Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Azpeitiarrak Espainiako Gerran »  Ignacio Artetxe

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

IGNACIO ARTETXE (Francoren tropetako soldadu erreketea)

Ignacio Artetxe: "Kataluniako frontera iritsi nintzenean, esan zidaten ez nintzela leku ederrera joan eta ez zekitela bizirik bueltatuko nintzen"

Ignacio Artetxe (1920), aurten, Azpeitian.  (Ihintza Agirretxe)
'San Ignacio' tertzioko azpeitiarrak. Gurutzea dutenak hildakoak dira, S sargentuak, H zaurituak eta L erreketeetatik soldadura liberatutakoak.  (Ignacio Artechek utzitakoa)
'Montejurra' tertzioko erreketeak Azpeitiko plazan.  (Ignacio Artechek utzitakoa)
1937ko apirila, Presidentzia (Gomez Villar teniente koronela- Cruz Mari Etxeberria) Azpeitiko Udaletxetik irteten dueloan, Bizkaiko ofentsiban hildako erreketeengatik.  (Ignacio Artechek utzitakoa)
1936ko irailaren 20ko argazkia, Francoren tropak Azpeitian sartu zirenekoa. Herriko plaza lepo zegoen eta arkupeak zakuekin ageri dira, bonbengatik babesteko.   (Ignacio Artechek utzitakoa)
1936ko abuztua. EAJk eta errepublikarrek Goiko errotako kamioia blindatu zuten, baina pisu gehiegi zuen eta ezin zuten erabili. Plazan egon zen. Kamioiak SS-9613 matrikula zeukan.  (Ignaci Artechek utzitakoa)
'Loiola' batailoiko gudariak haien kapitain Mikel Alberdi tolosarraren hil kapera zaintzen. Argazkia Loiolako Basilikan ateratakoa da, batailoiak hartuta zuenean.  (Ignacio Artechek utzitakoa)

Ignacio Artetxek (1920) 18 urte zituen, 18 besterik ez, 1938an Espainiako Gerran Francoren aginteak bere kinta mobilizatzea erabaki zuenean. Ordura arte ikusle soila izan zen eta, gauzak “batere garbi ez” zituen arren, “egundoko astakeria” iruditzen zitzaion gerra hura hasi izana.

Erreketeen Montejurra tertzioan borrokatzea egokitu zitzaion, 1936ko irailaren 20an Azpeitian sartu zen errekete talde berean. Eta zuzen-zuzenean Ebroko frontera bidali zituzten. Hor gertatu ziren Espainiako Gerran izan ziren batailarik odoltsuenetakoak. “Akabo, hemendik Azpeitira ez gaituk gehiago bueltatuko”; horixe izan zen Ignacio Artetxeri gogora etorri zitzaiona hango panorama ikustean.

Hala eta guztiz ere, bere txarrean zorte ona izan zuen: “Nik ez nuen batere tirorik bota”. Gerra batean horrek gauza erraza ez dirudien arren, Ignaciok ordurako bere ogibidea aukeratuta zeukala da kontua: sendagile izango zen. Hala esan zion bere tertzioko teniente medikuari, eta honek bere laguntzaile jarri zuen mediku izan nahi zuen 18 urteko mutil kozkor hura. “Guk ez genuen fusilik eramaten, baizik eta bizkarrean kapazu bat, gure mediku lanerako behar genituen traste guztiekin”.

Behin gerra bukatu ondoren ere nahi horri eutsi zion. Horrela, Medikuntza ikasketak egitea erabaki zuen. Horiek bukatuta, 1948an etorri zen Azpeitira bizitzera bueltan. Ordutik hona 58 urte daramatza herrian sendagile lanean.

Ignacio Artetxerentzat ere garratza da duela 70 urte bizitakoaz duen sentsazioa: “Ezertarako ez zuen balio izan, horrela ikusten dut orain. Pentsa zenbat pertsona hil ziren... Bataila bakar batean zenbat hildako... 1936ko irailaren 19an 800 edo mila lagunek alde egin zuten bi trenetan Azpeititik Bizkaia aldera, fusilamenduak alde batean zein bestean... Astakeriak astakerien atzetik! Eta zertarako?”.

1936ko uztaila. Nola harrapatu zintuen Espainiako Gerraren hasierak? Zer egiten zenuen?

Gerrak 16 urterekin harrapatu ninduen, oso gazterik. Gerra aurretik nire ume garaia izan zen. Ikasten ari nintzen orduan eta batxilerra gerra hasi zen urte horretan bertan bukatu nuen, 1936an. Azterketak egitera orain Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra dauden lekura joaten ginen: Gasteizera, Becerro de Bengoa zen kalera. Ikasgaiz ikasgai, banaka-banaka etsaminatzen gintuzten. Zazpi, zortzi edo bederatzi lagun joan ginen Azpeitiko Maristetatik: automobil bat hartu maristekin, egun bat edo bi pasatu Gasteizen, egin azterketak eta hor bukatu genuen batxilerra.

Eta gerra hasi zen.

Azpeitian nengoen une hartan, batxilerra bukatu berritan. Artean jolasean nenbilen, umea nintzen eta. Oroitzapen solte batzuk ditut egun haiez. Bata, Donostian militarrak Errepublikaren aurka matxinatu zirenekoa. Militar haien artean azpeitiar asko zeuden eta porrot egin zutenean, akordatzen naiz Guipuzcoana autobusetan nola etorri ziren herrira. Izan ere, haiek soldadu bezala ofizialek agindutakoa bete besterik ez zuten egin; horrela, porrot egindakoan ez zituzten ezta atxilotu ere egin eta segituan etxera bidali zituzten.

Azpeitiko egoera zein zen gerra hasierako egun haietan?

Ez oso ona. Ez zuten uzten mugitzen: ezin zenuen trena hartu, ezin zenuen herritik mugitu ezertarako... Gipuzkoa eta Bizkaia Eusko Jaurlaritzaren eskuetan zeuden, Araba eta Nafarroa ez. Akordatzen naizen beste gauzetako bat, Loiolan gudarien batailoiak nola elkartzen ziren da. Egunero joaten ziren Matxinbentako frontera, Mandubira, euren kainoi guztiekin, eta gauean atzera Loiolara buelta, berriro euren kainoi guztiekin. Gogoratzen naiz Bidaniko frontean Loiolako gudarien batailoi horietako bateko kapitana hil zela. Kapitain hura ez zen azpeitiarra, baina Azpeitiko Beobidenekoen ama hildakoaren senidea zen. Loiolan jarrita egon zen kapitainaren hil kapera. Gerra hasierako une haietan ez genuen uste hainbeste iraungo zuenik; uste genuen bi edo hiru hilabetetan bukatu egingo zela eta bakea.

Zuk zeuk ba al zenuen inongo posizio politikorik ala gazteegia zinen kontu horietarako? Ikusle hutsa izan al zinen hasierako une haietan?

Gazteegia nintzen, bai, kontu horietarako, ez neukan posizio jakinik. Ikuslea nintzen gehiago. Nire familiakoak karlistak ziren, baina nik neuk ez nuen hain garbi ikusten, ez alde baterako eta ez besterako. Hori bai, egundoko astakeria iruditzen zitzaidan gerra sortzea, gerra hasi izana.

Baina ikusle hutsa izatetik zurrunbiloaren erdi-erdian egotera pasatu zinen. Izan ere, zu zeu ere erreklutatu egin zintuzten, ezta?

.1936ko irailaren 20an erreketeetako Montejurra tertzioa izan zen Azpeitian sartu zena. Pentsa, orduan niri zeinek esango zidan 2 urte beranduago Ebroko frontera bidaliko gintuztela eta tertzio horretan bertan sartuko nindutela?

Ni ez nintzen gerrara neure borondatez joan, obligazioz baizik. Gerra hasi eta 2 urtera, 1938an, 41eko kinta mobilizatzea erabaki zuten. 1941ean 21 urte betetzen genituenok osatzen genuen kinta hori. Izatez 21 urte behar ziren soldadutzara joateko. Baina gerrarako errefortzuak beharko zituzten, nonbait, eta 1938an mobilizatu zuten gure kinta; alegia, 18 urte besterik ez nituenean.

Nola hasi zenuen soldadu ibilbidea?

Lehenengo hogei egunetan Nafarroan egon ginen, Lizarran. Han *Batallon de Montaña Arapilis* osatzen genuen, eta prestakuntza militarra eman ziguten. Horrela galdetzen ziguten: “Errekete izateko boluntarioak?”, “Falangerako boluntarioak?”, “Legiorako boluntarioak?”... Inor ez zen apuntatu boluntario.

Hala, irailaren akaberako egun batean goizaldean jaikiarazi egin gintuzten denok, Zaragozan (Espainia) desfilatuko genuela esanez engainatu eta trenetan sartu gintuzten. Zaragozatik zuzen-zuzenean Ebroko frontera bidali gintuzten. Iritsi ginenean, gaua zen; nonbait, poliki-poliki joan ginen, errepublikazaleen bonbardaketek ez gintzaten harrapa. Behin frontean hala esan ziguten: “1etik 250era bitartean zaudetenok Montejurra tertziora, 251tik 500erakoak Lakarra tertziora, 501etik 750erakoak Legioko Bosgarren banderara eta 751tik 1.000rakoak 'Octavo de Regulares'-era”. Alegia, zenbaki batzuen arabera banatu gintuzten azkenean talde eta tertzioetan; ez genuen aukera handirik izan. Niri erreketeekin tokatu zitzaidan, Montejurra tertzioan.

“Lagun asko galdu nituen Ebroko frontean”

Eta hortik borrokara, Ebroko frontera...

Egunarekin eta dena akordatzen naiz: Ebroko bataila 1938ko uztailaren 25ean hasi zen. Bukatu, berriz, 1938ko azaroaren 16n. Badago hango detaile interesgarriak biltzen dituen liburu bat, Hugh Thomas-ena: 'La Guerra de España'. Frantzian erosi nuen, Franco hil bitartean liburu hori debekatuta egon baitzen hemen. Espainiako Gerra garbien eta objektiboen azaltzen duen liburua da, nire ustez. Irakurri pasarte hau, Ebroko batailari buruzkoa, gu egon ginen frontekoa:

“Bataila honetan jasan zituen galerak oso handiak izan zirela adierazi zuen Errepublikak; euren aldean 70.000 galera kontatzen zituzten. Zifra hori egiazkoa dela esan daiteke. Horietatik 20.000, preso egin zituztenak dira. Hildakoak, berriz, 50.000 inguru izango ziren”.

Hori, alde hartatik; gu beste aldean geunden orduan. Gutaz esaten duena:

“Alemaniako enbaxadoreak Salamancan nazionalen galerak 33.000 izan direla zenbatu du. Horrek egiazkoa dirudi. Errepublikanoek 200 abioi galdu zituzten, eta mota askotako material kantitate handia utzi behar izan zuten, tartean 1.800 metrailadore eta 24.000 fusil. Alegia, Errepublikak ia bere armamentu guztia galdu zuen Ebron”.

Bi aldeetan galera asko izan ziren. Ebroko bataila erabakigarria izan al zen?

Oso. Ebroko batailan erabaki zen gerra. Han pentsatu nuen: “Akabo, hemendik Azpeitira ez gaituk gehiago bueltatuko”. Izugarria izan zen hura!

Dena dela, nik ez nuen batere tirorik bota gerran. Izan ere, Montejurra tertzioko teniente medikua gipuzkoarra zen, Ataungoa —Celestino Aierdi—, eta nik ordurako medikua izatea pentsatzen nuenez, harengana joan eta hori azaldu nion. Bere laguntzaile jarri ninduen, praktikante moduan eta, esan bezala, nik ez nuen batere tirorik bota gerran. Guk ez genuen fusilik eramaten, baizik eta bizkarrean kapazu moduko bat, benda edo mediku lanerako behar genituen traste guztiekin. Horrela, ez ginen tertzioaren ez hasieran ez bukaeran joaten, erdi-erdian baizik, bidean sortzen ziren zaurituak zaintzeko.

Aierdi teniente medikuak kontu bitxi bat kontatzen zuen. Itxura denez, gerra hasieran Bizkaiko frontean ibili zen Montejurra tertzioarekin, eta gudari zauritu bat tratatzea tokatu zitzaion. Gudari horrek bere batailoian Aierdiren beraren anaia apaiza izan zuen gidari espiritual, kontatu zionez. Alegia, sendagilea erreketeekin zebilen bitartean, bere anaia apaiza gudariekin zebilen frontean; bi anaia, bata gerrako fronte batean eta bestea bestean. Horixe zen gerra.

Eta nolatan artatu zuen erreketeen teniente medikuak gudari bat? Beste aldeko zauriturik zaintzen al zenuten inoiz?

Ez, gu ez ginen besteen zaurituak ikustera ere iristen. Baina beste aldekoren bat preso hartzen baldin bazuten, ahal zen ondoen sendatu eta gero ofizialen esku uzten genuen. Behin zaindu ondoren, guk gehiago ez genuen jakiten preso horien berri. Beraz, guk, ahal zen ondoen sendatu eta kito.

Nolakoa izan zen zure bizipen pertsonala Ebroko frontean sendagile bezala?

.41eko kintakook Ebroko batailan hilabete eta erdian eduki gintuzten. Hilabete eta erdi horretan nire lagun asko hil ziren. Eta gu ez ginen boluntario joandakoak, gu hartu eta eraman egin gintuzten. Beldur galantarekin ibili ginen han.

Geroago, Jose Artetxe azpeitiar idazlearekin topatu nintzen behin Gandesan (Tarragona, Katalunia), eta hala esan zidan: “Ez zara leku ederrera etorri, ez dakit bizirik bueltatuko zaren”. “Jose, emaiguzu itxaropen txiki bat bada ere...”, erantzun nion, penatuta.

Dena dela, une onak ere izan genituen. Katalunia aldean ibili ginenean, ardo zuriaren upelategi handi batzuetara joan ginen. Esan ziguten upelategiko putzu handietako batera marokoar soldadu bat erori zela eta han barruan zegoela artean. Guk harri handi batekin kantinplora sartu, atera eta edan egiten genuen, putzua hustu asmoz. Hori bai, ardoarekin mozkortuta azkenerako akordatu ere egin gabe han marokoarra zegoenik...

Batailoiko kideen arteko harremana ona al zen? Desberdintasunik ez al zegoen borondatez joandakoen eta behartuta eramandakoen artean?

Ez, ez zuten bereizketarik egiten eta gure arteko harremana ona zen; asko laguntzen genuen elkar. Han zeuden beteranoek hain gazte ikusten gintuzten, edozertan laguntzen gintuztela.

Erreklutatu berritan denbora batez prestakuntza militarra jaso zenuen. Eta prestakuntza ideologikorik jaso al zenuten? Karlismoaren edo Falangearen ideiarik zabaltzen saiatzen al ziren?

Ezetz esango nuke. Hori bai, iluntzero kantarazten ziguten “por dios, por la patria y el rey”, eta gero arrosarioa errezatzen genuen. Baina azkeneko hori gudariek ere egiten zutela esango nuke.

Ebroko frontetik onik atera al zinen?

Bai, baina lagun asko hil zitzaizkidan bertan.

Zein izan zen zuen hurrengo frontea?

Kataluniakora eraman gintuzten. Eta han gauza gogorra gertatu zitzaidan: sei edo zortzi metroko lasto piloaren azpian harrapatuta gelditu nintzen. Elur jauzia egotean nola gelditzen diren elurrarekin tapatuta? Ba gu berdin-berdin, baina elurra beharrean lastozko metro pila genuen gainean. Hiru lagun ginen. Hotz handia egiten zuen eta hotzari ihes egiteagatik belar meta handi baten anparoan jarri ginen. Bat-batean, ordea, han zegoen lasto edo belar guztia gure gainera erori zen. Ordubete inguruan izan genuen arnasa hartzeko haize kapa, baina mugitu ere ezin ginen egin. Gutako bi bizirik atera gintuzten, Zaragozako bat eta ni neu; hirugarrena hilda atera zuten.

Non ibili zineten Kataluniako frontean zeundetela?

Herri askotan: Artesa de Segren (Lleida), Cerveran (Lleida), Tarregan (Lleida), Manresan (Bartzelona)... Manresan, gainera, Aierdi teniente medikuari zoroaldiren batek eman zion, nonbait, eta gu geu izan ginen han sartzen lehenenak. Manresaren liberatzaileak gu izan ginen: medikua, bi praktikante eta lau lagun, pentsa... Oraindik han zebiltzan errepublikanoen tankeak, baina medikuari zoroaldiak eman zion eta han pasatu ginen taldearen aurre-aurreraino, Manresan lehenen-lehenenak sartzeko.

Manresakoa eta gero, Vic (Bartzelona), Olot (Girona), Besalu (Girona)... inguruetara joan ginen. Besalu, Frantziako mugan dago eta handik Bartzelona hirira desfilatzera eraman gintuzten. Zeinek esan niri 16 urte nituenean Bartzelonan desfilatu behar nuenik...

Mediku bezala zuek ere parte hartzen al zenuten desfileetan?

Guk ez, guk ikusi egiten genituen. Bartzelonako kasuan, Gracia pasealekuko etxe batean egon ginen eta handik ikusi genuen desfilea. Oso ondo egon ginen Bartzelonan; zortzi bat egun egingo genituen, bertako jendeak euren etxeetan hartuta.

“Gu beldurrez akabatzen geunden, Sobiet Batasunera noiz bidaliko”

Nolako harrera jasotzen zenuten herrietan edo hirietan sartzean? Esate baterako, Bartzelonako kasuan?

Orduan han bi aldeetako jendea zegoen: gaur egun CIUn eta PPn egongo direnek egundoko harrerak egiten zizkiguten; aldiz, ERC eta antzeko alderdietako jendeak ihes egiten zigun. Hangoentzat zoramena izan zen guk euren herriak eta hiriak hartzea, bi zentzutan: batzuentzat ona izan zen eta beste batzuentzat oso txarra.

Zein izan zen zuen hurrengo geldialdia?

Oraindik gerra bukatu gabe zegoen eta Madril (Espainia) aldera joan ginen. Lehenengo Toledora, eta hortik Madrilera azkeneko erasoaldia egitera. Herri ugari pasatu genuen Manzanares ibaira, Madrilera, iritsi arte. Horko upelategi handi batean bukatu genuen. “Nahi duzuen ardo guztia edan, baina ez bota tirorik barriketara!”, esan ziguten.

Nola egiten zenituzten ibilbide horiek guztiak? Oinez?

Denak oinez! Manresara sartu ginen eguna 1938ko urtarrilaren 13a zen, negua, eta ibai bat hanka-hutsik pasatu behar izan genuen...

Hotz ederra, ezta?

Hotza, kristorena!

Madrilgo erasoaldia eta gero, gerra egun gutxiren buruan bukatu zen, ofizialki 1939ko apirilaren 1ean. Zer egin zenuen orduan?

Gerra bukatu zenean, Manzanares inguruetan nengoen, Madrilen. Handik Tuterara eraman gintuzten udara pasatzera. Hori izan zen Montejurra tertzioaren eta 'Batallon de Montaña Arapilis'-en bukaera. 'Arapilis'-en hasi, 'Montejurra'-n ibili eta Garellano de Bilbao batailoian bukatu genuen, hain zuzen; Garellano de Bilbao, azken batean, Montejurra tertzioa bezalakoa zen, izenez aldatuta.

Udara eta gero, Bilbora joan ginen. Han baimena eman zidaten, ez libre gelditzeko, baizik eta luzapen bat hartu eta estudiatzera joateko. Unibertsitatera joatea neukan arren, oraindik armadari lotua egoten segitzen nuen. Horrela, 1942an Ameriketako Estatu Batuetako tropak Casablancan (Maroko) lehorreratu zirenean (2), atzera soldadu eraman gintuzten.

Ordurako urtebete baino ez zitzaidan falta Medikuntza bukatzeko. Izan ere, ikasketak oso ondo joan zitzaizkidan eta urte batean hiru ikasturte egin nituen; aurrenetakoa nintzen. Lehenengo ikasturtea Zaragozan egin nuen, baina Valladolideko (Espainia) Unibertsitatean oso ona zen katedratiko zegoena eta hara joan nintzen gero, ikasketekin jarraitzera.

Zer giro zegoen unibertsitatean garai haietan?

Ile motzarekin eta soldadu jantzita joaten nintzen. Gu beldurrez akabatzen geunden, Sobiet Batasunera noiz bidaliko. Izan ere, Francok agindu zion Hitlerri milioi bat espainiar soldatu bidaliko zituela sobietarren aurka borrokatzera. Hala, beti beldurrez akabatzen egoten ginen, ea non bukatuko ote genuen. Baina Stalingradeko bataila alemaniarrentzat, Espainiako errepublikanoentzat Ebroko bataila bezalakoa izan zen: gerra erabakita gelditu zen, han galdu zuten alemaniarrek sobietarren aurkako borroka. Harrezkero Franco atzeratzen hasi zen eta alemaniarren laguntzan soldadu gehiago ez bidaltzea erabaki zuen.

1942an unibertsitatean ikasten ari zinela Espainiako armadatik deitu zintuzten. Nolakoa izan zen armadan egindako bigarren aldi hori?

Valladoliden ikasten ari nintzela, Valladoliden bertan elkartzera deitu gintuzten, San Quintin batailoian. Ez ginen inongo akzio militarrik egitera iritsi. Kuartelean pasatzen genuen eguna; arratsaldean pare bat ordu libre izaten genituen estudiatzeko. Tarte bat nuenean, unibertsitatera joaten nintzen.

Noiz lortu zenuen armadatik lizentziatu eta libre gelditzea?

.1944an. Biak batera eman zizkidaten: Medikuntzako lizentziatura eta Soldadu lizentziatura edo ‘Liberacion total del ejercito’ delakoa. Ondoren, Iruñean egon nintzen 1945etik 1948ra, medikuntzako espezialitatea ikasten.

Urte horietan guztietan etorri al zinen Azpeitira?

Bai, tarteka. Hona bizitzera, berriz, 1948an etorri nintzen. Harrezkero, 58 urte daramatzat sendagile Azpeitian.

Nola izan zen herrira itzultze hori? Izan ere, zu bando zehatz batekin identifikatuko zintuzten...

Ez dakit zer esan... Pentsa, ni Lagun Onak Mendi Bazkunako fundatzaileetakoa izan nintzen; garai hartan elkartean zeudenen erdiak nazionalistak ziren eta beste erdiak ez eta, hala ere, ondo konpontzen ginen. Hori bai, gorrotoak egon bazeuden, baina isilean, ezkutatuta. Elkarri ezin barkatuak ere bai. Gero beste faktore batzuk ere egon ziren.

Aita Gaztelumendik, esate baterako, asko lagundu zuen denok batzen eta gertatutakoa ahanzten; asko lagundu zuen adiskidetze lanetan. Nik uste adiskidetzea pixkanaka-pixkanaka etorri zela. Hori bai, abertzale bezala pentsatzen zuenak abertzale segitu zuen. Bakoitzak bereari eusten zion, baina denborarekin azkenerako elkarri gorrotorik izan gabe.

Gainera, zuri, herrian sendagile zinenez, denetako jendearekin tratatzea egokituko zitzaizun. Eta hori, gerran partidu hartu eta gero, herriko zenbaiten aurkari izan eta gero...

Nik kolore guztietako jendea ikusi dut nire kontsultan eta denekin ondo moldatu izan naiz. Sendagilea izatea gaur egun oso erraza da: zortzietan sartu eta hiruretan alde egiten dute. Lehen 24 orduz ginen sendagile; gauetan, “gaur ohetik aterako ote naute, bai-ez?” galdezka oheratzen ginen. Gau askotan hiru aldiz jaikitakoa naiz! Eta pentsa hurrengo egunean nola egongo ginen kontsulta pasatzen, gau-pasa eginda... Hiru edo lau sendagile geunden orduan Azpeitian, herritar guztiak tratatzeko: Don German, Astiria, Joseba Alberdi Urrestillan eta ni neu. Praktikante bat ere bazegoen.

“Gerran astakeriak astakerien atzetik egin ziren! Eta zertarako?”

Zeure azalean ezagutu zenuen gerraren gordintasuna. 70 urte eta gero, nola ikusten duzu bizipen hura?

Ezertarako ez zuela balio, horrela ikusten dut orain. Pentsa zenbat pertsona hil ziren... Bataila bakar batean zenbat hildako... Eta orain gerra irabazi zutenetako inor ez dago agintean, eta gerra galdu zutenek, berriz, horiek agintzen dute gaur egun. Eta hori da normala, hala da joko demokratikoa: pertsona bat, boto bat.

Maila pertsonalagoan, zer esanahi izan du zuretzat Espainiako Gerrak?

Gu markatuta utzi gintuen gerrak. Oroitzapen txarra daukat, neure buruari esanez bezala: “18 urterekin soldadu eraman gintuzten eta zer egiteko?”. Hala ere, bizirik etorri ginenean, gustura!

Nire joera politikoaz galdetzen didanari, liberala naizela esaten diot. Eta liberala izateak zer esan nahi duen? Denak ulertzen ditudala, uste duzula arrazoi osoa inork ez daukala, eta denen arrazoiak eta iritziak errespetatu egin behar direla. Eta zigorrarekin inora ere ez goazela. Nire aita ere halaxe zen, liberala. Erreketeek Xiriako Agirre Azpeitiko alkate nazionalista atxilotu egin zuten. Donostian, Ondarretako kartzelan denbora batez eduki ondoren, kotxe batean sartu eta Iruñera, San Kristobal gotorlekura eramango zutela adierazi zuten; asmoa, ordea, Agirre bidean hiltzea zen. Nire aita eta beste batzuk kotxe batean sartu eta atxilotua zegoen automobilaren atzetik abiatu ziren, Agirre Iruñera arte bizirik iritsiko zela ziurtatzeko; eta halaxe iritsi zen, onik. Horrekin esan nahi dut nire aita, karlista izanagatik, gizon liberala zela, ez ziola inori ezer txarrik opa. Nire aitagatik, behintzat, inor ez zen kartzelan egon.

Gogorra izan zen gerra. 1936ko irailaren 19an, 800 edo mila lagunek alde egin zuten bi trenetan Azpeititik Bizkaia aldera, altxamenduaren aldekoek auskalo zenbat fusilatu zituzten Urrestillan, Errepublikaren aldekoek Iraetan fusilatutako zazpi zorigaiztoko haiek ere hor daude... Astakeriak astakerien atzetik egin ziren! Eta zertarako?

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak