Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2010ko abuztuek 1,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Urolaldeko Bertso Zaharrak »  27. Bertso berriak Azpeitiko Urkamendiaren gainean jarriak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

27. Bertso berriak Azpeitiko Urkamendiaren gainean jarriak

Etxeberritxo



1898. urtean, Aiako Muatz baserrian, seme batek bere aita hil zuen. Gero, detenitua eta urkatua izan zen Azpeitiko Urkamendin, gaur Institutua/Urola Ikastola dagoen tontorrean. Etxeberritxo jende artean omen zegoen. Tejeriaren bukaera ikusten. Bertso hauek jarri eta argitaratu zituen, sei mila ale salduz azoka egun batean.

1
Jose Tejeria da
hau nere grazia,
Gipuzkoako Aian
jaio ta hazia;
tiroz aita hil nuen
horra desgrazia,
publikatzera noa
asunto guzia.

2
Deabrubak animua
eman bihotzera,
tiroz atrebitua
nere aita hiltzera;
Donostiara gero
zerbait ekartzera,
egin nuen okerra
disimulatzera.

3
Gizonak altxa zuten
Aita bizirikan:
“O, semiak galdu nau!”
berak esanikan;
gurasubak etzuen
esan gezurrikan,
gorputza hil da anima
juan mundutikan.

4
Paperian jarria
alde aurretikan,
aitari zenbat eman
seinalaturikan;
eske ari zan beti
aldamenetikan,
gure enredu danak
sortubak hortikan.

5
Aitak eskatzen zidan
legez eta bidez,
egiten niona da
agindu ta eman ez;
buru dana betia
pentsamendu txarrez,
tirua eman nion
dirubaren ordez.

6
Soldadu arma-dunak
lotu kurioso,
baita eraman ere
Azpeitira preso;
deklarazio txarrak
egina ni oso,
libratutzeko behar
gezurra preziso.

7
Aurrena egon nintzan
uka fuertian,
salatzailia pranko
bazan bitartian;
gero aitortu nuen
egunen batian,
gezur guziak ziran
neretzat kaltian.

8
Azpeititikan juan
Donosti aldera,
Gipuzkoako buru
dan tribunalera;
akusatuba nintzen
Judasen legera,
gezurrak balio ez,
neretzat galera.

9
Andriak eta biok
emandako hitzak,
konprenditzeko ere
oso dira gaitzak;
hoiek guziak ziran
gezurrezko saltsak,
aitari ezarriaz
etzituben mantxak.

10
Gaizki egin nuela
ondo damutzen zat,
hau eskarmenturako
beste guztientzat;
munduban ez da izan
oraindikan behintzat
ume bat txarragorik
gurasubarentzat.

11
Donostian hartuba
nintzen albistia
posible etzela neri
bizirik uztia;
ai, hura orduko
lastima tristia!
Etzen alegratuko
nere emaztia.

12
Donostiatik ginan
Azpeitira etorri,
bost guardiarekin
kotxian ekarri;
kartzelan sartu eta
han nengeon larri,
sententzia tristia
zuten irakurri.
13
Zuzen ta garbi egin
dute justizia,
badakit nuela nik
ondo merezia;
ilbeltzan hamaseirako
nere sententzia,
goizeko zortziretan
kentzeko bizia.

14
Gaiztua izan banaiz
horra sujetatu,
sententzia horrek zidan
bihotza erdiratu;
Aita Aizpururekin
gozoz konfesatu,
egindako okerrak
danak akusatu.

15
Pauso bat ezin eman
nuen ezergatik,
bi lagun banituben
beso banatatik;
urkamendira juan
ginen kartzelatik,
borrerua begira
zegoen atzetik.

16
Urkamendian nintzen
eserita jarri,
nere entrainak zeuden
estu eta larri;
bizia eman behar
oso lotsagarri
hau beste guztientzat
eskarmentagarri.

17
Barkaziua nuan
azkena eskatu,
zergatik egin nuen
lehenago pekatu;
horrengatik behar det
orain nik urkatu,
Jaungoikuari, arren,
nitzaz erregutu!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak