|
|
|
'Egunkaria': erantzuna Azpeitian
Euskal komunikazio esparrua babestu
Joxe Luis Aizpuru, Iban Arregi, Mikel Azkune, Eneko Etxeberria, Xebastian Lizaso eta Kike Zurutuza (‘Euskaldunon Egunkaria’-ko langile azpeitiarrak; 2001-uztaila, Uztarria aldizkariaren 20. zenbakia)
Ez ditugu une gozoak bizi euskal ikuspegiaz dihardugun euskal komunikabideok. Egin, Egin Irratia eta Ardi Beltza itxita, Jon Abril kazetaria auzipetua, Euskalerria Irratia lizentzia legalik gabe, eta orain Euskaldunon Egunkaria eta Gara-ren kontrako eraso judiziala ezagutu ditugu. ETAri egindako elkarrizketa aitzaki, Euskal Herria bertatik informazioa lantzen dugun komunikabideon jardun profesionala jarri nahi dute auzitan. Martxelo Otamendi eta Mertxe Aizpurua eta horiek zuzentzen dituzten komunikabideen kontra Espainiako Entzutegi Nazionalean jarritako kereilak informazioa eman eta jasotzeko herritarrek duten eskubidea urratzen du –kereila oraindik artxibatzeke dagoela gogoan izan–.
Bizi dugun gatazkan ETAren ikuspegia ezagutzeak interes informatibo nabarmena dauka, eta horrela erakutsi dute Euskal Herrian zein erbestean berria zabal jaso duten ehundaka komunikabidek. Horrela erakutsi dute haren ondotik hainbat erreakzio izan dituzten instituzio eta alderdiek. Agerikoa denez, horrek ez du elkarrizketa argitaratu duten komunikabideen jarrera jakin bat azaltzen; irakurleak jakingo du esandakotik bere iritzi eta ondorioak ateratzen. Informazio egiazko eta objetiboa eskaintzea ez da delitua, irakurle eta komunikabideek legez aitortua duten eskubidea baizik.
Gertatutakoek, eta horren inguruan argitaratu diren hainbat iritzik, Egunkaria eta oro har euskal esparruko komunikazioa jotzeko eta isilarazteko asmoa erakusten dute, lehen beste komunikabide batzuekin edota euskalgintzan diharduten hainbat erakunderekin egin den modu berean. Azkenaldian, Espainiatik bideratutako iritzi bakarraren azpian lerratu dira komunikabide gehientsuenak, euskal gaiei dagokienean. Eta lerratze horretan, denak balio du, betiere euskalgintzaren eta euskal kutsua duen edozerren kontra eginez. Horregatik, guztion artean (euskalgintza eta erakunde publikoen artean) euskal komunikazio esparrua babestu eta indartzeko premia dugu; euskal komunikazio esparrua egiten joateko premia.
Euskalgintzaren ikuspegitik, Nafarroako Gobernuak euskararen kontra daraman ekinbidea edo Iruñeko Udalak Egunkaria-tik publizitate guztia erretiratzea ez dira kasu isolatuak, aldez aurretik finkatutako jokabideak baizik. Komunikabide honi, irudi jakin batekin lotu izanagatik, bere ospean eta publizitate merkatuan kalte eragin nahi izana ez da zilegi. Gure hizkuntzak bizi duen egoeran Egunkaria zein euskalgintzan diharduten beste erakundeak amiltze bidean jartzeak euskarari eta Euskal Herriari kalte atzeraezinak eragin diezaizkieke. Gaur Egunkaria eta Gara-ren txanda izan da, bihar euskalgintzan zein herri komunikazioan dabilen beste edozeinena izan daiteke. Kereilak, diru laguntzak kenduta komunikabide bat itotze bidean jartzea... Euskalgintzaren aurka egiteko modu asko dago; eta Uztarria Azpeitiko herri aldizkaria ez dago testuinguru horretatik kanpo.
Garaiz gaude elkarlana bultzatu eta euskal komunikazio esparrua artikulatzeko, presarik gabe baina loak hartu gabe. Euskal komunikabideak ezinbestekoak ditugu. Irakur, entzun eta ikus itzazu.
‘Euskaldunon Egunkaria’-ren adierazpena
Egunkaria-ko langileak —haien artean, azpeitiarrak— (2003-02-20, www.uztarria.com)
Egoera hau sinestezina da. Amesgaizto bat dirudi. Baina erreala da, erabat injustua izan arren. Euskal gizartea beste zentzugabekeria judizial eta polizial bat jasaten ari da.
Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluaren, zuzendaritzaren eta langileen izenean irmotasunez ezeztatu behar dugu Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio epaitegiak eta Espainiako Barne Ministerioak atxiloketak eta miaketak justifikatzeko egiten dituen akusazioak. Gezurra da “estrategia terroristaren barruan” inolako instrumentalizaziorik egon izana Egunkaria-ren partetik. Egunkaria-k ez dauka eta ez du inoiz izan zerikusirik horrelako akusazioekin. Egunkaria, bere sorreratik, komunikabide independente bat da, independentea edozein erakunde politikotik, instituzionaletik edo bestelakotik. Egunkaria-k konpromiso bakarra du: euskararekin eta egiazko informazioarekin. Gauza jakina da, baina une hauetan gogoratu beharrekoa da.
Halaber, ozenki esan behar dugu atxilotutako Egunkaria-ko egungo eta lehenagoko arduradunek ere ez daukatela inolako loturarik inongo “estrategia terroristarekin”. Aitzitik, guztiek ibilbide pertsonal eta publiko luze eta eredugarria daukate kultura, komunikazio, hezkuntza eta euskalgintzaren esparruetan. Urteetako lan eskerga eskuzabala dute euren bizkar gainean. Ez du zentzurik haiek atxilotzea, erabat bidegabea da. Libre beharko lukete, gure artean, eguneroko lanarekin jarraitzeko. Haien egoerari buruzko kezka agertu nahi dugu. Une hauetan, elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi diegu haiei guztiei eta haien senide eta hurbilekoei Egunkaria osatzen dugun guztion izenean.
Bestalde, gogoeta xume bat egin nahi dugu Egunkaria-rekin azken ordu hauetan gertatutakoaz. Egunkaria-ko arduradun batzuek eta arduradun ohi batzuek eraso larri bat jaso dute, atxilotuta eta inkomunikatuta baitaude, Egunkaria-ko langileek eraso larri bat jaso dute, duintasun osoz betetzen ari ziren lana ebatsi zaielako. Egunkaria-ko erosle, irakurle eta iragarleek eraso larri bat jaso dute informazio eta adierazpen askatasunaren eskubidea gauzatzeko aukeratzen zuten komunikabidea itxi dutelako. Euskarari eta euskal hiztunei ere eraso egin diete, hizkuntza horretako komunikazio tresna nagusietako bat indargabetu nahi izan dutelako. Adierazpen askatasunak ere kolpe handia jaso du, ahots independente bat isilarazi nahi izan dutelako.
Horrez gain, esan nahi dugu euskal herritar guztien kontrako erasoa izan dela, Egunkaria herri honetako ondare delako, herri honetako parte delako, herri honetako aniztasunari irekita dagoelako, eta euskaldunon guztien egunkaria izaten saiatu delako.
Azkenik, hamabi urteko ibilbideak jarraipena behar du. Ezin dugu kanpotik ezarritako etenik onartu. Egunkaria-ko langile, arduradun, laguntzaileen lanak emankor izaten segitu behar du. Harpidedunek eta irakurleek eskuartean behar dute Egunkaria. Euskal herritarrek Egunkaria bezalako egunkari bat behar dute esparru komunikatiboan. Guk, administrazio kontseiluko kide, arduradun eta langileok proiektu komunikatibo hau kaleratzeko konpromisoa berresten dugu. Ahaleginak egingo ditugu orain arteko eskaintza komunikatiboak jarraipena izan dezan. Horretarako eragile, eta herritarren konpromisoa eta laguntza beharko da. Gure ateak zabalik daude elkarlanerako. Bai Egunkaria-ren egitasmoa aurrera ateratzeko, bai herri honen egoerari buelta emateko.
Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu une zail hauetan modu batean edo bestean guregana hurbildu eta elkartasuna erakutsi diguten guztioi, agintari, erakunde, politikari, elkarte, sindikatu zein herritarrei. Aurrera begira haiekin kontatzen dugu.
‘Egunkaria’ eta San Eleuterioren miraria
Pako Aristi (idazlea eta kazetaria; 2003-02-26, ‘Egunero’)
Zerbait idazteko eskatu didate, eta adjektibo bila hasi naiz berehala. Gure errealitateak adjektibo askorako ematen baitu. Hemen daukat alboan zerrenda idatzia. Baina ez ditut erabiliko. Erabili dituzte denak egunotan. Adjektibo katastrofistak, samindurazkoak, negartiak, izutiak, haserrezkoak, hitz handiz puztutako esaldiak, demokraziaren kalitatea salatzen duten torpedo linguistikoak, euskal nortasunaren defentsa egiten duten estandarte moduko hitz eder eta sutsuak... nik ezingo nuke artilleria hori hobetu. Gainera, ez dut uste Egunkaria-rekin ondo lotzen direnik. Bere handitasunean, Egunkaria txikia zelako; bere edertasunean, pobrea; bere sendotasunean, oihartzun txikia sorrarazten zuena euskaldunen artean.
Nik bi hitzetara mugatu nahi nuke nire sentipena: ostegunean larritu egin nintzen benetan, egindako erasoaren tamaina ikusita; atxilotu gehienak ezagutzen ditut, eta gehienak maiteak ditut. “Txema Auzmendi atxilotu badute, gureak egin du”, pentsatu nuen, “atxilotuta imajinatuko nukeen azken pertsona eraman badute, neu ere edozein gauetan desagertuko naute etxetik”.
Baina ostiralean harritu egin nintzen benetan: egunkari berri eta probisionalak 50.000 ale saldu zituen. Lur eta zur, galdetu nion neure buruari: non egon dira irakurle horiek guztiak hamabi urteotan? Ze, Egunkaria-k 13.000 ale inguru saltzen zituen azken boladan, eta aurreko urteetan gutxiago. Ez al zekiten existitzen zenik? Ez al zekiten egunkari baten bizitza salmentekin ziurtatzen denik? Ez al zekiten euskal idazle eder askok han idazten zuenik? Ez al zekiten udan ipuinak argitaratzen zituenik?
Ba ez, ez zekiten. Eta esango dizuet zergatik: jende horrek, orain agertu den irakurle-plusbalia horrek, Marca irakurtzen zuelako, El Diario Vasco irakurtzen zuelako, El Correo, Interviu, Lecturas, Integral eta nahi duzuena, baina euskaraz ez zuen ezertxo ere irakurtzen. Zaila omen da, ohiturarik ez omen daukate, ez omen dute ulertzen lexikoa, irakurritakoa ez omen dute disfrutatzen. Horrela, nahiago dute Galdu arte bezalako nobela polit bat irakurri baino El clan del oso cavernario totxotzarra irakurtzea. Eta nahiago dute El Diario Vasco-ko fatxakeriekin gosaldu Kirmen Uribek idatzitako artikulu samur batekin baino.
Egunkaria-k estilo liburu bikain bat argitaratu zuen, baina ez dute ezagutzen. Egunkaria-ko kazetariek oso soldata kaskarrak zeuzkaten, oso gutxi ordaintzen zitzaien kolaboratzaileei, baina hori ez zekiten. Gure umoristarik onenek Egunkaria-n argitaratzen zuten egunero, baina hori ez zekiten. Elkarrizketa luze eta pluralistak egiten zitzaizkion jendeari Egunkaria-n, baina hori ez zekiten, nahiago zuten beste egunkari eta aldizkari gehientsuenetako elkarrizketa txoro, partidista eta errepikakorrak irakurtzea.
Egunkaria-n ateratako zerbait bereziari buruz nik ezin nuen hitz egin nire inguruko inorekin: ez zuelako inork irakurri, %90 euskaldun kopuru erraldoia duen Azpeitian Egunkaria-k ez zuelako ia batere saltzen. Nik egunero Egunkaria-n idazten nuenean, jendeak uste zuen ez nintzela lanean ari, oporretan nengoela. “Aspaldian gutxi agertzen haiz”, esaten zidaten Egunkaria-n bi orrialde osoko elkarrizketa egiten zidaten egun berean.
Horrelakoa zen nire bizitza, Egunkaria-ren bizitza, ostegunera arte. Ostegunean, San Eleuteriok, miraria egin digu: mundua enteratu da euskarazko egunkari bat zegoela, eta euskaldunok enteratu gara gure iraupenarentzat oso garrantzitsua zela. Horregatik hasi da jendea protestaka, kalera ateraz eta Egunero erosiz. Euskaldunok oso onak gara protesta egiten, baina oso txarrak gure hitzak betetzen. Euskararen beharra, euskararekiko maitasuna ez ditugu gure eguneroko bizitzan agertzen. Maitale faltsuak gara. Kontra datozkigunean oldartzen gara, baina etxeko bakean ez gara gauza Iparraldeko baten artikulua lasai irakurtzeko: ba, ez dugu ulertzen idazkera xelebre hori.
Egunero 50.000 ale salduko lituzkeen Egunkaria-k ez luke etorkizunaren beldurrik, ez subentzio faltaren ikararik. Langileek ondo kobratuko lukete, kolaboratzaileok tarteka Arzaken afari eder bat egiteko adina izango genuke, eta ederragoa litzateke dena, egunkaria bera ere bai. Kazetariek bidaiatu egingo lukete, Egunkaria-ren kontura, munduko erreportai interesgarriak idazteko.
Baina beldur naiz euskaldunok protesta egiteko baizik ez ote dugun balio, beldur naiz ez ote garen gauza gure asmo beroei, gure sentimentalkeria sutsuei egunero-egunero jarraipena emateko. Hor dago Egunkaria-ren arazoa, ez Madrilgo epaitegi batean. Ez gaitezen okertu.
‘Ad absurdum’
**Iñaki Segurola** (euskaltzain urgazlea; 2003-03-04, ‘Egunero’)
Nire lantoki den Euskaltzaindia ez zuen ETAk sortu, baina Euskaltzaindia, besteak beste eta nagusiki, Euskara Batua eratzeko sortu zen, eta Euskara Batua, egun beltz hauetan ikusi dugun logika judizial berbera erabiliz, esan daiteke... barkatu, esan behar da ETAk sortu eta aitzinatu zuela, eta beraz, Euskara Batua “ideario terrorista” baten kimua edo umea dela. Ez naiz luzatuko xehetasunekin: ongi gogoan izango duzue ni baino zaharragoak zaretenok 1968 inguruan esan zirenak: Euskara Batua ETAk ezarria izan zela, hark sarrarazi zuela ‘h’ letra zorionekoa (grekoz ‘eta’ edo antzeko moduren batean irakurtzen zena, gainera), eta hori dena gero Mitxelenak eta bestek irentsi zutela, edo amore eman, behintzat. 1968 inguruan eta gerotxo ere bai. Orduko “ETAren paperetan” nik ez dut dudarik egiten Euskara Batu ‘h’-dunaren aldeko adierazpenak egingo zirela, eta, beraz, auto judizial eta autotxoke mediatikoen jardunaren argitan, esan behar da Euskara Batua ETA dela, eta, jakina, gizarte (ia) osoa dela, egunak joan eta urteak etorri, ETAren emaitza edo ekoizpen bat erabiltzen duena: norbanako, elkarte, erakunde, partidu eta abar azkengabe bat... Torturaren Ministerioa bera barne.
Arrazoi motz horretxek aski behar luke izan logika judizialaren eromena ikusten ez duenari ikusarazteko. Eta, badaezpada ere diot, ez diot nik opa Euskaltzaindiaren zuzendaritzari euskarazko egunkariko buruei nozitzea suertatu zaien tormentu eta zukurutzaren antzekorik deus ere.
Esan beharrean gertatua
Ramon Etxezarreta (idazlea eta PSE-EEko kidea; 2003-03-07, ‘Egunero’)
Gutako zenbaiti esan balitzaigu orain ez dakit zenbait urte, Egunkaria-ren hasi aurretiko garai haietan hain justu, edo hasita gaurdainoko beste edozein egunetan, gauden honetan egingo genuela topo eta daukagun jarrera daukagula, ez genuen sinetsiko esaten ari zitzaigun hori burutik ez zegoenik. Bai zera!
Haserretu egin gaituzte, guztiz haserretu gaituzte, ezin irudika ahalako dorpezia politikoa erabiliz eta gero eta nabarmenagoak susmatzen ziren asmo politikoak erabiliz. Haserre bat ahazteko, ez adiskidetzeko, beste haserre handiago bat piztea baino modu hoberik ez dagoela pentsatzen duen jendea instalatu zaigu gure gobernuetan eta nagusitu zaigu gure gizartean.
Eta ez da gauzak konpontzeko era haserreak eragindako itsumenez eta mendeku gogoz egitea. Ez biderik hoberena, behintzat.
Asko ginen —orain hori ezkutatzea koldarkeria litzateke, mesede baino kalte handiagoa egingo lukeen koldarkeria— komunikabide horrekin etengabeko haserrean bizi ginenok, bere orrialdeak irakurrita, geure giza komunitatetik bidaliak edo espultsatuak sentitzen ginenok. Eta isilarazi egin gaituzte. Aznarrek erabaki digu kritika hori debekatzea, euskal jendea entzungor bilakarazi du.
Asko ginen, hala ere, euskararen normalkuntzaren historia amaierarik gabekoan, euskal literaturan emandakoaz salbu, gertatu den pausorik nabarmenena, sendoena eta garrantzizkoena dela esaten genuenak. Hori esatea ere debekatu egin digute. Atxikimendu susmagarriegia litzateke batetik, eta euskal jendeak hori baino gehiago ulertzeko arriskua legoke bestetik.
Asko ginen geure herritartasuna sendotzeko norbere ñabarduretan —askotan ez oso ondo ulertuetan— oinarrituta aritzen ginenok eta “ñanardurak kanpora” oihukatuz nahaspilatu egin gaituzte. Zer ikusirik izan nahi ez genuenok elkarrekin nahasarazi eta batu gaituzte. Iraindu egin gaituzte Marca, AS, eta El Mundo Deportivo-ko irakurleekin kalera irtenaraziz, bertsolaritza eta literatura konfundituz, telebistak eta errealitatea korapilatuz, euskara eta sentimentu politikoak elkarrekin urtuz, euskararen baitan klaseak eta kategoriak, pertsona ezberdinak azken batean, badaudela ukatuz, euskararen unibertsoak gaitzetsiz...
Asko ginen geure botere publikoen eta bera sostengatzen duten alderdien komunikabideen politika lotsagarria iruditzen zitzaigula pentsatu eta esan nahi genuenak, eta ez digute betarik eman horrretarako, denbora eta aukera kendu digute. Hor jarraituko dute euskarazko komunikabideekiko atxikimendua aho txikiarekin eskatuz eta erdarazko komunikabideen negozioetan esku handia sartuz.
Asko ginen nazionalismoaren jokaera gai hauetan eskizofrenikoa zela pentsatzen genuenok eta aitzakia bat eman diote lehentasunezko zeregin bat, zeregin guztiz justifikatua noski, eduki dezan. Lanera moteilak!
Demokraziagatik, euskaragatik, zer esanik daukagula uste dugun guztion duintasun pertsonalagatik, elkarbizitzaren gutxien-gutxieneko bategatik, orain bai Euskaldunon Egunkaria ezinbesteko dugula. Indarkeriarik gabe, torturarik gabe, noski.
Esan gabe neukan inoiz, esan beharrik ez neukan, esan ere ez nuen egin nahi. Beharrean gertatu naiz, jarri naute...
Esan gabe neukan inoiz, esan beharrik ez neukan, esan ere ez nuen egin nahi. Beharrean gertatu naiz, jarri naute...
Irabazi dugu!
Jose Luis Otamendi (idazlea; 2003-03-15, ‘Egunero’)
Jende askoren izerdi-nekeen gainean jasotzen dira ametsak. Hala diote, historiaren errota jendearen izerdi-odolek dantzatzen dutela, baina ez horrek bakarrik, baita jendearen adoreak, elkartasunak eta adimenak ere. Bizipozak eta saminak. Ni ere horretan nago.
Pertsona askoren ametsa gauzagarria zela ikusi genuen, egina zela, goizaldera lagunak etxera lehen ale hura ekarri zigunean. Gurea zen egunkari hura, baina hasiera beretik gu eta beste asko kabitzen ziren ‘gu’ zabal eta eder hartan. Lortua genuen independentzia, garaiko politiko batzuen zikoizkeriaren gainetik jauzi eginda.
Urrea bezala gorde genituen aurreneko zenbaki haiek. Batzuek, laster batean kukuak oker joko zigulakoa eginda urtebeteko zenbaki guztiak bilduak ditugu oraindik kutxa zahar batean. Euskaldunak bazuen egunero bizitzeko eremu bat, non bizi, non hazi, non mundura, jakituria eta mentura bila. Ez zen, gainera, ez inork ez inondik emanda zetorren saria, euskaldungoak bere kabuz, lana beltz eginda eta hamaika traba gainditu eta gero irabazitakoa baizik.
1990eko uztaileko zero zenbakia eta abenduko oldea hastapena izan zen. Ondoren zetorrena ere ederra bezain gogorra izan bide zen Egunkaria-rekin konprometituen zeudenentzat, langileentzat eta enpresarentzat. Eguneroko agerraldia eskatzen baitu prentsak, egin dugunaren neurria eta izan nahi dugunaren aurrerapena egunero ematea eta kaleratzea bere txikian. Erronka bital bat munduko enpresa gazteenarentzat.
Egunetik egunera aldatzen den leihoa eta pankarta ere bada Egunkaria. Esaterik ba al dago hamarkadetako jardun politikoak baino areago egituratu duela euskal kulturak eta prentsak euskaldungo ikasiaren gogoa. Horra esanda.
Asko zor diogu euskaldunok gure herriari begiratzeko moduan eta mundua ikusteko eran. Ezbairik gabe, jasoago egin gaitu Egunkaria-k. Estilo liburua-k gure ideologiaren apaletan leku gailena hartu du. Informazioa, jendeak, gizonezko eta emakumezkoak, lurraldeak, auzoak, herriak gizatasunez zelan tratatu ikasten ari izan gara dozena urtetik gora. Eta berriki eskola hori itxi egin digute.
Euskaldunon Egunkaria itxita ere, ordea, gurea dugu ondare hori, eskola bat: profesionaltasuna eta independentzia ulertzeko eredua. Eta horixe da galtzera uzterik ez duguna, lezio komunikatibo hori, hori kudeatu duen lan taldea eta hasieratik izan duen gizarte babesa. Beste inon ez bezalako elkarbizitzarako plaza zigun jarria Euskaldunon Egunkaria-k. Arma ikaragarri arriskutsua zenez, halako batean jabetu dira eta zezakeenak egin egin du. Zarratu.
Hilabete beteko da laster eta bitarte honetan gure herrian gauzak asko ari dira aldatzen. Atxilotuak torturatu egin dituzte batzuek, batzuk preso politikoen nomina gizentzera pasatu dira, eta Egunkaria-rekin aurrera egiteko erronka Euskal Herriko gizarte eragile eta erakunde gehienen agendan tokia hartzen ari da indar geldiezinez. Prentsaz haratago doan auzia bilakatu da, noski. Masa kritiko itzelak eman dio babesa Egunkaria-ko zuzen-
daritza-langileek jaso duten lemari eta guztien artean itxaropena biziberritu zaio euskal jendeari.
Donostian izandako manifestazioak hemen politika egiteko erak durduzatu zituelakoan nago. Langileen jardun profesionalak eta gizartearen etengabeko itzalak ez dio gaur-gaurkoz Egunkaria-ren errautsen gainean bere neurriko baratzea osatzeko tentazioa izan zezakeen inori zirrikiturik utzi (ez Jaurlaritzari, ez alderdiei, ez bestelako presio taldeei). Martxoaren 13ko Elkartasun Egunak beste harri bat jarri du gizarte zibilaren garabidean hemen. Aspaldi ez bezala elkargune bat aurkitu du euskaldunak eta su hori nahi dugu iziotuta eduki. Egunotan irabazi duguna defenditzeko teinkari eusten badugu lana. Duela hamahiru urteko agintari haien oinordekoak iratzar ez daitezen, inork pentsa ez dezan Egunkaria-ren independentzia enkantean dagoenik, sirena abesti horiek entzunda lilura ez dadin inor. Langileek eta zuzendaritzak garbi erakutsi dute bitxirik kuttunena dutela. Euskaldungoaren parte handi batek ere bai. Independentzia maite dugu.
Lot nakion ametsari berriro, horretara narama egunotan ikusitakoak. Dagoeneko ez dago nostalgiarentzako lekurik, ekibokatu egin nintzen lehen urte osoko Egunkaria-ko zenbakiak xuhurkeriaz etxean gorde nituenean. Erronka bital bat berritu du munduko enpresarik gazteenak.
“Bi urtez iraunez gero, irabazi dugu”, esaten zuen Joxemi Zumalabek. Beraz, irabazi dugu. Orain berriro irabaztea besterik ez dagokigu.
Herri batek egunero idazten dio gutun bat bere buruari.
Udaleko bi mozioak
(2003-03-06, Azpeitiko udalbatzarra)
Egunkaria-ren itxiera zela-eta udalbatzarra egin zen 2003ko martxoaren 6an Azpeitiko udaletxean, eta bi mozio aurkeztu ziren: EAJ eta EArena, eta Sozialista Abertzaleena (SA; Kontseiluak Euskal Herriko udaletarako prestatu zuena, hain zuzen). Biak antzekoak ziren —ondoren ikus daitekeen bezala— baina elkarren aurka bozkatu zuten, bozketan Jose Mari Bastida udalburuak (EAJ, alkatea) ‘bai’ edo ‘ez’ aukerak baino ez zituelako eman.
Egun hartako udal aktan irakur daitekeenez, hauxe zen bi mozioen artean alde nagusia, geroko eztabaidaren arabera: SAk esaten zuen Egunkaria-ri “zuzenean” lagundu behar zitzaiola diruz, Udalak Egunkaria-ri dirua emanez, “azpeitiar bakoitzeko euro bat”, Jose Luis Otamendi SAko zinegotziak esan zuenez. Jose Mari Bastida udalburuak hartu zuen ondoren hitza, “esateko —dio aktak— orain diru kopuru bat aurreikustea baino hobe dela Udalaren aurrekontuan diru kopuru bat ezartzea helburu horretarako. Eta zuzenean edo Udalbiltzaren bidez laguntza bideratzea. Izan ere, beste udalek emandako laguntzak konparatzerik ez du Azpeitiko Udalak, eta, beraz, ez daki nolako laguntza ematen ari den proposatutako kantitake horrekin”. EA taldearen bozeramaile Javier Beobidek ere hartu zuen hitza, eta hauxe jartzen du aktan: “Esan du gaia alderdiak ari direla jorratzen eta laguntzak ezartzerakoan beste herriekin adostasuna lortzea beharrezkoa dela”.
Gero, handik urtebetera, Azpeitiko Udalak —dagoeneko udal talde berriak, 2003ko maiatzaren 25ean izan zirelako udal hauteskundeak— Berria-ren aldeko Azpeitiko batzordeari diru laguntza eman zion: 2.060 euro. Azpeitiko batzordeak, beste herrietakoek euren Udalari bezala, biztanleko euro bateko diru laguntza eskatua zion Udalari: 13.500 euro. Azpeitian batzordeak lortu zuen herrian bildu beharreko sos helburua —59.000 euro; 61.520 bildu zituen, gainera—, eta Udalaren dirua izan zen azkenekoa jasotzen.
EAJ eta EA (onartu zena) “Oinarrizko eskubideenganako konpromisotik, adierazpen askatasuna, informazio eskubidea eta atxilotutakoan errugabetasun presuntzio eskubidearen urraketa suposatzen duten Barne Ministerioaren eta Auzitegi Nazionalaren ekintza bateratu hauek salatzea.
Giza Eskubideen Nazioarteko adierazpenean jasotzen den eta Nazio Batuen Batzar Orokorrak 217 A (III) ebazpenean aldarrikatzen den ‘tortura, zigor edo tratu krudel, ezgizatiar edo degradanterik ez jasatzeko’ eskubidearen egunerokotasuna berrestea, eta hiritargo osoari eskubide horiek bermatzeko erakundeei euren konpromisoa eskatzea. Ikuspegi horretatik, gai honekin zerikusia duten atxiloketen ondorioz egon diren tortura eta tratu txarren salaketak azken muturreraino iker ditzatela, egon daitezkeen ardura penal eta politikoak zurituz.
- Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaritza eta langileei elkartasuna adieraztea.
- Autoek egiaztatzen dute, neurriok helburu politikoa dutela:
— Barne Ministerioaren menpeko den Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzua da, Egunkaria SA enpresaren sarrera eta erregistroa hasi gabe, komunikabidearen itxiera
eskatzen duena, eta Juan del Olmo epaile magistratuak eskaera bete baino ez du egiten.
— Barne Ministerioak eta Auzitegi Nazionalak elkarrekin sinatutako prentsa oharrak agerian uzten du auto hauek guztiak erabaki politiko baten ondorio direla.
- Estatuko Gobernuak euskara eta euskal kultura indarkeriarekin etengabe lotu nahi izana salatzea.
- Euskaldunon Egunkaria-ren berehalako irekiera exijitzea.
- Euskarazko egunkaria/prentsa mantentzeko edo sortzeko konpromisoa adieraztea”.
SA (onartu ez zena) “Otsailaren 20an Guardia Zibilak, Juan del Olmo epailearen aginduz, Euskaldunon Egunkaria-ren egoitzak itxi eta 10 lagun atxilotu zituen, euskaraz idatzitako egunkari bakarraren aurkako operazioan. Argia eta Jakin aldizkariak, Ikastolen Federazioa eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioa ere miatu zituen operazio hartan.
Eraso horiek, eta euskalgintzako beste erakunde batzuen aurka lehenago izandako beste hainbat, euskararen normalizazioaren aurkako estrategia kalkulatu eta iraunkor baten barruan kokatzen ditu Kontseiluak. Egoera horren aurrean ondoko mozioa aurkezten du osoko udalbatzarrean eztabaidatu eta onartua izan dadin:
- Azpeitiko Udalak Egunkaria-ren itxiera eta bere arduradunen atxiloketa salatu nahi du, euskararen normalizazioaren eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoak direlako.
- Eraso hau euskararen aldeko jarduera oro susmopean jarri eta kriminalizatzeko saio bat gehiago delako eta euskararen normalizazio prozesua geldiaraztea helburu duelako tinko deitoratzen du udal honek.
- Udal honek bere elkartasuna adierazi nahi die operazio honetan atxilotutakoei eta kartzelaratuen berehalako askatasuna eskatzen du. Euskaldunon Egunkaria-ko langile, arduradun eta irakurleei ere elkartasuna adierazi nahi die, bai eta Argia eta Jakin aldizkari, Herri Irratia, Ikastolen Federazioa eta Euskalgintza Elkarlanean Fundazioko kide guztiei ere.
- Udal honek Euskaldunon Egunkaria-ren aurkako erasoa amaitu eta kioskoetan berriro egon dadila exijitzen du.
- Udal honek Euskaldunon Egunkaria berrabiarazteko 13.500 euroko diru laguntza ematea erabakitzen du”.
Zuei
Enekoitz Esnaola (kazetaria; 2003-martxoa, Uztarria aldizkariaren 38. zenbakia)
Aurrena hiri, Martxelo. 1996an, Espainiako hauteskundeen atarian Firin Faran-en esan huen guretzat “gauza bera” dela gobernuan PSOE edo PP egotea. Ikusi duk ezetz. PPkoak dituk munduko politikorik koherentenak. Hala ere, arazoa ez duk PP.
Gero hiri, Iñaki (Uria). Orain dela hamar bat urte, Egunkaria-ren aldeko egun baten ondoren esan huen “arnasa” hartu genuela euskaldunen babesagatik. Lehengo astean ere hartu genian. Bitartean, tuboen bidez arnasten diagu.
Hirugarrengoz zuei, DV —beraz, Espainia— finantzatzen duzuenoi. Lasai, zuenera ez dira joango. Ondo pasatu Inauteriak. Ah!, eskerrik asko egun bateko arnasa emateagatik.
Eta azkenik, Martxelo atxilotu baino ordu gutxi batzuk lehenago Azpeitian hura zaintzen ibili zineten eta etxeraino lagundu zenidatenoi, muxu bat.
Konpromiso estrategikoak
Uztarria Kultur Koordinadora (2003-martxoa, Uztarria aldizkariaren 38. zenbakia)
Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren aurrean, bi kontu aipatu nahi ditu Uztarria Kultur Koordinadorak:
- Uztarriak elkartasun osoa adierazten dio Egunkaria-ri, eta babes eta lan konpromiso pertsonal eta kolektibo osoa ere bai. Aurrera!
- Euskarazko prentsan sinesten dugunok, horretan konpromiso estrategikoak (hartu) behar ditugu. Esparru komunikatibo indartsua behar dugulako.
Euskarazko prentsa aurrera!
Leire Aramendi,Jon Aranburu, Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Eneko Etxeberria, **Asier Legarda-ereño, Xebaxtian Lizaso eta Kike Zurutuza** (‘Egunkaria’-ko langile azpeitiarrak; 2003-martxoa, Uztarria aldizkariaren 38. zenbakia)
Itxi egin digute Egunkaria. Baina Egunero atera dugu. Eta Egunero ixten badigute, euskarazko beste egunkari bat aterako dugu. Ez dio inporta izenak, izanak baizik. Eta Egunkaria-ren izan horrek ematen dio min Espainiako Estatuari. Euskal Herriaren burujabetzarako ezinbesteko tresna delako euskarazko prentsa.
Egunero gara oraindik
Manex Beristain (idazlea; 2003-apirila, Uztarria aldizkariaren 39. zenbakia)
Egunkaria itxi digute. Euskarazko komunikazio tresna nagusia lurperatu dute. Gure ahotsak itsutu dituzte eta begiradak mututu. Ez dakit horri guztiari buruz idatzi, kontatu edota oihukatu gabeko ezer gelditzen den. Hemendik aurrera idatzitako guztia, beste idatzi guztiak bezala, ez da hain pertsonala izango, guztiona baizik, nirea, zurea, guztiona. Isiltasun behartu horri buruz izan da erreakziorik herrian, izan da malko isuririk begi gorrietan, izan da pozik, ilusiorik, aurrera jarraitzeko indarrik ere, guztion babesa ez da zure babesa bakarrik, guztiona da, eta ez da pena edo atsekabearen babesa, ilusioa eta sentimenduaren babesa baizik.
Egoera honen aurrean hiru hitz bururatzen zaizkit gogoaren baratzean erein beharrekoak: ‘Egunero’, ‘Denbora’ eta ‘Gu’. Hitzak dantzan jartzea erraza da; hitzek gure barruan kilimak sortzea zailagoa, ordea.
Egunero iratzartzen naiz hortzak aireari eskainiz
Egunero begiak kiribiltzen zaizkit
zure hitzen esperoan.
Egunero nire ahotsak zure belarriak aurkitzen ditu
esaldi bat eta beste bat eta beste bat sortzeko asmotan.
Egunero nire behatzak zure gorputzean galtzen dira, eta
maitale kultural papera hartuz, negarrez pozten naiz.
Egunero irekiko ditut begiak
zure gorputza irakurtzeko
Egunero salatuko ditut
nire belarriak jasaten dituen tratu txarrak
Egunero isilduko naiz
nahi dudanean
eta ez behartzen nautenean
Egunero erabiliko dut
gure ama hizkuntza
Egunero moztuko dut mihia
gaztelaniaren aurrean
Egunero nire garrasiek belarri ez gaituak mututuko dituzte
minutu batez bada ere.
Denbora, elementu xelebre hori
inork engainatu ezin duen eztul bat bezalakoa da Denbora,
Denbora, aurrera begiratu eta atzean segundoak
bide ertzean utzi dituzun sentsazioak harrapatzen zaitu.
Denbora, zaintiratu oro sendatzeko ukendu nekaezina
Denbora, irribarre herdoilduak hilko dira euri zaparradetan,
euskaldunen bihotzen zainekin itoko.
Denbora, askotan gure esku bakarrik ez dago
ahotsa mendi gainera altxatzea.
Ez naiz ni, gu gara
Guztiok behar gaitu une zail honetan,
ez dugu gure buruarekin konforme egon behar.
Ura bezala, faltan bota behar dugu une umel hauetan,
eta beti eduki behar dugu egarria, zure egarria.
Ezin dugu esku bakarrarekin aurrean dudan horma hori igo,
zure laguntza, eta zurea, eta zurea... ez dira nahiko.
Ados ez dagoen ororen eskuak behar ditugu
horma hori gainditzeko.
Egunero denbora hartu behar dutenak gu gara.
Egunero egunkaria irakurriko dut
Egunero irakurtzen dudan bezala.
Ez inoiz isildu, ahotsak behar zaitu.
Egunero, ‘Egunkaria’-ren alde
Leire Ostolaza (bertsolaria; 2003-apirila, Uztarria aldizkariaren 39. zenbakia)
Euskaldunon Egunkaria ixtea otsaileko kontua izan zen arren, Egunkaria-ren falta egunerokoa dugu. Orduan, martxoko artikulua idatzi eta bidalia nuen, eta arantza atera gabe ezin gera nintekeen.
Makina bat kexu entzun dut, han eta hemen, euskarazko egunkari bakarra itxi eta bertako langile zenbait atxilotu eta torturatuak izan direlako. Eta beste zenbait gehiegikerien aurrean kalera irteten ez duen jendea ere izan zelako Donostiako manifestazio erraldoi hartan.
Makina bat aldiz entzun dut azken hilabete honetan: “Ene! Zertaraino iritsi behar dugu? Laster ezingo dugu euskaraz hitz egin ere!”. Makina bat aldiz ikusi dugu okindegi edo kioskoetan El Diario Vasco mendi izugarri bat Egunkaria-ko lau aleren ondoan, eta gertatu dena gertatu ostean ere lehen mendia zenak mendi izaten jarraitzen du, hiztun euskaldunak gehiengo zabala garen herri honetan.
Makina batek azalduko du, berriz ere, Egunkaria-rekiko elkartasuna, baina ez da egunkari bat hitz hutsez bizirik mantenduko; beraz, euskararen eta euskal prentsaren alde zerbait egin nahi dugunok egin dezakegun onena egunero Egunero erosi eta irakurtzea da.
Sindikatuen adierazpenak
(2003-apirila, Uztarria aldizkariaren 39. zenbakia)
Iaz, martxoaren 13an, Egunkaria-ren aldeko ordubeteko lanuztea egin zen Euskal Herrian, eta jarraipen handikoa izan zen. Baita Azpeitian ere, eta herriko bi sindikatu nagusiek
—ELAk eta LABek— ekimen horren balorazio ona egin zuten, “arrakastatsua” eta “erantzun ona” izan zelako.
Azpeitiko ELA “Kontseiluak martxoaren 13rako Egunkaria-ren alde mobilizatzeko deitu zuen eguna arrakastatsua izan zela baloratzen du Azpeitiko ELA sindikatuak. Azpeitiko enpresa handi denak gelditu egin ziren: Marcial Ucin, Biele, Azkue, Sammic, Mallas, Pemec, udaletxea, Sarralle... eta baita enpresa txikiagoen gehiengoa ere. Arratsaldean, Bilbon Casillan ospatu zen ekitaldira ere Azpeitiko 30 bat ordezkari eta afiliatu hurbildu ziren. Enpresatan Egunkaria-ko harpidetzak bultzatzeko kanpaina ere martxan jarrita dago dagoeneko, eta, oraingoz, harpidedun egin diren enpresa batzordeen artean Biele, Mallas, Altuna-Uria... daude”.
Azpeitiko LAB “Oso erantzun egokia eman zuen Azpeitiko langilegoak Egunkaria-ren Elkartasun Egunean. LAB sindikatuak delegatuen batzarra egin zuen martxoaren 7an, Egunkaria-ren itxiera eta Euskal Herriaren aurkako erasoei buruz hausnartzeko, eta egoera honi eraikiz erantzuteko. Asanbladak egin ondoren, ordubeteko lanuztea egin zen lantoki guztietan, eta langile andana batek hartu zuen parte antolatutako kontzentrazioetan, Landetako errotondan, Bielen, Aceralian, Sammicen... LABeko ordezkari eta batzordeetara harpidetza orriak banatu dira, eta LABek bere ordezkaritza du Euskaldunon Egunkaria aurrera!-ren Azpeitiko herri batzordean ere, harpidetza eta bono laguntzen gaia lantzeko. LABeko delegatuak zoriondu egin behar dira eman duten erantzunagatik eta egiten ari diren lanagatik”.
Hiru herritarren lekukotza zuzena sorreran
Enekoitz Esnaola (kazetaria; 2003-apirila, Uztarria aldizkariaren 39. zenbakia)
Orain, Euskaldunon Egunkaria-ren bortxazko itxiera dela eta, batzuk Egunkaria-ren sorreraren zabaltasuna eta produktuaren aniztasuna ezbaian jartzen ari diren honetan, Uztarriak Egunkaria-ren sorrera gertu-gertutik segitu zuten eta bertako protagonista izan ziren hiru azpeitiarrengana jo du: Imanol Lazkano eta Xebaxtian Lizaso bertsolariengana, eta Pako Aristi idazle eta kazetariarengana, hirurak ere Egunkaria Sortzen-eko (ES) kide izan zirelako, motor lana egin zuen taldeko kide.
1990eko hondarrean sortu zen Egunkaria, baina proiektua urtebete lehenago hasi zen mamitzen, ESren bitartez. Hain zuzen, 1989ko azaroaren 1ean eratu zen ES, Donostian egin zen deialdi zabal batean. Euskal Herriko hainbat norbanako ezagun bildu zen, eta lehen aipatutako hiru azpeitiarrak zeuden 75 laguneko zerrendan.
“Lehenengo kanpai hotsak jo zituztenak Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka eta Joan Mari Torrealdai izan ziren, Martin Ugalderen babesarekin. Euskarazko egunkari bat ateratzeko proiektua egin behar zela zioten, eta sektore askotako ateak jo zituzten”, dio Xebaxtian Lizasok. Euskal Herriko Bertsolari Elkartearen izenean Imanol Lazkano, Jon Lopategi eta hirurok geunden taldean. Han bakoitzak bere lanak zituen, eta diru bila joatea izan zen niri hasieratik tokatu zitzaidan lana”.
Imanol Lazkanok eta Pako Aristik barrura begira ez zuten horrelako lanik egin. “Kanpotik egin genuen gehiago”, dio Aristik. “Neuk orduan El Diario Vasco-n jarduten nuen lanean, kolaboratzaile bezala, Zabalik euskarazko gehigarrian, eta astero elkarrizketak edota erreportaiak egiten nituen. ETB1en ere banengoen, Babel programan gidoilari, eta Martxelo Otamendi bera zen programako aurkezlea. Liburuekin ere banenbilen eta, beraz, ez neukan denbora askorik Egunkaria Sortzenen lan egiteko. Baina proiektuak halako babes soziala eta kulturala behar zuen, eta han izan ginen”.
Hiru azpeitiarrak ezagunak ziren orduan: Imanol Lazkano Euskal Herriko Bertsolari Elkarteko lehendakaria zen 1985etik, Xebaxtian Lizaso Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldun izana zen 1986an eta bigarren 1989an, eta Pako Aristik hainbat lan eginak zituen kazetaritzan eta liburugintzan (Kcappo nobela aterata zeukan ordurako, 1985ean). “Proiektuari zabaltasuna eman behar zitzaion, beharrezkoa zelako proiektua zabala izatea, eta ESko kide izatea proposatu zidatenean ez nuen dudarik egin baiezkoa emateko”, esaten du Lazkanok.
Bi proiektu. Euskarazko egunkaria sortzea zuten helburu, proiektu handia, interesgarria, ilusio handia sortzen zuena, baina ez ziren garai errazak izan, arazo askorekin topatu zirelako sortzaileak. “Nolabait esanda, kultura bikoiztua zegoen garai haietan. AEK alfabetatze erakundea zegoen, HABE ere bai. Hemen euskarazko astegunkaria zegoen, Eguna ere bai. Eta Egunkaria-ren proiektua zegoen, eta Eusko Jaurlaritzaren proiektua ere bai. Hau da, batetik, ezkerreko jendearen kultur proiektuak zeuden, eta bestetik, erakunde publikoetako edo EAJren inguruko jendearen proiektuak. Euskarazko egunkariari dagokionez, niri, behintzat, amorrua ematen zidan egoera hark, baina Egunkaria-ren alde egin nuen”, dio Aristik.
Herrietan Egunkaria-ren aldeko 185 batzorde sortu ziren —Azpeitian haietako bat—, eta Lizasok dioenez, “garai beltz” haietan herri batzordeek, eta “baita enpresatako komiteek eta sindikatuek ere, asko lagundu zuten” dirua biltzeko orduan. “Beste lagun batzuk, batik bat enpresatan eta udaletan ibili ginen. Udaletan dirua biltzea oso-oso zaila zegoen, goitik agindu hau zutelako: ‘Guk beste egunkari bat sortuko dugu. Aurretik Egunkaria izenarekin beste bat jaiotzen bada, sei hilabete baino gehiago ez du iraungo, zuzendaritzan badakigu zein izango diren...’. Beraz, mantxadun famarekin sortu zen Egunkaria. Baina diru dezente bildu zen”. Lazkanoren iritziz, mamuak zabaltze hori “aitzakia besterik ez zen, gauzak erabaki, Egunkaria Sortzen taldean baino ez zirelako erabakitzen”.
Eta Egunkaria sortu zen. 1990eko abenduaren 6an. “Ikusmin handia zegoen”, oroitzen du Aristik. “Niri soldadutzarekin bezala gertatzen zitzaidan. Hau da, beti nengoen soldadutzaren kontra, beti egiten nuen amets bere amaierarekin, baina soldadutzarik ez zegoela ikusi arte ez nuen sinesten amaituko zenik. Egunkaria-rekin ere antzera: beti alde, beharra ikusten genuelako, baina 1. zenbakia kalean ikusi arte ez nuen sinesten sortuko zenik”.
Bi urte iraunez gero... Joxemi Zumalabe zena izan zen proiektuaren bultzatzaile nagusietakoa, eta haren esaldi bat dakar gogora idazle eta kazetari urrestildarrak: “Egunkaria itxi dutenetik, komunikabideetan Zumalaberen esaldi bat behin baino gehiagotan azaldu da. Hauxe: ‘Bi urtez iraunez gero, irabazi dugu’. Nik uste esaldi horrek islatzen duela ES taldean pentsatzen zena”. Eta iraun zuen.
Egunkaria sortu eta urte batzuetara hasi ziren hasieran kontra —edo ez alde— zeuden enpresak eta erakundeak diruz laguntzen. Lizaso: “Orain hamar bat urte akzio zabaltze kanpaina egin zen eta udal batzuk busti egin ziren, eta beste batzuk pixkanaka hasi ziren begiak zabaltzen, mamuak egia ez zirela ikusten”. 1994an Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatu zuen Egunkaria-k, Joseba Arregi zela Kultura sailburu. “Arregik han sinatu behar izan zuen, gerra galduaren aurrean errendizioa sinatzera doan generalak bezala”, dio Aristik.
Orain, euskarazko beste egunkari bat sortzeko pausoak ari dira ematen Egunkaria-ko langileak. “Nik garbi dut berriz ere nigana etortzen badira, ni hor izango naizela, laguntzen”, esaten du Lazkanok.
(Egunkaria Sortzen taldeko 75 kideak) Karlos Santamaria, Martin Ugalde, Joan Mari Torrealdai, Julen Kaltzada, Joseba Jaka, Joxe Azurmendi, Joxerra Garzia, Iñaki Zabaleta, Luis Nuñez, Jean Louis Davant, Jakes Bortairu, Nerea Azurmendi, Xalbador Garmendia, Hasier Etxeberria, Imanol Murua Uria, Jon Basterra, Aingeru Epaltza, Jose Antonio Arana Martija, Alfontso Irigoien, Sagrario Aleman, Joxe Agustin Arrieta, Julia Berrojalbiz, Joxe Ramon Bilbao, Urtsa Errasti, Elene Lizarralde, Josu Landa, Xabier Arzelus, Inaki Irazabalbeitia, Jexux Mari Zalakain, Paulo Agirrebaltzategi, Jesus Mari Eizmendi, Baleren Bakaikoa, Eugenio Arraiza, Karmele Aierbe, Joxemari Ostolaza, Fernando Unsain, Iñaki Uria, Sabin Gaztañaga, Xabier Mendiguren Bereziartu, Pello Zubiria, Josu Muniozguren, Txema Auzmendi, Bernardo Atxaga, Joxemi Zumalabe, Andoni Sagarna, Pako Aristi, Koldo Izagirre, Iñaki Larrañaga, Joseba Intxausti, Daniel Landart, Edorta Kortadi, Fermin Lazkano, Henrie Duhau, Mikel Bujanda, Benito Lertxundi, Felipe Juaristi, Adolfo Arejita, Jon Lopategi, Patri Urkizu, Gexan Lantziri, Imanol Lazkano, Eusebio Osa, Roger Idiart, Juanjo Arkarazo, Joan Mari Lekuona, Anton Mari Aldekoa-Otalora, Jokin Aldazabal, Gotzon Garate, Pedro Ruiz Ulzurrun, Emile Larre, Luzien Etxezaharreta, Ramuntxo Kanblong, Luis Goia, Xebaxtian Lizaso eta Erramun Baxok).
Lan bera, beste jende bat 13 urtean
Oihana Elduaien (kazetaria; 2003-maiatza, Uztarria aldizkariaren 40. zenbakia)
Helburua: euskal kazeta. Lanak: harpidetzak lortzea, bono eta akzioen salmenta, materialaren salmenta. Bi talde, bi garai. 13 urteko tartea ez da alferrik igaro, baina 1990ean eta 2003an lan bera egiteko sortutako bi taldeen lekukotza jaso du Azpeitiak, Euskal Herriko beste herri askok bezala. Bederatzi bat lagun biltzen ziren duela 13 urte; aurten 15 bat lagun dira, guztiak berriak. Baina denek dute gauza bat amankomuna: euskarazko egunkari bat esku artean izateko nahia eta desira.
Aitor Larrañaga eta Jose Luis Otamendi duela 13 urte Egunkaria Sortzen-eko kide izan ziren. Artxibo txikian aurkitutako paper zaharrei hautsa kenduz, beraien lana zein zen gogoratu dute. Batzordeak sortzeko deia Euskal Herrian Euskaraz-etik (EHE) etorri zitzaien orduan. “Gu EHEn ibiltzen ginen eta handik etorri zen herrietan taldeak sortzeko mezua”, dio Aitor Larrañagak. Orain Egunkaria-tik bertatik iritsi da oihua, eta azpeitiar langileek hartu zuten ardura, hasieran. Bi batzordeek martxan jartzeko modu bera izan zuten: deialdi zabala. Mikel Azkunek poz ederra hartu zuen 1990ean Azpeitian kartelak ikusi zituenean: “Banekien beste herrietan batzordeak sortzen ari zirela, eta zain egon nintzen Azpeitian noiz sortuko. Euskal prentsa sortzeak izugarrizko ilusioa egiten zidan”. Ioritz Aizpuru ez da jabetu ere egingo duela 13 urte Azpeitian egindako lehen bilerekin, berak zazpi urte besterik ez baitzituen. Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta aurtengo bilerak ez zaizkio oharkabean pasatuko, bera parte-hartzaile baita. “Egunkaria-ren itxiera Euskal Herriaren kontrako beste eraso bat iruditu zait, eta zerbait egin beharra dago”.
Dirua biltzeko modu berberak. Taldeak osatu ondoren, diru bilketa hasi zen bai 1990ean eta baita aurten ere. Zer diren kasualitateak: batzordeetako partaide bakoitzak hamarna bono saltzeko lana hartu zuten, 1990ean eta 2003an. 1990ean 100 mila pezeta inguru bildu zituzten bono laguntzekin. Aurten, gutxienez, 16 mila euro lortzeko asmoa zegoen bonoen bidez; 50 eta 300 eurotan zeuden salgai, eta eskuratzeko lau leku zeuden herrian: Luba aholkularitza, Urbistondo margoak, Sarea informatika eta Uztarria. Lehengo astean bukatu zen bonoen garaia, akzioenei heltzeko.
Akzioen salmenta da bi batzordeek egin beharreko beste lan bat. 1990ean bi eratako akzioak zeuden: bost mila pezetakoak eta 500 mila pezetakoak; orain, berriz, 50 eta 300 eurokoak daude, bonoak bezala. Merkeenetik 40 akzio saldu zituzten orduan; garestien kontua, ziurrenik egiteko errazagoa izango bazen ere, ez da jasotzen eskuizkribuz eginiko artxiboan. Aurten 59 mila euro lortzeko erronka dago.
Dena ez da berdina, ordea, aurtengo herri batzordeak ez duelako publizitate bila inora joan beharrik izan. 445 mila pezeta lortu zituzten publizitatearekin 1990ean; gero, Azpeitian ospatu zuten Egunkaria Egunean iragarkiekin eginiko hiru orri erraldoi erakutsi zituzten plazan. “Komertzio eta tabernatara joaten ginen, atez ate, Egunkaria-ren 1. zenbakirako publizitatea eskatzera”, gogoratzen du Mikel Azkunek.
Herrian jarrera ona. Bi batzordeetako kideak herrian oso jarrera onarekin aurkitu zirela eta direla diote. 1990ean “jende gehienak jarrera ona erakutsi zuen”, Jose Luis Otamendi akordatzen denez. “Argia-tik aurrelana ere egin zen, eta ez zen perretxiko bat izan”. Bazen, ordea, jarrera desberdinik: “Euskalgintza munduan ilusio handiarekin zegoen jendea, baina EAJtik errezelo ikaragarria nabari zen”, dio Aitor Larrañagak. Artxibo txikian baiezta daiteke esandakoa, EAJk ez baitzion pezetarik eman Egunkaria Sortzeni.
Ander Bastida Egunkaria-ren aldeko egungo batzordean dago, eta haren hitzetan, “herrian jarrera ona dago, eta ez da oso zaila izan bonoak saltzea, baina zaila egiten zait jendeari dirua eskatzera joatea”. Gainera, “materiala erraz saltzen da”, Ioritz Aizpuruk dioenez. Hala ere, “udal erakundeetatik Liburutegia baino ez da egingo harpidedun”, dio Sorkunde Urbistondok. Haren esanetan, “kalean dagoen Egunkaria-ren aldeko giroa harpidetzatan eta akzio salmentan antzeman beharko litzateke”.
Eneko Etxeberriari elkarrizketa
Iban Arregi (kazetaria; 2003-apirila, Uztarria aldizkariaren 39. zenbakia)
Batetik bestera dabil Eneko Etxeberria Egunkaria S.A. enpresaren lege ordezkari azpeitiarra azken bolada dagoeneko luze samarrean, lanean, jo eta su, Egunkaria-ren itxiera dela eta. Orain Madrilera, hurrena bilera bat beste abokaturen batekin... Tartean badu Uztarriarekin egoteko astirik ere, elkarrizketa egiteko.
Hasteko, Eneko: erabakia "erabat politikotzat" jo denean, autoaz hitz egiteak ba al du zentzurik?
Abokatu bezala esango dizut erabat harrituta nagoela ni ere. Nik ezagutzen eta ikasi dudan Zuzenbidean behintzat, ez nuen inoiz horrelako egoerarik ezagutu. Ikusi dudana zera da: juridikoki ezintasun izugarria sentitzen dela.
Zer zentzutan?
Autoa irakurtzen baduzu, ez dago datu zehatz bat, ez dago egoera zehatz bat non esaten duen: hau eta hau gertatu da, halako erlazioa gertatu da... Dena da literatura, erabat modu zikinean eginiko literatura gainera, eta ikusten dena da horren atzetik intentzionalitate politikoak egon behar duela, derrigorrez. Bestela, ezin uler daiteke.
Autoa hankamotz al dago, beraz, arlo juridikotik begiratuta?
Autoak beti izan behar ditu datuak. Alegia: delako hark, egun hartan, ordu hartan, lotura bat egin zuen ez dakit zeinekin, eta hau, hau eta hau egin zuen... Baina auto hau hartzen
badugu, ETAri buruz hitz egiten du orokorrean, orokorkeria asko esaten ditu, baina datu zehatzik ez.
**Eta zertan oinarritu da Egunkaria ixteko?**
Bi oinarri ditu autoak: bata, oinarri ekonomikoa, eta horrek esaten du Egunkaria Sortzenen eta Egunkaria-ren oinarria diru zuriketa egitea dela. Dena dela, epaileak berak azkeneko autoan esaten du hori frogatu beharra dagoela; berak onartzen du, beraz, ez dakiela ezer, eta euskalgintza eta Egunkaria ezagutzen duenak badaki herriak jarritako diruarekin egin zela Egunkaria (herritarrek, ikastolek, udalek, tabernek, harpidedunek...). Guardia zibilek ezin zuten hori ulertu. “*Yo no pondría ni un duro por el idioma español*”, esan zion batek atxilotuetako bati. Ezin dute ulertu jendeak euskararen alde dirua jartzea.
Eta zein da autoaren bigarren oinarria?
Oinarri mediatikoa. Alegia, Egunkaria ideologikoki ETAren estrategiaren barruan dagoela dioen oinarria. ETAren ideiak zabaltzeko dela Egunkaria, horixe da autoak dioena. Jakina, beraiek egiten duten analisia oso-oso sinplea da, eta hauxe da: ETA euskararen eta Euskal Herriaren independentziaren alde dago; beraz, helburu horiek dituen edozeinek ETArekin lotura dauka.
Zuzenbideaz ezer ez dakienak ere badaki delituak pertsonek egiten dituztela. Nola uler daiteke Joan Mari Torrealdai Administrazio Kontseiluko presidentea, Txema Auzmendi idazkaria eta Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendaria kalean izatea, eta 'Egunkaria'-k itxita segitzea?
Ikusten dena da logikaz kanpoko zerbaitez ari garela hitz egiten. Txema Auzmendiren kasua oso-oso argia da, esate baterako. Auto osoan behin baino ez da aipatzen haren izena. Eta oso-oso gauza orokorrak esaten dira atxilotuez. Haien atxiloketak ere ez du batere zentzurik, gainera. Haien adina eta bizimodua kontuan hartuta, edozein zitazioren aurrean Espainiako Auzitegi Nazionalera beraien kasa aurkeztuko lirateke. Absurdoa da hau dena.
Asko aipatu izan da auto horrek oinarrizko eskubideak urratu egiten dituela, batere frogarik gabe (informazio eskubidea, besteak beste). Espainiak urteak daramatza enpresak ixten, komunikabideak ixten, abertzaleak atxilotzen, erakundeak ilegalizatzen... Horren aurrean ezer egin al dezake abokatu batek?
Espainiako Auzitegi Nazionalean ez dago ezer egiterik. Auzitegia bera fisikoki ikusita ere, bunker handi bat da, eta berehala ikusten da han ez dagoela ezer egiterik. Kasurik garbienean ere (duela urtebete Jon Abril kazetariarekin gertatu zena, adibidez), galtzeko beldurra dago. Lehen bazen gaineko auzitegiren batera jotzeko aukerarik; baina gaineko auzitegiak ere erabat politizatuta daude Espainian (Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala), eta ez dago botere banaketarik.
Eta Europan?
Europakoa izan daiteke aukera bakarra, baina Europako auzitegia ere ez da independentea, estatuek parte hartzen dutelako. Eta han zer gertatuko den, auskalo! Gainera, asko luza daiteke kasua.
Kanpotik begiratuta, botere banaketaren urraketa hori disimulatzen saiatu ere ez direla egiten ematen du, eta Espainiako Barne Ministerioak eta Juan del Olmo kasu honetako epaileak elkarrekin egin omen zuten ohar horretan egon daiteke adibiderik garbiena.
Ohar bateratu hori ikertzeko eskaera egin genuen, baina erantzun ere egiten dute: fiskalak epaitegiko faxa erabili zuela, deskuido bat izan zela, Espainiako Barne Ministerioak halako edo bestelako ulertu zuela... Ohar bateratu hori ez ikertzea erabaki dute. Kasu honetan gertatu den gauzarik asaldagarriena da, beharbada.
Zuk zeuk, gainontzean, nolako giroa sumatu zenuen Espainiako Auzitegi Nazionalean. Del Olmo epaileak nola tratatu zaitu?
Ni bi aldiz egon naiz Del Olmorekin, bietan Egunkaria S.A.ren lege ordezkari moduan. Lehenengo aldian, Egunkaria-rekin lotuta zer itxi zuten, zergatik itxi zuten, horrek zenbaterainoko eragina zuen... jakin nahi genuen. Zurrumurruak entzuten genituen: enbargoa, kontuen blokeoak... Baina autorik ez genuen, eta lege ordezkari moduan autoa eskatu nion Del Olmori. Baina erantzun zidana izan zen atxilotuei eman ziela ordurako, eta hauek bazutela errekurtsoa egiteko aukera. Atxilotuak, ordea, inkomunikatuta zeuden. Lehenengo aldi hura oso gogorra izan zen. Handik gutxira autoa eman zigun.
Eta bigarren aldia nola joan zen?
Gaizki. Hamar egunera-edo joan ginen Iñigo Iruin eta biok, bere aurrean agerraldi bat egitera. Ni enpresaren lege ordezkari moduan hitz egiten hasi nintzenean, Del Olmo jaiki egin zen eta alde egin zuen, “porque tengo que hacer algunas gestiones...”. Iñigo Iruin ari zenean ere alde egin zuen, eta bukaeran zera eskatu zigun: “¿Me pueden hacer ustedes un resumen?”. Oso jarrera prepotentea erakutsi du.
Azken urteotan Baltasar Garzon epaileak zuzendu ditu halako operazioak, eta Espainiako Polizia aritu da lanean; oraingo honetan, lehenengo aldiz Juan del Olmok zuzendu du operazioa, eta Guardia Zibila aritu da lanean. Modus operandi berri horrek zerbait esan nahi al du?
Ez dakit. Nik dakidana da Madrilen badirela gorputz polizial ezberdinen arteko haserreak, jeloskorkeria kontuak. Guardia Zibilak ez zuen halako operazio batean sekula parte hartu. Guardia Zibila txosten hau 2001etik ari zen prestatzen, eta Garzoni aurkeztu zionean, honek ez omen zuen onartu. Ondoren, Del Olmori aurkeztu zioten sekretupean dagoen txosten hori, eta honek bai onartu zuela, ederki ikusi dugun moduan. Beste adar baten aurrean egon gaitezke.
Eta nondik nora joan daiteke adar hori?
Auskalo! 14.000 orrialdeko txosten bati buruz ari gara. Galdeketatik jasotako datuek erakusten dutenez, “fronte mediatiko-kultural” hori ari da ikertzen Guardia Zibila. Orain, hortik nondik nora joko duten, hori zaila da esatea. Euskal kulturarekin eta komunikabideekin zerikusia duten denak, herri aldizkariak barne, ez dira ikerketatik urruti ibiliko.
Behin eta berriro ari gara esaten babeserako aukerarik ez dagoela, juridikoki behintzat. Maila politikoan erantzun behar al da, beraz?
Bai, honi maila politikoan eman behar zaio erantzuna, bestela alferrik ari gara. Nire ustez, euskal herritarrok zenbat eta garbiago izan denok batera erantzun behar dugula halakoen aurrean, orduan eta hobeto. Eta erantzun ez ezik, eraiki ere egin behar da. Edo hasten gara benetan gure komunikabideak eraikitzen, gure komunikazio esparrua eraikitzen, prentsa lokala sustatzen, edo alfer-alferrik gabiltza. Eta politikoei esan behar zaie hori dela beraiek bultzatu behar dutena.
Bai, baina sortzen den hori nolabait blinda al daiteke gauden egoera honetan? Hala utopia batez ari gara?
Hori oso zaila da. Argi dagoena da Egunkaria bezalako enpresa bat horrela itxi dutenean, urtero auditatzen zen enpresa bat horrela itxi dutenean, bere kontuak urtero Eusko Jaurlaritzari aurkezten zizkion enpresa bat horrela itxi dutenean, horretarako gai direnean, beste edozer ixteko gai direla. Eta argi eta garbi esan behar da: Espainiako Auzitegi Nazionalaren azpian gauden bitartean, oso zaila daukagu.
Beste esparru baten beharraz ari al zara?
Argi baldin badago gaurko esparru honetan sortzen dugun edozer gauza arriskuan dagoela, beste egitura politiko bat behar da, Espainiako Auzitegi Nazionalaren konpetentziatik kanpo egongo dena, horrek denak esan nahi duenarekin.
Txema Auzmendiri elkarrizketa
Nerea Uranga (kazetaria; 2003-apirila, Uztarria aldizkariaren 39. zenbakia, eta 2003-03-16, ‘Egunero’;
bietatik hartutako elkarrizketak dira, moldatuta)
Hor al dago Txema, elkarrizketa egin nahi diogu eta?”, galdetu genuen Donostiako Herri Irratian, Txema Auzmendik kartzelatik irten eta bi egunera. Han zegoela erantzun ziguten, baina bilduta zela, eta emateko telefono zenbakia, Txemak deituko zigula eta. Baita deitu ere. Horrelakoa baita. Auzmendi, bederatzi euskaltzalerekin batera atxilotu zuen Guardia Zibilak; bera, Egunkaria S.A.ko Administrazio Kontseiluko idazkaria izateagatik. Azpeitian, Iraurgi ikastetxean irakasle aritu zen hiru urtez (1985-1988).
Bermepean irten duzu kartzelatik. Gogorrak izan al da dena, Txema?
Oso gogorra, batez ere lehen bost eguneko inkomunikazioa. Oso gaizki egon nintzen inkomunikazio egunetan, nekatuta eta jota; baina barrutik ez, beti egon naiz oso tinko. Banekien non nengoen eta zertan aritu naizen, eta ez nuen barruko kezka edo ardurarik. Hura infernua da, inori ez diot opa. Txar-txarra, gizakia ez zarela pentsa dezakezu; nik ez dut pentsatu baina gauzak horretarako daude eginak. Beti burua makur eta begiak itxita, umiliatuta.
Hasieratik jakin al zenuen 'Egunkaria'-rekin lotutako operazioa zela?
Bai, eta ni ETArekin lotuta nengoela kolaboratzaile gisa edo ETAkide gisa.
Harritu egingo zinen, ezta?
Guardia zibil batek esan zidan ea harrituta nengoen beraiek etorri zirelako. Nik esan nion harrituta ezetz, baizik eta harri eta zur geratu nintzela, inoiz ez nuela pentsatu halakorik gerta zitzaidakeenik, are gutxiago Egunkaria-ri buruzko zerbaitengatik.
Administrazio Kontseiluko idazkaria zara.
Hala da. Bileretan parte hartzen nuen eta aktak sinatzen nituen, notarioarengana joan...
Guardia Zibilak Madrilera eraman zintuen.
Burua makurtu eta begiak ixteko esan zidaten. Madrilera abiatu ginen. Eskuburdinak kendu zizkidaten orduan. Bide osoan itaunketa egin zidaten, baina ez Polizia etxeko itaunketen modukoa, aspaldian elkarren berri izan ez duten bi lagunen arteko elkarrizketaren moduan baizik. Ideologiaz, irratiaz, askapen teologiaz, Euskal Herriaz... hitz egin genuen, modu atseginean.
Madrilera iritsi eta ziega batera sartu zintuzten.
Begiak itxita eta burua makurtuta egon behar genuen etengabe, hormaren kontra, baina horma ukitu gabe. Umiliazioa etengabea izan da. Ez dizute uzten burua altxatzen, aurpegira edo begietara begiratzen, zeu ere nor bazarela adierazten. Atea, burdinezkoa, beti zebilen dinbi-danba, kolpe izugarriak ematen zizkioten. Tentsioa etengabea zen, ziegatik ateratzen zintuztenean ez zenekien zertarako zen. Ez genuen lorik egiten eta erdi lotan geundela, atearen zarata. Nire kasuan tortura psikologikoa izan da, ez fisikoa. Ni ez naute jo eta pribilegioak nituela zioten. Esan nien nik ez niela pribilegiorik eskatu. Pentsatu izan dut josulaguna izateagatik gehiago errespetatu nautela, zerbait eginez gero presio handia jasoko zutela...
Ziegan Xabier Oleagarekin egon zinen.
Uste dut lehen egunean Pello Zubiriarekin egon nintzela, ahotsik entzun ez nion arren, baina bigarren egunetik bukatu arte Xabier Oleagarekin. Xabier konturatu zen ni nintzela eta galdetu zidan ea ondo nengoen. Baietz erantzun nion eta bera ere ondo zegoela esan zidan. Hori izan zen lau eguneko elkarrizketa bakarra. Ez genion elkarri begiraturik egin.
Ba al zenekien Pello Zubiriari zer gertatu zitzaion?
Guardia zibilak Pello Zubiriaz barre egiten entzun nituen eta oso mingarria zen. Pellok
supositorioak hartu behar zituen, eta guardia zibilak trufatu egin ziren, gustatu egingo zitzaiola zioten.
Gainerako atxilotuei emandako tratuaren berri ba al zenuen?
Egun batean norbait entzun nuen, oihuka: “Ez dago barkamenik”, “utz nazazue bakean, uzteko bakean”, “badakit jipoitu egingo nauzuela, eta gero, kristo guztia bezala, dena esatera”... Ez dakit nor zen, ez nuen ahotsa ezagutu. Hirugarren egunean norbait hil zela pentsatu nuen: ETAk poliziaren bat hil zuela edo guardia zibilei atxiloturen bat hil zitzaiela. Hasiera kolpeak-eta entzun ziren. Lasaigarriren bat eman eta isildu egin zen. Gero esnatu, beldurtu eta berriro oihuak, kolpeak eta zalaparta hasi ziren. “Eraman nazazue epailearen aurrera”, zioen. Guardia zibil batek erantzun zion: “Zer uste duzu zuk, nahi duzunean joango zarela epailearen aurrera? Behar denean eramango zaitugu”.
Zer moduz egin zenien aurre galdeketei?
Barrutik oso lasai nengoen, eta erantzuteko lasai. Galdeketa batean ezin nuen gehiago zutik egon eta erori egingo nintzela esan nien, baina luzamendu ariketa batzuk egiten utziz gero, zutik jarraituko nuela. Luzamendu ariketak egiteko baimena eman zidaten eta galdeketak jarraitu egin zuen. Neure buruaren jabe izan naiz uneoro.
Zeri buruz galdetzen zizuten?
Ia dena Egunkaria-ri buruz. Egunkaria-n omen zegoen ETAren ordezkariaren izena ematea nahi zuten. Esan nien nekiena esango niela, ez beraiek entzun nahi zutena: ez zegoela ETAren ordezkaririk, erabakiak geuk hartzen genituela, Egunkaria ezker abertzale ingurutik sortu arren, irekia eta zabala zela... Joxemi Zumalabe eta Joseba Jaka aipatu nizkien, eta esan zuten hildakoak bakean uzteko, bizirik zeudenen izenak nahi zituztela.
Epailearen aurrean deklaratzeari uko egin zenion.
Epaileari esan nion ez nuela deklaratuko, ez nintzela beraz fidatzen, ez nintzela fidatzen animalia baten moduan eduki ninduen pertsona batez: inkomunitatuta, eskubiderik gabe, oinarrizko eskubideak zapalduta. Ez nuela deklaratuko, baldin eta konfiantzako abokatua ez banuen. Esan zidan berak egin zuena zuzenbide estatu batean egin zuela, lege edo bide demokratiko batzuk erabiliz. Nik erantzun nion ez zegoela eskubiderik guri egin ziguna
egiteko.
Kartzelaldian euskara, alemana erakusten... aritu zara.
Euskaldun jator bati, Sendoa Gonzalezi, euskara erakusten jardun nuen. Euskaraz mingaina askatzea behar zuen. Alemana ikasi nahi zutenak ere baziren eta haien irakasle hasi nintzen. Bizpahiru eguneko kontua izan zen.
Zer iritzi duzu operazioaz?
Operazio honek argi erakusten du haientzat euskal komunikabide bat kaltegarria dela,
herri bat bere diferentziarako eskubidea sustatu eta sendotzen ari delako. Euskararen inguruan zutabe sendo eta finkoa dago, eta sendotzen den neurrian, Espainiako proiektuarentzat kaltegarria da. Operazioa politikoa da.
Kanpoko erreakzioen eta mugimenduen berri nola jakin zenuen kartzelan?
Espetxean irratian eta telebistan entzundako zertxobait jakin genuen. Espetxean euskaldunak zeuden eta guk baino zerbait gehiago zekiten, batek Euskadi Irratia entzutea lortzen baitzuen noizik behin. Prentsa iristen ere hasi zen; hiru edo lau eguneko atzerapenaz iristen zitzaigun Egunero edo Gara.
Egunero jaso eta zer sentitu zenuen?
Poz handia. “Bere txikian errealitate sendoa zen proiektua aurrera doa, eta sendotu dute han daudenek”, pentsatu nuen. Aspaldi jende asko bildu zen proiektuaren inguruan, baina orain gehiago.
'Egunkaria'-ren alde hainbeste jende mugitu izana nola hartu duzue?
Poz handiz. Epailearen aurrean Joxe Mari Elosua abokatua entzun nuenean Joan Mari Torrealdairen eta bion aldeko defentsa egiten, emozionatu egin nintzen. Gure alde ari zen, pertsona onak ginelakoan, ez gaizkileak eta ez dakit zer. Gero, kalean horrenbeste pertsona gure alde, Egunkaria-ren alde agertzea, izugarria da.
Madriletik euskararen kontra jo dutelako izan al da horrelako erreakzioa?
Hori garrantzitsua izan da. Zorionez, bazegoen Egunkaria-ren inguruan irakurlego sendoa, eta sendotzen joan dena: talde handia lanean, inplikazio handia... Euskarari eta herri honi begira Egunkaria-k pisu handia du. Pisua esan nahi dut: eragina, trinkotzen laguntzen duena hizkuntza, eta herri mailako, nazio mailako kontzientzia horri eutsi eta zabaltzen duena. Horrek bere erantzuna izan du. Atzean pertsonak daude: kazetariak, argazkilariak eta gu. Torrealdai bezalako pertsona bat egotea, euskal kulturan erreferentzia dena; Martxelo Otamendi, ez da edonor; Pello Zubiria, Argia-ri lotua urteetan; ni beste esparru batzuetan ezaguna, irratia dela eta. Horrek ere zenbaiti eman dio zer pentsatua esateko: “Hauek ere harrapatzen badituzte, gauza badira... inkomunikatuta badituzte, gauza onik ez”.
Nolakoak izan beharko luke euskarazko egunkari berriak?
Dagoen errealitatetik abiatu beharko da, talde profesionala dago, egunkaria egiten dakiela erakutsi duena. Hobetzea beti posible da, are dirua badago. Gauzak ere hobeto egin daitezke: aniztasunean, euskara hobetzeko orduan, zuzentzeko pertsona gehiago... Eta horren itxaropena badut, gaitasuna duen jendea badago. Betiere instituzioak, Eusko Jaurlaritza egunkariaren jabe izan gabe; bestela, kaltegarria litzateke.
Egunkari berrian zerbait aportatzeko asmorik edo gogorik ba al duzu?
Ni prest. Kartzelaldi eta inkomunikazio aldiak ez dit gogorik kendu; alderantziz. Beti izango naute gertu nire txikian ahal dudana emateko edo laguntzeko.
Euzkitze, Amagoia eta Azpillaga mahaian
Iban Arregi (kazetaria; 2003-maiatza, Uztarria aldizkariaren 40. zenbakia)
Kostatutakoa izan da, baina azkenean mahai baten bueltan bildu ahal izan ditu Uztarriak hiru lagunak, Zarautzen, ia-ia beste modurik ez zegoelako. “Ez dela giro”, dio Amagoia Iban Egunkaria-ko kazetariak. Udalbiltzaren kontrako operazioaren berri izan berri dute, eta kafesne banari zurrupada emanez hasi dira euskal prentsaz hizketan, patxadan, batere presarik gabe; Zarautzen. Azpeitian jaioak dira Xabier Euzkitze eta Patxi Azpillaga, eta Matxinbentan Amagoia Iban. Hirurak, baina, Azpeititik kanpo bizi dira: Zarautzen Euzkitze eta Gurrutxaga, eta Bilbon Azpillaga. Hala, Zarauzko Musika Plazan bildu genituen hirurak. Komunikabideetan eskarmentu handikoak dira Euzkitze (ETBn) eta Gurrutxaga (Egunka-
ria-n), eta aditua Azpillaga (EHUko irakaslea da eta Kazetaritzan klaseak ematen ditu; hainbat lan egin du komunikabideez). Mahainguru mamitsua izan zen.
Bi hilabete badira Egunkaria itxi zutela. Zer balorazio egiten duzue bi hilabeteoz? Erasoaren tamaina, erantzunaren tamaina...
Xabier Euzkitze. Erasoaren tamaina ikaragarria izan zen. Beharbada gauzak ondoren aztertzen hasita erraza da esatea “ikusten zen bazetorrela...”, baina nik uste dut inork ez zuela pentsatu ere egingo horretara ailegatuko zenik. Eta hori aurretik bazeudela aurrekariak: Egin-ena hor zegoen, hura ere oso asaldagarria eta beldurgarria izan zena, baina ez dut uste hura hain harrigarria izan zenik. Ondoren eman ziren zenbait pauso ere badaude, kontuan hartu beharrekoak: AEKren kontrako operazio guztia, Elkarlanean-en kontra izan dena... Orduan, ikusten da haiek gauzak asko sinplifikatzen dituztela, eta denok pakete berean sartzen gaituztela. Beraien etiketak jarriko dituzte igual, hau halako eta bestea halako, baina oso garbi dute denok zein paketetan goazen. Orduan, pakete hori dena da beraientzako oso molestoa eta desatsegina, eta ahal dela neurri legalen eta ez legalen bidez indargabetu egin nahi dute. Beraiek oso garbi dituzte gauzak, baina neuri hain kalkulaezina egiten zitzaidan gertatu dena, operazio hau egin zitekeenik ez zitzaidan burutik pasatu ere egiten, eta benetan txoke ikaragarria izan zen. Gero, erasoaren tamaina hain handia izanda, erantzuna ere halakoxea eskatzen zuen. Pentsatzen dut lehenengo momentutik zegoen indignazioa, amorrazioa eta ulertu ezin hori oso garbi azaldu zela, eta eman den erantzuna momentuak eskatzen zuenaren araberakoa izan dela.
Patxi Azpillaga. Esaten denean ikusten zela bazetorrela, nik ez nuen ikusten. Gertatu zenean benetan harrituta eta kezkatuta geratu nintzen. Dena biltzearen politika horrekin, Batasuna ETArekin lotzen duen politika horrekin, instituzioen ingurutik aldenduta dabilen guztia da kontrakoa; eta dena ETArekin biltzen duen politika horrekin, Egunkaria bera ixteraino ailegatu den politika horrekin instituzionala ez den edozeren kontra jo dezakete.
Xabier Euzkitze. Dena dela, nik uste instituzional hori ere bereiztu egin behar dela. Beraien kontroletik aparte dauden instituzioak ere ez dira haientzat oso instituzional. Ni berez komunikabide instituzional bateko langilea naiz. Hala eta guztiz ere, ez dut uste haiek bereizketa hori oso garbi egiten dutenik. Esate baterako, Gil Roblesek egin zuen bere txosten famatu hartan Sorginen Laratza gurutze handi batekin markatuta zetorren, eta berak esaten zuen saio hartan “terrorismoaren apologia” egiten dela; eta hori, ni izanda saio horren aurkezlea, eta indarkeriarekin markatu izan ditudan distantziak markatuta. Guk karikaturizatu egiten ditugu Espainiako erregea, Miguel Sanz Nafarroako presidentea eta haiek hartzen dituzten zenbait erabaki, eta saiatzen gara berez nahiko karga dramatikoa duten gaiei beste punta bat bilatzen, beste ertz bat bilatzen, eta pertsonaia horiei ere daukaten ertzik zulakorrena bilatzen. Eta haientzat horrek esan nahi du gu ere talde horretan sartuta gaudela. Eta zeinek esan behar zuen ETBko langileen artean, eta langileen batzordeetan ere kezka horrek egon behar zuenik, “hemen hurrena gu izango gara” esanez. Eta nik kezka hori sumatu dut. Orain dela bi urte zeinek esango zuen hori?
Amagoia Iban. Nik uste, hain zuzen, Egunkaria-ren aurkako operazioaren helburuetako bat hori zela: ‘aviso a navegantes’. Ez dago zentsura okerragorik norberak beldurragatik bere buruari ezartzen diona baino. Eta hori da niretzat gakoetako bat. Erasoa ikaragarria izan dela diozuenean, erabat ados, baina ikaragarria hitzaren bi zentzuetan: hau da, handia, eta ikara ere sortzen duena. Hala, erantzuna ere bi mailatan sumatu da: handia izan da, baina ikara ere sortu du Egunkaria-renak. Bi hilabete hauetan eman den erantzuna polita izan da, baina aurrera begira, pertsona bezala eta gizarte bezala, aurrera heldutasuna zerak emango digu: paralizantea zaigun beldurra gainditzen eta kontrolatzen ikastea, pertsona bezala eta gizarte bezala hazten segitzeko. Hori da aurrera begira dugun erronka, ikaragarri horrek ez izatea beldurraren zentzua, eta beldurrak ez lortzea gu kontrolatzea.
Autozentsura aipatu du Amagoiak. Orain dela 13 urte bezala, zenbaitek Egunkaria-ren zabaltasunaren inguruko eztabaida jarri dute mahaiaren gainean. Zuek nola bizi izan duzue eztabaida hori, eta zer iritzi duzue?
Xabier Euzkitze. Momentu delikatu honek baldintzatzen du hori. Lehendabiziko aldiz hori aipatu zutenek aipatu zutenean, egin izan zitzaien kritiketako bat hori izan zen: orain daukaguna defenditzeko garaia da eta ez kolokan jartzekoa. Orduan, momentuaren egokitasuna zalantzan jar daiteke, baina nik uste dut, funtsean, eztabaida interesgarria eta eman beharrekoa dela. Horrek zer esan nahi du? Zabaltasuna zenbaitek honela ulertzen du: “Egunkaria-k Jaurlaritzatik diru bat jasotzen badu, Jaurlaritzak haren gaineko nolabaiteko kontrola izan beharko du, ezta?”. Eta nik uste dut horri ihes egiten saiatzea interesgarria dela. Ni aniztasunaren aldekoa naiz erabat, eta uste dut lehen Egunkaria-k lortu duen zabaltasuna baino handiagoa lor daitekeela, eta interesgarria litzatekeela gainera, baina ez dute uste horrek kontrol tresna zorrotzagoak ekarri beharko lituzkeenik. Benetan garrantzitsuena barruan daudenen espiritua zabala izatea litzateke, eta aniztasunaren bila hortik saiatzea.
Patxi Azpillaga. Hor bi gauza daude. Batetik, egin behar den eztabaida: zenbat euskarazko egunkarirentzat dago lekua, Euskal Herrian dugun merkatuarekin? Eta kontua bada batentzat bakarrik dagoela lekua, lortu behar dena da, eta ez bakarrik merkatu arrazoiengatik, baizik eta egunkari batek betetzen duen komunikazio funtzioagatik, zabala, oso zabala izan behar lukeela. Alde horretatik, eztabaida hori etengabe egin behar da, zabaltasunarena ez delako eztabaida abstrakto bat, etengabe egin beharrekoa baizik. Baina momentu honetan irten den bezala eztabaida, ia-ia Egunkaria ixtea justifikatzen duen argumentuak erabiliz... –“ikusten? Nahikoa zabala ez zenez, itxi egin dute, eta orain berria egin beharko dugunez, egin dezagun zabalago bat”—. Ez dut esan nahi itxiera justifikatu egiten denik, argumentuak halakoxeak izan direla baizik. Eta hori da ez zaidana egokia iruditzen. Kontuan hartuta egindako ibilbide guztia, hainbat urtetan finkatzen joan den egunkari bat, nire ustez kontua egindakoa babestea zen eta berriro zabaltzea, eta ondoren egingo dugu zabaltasunaren gaineko eztabaida, etengabe gainera.
Amagoia Iban. Ni erabat ados nago Patxirekin. Gainera, 13 urte hauetan etengabekoa izan da eztabaida hori Egunkaria-n. Eta izan da autokritikarik ere. Kezka hori beti izan da barruan, eta orain ematen du sekula ez dugula horretaz eztabaida. Gakoa Euskaldunon Egunkaria-ren 11 puntuetan dago. Egunkaria-k euskaldunen komunikateari erantzun behar dio, eta komunitate horretan oso kolore desberdinak daude, sentsibilitate asko. Zabaltasuna, hain justu, euskalgintzako arlo desberdinek plaza izatea da. Eztabaida artifiziala planteatu dute orain.
Patxi Azpillaga. Artifiziala edo bere onetik ateratakoa. Miren Azkaratek Errautsak zimentarri artikuluan esandakoak, esaterako. Nik ez dakit nola esan. Bai, aprobetxa dezagun lehengoa baino hobea egiteko, ados, baina ez gaitezen hasi baldintzak jartzen hasi baino lehen. Kontua da lehen genuena eta ondo egituratzen ari zena babestea, eta gero eztabaida dezagun. Eta Egunkaria-k horretan beti jokatu izan du nahiko zintzo.
Xabier Euzkitze. Nik ere Egunkaria barrutik ezagutu izan dut neurri batean, igandeetako azken orrialdeko Kate motzean nik jarri nuelako martxan, eta Seiko urrea-n ere aritu nintzelako zutabegile. Eta ez dut sekula-sekula inolako oharpenik jaso egin ditudan komentarioei buruz, edota kate motzerako aukeratzen nituen pertsonaien egokitasunari buruz... Nik idazten nituenak zenbaiten gustuko ez izanagatik, inolako oztopo txikienik ez dut sekula izan esan nahi izan dudana esateko eta aukeratu nahi izan dudana aukeratzeko.
Euzkitzek esan du instituzioen kontrola ez duela areagotu behar zabaltasunaren gaineko eztabaidak. Zer egiteko bete behar dute instituzioek eta, zehazki, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak prozesu honetan?
Amagoia Iban. Hasteko, argi eta garbi esan behar da gu ez garela egunkari publiko bat, baina zerbitzu sozial bat ematen dugula. Nahiz eta pribatua izan, funtzio publikoa betetzen dugu, hori hasteko. Hortik abiatuta, guk ere nahiko genuke diru laguntza beharrik ez izatea, baina tamalez beharrezkoa da, eta instituzioek lagundu egin behar dute halako egunkari bat. Gero, helburua autosufizientzia da, eta bide horretatik zihoan Egunkaria. Hau da, ez da kasualitatea Egunkaria orain itxi izana, urterik politena ixtera zihoalako: ekonomikoki begiratuta batetik, kultur parkea inauguratuta, proiektu berriak martxan...
Xabier Euzkitze. Oso kontuz aztertu beharreko kontua da diruz laguntzen duten erakundeek zer funtzio bete behar duten, zenbaterainoko kontrola eta zer eratakoa izan behar duten... Eztabaida hori mila aldiz sortu izan da gure artean; esaterako, gaztetxeen kasuan, edo beste mila arlotan. Eta hori bai, gero eta autosufizienteagoa, orduan eta hobeto.
Patxi Azpillaga. Ados, baina eztabaida hau ezin da airearen gainean egin. Kontuan hartu behar da 13 urteko ibilbidea egin duela Egunkaria-k, eta ezin da eztabaida bat abiatu 13 urte horiek existitu ez balira bezala. Orain, azken urteotan Egunkaria-rik egon izan ez balitz, eta egunkari berri bat egitea erabaki izan balitz, orduan zilegi litzateke duela 13 urteko eztabaida abian jartzea, zentzua izango luke horrek. Baina kontua da ibilbide bat izan duela Egunkaria-k, eta talde horrek erakutsi du taxuzko komunikabide on bat egiteko ahalmena duela, eta denbora horretan guztian giza kapitala bildu du, egite jakite bat osatu du, azpiegitura teknikoa osatu du... Hau da, gauza asko bildu ditu Egunkaria-k, eta orain, prozesu judizial bat eman dela aprobetxatuta hori dena eztabaidan jartzea zentzugabea iruditzen zait niri. Kontua da badugula azpiegitura hori guztia, eta hori ezin da zaborrera bota. Egunkaria hor zegoen, eta Egunkaria hori berreskuratu behar dugu. Eta gero hori hobetu egin behar dugula, zabaldu egin behar dugula? Ados, baina Egunkaria-k betetzen zituen gaur egun euskarazko egunkari batek bete behar dituen funtzioak. Eta egunkari horrek egiten zuen lana eta betetzen zuen funtzioa ikusita, babes publikoa merezi zuen, dudarik gabe. Ia mundu guztiak onartzen zuen diru laguntza publikoak justifikatuta zeudela. Eta are babes publiko handiagoa ere behar zuela esango nuke nik. Eta hor bada aipatu ez den beste kontu bat: 13 urte horietan Egunkaria-ko langileek oso baldintza txarretan egin dute lan, oso-oso baldintza txarretan beste komunikabideekin alderatuta. Eta hori ere aitortu egin behar da. Hainbat urtetan erabat modu militantean jardun du lanean jendeak, eta oraindik ere jarduten zuen. Gogoan dut Joxerra Garziak gai horren inguruan argitaratu zuen artikulu parea, berriz ere kazetari militantearen figura aldarrikatuz. Kazetari profesionalaren aurrean, kazetari militantea gutxietsia geratu da azkeneko urteotan, baina ez da gutxietsi behar, baloratu egin behar da, eta une hauetan euskarazko egunkari batek hori ere eskatzen du, kazetari militantea. Alde horretatik, beraz, zeukana baino babes publiko handiagoa ere beharko luke euskarazko egunkari berriak, betetzen duen funtzioa ikusita, eta ikusita langileek zer baldintzatan lan egin izan zuten.
Xabier Euzkitze. 13 urte denbora asko da, eta, gainera, oso ondo aprobetxatutako 13 urte izan direla iruditzen zait niri; nik inpresio hori daukat irakurle moduan. Hori eztabaidan jar ez daitekeen gauza da, 13 urtean aurrerapauso handiak eman direlako. Duela 14 urte ez zegoen argi egunkari bakarra ala bi izango ziren, eta orain, 13 urte pasatutakoan, eztabaida hori bertan behera geratu da. Argi dago egunkari bat behar dugula, eta ahalik eta jende gehienak beretzat hartuko duena.
Patxi Azpillaga. Baina hori egina zegoen, eta orain eztabaida hori zentzugabea da.
Amagoia Iban. Orain arte Egunkaria itxi dutenetik eman diren iritzietatik inork ez ditu zalantzan jarri Egunkaria-ren 11 puntuak, eta hori abiapuntu ona da.
Patxi Azpillaga. Baina ez 11 puntuak bakarrik, baita horren gainean eginiko ibilbidea, bildutako jendea, landutako azpiegitura dena ere. Hainbesteko bidea egin da, hori aitortu egin behar dela.
Xabier Euzkitze. Nik uste hor badela oreka bat. Batetik, ezer egin ez balitz bezala hutsetik abiatzea planteatzen duenak erabat gutxietsi egiten du orain arte egin den lana, meritu handiko lana dena, gainera. Neuk baino askoz baldintza txarragoetan lana egin duen jendea dago, eta proiektu horretan erabat sinetsita, gainera, proiektuan fede handia jarri duen jendearen lana izan delako. Bestetik, oinarri hori aitortuta eta errekonozituta, eta horren balioa inoiz zalantzan jarri gabe, hortik aurrera egin beharko litzateke. Eztabaidari ateak ixtea inoiz ez da ona, baina horrek ez du esan nahi hutsetik hasi behar denik.
Langileek iragarri dute egunkari berria laster izango dela kalean, eta badirudi hala izango dela. Baina nahikoa al da horrekin? Edo beste zerbait behar da halakorik berriro ez gertatzeko? Nola berma daiteke hori?
Amagoia Iban. Hor badago askotan aipatu izan den euskal komunikazio eremua, baina hori ez da defentsa neurri bat, hori sortu eta eraiki egin behar den zerbait da.
Xabier Euzkitze. Ikara hori hor dago, eta ezin da bermatu. Bihar martxan jarrita, zeinek esan dezake hilabete barru ez dutenik berriro itxiko?
Amagoia Iban. Eta bi urte barru, okerragoa dena.
Baina ezin al da ezer egin komunikabideen arloan, kazetarien arloan, euskal herritar moduan, halakoak egitea hain erraz ez izateko Espainiak?
Patxi Azpillaga. Instituzioen erantzukizuna da horrelakorik gerta ez dadin neurri batzuk ezartzea. Egin itxi zuten eta Gara zabaldu zuten; orain Egunkaria itxi dute eta beste bat zabalduko dute. Baina horrela ibili behar al dugu beti? Hori ez da modua, eta hori ez denez modua, instituzioek beste jarrera bat hartu behar dute, babesleagoa, Espainiako Estatuari berari esanez eta finkatuz mugak non dauden. Jaurlaritzak-eta argi erakutsi behar dute gauza batzuk ezin direla egin, instituzioek beraiek eta gizarteak ez dituztela gauza horiek onartzen. Bestela, gizarte mailan ezin da erantzun den moduan baino gogorrago erantzun. Instituzio mailan kokatu behar da erantzuna.
Xabier Euzkitze. Erantzuna oso indartsua izan da, erantzuna oso kolpekoa izan da, eta Donostiako manifestazioa ere benetan ikaragarria eta zirraragarria izan zen. Gainera, zabaltasun handia ikusi zen manifestazio hartan, eta indignazioa eta amorrazioa erakusteko balio izan zuen. Hortik aurrera askoz maila sakonagoan hitz egin behar da. Apustuak ez dira maila legalean bukatu, eta batzar nagusietan eta udaletan mila aldiz galdetu diote EAJri eta EAri ea Egunero laguntzen segitu behar duten eta abar. Beraz, alde horretatik instituzioek eman duten erantzuna ere nahikoa tinkoa eta ona izan dela iruditzen zait niri, publizitatea sartzeari ere ez diotelako utzi Egunero-n.
Patxi Azpillaga. Baina kontua ez da bakarrik publizitateari eta halakoei eustea. Nire ustez, adierazpen nabarmenagoa egin behar zuten instituzioek, esanez honaino ailegatu gara, hemendik aurrera instituzio honek ez du horrelakorik gehiago onartuko. Hor gogorrago jokatu behar zuten instituzioek.
Euskal komunikazio eremua aipatu du lehen Amagoiak. Zenbaitek komentatu izan du egoera honetan inoiz baino beharrezkoagoa dela gure komunikabide propioak sortzea, euskal prentsa bultzatzea, elkarren arteko harremanak sendotzea, sarea osatzea. Egin beharreko lan handia al dago hor oraindik?
Patxi Azpillaga. Euskal komunikazio eremuak alderdi asko dauzka: hartzaile partetik, eskaintza aldetik, instituzionalizazio eta legedi aldetik, merkatu aldetik... begira daiteke. Eta hori dena egituratzea ez da lan erraza, eta urte askotako lana beharko da. Baina hemen gero eta gehiago ikusten ari dena da badagoela Euskal Herrian komunikabideen kontsumo berezko bat, ari dela egituratzen eskaintza propio bat, eta hortik modu batean edo bestean eskaintzen den komunikazioa propioa dela. Eta horrek islatzen duena da badela Euskal Herrian iritzi publiko desberdina, Espainiakoaren desberdina dena. Dena dela, horrek baditu desoreka garrantzitsuak, batik bat bi: prentsan, batetik, Correo Taldea nagusi delako gurean; eta euskaran, bestetik, euskarak oso presentzia txikia duelako komunikabide idatzietan. Hori kontuan hartuta, bestelako egitura batzuk sortu beharko liratekeela? Komunikabide desberdinen arteko sinergiak bilatu beharko liratekeela, horrela hobeto erantzun ahal izateko hor dauden desorekei? Nik uste zentzuzkoa dela hori.
Amagoia Iban. Gaur egungo gure gizartea informazioaren gizartea dela esaten dugu, eta kontua da hemen jasotzen dugun informazio gehientsuena ez dagoela pentsatuta euskaldunen komunitatetik euskaldunen komunitateari erantzuteko. Kontsumitzen dugun gehiena ez, behintzat. Eta horrek baldintzatu egiten du iritzi publikoa. Nik euskal komunikazio eremua honela ulertzen dut: euskaldunek elkarren berri izateko informazio sare bat, espainolek, frantsesek eta portugesek duten moduan, herri normalizatuek duten moduan. Baina hemen gertatzen dena da guk besteena kontsumitzen dugula.
Kontsumoaz ari garela, zergatik erosten da Azpeitia bezalako herri euskaldun eta abertzale batean hainbeste El Diario Vasco? Zer egin dugu **‘gaizki’**?
Xabier Euzkitze. Jon Sarasuak Azpeitiko Kiroldegian bota zuen duela urte mordoska bat: “Zuen artean zer gertatzen den mila aldiz dut ikusi, Egunkaria txalotu eta El Diario Vasco erosi”. Eta hala da hori. Nik neuk ere Egunkaria-rekin bakarrik ez nuen nahikoa. Nire lanaren ardatzetako bat kirola eta pilota da, eta alde horretatik, Egunkaria-k bazuen pausoak eman beharra. Egunkaria-k ez zuen pilotari buruzko primiziarik ia sekula jaso –Egunkaria-ren beraren gabeziaren bat egon daiteke tartean, baina, batik bat, pilotako enpresek Correo Taldeko kazetariekin askoz lotura handiagoa dutelako, interes zehatz batzuk dituztelako—. Dena dela, arrazoi bategatik edo besteagatik Egunero-z gain El Diario Vasco erostera behartuta sentitzen banaiz, gutxienez El Diario Vasco ezkutuan eramaten dut etxera. Eta gero ikusten dut zenbait gauzatan ni baino sartuago dagoen jendea inolako konplexurik gabe El Diario Vasco-rekin bakarrik, lasai asko. Niretzat txoke handi samarra da hori. Zergatik dagoen hainbesteko desoreka euskaldun konprometituen eta euskarazko egunkariaren erosleen artean? Ez daukat nik oso garbi.
Amagoia Iban. Jendeak jardun izan du esaten ohituragatik dela, baina duela gutxi Xipri Arbelbide kazetariak oso artikulu adierazgarria idatzi zuen. Esaten zuen Espainiako trantsizioa eta gero Correo Taldeko egunkariek hainbeste saltzen zutela, eta ondoren beste egunkari batzuk ere sortu ziren, Correo Taldearen monopolioa hausten zutena. Baina orain askoz ere gehiago saltzen dute El Diario Vasco-k-eta.
Patxi Azpillaga. Nik ere irakurri nuen hori. Garai hartan El Diario Vasco-k 50.000 ale inguru saltzen zituen eta orain 90.000 inguru saltzen ditu. Eta Deia batek, esaterako, orduko erdia ere ez du saltzen. Ohitura kontua? Nik ez dakit, baina urte horietan Correo Taldeak asko handitu du bere difusioa eta prentsa abertzaleak behera egin du nabarmen.
Horrek ba al dauka eraginik euskal komunitatean? Zenbaiten ustez, ez.
Xabier Euzkitze. Hauteskunde emaitzetan ez da nabaritzen, behintzat.
Patxi Azpillaga. Zer esango dizut ba... Hor badago tesi bat esaten duena kontsumo mediatikoak ez duela eraginik norberaren aukera politikoan. Baina prozesu mediatikoak eta kulturalak oso epe luzekoak izaten dira askotan. Gero gertatzen dena da El Diario Vasco-ren hemengo irakurleak ETB ikusten duela eta Radio Euskadi entzun. Hau da, ez duela ildo bateko komunikabide bakarra kontsumitzen, kontrastatu egiten duelako beste komunikabideekin. Eta, bestalde, oso garrantzitsua da jasotzen den informazioaren kontrastea egiten dela lagunartean, bizitza sozialean, eta horrek beti balio izaten du.
Eta zertan eragiten du orduan?
Amagoia Iban. Erreferentzialtasunean ikaragarri eragiten du. Esaterako, hemen gehien kontsumitzen diren komunikabideetan euskarazko literaturak duen presentzia oso txikia da, oso txikia. Bernardo Atxaga, Anjel Lertxundi eta Ramon Saizarbitoria, eta hortik aparte zero. Azpeitian El Diario Vasco asko irakurtzen da, baina Azpeitiko ez dakit zenbat jendek dakien, esate baterako, egundoko idazle bat badugula Azpeitian: Jose Luis Otamendi. Azpeitiar gehienek ez zuten sekula haren ezer irakurriko, eta zer liburu idatzi dituen ere ez dute jakingo. Baina hori bai, gero Gunter Grassek edota Muñoz Molinak argitaratutako azkeneko liburuaren titulua jakingo dute, baina Otamendik argitaratutako azkeneko liburuaren titulua ez. Eta hori, askotan enteratu ere ez direlako egiten gertatzen da, El Diario Vasco-n azaldu ere ez delako egiten. Ezagutzen ez duzuna ezin da maite.
Patxi Azpillaga. Hori da. Gaiak-eta zeinek ezartzen ditu? Jendeak ahoz aho erabiltzen dituen gaiak zeinek markatzen ditu? Komunikabideek. Eta El Diario Vasco-k markatzen ditu, berak ezartzen ditu erreferentziak. Eta horrek euskal kultura osoan dauka eragina.
Amagoia Iban. Hori egunorokoan ikusten da, gainera. “Gobernu zentrala” deitzen dio komunikabide batek Espainiako Gobernuari, baina nire ‘gobernu zentrala’ nola izango da ba Madrilgoa? Erreferentzialtasun guztiak beraiek ezartzen dizkigute, eta azkenean, hamaikagarrenean zure ‘gobernu zentrala’ Madril izango da.
Xabier Euzkitze. Nik dudarik ez daukat komunikabideek badutela beren eragina, baita politikoki ere. Zorionez, hemen gure gatazka, gure miseriak, gure gora-beherak ezagutu egiten ditugu, eta badugu kontrastatzeko aukera ere. Zer gertatzen da Burgosen, zer gertatzen da Sevillan, zer gertatzen da Madrilen? Hemen gertatzen denari buruzko ikuspegi desberdina edukitzeko, zu zeu joan behar zara propio informazio horren bila, eta horren bila joaten direnak oso gutxi dira. Hemen ere eragiten du, baina beste leku batzuetan baino gutxiago. Gezurra mila aldiz errepikatzearen bidez, gainera, egiaren zantzuak hartzen ditu, eta hori gertatzen da Espainiako leku gehienetan.
Patxi Azpillaga. Kontuan hartu behar da, bestalde, prentsa oso merkatu berezia dela, ez dela irratia eta telebista bezala. Egunkari asko dauden tokietan egunkari batek edo batzuek bereganatzen dute merkatuaren parterik handiena, badago horretarako joera bat. Zaila da oso merkatu txikiak aurkitzea, non eskaintza desberdinak dauden eta parekoak diren. Normalena da egunkarietako bat bihurtzea nagusi eta besteak bigarren mailan geratzea, eta hori nahiko ohikoa da. Hemen, gainera, enpresa bat sekulako baliabideekin dago, eta horrek aukera ematen dio oso eskaintza indartsua egiteko.
Eta horri nola egin aurre? Nola eman dakioke buelta merkatu egoera horri?
Patxi Azpillaga. Horixe da galdera. Nola egin aurre? Pareko eskaintza batekin? Ez duzu halako baliabide ekonomikorik, ez duzu halako sarerik informazio bat jasotzeko, eta beti bigarren maila batean zaude. Eta berriro bueltatzen gara lehengo gaira. Europako hainbat lurraldetan babes sistemak daude prentsarentzat. Hau da, jakinda hori gertatzen dela, jakinda badela monopoliorako joera bat, lurralde gehienetan prentsa aniztasuna sustatzeko eta bultzatzeko babes neurriak daude: diru laguntzak (automatikoak, hainbat kostu murrizteko; gutxiago saltzen duzulako ematen direnak...)... Beraz, Europako lurralde ia gehienetan ematen zaio babes publikoa prentsari, prentsaren munduan aniztasun minimo bat babesteko. Kontua, beraz, ez da hainbeste prentsa abertzalea txarra dela. Izan ditu igual bere akatsak, prentsa abertzalea (Egin, Deia, Gara) markatuegia egon delako ideologikoki, eta horrek zabaltzeko aukerak murriztu dizkiolako. Baina, batik bat, merkatu egitura dago hor, merkatua horrelakoa da. Horregatik, gauzak horrela dira, eta ulertu ere egin behar da jendeak prentsa espainola erostea.
Xabier Euzkitze. Gainera, behin hizki mota batera ohitzen garenean, kolore batera ohitzen garenean, zaila da gure ohiturak aldatzea, eta hori bihurtzen da gure erreferentzia nagusia.
Amagoia Iban. Horretan herri aldizkariek egiteko garrantzitsua bete dute eta betetzen dute, herritarrak euskarazko prentsara erakarri dituztelako.
Patxi Azpillaga. Egia da hori, azken urteotan lan handia egin dute. Baina hori bai, aldizkariek ere badute aurrera egiteko garaia, urteotan metatu denari oraindik etekin handiagoa ateratzeko. Herri aldizkariek lortu dute presentzia eta errekonozimentua, eta orain bada aurrera egiteko momentua, eta aukera ona dago, gainera.
Azpeitiarrak, "GAL mediatikoa" eta beste
Uztarria Kultur Koordinadora (2003-ekaina, Uztarria aldizkariaren 41. zenbakia)
Abertzale batek ez, baizik eta espainiar-zale batek bota zuen galdera ABC-ren orrialdeetan: “Euskal herritarrak —botoemaile abertzaleak barne— prentsaren kontsumitzaile handiak dira, baina zergatik egiten dute paso Deia-tik edo Gara-tik, beste egunkari batzuk erosteko?”. Eta zioen erantzuna “nabarmenegia” dela eta ez zuela idatziko artikuluan. Hain garbi al dago erantzuna? Azpeitian %90 abertzalea da, baina Espainiako Konstituzioaren aldeko prentsa da nagusi: El Diario Vasco. Zeinek dauka erantzuna? Azkeneko urteetan
—batik bat, Lizarra-Garazi abian jarri zenetik— EAJ deseroso jartzen ari da zenbait egunkari ez-abertzalerekin, eta orain dela aste batzuk, ABC-ren ‘informazio’ baten ostean, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak berak “GAL mediatikoa” dagoela esan zuen.
Joseba Egibar eta iturriak. Maiatzean izan diren udal hauteskundeetan Lizartzan EAJren alkategai zen Joseba Egibar, bera andoaindarra izan eta Donostian bizi arren, eta azalpenak ematera joan zen lizartzarren aurrera, hauen kexengatik. Lizartzar batek DV-ko zerbait irakurri zion, eta hona Egibarren erantzuna: “Harritzen nauena da jendeak hainbeste DV irakurtzea, baina lehenengo eta behin esan behar dudana da nik ez erosi eta ez irakurri egiten dudala, eta nik DV-ri azkeneko lau urte eta erdiotan ez diot inolako adierazpenik egin, ez elkarrizketarik, ez zeharkako adierazpenik, hala erabakita dudalako”. Eta ironiaz bukatu zuen azalpena: “Gero [DV-ren artikuluetan] ‘fuentes’ aipatzen da eta herri honetan dagoen gizonik garrantzitsuena señor ‘Fuentes’ da; ‘Fuentes’-ek esaten ditu eta egiten ditu gauza guztiak”. Eta ‘Fuentes’-ek eragina du, baita gero boto abertzalea ematen bada ere. Azpeitian, esaterako. Baina Egibar gutxi izan gurean!; listinean, bost baino ez.
DV: sorrera eta 1978. urtea. Espainiako bigarren Errepublikako garaian hasi zen El Diario Vasco argitaratzen, Donostian. 1934a zen, eta Joxean Elosegi historiagilearen artikulu batean aipatzen den bezala, “Madrilgo agintari eskuindarrek, bihurritzen hasia zen euskal lurraldeko bihotzean” sortu zuten DV, “Espainia handia, bakarra eta santua zazpi zeruetara goitituko zuen matxinada faxista eraginkorra prestatzeko”. 1936ko uztailaren 18an, “Gaur da eguna” esanez zabaldu zituen bere orriak. 1978a arte, ordea, ez zen oso egunkari handia izan. *La Voz de España kazeta zuen lehiakide Gipuzkoan; hain zuzen, La Voz* zen herrialdeko egunkaririk irakurriena. Baina Espainiako Gobernuari ez zitzaion askorik gustatzen eta oraingotxe sistema bera erabili zuen: Polizia bidali egunkaria ixtera; langileen artean “iraultzaile independentistak” zeudelako. DV-ri mesede ederra egin zion itxiera hark, 30.000 aleko tiradatik 60.000kora pasatu zelako, eta publizitate guztia ere eraman zuen. Azpeitiarrak ere DV-ren erreinuan ‘sartu’ ziren operazio ‘demokratiko’ haren ondoren. Alegia, nolabait esanda, zilegitasuna eman ziotela ixteko erabaki hari.
ABC-ren anaia lehengo urretik. Correo Taldeko 19 egunkarietako bat da azpeitiarron kazeta —DV, alegia—, eta 2002ko urtarrilaren 1etik ABC egunkariaren anaia, Correok eta ABC-ren enpresak bat egin zutelako. Zertarako? Negozioa egiten segitzeko —ABC-rekin Correo Taldeak egunkari nazionala bazuen jada—, “askatasun zibilei lotua, ezinbesteko zerbitzu publikoa” emateko, eta, nola ez, Espainiaren batasuna defenditzeko. Honatx zer zioen bat egitearen berri eman zuten eguneko DV-ren editorialak: “*Todos nuestros medios se han constituido en referencia y soporte del ordenamiento constitucional, en adalides de la conciliación de la gran y rica pluralidad autonómica con la unidad de España y en leales servidores de la Corona, verdadero símbolo y depósito de los valores morales en que se funda nuestra convivencia en paz*”. Harrezkero, Correo Prensa Españolak —lehengo astetik, Vocento— 100 milioi euro inguruko irabaziak ditu urtean. Azpeitiarrei esker, besteak beste. Izan ere, azpeitiarrek urtean 470 mila euro ematen dizkiote ABC-ren anaia DV-ri (78 milioi pezeta), egunero El Diario Vasco-ren ia 1.400 ale saltzen direlako gure herrian.
Intentzionalitatez jokatuz (I). Egunkari bakoitzak ere gizartearekiko bere ikuspegia du, zilegi denez. Eta bakoitzak bere erara interpretatzen ditu albisteak eta gertaerak, intentzionalitatez jokatuz. Batzuek “manipulazioa” ikusten dute hor. Horratx lehen adibidea. Orain dela hiru urte, Xabier Arzalluz EAJko EBBren presidenteak ekitaldi publiko batean esan zuen, “1977an Francoren diktaduraren amaieran errepresioa” egon arren, indar politiko abertzaleek gehiengo osoa izan zutela EAEn, “eta inmigrazio masiboa egon izan ez balitz nazionalismoaren indarra erabat izango zen nagusi”. El Correo-k hurrengo egunean argitaratu zuen Arzalluz etorkinen kontra bezala mintzatu zela ekitaldian, eta, hori argitaratu eta gero, egunkarietan-eta areagotu egin ziren Arzalluzen aurkako isekak. Arzalluzek orduan gutun irekia idatzi zion El Correo-ko zuzendariari, Angel Arnedori, bere hitzak “manipulatu” egin zituela esanez, eta gogor egin zion eskutitzaren bukaeran: “Zuk, militar gisa, badakizu zer den indarkeria armatua, denok gaitzesten duguna. Baina egunkariko zuzendari gisa, badirudi ez duzula erreparorik indarkeria mediatikoa erabiltzeko zure arerio politikoaren kontra. Niri eta nire alderdiari, mina ematen digu erasorik gogorrenak *El Correo Español egunkariaren bidez etortzeak; izan ere, [El Correo*-ren] lehen inprimaldia, gerra zibilean, EAJri manu militari lapurtutako errotatiba eta makinariarekin egin baitzen”.
Intentzionalitatez jokatuz (II). Orain dela bi urte, 2001eko abuztuaren 20an, leherketa arraro bat gertatu zen Donostian, parte zaharrean. Ume batek eta haren amonak auto-jostailu bat topatu zuten taberna bateko komunean, hartu egin zuten, baina taberna kanpora irten, euren autora sartu, jostailuarekin jolasean hasi eta honek eztanda egin zuen. Ondorioa: amona hil egin zen eta 16 hilabeteko haurrak oso zauri larriak izan zituen (itsu gelditu zen). Segituan hasi ziren zurrumurruak: batzuek ETAren ekintza izan zitekeela, besteek ez zela hura ETAren jokatzeko era, beste batzuek “kale borrokaren” ekintza zela... Pasatu ziren egunak eta hilabeteak, eta ezker abertzaleko politiko ezagunak hasi ziren esaten “gerra zikina” zela hura; ETAk ez zuen bere egin hilketa eta kale borrokakoen izenean inork ez zuen ezer esan (beti aitortzen dituzte beraiek egindako ekintzak). Urtebetera,
DV-k orrialde osoko erreportaia eskaini zion gaiari. Eta artikuluaren enfokea gertaera kontatzea eta haurraren egoera azaltzea izan zen, hilketa kasualitatez gertatu izan balitz bezala. Ez zegoen ikerketa edo interpretazio berezirik.
Prentsaren Auzitegia eskatuz. Xabier Arzalluzek berriro hautsak harrotu zituen 2001ean, “komunikabideen gehiegikeriak bukatzeko” Prentsaren Auzitegia sortzea eskatu zuelako. PSOErentzat eskaera “lotsagarria” zen, PPrentzat “planteamendu faxista”. Eta Arzalluzek artikulua idatzi zuen Deia-n. “Guido Brunner enbaxadore alemaniarrak auzitegietan erabateko indefentsioa, eta presio eta jazarpen mediatikoa jaso zuen, batez ere Espainiako bi egunkari inmoralen aldetik, gobernu sozialistarekin eta Felipe Gonzalezekin zeukan harreman bikaina zela eta. Aldiz, Stern, Alemaniako astekari indartsuak Brunnerri buruz Espainian zer esaten zen jaso zuenean, Brunnerrek Stern-en kontra parte sartu zuen Hanbur-geko Prentsa Delituen Salan. Salak hilabetera atera zuen epaia eta Stern zigortu egin zuen, jendaurrean hanka sartu zuela aitortzeko esanez, isuna ezarriz, baita indemnizazioa ere. Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia. Niri orain urte batzuk hilketa baten ‘eragilea’
nintzela esan zidaten publikoki, eta behar morala eduki nuen parte sartzeko. Auzitegiak atzera bota zuen kereila, dialektika politikoan gehiegikeriak arraroak ez direla argudiatuz”. Egunkarietan abertzaleei buruz gezurrak eta irainak idaztea libre da. Eta guk, erosi eta irakurri.
Bake edo "gerra" hedabideak. Ipar Irlandan, IRAk 1994an su-etena eman baino lehen, gauza bitxi eta interesgarri bat gertatu zen: Ipar Irlandan nagusi diren eta ideologikoki aurrez aurre dauden bi egunkarik editorial bateratua argitaratu zuten egun berean, ados jarrita. The Irish News egunkari errepublikarra (144.000 irakurle) eta News letter unionista (133.000) dira bi egunkari horiek. Irakurleek ondo hartu zuten ekimena. Bakearen eta demokraziaren aldekoa zen. Badira urte batzuk Ipar Irlandan konponbide demokratikoaren bidean daudela. Euskal Herrian, berriz, egoera dagoen bezala dago. ETAren su-eten garaian izan zen aukerarik pausoak aurrera emateko, baina, Txema Ramirez EHUko irakasleak orduan Bilboko jardunaldi batzuetan esan zuen bezala, “Euskal Herrian zabaltzen ari den bake prozesuaren aurrean komunikabideak oso jokaera ezkorra izaten ari dira, eta gatazka politikoa bideratu beharrean, oztopo bilakatu dira”. Ez zen ari egunkari abertzaleez. Joxe Azurmendi filosofoa ere ildo berean aritu zen su-eten garaian: “Urte bat pasatuta [ETAk su-etena eman zuenetik], denok daukagu kezka handi bat: informazioarena; prentsa, irrati, telebisten manipulazioarena, edo treguarik gabeko gerra mediatiko etengabearena”. Izan ere, Espainiaren batasuna “arriskuan” zen eta hori saihestu beharra zuten ABC-k eta.
'Egunkaria'-ren itxiera dela eta. Otsailaren 22an egin zen Euskal Herriko aspaldiko manifestaziorik handienetakoa: Donostian, Egunkaria-ren itxiera zela eta. Hurrengo egunean DV-k editorialean esan zuen manifestaziora joan zirenek “jarrera biktimista” zutela. Ikusten da: biktimarena egiten zein eta egunkari baten itxiera salatzen ari zirenak! Halaber, Jaurlaritzari Espainiako Justiziarekiko “errespetu” handiagoa izatea eskatzen zion DV-k. Beste bi data. 1: martxoaren 21ean argitaratu zen Euskal Herrian lan egiten duten komunikabideetako langileen Egunkaria-rekiko atxikimendu zerrenda, eta DV-tik 16renak baino ez zeuden. 2: maiatzaren 23an, El Correo-k bi egunkariren itxiera salatu zuen editorialean; Marokon izandako itxierez ari zen, ez Egin-ez eta Egunkaria-z...
Euskara eta Diario de Navarra. Aurten ari da betetzen bere sorreraren mendeurrena Diario de Navarra. Nafarroako egunkari nagusia da, baina ez da egunkaria soilik. 1936an Francoren altxamenduaren aldeko jarrera garbia eduki zuen. Nafarroan bertan milaka herritar xume erail zituzten orduan, eta Diario de Navarra-k ez zuen ezer informatzen. Hala iritzi ziolako bertako zuzendariak: Garcilasok... Francoren aldeko politikaria ere bai baitzen aldi berean: Bloque de Derechaseko diputatua. Orain ere oso-oso egunkari eskuindarra eta Espainia-zalea izaten segitzen du Diario de Navarra-k. Euskararen kontrako sutsua da. Baina UPNren gobernuak, 2002an Egunkaria-ri diru laguntza kendu zion bitartean, bere egunkariari dirua eman zion astean euskarazko orrialde bat egiteagatik, nahiz eta Diario de Navarra-k laguntza eskaera epez kanpo egin zuen.
'El Correo'-ri boikota eta kontraesanak. Javier Atutxak 1996an gutun berezi bat bidali zien alderdiko afiliatuei, Bizkaiko EAJren lehendakaria zenean. Eskutitzeko agindua: “*El Correo Español* ez erosi, ez kolaboratu berak antolaturiko ekitaldi edo programetan, ez sartu publizitatea, eta mezu hau helarazi gure boto-emaileei, horiek ere horrela joka dezaten”. Bistan da ez ziotela kasu handirik egin, El Correo baita nagusi, eta nola!, Bizkaian. Eta bistan da EAJk berak ere ez duela betetzen agindu hori. Izan ere, Bizkaiko Diputazioak bere iragarkiak Correo Taldeko agentzia baten bitartez bideratzen ditu; alegia, Correo Taldeari dirua ematen diola horrela.
Bi esaldi. Juan Joxe Ibarretxe EAEko lehendakariak Gara-ren 1. zenbakiko iritzi artikuluan, izenburuan: “Egia baino ez da albistea”. Jose Antonio Zarzalejos, egun ABC-ren zuzendariak ETAk su-etena eman zuen urtean, 1998an, DV-n, artikulu batean, lord Northcliffe delako batek behin esan zuena gogoratuz: “Informazioa, norbaitek nonbaiten ezkutatu nahi duen zerbait da, beste dena propaganda da”.
Beste esaldi batzuk. German Kortabarria (ELAren komunikazio burua): “Correo Taldea, indar politiko modura ari da jokatzen”4Josu Landa (idazlea eta kazetaria): “DV antiterrorismoan izan daiteke eredu; aniztasunetik urruti dago”. Txutxi Ariznabarreta (LABen komunikazio burua): “Kriminalizazioa dago, kanpaina mediatiko izugarriaz lagundurik”. Adolfo Perez Esquivel (Bakearen Nobel sariduna): “Hedabide batzuek batzuetan suari egur gehiago botatzen diote”. Xabier Arzalluz (EBBren lehendakaria —orduan—): “Manipulazioa hainbesteraino heldu da, zenbait komunikabide arerio politiko direla esan daitekeela”. Joseba Azkarraga (Eusko Jaurlaritzan kontseilaria eta EAko kidea): “Komunikabideetan kanpaina orkestatua dago, dena ETA balitz bezala”. Arnaldo Otegi (SAren legebiltzarkidea Gasteizen): “Eztabaida zuzentzen eta errealitatea itxuraldatzen dute”. Txillardegi (idazlea): “Correo Taldeak-eta egunero beste herri bat marraztu nahi dute”.
Lau hilabeteko kronika
Enekoitz Esnaola (kazetaria; 2003-uztaila, Uztarria aldizkariaren 42. zenbakia)
Hemen zeozer pasatzen dek”. Horixe aipatzen zen otsailaren 19an Azpeitian. Izan ere, herrian ez zen oso ohikoa ezezagun batzuen presentzia handia. Gasolindegi txikian, Orkatz inguruan, plazan... zebiltzan ezezagun haiek. Eta Zaharretan ere bai. Hurrengo egunean aurkitu zuen jendeak esplikazioa: Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendariak hitzaldia zeukan otsailaren 19 hartan Zaharretan, Baite Euskara Elkarteak antolatuta, eta hura zaintzera etorriak ziren gurera ezezagun haiek. Gero atxilotzeko, Tolosan. Esan daiteke, beraz, nolabait Azpeitian ere hasi zela operazio polizial eta juridiko hura. Lau hilabetera atera da euskarazko egunkari nazional berri estandarra —Berria—. Lau hilabete bizi izan dira. Lau hilabete historiko. Eta egoera bereziak eta pasadizoak, hortaz, batzuk bai. Baina, batez ere, hasierakoak geratu dira iltzatuta hori bizi izan dutenen artean.
Otsailaren 20ko goizeko seirak. Gau hartan Egunkaria-ko azpeitiar batek propio piztuta utzi zuen telefono mugikorrera deia Tolosaldetik. Martxeloren etxera sartu zela Guardia Zibila. Eta Egunkaria itxita zegoela. Ordubetera, Andoainen, AEKren egoitzan, dozena bat lagun zeuden bilduta; azpeitiarrak tartean. Zer egin? Nola hasi antolatzen? Nola hasi komunikatzen? Egoera beltza zen —hamar lagun atxilotuta eta Egunkaria itxita—, baina jendea ez zegoen nerbioak jota AEKren egoitzan, ez zegoen etsita. Lasai eseri, makinako kafesne triste bat hartu —zer ederki sartu zen, ordea...—, eta aurrera. “Goazen Tolosara. Bihar ere egunkaria atera behar dugu, eta han badago zeozer ateratzeko baliabiderik: Tolosaldean Egunero egunkariarenak —Egunero-ren enpresako bazkidea zen Egunkaria—”. Eta kanpaina hasteko leloa? Batek segituan: “Ba, kantukoa: Egunkaria aurrera”. Primerakoa zen leloa. Izan ere, bada garaia Euskal Herrian ‘gora’-tik ‘aurrera’-ra pasatzeko; ‘aurrera’ ez baita estatikoa, eta hemen, mugitu beharra dago. Lehengoan, Berria-ren 1. zenbakian Iñaki Uria, Egunkaria-ko kontseilari ordezkariak kartzelatik idatzi bezala, “aurrera eta batera”.
Tentsioa. Tentsio eta emozio handiko uneak izan ziren Tolosako lehen egun hartakoak. Tolosaldean Egunero-ko lan taldea Galtzaundi eskualdeko aldizkariaren lokalera joan zen. Hala, Tolosaldean Egunero-k Galtzaundi-ren izena hartu zuen, eta Egunkaria-k Egunero-rena. Hori, segituan egin zen. Baina eskualdeko batzuei azaldu beharra zegoen aldaketa hori; hau da, Tolosaldean Egunero-n —orain Tolosaldeko Hitza izena du— azkeneko orrialdean zorion agurrak daude eta jendea egoitzara joaten da senideen-eta argazkiekin, baina egun hartan haiei esaten zitzaien Egunero-n ez zeudela Egunero-koak, baizik eta Egunkaria-koak, baina Egunero egiteko, eta Egunero-koak Galtzaundi-n zeudela, baina ez Egunero egiteko, baizik eta Galtzaundi, baina ez hamabostero egiteko, baizik eta egunero. “Nola?”, jendeak. “Entzun duzuen bezala”. Ez zegoen beste esplikaziorik.
Ezta bromatarako girorik ere Egunero berriaren 1. zenbakia egitean. Egunkaria egiteko gogo handia zegoen, eta pizzak ugari. Eta Coca Colak. Eta zigarroak. Eta buila batzuk ere bai. Eta inprimategiarekin negoziazioak. Eta egoera zelebreak, ondorengo pasadizoak erakusten duen bezala. Hau da, 1. zenbakiaren staff-erako —arduradunen izenak joaten diren txokorako— Galtzaundi-ren eta Tolosaldeko Egunero-ren arduradunen sinadurak-eta behar ziren, haien izenean baitzioan, eta hori egiteko, Egunero-koak deitu egin zion Galtzaundi-koari: “Hi, staff-a egin behar dugula”. Laguna, kezkatuta zeharo: “Estafatu?! Hori ere bai?!”.
Hitz egiteko gogo handirik ez zegoen goizeko ordubatak aldera. Imaginatu egoera: ordurako lau langile besterik ez egoitzan, zenbakia inprimategira bidaltzen Internetez, egoitzako —behe batean dago— ate ondotik autoren bat pasatzen ari zela entzun, arnasari eutsi eta... “lasai, ez da gelditu”. Guardia Zibila noiz etorriko beldurra zegoen lokalean.
Martxelori deia. Martxelok kartzelatik irten zuenean hari telefonoz elkarrizketa egiteko beldurra ez zegoen, baina ezohiko egoera gertatu zen Tolosako erredakzioan. Asteartea zen, otsailaren 25a, gaueko bederatziak inguru. Deia Madrilera, Egunero-k han zuen kazetariari, ea Martxelo harrapatuko al zuen kartzelatik irten bezain azkar, Tolosatik pare bat galdera egiteko, egunkariak 21:30erako Iruñean behar zuela eta. Iritsi ziren 21:15ak eta Martxelo kartzelatik atera zen. Baita Egunero-ren kazetariak azkar harrapatu ere. “Hemen daukazue Martxelo. Aizak, Martxelo, Tolosatik hotsegiten ditek. Benga”. Eta Tolosan telefonoaren ondoan dozena bat kazetari, baina inork ez nahi telefonoa hartzerik! “Hartu baten batek!”, bota zuen batek. Ezta hala ere. Bost segundo luze izan ziren. Azkenean gazteenetakoak hartu zuen. “Martxelo, bi galdera egingo ditiat”... baina orduan Martxelo zen ezin zuena hitz egin, emozionatuta zegoen. “Bueno, aizue, Martxeloren adierazpenik gabe bidaliko dugu Iruñera, baina testua moldatu behar duenak, moldatu”. Eta hala joan zen 5. Egunero hura. Baina ez. ETB2n Teleberri-n, 21:35ean, Julio Ibarra aurkezleak esan baitzuen ETBko kazetariak ondoan zuela Martxelo eta elkarrizketa egingo ziola. “Ez ba, Martxelo. Adarrik ez!”, esaten zen Tolosako erredakzioan. Huskeria esanda ere sartu beharra zegoen Martxelok esandakoa, eta Iruñera deitu behar, beraz. “Aizue, atzera bota bidali duguna. Hor izango duzue berriro, hamar minutu barru”. Gero, egundoko adierazpenak egin zituen zuzendariak, eta merezi izan zuen aldaketak.
Handik bi egunera azaldu zen Martxelo Tolosako erredakziora. Goizez. Eta langile gehienak falta. “Non daude?”, hark, harrituta. “Andoainen, batzarrean. Goizero egiten ditek”. Andoainera bidean berak ekarri zuen gogora Azpeitikoa: “Guardia Zibilaren autoan Madrilera neramatela akordatu ninduan Azpeitikoaz, Zaharretan atarian zeuden beste bi haiez eta”. Hari ere esan bai baitzitzaion orduan, otsailaren 19 hartan jende arraroa zebilela Azpeitian. “Gero, Urrakin gora, atzetik izan nitian bi auto”.
Berria-ren zuzendari izendatu dute orain hura, baina lau hilabete hauetan apenas egin duen kazetari lanik. Harremanetan ibili da, hitzaldiak ematen, elkarrizketak... Egunkaria-ko jende asko ere gauza berriak egiten egon da Berria sortu baino egun bat lehenago arte: kazetariak harpideak lortzen, giza baliabideetakoak herri batzordeak sortzen eta gidatzen... Berria-ko erredakzioko buruetakoa batek, egunkari berriaren 1. zenbakia egiten ari zirenean zioena: “Egunkaria itxi zutenetik, DV ez diat ezta irakurri ere egin”. Bazen beste zereginik. Egunkaria itxi zuten garaian erdarazko komunikabide bateko langile batek esan zuen: “Hauek balak dira!”. Arma bakar, hitza dutenak.
Mikel Azkune eta Eneko Etxeberriari elkarrizketa
Idoia Mendizabal (kazetaria; 2003-azaroa, Uztarria aldizkariaren 45. zenbakia)
Espainiako Estatuaren beste sarekada bat izan zen urriaren 16koa. Egun batzuk lehenago 34 euskal herritar atxilotu zituzten, ETArekin “harremana” dutelakoan —14 askatu dituzte—, eta urriaren 16an euskalgintzako zortzi lagun. Haien artean bi azpeitiar: Mikel Azkune, etxean, Errenterian; eta Eneko Etxeberria geroago, Madrilen, 20an. Azkune Egunkaria S.A.ren Ardatz enpresako administraria da eta Etxeberria Egunkaria S.A.ren lege ordezkaria. 21ean irten zuten libre, baina inputatuta, eta Azkune 12.000 euroko fiantzarekin. Inpuntazioa, “iruzur” egitea. Hori guztia “lotsagarria eta asmakeria” dela diote.
Nolakoa izan zen zuen atxiloketa?
Mikel Azkune. Goizeko ordu biak aldera sartu ziren etxera guardia zibilak. Atxilotu nindutenean banekien Ardatz enpresagatik neramatela (Egunkaria-rako iragarkiak lortzen zituen enpresa da), administratzaile naizelako, eta pentsatu nuen sarekada izango zela, ez nintzela atxilotu bakarra izango.
Eneko Etxeberria. Madrilen, Entzutegi Nazionaleko gela batean nengoen, behean, zain, eta ordurako oso nekatuta, dagoeneko gaueko bederatziak zirelako eta goizetik nengoelako han, abokatu naizenez. Del Olmo epailea etorri zitzaidan, bere gelara igotzeko. “Proba dokumentalak daude, deklarazioetan egindako zure kontrako akusazioak ere bai, eta atxilotuta zaude eta inkomunikatuta”, esan zidan. Aurretik deitu izan banindu joango nintzatekeen, baina eskertzen diot bera pertsonalki etorri izana atxilotzera...
Eta tratua, nolakoa izan zen?
Azkune. Infernu latza izan zen. Ez genuen inolako tratu txarrik jaso; ez fisikoki, ezta umiliaziorik ere. Tratua zuzena izan zen, komatxo artean. Baina beldurtuta nengoen, badakidalako nolako egurra eman ohi den inkomunikazio egun horietan [Mikel Azkune bost egun egon zen inkomunikatuta, bere abokaturik gabe. Madrilera autoan eraman zuten, burua makurtuta eta estalita. Ziegan deklarazioa, hormara begira eta begiak estalita. Jatekoa, beti hotza; mortadela otartekoa. Azkeneko gaua marmolezko ohe baten gainean egin zuen].
Etxeberria. Nirea desberdina izan zen, gau bakarra egin nuelako, Guardia Zibilaren eskutik pasatu gabe, epaitegian bertan atxilotu nindutelako. Baina tratua izan zen. Urduri jarri nintzen Del Olmok hori esan zidanean. Tentsio jaitsiera izan nuen. Epaitegiko ziegetara jaitsi ninduten eta hantxe pasatu nuen gaua, goiza arte.
Zer galdetzen edo akusatzen zizuten?
Etxeberria. Del Olmo epaileak teoria oso bat dauka eratuta, non Egunkaria S.A., Martin Ugalde Kultur Parkea eta abar ETAko parte diren, diru zuriketak eta halakoak ikusten ditu alde guztietatik, eta nik ba omen dut horren denaren berri. Nik segituan esan nion ez dagoela deliturik. Eta, era berean, esan nion ni ez naizela ETAkoa, Egunkaria S.A.ko lege ordezkaria naizela, eta inor inoiz ez zaidala etorri ETAkoa dela esanez eta zerbait aginduz.
Azkune. Inkomunikatuta egon nintzen bost egunetan Guardia Zibilak hiru aldiz interrogatu ninduen; behin furgonetan, beste bietan kalabozoan. Beti izan naiz Egunkaria-ko sare komertzialeko langilea, zortzi urtean; eta Ardatzeko administraria ere banaiz, baina nik ez nuen horretan lan egiten. Fikziozko administradorea naiz, eta horregatik Ardatzeko funtzionamenduaren inguruan ezin nuen ezertxo ere esan, ez nekielako. Inolako funtsik gabeko akusazioak ziren. Lotsagarria.
Eneko, zeu zara Egunkaria S.A.ko lege ordezkaria eta, hala ere, |