|
|
|
Herri aldizkariaren beharra Azpeitian; baita orain webgunearena ere
HERRI ALDIZKARIAREN BEHARRARI ERANTZUNA 1999-AN
Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinadora 1998ko martxoan sortu zen, eta hasieratik bertatik buruan eduki zuen herri aldizkari anitz baten sorrera, aurreko lerroetan aipatu bezala informazio lokalak izugarrizko garrantzia daukalako herritarrentzat. Uztarriak ikusten zuen herrian zeuden komunikabideek ez zutela herri informazioaren arlo hori behar bezala betetzen –El Diario Vasco-ren Azpeitiko kartak, Azpeitian Zer? udal aldizkariak, eta Herri Batasunaren Azpeitia eginez-ek–, eta, ildo horretatik, Uztarriak 1998 bukaeran herrian egindako inkesta batean garbi agertzen zen herri aldizkari zabal baten beharra. Luze gabe, 1999an udal agintariei herri aldizkariari buruz emandako proiektuan inkestaren alorrean azaltzen ziren ideia nagusiak aipatuko ditugu berriro: herritarren %97k ikusten zuen herri aldizkari zabal baten beharra, %71rentzat aldizkariak herrikoa izan behar zuen, %57 aldizkarian parte hartzeko prest ze-goen, %97k zioen oro har herriko informazioaren berri ez genuela, %87 aldizkari autonomo eta Udalak diruz lagundutakoaren alde agertzen zen, eta aldizkariak helburu hauxe izan beharko lukeela zioten inkestatuek: herriko informazioa objetiboki zabaltzea eta hainbat arazoren inguruko gogoeta bultza-tzea.
Uztarria Kultur Koordinadorako taldeek ziotena eta herritarrek inkesta bidez ziotena kontuan hartuta, Uztarriak 1999ko azaroan sortu zuen herri aldizkaria, orduan atera baitzuen lehen alea, Uztarria izenekoa.
HERRI ALDIZKARIAREN BAZKIDE ETA HARPIDE KOPURU HANDIA;
6.000 IRAKURLE HILERO
Uztarriak 1999ko azarotik hilero atera izan du herri aldizkaria –2001eko irailean izan ezik, oporrengatik; 2000ko irailean argitaratu zuen alea, herrian Kilometroak zirela kausa–, eta bistan geratu da herritarrek herri aldizkari zabal baten beharra bazutela, Uztarriak bazkide eta harpide ugari duelako.
Hain zuzen, bi figura horiek ditu Uztarriak: bazkideak eta harpideak. Bazkideek Uztarria Kultur Koordinadoraren –estatutuetan Uztartzen Euskara Elkartea da– proiektuarekin bat egin eta herri aldizkaria diruz laguntzen dute beren borondatez –lehen bi urte hauetan urtero hiru mila pezeta– eta dagokien tokian jasotzen dute hilero alea. Harpideek, berriz, ez dute diruz laguntzen, baina izena eman eta haiek ere hilero jasotzen dute alea dagokien tokian.
Lehen esan bezala, garbi dago oso harrera ona egin diola Azpeitiak Uztarria herri aldizkariari, jadanik 510 bazkide badaudelako –2001eko abenduaren 17ko datuak erabiliz–. Gipuzkoako beste herriekin edo bailarekin alderatuz gero, biztanle kopurua kontuan hartu eta esan daiteke Uztarriak duela bazkide gehien; oso datu garrantzitsua da hori, azpeitiarrek proiektuari babesa emateaz gain, diru laguntza ere ematen dioten seinale. Harpideei dagokie-nez, 1.100 harpidedun ditu Uztarriak, eta hori ere kopuru handia da. Guztira, beraz, 1.610 ale banatzen dira hilero, haietatik %95 pasa herrian bertan. Ondorioz, hilero sei mila irakurle inguru ditu Uztarria herri aldizkariak.
www.uztarria.com--EN, BISITARIAK
Uztarria herri aldizkariko bazkideak ere Uztarriaren webguneko bazkide izango dira –diru kopuru berean–, baina, jakina, beste herritarrek ere –eta kanpoko herrietan bizi direnek– izango dute webgune horretara sartzeko aukera. Logikoki, webguneak ez ditu aldizkariak adina irakurle izango, tresna beste-lakoa baita. Webgunearen kasuan, beraz, bisitariak egongo dira; hau da, www.uztarria.com orrialdera sartzen direnak.
Azpeitian ere komunikazio bide berrietara egokitu nahi badugu, interesgarria ez ezik, beharrezkoa da herriko web orrialdeak izatea. Uztarria Kultur Koordinadorak, herri aldizkariaren filosofiari jarraituz, webgune zabala eta anitza egin nahi du, eta oraindik bisitari kopuru handia harrapatzeko mugak hor dauden arren, horrelako webgunearen beharra handia dela ikusiko da.
EUSKARAREN NORMALIZAZIOAREN BEHARRARI BULTZADA
Komunikabideek izugarrizko garrantzia dute euskararen normalizazio bidean, eta, alde horretatik, Uztarriaren herri aldizkariak eta webguneak oso paper garrantzitsua beteko dute –liburuxkek bezala–, euskaraz izango direlako osoki, eta hedapena handia duelako aldizkariak eta webgunean bisitari asko espero direlako. Uztarria herri aldizkariak, adibidez, orain arte paper garran-tzitsua bete du –euskarazko beste argitalpenek bezala–, euskaraz irakurri ere egiten ez zuten herritar asko eta asko euskaraz irakurtzera ohitu direlako Uztarriaren bitartez –gauza bera gertatu da Uztarriaren bi biografiekin–; beraz, euskara begietatik ere sartu zaie herritarrei, ez belarritik soilik. Orain gauza bera egin nahi da webgunearen bitartez, informatikaren munduan ere euskararen presentzia ziurtatuz eta jendea ohituz informazioa euskaraz jasotzera.
Azpeitian asko dago egiteko euskararen normalizazioaren inguruan, eta euskarazko herri aldizkari eta webgune sendoek eta zabalek eta euskarazko liburuek bultzada emango diote alor horri, betiere azpeitiarren mesederako.
BALDINTZA SOZIO-EKONOMIKO-LINGUISTIKO ONAK ORAIN ERE
Orain dela bi urte Uztarriak egindako proiektuan ikusi genuen Azpeitian aldizkari bat sortzeko baldintza onak ematen zirela, betiere euskara, biztanleria eta egoera sozio-ekonomikoaren indarra kontuan hartuz gero. Orain ere baldintza onak daude herri aldizkariaren proiektua indartuz eta sendotuz joateko, eta webgunea martxan jartzeko eta sendotzeko.
- Azpeitiko biztanleria. Gainontzeko herriekin konparatuta, Azpeitiko biztanleria apur bat gazteagoa da, eta adin piramideari jarraiki, oinarri sendoagoa du. Lan egiteko adinean dagoen biztanlego portzentaia ere Azpeitian gehixeago da lagin bezala hartutako beste herrietan baino; ahatik, 65 urtetik goragoko biztanleak gutxiago dira. Bestetik, Gipuzkoako herrien artean azken hamar urtean biztanleria aldetik gora egin duen bakarretakoa da; horrek esan nahi du azpeitiarrek Azpeitian bizi nahi dutela, eta kanpotarrek toki egokia ikusten dutela gure herria bizitzeko. Gizarte erakundeen arloan ere bada mugimendurik, kirola, mendia, euskara, kultura, irakaskuntza eta beste alor batzuetan badelako talderik herriaren alde lanean ari dena. Hori guztia herria bizirik dagoen seinale da.
- Lan mundua. Alde honetatik ere herri bizia da Azpeitia: langabezia txikia dago (laneko baldintzak hain onak ez diren arren kasu askotan), industriak pisu handia du, zerbitzuak ere bai, nekazaritza jarduera Gipuzkoako batez bestekoa baino zertxobait handiagoa da gurean… Zerbitzuen arloan, preseski, badago oso datu interesgarri bat, Uztarria herri aldizkariari ere ukitzen diona; hau da, Gipuzkoako herrialdean Donostia dugu ia bere osotasunean zerbitzuetara emaniko herria, eta hori horrela izaki, probintziako jende ugarik, egunerokoak ez diren erosketetan, hiriburura jotzeko joera dauka, baina gure herrian badirudi egoera horri buelta emateko oinarriak biltzen direla (zenbait azterketen eta iritziren arabera, gainera, garraiobideen hobekuntzak eta alde zaharra peatonalizatzeko borondate ageriak joera hau gehiago indar lezake), eta horrek, herriaren biziari ez ezik, mesede egiten dio Uztarriari ere zerbi-tzuetako publizitatea lortzeko garaian.
- Euskara. Azpeitia herri euskalduna da, zalantzarik gabe, baina oraindik ez da herri euskaltzalea, euskararen normalizaziotik urruti gaudelako. Alfabetatu eta ez-alfabetatuen artean, Azpeitian %87 euskara dakitenak dira (eta beste %7 ia euskaldunak). Beraz, izugarrizko potentzialitatea duen herria da. Baina ia herri osoak euskaraz jakin arren eta dakitenen artetik ia guztiek (%78k) hitz egin, oso gutxi irakurtzen da euskaraz (liburuak, prentsa…), lan munduan apenas erabiltzen den euskara, hizkuntza kalitatea galtzen ari da (batik bat gazteen artean)… Horrek esan nahi du kontzientzia falta dagoela, herria ez dela euskaltzalea.
Baina azkeneko hiru urtean aurrerapauso handiak eman dira euskararen alorrean. 1998ko martxoan sortu zen Uztarria Kultur Koordinadora, eta orduan erabaki zen bere egitekoetako bat euskararen arloa izango zela. 1998ko uztailean, berriz, Udalak euskara teknikariaren figura eta Euskara Patronatoa sortzeko erabakia hartu zen (Patronatoan herriko euskara talde ez-instituzionalek tokirik ez duten arren). 1999ko azaroan Uztarria herri aldizkaria sortu zen, eta herritarrek harrera bikaina egin diote. 2000ko abenduan Kontseiluak herrietako plangintza martxan jartzeko hautatu zuen Azpeitia, gure herrian euskararen normalizazioa lortzeko (gero plangintza bertan behera geratu zen arren). 2001eko otsailean euskalgintza osoak Baite Euskara Elkartea sortu du. Eta, azkenik, 2001eko abenduan Udalak Euskara Bizi-berritzeko Plan Nagusiari hasiera eman dio, abenduaren 2ko ekitaldirako herriko 657 gizarte eragilek euskararen aldeko sinadura bota zuten, eta Plan Nagusi hori behar bezala garatuz gero, izugarrizko jauzia egin daiteke eus-kararen normalizazioan.
Bistan da, beraz, nabarmen egin dela aurrera euskararen arloan azken hiru urtean, eta giro hori Uztarria herri aldizkariaren eta Uztarriaren webgunearen mesederako (ere ba)da –baita Uztarriaren liburuxka biografikoen mesederako ere–. Uztarria bera euskararen mugimendu hori laguntzen, babesten eta bultzatzen saiatuko da bere euskarri informatiboen bitartez.
|