Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Txostenak eta idatziak »  Komunikazioa »  Uztarria Kultur Koordinadoraren Komunikazio Proiektua - 2002 »  Herri aldizkariaren eta webgunearen ezaugarriak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Herri aldizkariaren eta webgunearen ezaugarriak

NORTASUNARI DAGOZKION EZAUGARRIAK

Herri aldizkaria eta herriko webgunea benetan herritarrak izango badira, garrantzitsua da izaeraren inguruan hitz egitea. Uztarriaren iritziz, behar-beharrezkoa da aldizkari horrek eta webgune horrek izaera zabala izatea. Mota guztietako herritarren partaidetza izan behar dute, horrek emango baitie zabaltasun hori. Bide horretatik, gainontzeko herri aldizkarien eta herriko webguneen historiari kasu eginez gero, gehientsuenak –denak ez esatearren– euskara edota herri elkarteetatik sortu dira.

Funtzionamendu aldetik autonomo samarrak dira Euskal Herriko herri aldizkariak eta herriko webguneak. Eta horrek ematen die izaera zabal hori. Izan ere, aldizkari bat edo webgune bat alderdi politikoren baten mende edota eraginpean baldin badago, interes partidistak nagusituko dira, agintean dagoena dagoela.

Garrantzitsua da, horrenbestez, herri aldizkarian eta webgunean era eta kolore guztietako informazioa agertzea. Betiere irizpide orokorrak interes propioaren gainetik egon behar du, informazioa sakratua baita, eta guztiok dugu informatzeko eskubidea eta informatuak izateko eskubidea.

HELBURUAK

Herri aldizkariaren eta webgunearen helburuak zehaztea garrantzitsua da. Horratx Uztarriaren herri aldizkariaren eta webgunearen helburu nagusiak:

  • Euskara eta euskal kultura bultzatzea. Uztarria euskara eta kultur taldeetatik sortua denez, herri aldizkariak eta webguneak euskarari eta euskal kulturari buruzko informazioa zabaltzeaz gain, euskara eta euskal kultura babestu eta bultzatuko dituzte.
  • Herriko informazioa zabaltzea. Herri aldizkariaren eta webgunearen ezaugarri nagusia da anitza izatea, eta, beraz, herriko ahal den informazio gehien zabalduko dute.
  • Herriaren egituraketa. Udala-herritar, herritar-elkarte, elkarte-Udala eta herritar-herritar arteko harremanak bultzatuko dituzte herri aldizkariak eta webguneak. Hots, betiere elkarren berri izaten dezagun.

GUTXIENEKO BALDINTZAK

Esandakoaren harira, hona hemen Uztarriaren herri aldizkariak eta webguneak bete behar dituzten gutxieneko baldintzak:

  • Autonomo izan behar dute. Ezinbesteko baldintza da. Lehenago esan bezala, herri aldizkaria eta webgunea alderdi politikoen mende badaude, interes partidistak nagusituko dira, eta, ondorioz, aldizkariak eta webguneak gorde behar duten inpartzialtasuna kolokan legoke.
  • Udalak diru laguntza dezentea eman behar du. Herri aldizkari bat kaleratzeko eta herriko webgune bat sarean izateko dirua behar da. Aldizkarien finantziazioaren zutabe nagusiak publizitatea eta diru laguntza publikoa dira, eta tokian tokiko udalek paper garrantzitsua jokatzen dute haien finantziaketan. Beharrezkotzat jotzen dugu, horrenbestez, Azpeitiko Udalak aldizkarirako diru laguntza dezentekoa ematea oraingo hitzarmenaren bitartez ere. Uztarriaren webgunerako ere diru laguntza handia eman behar du Azpeitiko Udalak, euskarri informatibo horren ezaugarri bereziak direla-eta, beharrezkoa delako erakunde publikoen diru laguntza handia.
  • Era guztietako jendeak parte hartu behar du. Aldizkaria eta webgunea herritar eta elkarte guztiei irekia egongo dira. Erabakiguneetan ere aniztasun hori bilatu behar da, eta, bide horretatik, Azpeitiko Udaleko Kultur Batzordeko ordezkari batek ere Zuzendaritza Batzordean egon beharko luke. Guztion elkarlanaren ondorio izan behar dute aldizkariak eta webguneak.
  • Profesionalizazioa. Aldizkari batek eta webgune batek lan asko eska-tzen dute, dedikazio handia exigitzen dute, eta horri berme guztiekin aurre egin behar bazaio, langileak behar dira. Horretarako behar-beharrezkoa da aldizkariaren eta webgunearen profesionalizazioa. Uztarria herri aldizkariaren lehen aroan langile eta erdi aritu dira soldatapean (kazetaria egun osoz eta publizista egun erdiz); bigarren aro honetan kazetari bat egun osoz, beste kazetari bat egun erdiz –hauxe izango da langile berria– eta publizista egun erdiz ariko dira. Webgunean, berriz, langile bat egun erdiz.

ORGANIGRAMA ETA FUNTZIOAK

Horratx Uztarria herri aldizkariaren eta webgunearen organigrama eta funtzioak:

  • Bazkideen Batzar Orokorra. Aldizkariko eta webguneko organo gorena izango da. Erabaki nagusiak organo honen esku egongo dira. Gutxienez urtean behin bilduko da (liburuxken nondik norakoa ere hor erabakiko da).
  • Zuzendaritza Batzordea. Bazkideen Batzar Orokorraren azpitik egongo da. Hilean behin bilduko da gutxienez, eta aldizkariaren eta webgunearen norabidea finkatuko du. Zuzendaritza Batzordea honakoek osatuko dute: erredakzioko zuzendariak, Udaleko Kultur ordezkariak, kultur taldeen ordezkariak, eta bazkideen batzarrean erabakitako Uztartzen Euskara Elkarteko lehendakariak, idazkariak eta diruzainak. Beraz, sei lagunek osatuko dute Zuzendari-tza Batzordea (liburuxkei buruz ere hitz egingo da).
  • Erredakzio Zuzendaritza. Honen esku egongo da aldizkariaren eta webgunearen eguneroko martxa. Batzar Orokorra eta Zuzendaritza Batzordea gainetik ditu, hurrenez hurren. Hala ere, eguneroko erabakiak hartzeko askatasuna izango du. Aldizkariko kazetariek (erredakzioko zuzendariak tartean) eta publizistak, eta webguneko langileak osatuko dute Erredakzio Zuzendari-tza.

ERREDAKZIO ZUZENDARITZA OSATZEKO IRIZPIDEAK

Uztarriak orain dela bi urte, profil profesionalari zegokionez, baldintza batzuk jarri zituen aldizkarian lan egin behar zutenentzat. Aldizkarirako orain beste langile bat hartu behar du (kazetaria egun erdiz), eta hari ere profil bera eskatuko dio, baita webguneko langile erdiari ere (egungo langileek ere baldintza hauek betetzen segitu beharko dute, ezinbestekoak direlako Uztarriarentzat). Honatx Uztarriak jarritako baldintzak:

  • Euskalduna izatea, eta euskaraz idazterakoan maila txukuna agertu beharko du.
  • Militantea izan behar du; alegia, ez da izango diru kopuru baten truk ordutegi zehatz batean lan egingo duen langilea soilik. Ez du lan sistema zurrun batera ohituta dagoen langilea izan behar.
  • Ekimen handiko pertsona izan behar du, ordenatua, eta agintzeko gauza. Halaber, ezinbesteko jotzen da, proiektuaren xedea dela-eta, ilusio handiko pertsona izatea.
  • Ezinbesteko jotzen da kazetaritza edo kazetaritzaren inguruko ikasketak edota lanak eginak izatea edo egiten ibiltzea.
  • Azpeitiarra izateaz gain edo Azpeitian asko ibiltzeaz gain, bertako jendea, gertaerak, arazoak eta abar oso ongi ezagutu beharko ditu. Kultur talderen baten inguruan lanean jardun izana baloratuko da.
  • Microsoft Word, QuarkXPress eta Photoshop programetan izan ditzakeen ezagupenak baloratuko dira, baita interneteko ezagupena ere.

BALIABIDE MATERIALAK

Herri aldizkariak eta webguneak, lanari modu txukunean ekingo badio behintzat, baliabide material batzuen premia dute. Lokala, material informatikoa... behar-beharrezkoak dira lana egoki egin ahal izateko. Uztarriak ahalegin handia egin du material informatiko aldetik, ordenadora berriak erosi dituelako, argazki kamera digitala…

Lokal aldetik du Uztarriak gabeziarik handiena, gaur egungoak (Julian Elorza Hiribidea, 4. 2. ezkerra helbidean dago) ez dituelako betetzen baldintzarik onenak: hotzarekin eta beroarekin ordenadoreek arazoak izaten dituzte (langileentzat ere ez da erosoa), hilero aldizkarien kaxak igotzeko eta jaisteko arazoak izaten ditugu, lokalak kanpora begira leihorik eta balkoirik ez du, tokia bera hitsa da… Uztarriaren ustez, herri aldizkariaren eta webgunearen egoi-tzak beste lokal bat behar du, baldintza hauek lituzkeena:

  • Gerora begira, Kultur Etxean. Herrian oraindik ez dugu Kultur Etxerik, eta Uztarria Kultur Koordinadoraren ustez oso beharrezkoa da halako etxe bat izatea. Uztarriak uste du geroko (Basazabal) Kultur Etxean egon beharko lukeela herri aldizkariaren eta webgunearen egoitzak, tokia erreferentziala litzatekeelako.
  • Oraingoz, beste lokal bat. Gutxieneko baldintzak: argia, ura, komunak, kanpora begira leihoa(k) izatea, herrian zentroan egotea, lehen solairuan egotea (edo erraztasunak izatea egoitzara heltzeko), eta Uztarriak –eta Udalak– soilik edukitzea bertako giltza.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak