Bertsolariak
Euskal Herriko bertsolaritza aztertzean, ez da Urolaldea bezain bailara emankorrik sarritan agertuko. Gure ahozko literaturan, Itziar-Azkoitia-Azpeitia-Errezil inguru hauetan bertsolari ugari izan ditugu, bai lehen eta bai orain; eta hori frogatzeko hor utzi dizkigute bertso sail ederrak, nahiz bat-batean, nahiz bertso paperetan. Denboran zehar galdu ez diren bertsoen artean, era denetakoak aurki daitezke: elkarri botatako adar-jotze pikanteak, bertso paper ironikoak, tragikoak, eta nahiz eta gaur guri harrigarri iruditu, bertso sozialak (langileen grebak, baserriko bizimoduaz...). Hainbat eta hainbatetik, hauek aipa ditzakegu:
Joan Frantzisko Elorza Kortazar (1838-1900)
Azkoitiko Kortazar baserrian jaio zen 1838an, eta 1900. urtean hil. Hura ere bat-bateko bertsolari trebea dugu. Uztarrirekin batera Otaņotarren baserrian egin zuten saioa oso ezaguna da, gaur egun ere, bertsozaleen artean.
Jose Manuel Soraluze Muno (1840-1913) eta Diego Soraluze Otsolarre (1846-1917)
Bi anaia hauek, Martirietako Korta baserrian jaioak dira. Bietatik zaharrena, Jose Manuel, 1840an jaio zen eta 1913an hil. Muno baserrira ezkondu zen; hortik bere izena.
Bestea, berriz, Diego, 1846an jaioa da. Gero Otsolarrera ezkondu zen. Bat-bateko bertsolariak bezala ezagutzen ditugu. 1917an hil zen.
Jose Ignazio Odriozola Sokin (1832-1912)
Sokin baserrian 1832. urtean jaioa, eta bere jaiotetxean hila 1912an. Bertso gutxi utzi dizkigu.
Jose Maria Segurola Uztarri (1841-1899)
Urrestildarra dugu jaiotzez, nahiz eta gero Azpeitian bizi. Oso bertso gutxi jaso ahal izan dira. Haren bertso ezagunenak, dudarik gabe, Bizkaiko Txerria-renak dira.
Lorenzo Garate (1866-1915)
Azkoitiko Maltzeta-Etxetxo baserrian jaioa, 1866an. Bertso berri hauen egilea da: Elosuko Mixioa (1886), Bertso Berriak, Lorenzo Azkoitiarrak jarriak edo Basurdearen bertsoak (bederatzi puntuko 20 bertso), Behiaren bertsoa, Utxerri ehiztari.
Joan Mari Zubizarreta Etxeberritxo (1855-1905)
Azkoitiko Etxeberritxo baserrian jaioa, 1855ean. Etxeberritxo ez zen asko ibili herriz herri bat-batean kantatzen; baina, bestalde, bertso jarrien sail ederrak utzi dizkigu: Sta. Jenobebaren bizitza, S. Inazio Loiolakuari, Bertso Berriak, Azpeitiko Urkamendiaren gainean jarriak, Nere ofiziua..., Urkiolako S. Antoniori, San Migelen milagrua. 1905. urtean hil zen.
Jose Mari Lete Arrizabalaga Estrada (1867-1912)
Azkoitiko Estradan jaioa. Bertso berrien egilea bezala ezagutzen da gehienbat. Haren lan batzuk: Kintuen bizitzari (Burgosen jarriak 1087an), Organo berriari, Ama Birjina Urrategikoari eta Azkoitiko Mariaren Alabei.
Joan Mari Atano Atano Luzia (1866-1939)
Azkoitiko Atano baserrian jaio zen. Haren bertso ezagunenak; bere semeari, Atano III.ari ipinitako bertsoak dira, semeak pilotarien txapeldun atera zuenean jarritakoak, 1927an.
Jose Mari Atano Etxaube (1858-1940)
Atano baserrian jaio zen, 1858. urtean. Gero, Etxaube baserrira ezkondu zenez, Etxaube ere deitzen zioten. Bat-bateko bertsolari ezaguna izan zen bere garaian.
Joan Manuel Lizarralde Urkiolegi (1841-1899)
Azkoitiko Iraolatza-Torren jaio zen, 1872an. Giza problemak oso hurbildik ikusi zituen, eta barruko kezkak bertso paperetan argitaratu. Urkiolegi, bertso berri askoren jabea dugu, gehienak kutsu sozial handiarekin. Bertso ezagunenak: Azkoitiko makinisten oporketa (bertso horiek zortziko handian eta txikian dauzka). Baserritarra zer dan (1921). 1936. urtean hil zen.
Frantzisko Mari Iturzaeta Elizalde edo Koostite (1872-1948)
Azpeitiko Elizalde baserrian jaioa. Gero Gorostieta baserrian bizi izan zen. Bertso paperak egin eta zabaltzen saiatua. Hauek aipa ditzakegu: San Inazio Loiolakuaren bizitza, Gosetea, Nekazarien kezkak, Urrestillako mixiuak eta Loiolatxon.
Akilino Izagirre Amenabar Zepai (1906-1971)
Jaiotzez kaletarra, baina Txapelen baserrian hazitakoa. 1935 eta 1936an hirugarren atera zuen Bertsolari Txapelketan. Umore handiko gizona eta bertsolari zorrotza.
Eusebio Eizmendi Txapel (1893-1969)
1893. urtean jaio zen, Errezilen. Otargilea zen ogibidez. Parerik gabeko bertsolari ezagun eta herrikoia. 1969an hil zen.
Jose Antonio Sorazu Zubeltzu (1894-1975)
Itziarko Zubeltzu-zahar baserrian jaio zen. Herriz herri makina bat ibilitakoa. Bat-bateko bertsolaria genuen Zubeltzu. Eta nahiz eta guk kasetean ez sartu, aipatu behar ditugu: Patxi Laja, Balentxi...
|