Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Azpeitiarrak Espainiako Gerran »  Santa Larizgoitia

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

SANTA LARIZGOITIA (nazionalista, erizaina eta presoa gerran)

Santa Larizgoitia: "Errua norena izan zen? Inorena ere ez, baina elkar hiltzen ibili ginela da kontua"

Santa Larizgoitia (1916), aurten, Azpeitian.  (Ihintza Agirretxe)
Santa Larizgoitiaren kontrako Gerra Kontseilua, gerran egin zioten epaiketa berezira azaltzeko agiria. 1937ko urriaren 28an jaso zuen agiria eta azaroaren 2an zeukan kontseilua.  (Santa Larizgoitiak utzitakoa)
Eusko Jaurlaritzak 1936ko abenduan emandako agiria erizain lanerako.  (Santa Larizgoitiak utzitakoa)

Batzoki guztietako festa guztietara joaten zen neska gazte alaia eta mimatua, “kezkatzeko arrazoi handirik gabea”. Hala gogoratzen du gaur egun Santa Larizgoitiak (1916) Espainiako Gerra hasiera garaiko Santa hura. Ezkonduz geroztik bizitzaren parterik handiena Azpeitian pasatu duen arren (1950etik bizi da bertan), Bizkaikoa da izatez, Ugaokoa. Hango EAJko lehendakaria zen Santaren aita, eta abertzaletasuna txikitatik etxean jaso zuen.

Patuak, ordea, ezusteko galantak gordeta zituen neska gazte harentzat; 1936an Espainiako Gerrak goitik behera astindu zituen bere bizimodua eta etorkizuna. Erizaina zen ofizioz eta, gerra hasi bezain pronto, Bilboko ospitale batean lan egiteko erreklutatu zuen Eusko Jaurlaritzak. “Gizonak frontera joateko bezala, ospitaleetan lan egiteko deitzen gintuzten ikasketak genituen neskak”, gogoratzen du. Erietxeetan bizitako esperientzien artean latzena, matxinoen tropek Bilbo hartzean gertatutakoa du: altxamenduaren aldeko soldaduek ospitaleko atean laga zizkieten hil zituzten gudarien hilotzak, euren kargu egin zitezen. Santak han ikusitakoak gogoan ditu 70 urte geroago.

Ordurako bonbardaketa batek bere familiaren etxea goitik behera suntsitu zuen; gurasoek eta bi anaiek kale gorria ezagutu zuten, eta Bilbora joan ziren babes bila. Nahiz eta nabarmendutako nazionalistak izan, hirian segitu zuten Francoren aldeko tropek Bilbo hartu ondoren ere. Larrutik ordaindu behar izan zuten. Santa eta bere aita kartzelan sartu zituzten. Santak oraindik ez daki zehazki zer leporatzen zioten; “orduan, nazionalista izatea nahiko arrazoi zen norbait kartzelan sartzeko”. Larrinagako emakumeen espetxean egon zen: “Hura zen hura, kaosa! Zenbat jende ateratzen zuten gauetan fusilatzera... Kartzelazainen botek ateratzen zuten soinua entzuten zen gauetan; fusilatzeko emakume presoen bila etortzen ziren. Han egon ginen guztiok ikusi genuen hori”. Zenbait hilabeteren buruan aske gelditu zen Santa. Ez, ordea, haren aita; kartzela urte luzeak jasan behar izan zituen Puerto Santa Marian (Cadiz, Espainia).

Gauetan, garai hartako oroitzapenak etortzen zaizkionean, Santak ezin izaten du lorik hartu, “egun izugarriak bizi” izan zituelako. Gaur etsipenez gogoratzen du hura guztia. “Dena gezur handia iruditzen zait. Ez zuen merezi izan hainbeste sufritzea. Honetarako hura? Orain daukagunerako? Orain guztiek gora iritsi nahi dute, guztiek agindu nahi dute, baina inork egiten al du ezer? Oraingoekin alderatuta, hain desberdinak ginen lehen...”.

Nolakoa zen Espainiako Gerra aurreko zuen bizimodua Ugaon? Zure aita EAJko militantea zen, ezta?

Lehen gauzak beste modu batean izaten ziren, gauzak modu sanoagoan egiten ziren: Batzokian arropak egiten genituen, otarreak behartsuentzat... Nire aita oso nazionalista izan zen bere bizitza guztian, eta guri ere hala izaten irakatsi zigun txikitatik etxean. Errepublikaren aurretik ere aitarekin joaten nintzen alde guztietara. Gaur egun batzokietan presidente bakarra egoten den bezala, lehen hiru egoten ziren: bata EAJko presidentea izaten zen, bestea Batzokikoa eta bestea Emakume taldekoa. Nire aita —Klaudio— Ugaoko EAJko presidentea zen. Oso pertsona atsegina zen, mundu guztiarekin ibiltzen zen. Industria bat zeukan, zereal biltegi bat, eta han egoten zen, etortzen zitzaion jende guztiarekin berriketan. Bazegoen biltegira etortzen zitzaion apaiz bat, eta hala esaten zion: “Ai, Klaudio, atzo ere ez zinen mezetara etorri...”. Eta gure aitak: “Hara, niri ez etorri kontu horiekin! Bezero bat etortzen baldin bazait, une horretan nahiago dut bezeroa meza baino.” Ugaon mota guztietako jendea zegoen, batzuk halakoak eta besteak bestelakoak. Baina nire aita bere erara ibiltzen zen.

Gure hiru anai-arreba ginen eta etxe altu-altu batean bizi ginen; oso ederra zen, bost pisukoa. Alboan etxe txiki bat zegoen, eta bertan zegoen Batzokia.

Nolakoa zen Ugaoko egoera politikoa? Zein zen indar nagusia?

Gehienbat, gure aldekoa zen: nazionalista. Hori bai, karlista asko zeuden.

Eta zuk hartzen al zenuen parte politika kontuetan?

Ez, artean oso gaztetxoa nintzen eta gurasoen etxean bizi nintzen. Gero, pixka bat helduago egin nintzenean, bai. Aitak berekin eramaten ninduen hauteskundeak-edo zeudenean. Hala esaten zidan: “Etorri, Santa, goazen botoak eskatzera”, eta aitarekin joaten nintzen. Haren bueltan ibiltzen nintzen beti, baina ez alderdiaren barruan. Beste neska gazte asko ibiltzen ziren horrela, botoak eskatzen eta horrelako kontuetan. Ez dakit non batzoki bat inauguratzen zutela eta ibilaldia zegoela, han joaten ginen gu.

Eta gero, EAJko Emakume taldea ere hor zegoen. Lan pila bat egiten genuen bertan: puntua egiten genuen, otarretxoak prestatu...; halako gauzak. Irulea ere izan nintzen.

Ez dakit nola esan baina, azken batean, ni neska gazte bat nintzen orduan, mimatutakoa, bere adinaren eta bere garaiaren arabera bizi zena, kezkatzeko arrazoi handirik gabe.

Baina bazenuen kontzientzi nazionalista, ezta?

Bai, hori bai. Baina gauzak hain dira desberdinak orain... Lehen hain ginen sanoak, hain zintzoak...

Gerraren aurretik iraultza asko zegoen. Gogoan daukat oso gaixorik nengoen batean Guardia Zibila etorri zela etxera aitaren bila: “Klaudio, badakigu nolakoa zaren, baina etxea miatzeko agindua dugu”. Segituan joan ziren. Gure aita oso gizon ona zen, mundu guztiarekin hitz egiten zuen. Baina hori izan zen gakoa, oso nazionalista zela. Jose Antonio Agirre bera gure etxean izandakoa da, Ugaon —artean ez zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria—. Beste asko ere baziren nazionalistak, baina kontua da guri tokatu egin zitzaigula gorriak ikustea.

Neska alaia, gaztea... eta, bat-batean, Espainiako Gerra hasi zen eta erizain bidali zintuzten, ospitale batera.

Hala da. Gerra hasi eta lanera bidali ninduten erizain, Deustura. Nik ikasketak bukatuta nituen ordurako, erizain izateko. Azkeneko ikasturtea 1935-1936koa izan nuen. Valladolidera (Espainia) joan ginen azkeneko azterketa egitera eta han eman ziguten titulua. Euforiko geunden, azterketa gainditzea lortu genuelako. Eta gutako batzuk galdetu ere egin genuen ea Valladoliden gelditzerik ba ote genuen. “Ez, joan zeuon etxera. Hemen zurrumurru txarrak dabiltza. Edozein egunetan zerbait handia gerta daiteke”, erantzun ziguten. Etxera itzuli eta handik oso denbora gutxira hasi zen dena. “Abiazioa datorrela... ‘Gorriak’ datozela...”. Izua eta zurrumurruak kalean! Eta guk galdetzen genuen ea zer zen ‘gorrien’ kontu hori, eta herriko jendeak erantzuten zuen ‘gorriak’ etortzen zirenean eskopetak hartu eta aurre egitera irten behar genuela. Pentsa nolako ezjakintasuna genuen guk...

Abiazioa hor goian ibiltzen zen eta, etortzen zenean, halako beldurra genuen, Ugaoko tren geltoki atzean zegoen zulo handi batean sartzen ginela denok. Launaka edo bosnaka etortzen ziren abioiak; noizean behin granadaren bat botatzen zuten eta orduan pixka bat beldurtzen zinen. Nahiko denboran ibili ginen horrela.

“Abiazioa etortzean, sotora jaisten genituen ospitaleko gaixoak”

Zeure borondatez aurkeztu al zinen erizain Deustura joateko?

Ez, derrigorrezkoa zen. Garai hartan zauritu eta gaixo asko zeudenez, erreklutatu egin gintuzten. Derrigorrezko kontua zen joatea. Gizonak frontera bidaltzen zituzten bezala, titulazioren bat genuen emakumeok Deustura bidaltzen gintuzten. Eusko Jaurlaritzak Bilbon zeukan egoitza nagusia, Hotel Carlton-en, eta handik jakinarazten ziguten Deustuan aurkeztu behar genuela.

Han egon nintzen lanean. Lotan ere bertan gelditzen ginen, handik ezin zelako etxeraino etorri. Nire gurasoek oraindik Ugaon jarraitzen zuten, gure etxean. Egun batean, tren geltokiko zulo hartan zeudela, hala entzun zuten: “Bonba datorrela...”. Eta gure etxea bota zuen bonbak! Lehen esan dudan bezala, Ugaoko Batzokia etxe txiki batean zegoen, eta justu horren ondoan gure etxea, bost pisukoa. Oso-osorik goitik behera erori zen, bonbaren kolpearen indarrarekin. Ni ordurako Deustuan nengoen, baina pentsa nire gurasoak nola gelditu ziren, etxerik gabe, kale gorrian... Nora joan zintezke halakoetan? Niri Deustura deitu zidaten, baina neuk ezin nuen ezer egin. Ikaragarria izan zen! Gainera, lau pertsona ziren: aita, ama eta neure bi anaia. Hau da, ez da gurasoak bakarrik izatea bezala; ezin zuten edozein lekutan sartu.

Zer egin zuten?

Bilbora joatea erabaki zuten. Hasieran ondo egon ziren, baina gero aitari ondasun guztiak konfiskatu zizkioten Errepublikaren aurkako matxinoek. Kalean gelditu ziren, dena kendu zieten. Gogorra izan zen gero!

Ugaoko gure etxea zegoen eraikin berean beste familia bat bizi zen azkeneko pisuan, aita-seme batzuk. Oso-oso familia ona zen. Espainiako Gerra garaian barku batean preso hartuta eduki zituzten, hain zuzen herriko karlista nabarmenetakoak zirelako. Familia horretako aitak eztabaida bat eduki zuen barkuko zaindari batekin, gaizto-gaiztoak ziren ‘gorri’ horietako batekin. Semea aita defenditzera joan zenean, biak hil zituzten zaindariek. Galanta izan zen hura ere!

Ugaon egon zen konfrontaziorik, bai. Denok izan ginen oso zigortuak. “Zergatik hil dute hura edo bestea?”, galdetzen genion elkarri. Errua norena izan zen? Inorena ere ez. Baina dena delakoagatik izanda ere, elkar hiltzen ibili zirela da kontua. Eta, gainera, nazionalismoa beti egon izan da oso zigortua.

Nolakoa zen gerran ospitaleko egunerokoa?

Niretzako esperientzia zoragarria izan zen. Izan ere, guk gaixoak bakarrik genituen, ez geneuzkan gerra zaurituak. Han zeudenetako asko ‘entxufe’ bidez zeuden; alegia, gerra saihestu nahi zuen jendea zen. Gaixorik zeudela esaten zuten eta horrela ez zituzten frontera bidaltzen. Baina benetako gaixoak ere bagenituen. Sendagile eta erizain talde bat geunden lanean eta ospitalea Pasionistek kudeatzen zuten. Komentu handi bat zeukaten haiek, eta alde bat berriztatu eta guri eman ziguten, ospitalea jartzeko. Bizi ere, hantxe bertan bizi ginen. A zer nolako jatekoak ematen zizkiguten! Erreginak bagina bezala tratatzen gintuzten. Baina, jakina, dena ez zen ona, geure gauza txarrak ere bagenituen. 1937ko ekainean Francoren aldeko tropak Bilbon sartu ondoren, ospitalean lanean segitu genuen.

Ospitalean geunden bitartean, abiazioa etortzen zenean, sotora joaten ginen. Entxufearekin zeudenen artean, baziren Athleticeko zenbait jokalari, eta haiek laguntzen ziguten benetako gaixoak sotoraino jaisten, ohatilak hartuta. Nik uste, etsaiek zeukaten bezalako abiazioa edukita, nahi izan baldin balute Bilbo guztia birrindu ahal izango zutela. Baina hori baino gehiago, plantak egiteko zen abiazioaren kontua, izua zabaltzeko.

Zenbat denboran egon zineten ospitalean? Eusko Jaurlaritzak erreklutatu bazintuzteten, zuen lana Francoren tropak Bilbo hartzean bukatu al zen?

Ez. Urtebetez egon ginen han, baita Eusko Jaurlaritza erbestera joan ondoren ere. Francoren aldeko tropak Bilbon sartu zirenean, gu ospitalean geunden. Gogoan daukat gauez sartu zirela, ‘Fuerte Banderas’ delako aldetik. Gau hura eta gero, ospitaleko ate aurrean gorputz asko utzi zizkiguten. Gudarien hilotzak ziren eta nazionalek horien kargu gu egin gintezen nahi zuten. Familiei abisatu behar izan genien, gorputz batzuei lurra eman... Ikaragarria izan zen hori!

Zer gertatu zen bien bitartean zure gurasoekin?

Ordurako, alde batetik bestera zebiltzan Bilbon. Izan ere, ez zeukaten ezertxo, kalean gelditu ziren.

Eta zeu, zer egoeratan zeunden?

Atxilotu egin ninduten. Egun batean, matxinoak Bilbon sartu eta gero, Miguel Astorki doktorearekin zaurituak ikusten ari nintzela, ospitaleko atezaina etorri zitzaidan eta hala esan zidan: “Aizu, bi mutil daude atean, eta zu atxilotzera datozela diote”. Ezin nuen sinetsi! Behera jaitsi ginen, medikua nire atzetik, ni oraindik bata zuria soinean nuela. Nik ez nuen ezer egin. Batzuetan lagundu izan nion aitari, baina nik ez nion inori kalterik egin. Nire aita EAJkoa zen, baina nik ez neukan inolako zerikusirik alderdiarekin.

Atxilotu behar nindutenean, medikua nire atzetik etorri zen eta ea zer gertatzen zen galdetu zien poliziei; ni atxilotzeko agindua zeukatela zioten. “Atxilotu? Neska hau hemen nirekin lanean ari ez da ba...”, esan zien medikuak. “Guk atxilotze agindua daukagu eta neska hau gurekin etorriko da”, erantzun zioten. Goitik behera dardarka nengoen. Gogoan daukat eguerdia zela. Medikuak galdetu zien poliziei ea norbaitek lagundu al ziezadakedan eta bata zuriarekin joan al nintekeen. Baietz, “bata zuri eta guzti, dagoen bezala”, erantzun zioten.

Nora eraman zintuzten?

Bilbo erdialdeko komisaldegi batera. Ospitalea Deustua baino haratago zegoen. Beraz, Deustua guztia gurutzatu genuen eta ondoren, Bolantin zelaietatik, udaletxera arte joan ginen. Ordurako abiazioak zubi asko suntsitu zituen, baita udaletxeko zubia ere, eta gabarra antzeko batean zeharkatu behar izan genuen ibaia. Beste erizain batek lagundu ninduen: Miren Arestik. Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen bezalako distantzia egingo genuen oinez.

Ni oso gaizki nindoan, oso urduri. Ez neukan arrastorik zergatik atxilotu ninduten, zergatik eramaten ninduten. Sabin Etxea alboan zegoen Polizia postu txiki batean sartu gintuzten. Komunera joateko baimena eskatu nuen; zer gaizki nengoen! Deklarazioa hartu eta galdera pila bat egin zizkidaten. Ez naiz gogoratzen zertaz galdetzen zidaten; galdera asko egin zizkidatela, besterik ez.

Nik ez nekiela ezertxo ere esaten nien. Ergela, tentela nintzela esaten zidaten, ezer ez nekielako. Jakina, ez nien esaten beraiek entzun nahi zutena: zenbait gauza ez nekizkielako eta beste batzuk nahita gorde egin nituelako.

Galdeketaren ondoren zer gertatu zen?

Aske geldituko nintzela komunikatu zidaten. Aske, baina epaitua izateko zain. Ez nekien zer leporatzen zidaten ere. Gu bezalako jendea, inoiz inori kalterik egin ez ziona, mundu guztiarekin ondo konpondu zena... Nire aita ere, oso nazionalista izan arren, jende guztiarekin ondo konpontzen zen; grazia handiko pertsona zen, gainera.

Polizia postutik irten eta segituan gurasoengana joatea pentsatu nuen. Eguerdia zen eta, gerra zela-eta autobusik ez zegoenez, asko ibili behar izan nuen. Ez nuen itxura onik izango, denak zuri-zuri gelditu zirelako ikusi nindutenean. Berehala galdetu zidaten ea zer gertatzen zitzaidan; kontatu eta hala esan nien:

—“Aita, uste dut zure bila dabiltzala. Horiek ni atxilotu banaute, zu non zauden jakiteko izan da”.

—“Zuk ezer esan al diezu?”, galdetu zidan aitak.

—“Zer esan behar nien ba nik? Ez dakit-eta ezer! Gainera, zerbait jakin izan banu ere, nola esango nien horiei...”.

Eta zure ustea bete al zen?

Bai. Ni atxilotu eta hurrengo egunean, aitaren bila joan ziren. Neu, berriz, hainbat hilabetean egon nintzen aske, epaiketaren zain.

Beraz, deklarazioa hartu zizuten bitartean, zure aitari buruzkoak izan al ziren galderak?

Ez, ez zidaten aitaz galdetu. Hori baino gehiago, nik neuk zer egin nuen jakin nahi zuten, ea zertan nenbilen. Zertan ibiliko zen ni bezalako neska gazte bat? Dantza egiten eta mutilekin irteten... Baina, hala ere, iruditu zitzaidan aitaren bila zihoazela haiek.

Aita ere aske gelditu al zen galdeketa eta gero?

Ez, berehala kartzelaratu zuten. Larrinagako espetxean egon zen. Horren ondoan txalet huts bat zegoen eta hantxe jarri zuten emakumeen kartzela ere. Biak elkarren ondo-ondoan zeuden. Aita nire lehengusuarekin egon zen espetxean.

Eta epaiketaren eguna iritsi zen. Han nengoen ni, itxoiten, nire aita eta nire lehengusua ekarri zituztenean Guardia Zibilaren furgoneta horietako batean. Han azaldu zen aita.

“Kartzelan bakoitzak bere infernua zuen; handik irtetea zen kontua”

Ez al zenuen aita ikusi preso egon zen bitartean?

Ez, ez genuen ikusi. Pentsa nolakoa izan zen berriro elkartzea, egoera hartan... Epaitu gintuzten eta sei hilabete eta egun bateko zigorra jarri zidaten.

Zer leporatzen zizuten?

Ez neukan arrastorik ere zer leporatzen zidaten! Ez genuen ezer egin, ez nire aitak eta ez nik! Nazionalistak izateagatik izan zen. Ez zegoen beste ezer, bihotzez diot hori.

Kartzelaratu egin al zintuzteten epaiketaren ondoren?

Bai, aita berriro Larrinagako espetxera eta ni, berriz, ondoko kartzelara, emakumeenera. Hura zen hura, kaosa! Pabilioi handiz osatzen zen kartzela eta ni preso arruntekin batera sartu ninduten. Gauetan zenbat jende ateratzen zuten fusilatzera... Gauetan nola etortzen ziren entzuten genuen, botek ateratzen zuten soinua entzuten zen: bom, bom, bom, bom... Kartzelazainek pausoak ematean botekin ateratzen zuten soinua zen. Emakume presoak fusilatzeko ateratzen zituzten. Han egon ginen guztiok ikusi genuen hori. Eta, han, jende horrekin guztiarekin nengoen ni. Gela moduko batzuetan egoten ginen, etzanda. Jende asko zegoen.

Baina zoriak hala nahi izan zuelako, Basurton nirekin batera ikasi zuen mediku bat etorri zen egun batean kartzelara: Jon Arrospide. Gernikakoa zen eta Zumarragako neska batekin ezkonduta zegoen. Baldintza haietan, jende harekin guztiarekin ikusi ninduenean, hala esan zidan: “Baina zer egiten duzu zuk hemen?”. Nik argi eta garbi erantzun nion: “Ez dakit”.

Arrospide ere preso zegoen baina, medikua zenez, egunean ordu erdiz bisitan irteten uzten zioten. Emaztea joaten zitzaion, paseo txiki bat ematen zuten eta emakumeen kartzelan jendea bisitatuko balute bezala egiten zuten. Ni ikusi ninduenean, nire alde egin zuen espetxeko arduradunen aurrean. Orduan, pabiloi haietan preso arruntekin egon beharrean, sotora eraman ninduten. Sotoan leku gehiago zegoen, baita bainugelak ere.

Sotoa preso politikoentzat gordea al zegoen?

Han denetik zegoen, denok nahastuta geunden. Baina denok zerbaitegatik nabarmentzen ginenak ginen; ez zegoen edozein sotoan, nolabait esanda. Leku hobea zen eta hobeto egon nintzen. Guztiok batera geunden arren, ez ginen elkarren lagun egiten, bakoitzak berearekin nahikoa zuen. Ez zitzaizun inor axola, kartzelan zeure infernuarekin bazenuen nahikoa. Handik lehenbailehen irtetea zen kontua.

Nire ama egunero etortzen zen aitari eta niri janaria ekartzera; porrusalda ekartzen zigun. Otarretxo batzuetan eramaten zuen janaria. Otarre horiek gainaldean zulo txiki bat zeukaten, sarbide bat. Hala, ‘misterioren’ bat pasatu nahi baziguten, otarreko zulotxo horretan gordeta ekartzen ziguten.

Ni Pasionistek asko maite eta asko mimatzen ninduten; oraindik ere bai. Astean behin joaten zitzaizkidan bisitan eta denetik ekartzen zidaten. Esaten nien ez zela beharrezkoa, baina gauza ugari ekartzen zidaten kartzelara. Amaren porrusaldarekin eta Pasionistek emandakoarekin, aurrera egin genuen. Hori bai, janaria denon artean banatzen genuen.

Halako batean, irteteko baimena eman zidaten, aske utzi ninduten. Etxera itzuli nintzen amarekin eta anaiekin.

Aita ez al zuten zurekin batera utzi aske?

Aita oraindik kartzelan zegoen. Gero Bilbotik Sevillara (Espainia) eraman zuten. Nolakoak diren ganadua garraiatzeko erabiltzen dituzten kaiola edo konboi horiek? Horietako batean eraman zituzten presoak Bilbotik Sevillaraino. Ondoren, Cadizera, Puerto Santa Mariako kartzelara. Eta hala egon ginen 3 urtez.

Kartzelatik irtendakoan, berriz ere erizain jardun al zenuen?

Ez. Epaiketa baino lehen ospitalea altxatu egin zuten. Gaixoak sendatu zirenean, bakoitza bere etxera itzuli zen.

“Gerraostean bakean utzi gintuzten, gutaz ahaztu egin ziren”

Zer egoeratan zeundeten orduan? Non eta nola bizi zineten?

Guk Bilbon jarraitzen genuen. Zertatik bizi ginen? Nire gurasoak baserrikoak ziren, familia handia ginen eta horri esker bizi ginen, familiak emandako laguntzari esker. Izan ere, aitari zeukan guztia kendu zioten eta nire amak ez zeukan zentimo bat bera ere. Amak hala esaten zion aitari: “Begira, Klaudio, begira zer ekarri digun nazionalismoak...” . Zenbat sufritu behar izan zuten ideal batengatik!

Gero nire anaia batek ikasketak bukatu zituen eta Euskalduna ontziolan lanean hasi zen. Beste anaiak soldadutza amaitu zuen eta hura ere lanean hasi zen. Eta hala, pixkanaka-pixkanaka, aurrera egin genuen. 3 urtera aita itzuli zen. Industrialaria zen, lagun asko zituen eta asko zekien. Etorri eta segituan, lehenengo eta behin, etxe txiki bat erosi zuen, Bilbon. Beti izan zen tratulari ona. Lehenik etxea izan zen, familia nonbait egoteko; gero Uribarri kalean taberna bat hartu zuen alokairuan, ‘El Xirimiri’ izenekoa. Eta hala bizi izan ginen. Gauzak konpontzen joan ziren, kendu zioten diru guztia ez zioten itzuli, baina gauzak pixka bat konpondu ziren.

Garai hartan kartzelan egon zirenek edo errepresio politikoren bat jasan zutenek esaten dute kalbarioa ez zela kartzelarekin bukatu. Izan ere, espetxetik irten zirenean, inork ez zien lanik eman nahi eta eguneroko bizitza arrunta egiteko zailtasun handiak izan zituzten.

Aitak, betitik bere kabuz lan egin zuenez, bazekien nola egin gauzak. Hark esan zuen: “Nik ez dut inorentzat lanik egingo”. Taberna txiki hura hartu zuen alokairuan. Etxe erosi ere bai. Egia esatekotan, ez dakit nola egin zuen. Lagun asko zituen, eta guztien artean lagunduko ziotela pentsatzen dut, baina ez dakit zehazki. Ondo joan zitzaizkion gauzak, ardo asko saltzen zuen... Oso gizon atsegina zen, txantxa asko ibiltzen zituen. Ondo joan zitzaion. Hori bai, hasieran ezin izan zuen taberna bere izenean jarri.

Zuek preso egon zineten. Gerraostean bakean utzi al zintuzteten edo jazarpenak segitu egin zuen?

Ez, bakean utzi gintuzten. Kartzelan sartu gintuzten, nahi zuten guztia egin ziguten, baina gero gutaz ahaztu egin ziren.

Nolakoa izan zen gerraostea?

Oso gogorra. Aurretik guztia geneukan eta ezer gabe gelditu ginen. Baina guk, gutxienez, ez genuen goserik pasatu. Oso familia ona genuen, nire ama hara eta hona ibiltzen zen beti, oso lagun onak genituen... Guztiak oso ondo portatu ziren gurekin.

Nik ordurako banuen mutil-laguna. Ońatikoa zen, baina Bilbon Guipuzcoano bankuan egiten zuen lan. Hari esker jarri ahal izan genuen taberna aitaren izenean. Gauzak hobera zihoazen pixkanaka-pixkanaka.

.1942an ezkondu egin nintzen mutil horrekin, Eugenio Madinarekin. Gero senarra Azpeitira bidali zuten, hemengo Guipuzcoano bankura eta, azkenean, hona etorri ginen bizitzera, 1950ean. Ordurako pixka bat ahaztuta genuen nazionalismoaren kontua. Azpeitian oso ondo hartu gintuzten. Oso gustura nago Azpeitian, benetan.

Lehen esan duzu Jose Antonio Agirre zeuon etxean egon zela...

Bai, eta nik hantxe ezagutu nuen, Ugaon. Gure etxean, aitak industria bat zeukanez, kontabilitatea eramaten zuen gizon bat zeukaten kontratatuta. Idazteko makina bat ere bageneukan, gizon hark lana egin zezan. Garai hartan, aitak behin zera galdetu zigun: “Zer nahi duzue: telefonoa edo irratia?”. Guk telefonoa nahi genuen, dudarik gabe. 12 zenbakia genuen, gogoan dut. Batzokian, berriz, ez genuen ezer; uste dut ez genuela kuotarik ere ordaintzen. Orduan, zerbait prestatu behar zutenean, gure etxera etortzen ziren, han zeudelako telefonoa eta idazteko makina. Halaxe bukatu zuen Jose Antonio Agirrek gure etxean: nire aitarekin hitz egitera etorri zen EAJko kontu bati buruz eta gure etxean prestatu behar izan zuten guztia.

Oraindik politika kontuak interesatzen al zaizkizu?

Urte askoan izan nintzen EAJko afiliatua, baina gero EAra afiliatu nintzen. Orain ez naiz kasik joaten bileretara eta halakoetara, baina lagun asko izan ditut. Nik beti zera esan izan dut: Agirre lehenengo lehendakaria izan zela esaten dute, baina hura ez zuen herriak hautatu, alderdiak jarri zuen kargu horretan. Hemen herriak aukeratu zuen lehenengo lehendakaria Carlos Garaikoetxea izan da.

Garaikoetxeari min handia egin zioten, pena handia ematen dit horrek. Nik hura telebistan ikusi nuenean, emaztea ondoan zuela, Ajuria Eneatik bidali zutenean handik irteten, maleta txikia eskuan hartuta, lurjota gelditu nintzen. Eta dena euren artean zituzten inbidiengatik! Izan ere, orain garenarekin alderatuta, gu oso desberdinak ginen lehen. Orain ez dugu batere elkar maite! Hori ezin daiteke! Niri min handia egin zidan Garaikoetxearenak. Haiek [EAJkoak] nazionalistak dira eta gu ere bai, baina elkarri kalte egitea eta besteak gehiegikeriaz erabiltzea... Nire ustez, normalena izango zen Garaikoetxeari bere lana bukatzen uztea, zer egingo zuen ikustea. Oso garai zailak tokatu zitzaizkion, gainera.

Gerra, kartzela, gerraosteko gabezia guztiak... Bizi izan zenuten garai izugarri hura ahaztea posible al da?

Hura ezin da ahaztu. Oraindik ere, ohera joaten naizenean, batzuetan garai hartako oroitzapenen bat etortzen zait, eta horrelakoetan ezin izaten dut lorik hartu. Gauetik goizera kalean gelditzea, ezer gabe, aurretik hainbeste izan duzunean... oso gogorra da. Zereal biltegi bat genuen, gurdi bat zaldi zuri batekin... Erreginaren pare bizi nintzen eta ezer gabe gelditu nintzen. Gure amak bakar-bakarrik egin behar izan zuen aurrera, hiru seme-alabekin.

Gogoan dut Ugaon bazegoela oso aberatsa zen gizon bat, baina lanik egitea gustatzen ez zitzaiona. Noizean behin gure biltegira laguntzera etortzen zen, eta halakoetan genero asko eramaten zuen etxera, berentzat. Garai hartako zortzi mila pezeta eraman zituen generotan etxera. Orain ez da diru asko izango, baina orduan dirutza zen. Gero, gerra garaian, nire amak dirua eskatu zion gizon hari, laguntza bezala. Gure ama diru eske gurekin zorretan zirenei, pentsa! Baina gizon hark sekula ez zion ezer eman. Eta, jakina, ezin zenuenez frogatu zorra zegoenik, ez zeneukanez hori ziurtatzen zuen inolako paperik, ezer gabe gelditzen zinen.

Dena dela, guk gaizki ez genuen pasatu, familiak asko lagundu zigulako. Gainera, aitak egoerari buelta eman zion, etorri bezain pronto. Gero, aita Azpeitira etortzen zenean, mezetara joan ohi zen. Izan ere, nire senarra oso katolikoa zen eta honi zion errespetuagatik joaten zen, batik bat. Baina Bilbon zegoenean, aita ez zen inoiz mezetara joaten, ezin zuen entzun. Esaten zuenez, ezin ziren azaldu kartzelan egon zen bitartean elizako jendeak presoei esandako eta egindako gauza guztiak. Apaizak, gotzainak, kardinalak... gerra garaietan egoten diren horietakoak...; jakina, gerra dagoenean edozein motako jendea jartzen dute arduretan. Egon egin behar da, gure aita egon zen bezala, 3 urtean kartzela hartan...

Begira, gerora gure aita gaixotu egin zen eta ospitalera eraman behar izan genuen, Basurtora. Oso gaizki ikusi nuen eta moja bati aipatu nion apaiz bat ekartzea posible ote zen. Eta etorri zen apaiza, ikasle nintzenean ezagutu nuen bat zen; ‘maketo-maketo’ horietako, oso gaiztoa, gainera! Eta harekin konfesatu zen aita. Gela barrenean jarrita, esaten zutena entzuten nuen. Eta aitak bukaeran apaizari: “Oso nazionalista izan naiz, oraindik hala naiz eta hil artean halaxe izango naiz”. Atera kontuak gure aita frankismo garaian hil zela eta orduan oso gaizki ikusia zegoela nazionalista izatea eta halakoak esatea.

.70 urte pasatu dira Espainiako Gerra hasi zenetik. Nola ikusten duzu hura guztia?

Guztia gezur handia iruditzen zait. Ez zuen merezi izan hainbeste sufritzea. Honetarako hura? Orain daukagunerako? Orain guztiek gora iritsi nahi dute, guztiek agindu nahi dute, baina inork egiten al du ezer? Nork egiten du zerbait? Azkenean, itxaropena galtzen duzu. Izan ere, oraingoekin alderatuta, hain desberdinak ginen lehen... Gu nazionalistak ginen, baina ez ginen besteekin sartzen. Geure erara dibertitzen ginen, geure bizia egiten genuen. Oso zoriontsu ginen. Orain, ordea, oso gaizki dago kontua.

Egun izugarriak bizi izan genituen. Gerra, Errepublika... Gauza asko bizi izan ditugu. Bai, Errepublika ere ezagutu bainuen nik. Hori guztia oso aztoratuta bizi izan genuen, ez genekielako zer gertatzen ari zen, zer zen hura guztia. Jendeak ez zekien gerra zer zen. Esaterako, lehen esan dudana: ‘gorriak’ zetozela entzuten zen, baina ez genekien ‘gorriak’ zer ziren!

Eta hegazkinak... Bat, bi edo hiru etortzen ziren, noizean behin lehergailuren bat botatzen zuten eta asko beldurtzen ginen. Pasatu izan naiz Deustuko zubitik balak atzetik nituela, hegazkinetatik balak ere botatzen zituztelako. Gogoan dut behin gurasoak ikustera nindoala eta ni bakar-bakarrik Deustuko zubitik lasterka... Zer zen hura! Baina ohitu egin ginen; horretara ere ohitu...

Dena den, nora eraman ninduten gogoratzen dudan bakoitzean, kartzela hura gogora etortzen zaidanean... Zer zen hura! Nik uste gerrako garai hartan jendea bere onetik irtenda zebilela, zoro moduan zebiltzan guztiak. Jokaera hura, ikuspegi haiek ez ziren betikoak. Gu politikan hasi ginenean, dena oso lasai egiten zen, harmonia osoz. Gerra iritsi zenean, zera esaten nuen neure artean: “Baina zer da hau?!”. Gauzak goitik behera aldatu ziren.

.70 urte pasatu dira eta orain zerbait jaso dugu, behintzat. Nola eman dituen Javier Madrazok sari horiek? Tokatu egin zitzaidan. Alabak zera esan zidan: zergatik ez duzu eskatzen? Udaletxera joan ginen eta esan zidaten ziurrenik ez zitzaidala tokatuko, kartzelan sei hilabete eta egun batzuetan egon behar zelako diru laguntza jasotzeko. Nik ez nekien justu zenbat denboran egon nintzen kartzelan, baina eskatu egin genuen. Eta, begira, egun batean iritsi egin zitzaidan. Horrekin ez digute ordainduko egin zigutena baina, gutxienik, aitorpen bat da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak