Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Azpeitiarrak Espainiako Gerran »  Hitzaurrea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Hitzaurrea

Imanol Elias Odriozola (historiagilea)

 

Azpeitia. 1936. urtea. Errepublika.

Roke Astigarragak zuen Azpeitiko Alkatetza 1934ko irailean, abuztuan Joxe Antonio Oiarzabal alkatea —herriko lehen alkate abertzalea— kargutik kendu egin zutela-eta ekintza judizial bat medio. Herritar gehienek nabaritzen zuten hurbil bizi-ezinaren itzala, langabezia nagusi baitzen. Herriak, ordea, egoera aldatuko zenaren itxaropenean segitzen zuen, ohiko bizitzari heltzen. Hala, Joxe Aranburu Keixeta aizkolariari omenaldia eskaini zioten zezen-plazan, Luminor zinema alokatuta zuenak beste pare bat urterako luzapena eskatu zuen...

Gipuzkoako gobernadore zibilak bidalitako telegrama batek aldatuko zuen zerbait giroa: aurrez herriko agintaritzan zirenak beraien karguetara bihurtzea agindu zuen, unean ziren gestoreak ezerezean utzirik. Horrela bildu ziren 1936ko otsailaren 22an Joxe Antonio Oiarzabal, Xiriako Agirre, Antonino Olaizola, Joxe Mari Aramendi, Joxe Manuel Agirre, Luis Goenaga, Demetrio Egiguren, Frantzisko Arregi, Miguel Irureta, Joxe Mari Sorozabal, Manuel Olazabal, Joxe Antonio Altuna, Markos Urbistondo, Joxe Antonio Arruti eta Emeterio Alberdi, eta idazkariaren aurrean beraien karguak hartu zituzten. Lehen erabakia, alkatearen proposamena aho batez ontzat hartuta, udaletxeko balkoian Errepublika bandera eta ikurrina jartzea izan zen.

Ondorengo egunean, Ministroen Kontseiluko presidenteari eta gobernadore zibilari telegramak bidali zizkien alkateak, agindutako agintaritza aldaketa egin zela adieraziz eta, bide batez, Euskal Estatutua ahal zen azkarren onartzea eta abian jartzea beharrezkoa zela eskatuz.

Herriaren beharrei erantzuten ahalegindu ziren ondoren. Urrestillatik Aratz-errekara bitarteko errepidea inauguratu zuten martxoaren 29an, bertako elizan meza nagusia eginez eta euskal kirol jaialdia antolatuz; aurreko egunean arratsaldez suziriak lehertu zituzten. Langabezian zeuden herritarren berri jakin nahian, sindikatu eta profesio elkarteei zerrendak eskatzea erabaki zuten, herriak lan batzuk eskaintzeko asmoz ogibide bat izan zezaten.

Apirilaren 4an eginiko udalbatzarrean erabaki zuten agintari nagusiei telegramak bidaltzea, probintziko auzo eta herri eskoletan eta Euskal Herri osoko eskola nazionaletan ahal zen azkarren elebitasuna martxan jartzea eskatuz. Herriko udaltzainei, erabiltzen zuten gorroaren ordez, euskal txapela ezartzea ere erabaki zuten, euskaraz idatzitako inskripzio batekin; ondoren, berdin egin zuten iturginarekin eta kale garbitzaileekin ere.

Donostiako alkateak bere aldetik eginik zuen eskaria ontzat hartuta, erabaki zuten azpeitiar agintariek ere ahalmena izatea aurrez Gestora Komisioek hartutako erabakiak ezerezean uzteko: batez ere, udal langileak aukeratzeko, soldatak gehitzeko eta abar.

Ormaetxe baserriaren inguruan zen ermitatxoa lurreratzea erabaki zuten, erortzeko zorian zegoelako eta inolako zerbitzurik ematen ez zuelako. Herritarren nahiak erantzun nahian, Aldundiari eskatu zioten Azpeitia eta Loiola bitarteko errepideari buruz ikerketa egin eta aurrekontua prestatzeko.

Maiatzaren 12an aho batez erabaki zuten Manuel Azaņa Errepublikako presidentea zoriontzea eta, bide batez, eskatu zioten ahalegin guztiak egin zitzala Euskal Estatutua onartzeko. Hil bereko azken egunean herrian ospatu zen Aberri Egunerako, berriz, antolatzaileei herriko pilotalekua ez ezik, zezen-plaza, Musika Banda eta txistulari taldea ezerezean ematea erabaki zuten. Antzeko zerbait erabaki zuten herrian Nekazari Eguna ospatzean, ekainaren 14an.

Beste behin bidali zioten telegrama bat Ministroen Kontseiluko presidenteari, Euskal Estatutua ontzat hartzea eskatuz, Madrilen zeuden Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkateei bultzada bat eman nahirik horrela.

Herri Jaiak hurbil, guztia prestatzen saiatu ziren, batez ere laguntzaile berezia aurkituz Azpeitiko Euzko Gaztedi Kiroltzalea elkartean, txirrindularitza proba, korrikalariak eta pilota partidak egokitzeko unean. Entzierroa ere antolatu edo ez eztabaidatu zuten agintariek, Nafarroako zezenak erosita zeudelako eta entzierroa herritar askoren nahia zela ikusita; azkenik, batzordea osatu eta gobernadore zibilari baimena eskatzera joatea erabaki zuten.

Baina, bat-batean, egoera erabat aldatu zen...

Azpeitia. 1936. urtea. Uztailaren 19a.

Bezperan, 1936ko uztailaren 18an iritsiak ziren herrira gerraren hasiera zurrumurruak. Eta eguerdi aldera, Gobernutar Gerra Komiteak bando bidez adierazi zuen miliziarrak berehala herriratuko zirela, eta errepresaliak jasotzeko beldur zirenak herritik irtetera gonbidatu zituen.

Pentsatu besterik ez da egin behar nolako giroa sortu zen herrian, biztanleen kezka nagusi zela txoko guztietan, asko eta asko ihesi noraezean, besarkadak senide eta lagunen artean... Beste batzuk, aldiz, zerbait lasaixeago, herriratuko zirenei ongietorria egiteko asmoz egongo ziren seguruenik...

Askoren artean, urteetan iraun zuen etenaren hasiera zen une hura.

Herriko agintariek batzar berezia egin zuten ondorengo egunean, uztailaren 20an. Ez ziren guztiak bildu, baina han zeuden Joxe Antonio Oiarzabal alkatea, Xiriako Agirre, Antonino Olaizola, Joxe Mari Aramendi, Joxe Manuel Agirre, Joxe Antonio Altuna, Joxe Antonio Arruti eta Luis Goenaga. Herriko agintari legezko bezala, Gobernuaren esanetara leial segitzea erabaki zuten, laguntza materiala eta morala eskaintzen, egoerak agintzen zuen bezala. Ondorengo egunean beste batzar bat egin zuten, baina Xiriako Agirre jaunak zuzendurik, Oiarzabal alkateak dimisioa aurkeztu zuelako idatziz, gaixorik zelako.

Bi egunera, uztailaren 23an, Oiarzabalen dimisioa ontzat jota, Xiriako Agirrek hartu zuen alkatetza eta, beste agintariekin bat eginik, herritarren beharrei erantzuten ahalegindu zen. Abuztuaren 19an eman zuen azkeneko bandoa eta bide horretan segitzen zuen, baina laguntzaileak gutxiturik zituen. Harekin Antonino Olaizola, Joxe Manuel Agirre, Luis Goenaga, Manuel Olazabal eta Miguel Irureta baino ez ziren bildu. Azkenean, Xiriako Agirre, guztia utzi eta ihes egin beharrean aurkitu zen.

Mendi, baso eta herrietan zen borroka unean, herritarrak, ezagunak, anaiak alde batean eta bestean, bakoitza bere iritziak defendituz, aurrez ezagututako bizitza aldatu nahirik batak eta besteak...

Eta berehala aldatu zen Azpeitiko Udaletxeko egoera ere. Irailaren 30ean Kruz Mari Etxeberria, Kasto Orbegozo, Galo Barrena, Roke Astigarraga eta Toribio Azkue bildu ziren eta haiek eman zioten hasiera aldaketari. Etxeberriak adierazi zuen, armada herrian sartzean eta ikusirik eskuindar eta tradizionalista gehienek herritik irten zutela, bera aukeratu zutela behin-behineko alkate eta ahalmena zeukala, gainera, zinegotziak izendatzeko. Horrela osatu zuten Udala eta lehen erabakia, aurreko agintariek hartutako akordio guztiak ezerezen uztea izan zen.

Burgos. 1939. urtea. Apirilaren lehen eguna.

Franco jeneralak adierazi zuen gerra bukatuta zela. 1939ko apirilaren 1a zen.

Zauriak hor gelditzen ziren, ordea, urteetan sendatu ez zirenak edo inoiz sendatuko ez direnak beharbada. Ideia batzuk defendituz borrokatu ziren herritar, lagun eta senideen arteko gorrotoak itsuturik zituen batak eta besteak. Eta tartean, hilak, bizia eskaini zutenak alde batean eta bestean, euren guraso eta sendietan sekulako negarra sorturik. Irabazleen aldeko bidea hartu zutenek aurkitu zuten laguntza eta lana, bizitzeko indarra lortuz. Galtzaileek, zigor izugarriak Jainkoak dakien tokietan, eta herriratzean, berriz, begirada zorrotzak...

***

Anaiarteko borroka hura hasi zenerako, neu jaioa nintzen. Zazpi bat hilabete besterik ez nituen, ordea. Gertatzen zenaz konturatu gabe igaro nituen 3 urte luze haiek, baina behin baino gehiagotan pentsatu izan dut zenbat bider iritsi ote ziren nire masailetara amaren malkoak, frontetik iristen ziren albisteak ja-sotzean. Ondoren, berriz, kartzelako ateak zabaltzeko zain izan zenean... Ondorioak ezagutuko nituen gero, beste askok bezala; eta urteetan, gainera.

Egoera hura benetan bizi izan zutenen testigantzak entzun izan ditugu mila bider, historia ikerketa lanean dokumentu bakar batzuk aurkitu ere bai, azken batean betidanik entzun izan dugun iritzia ontzat hartzeko; hau da, gerra batean irabazleak eta galtzaileak erabat nabarmentzen direla. Azpeitian bertan gertatu zen horrelako zerbait. Borrokan alde batekoak eta bestekoak zeuden, ideia ezberdinak defendituz. Askok eta askok ordaintzat, mendi edo erreka zuloan bizia bat-batean galtzea jaso zuten. Haien guraso, emazte eta senideek, seme, senar edo anaien gorpua etxeratzean igaro zituzten une gogorrak neurtzea ezinezkoa egiten da baina, aurkitu ditugun garaiko datuak gogoan izanik, ezberdintasun handi batek eragiten zuen giroa. Hau da, irabazleen aldetik hileta bereziak egiten ziren, gorpuak udaletxeko areto nagusian jarriz, Musika Bandak parte hartzen zuen elizarako bidean eta domina bat eskaintzen zioten sendiko buruari. Bitartean, galtzaileek ez zuten horrelako omenaldirik jasotzen, ez zieten euren odol itzulia eskertzen, ahal zen ezkutuen hilobiratzen zituzten. Batzuen eta besteen guraso, emazte eta senideek ez zuten berdintasunik jaso euren nahigabea arintzeko... Monumentu handiak altxatu ziren gero, baina alde bateko hildakoen izenek gogoratzen zituztela. Irabazleak ziren, heroiak...

Denbora igarotzean, gauzak asko ahanzten dira dudarik gabe, edo ahaztu nahi izaten ditugu, gogokoak ez badira. Zoritxarrez, gerra hura bizi izan zuten asko ere ez dira gelditzen geure artean. Derrigorrezkoa egiten zaigu, ordea, gertatua gogoan izatea, euskal herritarron artean ikas dezagun, behingoz, borrokarik gabe geure norabidea eta bizitza zuzentzen. Loiola eta ganboatarrak izan ziren garai batean gure lurraldean norgehiagokan, ondoren karlistadek odoldu zituzten gure mendi eta basoak, eta, azkenik, anaiarteko guda madarikatua... Eta oraindik ere, bake bila gabiltza, konponbide bat aurkitu nahirik, elkartu ezinik...

Amaia Mendizabal Elias neure ilobak osatu duen lan hau baliagarria izan daiteke azken guda horretan Azpeitian gertatukoaren berri jakiteko. Anaiarteko gerran parte hartu zuten alde bateko eta besteko herritarren testigantzak jaso ditu. Zailtasunez betetako langintza dudarik gabe, ez delako erraza bizitako une garratz haiek kontatzeko gogoa txertatzea aurkitu dituen lekuko horiengan.

Pozgarria da niretzat, neure iloba honen gonbiteari erantzunez, bere lanaren sarrera bezala hitzaurre hau idaztea. Eta pentsatzen ari naiz zenbaterainoko poza izan dezakeen, liburu hau nonbaitetik ikusteko aukera baldin badu, Amaiaren aitona Pako Elias Unanuek —Pako Barbero deituraz ezagunak—, bere testigantzak falta diren arren, batik bat 1937. urteko apirilaren 26an bizi izan zuen Gernikako bonbardaketa izugarriari buruz.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak