|
|
|
3. Bakarkakoa
kepa Urbieta
Leire Ostolaza
“Andoni Egańarekin kantatzeko aukera izan dut, baina ez dut inoiz gozatu, sufritu baizik. Behin Zaldibarren, Jon Maia, Igor Elortza, Egańa bera... saio potente batean parte hartu eta, gozatu beharrean, sufritu egin nuen. Lotu egiten naiz; etxean egingo nukeen erdia egiten dut halakoetan. Beste batek aprobetxatu egingo lukeen lekuan nik sufritu egin dut. Uste dut horretarako pixka bat inportagabea izan behar dela, ez dizu axola behar jendeak zugatik zer pentsatzen duen. Inork behartu gabeko presioa jartzen nion neure buruari. Plazandrea falta!”.
Jose Luis Gorrotxategi
“Niretzako lehengo bertsolariak abeslari hobeak ziren. Gaur egun ez dago abeslari onik, baina askoz ere gehiago esaten da. Kantuan galdu egin dugu, baina bertsoa sekula egon dena baino hobeto dago. Jende aldetik, ordea, jaitsi egin da. Ni neu ibili naizen inguruetan —Azpeitian, esate baterako—, Txapelen omenaldia egiten hasiberritan frontoia bete egiten zen. Gaur egun 200 lagun ez dira joango.
Garai batean, Francoren kontra zerbait esanez gero, jendea gustura geratzen zen, eta hori entzutera joaten zen, bertsotan baino ez zelako esaten. Gauzak aldatu direnean, zerbait aldatu bada, edozein lekutan entzuten ditu jendeak nahi dituen gauzak. Gainera, telebistaz dela, irratiz dela, egunkariz dela, bertsoa nonahi daukagu. Beraz, gero eta zailagoa da entzulea etxetik ateratzea.
Entzule hautatuagoa da, beharbada, oraingoa. Asko dakiena zer den errima aberatsa, potoa eta abar. Horrelako asko dago.
Lehengo entzuleetan, ordea, bazen orain gertatzen ez den zerbait: bi mila entzuletik hiruzpalau egongo ziren 60 bertsotik 50 buruan hartzen zituztenak, eta igual analfabetatuak izango ziren. Egileorren osaba bat zen horietakoa. Hark, ez ehun bertso, ez dakit zenbat mila bertso zekizkien buruz, eta kantari ona zen. Aita Zabalak jakin zuen haren berri eta behin galdetu zidan harekin egon nahi zuela bilduma egiteko eta ea ezagutzen al nuen. Baietz esan nion, eta galdetuko niola. Horrelaxe, osaba hori ikusi nuen batean esan nion eta baiezkoa eman zuen. Eguna jarri zuten, baina hitzordua heltzerako hil zen Egileorren osaba. Berekin joan dira milaka bertso, goitik behera ikasiak, egun, toki eta bertsolarien izen eta guzti”.
Joxe Mari Iriondo
“Hara ba! Inoiz ez nuen pentsatu izan egunen batean gai-jartzaile kontuen anekdotaren bat kontatu beharko nuenik. Hala ere, denbora joanda gero pentsatzen jarri eta, bat-batean datozkit.
Esaterako, ondorengoa. Gaiak jartzea oso ofizio zaila eta konplikatua iruditu izan zait beti, eta beldurra eman izan dit. Baina orain ez diren konplikazioak baziren lehen. Adibidez: bertsolari batentzat gaiak pentsatu eta ahal zen bezala moldatu ostean, gai horiek Informacion y Turismo-ko delegaziora eraman behar izaten ziren aldez aurretik, baina gaztelerara ‘ondo itzulita’ gero, eh! Hala ere, tranpa kozkorrak egin ohi genituen, bai. 1972an, Manuel Olaizola Uztapide hitzik gabe gelditu zen egunean, adibidez, ‘odolkiak ordainetan’ gaia eman nien Uztapide, Jose Luis Gorrotxategi, Joxe Lizaso eta Jon Azpillagari. Gaia, baina, nolatsu itzulita neraman? ‘Odolkiak ordainetan = vieja tradición en los caserios del Pais Vasco de intercambiar morcillas al realizar la matanza del cerdo, anualmente’.
Ez zegoen esan beharrik gaiak beste asmo bat zeramala, eta bertsolariek ere halaxe ulertu zuten saioan, jakina.
Uztapidek orduan: ‘Guk nola egingo ditugu ba odolki onak, zerri haundienak Madriden daude-eta’”.
Joxe Agirre
“Bertsolaritza asko aldatu da. Bertsotan ondo egiten duen jendea ugari dago. Gu egiteko kapaz ez garen gauza asko egiten ditu oraingo gazteak. Andoni Egańa da ezagutu dudan onena, nire iritzirako. Uztapiderekin asko ibili nintzen, eta egunak ere pasatutakoa naiz bertsotan. Ikaragarri ona zen bertsolari bezala, baita pertsona bezala ere. Akaso, Uztapidek grazia handiagoa izango zuen zenbait lekutarako, baina Egańak edozein lekutan kantatzeko gaitasuna du; elizan bada elizan, eta putetxean balitz putetxean. Oraingo gazteak ere jator askoak dira. ‘Frantses’ horiekin —Amets Arzallus eta Sustrai Colinarekin—, esaterako, infernura bertara joan daiteke. Ikaragarri gustura nago gazte jendearekin”.
Urko Egańa
“Bertsolaritza uzteko arrazoietako bat txapelketak izan dira. Sufritu egiten nuen. Gustura bukatu, hirugarren edo laugarren egiteko ustean egon eta, oso puntuazio baxua lortzeak, atzerakada ematen zidan. Horrenbeste lan eta horrenbeste saiakera emaitza horiek lortzeko. Min handia ematen zidan. Adibidez, Durangon egin zen eskolarteko finalera iristea ezustekoa izan zen niretzat. Iritsi ez banintz ere ez nukeen lastimarik sentituko. Aldiz, urtebete lehenago erabat finalean ikusten nuen nire burua, baina ez nintzen pasatu. Kolpea ikaragarria izan zen. Nirekin bezala beste hainbatekin gertatu da hori. Uste dut txapelketetan gazteak ez direla horrenbeste zaintzen.
Orain berriro hasi naiz bertsotan, baina beste helburu batzuekin. Bertsoak ez dira sufritzeko, gozatzeko baizik”.
Jokin Uranga
“Flipatzekoa da bertsotan muturreko egoera batetik bestera nola aldatzen zaren; bizitza arruntean lortzen ez dena. Triste bagaude, oso zaila da ordu laurdenera alai egotea. Eta, alderantziz, alai baldin bagaude, oso zaila triste jartzea, non eta albiste gogorren bat jasotzen ez den. 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian Hendaian kantatu nuen saioan gertatu zitzaidan adibide bat.
Final-laurdenak nituen helburu, baina Hendaiako saiora iristerako lortua nuen pasea. Beraz, ahal zen saiorik txukunena egitera joan nintzen. Saioaren aurretik txabola batean egon ginen, lasai eta umore onean. Hau da, tentsioarekin baina presiorik gabe. Garaia iritsi zenean gerturatu ginen frontoira. Denean jendea zegoen, leku guztietatik oihuak entzuten ziren. Oholtzara igotzearekin batera hankak dar-dar batean hasi zitzaizkidan, zarata ateratzeko moduan. Egia esango dut: bertsotan hasi aurretik pentsatu nuen zerbaitek emango zidala eta ziplo eroriko nintzela. Buruan berotasun arrotz bat neukan. Eskumuturretara eta lepo atzealdera ura behin eta berriz botatzen nuen. Ziur nengoen zerbaitek emango zidala. Agurra kantatzera atera nintzen, beldurrez, lotuta, artean gaizki, noiz gertatu behar zuen zain. Unai Iturriaga-rekin zortziko handian kantatzera deitu nindutenean gertatu zen. Hiru bertsoren ondoren, ez dakit zergatik, atzean eseri eta guztiz hustuko banintz bezala sentitu nintzen. Ez sinestekoa da bost minututan zer aldaketa eman nuen. Egun berri baten hasiera zen niretzako. Saioa oso ona atera zitzaidan”.
Sebastian Lizaso
“Bertsolariak ere aldatu egin dira. Eta publikoa ere aldatu egin da. Garai batean, bertsotako azkeneko puntuan edozer arrazoi bota eta jendea berotu egiten zen. Orain, bertsoa kargatuta ere jendearengana heltzea kostatu egiten da. Lehen albiste iturri asko ez zegoen: egunkari bakarra, eta bera, erdaraz; irratian, berriz, Arrate besterik ez euskaraz. Horregatik, lehen bertsolaria berri emailea zen, eta hark esandakoa Jainkoaren hitza bezala hartzen zen. Orain edonork daki zuk baino gehiago. Hortaz, esateko forman aldatu behar da, gauzak dotore esatera edo inork uste ez duen moduan esatera joan behar da, bere ondorioekin. Bertsolaritza orain bezain indartsu ez da sekula egon, baina lehen zeukan txispa ere ez du. Elkarrizketa zuzenak egiten ziren lehen”.
Haritz Etxeberria ‘Ministro’
“Leire Ostolazak ezin zuela-eta, Zumaiara San Miguel de Artadi auzora joateko deitu zidaten. Beńat Lizaso eta biok joan ginen. Plaza guztia jendez beteta zegoen. Hasi ginen bertsotan, nahiko egoki, grazioso. Ondo ari ginen. Baina publikorik ez. Inork ez zigun kasurik egiten, denak hizketan ari ziren. Antolatzaileak nahikoa egin genuela esanda jaitsi ginen, zortzina bertso kantatuta. 120na euro eman zizkiguten, bizitzan zortzi bertsorengatik kobratu dudan gehien; 20 minutura ere ez ginen iritsiko. Baina geratu zitzaidan sentsazioa oso txarra izan zen. Hutsa. ‘Zertara joan nauk?’, pentsatu nuen, nahiz eta poltsikoa bete. Ofizio gisa izan banu, akaso, ez zen txarra.
Justu kontrakoa da, adibidez, Ibarrako Gaztetxea. Ibarrako gazte batzuk atxilotu zituztenean, haien bermea ordaintzeko bertso afaria antolatu zuten. Jokin Uranga, Amaia Agirre eta hirurok ginen bertsolariak. Hara iritsi eta egundoko harrera egin ziguten, tragoak atera, afarian isil-isilik eta entzuten egon ziren, gaian sartuta. Saioa bukatu eta jendea puntuka hasi zen bertsotan. Ez genuen batere kobratu. Goizeko lauretan itzuli ginen etxera; poltsikoa hutsik, baina askoz ere gusturago, beteta”.
Laxaro Azkune
“Gai-jartzea zenbaitek nola ulertzen duen ikusteko pasadizo txiki bat gertatu zitzaidan Azpeitian behin, Landetan. Han kiroldegia egin berritan zen eta bertsolaritza egundoko aparraldia ari zen bizitzen. Jendeak bertso saioak antolatzen zituen dirua ateratzeko. Ez dakit zein zen jaialdiaren arrazoia baina beste norbait zen gaiak jartzen; Koldo Aldalur ote zen ustea daukat. Ni ohi bezala grabatzera joan nintzen saio horretara. Sarreran, antolatzaileetako batek ni ikustean esan zuen: ‘Jakin izan bagenu hi etortzekoa hintzela, heuri esango genian gaiak jartzeko. Eta, zer arraio, jarri gaiak herorrek, esango zioagu Koldori hik jarriko dituala, hari ez ziok-eta inportako’. Kostatu zitzaidan hari ikusarazten gaiak ez nituela nik bat-batean jartzen. Hori aurrez eta denboraz prestatu beharrekoa zela. Ez zidan sinistu baina, gutxienez, gaiak jarri behar zituenak jarri zituen; Koldok, alegia”.
Juan Jose Loidi-Saletxe
“1999an Gipuzkoako taldekako Txapelketa egin zen. Azpeitian hiru talde sortu ziren. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak talde bakoitzari dirua ematen zion, eta Azpeitian hiru izatearen arrazoiz diru pila sobratu zen. Txanpon horiekin zer egin erabakitzen hasi ginela etorri zitzaigun bertso eskola sortzearen burutazioa. Orduzkeroztik naiz Azpeitiko bertso eskolako irakasle. Baina gustuko lanean erretzea ez dela ederra izaten esaten da, eta hasi beharko dut zerbait pentsatzen. Erre-leboa ere behar da.
Balio al du gure bertsolaritzak hemendik aurrerako? Herriz herri ibiltzeko bai, akaso, baina bertsolari bat aurrera doan bezala txapelketari begira jartzen da. Ho-rretara jarrita formak aldatu egiten dira, esateko posturak, eta hor ez dakit zenbat balio dezaketen nik eskolan emandako aholkuek”.
Joxe Lizaso
“Herri bat aukeratzeko esango balit norbaitek, ezingo nuke bat hautatu, asko dira-eta. Adibidez, Ońatin urte batean bederatzi alditan kantatutakoa naiz. Zer esango dut, beraz, herri horrengatik... Eta horrelakoak asko daude. Ez da herriaren kontua, ordea. Herriak ez du kulparik, antolatzaileek baizik. Francoren garaian baziren herriak edo auzoak frankistenak zirenak, zela zinegotzia, zela beste edonor, lehengo ohiturak berreskuratu nahi zituzten plantak egiten zituzten, baina...
Uztapide zen horretan gizon ikaragarria. Zinegotzia edo arduraduna etortzen zenean, berehalaxe igartzen zion gizon naturala edo alua zen. Tankera segituan hartzen zion. Uztapidek bizkarretik eusten bazion, bale!, eguna lasai pasatzeko modukoa zen. Bestela, saioa egin eta ospa!”.
Xabier Euzkitze
“Gazte-gaztea nintzela hasi nintzen bertsotara joaten. 15 urte egin berritan aterako nuen eskolarteko gazteen txapelketa, 14 urtetik 18ra bitartekoena. Beraz, oso gazterik hasi nintzen onenentsuekin kantatzen. Eta behin, Oiartzunerako abisatu zidaten, Joxe Lizaso Rusue-rekin joateko. Joxe Joakin Mitxelena genuen han zain. Hura ezagutu izanaren poza daukat, handia. Gaur egunean kantatzen dugu edo kantatu izan dugu elkar hartuz, gero nahiz eta saiatu izan garen bestea baino hobeto kantatzen, eta arrazoi zorrotzagoak ematen ere bai. Baina behintzat, elkar zapaltzera ez gara inoiz joan izan; ahal baldin bazen bestea barregarri uztera, alegia. Mitxelena, berriz, garai bateko estilokoa zen, ahal baldin bazen umiliatzeraino kontra egiten saiatuko zen.
Puntutan, esate baterako, hiru laguneko gurpilean hasiz gero lau puntura kantatzen da normalean, zortziko txikian. Lau baldin badira, bost puntura, beti hasten denak bukatuz. Askotan egin izan dugu, tranpa izan arren, hasi behar duenak azken errima besteari esatea, hitz hori norberarentzat gordetzeko. Adibidez, ‘dezagun’. Orduan besteek badakite, batetik, zer errimarekin hasi behar dudan eta, bestetik, zer errima ez duten hartu behar. Mitxelena izaten zen dena kendu behar zuena, eta ahal baldin bazen, berak esan hitz hori. Eta berak hasi behar bazuen, errimarik ezinezkoenak jarriko zituen; ‘irrist’ eta horrelako errimarik gabeko hitzak nondik bilatuko ibiltzen zen.
Ikaragarri bertsolari ona zen, ordea. Motzean batez ere, baina luzerako joera zuen. Niri zuri-zuri jarduten zidan; ez dakit denekin hala jarduten zuen. Xabier Amuriza, berriz, ez zuen pareko. Hala esan zidan: ‘Gaztia, hi ta ni gaittuk harkaitzeko ura bezala. Ez Amuritza hoi bezala. Amuritza depositoko ura duk, ta depositua ahittu bitartian hor nonbait moldatzekua. Baina depositua azkenian ahittu eitten duk, ta gu berriz, gaztia, harkaitzeko ura gaittuk. Ta horko ura, gehixeo eo gutxixeo, beti zeoze etorri egitten duk’”.
Beńat Lizaso
“Gure etxean ez duzu topatuko matematikako libururik-eta. Hori bai, bertsolaritzakoak...: liburuak, kaseteak, bideoak... Batzutan ‘Lizaso’ abizenaren pisua antzeman izan dut. Zoazen lekura zoazela, jendeak badaki noren semea zaren, eta derrigorrean bezala ondo egin beharra dut. Ni neu naiz, ordea. Eta, azkenean, ijitoa erregearekin alderatzea bezalakoa da. Gure aita punta-puntakoa da, aitona izan zen bezala. Behin honezkero alfer-alferrik da”.
Imanol Lazkano
“Badiruri pertsona batek, jakintsua izango bada, liburu asko tragatu behar duela, eta egia da zentzu batean. Baina uste dut libururik garrantzitsuena, eta beti orriak zabalik dituena, bizitza dela. Eta bizitzan begiak eta belarriak zabalik ibiltzen denak asko ikasten du. Azken batean, bizitzak batzuei eman diona dago liburuan”.
|