Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Azpeitiarrak Espainiako Gerran »  Lurdes Alberdi

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

LURDES ALBERDI (Ipar Euskal Herrian eta Frantzian errefuxiatutako familiako kidea)

Lurdes Alberdi: "Gernikako bonbardaketaren irudiak ikusita, ez dakit nola irten nuen handik bizirik"

Lurdes Alberdi (1917), aurten, Azpeitian.  (Ihintza Agirretxe)

Duela 70 urte, ia neska kozkorra zela, anai-arreba gazteak hartu eta herritik, Azkoititik ihes egin zuen Lurdes Alberdik (1917), gurasoen bila. Eta duela 70 urte hori egitera bultzatu zuen sendotasun berberarekin kontatzen du bere historia, ia galderak egiteko aukerarik eman gabe. Izan ere, berak badaki ondo zer den kontatu nahi duena. Ez daramatza alferrik 70 urte bere bizipenak harilkatzen, kontatu duen historia ehuntzen; hari finez, xehetasun bat bera ere ahaztu gabe.

Familiaren banaketa, bonbardaketen mamu beltza, erbesteko urte luzeak, ezer gabe gelditzea... Hori da Espainiako Gerrak Lurdesi utzitako ondare gordina. “Eta gerra bezain gogorra izan zen gerraostea guretzat!”.

.1936ko irailaren 20an egin zuen alde Azkoititik, tropa karlistak herrian sartu ziren egunean bertan. Anai-arreba gazteagoak hartu eta gurasoen bila abiatu zen. Gurasoek aurretik egin zuten ihes, nazionalista izateak ekar zitzakeen ondorioen beldur. Izu bera sentitu zuen Lurdesek, bazekien gelditu izan bazen ”egurra” emango ziotela, berak dioen bezala. Hor hasi zen urteetako erbestealdi gogorra: Bizkaia eta hango bonbardaketa etengabeak, lehenengo; Kantabria (Espainia), gero; eta, azkenik, Frantzia. Azkoitiarra izanda paradoxikoa den arren, han ikasi zuen Lurdesek abarketak egiten; eta hura izango zuen ogibide.

Eta berriro izua. Herria lagatzera behartu zuen arrazoi berberak ekarri zuen bueltan herrira: Hitlerren agindupeko soldadu naziak Parisen sartu zirenean, Azkoitira itzultzea erabaki zuten. Behin Azkoitira itzuli orduko, galtzaile izatearen errealitate gordina zain: ez etxerik eta ez begirunerik.

.1946tik Azpeitian bizi da, bere senarra zenaren herrian. Senarra ere gorriak ikusitakoa: 5 urte pasatu zituen kartzelan, heriotza zigorraren mamua ziega-lagun; azkenean, berekin batera ikasitako ministro ospetsu batek salbatu zuen arte. Ordutik lau seme-alaba izan zituen Lurdesekin, Azpeitian.

1936ko gerra mugarria izan zen zure bizimoduan. Baina gerra aurretik ba al zeneukan inongo kezka edo kontzientzia politikorik?

Gure aita, Domingo Alberdi Etxaniz, oso abertzalea zen; idealista bat. Hara, nik ez dakit hark zer emango zukeen bere ideala lortzeagatik.

Parte hartzen al zuen herriko politika kontuetan?

Kargu politikorik ez zuen izan. Batzokiaren sortzaileetakoa zen, ordea, eta herriko abertzale ezagun-ezaguna. Bera oso jendarteko gizona zen, halakoxea zen. Baina, jakina, beste aldeko askok ikusi ezindako gizona zen. Ez dakizu zenbat jende egoten zen gure etxean nire aitarengana etorrita! “Aizu, Domingo, koltxoiak kendu dizkigute!”, edo hau edo hura egin ziotela esanez. Beste aldeko jendea zen, eta gure aita haiei denei lagundu ezinda ibiltzen zen. Eta gero geuri egin...

Zu zeu ez al zinen inoiz politika kontuetan ibili?

Nik bizitza guztian, jaio nintzenetik, etxean jaso izan nuen nazionalismoa. ‘Nazionalista’, hori entzun izan nuen beti eta halaxe izan nintzen. Baina orduan nazionalista baldin banintzen, orain askoz ere nazionalistagoa naiz. Jakina, guk pasatu genituen haiek denak pasatuta, nola ez naiz izango...

Batzokien inaugurazio denetara joaten nintzen, aitarekin. Baina denetara! Gerra hasi aurretik joan ginen azkeneko inaugurazioa, Iruńekoa izan zen, 1936ko uztailean bertan. Artean sanferminetako feria zegoela gogoratzen naiz. Nik Jose Antonio Agirre, Telesforo Monzon eta horiek denak ezagutu egiten nituen. Monzon bai gizon fina, ikusi egiten zitzaion klasea.

Gerra hasi aurretik, nolakoa zen zure bizimodua?

Oso ederra; niretzako bai, behintzat. Ondoegi bizi nintzen. Gerra hasi zenean 19 urte neuzkan, onenean nengoen. Ez nuen ezer egiten, bizi besterik ez. Kolegioan egon nintzen, Jesus eta Marietako komentuan, Azpeitian, eta horren ondoren, bizi! Gure etxean bazegoen lana zeinek egina, eta ni bizitzera dedikatzen nintzen. Gero pasatu behar izan nituen ederrak! Hala ere, denera ohitzen zara: ez dagoenean ez dago eta ezin denean ezin da.

Baina, bai, gerra aurreko garaia oso ederra zen. Askotan pentsatzen dut: “Ene, zer ondo bizi nintzen orduan”.

Baina hori dena bukatu zen: 1936ko irailaren 20an erreketeak, Francoren altxamenduaren aldeko tropa karlistak sartu ziren Azkoitian; Azpeitian ere bai.

Ikusten zen bazetozela. Gainera, ezagun batek hala esan zigun: “Zumarragan omen daude dagoeneko!”. Eta hura estuasuna gurea! Gainera, gure aita hain zen nabarmendutako nazionalista herrian... Zurrumurru horiek beldurtuta, gurasoek etxetik alde egitea erabaki zuten.

Guk taberna bat geneukan Azkoitian, jendez gainezka ibiltzen zena: ‘Goiko taberna’ deitzen zioten. Elgoibarrerako bidearen hasieran bizi ginen eta bi etxe genituen elkarren ondoan: lau pisuko kaleko etxea eta alboan baserria, ‘Sasibil’ izenekoa. Hor bertan zegoen taberna ere. Gure aitak, ordea, ez zuen tabernan lan egiten, Epelde y Larrańaga enpresako bulegoan baizik. Ordurako ia 25 urte-edo zeramatzan leku horretan lanean. Kontua da, behintzat, gurasoek alde egitea erabaki zutela, erreketeak hurbiltzen ari zirela jakitean. Lantoki horretan kamioneta bat zeukaten eta aitak kamioneta hura etxekoa balitz bezala erabiltzen zuen. Hala, kamioneta hartu zuten ihes egiteko. Gainera, baserrian oiloak eta oilaskoak genituen, asko, eta horietako pila hil zituzten eurekin eramateko. Kamionetan ahal zen guztia sartu eta alde, beraz.

Oraindik gogoratzen naiz zer esan zigun aitak joatean: “Zuei ez dizuete ezer egingo; gelditu lasai”.

Nora joan ziren gurasoak?

Aitak Elorrion anaia bat zuen abade eta haren etxera joatea erabaki zuten. Amak, aitak eta anaia zaharrenek egin zuten alde. Hiru neskame geneuzkan sasoi hartan eta horiek ere joan egin ziren, panorama ikustean. Ni etxean gelditu nintzen, ahizpa eta anaia gazteagoekin. Ahizpa ni baino 4 urte gazteagoa zen eta anaia oraindik txikia —11 urte inguru zituen—. Amaren ahizpa bat asko egoten zen gure etxean, eta harekin gelditu ginen.

Gurasoek ihes egin eta gutxira, buila entzun genuen kalean eta zer ote zen ikustera irten nuen leihora. Sekulako kuadrila ikusi nuen, denak painuelo gorriarekin lepoan. Altsasutik etorritako ‘gorriak’ omen ziren. “Pertsiana hori, hor dagoen hori!”, oihukatu zidaten, eta segituan ezkutatu egin nintzen. Geroago ate joka azaldu ziren, afaria behar zutela esanez. Gu beldurrez airean eta, kasualitatea, gurera etorri behar! Afaria? Ezer ez geneukala esan nien, gurasoak joan egin zirela eta ez zela ezer gelditzen. Egia zen, gurasoek ahal izan zuten guztia eraman egin zutelako. Gure asmoa etxea itxi eta alde egitea zen. Anaia eta ahizpa, amaren lehengusu baten etxera, eta ni, gurekin gelditu zen amaren ahizpa horren etxera.

Baina alde egin aurretik azaldu zitzaigun ‘gorri’ talde hori. Ez geneukala ezer esaten genien; haiek, ordea, afaldu egin behar omen zuten. “Zer eman behar diegu orain hauei?”, pentsatzen nuen neure artean. Despentsara joan nintzen, baina ez zegoen ezer. Kontua da, lehen, izozkailurik ez egotean, arrautzak karetan gordetzen zirela, kontserbatzeko-edo, eta begiratu nuen karetan, eta arrautzak! Gero zer topatuko, eta patata batzuk ere bai. Haientzat denentzat patata tortilla egitera... Eman genien eta alde egin zuten, behintzat. Orduan bai, etxeko ateak itxi eta geuk ere alde egin genuen.

Zeu izebaren etxera, beraz.

Bai. Izebaren etxean hartu nuen logelak kalera eramaten zuen eta gau guztian sekulako pasea entzuten zen han: automobilak, kamioiak... Ihes egiten ari zen jendea zen. Ni, ohetik balkoira eta balkoitik ohera bueltaka. Horrela ibili nintzen gau guztian. Orduantxe pentsatu nuen: “Ni hemen gelditu? Ezta pentsatu ere!”.

Hurrengo eguna igandea zen, 1936ko irailaren 20a. Goizeko seietako mezetara joateko jaiki nintzen; lorik ezin eginda nengoenez... Irten nuen eta han ikusi nuen nire anaia Joseba, metraileta batekin eskuan. Loiolan elkartzen ziren nazionalista boluntario horietako bat zen anaia. Loiolan elkartu eta handik ateraldiak egiten zituzten, erreketeen tropei aurre egiteko.

—“Nora zoaz?!”, galdetu zidan, ikusi ninduenean.

—“Mezetara”, erantzun nion.

—“Mezetara? Ez okurritu plaza zeharkatzea! Han daude oraindik atzo etorritako ‘gorriak’”.

—“Hara –esan nion–, ni hemen ez naiz geldituko; gu hemen ez gara geldituko. Eta topa ezazu automobil bat edo zerbait nonbaiten!”. Handik pixka batera etorri zitzaidan: “Topatu dut zuentzako automobila”.

Gure senide batzuek —Kattue-nekoek—, etxean Igeldoko bi mutil zeuzkaten hartuta, Loiolan boluntario zeuden horietako bi. Kotxe txiki bat zeukaten horiek. Nik ez dakit zer modelo izango zen, baina orduan ‘ahi te pudras’-a esaten zitzaion. Auto luze samarra zen: aurrean birentzako lekua zeukan eta atzean beste bi eserleku, orain maletategia egoten den lekuan. Han sartu ginen hamabi lagun-edo! Tartean ginen gu, gure etxeko hiru anai-arreba gazteenak.

Nora egin zenuten ihes?

Elorriora, gurasoekin elkartzeko. Azkarate gainera iritsi ginenean komitekoekin egin genuen topo. Gure aldekoak agintean egon ziren bitartean, komiteak agintzen zuen herrian. Haiek guk baino lehenago irten zuten herritik, baina Azkarate gainean geldituta zeuden, gurpil batean zerbait zutelako. Guk aurrera jarraitu genuen. Ni, zeharo mareatuta, lorik egin gabe nengoen-eta. Akordatzen naiz Markinara iristean, herriko plazako iturri hura ikustea zein ederra izan zen.

Behintzat, iritsi ginen Elorriora, gurasoak zeuden herrira. A zer poza haiena gu han ikustean! Gu utzi izana damutu zitzaien. Eta arrazoiarekin. Eskerrak alde egin genuen! Izan ere, jendeak nolakoa irten zuen Azkoitian... A zer dezepzioa!

Elorrion gure osaba abadearen etxean egon ginen. Neskame bat ere bazegoen, osaba abadeari etxeko kontuekin laguntzeko. Etxe osoa osabarena zen: beheko solairuan pianoko klaseak ematen zituen eta horren goian bera bizi zen; hirugarren solairuan, berriz, ganbara zegoen. Denok ederki moldatu ginen han, ondo geunden. Hiru anaia zaharrenak, gure mutilak, gerran zebiltzan eta noizean behin bisitan etortzen zitzaizkigun. Gure aita, berriz, tartean behin Bilbora joaten zen, eta beti gauza bera esanez etortzen zen: “Segituan, hau segituan bukatuko da”. Oso baikorra zen. Ez dakit bere barruan zer pentsatuko zuen baina esan, behintzat, hala egiten zuen.

Gerra berehala bukatuko zenaren itxaropena al zenuten?

Bai. Gure aitak, ihes egiteko kamioneta hartan sartu zirenean ere hala esaten zidan: “Zortzi egunerako hemen gara bueltan.” Eta neuk ere alde egin nuenean zer neraman gainean, etxeko bata eta beste pare bat gauza besterik ez... Justukoa hartuta joan ginen. Dena dela, ez zen izan egun batetik bestera hartutako erabakia. Garbi geneukan besteak etortzen baldin baziren, egurra geneukala. Horretaz seguru geunden. Norberak bazekien alde egitea komeni al zitzaion ala ez.

Gure etxea, adibidez, batzokia bezala zen. Bozketak eta antzekoak izaten zirenean, gure tabernako jantoki handi hartan egiten ziren. Bagenekien Azkoitian geldituz gero zer zetorkigun, eta inolako dudarik gabe egin genuen alde. Gauean ibilera hura ikusi nuenean, pentsatu nuen ez nintzela han geldituko, ezta ezergatik ere. Eskerrak joan ginen, gelditu izan bagina mendekua hartuko zuketen-eta. Zenbat fusilatu ote zituzten Azkoitian! Eta arrazoiak... Azkoitiar bat, Euzkadi egunkaria saltzen zuelako fusilatu zuten, gizon on askoa... Horregatik esaten dut izugarrizko desilusioa hartu nuela Azkoitiko jendearekin, ikaragarria. Nahiago nuen beste edozein lekutara joan bizitzera Azkoitira itzultzea baino. Hala, ezkondutakoan Azpeitira etorri nintzen bizitzera, 1946an.

“Gernikako bonbardaketan fabrika zahar batean basbestu nintzen”

Eta Elorrion zer giro zegoen?

Dena zapi gorridunek hartuta zegoen. Batailoiz josita zegoen Elorrio, eta denak ‘gorriak’. Batailoi nazionalistak Gernika aldean zeuden eta Elorrion, nik ikusten nuenagatik, ‘gorriak’ zeuden. Pentsa, igandeetan mezatara joateko ez ginen ausartzen buruko zapia etxetik jantzita eramaten, ohitura zen bezala. Elizara iritsitakoan, orduantxe janzten genuen zapia, ‘gorrien’ beldurragatik. Baina gainerantzean, ondo geunden. Nik lagun bat ere banuen. Pareko etxean albaitaria bizi zen, neure adineko alaba bat zuen, eta honekin ibiltzen nintzen gustura. Abioiak hasi ziren arte. Egunero hegazkinen hotsa. Lata, izugarrizko lata izaten genuen egunero abioi horiekin!

Bonbardatzera zihoazen hegazkinak ziren, ezta? Zer egiten zenuten babesteko?

Jakin izan bagenu zer zen hori... Osabak baratza pusketa bat zeukan etxearen atzealdean, eta han ate batetik alboko etxera pasatzen ginen. Taldetxoa elkartzen ginen bizilagunen etxean. Eibartar batzuk ere bazeuden han, eta bigarrengo solairuan bizi zen medikua ere etortzen zen. Etxe hartako sukaldean elkartzen ginen eta hantxe egoten ginen, elkarri kontuak esaten.

Azkenerako nazkatu eta goizean goizetik Elorriotik irteten hasi ginen. Apatamonasteriora, han alboan dagoen herri txiki batera joaten ginen. Osaba abadearen etxeko neskamearen baserria zegoen eta bertan egoten ginen. Eguna hantxe pasatzen genuen, bonbardaketak saihesteko. Izan ere, hura herri txikiagoa zen eta ez zuten bonbardatzen. Azkenerako, ordea, gehiegizkoa bilakatu zen hura: beti bonbardaketen beldurrez!

Handik alde egin behar genuela erabaki eta Sukarrietara joan ginen. A zer leku polita! Eta jendea oso jatorra. Ibai kozkor batek banatzen zituen Sukarrieta eta Busturia. Sukarrietako lehenengo etxean egin zuten guretzako tokia. Oso senar-emazte jatorrak ziren etxe hartakoak. Gu etxearen aurrealdean bizi ginen eta eurak atzealdean. Nire adineko iloba bat zeukaten etxean, gainera, eta harekin eta bere lagunekin ibiltzen nintzen. Beti izan nuen konpainia. Lagun haietako baten senideek Busturiako azkeneko etxean taberna zeukaten. Gerora jakin nuenez, beste aldekoak herrian sartu zirenean bertan gelditzea erabaki zuten etxe hartakoek, “niri zer egingo didate ba!” esanez... Etxeko gizona, nire lagunaren aita, fusilatu egin zuten.

Dena dela, Sukarrietan geunden bitartean, ondo egon ginen.

Zuen anaiak non zebiltzan bitartean? Izan ere, haiek zuzenean hartu zuten gerran parte.

Nire anaia Joseba, Osasungintza Sailean zegoen; sendagile izateko ikasten ari zen. Anaia zaharrena, berriz, ertzaina zen, motor gaineko ertzaina; horiek Jose Antonio Agirreren polizia pertsonala ziren. Jakiten genuen euren berri, behintzat.

Sukarrietan zeundeten garai hartan Gernikako bonbardaketa bizitzea tokatu zitzaizun.

Astelehenetan Gernikan azoka egoten zen eta arratsaldez hara joaten ginen, trena hartuta. Azkoitiar lagun bat nuen, Bermeon errefuxiatuta, eta harekin elkartzen nintzen Gernikako azokan.

Gernika bonbardatu zuten egun hartan ere joan ginen; 1937ko apirilaren 26a zen, astelehena. Buelta txiki bat eman genuen, eta nire aitarekin eta bere lagunekin egin genuen topo —Sukarrietan zeuden beste azkoitiar batzuk ziren tartean—. Haiek oinez joaten ziren Gernikara. Ikusi ninduenean, hala esan zidan aitak: “Hor dabilen abioi horrek ez dit batere graziarik egiten. Joan zaitezte etxera. Oraintxe daukazu hurrengo trena, 16:30ean”. Horregatik dakit 16:30ak baino lehenxeago hasi zela Gernikako bonbardaketa, tren geltokitik ehun metrora geundela erori zelako lehenengo bonba. “Zer egin behar dugu?”. Ingurura begira gelditu ginen. Geltoki alboan fabrika zahar bat ikusi genuen eta han sartu ginen, babestera. Ordura arte sekula ohartu gabe nengoen fabrika hura han zegoenik, baina orduan bai ikusi nuela... Zementuzkoa zen eta luzea, oso luzea.

Fabrikaren barruan pasatu genuen bonbardaketak iraun zuen denbora guztia. Han barruan topatu genuen, gure alboan, Balentxi azkoitiar sastrea. Geurekin batera egon zen.

Eta zuen aita?

Haiek bidean bueltan zeuden bonbardaketa hasi zenean. Metrailatzen hasi zitzaizkien eta pinu artean sartu ziren.

Gu, berriz, fabrika haren barruan. Lurrean zuloa izan bagenu, hantxe sartuko genukeen burua. Dum, dum, dum... Raka, raka, raka... Bonba eta metrailadoreen etengabeko soinua entzuten zen. Une batez geldi-geldi eta isil-isilik egoten ziren, baina berriro hasten ziren.

Denbora luzez isildu zirenean, geure artean esaten genuen: “Akabatu ote da honezkero?”. Irten genuen eta dena erretzen ari zen. Non geunden arrastorik ez genuen. Izan ere, bagenekien non sartu ginen, baina gero ezin tankerarik hartu non irten ginen. Gainera, laguna galdu egin nuen. Bakar-bakarrik ni han, beraz. Banekien Sukarrietara joateko zubi bat gurutzatu behar zela eta hara abiatu nintzen. Zubira iristean izkinako etxea erretzen ari zela ikusi nuen, baita pareko etxea ere. Hala, ez zuten uzten zubi hartatik pasatzen. Jendea txalupa txiki batzuetan ari zen ibaia gurutzatzen. “Orain ni hor uretan?”, nioen neure artean. Ez nuen nahi, urak beti eman izan dit-eta errespetu handia. Ez dakit nola baina ni, behintzat, zubitik pasatu nintzen.

“Orain zer egin behar dut?”. Bakar-bakarrik eta Sukarrietatik bederatzi kilometrora. Kuadrila batekoei Busturiara zihoazela entzun nien. “Horiekin neu”, pentsatu nuen. Arrastorik ez neukan zein ziren baina... “Busturiara iristen baldin banaiz, ez da gutxi”, pentsatu nuen eta haiekin joan nintzen. Baina behin Busturian, ez ziren hurbildu Sukarrietarekin muga egiten zuen parteraino, askoz lehenago gelditu ziren. Handik aurrera bidean bakar-bakarrik segitu behar izan nuen, gaueko hamabietan, ni nintzen beldurtiarekin...

Zeure kabuz lortu al zenuen etxera itzultzea? Bakarrik?

Bidean nintzela han non ikusi nuen nire aita. Hura poza! “Nolatan irten zara zu nire bila?”, galdetu nion. Sukarrietako gure etxearen aurretik errepidea pasatzen zen eta, atarian zeudela, kamioneta bat gelditu omen zitzaien. “Aizu, zure alaba ikusi dut, bonbardaketa pasatu eta gero”, abisatu zieten. Alegia, bizirik nengoela jakin zutela. Orduan nire bila irten eta errepidean topatu ninduten. Eta etxera, etxera itzuli ginen biok.

Neure onetik irtenda nengoen, ordea. Edozein soinu txiki entzunda ere salto egiten nuen, sustatuta. Garai hartan niri ikaragarri gustatzen zitzaidan zinema, afizio handia nuen. Horrela, promesa bat egin nuen: zin egin nuen ez nintzela gehiago joango zinemara, baldin eta horren truke amesgaizto hura berehala bukatzen bazen, ordainetan gerra hartatik onik ateratzea lortzen bagenuen. Denbora askoan egon nintzen zinemara joan ere egin gabe, agindutakoa betetzeko.

Gernikako bonbardaketa gertatu eta berehala, han azaldu zen Sukarrietan gure aitaren anaia Antonio. Ezkongabea zen eta beti gurekin bizi izan zen. Gerran hura intendentzian egon zen lanean. Hau da, tropentzako gauzak inguratzen: jatekoa, arropa... behar zena. Kamioneta txiki batekin ibiltzen zen eta zerbait gertatzen zitzaigun bakoitzean, han azaltzen zen beti, laguntzera. Adi egoten zen, non zer gertatuko.

Sukarrietatik alde egitea erabaki genuen orduan, bonbardaketarekin jota gelditu ginelako. Muskizera joatea erabaki genuen. Bizkaia aldean oraindik, beraz. Osaba Antoniok eraman gintuen bere kamionetan. Gero eta gauza gutxiago generamatzan. Egoten ginen leku bakoitzean gauzak utzi behar izaten genituen, eta ez zitzaigun batere inporta, gainera. Halaxe joan ginen Muskizera.

Muskizko herriko abadea arrebarekin bizi zen eta haren etxean ipini gintuzten. Gurasoak, osaba abadea eta lau anai-arreba: ahizpa gaztea, anaia txikia, orduan oraindik gurekin zegoen beste anaia –nire hurrengoa, 2 urte gazteagoa– eta neu. Nik 19 urte nituen. Anaia gazteagoa, 17 urtekoa, harrapatu egin zuten gero.

Muskizen lasaiago egotea lortu al zenuten?

Ez, hara ere sarri etortzen zen abiazioa. Han ere etxearen parean zegoen pasoa eta aurretik pasatzen ziren kotxe guztiak. Eliza ere gertu zegoen, dorre handi batekin. Bazkaltzen hasten ginen bakoitzean kanpaiak jotzen zuen, bonbardaketen abisua emanez. Bazkaria laga eta lasterka elizako kanpandorrera igotzen ginen, geure ustetan segurua zelakoan. Hura inozentzia!

Herriaren alboan zelai batean hegazkinentzako pista bat egiten hasi ziren. Egin egin zuten, eta han ekarri zituzten bost abioi. Errusiakoak zirela esaten zuten. Ez dakit zer izango ziren, baina azkar likidatu zituzten... Handik egun gutxira zelai hura bonbardatu egin zuten, eta kito gure aldekoen abioiak! Bonbardaketa hura eta gero etxera itzuli ginenean, sukaldean harri erraldoi bat topatu genuen, goitik behera etorritakoa. Pentsa nolako indarra zuten bonbek! Eta gure osaba abadea ere, gizajoa! Guk bai, bonbardaketa hasi zenean azkar alde egin, baina hark ezin zuen gure abiadan joan kanpandorreraino eta etxean bertan gelditu zen, beheko pisuan. Ez zitzaion ezer pasatu, baina izugarrizko sustoa hartu zuen. Zer beldur pasatu ote zuen harritzar hura erori zenean...

Orduko hartan ere han azaldu zitzaigun gure osaba Antonio, intendentziakoa. Hartu gintuen eta nora eramango, eta Muskiztik Bilbora. Guztira, bi edo hiru hilabete pasatu genituen Muskizen. Bilbon, Eliptika Plazan egon ginen bizitzen. Hor zegoen Eusko Jaurlaritzaren egoitza, Hotel Carltonen. Hotelaren parean, plazaren beste aldean zegoen gu egon ginen etxea. Antza denez, etxearen jabeak Ameriketan zeuden. Behintzat, han jarri gintuzten gu.

Bilbon zeuden aitaren arreba bat eta honen alaba; ‘Martzalgoak’ esaten zieten. Etxe hartako seme guztiak aurrera joanda, frontera joanda zeuden, eta ama eta alaba bakarrik gelditu ziren. Izeba eta lehengusua zeuden etxe hartan sartu gintuzten gu ere. Zortzi egunean egon ginen bertan, eta beti abioiak gainetik!

Halako batean, aitak albistea ekarri zuen kaletik: “Barkua omen doa irtetera Santanderrera!”. Derrepentean hartu genituen geneuzkan gauzak. Izan ere, gero eta gauza gutxiago genituen, ezer gabe gelditu baikinen bidean, alde batetik bestera ibilita. Akordatzen naiz izara batean sartu nuela arropa dena, lau puntetatik heldu izara eta han joan ginela portura. Bidean kexatzen jardun nuen, bizkar gainean neraman pisuagatik, eta arropak hantxe lagako nituela. “Baina zer edo zer eraman beharko dugu ba? Zer edo zer bada ere?”, erantzuten zidaten gurasoek. Ailegatu ginen, behintzat, barku horretara, eta handik Santanderrera (Espainia), hiri hura oraindik errepublikazaleen esku zegoen-eta.

Ezin naiz gogoratu zein portutik irten genuen zehazki; Bilbo aldekoa, ezkerraldekoa zen, hori bai. Ikatza garraiatzen zuen barku batean sartu ginen. Goitik beherako eskailera pikoa zeukan eta handik beheraino jaitsi behar izan genuen. Santanderren barkutik irten genuenean, dena beltz-beltz eginda geunden... Soinekoak, musuak eta dena, beltz-beltza.

Barkuan gurekin zeuden gure lehengusuak ere; ‘Pertxungoak’ esaten zieten. Azkoitian bizi ziren, Plaza Berrian; bi ahizpa eta zenbait anaia ziren. Ahizpa horietako bat Ingalaterrara alde eginda zegoen, haurrak hartuta. Barku horretan beste ahizpa zegoen gurekin.

Zer egoeratan egon zineten Santanderren?

Zinema batera eraman gintuzten barkuan geunden guztiak. Kontserbako janaria eman ziguten, atuna-eta.

Niri beti gustatu izan zait asko dendetako erakusleihoak eta halakoak ikustea, eta Santanderren geundela halaxe esan nion lehengusuari: “Irtengo al dugu buelta bat ematera?”. Han ibili ginen erakusleihoak ikusten Avenida de Rusia etorbidean, “zapata parea 35 pezetan zagon; ederrak, ezta?”, esanez elkarri.

Egin genuen geure paseoa, behintzat, eta zinemara bueltatu ginen, besteengana. Baina inor ere ez zegoen han; denak joanda. A zer sustua! Galdetu genuen eta Torrelavegara (Kantabria, Espainia) eraman zituztela. Joan ginen tren geltokira eta geu ere Torrelavega aldera abiatu ginen. Trena dena soldaduz beteta zihoan, eta “hemen sartu behar al dugu?”, galdetzen genion elkarri, beldurtuta.

Torrelavegara iritsi ginenean, esan ziguten gu genbiltzan errefuxiatu talde hura dagoeneko joan zela handik. Esaten genuen, geure artean barrezka: “Ikusten ari naun oraindik irratitik esan behar dutela bi galdu egin dituztela...”. Atzera Santanderrera bueltatzea erabaki genuen. Zorionez, aurretik eduki gintuzten zinema hartara azaldu ginen, eta han zeuden gure senideak eta gainerako errefuxiatuak.

Zortzi egun inguru pasatu genituen Santanderren. Denak han ibiltzen ziren bueltaka, ea zer topatuko. Eta bat-batean berria iritsi zen: “Barkua dago Frantziarako”. Niri itsasoak beti errespetu handia eman izan dit, baina gustura asko sartu nintzen barku hartan!

Guk, behinik behin, lortu genuen barku hartan sartzea, eta gela hartu genuen. Jatekoa hartzera, ordea, gelatik kanpora joan behar izaten genuen, eta ni beti zeharo mareatuta... Azkenean sartu nintzen gure gelan, etzan eta Frantziara iritsi arte ezta jaiki ere!

Arroxelara (Frantzia) iritsi ginen. 1937ko ekaina zen.

“Erbestean abarketak egitetik bizi ginen”

Nork zuzentzen zuen Frantziarako bidean errefuxiatu talde hura?

Ez dakit. Gu han ibiltzen ginen besteei segika, eramaten gintuzten lekura joanez. Eta geltokietara iristen ginenean, zeinek irteten zuten gure bila? Komunistek. Nola portatu ziren gurekin... Sekulako gazta ekartzen ziguten, gruyer zuloduna. Egundoko puska ematen ziguten bakoitzari.

Iritsi ginen jomugara eta lehenagotik kuartela izandako toki batera eraman gintuzten. Frantses pixka bat hitz egiten genuen, kolegioan ikasita, eta ondo moldatzen ginen han. Kontua da, baten batzuk behar zirela frantsesa zekitenak, euren eta gure taldearen artean elkar ulertzeko, eta gure familiakook jarri gintuzten egiteko horretan. Lo ere aparteko tokian egiten genuen: guk, bulegoak zeuden tokian eta barkuan gurekin joandako beste denek, berriz, kuartela zegoen lekuan bertan.

Lehen ez dut esan baina Santandertik Frantziara joatean gure aitari ez zioten utzi gurekin batera pasatzen.

Aita Santanderren bakarrik gelditu al zen?

Bai. Santandertik Frantziara joateko barkua hartzean, gazteegia zela iruditu zitzaien, nonbait, eta ez zioten utzi pasatzen. Gure aitak 50 urte inguru izango zituen baina... Dena dela, gero elkar nola topatu behar genuen pentsatzen jarri ginen. Hau erabaki genuen: ailegatzen ginen tokira ailegatzen ginela, Baionan nire anaia zaharrena ikasten egondako kolegiora idatzi behar genuen geuk, aitari non geunden esanez. Aitak muga pasatu eta Baionara iristen zenean kolegio hartara joango zen, gure berri jakiteko. Segituan topatu ginen.

Baina azkenean, nola lortu zuen muga pasatzea?

Geroago beste barku batean utzi zioten pasatzen. Gure aitak frantsesa ederki hitz egiten zuen, frantsesa ikasten egondakoa baitzen. Horrela, gu geunden toki hartakoei azaldu genien egoera: gure aita nola joan zen Baionara, frantsesez ederki hitz egiten zuela eta ea ba ote zegoen modurik hura ekartzeko Arroxelara. Baietz erantzun ziguten eta han etorri zen aita. Denak elkartu ginen.

Arroxelan egon ginen azkeneko garaian, botikariaren etxean lo egiten genuen lehengusuak eta biok. Inguruko herriak ikustera eramaten gintuen botikariak. Gogoan dut haietako batean katedrala zegoela, sekulako beirateekin. Behintzat, horiek denak ikusi genituen.

Frantzian ginela, egun batean jendearen artean sekulako mugimendua sumatu genuen. Jendea zegoen lekura hurbildu eta emakume bat ikusi genuen erdi-erdian, neska kozkor batekin; honek andere bat zeukan eskuetan. Zein ote zen emakume hura? Alejandro Goikoetxea ingeniariaren arreba! Goikoetxea honek, Eusko Jaurlaritzaren aginduz, ‘Cinturon de Hierro’ deitu zitzaion harresia egin zuen, nazionalisten esku zegoen zonaldea babesteko. Ondoren, ordea, planoak hartu eta Francoren aldera pasatu zen.

Erasotu egin al zuten Goikoetxea ingeniariaren arreba?

Bai, baina han geundela, jendarmeak etorri eta eraman egin behar izan zuten, bestela jendeak egurtu egingo zuelako. Neska kozkorrari anderea kendu nahi zion jendeak: “Andere hori ikusi beharra daukagu! Auskalo zer ote daukan barruan gordeta...”, oihukatzen zuten. Eraman zuten emakumea eta ez genuen haren berri gehiago izan.

Bien bitartean, ba al zeneukaten hemengoaren berri? Gerran gelditutako zuen anaiak zer zebiltzan?

Azkoitiko Olabarrinekoen ama nire izeba zen, aitaren arreba, eta haiek ematen zizkiguten hemengo kontuen berri. Dena den, zenbait gauza nik beranduago jakin nituen. Adibidez, nire anaiari gertatu zitzaiona. Anaia zaharrena eta Martzalgo gure lehengusua beti elkarrekin ibiltzen ziren. Biak ertzainak ziren eta transmisioak egiten ibiltzen ziren. Egun batean, Bizkaian, Butroiko gazteluaren inguruetan transmisio horietako bat egiten ari zirela, gure aldekoek topatu egin zituzten eta atxilotu, espiak zirelakoan... Butroiko gaztelu barrura eraman zituzten: espiak zirela eta fusilatu egingo zituztela. Halako batean, zer gertatuko eta Butroira ondoren nire senarra izango zena iritsi zen —Inazio Orbegozo azpeitiarra—. Hura Osasun Sailean zegoen lanean, mediku-komandantea zen. Kontua, behintzat, hara iritsi zela, nire anaia eta lehengusua ikusi zituela han, espiatzat hartuta eta preso.

—“Eta hauek zer egiten dute hemen?”, galdetu zuen Orbegozok.

—“Espiak dira!”, erantzun zioten.

—“Espiak hauek?! Zoratuta al zaudete edo zer?! Nik asko ezagutzen ditut-eta...”.

Nire senarra izango zenari esker libratu ziren; bestela, geure aldekoek, nazionalistek, hilko zituzten.

Zuek, berriz, bien bitartean Frantzian, errefuxiatuta. Zein zen zuen egoera? Zein zuen egunerokoa?

Gu han ondo geunden; egoera gogor horren barruan, baina ondo. Halako batean, ordea, ordena iritsi zen: ez zirela errefuxiatuotaz gehiago kargu egingo, eta Bartzelonara edo Irunera joan behar genuela.

Guk bietako inora ez genuen joan nahi. Alde batetik, Bartzelonan beti abioiak gainean izaten zituzten, etengabe bonbardatzen. Eta Irunera joatea, berriz, hona hurbiltzea zen. Bi aukeretako inor ez genuen nahi guk.

Azkenean, trenean sartu eta Hendaiaraino joan ginen. Hendaiako geltokian geundela errefuxiatu denok, han etorri zitzaidan jendarme bat joateko, ibiltzen jarraitzeko esanez. Eta nik ezetz eta ezetz! Gaua Hendaiako geltokian pasatu genuen, maleten gainean jarrita.

Jakin genuenez, Frantziako estatuan gelditu ahal izateko abala behar genuen: Frantziako estatuan bizi zen norbaitek agiri bat sinatu behar zuen, gure kargu egiten zela esanez. Intendentzian egondako gure osaba Antonio, Lapurdin, Getarian bizi zen, eta Don Juan Areso azkoitiar abade abertzalea, berriz, Sokoan. Bi horien bidez lortu genuen abal hori. Hala ere, etxeko bi txikiek —ahizpak eta anaiak— derrigorrez Azkoitira joan behar zutela esan ziguten. Horrela, gurasoak eta ni Getarian gelditu ginen, eta bi txikiek Azkoitira etorri behar izan zuten. Hobe zuten gurekin gelditu izan balira. Azkoitian, anaia txikiak baserritik ihes egin zuen. Irungo zubian aurkitu zuten, gizajoa... Aita eta amarekin etorri nahi omen zuen.

Getariara iritsi orduko, lehenengo eta behin etxea topatu behar izan genuen. Eliza aldera abiatu ginen; Getariako eliza bidetik nahiko goian gelditzen da. Hasi ginen hara hurbiltzen eta bide erdian gutako batek galdetu zuen:

—“Hor zer dago ba?”.

—“Hor? Uste dut hilerria dagoela”.

—“Goazen ba behera”, gure aitak orduan.

—“Bai zera! Behin honaino etorrita ikusi egingo dugu zer dagoen”.

Eta hain zabalera ederrak eta ikuspegi ederrak zeuzkan paraje hark, bertan gelditu ginela. Hilerria eta elizaren inguruetan etxe bat hartu genuen. Etxejabea alarguna zen eta, gureaz aparte, beste etxe batzuk zituen. Haietako batean ‘Berriotxoa’ izeneko bat zegoen txofer, Zumarragakoa. Bere herrian fabrika baten jabe zen eta han, berriz, txofer zegoen lanean, frantses batzuentzat. Hura ere nagusia izango zen etxean baina han...; bizi egin behar zen-eta!

Erbestean bizimodu berria hasi behar izan zenuten.

Abarketak egitetik bizi ginen. Azkoitiarrak izan eta abarketak egiten non, eta Lapurdin, Getarian ikasi genuen guk... Elgoibarren abarketa denda zeukan azkoitiar bat bizi zen Getarian. Kasualitatez, Baionan ere bazegoen abarketa denda bat zeukan beste azkoitiar bat. Uste dut gurasoek haiekin hitz egin zutela. Sikiera, aste guztiko lana ekartzen ziguten. Gizonek abarketen azpiak egiten zituzten eta guk, emakumeok, abarketak josten genituen. A zer abildadea! Beste ofizio bat ikasi genuen. Eta halaxe bizi izan ginen 3 urtez.

Lehenengo etxe hura, hilerri ondoan zegoena, segituan laga genuen. Udaran jende asko etortzen zela Getariara eta etxejabeak esan zigun garestiago kobratzen zuela. Orduan Bidartera joan ginen bizitzera. Getariatik Bidartera joateko zubi bat pasatu besterik ez zen egin behar.

Bidar

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak