Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Urolaldeko Bertso Zaharrak »  Sarrera (2)

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Urolaldeko bertso zaharrak berriro

Laxaro Azkune

Duela 25 urte bailara honetako zenbait gazteren ekimenez, bertsolaritzan hain aberatsa izan den bailara honen testigantza jaso nahi izan zuten bilduma eder bat osatuz. Euskara, bertsoa, musika, kantua... kezka-iturri zuten taldea bildu zen lan bikain hau egiteko, tartean Institutuko irakasle zirikatzaileren bat zutela. Historian ezagutzen ziren bailarako (Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Itziar, Matxinbenta...) garai bateko bertsolarien bat-bateko nahiz bertso jarriak bildu eta aukeratu zituzten. Ederregia iruditu izan zaigu kajoian gordeta edukitzeko, merezi du jendearengana helarazteko beste ahalegin batek. Horixe nahi izan dugu Erniarraitz Bertsozale Elkartetik, eta Uztarriak eskaintzen digun aukeraz baliatu gara.

Bertsoak beti ohi duenez, bere garaiari eta garaiko arazoei kantatuak dira, eta zer izan ginen gogoratzeko ere balio digu. Mende bat atzerago begiratzeko aukera ematen digu, zer nola bizi ziren, zer lan egiten zuten, zer borroka (baserri-kale, nagusi-langile...) izan ziren. Ez dira orduko arazo guztiak agertzen, baina adierazten diren arazoek esaten digute zer-nolako pisua izan zuten. Ohiturak, baserritarren bizitzak, gosea, heriotza zigorra... xehetasun osoz kontatuak daude.

Sorta hau, Txapel eta Zepairekin amaitzen da, eta aberastu zitekeen jakina, geroago izan diren eta oraindik bizirik dauden bertsolari bikainekin. Bada geroztik ere bertso eder askorik, bailara honetan jaio edo bizi diren bertsolariek kantatuta, bai bat-batean eta baita bertso jarrien bidez ere. Badago materialik asko; aukeratu eta grabatzeko lanak hartuko dituen jendea behar da. Badago bertsozalerik, bai musikaririk, bai kantaririk, bai grabatzeko bitartekorik... bitartekoetan inoiz baino aberatsago gaude. Erronka hori hor dago nork helduko zain. Inor animatzeko balio baleza ere hara nolako bertsolari zerrenda daukagun: Uztapide, Basarri, Loidi Saletxe, Joxe Lizaso, Agirre, Lazkano, Gorrotxategi, Larraņaga, Attola, Olalde, Altuna, Xebastian Lizaso, Juan Jose Loidi Saletxe, Xabier Euzkitze.... Nahi beste material dago eta mereziko lukeelakoan nago. Ondorengo belaunaldiei zor diegu hori. Ea noizko...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak