22. Kapitulua
Amak emandako argibideei esker laster aurkitu ahal izan zuen bila zebilen auzo ingurua Akeemek. Ziur ez bazegoen ere, han inguruan egon behar zuen bila zebilen etxeak, zalantzarik gabe.
Gertu ikusi zuen emakume heldu batengana zuzendu zituen bere pausoak, pare bat galdera egiteko prest.
-Barkatu, Joma izeneko gizon baten bila nabil, ezagutzen duzu ?
-Joma bat baina gehiago dago inguruetan, gazte.- Azkar eta umoretsu erantzun zion emakumeak, ilea esku batekin jaso eta motots batean biltzen zuela.
Larritu egin zen une batean Akeem. Egia esan, ez zekien ezer bere arreba etxeratu zuen gizon hartaz. Orduan amak esan zion datu batekin oroitu zen:
-Ezkondua da eta lau seme-alaba dituela uste dut.
Emakumeak burua pixka bat jiratu eta begi bat itxi zuen. Zerbait gogoratu nahian zegoela igarri zion Akeemek. Segundu batzu horrela igaro ostean, hasi zen berriro hizketan:
-Joma motelaz mintzo zara zihurrenik.- Barre baten itzala ageri zuen emakumeak orain, zerbaitek grazia egingo balio bezala.-Nik ez dut behintzat lau seme-alaba dituen beste Jomarik ezagutzen. Gertu bizi da. Berrogehi bat metro aurrera egin eta ezkerrean lerrokatuta dauden etxeetan. Ur potzura iritsi baina zertxobait lehenago.
-Barkatu, Joma motela esan duzu ?- Gaizki entzun zuela iruditu zitzaion Akeemi.
-Bai...- Emakumearen erantzunarekin batera, ume txiki baten negar hotsa entzun zen. Batek zekien zertaz kexatzen hari ote zen txikia, goseaz, bakarrik utzi zutelako, min hartu zuelako... kontua da, ez zirudiela ixiltzeko asmorik zuenik.
-Sentitzen dut.-Esan zion emakumeak Akeemi, barrura sartzeaz bat begiak zerura eraman eta gestu horrekin, pazientzia apur bat aurkitu nahian.
Gehiago sentitzen zuen Akeemek ordea. Emakumeak aipaturiko Joma motel hark erdibidean utzi zuen. Zer esan nahi izan ote zuen harekin ? Amak izan zuen Jomarekin hitz egiteko aukera baina ez zion Akeem berari ezer berezirik zuenik aipatu.
Berrogehi metro, esan zion bere buruari. Berrogehi metro haiek egin ostean, jakingo zuen erantzuna. Ezinegon puntu batekin ibiliari ekin eta laster batean heldu zen. Atzean, emakumeak esandako putzua ikusi zuen Akeemek. Bertan hamar edo hamabost bat pertsona zeuden, bata bestearen atzean jarrita, itxoiten, bakoitza ura garraiatzeko plastikuz egindako bidoi edo ontziekin ornituta. Gehienak umeak ziren eta gelditzen ziren hiru edo lau, emakume gazteak. Ia inoiz ez zen han gizonik ikusten, bertako kultura eta ohituren arabera, duhintasunik gabeko lan bat zela uste zutelako. Hori bai, putzuak ez zuen deskantsurako hasti handirik. Ordu guztietan ageri zen han norbait. Batzuk eguzkia atera baino lehenago agertzen ziren, besteak gabean, besteak arratsalde erdian, besteak eguardian... Eta antolakuntza aldetik irizpide handiegirik ez bazegoen ere, honek denei egiten zieten mesede: Herritar guztiak ordu berdinean joango balira, izugarrizko desoreka eta liskarrak sortzeko arriskua zegokeen. Batek ur gehiegi hartu nahi izaten zuelako, besteak denbora asko ematen zuelako, hurrengoak bere txanda errespetatu ez zuelako...
Akeemek duda egin zuen. Izan ere, emakumeak azaldu berri zion lekuan bertan, hiru etxetxo ageri ziren elkarri itsatsita; Batak besteari bere lurralde eremua kendu nahiko balio bezala. Etxe txiro eta txikiak izateaz gain, hirurek zuten berezitasun adierazgarri bat: Ez zuten tetxurik. Adobez egindako lau pareta, etxeko sarrera estaltzeko ate lanak egiten zituen gris koloreko txapa erdoildua eta honen ondoan lehio itxura egiten zuen zulo nabarmen bat.
Nola demontre bizi zitekeen han familia bat burua estaltzen zien babesik gabe? Egia esatera, oso gutxitan egin ohi zuen euririk inguru haietan, ia inoiz ez, eta gutxienik, gauero etxetik irten gabe zeru eder eta izartsu bat ikusteko parada zutela pentsatu zuen Akeemek, ironiaz.
Baina ez zen duhintasunez bizi ahal zitekeen leku bat.
-Zerbaiten bila zabiltz?- Galdetu zion emakume gazte batek. Eguardiro bezala, bere etxe aurrean eserita zegoen eta ontzi zabal batean ageri zuen artoa xehetzera zihoan. Akeemen begira egon zen une batez, eta ezagutzen ez zuenez, laguntza behar zuela iruditu zitzaion.
Akeem ezustean harrapatu zuen emakumearen galderak. Hainbeste harritu zuen etxe haien egitura xelebreak non, ez zen emakumearen presentziaz konturatu ere egin.
-Ba, bai. Egia esan...- Ez zekien nola ekin elkarrizketari Akeemek. Emakumearen edertasunak leloturik utzi zuen momentu batean, emakume ederren aurrean sarritan gertatzen zitzaion modura. Hogeitabost edo hogeitasei urte bota zizkion, hogeitazazpi beharbada. Eserita zegoen oraindik, itzalaren babesean, baina hau ez zen Akeem bere edertasunaz jabetzeko eragozpen izan: Azal distiratsua, begi ilun misteriotsuak, ile kizkur motza, ezpain irten mamitsuak, bular nabaria, lepo estu tentagarria, esku luze eta finak...
-Bai ? Esan lasai.- Aurreratu zitzaion berriz emakumea.
-Zera... Jomaren bila nabil, hemen inguruan bizi dela esan didate.- Esan zuen Akeemek, erdi leloturik oraindik.
-Ba ondo esan dizute, nire senarra da.- Erantzun zion emakumeak adeikor, baina halako urduritasun puntu bat nabari zitzaion orain.
Akeemek lehenbailen lasaitu nahi izan zuen:
-Zera... Akeem izena dut. Pixka bat beherago bizi naiz. Lasai, berarekin hitzegin nahi dut. Besterik ez.
Emakumeak adi begiratu zion, gehiago jakin nahi balu bezala. Azkenean, buruarekin baietz egin eta honakoa esan zion:
-Ondo da, baina itxaron egin beharko duzu. Lau seme-alaba ditugu eta Igande goizetan beraiekin bueltatxo bat ematera joan ohi da. Hala ere, badira pare bat ordu irten direla eta laster itzuliko dira.
Emakumeak barrura sartu nahi zuen galdetu zion baina Akeemek, eskerrak eman eta gero, ezetz erantzun zion. Ez zuen egiten ari zen lanik eten nahi.
Luze baino lehen, hamar edo hamabost bat minututara asko jota, gizon bat ikusi zuen beraiengana urbiltzen Akeemek. Astiro zetorren, irria aurpegian. Sorbaldan hiru edo lau urte izango zituen neskatxa bat zekarren, begi handi eta harrituak guztiz irekita zituela. Aitaren lepoa erabilten zuen euskarritzat. Ezkerreko eskutik tiraka sei bat urteko mutil luze eta haserretu itxurako bat zuen, zerbait bereziki nahi eta lortu ez duenak ageri duen amorrazio puntu horrekin. Beste eskuan, neskato polit bat ikusi zuen Akeemek. Honek zortzi urte inguru izango zituen eta ile luze eta latza sorbaldetan behera barreiatzen zitzaion. Guzti hauen atzetik, beste neska bat zetorren. Altueragatik zaharranena izango zela pentsatu zuen Akeemek. Bapatean norbaiten hantz ikaragarria hartu zion: Ezpain mamitsu haiek, lepo luze eta fin hura... Emakumeak ondoren esan zionak ez zuen askorik harritu:
-Hemen datoz.- esan zion jaikitzen zen bitartean.
Akeemek Jomaren aurpegiak izan zuen itxuraldaketarekin ohartu zen. Gizonaren irri alaia harridurazko maskara batera aldatu zen segundu eskaz batean. Pentsa zitekeen moduan, ez zuen espero etxeratutakoan beste gizon bere emaztearen ondoan ikusterik. Emakumea hurbildu zitzaion, azalpen bat zor balio bezala:
-Akeem izeneko gazte hau zure galdezka iritsi da.- Jomak sorbaldan zuen alaba gainetik kendu eta emazteari eman zion. Gero, Akeem aztertu nahian geratu zen segundu luze batzuetan.
-Ezagutzen gaituk ?- Bota zion zakar samar.
-Ez, beno... zera -Oso urduri ipini zen Akeem ustekabean. Ez zuen nahi esan behar zuena familiaren aurrean azaltzea.- zera... hitz egin dezakegu bakarka ?
Egia esan, Jomaren itxurak errespetu handia sortu zion Akeemi. Jomak ez zituen bi metrora iristeko zentimetro asko falta. Ia-ia Akeemen garaiera berdina zuen, baina izugarrizko bizkarra izateaz gain, lepo estu eta sendoa zuen. Beso luze eta gihartsuak bizi osoan egindako lanaren adierazgarri garbia ziren.
Egunen batean berarekin borroka egitea suertatzen bazitzaion, oso gaizki pasatuko zuela pentsatu zuen Akeemek.
-Bai...- Joma ere harri eta zur zegoen. Ez zekien urrundik ere, gazte hark zer esan behar zion.- Tira, sartu zaitezte barrura.- Eta hau esateaz bat, keinu nabarmen bat egin zion emazteari.
Etxetxoan sartu ziren denak, Akeem eta Joma bakarrik utziaz. Hori bai, sartu baino lehen, lehenago emazteak egin zuen modura, begirada luze eta arraro bat bota zion alaba zaharrenak Akeemi, bere barruan sartu eta zer demontrek zekarren jakin nahian balego bezala.
Bere amaren keinu beraiek zituen eta alaba baino ahizpa txikiago bat ematen zuela iruditu zitzaion Akeemi. Urte gutxiren buruan, ama bezain eder eta erakargarria izango zen behintzat, horretan ez zuen zalantzarik Akeemek. Agian ederragoa ere bai.
Baina pentsamendu haiek uxatu eta garrantzitsua zenari ekin zion Akeemek. Begira zuen Joma, adi-adi.
-Lehendabizi eskerrak eman nahi dizkizut. Eskerrak bihotzez.
Begitartea zimurtu zuen Jomak, ezer ulertu gabe. Akeemek eskua altxatu zuen, arren hitz egiten usteko eskatuz.
-Rokiaren anaia zaharra nauzu. Orain dela ia astebete bortxatuta aurkitu zenuen neskaren anaia. Dagoeneko nahikoa egin duzu baina, egun hartan gertatu zen guztia kontatuko bazenit, eskertuko nizuke.
-Ondo dago ?- Galdetu zion azkar Jomak. Orain beste gizon bat zirudien, ahulagoa, Rokiaren aipamen hutsak adorea kenduko balio bezala. Berak itxura berdina ote zuen pentsatu zuen Akeemek.
-Bai, ondo dago. Orain egon daitekeen ondoena behintzat bai.- Arraroa sentitu zen Akeem hau esatean.
-Apenas egin dudan lorik egun hauetan.- Jomak hartu zuen hitza berriro. Orduan ohartu zen Akeem hitzek kostata irteten ziotela, kirioek mihia kontrolpean zutela, alderantziz izan beharrean.- Buelta asko eman dizkiot... egunero bezala atera nintzen lanera, emaztea agurtu ostean. Eta bapatean...
-Bapatean... zer ?-Akeem erne jarri zen. Bazekien ordutik aurrera entzuten zuen edozer gauza, txikiena izanik ere, oso garrantzitsua izan zitekeela.
-Oraindik gaua nagusi zen, ez zen egunsentirik iritsi.- Jomak begiak erdi itxita zituen, egun hartako sentzazioak berritu nahian. Hitzak gero eta polikiago ateratzen zitzaizkion ahotik, esfortzu handia egin behar zuela zirudien. Orduan gogoratu zen Akeem minutu batzuk lehenago ikusi zuen andrearekin. Joma motela, aipatu zuen. Gizonaren hitzegiteko zailtasunengatik ari ote zen ?- Oinez ibiltzeari ekin nion, presarik gabe, beti bezala. Ez zait gustatzen azkenengo orduan korrika ibiltzea, horregatik behar baino lehenago ateratzen naiz etxetik, lanera behar bezala iristeko.
Buruaz baiezko batekin erantzun zion Akeemek. Berak, berdina egiten zuen normalean.
-Oihu batek gaua zulatu zuen orduan. Bihotzaren abiadura bikoiztu egin zitzaidan bapatean. Beldurti samarra naiz, egia esan. Segundu batzuetan nengoen tokian geratu nintzen, gaueko zarata txikiena entzun nahian. Ez zen ezer entzun. Etxola batetik zetorren zarataren bat izango zela pentsatu nuen orduan eta ibiltzeari ekin nion, azkarrago oraingoan, nire pausoak beste norbaitek gidatuko balitu bezala. Baina ez nituen beste hamar edo hamabost metro jarraian egingo. Oihua errepikatu egin zen. Nabarmenago, askoz ozenago orain. Hots lazgarrria zen, sufrimentuz betetakoa. Bizkarrean neraman poltsa lurrera bota eta senari jaramon eginez, gorputza biratu nuen. Orduan ikusi nuen.- Jomak begiak lurretik altxatu eta Akeemi begiratu zion, aspaldiko partez.
-Zer ikusi zenuen ? Zer ? -Akeem ez zegoen denbora galtzeko.
-Zaku moduko bat ikusi nuen. Esan dizut oraindik gaua zen eta... ez zen ondo ikusten. Kalean barna luzatu nituen begiak, zerbait arraroa ikusteko prest baina... ez zegoen beste ezer. Orduan ikusi nuen haseran zakua iruditu zitzaidan hura mugitzen ari zela, ez zela zaku bat. Korrika gerturatu nintzen, hankek eraman ninduten azkarren. Eta zera... han ikusi nuen zure arreba.
Isilik geratu zen Joma, aurrera jarraitzeko indarrik aurkitu ezinda. Begiak malkoz bete zitzaizkion eta Akeemek ere negar egiteko gogo bizia sentitu zuen, barruak usteko behar gorria.
Rokiagatik amaigabeko tristura goibel eta ikaragarri batek hartu zion gorputza. Non zegoen bera Jomak Rokia aurkitu zuenean ? Etxean lo, bake lasaigarrian. Gutxienez berak aurkitu izan balu, negar malkoak lehortzeko, ametsgaizto hura amaitu zela esateko, inork ez zuela gehiago ikutuko ziurtatzeko... non zegoen bera ordea ?
-Beste zerbait ikusi zenuen? Ez zegoen beste inor? Nondik zetorren ez zenuen ikusi? Ez zizun, jaso zenuenean, ezer esan?
Ezezko isil batekin erantzun zion Jomak, buruari ezker-eskuin eraginez eta zinez, benetan ari zela zirudien.
-Ez nuen horretan denborarik galdu. Zure arrebaren aurpegia ezagun egin zitzaidan, neska polita da. Aurreko batean ikusita gogoratzen nuen. Ez nekien zehatz non bizi zineten baina eskuetan hartu eta ibiltzeari ekin nion, gehiegi pentsatu gabe. Zorionez, bide egokia hartu nuen eta minutu batzuk geroago zuen ama bidera atera zitzaidan, negarrez eta bere onetik aterata.
-Rokia non aurkitu zenuen erakutsi behar didazu.- Akeem ez zuen azalpen hark guztiz bete eta ez zuen kontu hura ahazteko asmorik.- Noiz joango gara ?- Galdetu zuen ondoren Jomaren begietara bereak zuzenduz.
-Nahi duzunean, ez dago urruti.- Erantzun zion honek etsita, segundu batzuetako isilunearen ondoren.
-Goazen ba.
Ondo egiten zuen Akeemek mesfidati izatearekin. Jomak egia kontatu zion, baina ez egia osoa.
|