Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Azpeitiarrak Espainiako Gerran »  Ramon Altolagirre

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

RAMON ALTOLAGIRRE (Francoren tropetako soldadua)

Ramon Altolagirre: "Gerran bizitakotik ikasi dut eza, ezer ez izatea, ezer gabe gelditzea zer den"

Ramon Altolagirre (1920), aurten, Azpeitian.  (Ihintza Agirretxe)

Urte haietan politika kontuez “inongo arrastorik ere ez” izan arren, Espainiako Gerran ibilitakoa da Ramon Altolagirre (1920). Politika baino gehiago, “jatekoa edukitzea zen orduan gure nahi bakarra”. Azkeneko esaldi horrek erakutsi bezala, ez zen izan samurra Ramonen haurtzaroa eta gaztaroa. 11 urterekin lanean hasi zen eta 15 urterekin umezurtz gelditu, hiru anai-arreba gazteagoren kargu. Amona eta aitonarekin joan zen bizitzera, “urik ez zegoen Azpeitiko etxe bakarrera”. Eta 1938an, 18 urte bete berritan, soldadu joateko deitu zuen Francoren aginteak. Kataluniako frontean ibili zen, ‘Unidad de carros de combate’ delakoan. Hasiera batean izen horrek Ramon beldurtu bazuen ere, behin besterik ez zuen izan tiroen arriskua. Baldintzen barruan, nahiko ondo joan zitzaizkion gauzak; esaten duenez, ‘entxufatu’ deitzen zieten bere unitateko kideei. Izan ere, ihesian zihoazen ‘gorriek’ zubi guztiak lehertzen omen zituzten eta Ramonen unitateko gerra karroak ibaiak ezin gurutzatuta gelditzen ziren gehienetan. Atzeragoardian pasatu zuen ia gerrate guztia.

Hainbat hilabetean frontean ibili eta gero, gerra bukatzean Donostiako kuartelera destinatu zuten. Han zela, Ramonek albiste harrigarri bezain ankerra jakin zuen: izatez ez zuen gerrara joan behar. Umezurtza, anaia zaharrena eta familiako diru iturri bakarra izanik, ez zegokion soldadutzara eta gerrara joaterik. Paper asko inguratu eta gero, 1940an lizentziatu egin zen, eta Azpeitira itzuli.

Ordutik aurrera gauzak hobetzen hasi ziren harentzat: korredore edo apustuetako artekari egin zen, kirol apustuen kontuan murgildu zen. Eta horretan jarraitu du ia-ia atzora arte. Ramonek esan bezala, 23 urterekin korredore egitean, orduantxe hasi zen bizitza pixka bat gozatzen.

.70 urte beranduago gerra kontuez aritzean, esaten du gudak oinarrizko bi ikasgai eman zizkiola. Alde batetik, ezer ez edukitzea, eza, ezer gabe gelditzearen gordintasuna ezagutu zuen. Bestetik, eta lehenengoaren ondorioz, daukan “dena ematea” gustatzen zaio Ramoni, bai baitaki “zer gogorra den ezer ez edukitzea”.

Nola hasi zen zure parte-hartzea Espainiako Gerran?

.18 urte nituen Francoren gobernuak nire kinta mobilizatzea erabaki zuenean; 1938a zen. Ordura arte 21 urterekin deitzen zintuzten soldadu joateko baina, gerraren beharrengatik-edo, gu 18 urterekin deitu gintuzten. Neu ekainekoa naiz eta irailean deitu zidaten soldadu aurkezteko. Banuen osaba bat Donostian, militar baten laguna, eta hark esan zidan deitzen nindutenean berari kasu egiteko. Hala egin nuen eta, deitu nindutelako joan beharrean, boluntario aurkezteko gomendatu zidan; helbide bat emango zidala eta azaltzeko hara boluntario. Aran bailarakoa (Katalunia) zen helbidea, 1938an han oraindik gerran zeudelako. ‘Unidad de carros de combate’, hala izendatzen zuen nire unitatea osabak emandako dokumentuak.

Ni sekula Azpeititik irten gabe nengoen, noiz edo noiz Donostiara joateko soilik. Kontuak kontu, Donostiara joan, sartu trenean eta han abiatu nintzen Kataluniara, Lleida aldera. Zaragozaraino (Espainia) karabineroen artean, bakar-bakarrik eta paisano edo kaleko jantzita joan nintzen. Zaragozan osabaren lagun batekin elkartu behar nuen. Lagun horrek karta bat eman zidan eta nik neure aldetik, joan behar nuen lekuko helbidea erakutsi nion:

—“Unidad de carros de combate? Zerbait egin al duzu ba?”, galdetu zidan.

—“Ez. Nik uste toki onera bidaltzen nauela osabak, toki segurura”, esan nion.

—“Beno, beno...”, halako zalantza batekin bezala erantzun zidan. Pentsio batean pasatu nuen gaua. Hurrengo goizean berriz ere trena hartu eta Lleidara joan behar nuen, Escalo herrira. Osabaren lagunak lagundu zidan geltokira. Han soldadu jantzian azpeitiar bat ikusi nuen; ezagutzen genuen elkar, nahiz eta hura ni baino 3 edo 4 urte zaharragoa zen.

—“Zer egiten duk hik hemen?”, galdetu zidan.

—“Soldadu aurkeztu behar diat, Lleidan”, erantzun nion.

—“Lleidara al hoa? Neuk ere alde horretara joan behar diat”.

Eta ni pozik, laguna topatu bainuen bidaia egiteko. Eskuetan neraman osabak emandako helbidea eta banekien Escalora iristeko Binefar-en (Huesca) gelditu behar nuela; hor kamioia hartu eta Tremp-era (Lleida) joan behar nuen. Behin azken geldialdi hori eginda, bertan dago Escalo. Baina beste azpeitiarrak hala esan zidan: “Lleida aldera joan behar baldin baduk, ni noan geltokitik gertuago zagok Lleida Binefarretik baino”. Errazera egin nuen: laguna nahi nuen bidaiarako eta, Binefarren gelditu beharrean, aurrera egin nuen, azpeitiar haren geltokiraino. Hara heltzean, etxe atari batean egin genuen lo, gari zaku batzuen gainean. Hurrengo goizean azpeitiarra bere destinora joan zen eta ni Lleidara. Mutil gaztea nintzen, 18 urtekoa, eta argal-argala.

Asmatu al zenuen zeure destinora iristen?

Komeriak! Iritsi nintzen Lleidara eta galdezka hasi nintzen ea Escalo non dagoen. Imajinatzen Donostian Landeta Azpeitiko auzoa non dagoen galdetzea? Igual-iguala izan zen. Lleidan inork ez zidan arrastorik ematen Escalo hori non dagoen. Azkenean, baten batek gomendatu zidan halako bulegotara joan eta bertan galdetzeko. Halaxe joan nintzen eta han erakutsi nien nora joan behar nuen azaltzen zuen dokumentua, osabak emandakoa. Esan zidaten halako kontrolera joateko eta handik bidaliko nindutela Escalo dagoen zonaldera. Azaldu nintzen, behintzat, kontrol hori zegoen lekura. Orduan kamionetan ibiltzen ziren soldadu guztiak eta ni haien erdian sartu ninduten, kaleko jantzian. Kamioneta hartara igo nintzenean, soldadu haiekin guztiekin batera, denak niri begira gelditu ziren, “hau nora ote doa?...” galdetuz bezala. Soldadutzara nindoala azaltzen nien, eta “joan hadi etxera, moteil!” esaten zidaten. Jakina, ume kozkorra ikusten ninduten haiek! Neure artean pentsatzen nuen: “Gustura joango nindukek etxera, bai, baina ezin!”.

Hala, Trempera iritsi nintzen. Handik oraindik gorago igo behar nuen, Escalo arte. Trempen, ordea, euskal herritarrekin egin nuen topo, donostiar soldadu batzuekin. Denek gauza bera galdetzen zidaten: “Zuk zer egiten duzu hemen?”. Izan ere, mutil kozkorra eta, gainera, kaleko jantzita ikusten ninduten. Denei esaten nien soldadutzara nindoala. “Boluntario?”; hori ere denek galdetzen zuten, eta kintoak deituta nengoela eta aurkeztea erabaki nuela azaltzen nien.

Kontuak kontu, euskal herritar haiekin segitu nuen bidea. Atseden baimena bukatu eta berriro tropara joan behar zuten haiek. Afaltzera gonbidatu ninduten eta ni pozik. Gainera, baneukan dirua afaria ordaintzeko. Gerra aurretik, goizeko seietan hasi eta iluntzeko hamarrak arte jarduten nuen lanean, gerrarako dirua aurrezten. Izan ere, guk gurasorik ez genuen, amonarekin bizi ginen eta lau senide ginen; neu zaharrena. Gero jakin nuen arrazoi horregatik, umezurtz eta, gainera, anaia zaharrena izategatik, ez neukala legez gerrara joan beharrik...

Gerratik libratzeko aukerak zenituela esan nahi al duzu?

Bai, familiako euskarri ekonomiko bakarra ni nintzenez, libratu egin behar nuen gerrara edo soldadutzara joateaz. Baina ez nekien halakorik, inork ez zidan ezer esan. Gerratik bueltatu eta gero jakin nuen ez neukala zertan joan...

Trempen euskal herritarrekin elkartu zinen baina artean helmugara iristeko zeunden...

Hala da. Behinik behin, Trempen afaltzera joan nintzen euskal herritarrekin. Han geundela, azpeitiar ofizial bat ikusi nuen: Inazio Etxeberria kapitaina. “Hori ere azpeitiarra da”, azaldu nien lagunei, eta kasu egitera joateko esan zidaten. Baina artean gaztea nintzen, eta motz samarra. Begiratu egiten nion eta, halako batean, berak ikusi eta ezagutu egin ninduen. “Hik zer egiten duk hemen?”, galdetu zidan hark ere, eta soldadutzara aurkeztu nintzela azaldu nion. “Leku onera hator”, esan zidan, eta orduantxe lasaitu nintzen. Ordura arte beldurrez nindoan, helbidea ere beldurgarria zelakoan; Unidad de carros de combate, auskalo zer zela imajinatzen nuen nik... Baina Inazio Etxeberriak esandakoak animatu egin ninduen. “Hi hoan lekura kamioi bat ateratzen duk Trempetik bertatik, janariz eta gauzez hornitzera. Kamioi horretan eramango haute, nahi baldin baduk”, azal- du zidan Etxeberriak. Estimatu nion laguntzeko borondatea, baina donostiar lagun haiek ere Escalo inguruetara joan behar zutenez, haiekin joatea erabaki nuen.

Trempen lo egin eta goizean goiz abiatu ginen donostiarrak eta ni neu. Kamioi batzuetan sartu gintuzten. Nire lagunak iritsi ziren euren geltokira eta nik aurrera jarraitu nuen; Escaloraino iritsi behar nuen. Txoferrari esan nion iristen ginenean abisatzeko. “Hemen daukazu Escalo”, esan zidan halako batean.

Herri txiki-txikia zen, zatar-zatarra. Han jaitsi nintzen eta neure dokumentuarekin militarren buruzagiarengana joan behar nuen. Azaldu nion soldadutzara aurkezten nintzela, eta hor hasi nintzen. Militarren jatenek ospe txarra duten arren, akordatzen naiz lehenengo arrantxoa oso gustura jan nuela. Izan ere, arratsaldeko hirurak baziren Escalora heldu nintzenerako. Bi hilabete inguru pasatu nituen han.

“Tiroen artean ezin genuen karroetara bueltatu, harrapatuta geunden”

Han jakingo zenuen zer zen hain beldurgarri iruditzen zitzaizun Unidad de carros de combate delako hori, ezta? Zer zen?

Blindatutako automobilak ziren, gerrarako prestatuak. Bideak zaintzen ibiltzen ginen, batik bat. Izan ere, Aran bailaran geunden, Frantziako mugatik oso gertu, eta han makiak ibiltzen ziren, Francoren altxamenduaren aurka eta Errepubli-karen defentsan borrokan ari zen taldea. Beraz, guk bideak zaintzen genituen, makien zelatan. Gauez ibilbide bat egin behar izaten genuen, handik mugatik inor ez zela sartzen zaintzeko.

Noiz hasi zineten borrokan?

Escalon bi hilabete egin eta gero, Kataluniako erasoaldia hasi zen, 1938ko abenduan; gabonak inguruan izan zen. Gu Escalotik Trempera jaitsi gintuzten berriro. Han egun batzuk egin eta gero, ofentsibarekin hasi behar genuela esan ziguten eta berehala frontea zegoen aldera mugitu gintuzten.

Guk tiroak eta halakoak oso gutxi ikusi genituen, egia esan. Izan ere, guk aurrera egin ahala ihesi zihoazenek, ‘gorriek’, zubiak botatzen zituzten. Eta, jakina, zubirik ez egotean, aurrera ezin eginda gelditzen ginen, gerrarako karro handi horiekin. 'Unidad de carros de combate'-ko kideok beti atzetik joaten ginen. Zubiak konpondu eta pasoa egin bitartean, gu beti atzeragoardian. Horregatik askotan jarduten zitzaizkigun gainontzekoak ‘entxufatu’ batzuk ginela esanez: “Karro handiak ibili bai, zarata handia atera bai, baina ‘entxufatu’ batzuk zarete zuek guztiok!”.

Beraz, nolabait esaterren, lasai antzean zebilen zuen taldea?

Neuk, behin baino ez nuen ikusi tiroen arriskua. Bidean gindoazen batean, botatako zubi batekin egin genuen topo. Aurrera ezin genuela egin ikustean, irten genuen blindatutako gure kotxe horretatik eta han hasi zitzaizkigun erasoan tiroka. Ezin genuen karroen babesera bueltatu tiroen artean. Harrapatuta geunden, ezin itzuli karroetara!

Nire batailoi kideak nafarrak ziren ia denak (Alesbeskoak eta Caparrosokoak), denok ginen kintoetan deitu eta boluntario joandakoak. Alegia, ‘entxufatu’ antzera joandakoak, haiek ere nire osabaren lagun militarrarekin harremana zeukaten, niri lagundu zidanarekin. 30en bat lagun inguruko taldea osatzen genuen, lau karro blindatutan banatuta. Erasoa hasi zenean, han ikusi nituen batzuk nola hasi ziren errezatzen. Ni neure artean harrituta haiek errezatzen ikustean; esaten nien alde egin behar genuela handik, errezatu beharrean. Gure lau karro blindatu horiek errepide erdi-erdian zeuden lagata, eta neure artean: “Zenbat eta azkarrago joan lasterka, hobe izango duk ba...”. Horrelaxe, lasterka batean joan ginen karroetaraino eta behin han barruan, salbu geunden. Hori bai, sartu ginenerako danbor hots antzeko zerbait entzuten hasi ginen; tiroek karroan jotzen zutenean ateratako soinua zen. Baina ez zegoen kuidadorik, balek ezin zuten blindatua zulatu. Hala, infanteriako gure kideak azaldu ziren eta lortu zuten erasotzen gintuztenak uxatzea. Denok onik atera ginen, ez genuen aberiarik izan. Gerratean nik pasatu nuen arriskua horixe izan zen, horixe baino ez.

Noiz arte ibili zineten alde hartan?

Gerra 1939an bukatu zen, apiril hasieran, eta gu otsailean eta martxoan Katalunian ibili ginen. Esaterako, Berga herrian geu izan ginen sartzen aurrenak. 1939ko urtarrilean izan zen; handik gutxira bukatu zen Kataluniako erasoaldia.

Eta gero zer?

Gerra bukatu zenean, ospitalean nengoen. Zikinaren gaitza harrapatu nuen: hazteria. Geure ustetan saiatzen ginen errekan geure burua garbitzen baina... Horrela, gerra bukatu zenean, Soriako (Espainia) ospitale batean nengoen, gaixorik. Hori bai, gerra bukatzean segituan sendatu nintzen... Azpeitian gerra amaitu zela ospatzeko festak izango zirela pentsatu eta, neure buruari baimena emanda, herrira etortzea pentsatu nuen.

Orduan, gerra bukatzean, armadatik libre gelditu al zineten?

Ez, hori pixka bat beranduago izan zen. Fronteko gure lana bukatzean Zaragozara joan behar izan genuen, karro blindatuak entregatzera. Handik Alcala Henares-era (Madril) bidali gintuzten eta han destinoen berri ematen ziguten. Donostia tokatu zitzaidan eta 1939ko apirilean bidali ninduten. Ordurako gerra bukatuta zegoen. Ni boluntarioa nintzen, ez soldadua, esan baitut nire kinta mobilizatuko zutela jakitean boluntario aurkeztu nintzela, osabak gomendatuta. Donostian bulego batean jarri ninduten, ordenantzak egiten eta ez lan militarretan. Hiru-lau hilabete pasatu nituen, enkarguak egiten. Eguneko hiru pezeta kobratzen nituen eta horrekin mantendu behar nintzen. Dena dela, Donostian osabaren etxean nengoen eta, haren etxean jaten nuenez, ondo moldatzen nintzen hiru pezeta haiekin. Baina hura ere bukatu egin zen.

Denbora batera milizia guztiak armadan integratzea erabaki zuten. Hala, gerran miliziekin boluntario ibilitako guztiak soldadu egin zituzten. Eta ordurako soldadu nintzenez, kuartelera eraman ninduten bizitzera, Donostiakora. Urtebete baino gehiago egin nuen kuartelean. Orduan jakin nuen, ordea, ez nuela zertan soldadutzara joan, eta 1940ko San Antonio egunean lizentziatu egin ninduten.

Nola jakin zenuen ez zeneukala soldadu izan beharrik? Eta horren ondorioz lizentziatu al zintuzten?

Artean Donostiako kuartelean nengoela, lagun batek esan zidan: “Hik zer egiten duk hemen? Ez hukek soldadu egon behar. Gurasorik ez daukazue eta heu haiz anaiarik zaharrena: familiaren euskarria izanda, ez daukak zertan hemen egon”. Hori entzunda, paper kontuak mugitzen hasi nintzen, udaletxera eta hara eta hona joanez. Gure aita Ameriketan hil zitzaigun, eta handik ekarri behar izan genuen hilda zegoela erakusten zuen agiria. Eta ama ere hilda zegoela frogatu zutenean, libre gelditu nintzen. 1940an izan zen hori, Azpeititik alde egin eta 2 urtera, gerran ibili ondoren! Orduan esan zidaten ez nuela zertan gerrara joan!

Gerra aurretik nolakoa zen zure bizimodua?

.11 urterekin lanean hasi behar izan nuen. Izan ere, 6 urte nituela gure aita Ameriketara joan zen, eta ama eta lau ume gelditu ginen. Santiago kalean bizi ginen, alde egin aurretik aitak amari utzitako etxe batean. 11 urterekin ahizparik zaharrena neskame joan zen. Amak, berriz, otarreak egiten ikasi zuen eta horretatik bizi ginen. 8 edo 10 urterako hasi ginen amari lagunduz etxean bertan lanean, otarreak egiten. Gero 11 urterekin, jaunartzea eginda gero, tailer batean hasi nintzen. Hain zuzen ere, Dionisio Etxeberriaren fabrikan; zumearekin aritzen ginen. Laguntzaile aritu nintzen, baina 2 urtera bidali egin gintuzten, lanik ez zegoela-eta. 13rekin txorta josten ikasi nuen, abarketagintzan, eta horretantxe hasi nintzen lanean, ez zegoelako besterik. 14 urte hartu nituenean, berriz, Alejandro Orbegozoren abarketak egiteko tailerrean hasi nintzen. Oraindik ama bizirik genuen, eta hark otarreekin eta nik abarketagile ateratzen genuenarekin nahiko ondo egotea lortu genuen.

.1935ean hil egin zen gure ama, neuk 15 urte egin nituenean, eta lau anai-arrebok amonarekin bizitzera joan ginen, Madalena auzora. Herri guztian ez zen egongo urik ez zegoen etxerik eta gure amonarenak izan behar bakarra... Bigarren solairuan bizi ginen, hartu baldeak eta han joan behar izaten genuen ur bila iturrira. 10 urte egin nituen amonaren etxean bizitzen, 15 urtetik 25 urte bitartean; hala ere, hor tartean daude gerra zela-eta kanpoan egon nintzen 2 urteak.

.23 urterekin korredore lanetan hasi nintzen, apustu kontuetan, eta orduantxe hasi nintzen pixka bat bizitza bizitzen. Baina 15 urtetik gerra bukatu bitartean, gure etxean ez zegoen ezer ere. Goizeko seiak eta laurdenean jotzen zuen Frantziskanen komentuko kanpaiak, jaiki eta abarketa fabrikara joaten nintzen. Goizeko ordu horretan hasi eta ahal nuen arte gelditzen nintzen. Han irabazitako dirua amonari ematen nion, eta zati bat gerrarako gordetzen hasi nintzen. Izan ere, nik 16 urte nituela hasi zen gerra eta kintoak deitzen hasi zirenean, ikusten nuen niri ere tokatzea bazegoela. Banekien gerrara bidaltzen baninduten gure etxe hartan ez zegoela dirurik, eta badaezpada aurrezten hasi nintzen.

Kontatzen duzunagatik, ez dirudi ideologia edo sinesmen arrazoiak izan zirenik gerran parte hartzera bultzatu zintuztenak. Ba al zenuen kontzientzia politikorik orduan?

Ez, ezer ez. Nik politika kontuez ezer ez nekien orduan. Jatekoa edukitzea zen orduan gure nahi bakarra, hori zen gure sufrimendua. 23 urtera arte asko sufritu nuen, eta nik bezala nire anai-arrebek. Gurasorik gabe gelditze hori... Guk aita ez genuen ezagutu; nik ezagutu nuen, baina galdu egiten zait haren irudia. Urik ez zegoen etxe hartan bizitzea ere... Gogorra izan zen. Orain batzuetan jartzen naiz pentsatzen “han aguantatu egin behar du pertsonak...”, baina huraxe baino ez zegoen eta zer erremedio! Gero gu seme-alabei dena ematen saiatu gara. Harrezkero, zorte ona izan dut bizitzan, eta neuk sufritu nituenak sufrituta, gure umeei dena eman diegu emazteak eta biok. Batzuek ondoren ematea nahi izaten dute; nik aurretik eman izan diet dena.

Zuk Espainiako Gerraren bi alderdiak ezagutu zenituen: 1936tik 1938ra arte herrian bizi izan zenuen gerra, zibil bezala; 1938tik aurrera frontean izan zinen, soldadu. Frontekoak kontatu dituzu. Herriko gorabeherak nolakoak izan ziren?

Aldaketa handia izan zen. Hemen gerra aurretik ezer ez zegoen, halako arazorik ez zegoen, eta gero gorrotoa etorri zen. Denok lagunak ginela uste genuen, eta dena zatitu egin zen bat-batean. Nire lagun batzuk aurrera joan ziren gudari bezala eta beste batzuk, berriz, errekete gelditu ziren hemen. Eta horren ondoren, inongo motiborik gabe, dena haserreak izan ziren geure artean. Horri gero ez genion bueltarik eman, gerra bukatuta ere ez ginen gehiago lagun guztiak elkartu. Gogorra da hori gero!

Zure ustez, egon al zen benetako adiskidetzerik gero?

Bai, adiskidetzea egon zen, baina gorrotoa ere handia izan zen. Orain gertatzen diren gauzetako asko arazo handiak direla esaten dute, baino nik txikiak direla pentsatzen dut. Izan ere, orduan ikaragarriak pasatu ziren. Orain kale erasoren bat gerta daiteke, baina kontuan izan orduan hildakoak izaten zirela, alde guztietan eta etengabe. Eta gorrotoa, inbidia, fusilamentuak... hemen ere ezagutu ziren horrelakoak. Gudari bezala aurrera joan zirenen familiakoek ere, hemen gelditu zirenek, asko sufritu zuten. Lehendik zeuden inbidietatik gorrotoa etorri zen gero.

Gerran ibili ziren gudariak etorri ziren unea ere zaila izan zen. Desafioak asko jasaten zituzten: haiek beldurrez etorri herrira eta besteak, agintean zeudenak, desafioka haiei. Hemen gelditu zirenak (erreketeak edo karlistak) santuak izan ziren eta alde egindakoak (nazionalistak edo errepublikazaleak) gaiztoak; hala esaten zuten, behintzat, agintariek. Nik banekien, ordea, ‘gaizto’ deitutakoen artean onak ere bazirela. Kontuak kontu, denborarekin gauzak ahanzten joan ziren eta giroa baretzen hasi zen.

“Euzko Abertzale Ekintzakoak Jainkorik gabeak zirela zioten EAJkoek”

Erreketeak herrira sartu zireneko oroitzapenik ba al duzu?

Guk aurretik bagenekien gertu zeudela. Banuen lagun bat mendira asko joaten zena eta hark esaten zizkidan horrelako kontuak, mendira joaten zenean ikusitakoak: halakok edo bestelakok Beasainera aldera egin zuela ihes, tropak hurbiltzen ari zirela...

Tropak Azpeitira sartu ziren eguna igandea zen, irailaren 20a, 1936an. Ni frontoian ari nintzen pilotan jokatzen eta, bazetozela ikustean, plazara azaldu nintzen. Gogoratzen naiz nola etorri ziren Egańako lehengo lokal paretik, nola sartu ziren txapel gorriekin eta gu, atzetik begira. Tabako dendan errepublikarren kartela zegoen jarrita, kendu eta txiki-txiki eginda laga zuten soldaduek. Orduko Batzokia Plaza Txikian zegoen eta han zeuden traste guztiak ere txikitu egin zituzten. Aldagoitinekoek denda zeukaten han parean eta, txikizioa ikustean, oihuka hasi zitzaizkien soldaduei, baina alferrik.

Egun hartantxe haur bat ere hil zen, tren geltoki aldean; Enparangaingoa zen haurra. Esan zenez, tropak sartzen ari zirela soldaduei iruditu zitzaien norbait ihes egin nahian ari zela eta tiro egin zuten; ume hori hil zuten. Horretaz gain, bonbak erori ziren herrian, gutxi baina bonbak. Horietako bat Alberga atzean dagoen hiltegi alboan erori zen, hilerrirako dagoen bidean. Bi pertsona hil ziren: bat Bernabe Arruti zen —nirekin egiten zuen lana– eta bestea Bereziartua abizeneko bat zen. Arrutik 19 bat urte zituen, besterik ez. Hantxe zegoen eta bonba erori zitzaion; bestelako arrazoirik gabe hil ziren hura ere...

Bat-batean asko aldatuko zen herriko eguneroko bizimodua, ezta?

Bai. Ordura arte udaletxean gehiengoa osoa nazionalista zen, herria nazionalistek gobernatzen zuten. Hala ere, gerra aurretik, nazionalistenak bezala, karlisten mitinak-eta izaten ziren. Nazionalistak Bergarako muturretik ere etortzen ziren mitinak entzutera, eta igual bidean margaritekin (emakume karlisten mugimendukoak) eta pelaioekin (gizonezko karlisten taldekoak) gurutzatzen ziren.

Alegia, giroa nahasia zen. Bai batzuk eta bai besteak indarrak bildu nahi horretan zebiltzan. Bi ideia aurrez aurre: karlismoa eta nazionalismoa, biak parez pare. Azken batean, bi bando.

Dena dela, hori horrela izan arren, gero gosetea etorri zenean gauza kuriosoak gertatzen ziren. Falangekoek laguntza sozialerako lokala jarri zuten gaur egun Etxe-Zuri taberna dagoen lekuan. Doan jaten ematen zuten eta, jakina, ezin-bizi handia zegoen orduan, ezin-bizi gordina eta gosea, eta, ondorioz, nazionalistak izateagatik gurasoak alde eginda zituzten umeak Falangeko lokal horretara joaten ziren jatera.

Hemen, erreketeez aparte, falangistak ere bazeuden. Egia esan, gerra garaian azaldu ziren falangeak, lehenago ez zeudelako. Gerra aurretik nazionalistak eta karlistak zeuden, batik bat. Errepublikanoa izatea, erlijiorik gabekoa izatea zen. Eta orain ezker abertzalea dena bezala, orduan Eusko Abertzale Ekintza (ANV-EAE) zegoen. Nazionalistekin ez ziren gaizki konpontzen, baina Eusko Abertzale Ekintzakoak Jainkorik gabeak zirela zioten EAJkoek “horiek ez dute sinesten Jaungoikoarekin!”, zioten. Horretan egiten zuten talka: biak ere, EAJkoak eta Eusko Abertzale Ekintzakoak, abertzaleak ziren, baina erlijioaren kontua zegoen tartean. Horrek bereizten zituen.

Azken batean, Espainiako Gerrak zuen bizitza erdi-erditik moztu zuen...

Hala da, bai. Pentsa, 16 urte nituela hasi zen guztia. 18 urterekin joan nintzen neu gerrara eta 2 urte pasatu nituen. Bueltatzean, berriz, gosetea. Gerrak erabat baldintzatu zuen nire gaztaroa.

Zer da bizitakotik jaso zenuena? Zein da zure sentsazioa ordukoa gogoratzean?

Guk ezer ez genuen garai hartan, ezer gabe gelditu ginen. Nik orduan bizitakotik ikasi dut eza, ezereza, zer den. Alegia, ezer gabe gelditzea eta ezer ez izatea zer den. Ezkondu nintzenean —25 urterekin—, amonak hala esan zidan: “Hik dirurik ez daramak baina lanean ikasi duk, behintzat”. Hori zen nire herentzia.

Gerratik ikasi dudan beste gauza bat: nik jaso ez nuena orain besteei ematea gustatzen zait, bai baitakit ezer ez edukitzea zer den.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak