Arestiren leihoa
Elizaren eta erlijio ordenen gonapetik aldentzen eta, lotsati antzean aurrena, eta ausartago gero, bide propioa egin nahiko duten idazleak burua erakusten hasiko dira hogeigarren mendearen azken laurdenetik atzera.
Euskal kultura eta literatura laiko bihurtzeko malkarretan sartzea ekarri dute hizkuntzaren garapenak eta munduko iritzi-leihoak zabaltzeak: deskolonizatzeak, askapen mugimenduak, Vietnamek, Vatikano II.ak... Estreinakoz 1970eko hamarkadaren hondarretan hasi eta hurrengoetan segi, literatura jarduera burujabe moduan bizi duten belaunaldiak sortu dira Azkoitia-Azpeitietan bata bestearen atzetik. Loratze betean da euskal literatura azken aldi honetan, edertasuna jendetasunaren mamiz beztitzeko lan zailari emana, literatura egitea beste helbururik gabe funtsean. Inor kristautu nahi izan gabe, inor zintzotzeko eta zentzatzeko xederik gabe. Idazletza ariera libre moduan, ez inongo elizaren ez inongo alderdiren morroi, mirabe izan gabe. Mendeak behar izan dira. Jendar-tearen, ekonomiaren eta pentsamenduaren gurpilek ezarri duten galga berria da. Kostatakoa.
Eskolatze orokorrak eta bizi maila goratzeak, eliz gizon-emakume izandako askoren laikotzearekin batera, jakituriaren monopolioa komentu eta seminarioetatik ateratzeak kultura demokratizatzea ekarri zuen. Etorkinen seme-alaba euskaldunek bestelako Euskal Herri baten, bestelako bailara baten itxaropena ireki zuten. Modernoagoa, zabalagoa, humanoagoa.
Herriak, ordura arte ia ohartu gabe egin zuen moduan, handik atzera propio hartu zuen beretzat euskara eta euskal kultura suspertzeko egitekoa. Ikastolak, euskal prentsa, helduen euskalduntze eta alfabetatzea horren guztiaren erakusgarri dira.
Ikasi dugu, Nemesio Etxanizek 1950ean eman zuen argitara Nola idatzi euskaraz? eta CCC akademiarentzat euskara ikasteko metodoa landu zuen diskoetan 1961an, irratsaioak egiten zituen. Patxi Altunak 1967an lehenengoz argitaratutako Euskara, ire laguna boom bat izan zen, mugarria ezarri zuen euskaraz ikasteko metodoetan. Berrikuntza handia zekarren euskararen didaktikan, euskara beretik abiatzen baitzen ikaste prozesua inongo erdararen makuluen beharrik gabe. Bost edizio egin ziren, bizkaierako bertsioa ere bai, eta lan horren arrakastak Patxi Altuna Loiola Herri Irratian euskara irakasten ere jarri zuen hainbat urtez.
Garai berri baterako paisaia itxuratzeko unea zen, modernizatzeko prestatu beharra zegoen euskaldunen herria. Uhin berria zetorrenean izan zuen zeren gainean hasi, zeri eragin aurrera.
Euskal Herri hartan zen herri Azkoitia. Harrizko Herri Hau 1970an eman zen inprentara, Arestik jarritako eskaintzan honela zetorren:
Liburu hau (eta orain arteko neure gainerako neke guztiak) euskaldun dirudunek izerdia eta bizi-modua zurrupatzen dieten euskaldun langileei eskaintzen diet; bereziki “ikastola” izeneko euskal eskoletan lan-kontraturik gabe eta lan-segurantzarik gabe gizonaren eskubideak euskara noble batez euskaldun haurrei irakasteagatik bere jornal merkeak arriskuan jartzen dituzten maistrei (...).
Badu poema bat liburu horrek Arestik Azkoitira, Intxaustiko jauregira, egindako bisita bat kari idatzi zuena. Han batu ziren Euskalerriko Adiskideen Elkarteak ekarrita zenbait pertsona, Xabier Munibek Hordi Enganatua estreinatu zuen areto berberean. Eta Aresti da mintzo.
INTXAUSTIN
Gela honetan
eman zuten
lehenez
“Hordi enganatua”.
Gela honetan
entzuten dut
euskal musika
zaharra.
Gela honetatik
ikusten dut
Euskal Herria
(haurrak dostatzen),
(andreak josten),
leiho honetatik.
Hala eta
guztiz ere
leihotik
ikusten dudan
herriarekin
egiten naiz
geratu.
Egin dezagun euskal herri hura ikustera une batez guk ere. Jo dezagun Intxausti aurreko parkean jolasean zirenak Pako Sudupe, Juan Luis Zabala, Arantxa Aldalur eta Reme Larrañaga haurrak direla Arestiren begipean. Han dabil, pertsona heldu baten eskutik, Juan Karlos Merino umea ere. Gertu, Plaza Berrian, Felipe Juaristi mandatu bat egitera denda batean sartu dela eman dezagun, Jon Sudupe gaztea lagun batekin eztabaida bizian dela atarian.
Jaitsi gaitezen Urola ibaiaren ur uherretan behera eta ikustagun Jexux Arrizabalaga gurasoen etxetik irten eta Goiko Kalean behera. San Agustinpean zapoketan ari dira neska mutil batzuk, bertan da Joxin Iturrioz. Azpeitiko posta bulegoan Joxean Agirre urrun ikasten dabilen batek etxekoei idatzi dien gutuna topa dezakegu. Goiko Errotako ubidean islatzen den ortziak sorginduta bezala dauka Iñaki Segurola mutil koskorra.
Ibai Eder gaur baino garbiagoan gora ibilita, Landetan, Imanol Lazkano gizon gaztea ikus daiteke Bordatxo atarian langile batzuekin berriketan. Erreka ondotik aurrera joanda, Ramon Etxezarreta Urrestillako plazan dago eskolako liburuak eskuan, guardasola zabalik, eta Pako Aristi txikia euritatik gorde da. Aitor Arana artean Legazpian zen Urolako.
Ur asko dario Arestiren begiradari, herriarekin geratu baita eta denborak dakarren urak Intxaustiko hartan jaiotzeko zeudenak jarri nahi dizkigu aurrez aurre. Xabier Aldai, Alaitz Olaizola, Xabier Gantzarain, Fernando Morillo, Xabier Borda Intxaustikotik begiztatzen zen herriaren garapenetik datoz, lanean ari dira.
Handituz datoz literaturaren urak Azkoitian eta Azpeitian. Literatur aldizkariek erakusleihoa eskaini izan diete zeinek bere aldiko idazleei: Azkoitiko Txortan 80ko hamarkadan, ondoren, hor dugu ale bakarreko Buztanikara, eta egun bizi-bizi ageri den Literatuzta. Bien bitartean poesia errezitaldiak eta literatur ikuskizunak normal bihurtu dira.
Hala ere, arretagarria da erreparatzea, hemengo zenbat eta zenbat idazlek jo duen kanpora bizitzera. Akaso Loiolaren itzalpean bizitzea itogarri gertatuko da, garai bateko lurrun astunak ez direlako suntsitu oraindik. Munduko euskal herriak eta beste herrietako munduak ezagutzea, berriz, beti izan da sormenaren hauspoarentzat ongarri.
Poeta izan zen Aresti, ez igarle eta profeta. “Azkoitiko Zalduntxoen” tertulia lekuan, senak esanda bezala, jakin izan zuen areto hartako kulturaren kutsu aristokratikoaren albotik, leiho hartara jiratu eta kaleak zekarren euskal kultura berria aldezten. Estimatzen diogu.
Bibliografia:
ARESTI, Gabriel: Harrizko Herri Hau, (Joan Mari Torrealdairen oharrak) Susa, Donostia, 1986.
|