Etxegarai kaletarrak, bertso hauek jarri zituen baserriko bizimoduaren oroiminez. Oso ezagunak trikiti doinuaz kantatuta.
1
Urruti nere menditik
joan nintzan dirutu nahirik:
urrutietan laster bihotza
nahigabez erdibiturik,
gelditu nintzan tristerik
pake santua galdurik.
2
Nire bihotza zegoen
Euskal Herrian pentsatzen,
egun guztian, gabaz orobat,
beti zitzaidan oroitzen,
zer gozo nintzan bizitzen
haurtxo nintzanean hemen.
3
Gogoan nuen etxea,
gaztaina artean gordea:
mendixka baten agertutzen zan
eliza txukun maitea,
bertako ezkil-dorrea,
hainbat oroitzez betea.
4
Aurkitzen nuen guztia,
zen neretzat mingarria,
denak gogora ekartzen zidan
mendian nuen bizia,
hango pake nahigarria,
hango zorion eztia.
5
O, mendi bihotzekoa!
O, nere kabi txuloa!
Zugan neretzat dizdiz eginik
dago izate gozoa,
hala nola ihintz-tantoa
apaindurikan hostoa.
6
Txori bat nire kabian,
dago pozez lehertu nahian:
hala ni ere aurkitzen naiz
nagoenean mendian,
gaztaina zaharren azpian
aitonen jaio tokian.
7
Hemen igande goizean,
mezara ezkilak deitzean,
zenbat oroitza gozagarrizko
senti ditut bihotzean!
Ha zer poza barrenean
elizarako bidean!
8
Orduan egunsentiak
argi zituen mendiak:
ezkil-soinuak batera zuten,
gogor kantatzen txoriak,
loreak, ihintzez bustiak,
zabaltzen zeuden orriak.
9
Dena zegoen ederrik,
guztia pozez beterik:
ihintza, loreak, txoriak, dena
zoriona kantaturik,
baina guztien gainetik,
ni nengoen atseginik.
10
Ez naiz, ez, Jauna, gehiago
nere menditik joango:
aitzurrak nire lagun dirala,
baserrian naiz biziko,
zuri eskerrak emango,
pakez bete nauzulako.
doinuz kantatuta.