Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Oroitarri »  1. Kartzelakoa

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

1. Kartzelakoa

Kepa Urbieta

Meagasen bai festa!

San Isidro egun bat zen. Iluntzean Zarauzko frontoian kantatu behar zuten Joxe Lizasok, Joxe Agirrek eta Manuel Lasartek, besteak beste. Han zen Imanol Lazkano ere. Azpeititik, aipatutako azpeitiarrekin, Inaxio Aranberri Deabru eta beste hiru-lau lagun joan ziren. Bi kotxetan: Lizasorena bata, Lazkanorena bestea. Heldu ziren Zarautzera, eta Narros jauregiaren ondoan utzi zituzten kotxeak, gaur egun lurrazpiko aparkalekua dagoenaren gainean.

Bukatu zuten bertsotan egiteaz. Etxeratu aurretik kafe bat hartuko zutela erabaki zuten, eta non hobeto Meagasen baino, festak ziren-eta. Joan ziren kotxeetara. Aparkamendu hartatik malekoira lau bat metro bazeuden, goitik behera. Garai haietan malekoian harrizko eserleku batzuk zeuden, eta bikoteak sarri egon ohi ziren. Norbaitek esan zuen: “Azpeitira joaterako itsasoari muturrera txiza eginda joan beharko diagu”. Hiru bat hasi ziren; tartean Lazkano. Egun hartan ere bikote bat bazegoen eserita, txiza egiten ari ziren hirukotearen pare-parean; ez enamoratuak baina. Hauek jaiki zirenean, trikornioa sekula baino distiratsuagoa zuten. Bi guardia zibil ziren, txiza zipriztinekin zurituta. “Guardia zibilak!”.

Narros jauregiko aldapatik gora lasterka hasi zen autoritatea, eta azpeitiarrak, aldiz, lehenbailehen, kotxeetara. “Gaur baino sasoi hobea genuen eta heldu ginen kotxera. Lizaso zaharra, eta Deabru zaharra, biak zaharrak; kotxea urrutiago zuten, ordea”. Haiek purua piztu eta bertan geratu ziren, haserre bizian zeuden guardia zibilak iritsi arte:

—¿Qué pasa? –Deabruk, lasai galdetzen die.

—¿Habeis visto a alguien?

—He visto a unos crios corriendo.

Hori esanda libratu ziren, ederretik libratu ere. Gero, Meagasen elkartu zirenean, zirku ederra izan zuten pasadizoaren kontura.

Inpresioa

1972ko apirilaren 30a ez du ahaztuko Jose Luis Gorrotxategik. Bertso saioan bildu ziren Joxe Lizaso, Martin Treku Mattin, Fernando Aire Xalbador, Jon Azpillaga, Manuel Olaizola Uztapide, Jon Lopategi, Joxe Agirre eta Gorrotxategi bera, Donostian, orduko Anoeta —gaurko Atano III.a— pilotalekuan. Gaiak jartzen beste azpeitiar bat: Joxe Mari Iriondo. Lurraren arrasean zeuden, eta lauko taldean kantatzen jarri zituen bertsolariak: alde batetik, Uztapide, Agirre, Azpillaga eta Gorrotxategi; beste aldetik, Lizaso, Mattin, Lopategi eta Xalbador. Aurreneko taldeak kantatu zuenetik bigarrengoak bukatu arte 10 bat minutu pasatuko ziren. Ordura arte, dena behar bezala zihoan.

Ondoren, Iriondok Uztapide jaikiarazi zuen eta “gaurko gazteei zer esango zenieke” edo antzekoren bat jarri zion gaitzat. Ez zen hasten. Gorrotxategi eta besteak konturatu ziren denbora gehiegi ari zela pasatzen, Uztapide berehala hasten zenetakoa zelako. Mikrofonoaren parera hurbiltzen zen orduko pauso bat atzera egiten zuen. Kostatuta, halako batean hasi zen. Baina hitz bat esan eta isildu zen berriro. Doinua gaizki hartu zuelakoan mututu zela pentsatu zuen Gorrotxategik. Hasi zen berriro bertsoa bota nahian, baina saiakera horretan hitz bat bera ere ez zitzaion ulertu. Hitzik egin gabe buelta hartu eta eseri egin zen. Jendeak txaloz erantzun zion. Iriondok ere lagundu zuen: “Txalo hauek merezi dituenarentzat dira”, esan zuen.

Gorrotxategik alboan Lopategi zuen, eta hurrengo, Uztapide bera. Honi Lopategik galdetu zion zer gertatu zitzaion, eta ez zion erantzun ere egin. Minutua igarota-edo, “hobeto nago, pasatu zait. Ondoeza izan dut”, erantzun zuen Uztapidek.

Saioa bukatu zenean, Lizasok kotxean hartu eta etxera eraman zuen Uztapide. Handik medikuarengana eraman zuten, eta han esan zioten egundoko eskapada egin zuela: bihotzekoak eman zion mikrofonoaren aurrean. Gorrotxategik orduan egin zuen lotura, ikusi baitzion kopetan zain gorri-gorri bat, eta ezpainak more-moreak, baina ez jakin zer gertatzen zitzaion. Gerora, bere onera itzuli zitzaizkion zaina nola ezpainak, eta zorabioa zelakoan pasatzen utzi zuten. “Inpresioa eragiten du; batetik, hura ikusteak; bestetik, hamar minutu lehenago kantuan normal ari zela eta, gainera, bera eta nire artean Lopategi bakarrik zegoela pentsatzeak. Harrezkero, ez nuen gehiago kantuan ikusi Uztapide, idazten jarraitu bazuen ere”.

Isilik

Eztarria gozatu ezinda igaro zitzaion 2007a Joxe Agirreri. Urte txarra izan zuen eztarritik. Hartu bata eta hartu bestea, eta alferrik. Ezerk eraginik egin ez, eta beti eztarria itxita. Jendaurrean behin baino gehiagotan geratu zen kantatu ezinik. “Hori lotsa eta pena!”. Azke-na, Ataunen. Hiru lagun ziren kantatzekoak, eta Andoni Egañarekin joan zen Agirre, Azpeititik. Lehendik ere ez zebilen santu, baina ez zuen berehalakoan halakorik gertatuko zitzaionik pentsatuko.

Jon Aizpurua zen gai-jartzen. Agirreri agindu zion aurreneko agurra botatzeko. Ia hasi baino lehen isildu zen. Lehenengo errima ere ezin izan zuen bota. “Pasatu nuen lotsa! Gaitasuna izan banu aldegingo nuen bistatik”. Besteek jarraitu zuten, eta bitartean Agirre atzean, jarrita, saio osoan zehar, beste aukerarik gabe. “Desani-matu egiten zara, gehiago inora ez nintzela joango pentsatu nuen. Negargarria. Pena handiena ba al dakizue zerk ematen duen? Jendeak pentsatuko zuela ‘horrek lehendik ere bazekien zer pasatuko zen’, baina hori ez da horrela izaten. Jakin banu ez nintzatekeen inola joango, baldinbaitere”.

Isuna ordainduta

Goizean, Iruñera zihoazen bertsoak kantatzera, eta arratsaldean, 18/98 auzikoen aldeko manifestaziora, Bilbo-ra. Protagonistak, Xabier Silveira, Jokin Uranga eta Haritz Etxeberria Ministro dira.

Iruñera bidean zihoazela, Guardia Zibilaren kontrol batean geratu zituzten. Batzuek autoa goitik behera miatzen zuten bitartean, besteek hirukotea banandu eta bakarka agiriak eskatu zizkieten. Espainiako Nortasun Agiri Nazionala eskatu ziotenean, EHNA eman zien Urangak. Baliorik ez zuela eta bestea emateko esan zioten. Ondoren, Silveiraren txanda zen. Honek, berriz, ez EHNArik, ez NANik eta ez igerilekuko agiririk ez zeraman gainean. Guardia zibilek adarra jotzen hasteko parada izan zuten, batek bi agiri eta besteak batere ez zuelako. Gero galdeketak hasi ziren; Urangari eta Minis-trori lehendabizi:

—Vosotros, ¿de dónde sois?

—De Azpeitia.

—¡Y en ese pueblo no hablan en castellano!

Eta ondoren Silveirari:

—Y esos, ¿de dónde son?

—¿Esos? De Azpeitia.

—¿Y ese acento tan raro que tienen? –Silveira bi azpeitiarrei begira geratu zen. Trantzea pasatuta, heldu ziren Iruñera. Ministrok beti ohi duen leku berean utzi nahi zuen autoa, eta hartan ari zela, Silveirak, barrez lehertzen:

—Hemen? Hemen nola utziko duk ba! Nik bazakiat non utzi.

Joan ziren Silveirak esandako lekura:

—Hemen? Erromako zubiak baino kolore gehiago zaudek eta! –Ministrok aztoratuta lurreko marka koloreztatuak ikustean.

—Lasai, hemen ez ditek-eta isunik jartzen.

—Jartzen badigute, ikusiko duk!

Egin zuten bertsotan eta, egitaraua jarraituta, abiatu ziren Bilbo aldera. Halako batean, errepidean zihoazela, parabrisasean papertxo bat zeramatela konturatu ziren. Lehengo hamar mila pezetako isuna! Uranga autoaren atzealdean ia hil zen, barre egin beharrez. Ministro, orduan bai, guztiz aztoratuta, Silveirari egundokoak esaten. Besteak, lasai antzean:

—Lasai. Egingo diagu bertso saio bat hire multa ordaintzeko.

Hura ez zela horretan geratuko pentsatuta, Etxeberria Parkean sartu zuen autoa Ministrok:

—Nire kotxea hemen gelditzen duk –esku-frenoari emanez. Oinez zihoazela Bilbora.

—Broma izango duk? –Silveirak albotik, ‘zuri-zuri’ eginda, urruti zegoela iruditu zitzaiolako.

Ministrok dioenez, Silveirak dudatu egin zuen elkarretaratzera joan edo autoan geratu. Manifestazioa hasiko zen lekuraino “kristoren pateada” egin zuten, manifestazioaren ibilaldian beste horrenbeste. Bukatuta, Alde Zaharrera joan ziren eta, azkenik, kotxera itzultzeko garaia heldu zitzaien. Alde Zaharretik Etxeberria Parkera joateko eskailera sorta ederra igo beharra dago. Igoera berez dena baino luzeagoa egingo zitzaion nekatutako Silveirari, Ministrok ez baitzuen bakean uzten, isuna ezin ahaztuta. Bertsolaria izanik, Ministrok azken punturako zeukan sorpresa gordeta. Autoan sartu zirenean, Silveirari:

—Begira ezak zer dagoen hor.

—Alua!

Egundokoak bota zizkion Silveirak igogailua zegoela ikusi zuenean. Ministrok aurretik zekien haren berri, baina “odolkiak ordainetan izaten dira”.

Eskatzea garesti

Hiru urtez-edo joan ziren Beñat Lizaso eta Leire Ostolaza Amezketara, santa eskera. Aurrenekoan, Eñaut Agirre eta Xabier Legarretarekin. Oso ondo pasatu zu-ten. Bigarrengoan, biak bakarrik. Egundoko hotza egiten zuen goiz hartan. Baserritik baserrira traktorean joaten ziren eta, halako batean, traktoretik jaistean, zast!, bizkarrean zaztada eman zion Ostolazari. Egun osoa gerriko minez pasatu zuen bertsotan. “Oso gogorra izan zen”. Horren gogorra izan zen, hurrengo egunean ez zuela lanera joaterik izan: egindako aberia hura lunbagoa zen.

Hirugarrengo urtean, berriz, ahotsik gabe geratu zen. “Eskeko egunak, azkenean, gogorrak izaten dira, egun guztia kantatzen eta...”.

Jesukristo saunan

Bezperan ezkontza batean izanak ziren Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso. Ez elkarrekin ezkontzeko; bestela. Parranda ederra egin zuten; Lizasok behintzat, bai, biharamunean parrandak utzitako zorra ordaindu baitzuen. Eguerdian bertso saioa zuten, eta zintzo agertu eta zintzo aritu ziren. Ordura arte, dena ondo, baina bukatu zutenean etorri zitzaion zorra ordaintzeko unea; ondoezik zegoen eta botaka egiten hasi zen.

Lagunen elkarte batean bazkaldu behar zuten, arratsaldeko saioarekin hasi aurretik. Aurrez, etzan egin nahi zuela, eta elkarteko sauna gelan etzan zen. Itzalita zegoen, jakina. Edo ez. Egaña laguna nola zegoen ikustera joan zen.

Gelan sartu zenean:

—Hik daukak lamara! Sauna piztu duk, begira tenperatura nola igotzen den!

Jaiki zen bazkaltzera Lizaso, baina sartutako guztia kanporatu zuen berriz ere.

Pentsatzekoa da arratsaldeko saioan zeri buruz jardun zuen bikoteak bertsotan: “Han bota genuen Jesukristo baino gehiago nintzela, hura behin piztu zela eta ni egun batean bi aldiz...”.

Linboan

Joxe Lizasok azukrearen beharra izaten du. Gorputzak behera egiten dio gozorik gabe. Badaki orain. Lehen ez. Bertso saio batean zegoelarik, gaia jarri orduko hasi zen zerbait antzematen. Zer esaten ari zitzaion entzuten ez zuela geratu zen eta, gero, ezer ikusten ez zuela. “Lin-boan geratu nintzen”. Barregarri geratu zelakoan dago, baina zaleek ederki erantzun zioten txalo zaparrada batez. “Merezi gabe ere txaloak jotzen dizkizute”, dio Lizasok. Artean ez zekien ezer azukre kontu horretaz. “Horrelaxe joan da gure mundu aldi zelebre hau. Harro-tutakoan kristorenak esanda, eta egun txarretan kristorenak adituta”.

Baserritarraren komeriak

Inaxio Goenaga Loidi-Txurik, aurrenekoz sariketa batean, Lizardi Sarian hartu zuen parte, Zarautzen, 17 urterekin. Joxe Mari Aranalde apaiza zen gai-jartzen. Loidi-Txurik ez zuen ideiarik ere hura apaiza zenik.

—Niri gai erraza jar iezadazu, bertsotan ez dakit-eta. Baserritar bat naiz –esan zion Loidi-Txurik.

—Bertsolariak hala behar du, baserritarra. Zure gaia hauxe da: Amen

–Aranaldek.

—Zer, ‘amen’? –galdetu zion Loidi-Txurik.

—Amen! –erantzun Aranaldek.

“Zuek pentsatu zer bertso kantatuko nituen nik ordu-an”, dio Loidi-Txurik. Ez zitzaion han bukatu kalbarioa, hurrengoan honako puntua jarri baitzion: Ernioko harkaitza beti dago zorrotz. Zer errima erabili ez zekiela geratu zen. “Gero etsi egiten duzu. Gaur egungo gazteek asmatuko lukete, baina...”.

Mozkorraren ajea

.15 urte ingururekin, Oiartzunen, Zaharren Eguna ospatzen zuten batean, joateko abisua jaso zuen Xabier Euzkitzek, Joxe Lizasorekin batera. Bazkaldu ondoren kantatzekoak ziren. Bazkaritan, ordea, Lizasok sarri sa-mar betetzen zituen edalontziak; berea, eta zenbait gauza edaten batere ohitu gabe zegoen Euzkitzerena. Mozkortu egin zen gaztetxoa. Komunera joan, dena bota, eta kolore zuri-zuria hartuta itzuli zen mahaira. Egin zuten bertsotan, Euzkitzek nola edo hala jardun zuen, baina ikaragarri triste, behintzat. Azpeitira zetozela bueltan, Lizasok esan zion:

—Zer? Ez haiz ederki ibili!

—Ez, ez naiz ederki ibili, ez. Dena mozkortu naiz. Izan ere ni, Joxe, ez nago horrenbeste edatera ohituta.

—Basoa bete nik egin diat, baina edan hik egin duk, eh? Ez nire aitzakia egin! Handik aurrera, bere mozkorren jabe bera egin dela dio Euzkitzek.

Ohea

Gau-pasa eginda sartu zen Beñat Lizaso ohera, ostegun goiz batez. Ez parranda egitetik, lanetik baizik. Asteaz-kenean goizeko zortzietan sartu eta ostegun goizeko zortziak arte lanean jardun zuen. Zisko eginda sartu zen ohean, berriro hurrengo goizeko zortzietan lanean sartzeko.

Egin zuen lana ostiralean ere, eta handik aterata Bergarara joan zen zuzenean, txapelketako saioa zuelako. Ogiarteko “alu” bat jateko astia baino ez zuen izan, eta bertsotan hasi behar. Kartzelako txanda iritsi zenean, bergarar baten etxera eraman zituzten zortzi bertsolarietatik zazpi; tartean, Lizaso. Etxe hartara iritsi eta aurreneko gauza sofan eseritzea egin zuen. Bigarrena, berriz, telebista piztea. Gainontzekoek esan zioten: “Hik dituk potroak!”. Ez lana astakirtenaren pare egiteagatik, kartzelako saioaren aurretik erakutsi zuen lasaitasunagatik baizik. Lizasok une hartan kantatzea baino nahiago zuen etzatea.

Begirada

Lagunartean bertsotan egiteko auzo denetan zeuden bertsolariak Imanol Lazkanoren gazte denboran: Txillarramendi, Odriatik Etumeta bitarteko auzune horretan, dozena erdi bat bai primeran egiten zutenak; Elosiagan pare bat; Oñatzen beste bi; Errezilen, berriz, autobus bat betetzeko lain bazen, jai iluntze batean 10-15 bertso botatzeko gai zirenak. Elkar afizioz ezagutzen zuten denek.

Begiratua oso garrantzitsua omen bikotea erakartzeko, eta Lazkanok bazuen gaitasun hori. Erromerira joaten bazen eta auzo horietako bertsolariren bat han ikusten bazuen, bazekien: erromerian ibiliko zela; neska bati lagunduko ziola edo ez, “hori zorte kontua izaten zen”; baina seguru-seguru zekiena zen ardo botila bat atera eta bertsotan egin gabe ez zela erretiratuko. Ikusi orduko ulertzen zuten elkar bertsolariek. Haiek ziren Laz-kanoren eta orduko bertsolarien bertso eskolak.

Euskara defendituko dut

Lantegiko kontuen gorabeheretan tarteka furgoneta hartu eta beste herri batera joan behar izaten zuen Juan Jose Loidi-Saletxek. Arrasatera, esaterako. Behin han, enpresa baten kokalekua jakin nahi eta galdezka hasi zen. Aurrenekoari galdetu zion, eta honek, euskaraz ez zuela ulertzen; beraz, galdetzeko gazteleraz. Alferrik. Bigarrengo bati ere galdetu zion, eta erantzun bera jaso zuen; honek ere euskaraz ez zekien. Ezta enpresa non zegoen ere. Lanean ari zen hirugarrengo bat bistaratu zuen. Oraingoan, etsita:

—¿Me puede decir dónde está este taller?

—Dios! Bertsolariak ere erdaraz hasi al zaizkigu! –langileak.

Erantzun hark aurreko bienak baino min handiago eman zion Loidi-Saletxeri. “Hark eman zidan mina, kristorena. Hura zen adar-jotzea”.

Egunon!

Une txar asko pasatutakoa da Joxe Agirre ere, eta zaleek pantaila batean istant horietan bertsolariaren burutik zer pasatzen den jakingo balute, beldurtuta ihes egingo zuketela dio. Behin Imanol Lazkanorekin eta Joxe Liza-sorekin konpromiso handirik gabeko afari batera joan, “kantuan hasi eta linbo!”. Bertsoa botatzen ari zenean, zer esan ez zekiela geratu zen. Errezilen izan zen.

Estuasunak ere bai, pasatu ditu, eta askotan, gainera. Laugarren punturako pentsatutako puntua hirugarrengoan botatzen denean, adibidez. “Zer esan behar da gero?”. Zenbait egunetan lagunak bertsoa bukatu eta nondik hasi ez dakiela askotan egon omen da. Nola-halako bat bota eta ateratzen da atakatik Agirre. “Nik behintzat, estuasun asko pasatu ditut. Bukaera pentsatu gabe askotan hasitakoa naiz, ez daukat lasai egoteko ohiturarik-eta! Besteak bukatu orduko hasi beharrarekin errima erraz bat hartu eta hasten naiz, batere pentsatu gabe. Eskerrak egun onak izaten ditugun...”.

Inprobisazioa

Bergaran, Irala aretoan egin zen jaialdi baterako ilusio handiz prestatu zituen gaiak Joxe Mari Iriondok, bertsolari bakoitzari zer zetorkion ondo kontuak eginez. Os-tiral gauean, hamarretan zen jaialdia, eta garaiz joan zen. Baina zer izango eta, ateraino heldu orduko ohartu zen gaiak etxean utzi zituela. “Hura zen estuasuna, hu-ra!”. Ez daki nola, baina jaialdi “kuriosoa” atera zen, saio ona. Hala ere, handik etzira ‘Dunixi’ zeritzon idazle batek bereak eta asto-beltzarenak bota zituen gai-jartzailearen eta bertsolarien kontra, gai “berdeak” zirelako-edo.

Doinua

Oso polita zen, eta ez du gogoratzen Sebastian Lizasok doinua, Pierre Bordazaharre Etxahun Iruri-rekin zuberotarrarekin kantatu zuena Azpeitian, hamabostaldi kulturala egin zutenean. Lizasok 16-17 urte zituen. Etxahun hasi zen zortziko txikiko doinuan, eta berehala jarraitu zion Lizasok, doinua erraz harrapatuta. “Harrezkero doinu hura ezin akordatuta ibili naiz. Pena dut ahaztu izana, eta ezin dut inon topatu. Oso polita zen”.

Ez ikasi buruz

Azkoitian ekitaldi batean kantatzera joateko eskatu zioten Jokin Urangari eta, Haritz Etxeberria Ministro-k ezin zuelako, lagun bezala Eneko Ibarguren Kurku-ri deitu zion. Kurku bolada batez bertso eskolak utzita zebilen. 15-16 urte izango zituzten.

—Hi, lagundu egin behar didak.

—Nik? Nik ez, nik ez!

—Hi, ba derrigorrean behar haut.

Uranga oso urduria da, berak aitortzen du, “baina Kurku, gizagaixoa, jota” zegoen. Urangak denbora guztia Kurku animatzen jardun zuen, hura halako egoeran ikusita bere burua lasai ikusten baitzuen. Igo ziren oholtzara prestatutako launa bertso kantatzera eta Kurkuk, “zeraman tentsioaren eraginez-edo”, egundoko ondo kantatu zuen. Aldiz, Uranga bertso erdian aurrera egin ezinik geratu zen, behin eta berriz. Kurkuri bota zion errua.

“Ez da tratu ederra; adin horretan, plaza beteta, ezagun asko eta zu han gaizki pasatzen. Hori ikasitako bertsoekin gertatzen da. Inprobisatzen ari bazara, burua horretara jarrita duzu, eta beti, edo gehien-gehienean, zerbait aterako zaizu. Burua gogoratzera jarrita badaukazu, ordea, oso zaila da zerbait ahaztu eta segundo eskas batean mekanika aldaketa egitea, gogoratzetik inprobisaziora pasatzea”, dio Urangak.

Estu

Hasiberri samarra zela, Hernialdeko saio batera zihoan Leire Ostolaza, gaur gizona duen Igorrekin. Bidean, gaizki zegoela eta ezingo zuela kantatu esan eta esan ari zitzaion Ostolaza; horren estu hartzen zuen bere burua!... Azkenerako, iristear zeudela buelta emanarazi zion Igorri, eta etxera itzuli ziren. Istorio hura horretan geratu zen, inork ez zion deitu arrazoi eske.

Sentimentalkeriak

Gaztea zen orduko hartan Imanol Lazkano; soldadu joan gabe, behintzat. Azkoitiko Urrategiko kuadrila “astapotroa” omen zen, zeharo. Haiekin biltzen zen santagedatarako. Zerbaitegatik. Elosu aldean zebiltzala, baserri batera zihoazen eta Lazkanok ez zuen bertakoen berririk. Konfiantzako laguna hartu eta zukutu zuen, harik eta hango kontu guztiak jakin arte: “Matrimonio zaharra bizi duk, eta andre gazte bat ere bai, alarguna, gainera...”. Hasi zen Lazkano kantuan, ohiturei jarraituz Santa Agedako kantuekin, gero, errespetuz, aiton-amonekin, alargunarengana iritsi zen arte. Kantatu zizkion direnik eta bertsorik sentimentalenak. Bukatu orduko hurbildu zitzaion aurreko-mantala eta guzti: “Ederki egin duzu bertsotan, gazte, baina barkatu: nire senarra bizi da”. Anpolaiaren pare jarrita, Lazkanok zerbait esan behar eta: “Pozten naiz, baina informazio hori nuen ba nik...”.

“Hori da potrotakoa hartu nuena!”. Esan beharrik ere ez zuen.

Kalabozoan (I)

Amezketan izan ziren Joxe biak, Agirre eta Lizaso, bertsotan, San Bartolome egunez. Hangoak eginda etxera lasai itzuli ziren. Gutxi uste zuten zer zetorkien gainera. Hurrengo egunean izan zen, Guardia Zibila Lizasoren bila joan zenean. Espainiako erregeari buruz bertsotan jarduteagatik kalabozoan sartu zuten.

Mikel Mendizabal eta Xabier Zeberio aritu ziren, beste saio batean, erregea bahitu behar zutela-edo esanez, eta haiekin batera biak zaku berean sartu zituzten. Lizaso kalabozora eraman zutenerako han ziren Mendizabal eta Zeberio. Agirre falta; izan ere, Bizkaian zen bertsotara joana, eta ez zuten topatu hurrengo egunean bere kasa aurkeztu zen arte. Egun batzuk egin zituzten barruan Lizasok eta Agirrek. Beste biak denbora gehiagoz eduki zituzten barruan.

Jose Maria Setien apezpikuak euren alde hitz egin zuela heldu zitzaion belarrira Lizasori. “Dicen que son analfabetos y aquì vienen hasta los obispos. ¿Pero quiénes son estos?”, esanez jardun zuten guardia zibilek.

Apezpikuak bakarrik ez, ordea. Beste norbaitek ere lagundu zuela esan zioten Lizasori. Garai hartan Fernando Otazu zen Donostiako alkate. Hark Garmen-dia delako bat zuen alboan, eta azken horrek eskatu zion, “enbaxada” guztia Otazuk egin zuela-eta, eskerrak ematera joateko, behintzat. Lizasok baietz erantzun zion, hala bazen joango zela eta ordua jartzeko. Kaxa bete puru besapean hartuta azaldu zen Lizaso udaletxera, zintzo. Gela batera eraman zuten, eta zain egoteko eskatu zioten, berehala etorriko zitzaiola-eta. Azaldu zen Otazu hori, baina ez bakarrik, beste bi lagunekin. Otazuk buelta hartu eta alde egin zuen, Lizaso bi poliziekin bakarrik utzita. “Jesukristorenak” entzunda atera zen Lizaso Donostiako udaletxetik. Hori bai, kaxa bete puru besapean zuela.

Tabernak eta elkarteak

Leaburuko plaza egundokoa zen. Jendea apartatu egin behar zuen bertsolariak, oholtzara igo nahi bazuen. Lea-buruko plaza egundokoa zen, lehen. Joxe Agirre eta Jose Luis Gorrotxategi azkeneko aldiz joan zirenean gertatutakoa ez da akordu onekoa. Goizeko saioa bertan behera utzi zuten inor azaldu ez zelako. Bigarren saioa izan behar zuena arratsaldeko zazpietan egin behar zuten. Denborak ere ez zuen zauria itxi. Inor ez zitzaien azaldu. Zortzi eta erdietan tabernetatik eta elkarteetatik jendea biltzen hasi ziren bertso batzuk, behintzat, bota zitzaten. Halaxe kantatuta alde egin zuten Leaburutik.

Sentsazioak

Norberak gaizki dagoela uste eta askotan ateratzen dira saiorik onenak. Aldiz, egundokoak esateko asmotan joan eta bestelakoa gertatzea ere tokatzen da.

1993ko Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko saio batean Imanol Lazkanorekin kantatzen jarri zuten Juan Jose Loidi-Saletxe, Laudion. Gaia honako hau zuten: “Lazkano etxeko tximiniatik ateratzen den kea da, eta Loidi-Saletxe herriko enpresa batetik ateratzen dena. Zeruan egin duzue topo. Hamarreko handian, nahi duzuen doinuan, hiruna bertso”. Nondik heldu ez zekiela geratu zen Loidi-Saletxe. Lazkanok bertsoa botatzen zion, eta bestea hura erantzutera mugatu zen. Halaxe behintzat, pasatu zen txanda. Sentsazio txarrarekin eseri zen Loidi-Saletxe.

Handik hilabete batzuetara, taberna batean zegoela gizonezko bat gerturatu zitzaion, “ikastola bateko irakaslea-edo”. Ozono geruzaren zuloa denen ahotan zebilen garai hura zen eta, itxura denez, Loidi-Saletxek bertso haien artean aipatuko zuen zerbait. Eskolako umeekin ozono geruzako zuloa lantzen ari zela eta, pare-parean etortzen zitzaizkiolako, eskolan erabiltzeko baimena eskatu zion irakasle hark. Oso bertso ona zela ere esan zion. “Batzutan gertatzen da zerorri geratzen zarela sentsazio txar batekin, eta gero ez da horren txarra. Edo, bestela, interpretatzen dutenak dira artistak...”.

Pazientzia

Imanol Lazkanok eta Akilino Izagirre Zepai-k ez zuten plaza askotan lagun hartu, lauzpabost saiotan besterik ez. Horietako bat Ataungo elkarte batean, igande batez. Bertsolariekin batera mahaian beste lagun batzuk zeuden, eta informazioa emateko baliatu zuten, egin ohi duten moduan: ‘Halako esan hari, eta horkoari beste hori, eta hango hura ehiztari amorratua da... bota lasai’.

Hasi ziren eskatu bezala, lasai, batari eta besteari egundokoak esaten, eta iritsi ziren ehiztariarengana. Autobusak egan egingo balu ere ez lukeela joko, eta halakoak esan zizkioten, baina, lehen esan bezala, ehiztaria bazen baina amorratua ere bai. Bete zen nonbait, orduan modan zegoen Soberano botila hartu, jaiki eta bertsolarien aldera tiratzeko keinua egin zuen. Jendea itzaldu zen, non gordeko. “Biok ere ez duzue lotsa handirik ekarri baina, hala ere, zuek baino kulpa handiagoko putakumerik bada zuen mahai horretan”, esan eta eseri zen ehiztari hura.

“Gu, hura eseri zenean gustura. Bai, askotan katxondeoan elkarri barre egitea polita da, baina neurri batean. Pertsona denek ez dute kabida bera edukitzen. Batzuetan geratuko da norbait gehiegi gustatu gabe isilik, dena irentsita. Orduko hartan elkarrekiko beste zerbait izango zuten baina, zorionez, halako askorik ez zai-gu gertatu”. Alkatearen esana

Denbora asko zeramaten zain Juan Jose Loidi-Saletxe eta Jose Luis Gorrotxategik. Ataungo plazara inor agertzen ez, eta mezatan egongo zirelakoan zeuden. Halako batean, aurrenekoa azaldu eta zuzen joan zitzaien:

—Hasi kantuan –esan zien gizonezkoak.

—Kantuan? Zeini, ordea? –Loidi-Saletxek erantzun.

—Kantatzeko ordua da.

—Baina jendea elizan dago.

—Ez, elizan ez dago inor.

—Eta noiz etorriko da ba?

—Arratsaldean.

—Orduan, arratsaldean kantatuko dugu!

—Ez. Alkateak orain egiteko esan du.

Udaletxeko langilea izan gizonezko hura! Kantuan jarri zituen Loidi-Saletxe eta Gorrotxategi. Entzule, haur txikia eskutan zuen emakume bat eta langilea bera zituzten. Alkatea bera ere ez. Bina bertsorekin konformatu behar izan zuten Ataungo bertsozaleek.

Tripa barrenak

Badira egunak batere zabaltzen ez direnak. Bertsolariek, ordea, ez dute hasi arte jakiten nolakoa izango duten. Egunaren aldartea kontuan izan gabe, Joxe Lizasok badu zerbait saioko etorriko zaiona. Mila tokitan ibilitakoa da, baina sekula ez da izan tripa barrenean zerbait sentitu gabekoa. Bertsotan ari dela alde egiten dio, tirriki-tarraka. Manuel Olaizola Uztapide-ri ere gertatzen zi-tzaion. Lehenengo eskutik daki Lizasok horren berri. Autoan biak kantatzetik bueltan zetozela, zubi baten parean geratzeko eskatu zion Lizasok:

—Zer duk?

—Kantatzen asterako jarri zait estomagoan zerbait eta...

—Ene! Hik ere ba al duk hori? Nik ere lehen edukitzen nian, gaztetan. Zahartzerako pasatuko zela pentsatzen nian, baina ez. Zahartzean indarra hartzen dik!

Zortea

Plaza gutxi egiten ditu urtean Juan Jose Loidi-Saletxek. Esaten du ez dela sekula asko ibiltzekoa izan, baina lehen aldean gutxi egiten du orain. “Afizioari eusteko justu-justukoa”. 30-40 plaza artean egiten zituen lehen, eta orain 10-15 bat.

Beharbada, berak apusturik egin ez duelako da. Akaso, ez duelako behar bezala landu. Baliteke jendearengana heltzen asmatu ez izana. Ondorio horiek ditu buruan. Mikel Mendizabalek-eta beti esan izan diote zorte txarreko bertsolaria izan dela.

1995eko Gipuzkoako Txapelketan hirugarren geratu zen; hain justu, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen eta Euskal Telebistaren arteko harremanak onenak ez ziren urtean. Horregatik-edo txapelketa hark ez zuen besteek bezalako oihartzunik izan. “Nik, behintzat, ez nuen plaza bat gehiago egin”.

Ez daki ika-mika horiek zenbaterainoko zerikusia izan zuten bertso saio kopurua lehengoa izateko, baina horra “zorte txarreko” bertsolari baten pasadizoa.

1999ko txapelketa

Erniarraitz Bertsozale Elkartearentzako bezala, Leire Ostolazarentzako ere urte polita izan zen 1999a. Urte horretako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren kulpaz —hala deitzerik baldin badago—, eman zuten biek ere saltoa. Ostolazak ez zituen ez Imanol Lazkano, ez Jose Luis Gorrotxategi, ez Sebastian Lizaso ezagutzen, Jokin Uranga eta Beñat Lizaso gazteak ere askorik ez, baina aitzakia horretan bildu beharra sortu zitzaien. Orduantxe hasi zen Erniarraitz ere gaur herri mugimendu bezala eta kultur talde bezala ezagutzen duguna izaten: 1999an.

Baskulan

Goizaldera arte bertsotan jardunda zetozen etxera bueltan Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso, Segurako elkarte batetik. Alkoholemia kontrola jarriberritan er-tzainek alto eman zieten. Egin zuen putz Lizasok, eta 0,8 eman zuen, negatiboak muga zuen zenbaki berbera.

—Beno, bagoaz –esan zion Lizasok ertzainari.

—Zergatik? –ertzainak erantzun.

—Positibo 0,8tik aurrera delako eta nik 0,8 eman dudalako.

—Zer nahi duzu, sinpatiagatik joaten uztea?

—Ez. Nik ez dut zureganako sinpatiarik, eta ez dizut eskatu nirekikorik izan dezazun.

Uste baino gehiago kostatu behar zitzaien etxeratzea. Ertzaina ez zegoen aldarte oneko, eta Lizaso ere pixkanaka nekatzen hasita zegoen. Ertzainen artean bazen bat Lizasok ezaguna zuena:

—Aizu, zertan zabiltzate? –Lizasok hari.

—Aginduak goitik jasotzen ditugu, eta guk bete baino ez dugu egiten.

Egañak, kopilotoaren lekutik, leihoa zabaldu zuen, burua atera, gora begira jarri eta:

—Ez. Hemen goian ez dago inor, edo denak lo daude! –gauaren iluntasunari begira.

Eztabaidan ari ziren hartan beste kotxe bat geratu zuten. Zutik egoten nahikoa lan bazuen autotik atera zen gidariak. Mozkortuta hura zegoela esan zien Lizasok eta ez bera.

Egunaren argia gero eta gertuagoa zegoen, eta bi bertsolariak, oraindik, kontrolean.

—Noiz arte egon behar duzue hemen? –Egañak galdetu zien ertzainei.

—Zer ba?

—Izan ere, laster hemendik pasatu behar dut berriro, eta zuek ez harrapatzeko da.

“Esan nien barrurik ez zutela, gu goizeko ordu horietan han edukitzeagatik eta eurengatik etxera beranduagoa helduko ginelako. Gainera, bertsotan irabazitako di-rua kendu behar baziguten, etxetik botako gintuztela ere esan nien. Denboralea eduki gintuzten. Andonik zioen positibo baskulan ere emango nuela”.

Bergara eta Azpeitia

Jesus Alberdi Egileor, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano joan ziren Bergarara, pentekostesetan, astelehena zenean. Elkarte batean egin zuten hitzordua udaletxeko ordezkari batekin. Azaldu zitzaien sinatu beharreko paperekin eta jaso beharreko diruarekin.

Gosaldu eta, orduak jo zuenean, abiatu ziren plazara, kantatzeko lekura. Oholtzara igo eta plaza guztian bat egoteko bat falta!

—Hemen ezingo dugu ba kantatu –esan zion Laz-kanok udaletxekoari.

—Gero txaranga egongo denez, ez da denborarik izango. Hogei minutu dituzue. Kantatu gabe ez dago dirurik, nahi baduzue bana kantatu.

—Zer?! Ni etxera noa. Gizona etorri da lanak utzita eta zeini kantatu behar diogu, aurreko posteari?

—Nik ordaintzeko justifikatu beharra daukat –berean jarraitzen zuen ordezkariak.

Egileorrek eta Agirrek lasaiago hartu zuten.

—Soldata errazago non irabaziko dugu? Bat kantatu eta kobratu –egin zion aipamena Egileorrek.

—Igual duk, ohoreari ere begiratu beharko zioagu. Hau barre egitea duk –haserretu zen pixka bat Lazkano.

—Kantatu egingo diagu.

—Hasi ba!

Plaza hutsik, eta hiru horiek bertsotan. Halako batean balkoi batetik pertsiana hotsa; norbait zabaltzen ari zen. “Bat behintzat, akordatu zaigu”, pentsatu zuen Lazka-nok. Gora begiratu eta hara, azpeitiar bat! Bertso erdi bat entzuterako ezkutatu zen berriro. Bertsolariak bakarrik berriz ere. Nola edo hala egin zuten saioa, kobratu eta joan ziren handik.

Handik urtebetera-edo, bertso saio batean izanda iritsi ziren Agirre eta Lazkano herrira. Agirrek kotxea Patxo tabernako atarian zuen.

—Zer egingo dugu, trago bat hartu? –Lazkanok.

—Igual! –baiezko sutilarekin erantzun Agirrek. Kotxearen aitzakian sartu ziren Patxorenera. Kuadrila bat zegoen bertan, sasoiko jendea, mendian eguna pasatzen ibilitakoa, haiek ere azkeneko tragoa hartzen, erdi ukituta. Tartean zein tokatuko eta Bergarako azpeitiar hura.

—Joño! Hemen bertsolariak. Kantaidazue bertso bat –eskatu zien.

—Hiri bertsoa? Hik ez daukak kategoriarik gure bertso bat ere entzuteko –erantzun zion Bergarako plaza huts hura buruko pantailan ikusten ari zen Lazkanok.

—Zergatik? –galdetu zuten azpeitiar haren lagunek.

—Zergatik? –ondoren gertatutakoa kontatu zien Lazkanok, eta azpeitiar hari zuzenduta jarraitu zuen–. Hiri ez dik bertsoak ezer esaten, eta orain erdi txispatuta eta umorean hagoelako guri bertsoa eskatzen? Han huen aukera ederra eta, orduan, atea itxi eta desprezioa egin hioan bertsoari. Seko lotsatuta geratu zen herritar hura lagunen barre algaren erdian. Handik urtebetera edo bira, Bergarako frontoian jaialdi handia zegoen, eta han zen Lazkano. Sartzen ari zela, azpeitiar hark egin zion buila:

—Hi, gaur hemen nauk, eh?

—Oso ondo, ari haiz ikasten –erantzun zion Lazkanok.

Estresa izango zen

Hasiberritan zen. 1995. urtea zen, Donostian Artzain Ona elizan gose greba egin behar zuten garaia. Donos-tian manifestazioa egin behar zuten eta bina bertso kantatzeko deitu zituzten Haritz Etxeberria Ministro eta Jokin Uranga. Iritsi zen eguna, eta bi gazteak —15 urte zituzten—, sartu ziren autobusean. Azpeititik Donos-tiara bitartean lau bertsoak idatzi zituzten. Erabaki zuten Uranga hasiko zela, txandan egiteko.

Bulebarrean zuten hitzordua, eta autobusetik jaitsita abiatu ziren hara. Bertaratu zirenean, norbaitek Artzain Onera bidali zituen, han kantatu behar zutela-eta. Ba-zihoazen. Ministrok bazekien non zegoen, baina Uran-gak, itxura denez, ez, eta lagunak zekienik ere ez zuen pentsatuko. Larritasun hartan, Urangak “jo-eta andre bati poltsatik helduta eta tiraka”:

—Señora, señora, ¿dónde está Buen

—Señora, señora, ¿dónde está Buen Pastor? –Urangak emakume bati.

—¡Que me están robando! –emakumeak, lapurretan ari zitzaielakoan, larrituta. Ministrok Urangari besotik tiraka, “hau dela, hemen dagoela!”. Eta Artzain Ona hantxe, errepidearen bestaldean, euren aurrean, handi-handia.

Igaro zuten errepidea, eta sartu ziren elizara. Han “egundoko neska gaztea” zegoen. Izena: Alaitz. Biak “flipatzen” eta, hartan ari zirela, Bulebarrera joan behar zutela esan zien Alaitzek. Berandu zebiltzan. Lasterka batean elizatik atera ziren, eta justu-justu manifestazioa bukatzen ari zela iritsi ziren. “Sirena hotsak eta jende asko” zegoela dio Urangak.

Auto baten megafonotik kantatu behar zuten, egurrezko aldare txiki batera igota. Ez ziren kabitzen; horren zen txikia, batak bestearen atzean egon behar zuela, eta aurrekoak atzekoa ezin zuela ikusi. Txanda aldaketa ere kontuz egin behar zuten leku faltan. Adostu bezala, hasi zen Uranga bertsoarekin. Ministro, ondoren. Berriro, Uranga. “Jendea? Piloa!”, gogorarazten du Urangak. Bukatu zuen bigarren bertsoa, buelta eman eta Ministro falta! “Baina, bina kantatu behar genitian-eta!”, bere artean Urangak. Bitartean emakume batek behetik:

—Aizu, jaitsi zure laguna hemen dago!

Han ikusi zuen Urangak Ministro banku batean luze-luze, etzanda, zorabiatuta.

Lazkao Txikiren umorea

Elizan egin ohi ziren saioak, Elosun, Xabier Zubizarreta bertako apaiz zela. Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki zen, beste zenbaiten artean, kantuan aritzekoa. Laxaro Azkunek gogoan du tartean zirela Imanol Lazkano, Jesus Alberdi Egileor, Jose Luis Gorrotxategi eta beste pare bat gazte —Anjel Mari Peñagarikano eta Sebastian Lizaso izan zitezkeen—.

Kontua da, astean zehar antolatzaileei irratian elkarrizketa egin ziela Azkunek berak, eta oso haserre zeudela karteletan, inprimategikoen erruz, Lazkao Txikiren ize-na agertzen ez zelako.

Iritsi zen Azkune Elosura. Bertsolariak ere hasi ziren azaltzen, eta lehenengoetakoa izan zen Lazkao Txiki. Hor bota zion erdi bromatan Azkunek: “Ez daukak kantatzerik, ez haute kartelean jarri”.

Haserretu zitzaion gizona, eta bazihoala etxera. Uste-kabeko hark larrituta hasi zitzaion Azkune broma zela esanez, gozoak zeudela antolatzaileak bere izena karteletan agertzen ez zelako. Irratiz ere esan zutela bera kantuan izango zela eta lasai egoteko, baina alferrik, ezin sosegatu Lazkao Txiki. Hala behintzat, lortu zuten saioan kanta zezan.

Lehendabizikotik, umore ukituko saio batean, bertso polit batzuk bota zituen eta jendea txaloka jarri zuen. Polita atera zen, ondorengo guztia bezala. Saioan zehar ondo pasatu zuten. Bukatu ondoren, txiste kontatzen hasi zen Lazkao Txiki, eta beste ordubetez denak barrez. “Damutu nintzen hamaika aldiz nire broma tontoa egin izana, baina ez dakit gero onerako ez ote zen gertatu”, dio Azkunek.

Bertsolaritzagatik

Leire Ostolaza gazterik hasi zen bertso eskolak ematen: 1997an, 19 urte zituela. Azkoitiko Eroskin lanean hasita zegoen ordurako, eta enkargatuarekin tratua egin zuen eskolak eman ahal izateko: arratsaldeko hiruretan sartzen zen lanera, lauretan ateratzeko; Azpeitira itzuli, bertso eskolak eman eta bostetarako lanera joaten zen berriro. Joan-etorriak stopean egiten zituen, eta lanean galdutako ordua lanetik ordubete beranduago irtenda errekuperatzen zuen.

Ospa azkar

Hanka-sartzea egitean nahi izaten da ingurutik azkar alde egitea. Baita kuadrila honek ere. Juan Jose Loidi-Saletxe Matxinbentako lagunartearekin joaten da kantura santa eske egunetan. Behin, ibilaldia egin eta iritsi ziren Matxinbenta auzora. Ordurako nahikoa janda eta edanda zeuden; “nahiko bustita”, dio berak. Etxe baten atarian zeudela lagun batzuk hasi ziren aurkitutako gauzekin-eta jolasean. Loidi-Saletxe serio-demonio etxeko andreari bertsotan. Nahiko kopla txukunak kantatzen, gainera: “.../nahiz eta agintariek jarri hainbat arau eta lege / ohitura zaharrei bizirik irauten matxinbentarrak errege”, eta halakoak.

Derrepentean etxeko andrea hasi zitzaien kurrixka batean: “Hori ez! Hori ez!”. Loidi-Saletxe beldurtu zen lagunek zerbait egin ote zuten, eta andre hura isiltzen ez. “Neure artean pentsatzen nuen: ‘ez ote duk isilduko’”. Deskuidatuta zebilen bertsolaria. Etxeko andrea berari ari zitzaion errietan. Itxura denez, etxe hartako mutil zaharrari ‘Errege’ ezizenez deitzen zioten, eta haiei batere gustatzen ez. Loidi-Saletxe bera izango zen horren berri ez zekien bakarra: “Agudo alde egin genuen handik”.

Garaiak

Egoera ederrak bai, baina aluak ere pasatutakoa da Joxe Lizaso. “Gu hasi ginen garai hartan, zuei iruditzen al zaizue pertsona ibili litekeela gu ibili ginen moduan? Saio egunaren bezperatik irten, autobusak, trenak, topoak eta diren garraiobide guztiak hartu herri batera iristeko, atzera iluntzerako etxera bueltatuko garen segurantziarik gabe! Gaur kantatzera joatea ez da ezer!”.

Itzala

Francoren denboran Jon Azpillaga eta Jon Lopategi kantatzera debekatuta eduki zituzten, denbora askoan. Haiek ziren “erreboluzionarioak”. Ondarruko herria, berriz, oso beroa zen.

Deitu zieten Ondarrutik Joxe Agirreri eta Imanol Lazkanori. Norbaitek Bilboko gobernadorearekin hitz egin zuela eta Azpillagak eta Lopategik kantatzeko baimena zutela esan zien. Horregatik, larunbateko jaialdian haiekin kantatzerik nahi zuten galdetu zieten, eta Lazkanok-eta, jakina, baietz. Joan ziren Ondarrura ilusioz, eta heldu bezain laster jakin zuten arazoak zeudela: Azpillagari eta Lopategiri ez zioten uzten kantatzen, baimenik iritsi ez zelako eta, gainera, “¡ojo al cristo!” ibiltzeko. “Zuek ikusi kantatu edo ez, zuen esku dago”, esan zieten antolatzaileek azpeitiarrei. Lazkanok orduan Agi-rreri:

—Bi aukera ditiagu: bat, protesta moduan lagunak galdu ditugula-eta batere ez kantatu; eta bi, irten eta oraindik esan direnak baino handiagoak esan, Lopategi eta Azpillagak esan dituztenak baino handiagoak. Bietako bat.

Jaialdia Ondarruko zine areto batean zen. Mahats sor-ta bezala beteta zegoen, leporaino. “Hotzikara ematen zuen sartzeak ere, hango Gora ETA! eta hango burrundara”.

Erabaki zuten. Irten eta handiagoak ez zituzten esan, akordatzen ez zirelako. Entzuleen artetik Azpillaga hu-rreratu zitzaien saioa bukatu zutenean:

—Uste diat azkeneko saio duzuela zuek gaurko hau. Gaur gaua polizia etxean pasatuko duzue. Ondarru da-goen bezala, gainera, norbait egongo zuan hor, aluren bat!

Lazkanok aitortzen du han berotan baietz, baina gero zer pentsatua eman ziela. Hala ere, kafe bat hartzera joan ziren taberna batera. Arrantzale batek: “Oraindik hemen al zaudete? Alde hemendik azkar! Harrapatuko zaituztete!”. Beharko! Gau hartan Lazkanok ez zuen lorik egin.

Igande goizean emaztea eta umeak hartuta eguna kanpoan pasatu zuen Lazkanok berak. Ondarrutik hamaika dei jaso zituen Lazkanotarren etxeko telefonoak, baina ezertarako ez. Azkenean, Joxe Lizasori deitu zioten:

—Lazkanoren berririk?

—Ez diat gaurkorik.

—Kartzelan egongo duk. Atzo hemen izan zuan jaialdian, eta antolatzen ibili den talde guztia barrura eraman ditek. Lazkanori deika ari nauk eta ez dik hartzen. Biak eramango zitiztean: Lazkano eta Agirre.

Agirrenean, artean, ez zen telefonorik eta haren berri jakitea zaila zuten. Lizasoren emazte Juli Iraolak beste hamaika dei egin zituen eta hari ere inork erantzuten ez. Kartzelan zeudela sinestera iritsi ziren, harik eta Lizasok kotxe baten burrundara ezagutu zuen arte. Lazkano etxera iristerako telefonoa deiadarka ari zitzaion:

—Bizi al haiz?

—Zer ba?

—Egun ederra pasarazi didak.

—Zer duk ba?

—Atzo zer ibili zarete Ondarru alde horretan?

—Han izan gintuan.

—Han ibili? Antolatzaile guztiak barrura eraman ditiztek. Zuen bila ariko duk Guardia Zibila!

—Nire bila ari balira honezkero aurkitu ninditean –esan eta bukatu zuen Lazkanok.

Hurrengo goizean Azpillagak deitu zion lasai egoteko esanez, antolatzaileen taldeko bi askatu zituztela eta jaialdiari buruzko galdera batere ez zietela egin. Nonbait, beste istorio batengatik sartu zituzten barrura haiek.

Kalabozoan (II)

Joxe Agirre bertsolariaren tokian beste bat eraman zuten, erraturik. Atxilotutakoa ere, izen abizen berekoa zen, Joxe Agirre, baina urrestildarra zen izatez. Joxe Agirre, bertsolaria, Bizkaian zegoen kantura joanda. Gaueko ordubi eta erdiak inguruan heldu zen Azpeitira. Gerratxikiko Eugenio Gurrutxaga Begi-haundi taxista ibiltzen zenak eman zion guardia zibilak bere bila zebiltzanaren abisua. Etxera joanez gero, agian, zain izango zituela esan zion eta hobe zuela lagun batekin joatea. Begi-Haundik lagundu zion —oraindik hamarretakoa zor omen dio Agirrek horregatik—. Etxera joan zirenean, ez zeuden han poliziak. Bere burua aurkeztea hobe izango zuela-eta etxekoak agurtu eta Donostiara abiatu zen. Errepide nagusira heltzerako topatu zituen guardia zibilak. Aurkeztu zitzaien eta preso eraman zuten.

Donostian, Antiguako kuarteleko kalabozoan sartu zuten, lizun usaineko ohe moduko bat zegoen zelda batean: “Gaur ibili dugun tratuarekin orain ohe honetan lo egin behar al diat? Auskalo nork ibili dituen manta horiek...”, pentsatu zuen berekiko Agirrek.

Zerbait behar bazuen, txirrina jotzeko esan zion zaintzaileak, eta argia itzali zuten. Derrepentean, nerbioek eraginda-edo, txizagura etorri zitzaion. Ahal zuen guztia aguantatu zuen, baina ezin; lehertu behar zuen. Jo zuen txirrina, “ez al nau muturrean joko, behintzat”, pentsatuta. Hirugarrengo deialdian agertu zitzaion. Egin zuen: “Hura deskantsua hartu nuena”.

Eguna zabaldu bezain pronto joan zitzaion gizonezko bat, Joxe Lizaso ezagutzen al zuen galdezka. Baietz, eta erantzutearekin batera eraman zuten Lizasoren ondora. Poz hartu zuten biek ere. Bi guardia zibil joaten zitzaizkien tarteka galdeketak egitera: “Batek onaren papera egiten zuen, eta besteak putakumearena. Sei ordu bezala, sei hilabete edo sei urte pasatuko genituela esaten ziguten. Zer desafio alu hark...”.

Norbait hiltzea baino delitu handiagoa egin zutela esan zieten: autoritateari gaizki esaka jardutea. “Amezketako gorabehera izan zen guztia, eta errua bertako alkateak zeukan. Foruak kendu zituztela eta herrietako alkateak Bergarara joanak ziren, baina hura ez, Amezketakoa ez. Horren inguruan kantatzeko eskatu zigun hark, eta hori izan zen gure bekatua. Gaizki hartu zuten esandakoa eta ez zen beste motiborik izan. Mikel Mendizabal eta Xabier Zeberio ere han ziren afaltzera joanak. Ez dakit ba muturra berotu eta zer esango zuten, denbora dezente egin zuten-eta barruan. Espainiako erregea bazterrean lotu eta siestara joango zirela eta halako kontuak ibili omen zituzten”. Agirrek 13 bat ordu egin zituen ziegan.

Hiru urte-edo izango dira Agirrek alkate harekin topo egin zuela. Bedaion, maiatzaren egun batez, bertsotara joan zen Agirre. Amezketako alkate zena azaldu zi-tzaion, “zeharo zahartuta”. Berak ez zuela zerikusirik eta bakeak egin nahi zituela esan zion. Baita Lizasorekin ere.

“Lehen ere bidea ederki topatu zutela eta orain ere, Lizaso topatu nahi bazuen, bazekiela nora joan esan nion. Erdi negarrez, eskua emateko esaten zidan, eta nik ez nuen nahi. Azkenean, errukituta eman egin nion. Halaxe alde egin zuen. Ez da denbora asko hil zela”.

Izorratzen

Akilino Izagirre Zepai zena zeharo haserretu zitzaion behin Joxe Mari Iriondori: “Gai-jartzaileok ari zarete bertsolaritza izorratzen: jaialdi batean zergatik aldatu behar dira doinuak horrenbeste?!”.

Alabarena

Leire Ostolazak gustuko bertso asko ditu, baina horien artean badu bat berezia. Andoni Egañak Burua gaiari 1997ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian kantatutako hauxe:

Batzutan da argia bestetan iluna, batzutan pilakoa bestetan astuna, kanpoan du ilea barruan garuna, lepo gainean denok daukagun laguna, gehiegik gutxiegi erabiltzen duna.

Soinu aldetik ez dio ikaragarria denik irizten Osto-lazak; adibidez, Domingo kanpaina-rena askoz hobea deritzo, baina gustuko izatearen arrazoia bestelakoa da, politagoa: “Gure umeari mila kantu kantatzen dizkiogu, izan Pintxo-Pintxo, txindata... eta ‘ez’ esaten digu. Bertso hori kantatzen diot, eta ‘berriz’ esaten dit”.

Bada arrazoia.

Eskean alferrik

Imanol Lazkanok eta Jose Luis Gorrotxategik bertsotatik bueltan zetozela Hernanin zerbait hartzen geratzea pentsatu zuten. Tabernan zeudela, ezagun bat gerturatu zitzaien. Bertsoa kantatzeko eskea bazuen. Beste biek, berriz, ez nahi, nahiko bertso egitetik zetozela-eta. Hark, ordea, segitu temati eta, bakeak gehiago balio zuelako, hasi ziren bertsotan. Kantuan hastea nahikoa izan zen ezagun hura lagunarengana joan eta hizketan hasteko. Bertsotan ari ziren bitartean ez zen akordatu kantuan ala negarrez ari ziren. Adarra jotzen ari zitzaielakoan isildu ziren biak. Gorrotxategik une txar bezala gogoratzen du pasadizoa.

Min hartzeko manerak

‘Hirugarrengoan bai’. Beste behin ere bete egin zen esamolde kurioso hori Juan Jose Loidi-Saletxerekin. Dena den, bigarrengo aldian gertatutakoa da hau.

Osinalde Sarira bigarrengo aldiz aurkeztu zen. Saioa amaitu eta puntuazioa esan zutenean ezohiko gertaera gertatu zen: Xabier Euzkitze, Jexux Mari Jauregi Altzo Txiki eta Loidi-Saletxe puntutan berdinduta geratu ziren. Beraz, irabazlea batek izan behar zuelako, hiruren artean jarraitu zuten bertsotan. Oraingoan ere ez zuten irabazlerik lortu. Euzkitzek eta Loidi-Saletxek puntu sorta bera lortu zuten. Iñaki Murua gai-jartzaileak, gau guztian horrela jarraituko zutela-eta, onena zotz egin eta bederatzi puntuko bertso bana botatzea zela erabaki zuen. Hortik aterako zen txapelduna. Euzkitzek irabazi zuen, “ondo irabazita, gainera”, akordatzen da Loidi-Saletxe.

Irabazlea erabakita tabernara joan ziren zerbait hartzera, eta han Loidi-Saletxek jende artetik bere izena entzun zuen. Horrelakoetan belarria jartzea izaten da erreakziorik normalena. Esaldi bat errezildarrez bota zuela eta, euskara batuan esan izan balu, berak irabaziko zukeela zioen epaimahaiko kide batek. Txapela modu hartara galtzeak baino min handiagoa eman zion hura entzuteak. Dena den, hirugarrengoan bai; hirugarren-goan berak irabazi zuen.

Hitz ustelak

Jon Enbeitari omenaldia egin behar zioten, Donostian. Joxe Lizasok eta Imanol Lazkanok Oñatibiaren deia jaso zuten. Xalbadorri buruzko kontu alaiak zekartzan: Gipuzkoako gobernadorearen aginduz, Xalbadorrek debekatua zuen Donostiara joatea. Iheslarien aldeko paperen bat sinatu zuelako, uste du Lazkanok. Baina, Oñatibiaren esanetan, Donostiara eramateko aukerak baziren.

‘Villa’ deitzen zioten Gobernu Zibilean punta-puntan zegoenari, eta hark ematen zituen baimenak. Oñatibiak Villarekin hitz egin zuen, eta bi lekuko eramaten bazizkion —zikindu gabeko bi bertsolari—, eta hauek Xalba-dor gizon zintzoa eta politikan ezer egin gabekoa zela aitortzen bazuten, esan zion utziko ziola Donostian sartzen. Horregatik, deitu zien Joxe Lizasori eta Lazkanori ea joateko prest agertuko al ziren, eta hauek baietz, lagun bategatik egingo zutela. Gobernu Zibileko bulegoak Donostiako udaletxearen aurrean zeuden, bosgarren solairuan. Joan ziren hirurak, aurkeztu ziren Lizaso eta Lazkano, eskua eman eta:

—¿Quieren un café?

—No –gosaldu berriak zeuden.

—¿Con que ustedes son los bersolaris, eh?

—Pues, sí.

“Hori da rapapolboa bota ziguna jarraian! Euskal He-rriko kantzerra ginela, hazi txarra zabaltzen ari ginela...; jesukristorenak entzun genituen. Hark bazekien zeintzuk joan ginen. Xalbadorren berri aitatu ere ez”, dio Laz-kanok. Oñatibia, alboan, isil-isilik zegoen, Villa horrek bukatu zuen arte:

—¿Y lo de Xalbador qué? –Oñatibiak.

—¡Si ya te dije que podía cantar! ¡Pero que ande con cuidado!

“Gure aurrean ondo geratzeko galdetu zion. Egundoko faena egin zigun, pena eman zidan; ez nion sekula barkatu. Oñatibiak bere burua abertzaletzat saltzen zuen, baina hura pelota eginez ibiltzen zen, eta goialdeko esferatan ondo kokatuta egoten zen”. Villaren gelatik atera, eta igogailuan hirurak batera jaitsi ziren, isilik. Hura alde batera, eta bertsolariak bestera abiatu ziren, elkar agurtu ere egin gabe. “Jaialdira agertu ere ez zen egin. Villa hark pare bat bertsolari eramateko eskatu zion, eta gu eraman gintuen. Horixe besterik ez zuen egin”.

Elizako eskaria

Mutil kozkor batek eliza oso bat aztoratu zuen behin. Sebastian Lizasok. Artean “bertsotan natural” hasi gabe zegoen.

Igande batez, gazteen festak zirela-eta, elizan bi bertso kantatzeko eskatu zioten Lizasori; 14 urte zituen. Ezezkorik eman gabe elizarainokoa egin zuen, aitak prestatutako bi bertsorekin. Alferrik egin zizkion bertsoak, elizan zegoela Don Jose Maria apaizak esan ziolako bertso baten bidez zerbait eskatu behar zuela eta beste baten bidez zerbait eman. Bertsoak aldatu eta aurrenekoa kantatzera joan zen. Ederki heldu zion gaiari: Euskal Herriarentzako askatasuna eskatu zuen. Eskertza garaia iritsi zenean bigarrengoa kantatzera deitu zuen Don Jose Mariak Lizaso, baina Don Juan Bautistak gaztea aldaretik bidali eta berak bota zuen bertsoa.

Orduko bertsolarien kantuak nola, heldu zen jendearengana Sebastian Lizasoren aurreneko bertsoa hala; txarrerako, ordea. Dirudienez, ez zitzaien batere gustatu aurreneko bertsoan Lizasok eskatutakoa. Astelehenean, eskolatik etxera bueltan iritsi zitzaion kuartelera joateko abisua. Artean, Posada Informazio sarjentua bizi zen. Zer gertatu zen kontatzeko eskatu zion Posadak, eta Lizasok erantzun zion ez zekiela ezer. Sarjentuak berriro galdetu zion, denaren berri ederki zekien arren. Lizasok, ordea, oraindik eta erantzun garbiagoa eman zion: galdetzeko Don Juan Bautistari, berak ez zekiela-eta ezer.

“Don Juan Bautistari esker egin nuen kuartelerako lehenengo buelta. Harrezkero, behin baino gehiagotan bota izan diot aurpegira, eta berak ezer ez zuela egin esan izan dit, maleziarekin ez, behintzat”.

Omenaldia

Joxe Agirreri Donostian egin zioten omenaldia. Karmelo Balda pilotalekua jendez bete zen. Erronkarik jotzea ez du gogoko, baina harro egoteko moduan dagoela dio. “Andrea ere han zen, eta seme-alabak. Jarrita egotea baino ez zen, baina bukaeran eskerrak emateko bertsoa kantatu behar nuen. Hura gogorra! Bihotza taupa eta taupa”.

Biluzik

Ez da gauza bera gai-jartzaile taldeak jarritako gaien bermearekin txapelketako aurkezle izatea, edo bakoitzak jarritako gaien erantzule bakarra izatea; hau da, gai-jartzaile izatea. Zestoan, herritik gertu egin zuen Laxaro Azkunek bere lehendabizikoetako gai-jartze lana, bertso jaialdi batean. Saioa herrena atera zen, “nahiko txarra”. Bukaeran ez zegoen lasai eta saio ondoren, ohi bezala, tragoa hartzera joan eta saioa izan zuten hizpide. Azku-nek, bere burua zuritu nahian-edo, esan zion Xabier Amurizari:

—Gaiak ere ez zitean behar bada lagunduko.

—Ez, gaiak ere ez dituk izan punta-puntakoak –hark erantzun.

Esan beharrik ez dago gau hartan damutu zela gai-jartzaile izanaz. “Handik aurrera ere, ordea, urtero deitzen zidaten Zestoako antolatzaileek, eta izan ziren saio ho-beak gerora, zorionez”.

Lau 100 kilotan

Dozena bat urte edo gehiago pasatu dira Joxe Agirre, Joxe Lizaso, Imanol Lazkano, Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki eta Jose Luis Gorrotxategi Bergaran saioa egitera deitu zituztenetik. Bergaran bertan, Antxonirenean afalduko zutela-eta joan ziren. Han topatu zuten bertso zale bat:

—Zer, nonbaitetik bueltan?

—Ez, oraintxe hona afaltzera.

—Bai, baina nondik bueltan?

—Ez, hemen kantatzeko.

—Non?

—Hemen, frontoian.

—Deskuidatuta etorriko zineten. Gaur ez dago ezer.

—Bai, bai. Gaur jaialdia da.

—Zeintzuk?

—Gu laurok eta Lazkao Txiki bai, behintzat. Taberna hartan inork ez zekien ezer. Frontoira gerturatu ziren eta hango montajea, hango altabozak, hango argiak... Frontoi handia bai, baina 80 lagun “100 kiloko lau lagun” eta Lazkao Txikiren aurrera. Nonbait, propaganda egitea ahaztu zitzaien antolatzaileei. Egindakoaz ohartu zirenean lehengusuak, kuadrilakoak... bildu eta osatu zituzten 80 lagunak.

Elias Goñi

Leire Ostolazak, 14 urte zituela, bertsoak gogoko zituen, idatzi egiten zituen, eta besteenak buruz ikasi ere bai. Bat-bateko kantuan hastea, ordea, ez zitzaion bere kabuz etorri. Elias Goñi, Ostolazaren Filosofiako irakaslea zen. Ez zituen bertsoak gehiegi ezagutzen, baina jendeak telebistarekiko zuen dependentziaz nazkaturik zegoen. Horri buelta emateko zerbaiten bila zebilen, eta topatu zuen: bertsoa. Irakasle hark bertsoentzako beste inork baino lan gehiago egin zuen. Klasean eman beharreko ikasgaiaren orria zabaldu eta hura bertsotara pasatzeko ariketa jartzen zien. Ondoren, kantatu egiten zuten, eta ondo kantatzen zuenari 10 jartzen zion; gaizki kantatzen zuenari 5; eta kantatzen ez zuenari 0. Beste batean, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso eraman zituen gelara, eta beste batean, Xabier Euzkitze jarri zuen bertso eskolak ematen.

Eskolarteko txapelketa garaia zetorren. Goñik, inori ezer esan gabe, ikasle baten izena eman, eta isilik gorde zuen. Txapelketa hasteko bi aste falta zirenean esan zion Ostolazari: “Leire, Legazpira joan behar duzu”. Irakasle hark eman zuen Ostolazaren izena. “Zoroaldi kolektiboa izan zen. Ondorengo bi aste haiek bertsoak idazten pasatu nituen, eta gelakideek, berriz, niri gaiak jartzen”. Gipuzkoako finaleraino iritsi eta bigarren egin zuen. Geroztik, gazte sariketetarako deiak jaso zituen, eta bertsotan asko egindakoa da. “Neuk ez nuen erabaki bat-bateko bertsolari izan nahi nuenik. Konbentzitu gabe ibili naiz, erdi sufritzen. Asko ere eman dit”.

Aginduak

Joxe Mari Iriondori, bertsolariari gai bat eman eta “hiru bertso” edo “lau bertso” agintzea gogorra egin izan zaio beti. Donostiako jaialdi batean, Joxe Joakin Mitxelenari gaia jarri eta “hiru bertso, Mitxelena” agindu zion. Hau erabat haserretu zen:

—Gaiak ematen denbora gehiago pasatzen duzue bertsolariak bertsotan baino!”.

—Bueno ba, nahi dituzun bertso denak bota, Joxe Joakin –erantzun zion Iriondok.

Eta bi baino ez zituen bota. “Ez dakit kaskailukeriz ala gehiago etorri ez zitzaiolako izango zen”.

Argazkiaren alde zuria eta beltza

Egin izanak ala egin ez izanak, zerk dakar damu handiagoa? Ez da erantzun errazeko galdera. Izan zitekeen bertsolarientzako gai bat. Hala balitz, Juan Jose Loidi-Saletxek gaiari nondik heldu izango zuen.

.1981a zen, 21 urterekin soldadutara eraman zuten ur-tea. Urte berean aita zena Antonio Mari Eizmendiri omenaldia egin behar zioten, Donostian, Karmelo Balda frontoian. Kontu hori zela-eta egun batzuetarako etxeratzeko baimena eman zioten soldadutzatik.

Orduko omenaldietan bertsolari askok hartzen zuten parte. Gehienek hasierako agurra kantatzen zuten, eta gero batzuek ofizioka jarraitzen zuten. Hala behintzat, Loidi-Saletxe tartean sartu zuten, agurra kanta zezan proposatu ziotelako. “Azkenean, engainatu ninduten”, dio berak. Kantatu zuen agur hori eta egin zuen zoriz, oholtzatik jaitsi eta goiko harmailetako azkeneko eserlekuraino joan zen. Han pasatu zuen saio guztia.

Oraindik ere etxeko salatxoan duen argazkiari hamaika begiratu ematen dizkio Loidi-Saletxek. Harro batetik, eta triste bestetik. Handia da kuadroa. Zuri-beltzekoa. Bikaina. Bertsolari multzoa, denak batera agertzen dira, Loidi-Saletxe aitaren bueltan: Joxe Migel Iztueta Lazkao Txiki, Joxe Joakin Mitxelena, Joxe Lizaso, Sebastian Lizaso, Imanol Lazkano, Xabier Amuriza... Multzoa bai, baina bat falta: ezkutuan zegoen semea, Juan Jose Loidi-Saletxe. “Geroztik beti izan dut pena aitaren omenaldian kantatu zuten guztiak biltzen diren argazki horretan ni ez egoteagatik”.

Euskal Herriko Bertsolari Elkartea

Euskal Herriko Bertsolari —gero Bertsozale— Elkarte-ak krisi garaia bizi zuen 80ko hamarkada bukaera eta 90eko hasieratan. Aurrez irabazitako diru guztiak xahutu zituzten eta, artean, elkartean proeiktu handi eta interesgarriak zituzten mahai gainean. Eusko Jaurlaritzare-kin giro txarra zuten, elkartea “baztertuta” zeukaten agintariek, elkartekoek dioetenez. Gainera, “EAJren inguruan egin zuten halako lan bat gure kontra. ETA-koak ginela leporatu ziguten idatzi batean. Gaizki esaka jardun zuten, guri min egin nahian”, dio Lazkanok.

.1991n, Joseba Arregi Jaurlaritzako Kultura sailburu jarri zutenean, bertso elkartea indarra hartzen hasita zegoen: Jon Lopategik txapela irabazi zuen 1989an; Anjel Mari Peñagarikanok Gipuzkoakoa 1991n; Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Xabier Euzkitze azaltzen hasita zeuden... Arregik bazkari batera gonbidatu zituen, eta elkartetik Jexux Murua, Koldo Tapia eta Lazkano joan ziren. Bazkari ederra eman zieten. Kafe garaian hasi ziren proiektuez hitz egiten: hiru zituzten elkartekoek, eta aurrekontu eta guzti aurkeztu zizkioten Arregiri; 12 milioi pezeta ziren denera. “Gustatzen zitzaizkiola eta ‘aurrera’, esan zigun. Mutil kozkorra zapata berriekin bezala etorri ginen etxera”, dio Lazkanok.

Tapia udaletxeko langilea zen garai haietan, eta lanpostu finkoa zuen, baina proiektuak aurrera ateratzeko lana uztea nahiago izan zuen. Aurrera egin ahala, zorrak handik eta hemendik egin zituztenean, “ez genuen pezetarik ikusi!”. Jaurlaritzarekin beste bilera bat egiterik ez zuten lortu. Eusebio Larrañagarengandik igaro behar zuten Arregirengana iristeko, baina Larrañagak deialdi bakoitzeko “aitzakia” bat jartzen zien, eta hantxe moztu. “200 aldiz deituko zion Koldok; alferrik. Izugarri gaizki pasatu genuen”. Baina Euskal Herrian beste enpresa batean ez zen horrelakorik gertatuko: “Jexux Muruak eta Koldo Tapiak batzordekooi Gizarte Segurantzan baja eman, eta doan lan egin nahi zutela esan ziguten. Kasua da hori: langileak eskatu hori!”. Emazteek lana egiten zutela eta hartatik iraungo zutela esan, eta kobratu gabe aritu ziren lanean. Ez debalde, ordea, elkarteak pixkanaka gora egin zuelako.

Hala ere, elkarteari egundoko bizitasuna eman ziona Egañaren lehenengo txapela izan zen, 1993ko Txapelketa Nagusikoa. “Ordura arte, elkartearekin-eta ez zen askorik busti Egaña, baina txapel hura irabazi eta hurrengo egunean lehenengo lana elkartera agertzea egin zuen. ‘Barkaidazue orain arte edukitako ibilia, baina hemen txapelduna. Zer eman diezaioket txapeldun bezala elkarteari?’, esan zigun”. Sarasua ere elkartearen inguruan ibiltzen hasita zegoen. Azkenean, “biak sartu ziren batzordean eta lana egin zuten... izugarri! Eskerrak! Elkartea desagertzear zegoela egundoko bultzada eman zioten, bai haiek, baita inguruan bildutakoek ere”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak