Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Azpeitiarrak Espainiako Gerran »  Maria Dolores Odriozola

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

MARIA DOLORES ODRIOZOLA (‘Margaritas’ emakume karlisten mugimenduko kidea)

Maria Dolores Odriozola: "Esaten ziguten gerra hura Jainkoaren eta aberriaren alde zela, eta guk oso kontuan hartzen genuen Jainkoaren alde izate hori"

Hainbat aurpegi ditu Espainiako Gerrak Maria Dolores Odriozolarentzat (1919). Oso desberdinak guztiak ere; akaso, antagonikoak. Batetik, sufrimendu gordinaren aurpegia du gerrak, 19 urteko anaia hil zitzaiolako horren ondorioz. Guztiz kontrako aurpegia ere badute, ordea, orduko egunek: irribarrez gogoratzen du soldadu erreketeek Azpeitia hartu zutenekoa: “Festak bezala gogoratzen ditut egun haiek. Izan ere, hainbeste gazte jende sartu zen herrian...”. Karlisten emakume mugimenduan hartzen zuen parte Maria Doloresek —Margaritas taldean— eta oroitzapen “gozoak” ditu lagunekin batera soldadu gazteei janaria zerbitzatzera edo beraiekin egotera joaten zireneko haiek. Azkenik, gerra aipatzean erizain izan zen sasoia ere badatorkio gogora: Zumaiako eta Zestoako ospitaletara joaten zen, soldadu erreketeak nahiz preso hartutako ‘gorriak’ zaintzera.

Lanean zebilen bitartean, Azpeitian pasatu zuen Maria Dolores Odriozolak gerrate osoa. Horregatik, 1936ko irailaren 20an erreketeek herria hartzean, Azpeitiak jasan zuen aldaketaren lekuko ere bada. Harentzat, gertaera “polita” izan zen arren, gogoan dauka erreketeen beldur zen jendetza Azpeititik ihes egiten ikusteak sortu zion “tristura”. Ondorengo egunetan, margariten edo karlisten emakume mugimenduko kide bezala, askotan ibili zen soldadu karlista gazteei janaria zerbitzatzen. “Dena gazte jendea zegoenez, giro ona egoten zen. Guretzat, garai polita izan zen”.

Ondorengo hilabeteetan asko aldatu ziren, ordea, gauzak. Haurra zenetik umezurtza izanda, anaia Joxe Mari zen Maria Doloresen senide zuzen bakarra gerra hastean; guda bukatzerako bakarrik gelditu zen Maria Dolores. Lagun nazionalista batek hala gomendatuta, gerra hasi bezain pronto alde egitea erabaki zuen anaia Joxe Marik. Ordiziara egin zuen ihes, eta han tropa erreketeekin bat egin zuen. Hortik aurrera horiekin borrokatu zen gerran, denbora laburrez izan zen arren. Izan ere, ez zuen lortu Lemoako frontean egin zizkioten zaurietatik osatzerik, eta Durangoko ospitale batean hil zen, arreba ondoan zuela. “Hura da tristura! Hori pasatu egin behar da...”. Akaso horregatik, “alferrikako sufrimendua” izan zela dio, 70 urte beranduago, gerrateaz.

1936ko uztailaren 18an Espainiako Gerra hasi zen eta zuk orduan 17 urte zenituen. Zer eragin izan zuen zuengan?

Orduan nire anaia Joxe Marik 18-19 urte zituen eta Medikuntza ikasten ari zen. Sasoi hartan esaten zuten ikasle guztiak falangistak zirela, eta gerra hasi zenean anaiak Azpeititik alde egitea erabaki zuen. Izan ere, nazionalisten buruzagietakoa zenak, Joxe Nazabalek, udaletxean ardura hartu zuen garai haietan, asko ezagutzen zuen gure anaia eta berak esan zion alde egiteko, hobe izango zutela. Oso pertsona ona zen Nazabal. Nazionalista izan arren, asko lagundu zigun guri, eta hala esan zion gure anaiari: “Hemen esaten ditek ikasleok falangistak zaretela. Joan egin behar hukek. Laster pasatuko duk zoramen hau. Etorriko haiz berriz ere bueltan baina, oraingoz, joan hadi. Edo nahi baduk ez joan, baina ezkutatu nonbait, behinik behin”. Hortik, Nazabalek on beharrez esandakotik, gaizki atera zitzaizkion gauzak gure anaiari. Nik uste anaiak ez zuela joera politiko nabarmenik, baina izango zuen bere ideala. Hura ez zen izango ez ‘gorria’ eta ezta nazionalista ere, ez zen politika kontuetan nabarmentzen zen horietakoa. Baina gazteak ziren eta laineza galanta. Laineza, hori izaten da dena, laineza! Horregatik ematen dizu pena handiagoa. Politika ederra izango da, baina hortik bizi denarentzat. Bestela, inongo kargurik ez duten zorigaiztokoak dira azkenean besteen erabakiak larrutik ordaintzen dituztenak. Hori toki guztietan ikusten da, baita orain ere.

Hala, behintzat, anaiak etxean esan zigun alde egitekotan zela. Guk ezetz esan genion, ez zeukala inolako zerikusirik politika kontuetan eta ez zeukala zertan alde egin. Baina iluntzean joan egin zen, guk ezer jakin gabe. A zer disgustoa! Denekin ondo konpontzen zen mutila zen gurea. Guk esaten genuen: “Baina zer egin du ba honek?”.

Zu zeu sentitzen al zinen alde batekoekin edo bestekoekin identifikatuta?

Ni neu, ez. Familian denetatik zegoen: alde bateko familia karlista zen eta beste aldekoa nazionalista. Lehengusu batek alde egin behar izan zuen Frantzia aldera, nazionalista izateagatik, baina hura ere berehala itzuli zen eta ez zitzaion ezer gertatu. Ez ginen bereziki politika kontuetan ibiltzen zen familia.

Dena den, gure anaiak alde egitea erabaki zuen. Oñaztik, mendiz, Ordiziara pasatu zen, lehengusu batekin. Esaten zutenez, Oñatzen bazegoen bi bizitzako baserri bat: bizitza batekoak ‘gorriak’ omen ziren eta bestekoak karlistak. Gure anaia, itxura denez, bizitza egokira joan zen; alegia, karlistak zeudenera. Han baten bat zuten zain, eta hark gidatu zituen Ordiziaraino. Hurrengo egunean, non edo nondik, abisua jaso genuen Ordiziara iritsi zirela eta ondo zeudela. Ordizian, erreketeekin egin zuten bat. Hori guztia abuztua inguruan izan zen; San Agustin eguna abuztuaren 28an izaten da eta egun batzuk lehenago egin zuten alde. Nire anaiarekin batera ihes egin zuenetako baten emazteak San Agustin egunean haurra eduki zuen, eta senarra ordurako joanda zegoela badakit; horregatik gogoratzen dut data.

Handik gutxira sartu ziren erreketeak Azpeitira...

Irailaren 20an. 1936an. Nafarroatik zetozen tropak ziren. Garmendi gainetik etorri ziren, eta gu balkoian zain, haiek ikusteko! Ez genekien gure anaia ere han tartean egongo zen, baina ez zen azaldu.

Itxura denez, nazionalistek bezperatik zekiten erreketeak ailegatzen ari zirela, eta askok alde egin zuten. Etxeko balkoitik ikusten genituen, euren zakuak eta otarrak buru gainean hartu eta alde egiten. Nolako tristura ematen zuen horrek! Gu gazteak ginen eta harrituta ikusten genuen dena, ez genuen gertatzen ari zena ezagutzen eta ulertzen. “Zerk gertatu behar du hemen?!”, genioen. Nik pentsatzen dut batzokietan eta halako lekuetan bezperatik pasatu zutela abisua erreketeen etorreraz eta horregatik erabaki zuela jendeak ihes egitea. Nolabait konprometituak zeudenak-edo izango ziren joan zirenak. Baina askotan ume eta guzti, batere konprometitu gabe zegoen jendea ere bai.

Zer harreman zenuten gudariekin, nazionalistekin?

Gudariei guk orduan ‘gorriak’ esaten genien. Horiek Loiolan karlistak eduki zituzten, preso hartuta, gerra hasi eta beraiek agintean egon ziren bitartean. Gure osaba bat han eduki zuten: Juan Joxe Iriarte Sarralle. Osabak esaten zuenez, euren presoak izan balira bezalaxe zaintzen zituzten eta Loiolan etxean bezala egon ziren; gudari gazte jator askoak omen ziren han zeudenak. Zioenez, oso ondo eduki zituzten han, oso ondo tratatzen zituzten. Gure osabak, behintzat, ez zuen kexarik ekarri. Kontatzen zuenez, eurei ere gudariek bezperan pasatu zieten abisua: “Alde egin ezazue hemendik, guk aske lagako zaituztegu”. Herrian asko ezagutzen zen abade bat ere han zegoen preso, osaba Juan Joxerekin batera: Don Jose Maria Mendaro. Libre gelditu zirenean, etxera itzuli eta han egon ziren gordeta, erreketeak herrian sartu ziren arte. Haiek etorritakoan, ezkututik irten eta agintarien aurrean agertu ziren eta kito! Beste batzuek, ordea, ez zuten horrenbesteko zorterik izan: Azkoitian Juin Jauregian preso egondako zazpi errekete Iraetan hil egin zituzten; kamioietan eraman eta tiroa bota zieten CNTko miliziano batzuek.

Zer sentsazio sortu zizun erreketeen herriko sarrerak? Izan ere, anaiaren egoera tarteko, zuentzat albiste ona izango zen, ezta?

Azpeitian erreketeen sarrera oso polita izan zen. Jendeak balkoietatik ikusten zuen nola zetozen Garmendi gainetik erreketeen tropak. Eta bien bitartean, oraindik CNTkoak plazan zeuden, kamionetetan sartuta. Justu-justu lortu zuten alde egitea. Metro ezizeneko alguazila plaza erdi-erdian zegoen, Espainiako bandera txiki bat eskuetan zuela. Nonbait entregatzeko agindua izango zuen. Militar bat iritsi zen plazara, Metrori bandera hori hartu eta ez zuen ez atxilotu eta ez ezer egin. Izan ere, Metro funtzionario bat besterik ez zen, azken batean. Pentsatzen dut deklarazioa hartu edo zerbait egingo ziotela, baina segituan laga zuten libre.

Beraz, poztu egin zineten erreketeek Azpeitia hartzeaz.

Bai, guk ondo hartu genuen, dagoeneko etsita geundelako. Hala ere, nazionalistak triste egongo zirela pentsatzen dut, aurretik gu triste egon ginen bezala.

Ordurako, hortaz, zuek alde batekin bestearekin baino gehiago identifikatzen zineten.

Bai, jakina. Neu ez nengoen afiliatuta, baina nik uste gure familiak karlisten alde hartu zuela partidu ordurako. Gainera, anaia ere erreketeekin zebilen...

“Anaiaren heriotza oso gogorra izan zen, ez bainuen beste seniderik”

Erreketeak herrian sartu ondoren, asko aldatuko zen Azpeitiko panorama...

Nik festak bezala gogoratzen ditut egun haiek. Izan ere, hainbeste gazte jende sartu zen herrian... Errekete gazte asko, baita soldadu nazional gazte ugari ere. Etxeetan hartuta eduki genituen. Guk ere eduki genuen bat, baina abadea zena. Bi emakume baino ez ginenez bizi, errespetuz ez zuten soldadu gazterik sartu gure etxean. ‘Pater’ esaten zioten eta konpainiako abadea zen. Geurekin egiten zituen jatorduak ere, baina beste etxeetan lotarako baino ez zituzten edukitzen soldaduak.

Irailaren 20an sartu ziren erreketeak Azpeitian eta gure anaia bi edo hiru egun beranduago iritsi zen. Ordura arte Ordizian egon zen, gure senide batzuen etxean, oso ondo. Etorri zenean, guk uste genuen gelditzeko izango zela, baina bai zera! Ordizian egon ziren bitartean, izena eman zuten errekete bezala, eta hiru hilabetean etxean egon eta gero, deitu egin zituzten. Mutriku aldera bidali zituzten, errekete. Guk disgusto handia izan genuen, ordurako Medikuntzako hirugarren maila ari zelako ikasten, 19 urte zituen...

Kontatzen zigunez, Mutrikun egon ziren bitartean parrandan ibili ziren, batik bat. Ez omen zuten borrokaldi zuzenik izan; ez zeuden ezertarako han, baina hantxe eduki zituzten denak batera. Gero, ordea, beste destinu batzuetara bidali zituzten, eta orduantxe egin zuen gure senideenak. Lehengusua Otxandion hil zen, lehenengo norgehiagokan, eta anaia, berriz, bigarrenean, Lemoakoan. Hor mendia txikia zen eta gazte asko hil ziren; bai alde batekoak, bai bestekoak. Gizajoak! Horrelakoak pasatu egin behar dira zer den jakiteko... Oso gogorra izan zen. Gainera, ez geneukan gurasorik, biak hilda zeuden, eta izeba ezkongabe batekin bizi ginen. Egia esan, guk ez dugu ezer falta izan eta ondo bizi izan gara, baina senide guztiak hiltzeak tristura handia sortzen du. Aita, hamar hilabete nituenean hil zitzaidan eta handik urtebetera, ama. Gurasoak ez nituen ezagutu, baina anaia galtzea... Oso gogorra izan zen. Ez nuen beste seniderik. Gainera, gure anaiak berak ere asko sufritu zuen, bazekielako bera hiltzen bazen bakarrik geldituko nintzela ni.

Baina fronte gogorra egokitu zitzaien eta halaxe izan zen. Gudariak ere asko hil ziren, baina erreketeak gehiago. Azpeitiarrak, uste dut, 70 erreketetik gora hil zirela. Asko da gero!

Nola izan zenuten anaiaren heriotzaren berri?

Ni Santutxon nengoen, hemen Izarraitz bidean dagoen auzo horretan. Hango ermitara joaten nintzen egunero, errezatzera: “Ene, ez pasatzea nire anaiari ezer, behinik behin”, hala eskatzen nuen errezotan. Hantxe errezatzen nengoela izan nuen abisua. Zirilo Orbegozo etorri zitzaidan abisatzera. Urrutitik neuk igarri, “hori nigana zatorrek ba!”. Nik neukan beldurrarekin... Eta halaxe izan zen. Esan zidan: “Joan zaitez segituan udaletxera. Alkateak esan dit zuri deitzeko”.

Segituan udaletxera jaitsi nintzen. Joxe Alzuru sendagilea zegoen orduan alkate. Karlista zen. Kuaderno bat zeukan eskuetan eta gurutze batzuk azaltzen ziren bertan; batzuk beltzez eta besteak gorriz. Nik kuaderno hari begiratu nion eta “hemen zerbait txarra bada!”, pentsatu nuen. Ordurako erizain izateko ikasten hasita nengoen eta zerbait banekien. Horrela esan zidan sendagileak: “Aizu, joan zaitez Durangora, zure anaiari bala batek hanka zauritu omen dio eta ospitalean daukate. Joan zaitez”. Joxe Mari Arrona taxilari bezala ibiltzen zen garai hartan eta berak eraman ninduen Durangora, anaia zaurituarengana. 17 urte nituen eta bakar-bakarrik joan nintzen. Hura zen tristura!

Durangon topatu al zenuen?

Elgoibarren taxilaria eta biok hilerrian hildakorik ba ote zegoen begira hasi ginen. Errekete batzuen hilotzak bazeuden, baina han ez zegoen gurea. “Baina hil egin al da ba?”, galdetu nion Arronari. “Ez! Baina badaezpada begiratu egingo dugu”, esaten zidan. Nik, neure artean, pentsatzen nuen: “Hau da zelebrekeria!”. Berrizen egin genuen hurrengo geldialdia. Ospitalea zegoen eta txoko denetan begiratu genuen; baita zerrendetan ere, anaiaren izena han ote zegoen. Baina han ere ezer ez. Handik hurrena Durangora joan ginen. Txalet eder batean zegoen jarrita larrialdiko ospitalea.

Eta hantxe zegoen anaia...

Sartu Durangoko ospitale horretan, galdetu genuen eta: “Ah, bai! Hemen dago!”, esan ziguten. Horrelaxe, gela batera sartu ginen eta han zegoen gizajoa. Bistara ez zeukan ezer: eserita zegoen, gerriraino biluzik eta pare bat zauri ikusten zitzaizkion, horietako bat sorbaldan. Hura da poza! Hura zerua zela iruditu zitzaidan. Jakina, nik zaurietako partxe txiki haiek baino ez nituen ikusten. Ai ama, a zer poza! Izebari deitu nion handik bertatik, eta esan nion anaia oso ondo zegoela.

Baina nik badaezpada anaiari galdetu egin nion, ikusitakoak ikusita nengoelako lanean ospitalean: “Joxe Mari, gorakorik izan al duk?”. Anaiak: “Orduantxe galduko naun! Gorakorik izango banu, orduantxe galduta nengoke”. Eta halaxe izan zen. Botaka hasi zen hurrengo egunean eta hantxe galdu zen. Itxura denez, gibela lehertu egin zitzaion eta hemorragia izan zuen. Bala sorbaldatik sartu zitzaion eta gerriraino egina zion kalte.

Lehenago gizajoa konfesatu egin zen, kapilauarekin. “Ederki nago. Hil behar badut ere lasai-lasai nago”, esaten zuen. “Baina nola hilko haiz sorbaldako zauri horregatik?”, esaten nion nik. Hurrengo egunean botaka hasi zenean, hark berehala esan zuen bere kasa: “Hauxe duk nire bukaera”. Han egon ginen izeba eta biok, harekin; anaia bera trankil-trankil egon zen. Hura da pena! Horiek pasatu egin behar dira...

Gerora nik adiskidetasun handia izan nuen ospitalea jarri zuten txalet hartako jabeekin. Nazionalistak ziren eta etxea kendu egiten zieten ospitalea jartzeko. Baina orduan halaxe izaten ziren kontuak, etxeak kendu egiten zituzten.

Anaiaren heriotza ere pasatu zen, behintzat, eta gero gosetea etorri zen. Guk, egia esan, ez dugu ezagutu goseterik. Izan ere, bi pertsona bakarrik izatea ez da familia handia dagoenean bezalakoa; izebak eta biok moldatzeko moduan jasotzen genuen. Gero, gainera, neuk erizaintza ikasi nuen.

“Neska talde bat soldadu erreketeei bazkaria zerbitzatzera joaten ginen”

Zein garaitan egin zinen erizain? Anaiaren heriotza eta gero?

Gure anaia frontera joan —1936an— eta berehala. Gure etxean tristura zegoela eta zerbait ikasteko animatzen ninduten. Nik ez neukan ezertarako gogorik, baina azkenean etsi egin nuen. Zestoako Bainuetxera joaten hasi nintzen; garai hartan ospitale bezala zeukaten jarrita, ebakuntza gela eta guzti. Hamar-hamabi lagun joaten ginen eta oheak egiten genituen, baita sendaketa arinak ere. Beste ospitale bat ere ipini zuten Zumaian, Hotel Amayan. Gaur egun deseginda dago hotela, etxeak daude leku horretan, baina orduan ospe handiko hotela zen, oso handia eta dotorea. Hor preso hartutako ‘gorrientzako’ ospitalea jarri zuten eta hara ere bidaltzen ninduten ni lanera. Nik esan nuen ez zitzaidala axola alde bateko edo besteko gaixoak zaintzea. Egia esan, nazionalek ere ondo tratatzen zituzten gaixo ‘gorriak’, ondo zaintzen genituen.

Gainera, gogoan dut pasadizo bat. Zumaiako ospitale horretan zegoen soldadu bati esan nion: “A zer zauria daukazun!”. Eta hark: “Hala da bai, Lemoan egin nuen hau. Agian, ni izango nintzen zure anaia hil zuena”. Barrenak buelta eman zidan! Baina nik uste ez zuela fede txarrez esan; gaztea zarenean horrelakoak egiten eta esaten dira.

Gainerantzean, ‘gorriak’ ziren baina ez zen jende gaiztoa; ez daukat haien oroitzapen txarrik. Jende gaztea zegoen han. Nik pentsatzen dut frontean zauritu eta atxilotutako soldadu ‘gorriak’ izango zirela. Baina oso ondo hartzen zituzten Zestoako eta Zumaiako ospitaleetan. Ez zitzaien inolako bereizketarik egiten: ondo jaten zuten eta medikuek ere —militarrak izan arren—, ondo hartzen zituzten.

Noiz arte jardun zenuen erizain?

Gerra bukatu arte. Ordura arte, gerra bitartean, egunero-egunero joaten nintzen lanera. Batez ere, Zestoara; Zumaiara gutxiago. Baina gerra bukatu eta orduan azterketa egin genuen, titulua eman ziguten eta kito! Horren ondoren, gerra bukatzean, nik ez nuen gehiago lanik egin. Familia handia izan dut eta ondo babestuta nengoen. Gainera, neure senarrak, Enrike Zurutuzak, ez zuen nahi nik etxetik kanpo lan egiterik.

Azpeitia abertzaleen esku egon zen bitartean, jasan al zenuten jazarpenik anaia alde eginda izatean?

Ez, ondo tratatzen gintuzten. Gainera, bagenuen abertzalea zen familia ere, eta inoiz ez genuen inolako arazorik izan. Ezta geuk ere eurekin; guztiz alderantziz. Adibidez, Iñaki Orbegozo, Bizkaia aldean kargu militarra izan zuen azpeitiar gudaria, heriotza zigorrarekin kondenatuta zeukaten preso. Herritarren sinadurak eskatzen zituzten askatzeko eta nire lagun Angelita Elorzak eta biok eman genuen haren aldeko firma. Angelitak ere anaia hilda zeukan eta bion anaion izenean eskatu genuen Iñaki Orbegozori heriotza zigorra kentzeko. Horretaz gain, lehen esan dudan bezala, Zumaiaraino joaten nintzen soldadu ‘gorriak’ sendatzera.

Tarte horretan, bestalde, abertzaleak herrian agintean zeuden bitartean, hemen bonbak botatzen zituzten, eta bat edo beste hil zen bonbek harrapatuta. Horietako bat hilerrira bidean zihoan paseoan; oso gizon ona zen hura ere, Alberga-atzekoa.

Bonbak erortzen zirenean, non babesten zineten?

Enparan kale izkinan, Sarralleko sutegian ezkutatzen ginen bonbardaketak egoten zirenean. Igual Etxe-Zuri aurreko plazatxoan geunden jolasean eta, hegazkina ikustean, lasterka joaten ginen sutegian ezkutatzera. Halako batean, “han, pasatu dira” esaten zuen norbaitek, sutegitik atera eta jolasean segitzen genuen. Egia esan, ez dakit benetan ohartzen ginen pasatzen ari ginen arriskuaz.

Oharkabetasun puntu bat, agian?

Handia, gainera! Hori bai, etxean pasatzen denean bai, orduan konturatzen zara zer den gerra.

Herria erreketeen esku zegoen egun haietara itzulita, festak balira bezala bizi izan zenituztela diozu...

Hala da, bai. Gu, herriko neska gazte boluntario talde bat, soldaduei bazkaria zerbitzatzera-eta joaten ginen. Egañareneko azpietan zeukaten jangela eta eguerdietan haiei jaten ematera joaten ginen. Baina geuk nahi genuelako. Guri, behinik behin, inork ez zigun agindu zeregin haietan parte hartzeko; bertara azaltzen ginen eta lan egin nahi genuela esaten genuen, besterik gabe. Lagun artean joaten ginen soldaduei bazkaltzen ematera, hemen zeuden bitartean. Afaria ematen genienik ez naiz gogoratzen, baina emango genien, seguruenik. Soldaduek bazituzten sukaldariak, horiek prestatzen zuten bazkaria eta guk zerbitzatzen genuen. Dena gazte jendea zegoenez, giro ona egoten zen. Nire lagunak alde batetik bestera ibiltzen ziren han eta hemen parrandan. Guretzat garai polita izan zen.

Noiz arte egon zineten horrela?

Bizkaian bataila gogortzen hasi zenean estutu ziren hemen gauzak. Ordura arte hemen ondo egon ginen. Baina bai, bazeuden gertaera lazgarriak orduan ere Azpeitian. Hala, egia da Matxinbentan apaiz bat hil zutela nazionalek, abertza-lea zelako edo horrelako zerbaitegatik. Hura ere hil zuten... Gizajoa! Guk osaba bat geneukan Nuarben apaiz, eta han asko egoten zen hil zuten apaiz hori. Behin ere ez zen bereziki nabarmendu abertzale bezala gizon hura, baina...

Zer pentsatzen zenuten horrelako gauzen aurrean?

Zer pentsatuko genuen ba... Ez genekien zertara jo edo zeri heldu. Dena dela, ni gaztea nintzen, 17-18 urte besterik ez nituen. Nik uste gaur pertsona 17-18 urterekin sendoagoa dela. Gu bestelakoak ginen, umeagoak: mojekin eguna pasatu, kolegioan ibili... Nik uste hainbeste sufrimendurik ez genuela eta, hala, ez genuela estimatzen edo ikusten aurrean geneukana; beste inozentzia bat geneukan. Gaur egun, aldiz, gehiago irakurtzen dute gazteek, telebista ere hor daukate; han edo hemengo gerrak ikusten dituzu, badakizu batzuk horrelakoak direla eta besteak halakoak, hau edo hori defenditzen dutela... Orduan, ordea, ez zegoen halakorik, politika kontuetan kultura txikiagoa genuen. Dena dela, gure etxean pena hartu genuen Matxinbentako apaiz haren kontuarekin, iruditzen zitzaigulako ez zegoela hura hiltzeko arrazoirik. Hark ere edukiko zuen bere pentsatzeko modua, baina gerra osoa Matxinbentan pasatu zuen eta zeini egingo zion kalte Matxinbentako apaiz xume batek?... Baina hil egin zuten.

Esan duzu herriko neska taldea ibiltzen zinetela soldadu erreketeei bazkaria zerbitzatzen eta halakoetan... Zuk margariten emakume karlisten mugimenduan parte hartu zenuen, ezta?

Bai. Gerra aurretik ere, nazionalistek Batzokia zeukaten bezala, karlistek ‘Circulo Tradicionalista’ delakoa zeukaten, Telefonikako eraikin zaharra den horretan. Antzerkia, bilerak eta halakoak egiten genituen bertan. Circulo hori herriko karlistek eta herrian zeuden hainbat erreketek osatzen zuten. Gogoan daukat eurentzat hartuta zutela Enparan Jauregia, eta gu, emakumeok, hura garbitzera joaten ginen. Gerra aurretik ere joango nintzen, akaso, Circulora, baina ez dut gogoan garai hartako kontu zehatzik; hori bai, gerra garaian bai joaten nintzela.

Goiko solairuetan atezaina bizi zen eta azpiko solairuetan saloi handi batzuk zeuden, antzerkiak eta bilerak egiteko, edota gazte jendea jokoan aritzeko. Batzokietan bezalaxe, igual-igual.

Circulo Tradicionalistan elkartzen ginen emakumeok osatzen genuen Margaritas taldea. Uniforme bat ere bagenuen: alkandora kakia eta belaunetarainoko gona. Txapela ere erabiltzen genuen; uste dut gorri kolorekoa izaten zela.

Erreketeak Azpeitian zeudenekoak zuretzat egun ederrak izan zirela diozu.

Bai. Hala ere, nik izan nuen garai pattal bat. Nire anaia hil eta gero, oso triste geratu nintzen eta lagunak bisitan etortzen zitzaizkidan. Euren abenturak kontatzen zizkidaten eta nahiko barre egiten genuen. Bergarara, Mutrikura... fronteari segika herriz herri ibiltzen ziren, soldaduei jaten ematen eta horrelako zereginetan; jaten eman behar ez bazieten ere, haiekin arratsalde-pasa egitera joaten ziren. Horiek ziren margariten egitekoak.

Circulo Tradicionalistaren bueltan ibiltzen ziren nesketako askok, margaritek, herrian desfilatu eta halakoak ere egiten zituzten, baina nik neuk ez nuen sekula horrelakoetan parte hartu. Behin Gipuzkoako Foru Aldundira joan nintzen, hildako erreketeen omenez egindako ekitaldira; senideei egindako omenaldia izan zen. Baina hura ere ez zen hainbesterainoko ekitaldi politikoa izan, familiei zuzendua baizik; errezatu genuen eta gehiago ez.

Gudariek ba al zuten halako emakume talderik?

Bai, bazituzten halakoak, nonbait. Izan ere, nik banuen lehengusu bat ‘Madrina de la Bandera de los Nacionalistas’ delakoa izandakoa. Pilotaleku atzean zegoen Batzokia eta inauguratu zutenean, amabitxi bat izendatzen zitzaion, nonbait: nire lehengusua, Pakita Gorostegi izan zen ordukoan amabitxia. Margaritek egiten zuten antzekoa zen hori. Esan nahi dut gerra aurretik bazeudela nazionalistak eta bazeudela margaritak, baina gerora elkarren artean izan zuten sesiorik gabe. Baina, jakina, frontea Bilbora hurreratzen ari zen heinean, gauzak asko aldatzen joan ziren eta giroa kaskartzen hasi zen.

Nik uste nazionalek emakumeentzat ere zerbait edukitze aldera antolatu zutela Margaritas taldea; hala esaten ziguten, margaritak. Niri ere etxean burla asko egiten zidaten lehengusu nazionalistek, “zuek margaritak zarete” esanez. Ez zitzaidan batere inporta.

Zer zen zuk defenditzen zenuena? Zeren alde ari zinen?

Orduan gure ideia karlismoarena zen. Hori zen defenditzen genuena, nahiz eta, agian, ez genuen oso ondo ulertzen zer zen. Orain nire adineko denek asko ulertzen dute eta neuk ere orduan baino gehiago ulertzen ditut gauzak: zergatik egin zen gerra eta zer defenditzen zuen bakoitzak, zeren alde egiten zuten borroka... Baina orduan, etxean zenuen giroaren arabera, alde batera edo bestera egiten zenuen. “Bai, hura ere ‘gorriek’ egin omen dute...” eta halakoak entzuten bazenituen zure inguruan, iruditzen zitzaizun ‘gorriak’ gaiztoak, txarrak zirela. Baina, egia esan, hemen zeuden ‘gorriak’ oso onak ziren.

Herriko albaitaria, adibidez. Oso gizon ona zen, baina ‘gorria’ zela-eta debekatu egin zioten lan egitea. Ondoren, nire senarra denak hartu zuen haren postua, Enrike ere albaitaria baita. Baina nire senarrak hala esan zion aurreko albaitari horri: nahiz eta dagoeneko ez izan bera herriko albaitaria, segi zezakeela lanean, ez izateko horren kezkarik. Orain beste albaitari haren biloba denak liburu bat idatzi du, eta aipatzen du nola nire senarrak on asko egin ziola bere aitona zenari, pertsona denok, nahiz eta politika kontuetan desberdinak izan, ondo konpon gaitezkeela elkarrekin.

Pixkanaka soldaduak Azpeitia uzten joan ziren. Eta orduan, zer?

Herria hustuagoa bezala zegoela. Gerrak aurrera egin ahala, Azpeitia atzean gelditzen joan zen haientzat. Hau da, frontea gero eta urrutiago zegoen, beste zona batzuetan zebiltzan borrokan. Horrela, Azpeitia husten joan zen, soldaduek pixkanaka-pixkanaka alde egin zuten.

Orduan nola pentsatuko genuen soldadu haiek hil egin behar zutenik... Baina gero, gerrak aurrera egin ahala, bai batzuek eta bai besteek gaizki pasatu zuten. Eta herrian ere senideek gaizki pasatu genuen, triste. Asko sufritu genuen eta orduan joan ginen konturatzen zer zen benetako gerra.

Aurretik ez al zineten ohartzen?

Ez. Gerrako hasieran herrian hainbeste soldadu gazte herrian egonda, giro ederra egoten zen. Ez zen borrokarik eta antzekorik egoten; niri iruditzen zait orduan ez zegoela norgehiagoka hori herrian.

Eta geroago gosea ere etorri zen, dena errazionatuta zegoelako. Ilara galantak ikusten ziren kalean, harategien aurrean-eta. Ogia ere falta zen.

“Elizako jendea gaizki bizi zen gerra aurretik; gu horren aurka geunden”

1939an, Espainiako Gerra bukatzean, frontean ibilitakoak herrira itzultzen hasi ziren, bai alde batekoak eta bai bestekoak. Nolakoa izan zen bi aldeetakoak herrian elkartze hori?

Urte batzuk pasatu ziren hori gertatzerako; gerra, kartzela eta beste kontu guztien artean denbora asko pasatu zen gudariak herrira itzultzerako. Batzuk eta besteak garai berean etorri ez zirenez, errazagoa izan zen egoera. Gainera, gudari ibilitakoak banaka-banaka bueltatzen ziren herrira, ez denak batera edo talde handietan. Hor txarra izango zen guztiak batera etorri izan balira, alde egin zuten bezala; horrela izan balitz, gogorragoa izango zen.

Alde egin zuten bezpera hura bezala... Hura ikustea oso gogorra eta tristea izan zen, jendea haur eta guzti ihes egiten. “Baina horrek zer egin ote du ba? Zer behar ote dauka alde egiteko?”, galdetzen genuen guk. Baina kontua da, jendea beldurtuta zegoela, beldurtu egin zela; “jendea hil egiten dute!”, esaten zuten, eta jendea beldurtu egin zen. Gu alaiago geunden baina, hala eta guztiz ere, tristea zen jende hura dena ume eta guzti alde egiten ikustea; niretzat bai, behinik behin. Hainbeste jende joan zen...

Buelta, berriz, ez zen izan espero genuena. “Etorri omen da halako” edo “hemen omen dago beste hura”, entzuten genuen. “Ah, bai?”, erantzuten genuen eta kito, horretan gelditzen zen dena.

Zein zen herritarren jarrera, oro har, bueltan zetozen gudariekiko?

Gudariak ziren galtzaileak eta herrian nagusi ziren haien aurkariak... Gudariak bueltatzearen kontra egon ziren batzuk, tirabira batzuk ere bai, baina nik, behintzat, etxean ez nuen horrelakorik ezagutu.

Jakina, jendeak ahal zuen guztia aprobetxatzera egin zuen. Horretan, bai ‘gorriek’ eta bai nazionalek berdin jokatu zuten: etxeak konfiskatu, arropa denak hartu, ondasunak kendu... Guri ez ziguten halakorik egin ez batzuek eta ez besteek, baina nire osaba bati, esate baterako, oheko izara guztiak eta etxean zituen jateko guztiak kendu zizkioten. Baina bi aldeetan gertatu zen hori bakoitza agintean egondakoan. Beraz, esan nahi dut ez zaidala iruditzen herrian giro txar-txarra egongo zenik bueltan etorritako gudariekin. Hori bai, pentsatzen dut saltsan benetan sartuta zegoenak izango zuela larritasuna, egoera ez zela gudari horientzako erraza izango; errezeloarekin ibiliko ziren hasieran, ziurrenik.

70 urte pasatu dira Espainiako Gerra hasi zenetik. Zein da orain horretaz guztiaz daukazun ikuspegia?

Alferrikako sufrimendua izan zela. Guri orduan esaten ziguten gerra hura Jainkoaren eta aberriaren alde zela, eta guk oso kontuan hartzen genuen Jainkoaren alde izate hori. Egia baitzen, gainera. Izan ere, eliza asko erretzen zituzten. Erre, ‘gorriek’, eh! Nazionalistek ez zuten halakorik egiten.

Elizako jendea gaizki bizi zen gerra aurretik, ez zieten bizimodu onik ematen Errepublika garaian. Katolizismoa hondatzen ari ziren, nik uste. Ez nazionalisten kulpagatik, nik bai baitakit nazionalista asko erreketeak baino hobeak zirela. Nik familian eta nire inguruan ezagutu izan ditudan nazionalistak oso jende ona dira. Baina, dena dela, herrian elizaren kontrako giroa zegoen sortuta eta horren aurka geunden gu. Hori zen gure motibazioa.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak