Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Azpeitiarrak Espainiako Gerran »  Jesusa Aranguren

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

JESUSA ARANGUREN (Gerra garaiko Azpeitiaren lekukoa eta gerra presoen senidea)

Jesusa Aranguren: "Ahal zuenak ihes egin zuen eta herrian gelditu ginenok benetan beltzak pasatu genituen"

Jesusa Aranguren (1911), aurten, Azpeitian.  (Ihintza Agirretxe)

Auzaraza baserrian (Azautze bezala ere ezaguna), bere etxean, pasatu zuen Jesusa Arangurenek (1911) Espainiako Gerra eta gerraoste osoa. Etxean egon izanagatik ez zitzaion egin erosoa. Herriko gertaeren lekuko izateaz gain, etxean ezagutu zituen gerra aldietan izan ohi diren injustiziak eta errepresioak.

‘Gora Euzkadi askatuta’ batekin hasi zen dena. Esaldi horrekin agurtzen zituen etxekoak Jesusaren ahizpa Maritxuk, Donostian neskame zegoen hoteletik bidalitako gutunean. Kasualitatea, handik gutxira Guardia Zibilaren bisita izan zuten Azautzen; auzoko batek salatu egin zituen, Errepublika garaiko diru debekatua etxean gordetzen zutela-eta. Eta Guardia Zibilaren erregistro horretan, nola ez, Jesusaren ahizpak bidalitako gutuna topatu zuten. 2 urte pasatu zituen Jesusaren ahizpak Donostian Ondarretako kartzelan, ‘Gora Euzkadi askatuta’ hura zela-eta. Beste ahizpa Juanak, berriz, bost hilabete. Eta gosea. Azautze lur sail askoko baserria bazen ere, euren lanetik jasotako ia guztia agintariei entregatu behar izaten zietela gogoan du. Etxeko hamahiru ahoak asetzeko bi kilo baba jaso zituzten urte batean eta Jesusak oraindik ez du ahaztu bi kilo haiek agintariei entregatzera behartu zituztela, euren etxeko gosea kontuan izan gabe.

Gerra kontuak aitatzerik ere ez duela nahi dioen arren, askotan umore handiz gogoratzen ditu hainbat pasarte. Bonbardaketatik babesteko burua sukaldeko gortina azpian sartzen zuen izebaren kasua, adibidez. Edo etxean zintzilikatu beharreko Espainiako bandera zela-eta erreketeei adarra jo zietenekoa. Bizitzaren zaplazteko asko jaso behar izan dituen arren, gertaera gogorrak umorez zipriztintzen badaki Jesusak.

Zer egiten zenuen Espainiako Gerraren aurretik?

Olazko eskolan egiten nuen lana, irakasle. Moja zen beste emakume bat eta neu egoten ginen haurrei erakusten. Aurretik Jesuitinetako eskolan ibili nintzen irakasten, baina sasoi hartan Olazko eskolan nengoen. Denera 10 urte egin nituen irakasle. Ia nire ahizpa denek Azpeititik irten zuten ordurako; neskame joan ziren hara edo hona. Baina ni hemen gelditu nintzen, umeak asko gustatzen zitzaizkidalako. Gustura! Ez zitzaidan axola herrian gelditzea.

Betidanik abertzaleak zineten zuek, baina gerra aurreko sasoian parte hartzen al zenuen politika kontuetan?

Gu euskaldun maiteak ginen: euskaldunak ginen eta euskara maite genuen. Hori bai, inongo alderditan ez geunden afiliatuta.

Alderdiren batean ez egonda ere, zuek errepresio politikoa jasan zenuten.

Salaketa batekin hasi zen dena. Gure auzoko baserri batekoek salaketa jarri zuten geure kontra, esanez gure etxean, Azautzen, ez geniela nahikoa diru eman agintariei. Kontua da, nazionalistek agintea galdu eta karlistak gobernatzen jarri zirenean, txanpon ofiziala aldatu egin zutela. Diru berria hasi ginen erabiltzen, eta diru zaharra entregatu egin behar zen. Itxura denez, gure etxean diru gutxi aldatu genuela iritzi zioten eta salatu egin gintuzten, etxean dirua gorde genuela esanez. Eman ez bagenuen, ez zelako egongo izango zen baina... Gainera, zeinek zeukan dirua orduan? Inork gutxik. Gure etxean, behintzat, ez zegoen diru askorik. Horren kontura Azautza errekisatzera etorri zen egun batean Guardia Zibila.

Kasualitatea, gerra hasi aurreko ikasturtean, 1935-1936koan, ibilaldia egitea pentsatu genuen eskolako umeekin. Ez dakit zenbat zemeiko izango ziren baina umeek dirua ekartzen zuten eskolara, ibilaldirako aurrezten hasteko. Haurrek txanpon txikietan ekartzen zutenez dirua, moja lankide horrek auzoko emakume bati ematen zion dirua, honek azokan aldatu eta duroko edo pezetako txanponetan ekartzeko. Dirua geneukanean, mojak hala esan zidan: “Nik ezin dut diru hau komentuan gorde. Gorde zuk”. Eta nik diru horiek denak Azautzen gordetzen nituen, kutxa txiki batean sartuta.

Kontuak kontu, errekisa egitera azaldu zirenean, txanpon horiek topatu zituzten. “Eta hau, hau zer da? Zer egiten dute hainbeste pezetek hemen?”, galdetu zidan guardia zibilak. “Eskolan egin behar genuen ibilaldi baterako dira, haurren dirua da hori”, erantzun nion. Hala ere, txanpon guztiak hartu zituzten.

Ibilaldirako gordeta neukan diruaz aparte gehiago ere hartu zuten. Nire iloba bat, 6 urtekoa, hil berria zen orduantxe eta haren omenez gurutze bat jartzeko-edo diru bat jaso genuen. Hura ere kendu egin ziguten! Etxe guztia errekisatu zuten eta parean topatutako dena hartu. Gainera, isuna ordainarazi ziguten, kendu ziguten diruaren adinakoa.

Eta urrezko txapon bat ere bai. Gure amak etxean gordeta zeukan eta orduan urrezko txanpona edukitzea egundokoa zen. Anai-arreba guztiok ibiltzen ginen txanpon horren atzetik, bakoitzak beretzako eskatzen zuen. Eta gure amak esaten zuen: “Txanpon hori, ondoen portatzen denarentzako izango da”. Azkenean, guardia zibilentzako izan zen...

Errekisatzearen ondorioz, zure ahizpetako bi kartzelan sartu zituzten, ezta?

Hala da. Nire bi ahizpa Donostian Hotel Londresen zeuden neskame: Maritxu eta Juana. Beti bidaltzen ziguten dirua edo laguntzeko zerbait etxera, hemen nahiko miseria baitzegoen. Hala, bidali ziguten pakete horietako batean, generoaz aparte gutun motz bat idatzi zuen Maritxuk. Eta agur bezala bukaeran ‘Gora Euzkadi askatuta’ jartzen zuen. Alabaren gutunarekin gustura, gure amak bere gelako komoda gainean gorde zuen ditxosozko karta, asko pentsatu gabe.

Salaketa zela-eta guardia zibilak gure etxera etorri zirenean, bazter guzti-guztiak miatu zituzten, zerbaiten bila. Eta halako batean topatu egin zuten ahizparen gutuna ere. Kartazalean Hotel Londreseko zigilua zeukan baina sinadurarik ez. “Nork bidalitakoa da gutun hau?”, galdetu zigun guardia zibil batek. Guk ez genion esan nahi baina... “Gure ahizpek bidalitakoa da”. “Ba zuen ahizpa horiek atxilotuta gelditzen dira gaur bertan!”, hala esan zigun.

Iluntze hartan bertan atxilotu zituzten, Hotel Londresera joan zitzaien Guardia Zibila bila. Ahizpak ordurako ahaztuta zeuden gutun harekin, aspaldi idatzitakoa zen. Gainera, bukaerako ‘Gora Euzkadi askatuta’ hori bai, baina gutunak ez zeukan bestelako gorabehera politikorik, eta haiek ezta aztarrenik ere zertara zetorren Guardia Zibila euren bila. Hoteleko enkargatua joan zitzaien eta hala esan zien: “Zuek biok, jaitsi behera, bi guardia dituzue-eta zain”. “Guardia Zibila gure bila? Guk zer egin dugu ba?”, galdetzen zuten gure ahizpek.

Zer egin zuen eurekin Guardia Zibilak?

Kalabozora sartu zituzten. Gau guztian eduki zituzten. Oso gaizki pasatu zuten. Gauean hartu eta deklaratzera igotzen zituzten, banaka-banaka. Lehenengo ahizpa zaharrena igo zuten, Juana, eta justu beste ahizpa izan gutuna idatzi zuena... Hala, Juanak arrastorik ez zer demontre egiten zuen han. Bi guardien artean igo zuten; kalabozo haietan hainbeste ordu egin eta gero, pentsa nola egongo zen gajo hura... Gizonez betetako gela batera sartu zuten eta, bera sartzen ari zen bezala, denak ‘Gora Euzkadi askatuta’ oihuka hasi ziren. “Hauxe dun gauza zelebrea!”, pentsatuz Juana.

—“Nik sekula ez dut halakorik esan”, esan zien ahizpak.

—“Esan ez zenuen esango, baina idatzi duzu hori noizbait”, erantzun zioten.

Eta hori esatearekin batera, Azautzen topatutako gutuna erakutsi zioten. Segituan ezagutu zuen norena zen letra; dudarik gabe, Maritxurena.

Behintzat, hala-nola esan zien bera errugabea zela, berak ez zekiela ezer eta, azkenean, berriro kalabozora jaitsi zuten. Bidean beste ahizparekin gurutzatu zen; orain Maritxu zeramaten deklaratzera. “Hire gutun bat zaukaten hor goian”, justu-justu abisu hori emateko astia izan zuen pasilloan gurutzatu zirenean. Horrela, Maritxuk deklaratzera joan zenerako bazekien zer edo zer, behintzat.

Deklarazioa hartu eta gero, hauxe guardien erabakia: “Hauek biak kalabozora segituan. Nazkaz ustel daitezela hortxe!”. Hori, ‘Gora Euzkadi askatuta’ baten gorabeheran, beste ezer egon gabe. Ba al dago horretarako eskubiderik? Guk beltzak pasatu genituen etxean eta ezer egin gabe. Juana, zerikusirik izan gabe gutunarekin, bost hilabetean eduki zuten kartzelan, epaiketa eguna arte. Oso gaizki pasatu zuen kartzelan Juanak.

Nola deskribatzen zuten kartzelan pasatutako aldia?

Kontatzen zutenez, kazuela handi batekin ibiltzen ziren ziegaz ziega, eta bakoitzak beretzako zeukan ontzi txiki eta zikin batekin hartu behar izaten zuen kazuela hartatik janaria. Juanak handik ezin zuela jan eta, azkenean, gaixotu egin zen. Medikuarekin hitz egin eta lortu genuen hari kanpotik janaria sartzeko baimena. Harentzat prestatzen genuen janaria, baina ikusten zenituen han zeuden beste azpeitiarrak eta nola ez zenien haiei ere emango? Denen artean banatzen zuten jatekoa. Eskerrak gure ahizpa hori bost hilabetera laga zuten libre, bestela ez dakit bizirik irtengo zuen. Gainera, nerbioetatik gaizki gelditu zen. Kalabozoan pasatu zuten lehenengo gauean nerbio krisialdia izan zuen, eta ondoren ere izan zituen. Ondorio galantak utzi zizkion kartzelako aldiak.

“Ondarretako kartzelan izugarrizko miseria zegoen, izugarrizko gosetea”

Eta zer gertatu zen epaiketan?

Gutuna idatzi zuen ahizpari, bietan gazteenari —Maritxuri—, 2 urteko kartzela zigorra bota zioten. 2 urte ‘Gora Euzkadi askatuta’ esateagatik! Ez sinestekoa izan zen. Beste ahizpa, Juana, libre gelditu zen epaiketa eta gero, baina aurretik, ezer egin gabe, han egon behar izan zuen bost hilabetean kartzelan.

Guk senideak genituen Azpeitiko Udaletxean lanean eta, epaiketa ordua iritsi zenean, haiek ez ziren ondo portatu gurekin. Izan ere, epaiketarako gure bi ahizpen inguruko informeak eskatu zituzten eta Azpeitiko Udaletxetik informe txarrak eman zituzten. Gainera, abokatuak aurretik abisatu zigun herrira informeak eskatu zituztela eta, udaletxean ezagunen bat baldin bagenuen, harekin hitz egiteko. Gure ama udaletxera ilobarengana joan zen hitz egitera.

—“Zeuek jakingo duzue zer informe eman gure alabez”, gure amak.

—“Izeko, zer informe emango dugu ba? Nola emango diegu zure alaben informe txarra? Hori esatea ere...”, erantzun zion gure senide horrek.

Eta azkenean, behintzat, informe txarra eman. Gainera, abokatuak esan zigunez, hori erabakigarria izan zen gure ahizpak zigortzeko. Puntako abertzaleak izan bagina, gutxienez... Baina ez zegoen halakorik: gure etxean ez zegoen gudari joandako mutil gazterik, neskak ez ginen ibili gudarientzat sukaldatzen edo herriko beste hainbat neska abertzalek egin zituzten zereginetan... Euskaldunak eta euskara maite genuenak ginen, besterik gabe, baina guk ez genuen ezer txarrik egin.

Zigorra jarri eta Ondarretako kartzelan eduki zuten, Donostian. Han barruan izugarrizko miseria zegoen garai hartan, izugarrizko gosetea. Andereño dotore horietako bat zegoen orduan kartzelako arduradun. Eta ‘gorri’ jendea... Zeharo emakume gogorrak omen zeuden, hala zioten gure ahizpek.

Hala, arduraduna zen andereño fin horrek oso desberdinak ikusten omen zituen, nonbait, preso nazionalistak eta preso ‘gorriak’. Hain desberdinak ikusi ere, preso nazionalistak denak ziega batean sartzen zituela, beste presoetatik bereizita. Han egon ziren preso nazionalistak ziega bakar batean pilatuta!

Ondarretako kartzelan azpeitiar emakume gehiago zeudela esan duzu.

Bai. Etxe-Zuri tabernako bi ahizpa, 'Konfites'-eneko bat... Horiek, dena den, gutxi izanda ere, bazuten zerbait. Izan ere, gerra hasi ondoren nazionalistak agintean egon ziren bi hilabeteetan gudarientzat sukaldatzen edo batzokietan punta-puntan ibilitakoak ziren. Baina gure horiek neskame egon ez ziren ba denbora guztian... Zer delitu egin behar zuten?

Orain arte kontatutakoak, erreketeek Azpeitia hartu ondorengo kontuak dira. Baina nola gogoratzen dituzu gerrako lehenengo egunak?

Gogorra izan zen. Bonbardaketen kontua ere hor zegoen. Dena dela, gerora barre galantak egin izan ditugu orduko kontuak gogoratzean. Nire lehengusuak kontatzen zuenez, abiazioa etortzen zenean, bonbaren batek etxeari su eman eta erreko ote ziren beldur ziren. Hala, lasterka alde egiten zuten, babesteko etxeko koltxoiak bizkarrean hartuta. Zenbat barre kontu horiek entzutean...

Gu Arana auzoan zegoen gordelekura joaten ginen. Ukuilu baten ‘refugio’ zioen kartel zatar bat jarri zuten eta hura omen zen bonbengatik babesteko gordelekua... Bonbaren bat bota izan balute, jo eta denak garbituko ginen han, baina besterik ez zegoen. Karrera zahar bakoitzean jartzen zuten ‘refugio’ horietako bat. Sirena eta kanpaiak hastean, lasterka batean joaten ginen Araneraino.

Gure amona eta aitona, berriz, ukuiluko lastozko sabaiaren azpian gordetzen ziren, hura ere leku ona omen zen-eta. Aitaren arreba —‘tiatxo’— zahar samarra zenez, gaizki moldatzen zen Araneraino lasterka joateko eta sukaldeko gortinaren azpian burua sartuta egoten zen... Haiek dira barreak egiten genituenak bonbardaketak bukatzean bakoitzak ateratako ‘piura’ ikustean.

1936ko irailean sartu ziren erreketeak Azpeitian. Nola bizi izan zenuen zuk?

Erreketeak sartu bezperan —irailaren 19an—, izugarrizko mugimendua zegoen herrian. Egun batzuk lehenago dagoeneko antzematen zen tropak bazetozela: tiroak gero eta gertuago entzuten ziren, jendea gero eta beldurtuago zegoen...

Ni urte hartan muestrario edo erakusgarri bat ari nintzen egiten. Olazko eskolan oporrak hartu eta gero, Jesuitinetako mojengana joaten hasi nintzen, han egiteko nire erakusgarri hori. Han egoten nintzen arratsaldeetan, bakar-bakarrik bastidorean, neure lantegian. Soltxaga koronela buru zela Francoren aldeko tropak sartu bezpera hartan, Jesuitinetara bidean izugarrizko mugimendua antzematen nuen: gudariak hona eta milizianoak hara, kamioi pila bat pasatzen.... Kaleko giroa gauza ikusgarria zen egun hartan. Nik neure bidearekin segitu nuen, arratsaldero bezala, eta Jesuitinetara joan nintzen. Han nengoela hara non entzun nuen bandoa iragartzen zuen danbor hotsa. Mojek balkoira irtetea gauza barregarria zen eta nire bila etorri ziren: “Atera dadila hau balkoira, ea zer esaten duen bandoak”. Itxura denez, mojak ere zerbaiten esperoan zeuden. Irten nuen balkoira eta bandoak esan zuen arratsaldean Bilbora tren berezia aterako zela; beldur ziren edo alde egin nahi zuten guztientzat egongo zen trena, doan. “Zer esan du?”, mojak galdezka.

Zer erreakzio izan zuten mojek?

Albistea eman nienean, haiek saltoka hasi ziren, zeharo gustura. Eta ni, aldiz, beldurtuta.

—“A zer beldurra!”, nik neuk.

—“Baina zeren beldurra daukazu?”, mojek harrituta. Eta ordurako genero eskasi pixka bat izaten ari ginenez (nahiz eta ondoren ezagutuko genuenarekin konparatuta ezer ez izan), hala esan zidaten mojek: “Ikusiko duzu, hemendik aurrera askoz hobeto izango gara. Ez da ezer faltako”.

—“Ba nik beldur handia daukat”. Neurean jarraitzen nuen.

—“Halako beldurra baldin badaukazu, nahi baduzu geldi zaitez gaur gauean hemen komentuan lotan. Horixe egingo dugu, bai: gaur gauean gurekin egin lo eta ikusiko duzu nola ez den ezer gertatzen”.

—“Ezta pentsatu ere! Hil behar baldin badut, nahiago neure etxean hiltzea!”, neuk erantzun, gainera. Egundoko grazia egiten dit orain horrekin akordatzen naizenean.

Komentuko babesean gelditu ordez, etxera itzultzea erabaki zenuen, beraz.

Bai, irailaren 19a zen. Etxera itzuli eta gero, Esklabetako komentuko Don Iñaki Azpiazu kapilaua azaldu zen Azautzen. Itxura denez, gau hartan beldurrez zegoen eta ezkutatzea erabaki zuen. Hemen auzoko baserri batean egin zuen gaua, sukaldean jarrita; hark edukiko zuen barrena, gizajoak! Gure etxera etorri zen, ea sotana gordeko al genion galdezka. Guk beti Don Iñaki sotanarekin ikusia geneukan eta kaleko jantziekin azaldu zenean, geure artean barre egiten genuen, arraro zegoela esanez. Behintzat, gorde genion sotana hura, hurrengo egunean bila etorri zen arte. Don Iñaki oso nazionalista zen, herrian nabarmendutakoa. Gainera, oso jatorra zen eta gazte jende guztia atzetik ibiltzen zuen. Horregatik amorru handia zioten besteek. Azkenean, atxilotua izan zen eta denbora batez kartzelan egon zen. Horren ondoren, Frantziara ihes egin zuen, gero Ameriketara joan zen. Lan handia egin zuen, Ameriketan zeuden euskal herritarrei lagunduz-eta. Gizajoa, beti herri-minez, beti hona itzultzeko amorratzen...

Eta biharamuna, erreketeak herrian sartu ziren eguna, nolakoa izan zen?

Eguerdi aldera sartu ziren. Gogoratzen naiz armairuak garbitzen ari nintzela. Han azaldu ziren gure lehengusu batzuk, aztoratuta, tropak sartu zirela abisatzera. Eta nirekin asaldatu, nonbait: “Ikusten al dun hau?! Trantze hauetan egon eta jardun egin behar da armairuak garbitzen! Hau dun lotsagabea!”, niri errietan hasi ziren, nerbioengatik-edo. Nahiko barre egin genuen gero akordatzean.

Kontuak kontu, Aranetik gora joanda San Miguel gainera igotzea erabaki genuen, zer gertatzen zen ikusteko. Gure gurasoak ez, baina nahikoa senide joan ginen. Han ikusten genituen Landeta aldetik hurreratzen tropak.

Hala, behintzat, sartu ziren tropak herrian. Haiek ikustean esaten genuen geure artean: “Ene, gure gudari gizajoek zer egingo zuten ba hauen denen kontra?”. Hainbeste karro eta hainbeste soldadu, bukatzen ez zen ilara batean. Amak, nire ahizpek, hainbat lehengusuk eta neuk bide izkinara irten genuen eta, isil-isilik, tropak pasatzen ikusten genituen. Bat-batean, soldaduen artean gure lehengusua zetorrela konturatu ginen, gerra hastean ihes egin eta errekete egin zen bat. Saltoka eta oihuka zetozen, euren garaipena dastatzen. “Ikusten al duzue zein datorren hor?”, esan eta gu geure burua ezin ezkutatuta. Ikusi gintuenean, hala esan zion gure amari: “Izeko, gu orain pozak!”. Gure amak: “Ederki, ederki... Hala ba, segi ezak aurrera”. Hori esan eta lasai gelditu zen ama. Lehengusuak tentatzea nahiko zuen igual baina gure ama jokoan erori? Bai zera!

“Etxeko balkoian Espainiako bandera zintzilikatzeko agindu ziguten”

Hor hasi zen hasieran kontatu duzun garai hura, zuentzat gogorra izan zena.

Ahal zuenak ihes egin zuen eta gelditu ginenok benetan beltzak pasatu genituen. Dena dela, Batzokian-eta ez ginenez ibiltzen, hasieran nahiko bakean utzi gintuzten. Diru aldaketa etorri zenean izan zen etxera errekisa egitera etorri eta ahizpen gutuna topatu zutenekoa. Hor hasi ziren gauzak benetan beltz jartzen.

Hori bai, tropak herrian sartu eta segituan gau batean lau errekete jarri ziren etxearen bueltan: bakoitza Azautzeko izkina batean, armatuta. Gu harrituta, “zer egiten ote dute horiek gure etxearen bueltan?”. Auzoko gertueneko baserriko lau anaia ziren... Gurekin batera hazitakoak, umetan elkarrekin jolasean ibilitakoak, beti batera ibilitakoak... eta orduan, gu kontrolatzen armak eskuan hartuta! Izan ere, eurak punta-puntako karlistak ziren eta bazekiten gu abertzaleak ginela. Baina txikitatik batera hazi eta gero, gu horrela kontrolatzen egotea...

Ordurako Francoren aldeko tropa erreketeek agintzen zuten Azpeitian.

Hori da. Eta orduan agindua etorri zen: etxe eta baserri guztietan Espainiako bandera zintzilikatu behar zen. Guretzako hori egundoko mina zen! “Hauxe dun, hauxe! Bestela, isuna omen dago eta jarri egin beharko dugu...”, erabaki genuen, azkenean.

Jertse gorri zatar bat eta beroki zahar baten pusketa horia hartu, horiek denak bat egin eta bandera txiki bat josi zuen nire ahizpetako batek. Azautzeko etxeak atzealdera ere balkoia zeukan eta bandera han jartzea erabaki genuen. “Errepide aldera, behintzat, ez dugu ipiniko”, erabaki genuen. Balkoian zer edo zer ikusten zela jarri genuen bandera. Etortzen baziren, bazegoela esateko moduan ginen, baina oso nabarmena izan gabe. Hala egon zen egunetan eta, ezeren arrastorik ez zegoela ikusita, etxeko norbaitek kendu egin zuen.

Baina, halako batean, konturatu ziren errepide aldetik begiratu eta gure etxean ez zegoela banderarik. Han azaldu zitzaizkigun hainbat errekete, ea bandera ba al genuen kontrolatzera. Galdetu ziguten banderaz eta guk baietz, bazegoela: “Errepide aldera beharrean, atzeko aldean dauka gure etxeak balkoia eta hantxe daukagu jarrita bandera”. Abiatu ziren erreketeak etxearen atzeko aldera, guk esandakoa egia al zen ikustera. Bitartean, nire ahizpa isil-isilik joan eta inor ohartu baino lehen atera zuen berriro bandera hori. Begiratu zutenean, “bai, bazaukatek”, esan zuten elkarren artean, eta joan egin ziren. Alde batetik, nahiko barre egin genuen gerra denboran... Makina bat amorrazio pasatu ere bai, baina guk barre egiten ere jakin genuen, behintzat.

Dena dela, gerra kontuak aitatzen dizkidatenean, niri horrelakoez ez jarduteko eskatzen dut. Hainbeste pasatu behar izan genituen, ez dudala nahi aitatzerik ere, handiak pasatu genituen-eta. Gainera, gero janari eskasia hasi zen.

Jasandako errepresioarekin batera, gosea izan zen gerraosteko beste arazo nagusia, ezta?

Dena falta zen, ez zegoen ezer. Gure etxean, gainera, hamahiru lagun bizi ginen: gure aita eta ama, aitaren arreba ‘tiatxo’, nire ahizpa bere senarra eta euren sei seme-alabekin, ni neu... Hamahiru tripa eta bete egin behar. Dena dela, guk soro asko genuen, orain Sanjuandegi auzunea dagoen horretan. Geuretzako nahikoa aterako genuen baina, kontua da, agintean zeudenei entregatu behar izaten geniela parte handi bat. Zakuak eta zakuak. Hainbeste kilo gari eraman behar izaten genituen udaletxera...

Urte batean oso baba gutxi izan genuen eta, hala ere, ez dakit zenbat kilo entregatzeko eskatu ziguten. “Hau burla egitea da. Hainbeste lagun gaude etxean eta geuk zer jan behar dugu?”, haserretzen ginen. “Guk ere tripa bete beharko dugu eta hor konpon daitezela!”. Batere babarik ez entregatzea erabaki genuen. Azkenean, behintzat, leku guztietatik biltzen ibili eta gero, leka erdika batzuk eta zimurtutako beste leka batzuk inguratzea lortu genuen. Horrekin ganbaran mordoska txiki bat osatu genuen.

Ez al zintuzteten zigortu agindutakoa ez entregatzeagatik?

Zigortu ez, baina baba guztia kendu bai. Halako batean Guardia Zibila azaldu zitzaigun etxera, berriro errekisatzera. Ea ez al genuen babarik eman behar, galdetu ziguten. Eta guk ezetz, lagun asko ginela etxean eta mordoska txiki bat besterik ez genuela bildu urte hartan. Ganbarara eraman genituen guardiak, zeinen baba gutxi geneukan ikus zezaten. Batek hankarekin baztertu zuen mordoskaren gainean zegoen lastoa eta, “zenbat egongo da hemen?”, galdetu zion besteari. “Pare bat kilo”, erantzun zion. Kuaderno txiki batean apuntatu zuten Azautzen entregatu gabeko bi kilo baba topatu zituztela, gero salaketa jartzeko.

Horren aurrean, gure etxekoek udaletxera joatea erabaki zuten. Joxe Alzuru sendagilea zegoen orduan alkate eta harekin hitz egin zuten: azaldu zioten bi kilo baba topatu eta salaketa jarri zigutela. Hala erantzun zuen Alzuruk: “Zuek lasai, nik kenduko dut salaketa hori. Entregatu bi kilo horiek eta kito!”. Han utzi behar izan genituen bi kilo haiek ere! Horrelakoak pasatu eta gero, gerrarekin nola akordatuko gara ba? Ezta akordatzea nahi ere! Dena sufrimendua izan zen.

Dena dela, Alzuru alkatea ondo portatu zen gurekin. Gure aita soroan lanean ari zen batean, Alzuru pasatu zen handik eta hala esan zion gure aitari: “Oraintxe udaletxean errazionamenduan emandako ogia sobratu egiten da eta hemendik aurrera zuen etxean bi opil gehiago jasoko dituzue egunean”. Alzuru akordatu egin zen gure etxean zenbat jende ginen eta detaile polita izan zuen. Ogi zatarra izaten zen, baina huraxe zegoen eta huraxe nahi guk.

Gerra kontuak aitatzerik ez duzu nahi izaten. Gaur egun, beraz, kostatu egingo zaizu duela 70 urte gertatutakoa gogora ekartzea.

Nik entzuten dudanean nonbaiten gerra dagoela, “horiek ere ariko ditun ederrak pasatzen!”, pentsatzen dut. Handiak pasatu behar izan genituen eta horregatik esaten dut nahiago izaten dudala ez akordatzerik. Esate baterako, kartzelan egondako gure ahizpek kontatzen dituzten kontuak entzuteak, fusilamenduenak-eta, hotzikara ematen didate.

Esaten zutenez, hurrengo egunean fusilatu behar zituzten presoak, aparteko gela batean edukitzen zituzten bezperako gauean. Ziegan zeuden presoak ere esnatuta egoten ziren, gertatuko zenari adi-adi. Haietako batean, goizean goiz soinu handi bat entzuten hasi ziren, motor zarata-edo. Bi aulkiren gainera igo eta ziegako leiho txiki hartatik ikusi zuten fusilatu beharreko bi gizonak nola ateratzen zituzten. “¡Viva la Republica!” batek eta “Gora Euzkadi askatuta!” besteak, biak oihuka. Kamioietan eraman zituzten, mendi aldera, han hiltzeko. Niri hotzikara ematen dit horrek.

Kartzelan egon zirenean, gure ahizpek bazekiten edozein unetan hartu eta fusila zitzaketela. Ezer egin gabe kartzelan eta, gainera, fusilatzeko arriskuan, hori omen zen txarrena. Beste behin, patioan zeuden batean, han ikusi zituzten guardiak nola zetozen euren artean zegoen neska baten bila. Neskak bazekien zertarako eraman nahi zuten eta garrasi batean hasi zen, denei heltzen. Tiraka eraman behar izan zuten. Hori egitea ere!

Gure ahizpa Maritxuk beti esaten zuen, orain ere hainbeste jende kartzelan dagoela ikustean, horietako askok ziurrenik ez luketela hor egon beharko. Hari pasatu zitzaiona pasatuta, uste hori zeukan barruraino sartuta. “Arrazoirik gabe auskalo zenbat dauden...”, esaten zuen. Izan ere, haiek pasatu zituzten guztiak ezin dira ahaztu, horrek kate luzea ekarri du atzetik.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak