esan dugun moduan, bazkide figura egongo da, eta proiektuarekin identifikatuta dagoen herritarrak urtean 3.500 pezeta ordainduko ditu bere borondatez (lehen bi urteetan urtero 3.000 pezeta ordaindu dira). Bazkide guztiek, jakina, Uztarria herri aldizkariko erabakigunerik garrantzi-tsuenean parte hartu ahal izango dute; bazkideen batzarrean, alegia.
  • Euskaraz. Aldizkaria, oso-osorik, euskaraz idatziko da, Uztarriak dituen helburuei jarraituz. Eta aldizkaria euskara batuan idatziko da nagusiki (azpeitiarrez idatzitako orrialde bat izango da). Eta sinplea da Uztarria erabaki hori hartzera bultzatu duen arrazoia: idazterakoan behar-beharrezkoa da idaztarauak izatea, kasu batean edo bestean nola idatzi behar den jakiteko irizpideak ongi finkatuta izatea; eta azpeitiar idazkera arauturik ez dugu, eta bai, aldiz, euskara batu arautua.
  • Irudiaren tratamendua. Informazioa zabaltzerakoan testua garrantzi-tsua bada ere, diseinua ere ezinbestekoa da. Eta koloreak badu zerikusirik horretan. Hala, aldizkariak barruan bi kolore izango ditu (beltza eta laranja iluna) eta 1, 2, 43 eta 44. orrialdeetan lau kolore, eta horrek guztiak mesede egingo dio irudiari berari.
  • Tirada eta banaketa. Banaketa harpidetza bitartez egiten segituko da. Aldizkaria nahi duenak aldizkaria jasoko du, eskatzen duen tokian. Bi urte igaro dira Uztarria herri aldizkaria sortu zenetik, eta orain arte emaitzak oso onak dira, aldizkariak 510 bazkide dituelako eta 1.100 harpide. Beraz, 1.600 ale pasatxo banatzen ditu hilero. Tirada, berriz, 1.800 alekoa da. Banaketa, enpresa profesional baten bidez egingo da aurrerantzean ere.

HERRI ALDIZKARIKO AURREKONTUAK

Gastuak

Uztarriak 2002. urterako 11.500.000 pezetako (69.116,39 euro) aurrekontua du, eta honatx gastuen aurreikuspena:

  • Langileak. Orain arte bezala, kazetari bat egun osoz eta publizista egun erdiz, eta hemendik aurrera kazetari bat egun erdiz ariko dira aldizkaria egiten. Gastua: 6.000.000 pezeta (36.060,73 euro). Gastuen %52,2. Euska-razko prentsan erabiltzen diren soldatak kontuan hartuta zehaztu dira soldatak. Honela banatuta:

Kazetari osoa: 2.600.000 pezeta (15.626,31 euro).
Kazetari erdia: 1.700.000 pezeta (10.217,21 euro).
Publizista erdia: 1.700.000 pezeta (10.217,21 euro).

  • Inprenta. 11 ale (hilero, irailean izan ezik), eta gehigarri bereziak eta barruan kolorea salbuespen gisa: 3.000.000 pezeta (18.030,36 euro). Gas-tuen %26,1. Honela banatuta:

Urteko tirada: 2.700.000 pezeta (16.227,32 euro). Ale bakoitza 44 orrialdez osatutakoa izango da (21 zm x 29,7 zm-ko neurriak) eta orrialde horietatik 40 bi koloretara izango dira eta 4 lau koloretara. Hilero 1.800 ale botako dira inprentan, eta hilero 245.500 pezetako gastua dago. Beraz, 2.700.000 pezeta urtean.

Besterik: 300.000 pezeta (1.803,04 euro); urtean zehar aterako ditugun gehigarriak (urtarrilean, esaterako, Uztarria Kultur Koordinadoraren egitasmoak jasoko dituen 8 orrialdeko gehigarria aterako da, lau mila aleko tiradarekin), inoiz aldizkari barruan sartuko diren lau koloreko orrialdeak…

  • Zabalkundea. Banaketa enpresa profesional baten bidez zabalduko da aldizkaria hilero. Bestetik, marketing-a, gutunak, zigiluak, etiketak… ere hemen sartzen dira. 600.000 pezeta (3.606,07 euro). Gastuen %5,2. Honela banatuta:

Correos: 407.000 pezeta (2.446,12 euro); hilero 37.000 pezeta.
Besterik: 193.000 pezeta (1.159,95 euro); marketing-a, gutunak, zigiluak, etiketak…

  • Inbertsioak. Herri aldizkariak diseinu berria izango du 2002. urteko urtarriletik aurrera, eta inbertsio handia egin du Uztarriak hor. Horretaz gain, material eta baliabide informatiko berria erosten (ordenadora bat, inpresora…) eta hobetzen segituko du. Guztira, 1.100.000 pezeta (6.611,13 euro). Gastuen %9,5. Honela banatuta:

Diseinu berria: 500.000 pezeta (3.005,06 euro); tinta, bidaiak (kilometrajea, gasolina, autopista), lan orduak, enpresa adituen aholkularitza…
Material informatikoa: 600.000 pezeta (3.606,07 euro); ordenadora, inpresora…

  • Funtzionamendua. Aldizkaria egiteko beharrezkoak diren osagaiak. Bestetik, kolaboratzaileak. Guztira, 800.000 pezeta (4.808,10 euro). Gastuen %7. Honela banatuta:

Beharrezko materiala: 525.000 pezeta (3.155,32 euro); disketeak, zipak, CDak, telefonoa, interneta, papera, inpresorako tinta, egunkariak, fotokopiak, argazkiak, bidaiak (kilometrajea, gasolina, autopista, matxura posibleak…)…
Kolaboratzaileak: 275.000 pezeta (1.625,78 euro); hilero 25.000 pezeta.

Sarrerak

Uztarriak 2002rako aurreikusten duen diru-sarrera 11.500.000 (69.116,39 euro) pezetakoa da. Honela banatuta:

  • Diru laguntza publikoak. 5.000.000 pezeta (30.050,61 euro). Diru-sarreren %43,5. Azpeitiko Udalak 3.000.000 pezeta (18.030,36 euro), Eusko Jaurlaritzak 1.200.000 pezeta (7.212,15 euro), Gipuzkoako Foru Aldundiak 800.000 pezeta (4.808,10 euro).
  • Publizitatea. 4.000.000 pezeta (24.040,48 euro). Diru-sarreren %34,8.
  • Bazkideen kuotak. 1.900.000 pezeta (11.419,21 euro). Hots, 543 bazkide x 3.500 pezetako kuota. Diru-sarreren %16,5.
  • Ekitaldiak (txosna, kontzertua…). 600.000 pezeta (3.606,07 euro). Diru-sarreren %5,2.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak