Zauri baten hegian
.1971-ko irailaren 23an aurkitu zuten Donostiako bere idazmahaian, luma esku ondoan etzanda, gorpu Jose Artetxe. Hil ondoko prentsa agerkari askok Gipuzkoako idazle goren moduan agurtu zuten batean eta bestean. Hogei liburutik gora idatziak zituen eta milaka artikulu prentsan.
Haurtzaro laburra izan zuen Jose Artetxek (1906-1971) sasoi hartako ume gehienen antzera. Denbora luze edo labur egiten duena ez baita orduen eta egunen segida, bizi izandakoaren ezaugarriak baizik. Ikasteko dohainak eta gogoa izan arren, hamahiru urterekin lanean hasi zen, eta hortik atzera ikasi zuena bere ekinaren eta jakin grinaren eskolari zor izan zion. Hogeita bat urterekin ekin zion idazteari prentsan, erdaraz erabat. Baina Zeruko Argia-n astero zeukan zutabea.
Literatur zaletasuna bezala, oso gazterik erne zitzaion gizarte arazoei erantzuteko kezka. Etxetik karlismoaren eta integrismoaren sua zekarrenak aurki EAJ alderdira jo zuen. Idatzi, hitzaldi eta jarreretan abertzaletasunaren alde tinko egin zuen, kristautasunak, euskarak eta euskal kulturak, askatasunak, demokraziak eta gizarte arazoek galdatzen zioten neurriko erantzuna Alderdi Jeltzaleak eskainiko ziolakoan. Politikaren uretan leporaino sartuta, aurrera egin zuen Gipuzku Buru Batzako idazkari izateraino.
Irujo eta Lasarte diputatu jeltzaleek Errepublikako gobernuari azkar aldeztu bazitzaizkien ere, EAJ barruan izan ziren berandutu ziren erabakiak 1936ko uztail larri hartako erditik atzera. Gipuzkoan, Jose Artetxe eta Abelino Barriola burukide idazleak inondik ere ez zeuden Madrilgo gobernuarekin bat egiteko, eta militar altxatuekiko jarrera beragoa erakutsi zuten. Ez ziren bakarrak izan, jeltzaleen artean joera indartsua izatera iritsi zen-eta.
Gerrak eten zuen, beraz, Artetxeren barrua ere. Ipar Euskal Herrira ihes egin edo ez ibili ondoren, Azpeitian bertan herriko familia ezagun batek egunetan ezkutuan eduki ondoren, bizirik utziko bazuten, frontera, aurrera, gerra egitera joatea beste aukerarik ez zioten eman. Eta joan egin zen. Errekete. Artetxeren erdi batek bestea azpiratuko zuen seguruenera, eta herrikide askok ez zioten hori barkatu.
Gerrako ibileren berri, El abrazo de los muertos egunerokoan eman zuen argitara 1970ean, hil aurreko urtean. Lan horixe izan zuen begiko kuttuna, hogeitaka urtez gordean eraman zuena barruak jaten. Sarritan esan izan zuen tiro bakarra bota gabe egin zuela gerra.
Bere erako zubi lana burutu nahi izango zuen ibai ilun handi batek zubiak oro arrastan eramanak zituenean, zubi lana erdara eta euskararen artean, iraganaren eta orainaren arteko zubigintza egin nahi izango zuen, zubiak jaso frankismoaren basamortuaren erdian... Gorago ikusi denez, Hegoaldeko gerra osteko lehen euskal liburuak Artetxek eta Patxi Unzurrunzagak Rocamorarekiko egindako arartekotzari zor zaizkio. Batzuek gisako lanak heroikotasunaren mugaraino igo zituzten bezala, beste batzuek kolaboratzailearen joko konplizetzat gaitzetsi zituzten. Figura eztabaidatua, polemika iturri izan ziren bai bere balizko eredua eta bai bere iritziak.
Kazetaritzaren maisutzat ere hartua izan da, aitzindari izan zelako periodismo modernoaren arauak aldarrikatzen eta ezartzen, lead estilo delakoa hemen hedatuz. Albistearen muina sarrerako lerroetan eman behar da labur, eta ondoren kontatu gorabehera nagusiak, beti ere, kontakizunaren arintasunaren eta notiziaren ulergarritasunaren mesedetan. Erraz irakurtzeko moduan idatzi behar zela uste zuen eta hori egiten saiatu zen.
Azken urteetan eztabaidaren muinean usu ageriko da San Inazioren, Elkanoren, Legazpiren, Lope Agirreren eta Saint-Cyranen biografien egilea. Horrek esan nahi duenarekin. Zikindu egin zen euskal munduak zerabiltzan zurrunbilo mamitsuenetan, eta arrastoa utzi zuen garaiko kulturan. Artikuluak, liburuen hitzaurreak, hitzaldiak... izan zuen non azaldu mundu ikuspegia. Euskara eta euskararen batasuna, euskal kultura belaunaldi gazteak eta berauen jokamoldeak, desegiteko arriskuan irudikatzen duen unibertso tinko bat, horiek ditu Artetxek gai hartu-hartuak.
Euskal kulturak iraultza giroa bizi zuen XX. mendeko 60ko hamarkada hondarrean eta 70eko hasieran: euskara batua, Arantzazu, artista plastikoen mugimendua, ETAren sorrera, kantagintza berria... Ematen zuen lehendik zekartzan hezur zaharrek ezingo ziotela eutsi zetorren mundu berriari. Oinarri berriak ezarri behar ziren, diskurtsoa aldatu eta guztia hizkera modu berriz adierazi behar zen, nazio moderno bati dagokion hizkuntza estandarrean, euskara batuan.
Aldaketen gurditik tiraka ari zirenek bidea oztopatzen zuten enbor zaharretarik jo zuten Artetxe. Ondorengo hau zeresana eman zuen hark idatzitako artikuluetako bat da, hainbat astetan, aurretik eta ondoren, idatzitakoen beroan ulertzea komeni dena. Euskararen transmisioa, batasuna eta balore berriek, aldi bateko garbitasuna eta jatortasuna galtzea zekartelako kezkarekin idatzia. Zeruko Argia-k 1970ko otsailean atera zuen.
ARRIXKU BAT
*Ez gaitezela engaiñatu. Gauza bat euskeraz egiña baldin badago, askori iruditzen zaio ondo dagola oso-osoan, dan-danean
.
Eta ez da horrela, ezta gutxiagorik ere. Ori izan litekean engaiñurik aundiena liteke, batez ere gaur egunean*.
*Ez ditzagula geure buruak engaiñatu. Gure izkuntza garbia zala, izan zitekean garbiena eta orrelako kontuak joan ziran pikotara: Orain ez da orrelakorik gertatzen.*
Euskaldunok ez daukagu neurririk. Neurririk ez degulako neurririk gabeko erria osatzen degu.
*Dana edo batere ez. Orixe da gure ezaupiderik nabarmenena. Arazo guztietan erabiltzen deguna gaiñera. Gai guztietan. Orra egia, miña bada ere*.
*Kontuz, baiñan kontuz gero! Ez dezagula gaurko gure jokaerarekin euskerarenganako gorrotorik sortu erazi. Arrixku gogorrean gaude. Au esan bearra zegoan, eta ala bear eta nik esan.*
Euskeraz zenbait idazki gaur irakurtzeak, bildurra sortu arazten dit. Euskeraren-ganako nazka ez ote duten sortu araziko...
Badakit onekin askoren nere kontrako aserrea bizitzen dedala. Ez zait batere
inporta.
*Ez dabilkit eskuan luma iñor zuritzeko, iñor gezurrez apaingoratzeko. Gauzak azaldu bear diranean, azaldu bearra dago.*
Obligazio ori nire gain gelditzen bada, nik beteko det.
*Nire itzaldietan askotan esana naiz gurasoeri. Gurasoek izan dezaketen engaiñurik aundiena, beren ideak semeari ezarriko dizkiotela pentsa al-izatea dala.*
Garbiago esateko. Gurasoen ideak semeak ez dituztela beti segitzen, baizik oiturak bakarrik. Eta au ere ez aldi guztietan.
Ideatan aitak alde batetik eta semeak bestetik jotzen dutela askotan.
*Auxe gertatzen ari da orain familietan. Danok ikusten deguna da. Ideatan gurasoak alde batetik eta semeak bestetik, eta zearo gaiñera*.
Arritzeko kanbioak gaurkoak!
¿*Oraingo euskaltzale guraso asko, seguru al-daude semeak beren bide berdiña segituko dutela biarko egunian*?
Pentsatu al-izateko galdera ¿ez al-da?
Jenerazio bakoitza bere bidetik dijoa. Bere bide bereziak urratzen ditu. Ez aurrekoak markatzen edo markatu nai dioten kaminoa.
*Iñork ukatuko ez didana. Gaurko jenerazioak, saill aunditan, ez dijoaz gurasoen bidetik*.
¿Gaurko zenbait eskritore estremistaren semeak, gurasoen bidetik jarraitu nai izango al-dute? ¿Ez al-dira gurasoez lotsatuko? ¿Ez al-dira nazkatuko?
Artetxeren iritziek ez zituzten gaizkitu gazteen gogo-barruak soilik. Artikulu honen arrazoiek, eta handik bi astera atera zuen “Tentazioa” izenburukoak honela mintzarazi zioten Koldo Mitxelenari Egan-en “Pro domo” izenekoan.
Hizkuntza bat, gurea nahiz inorena, ez da gizarteko mintzabide eta adierazpide besterik. Ona da, beraz, elkarrekin mintzatzeko eta elkarri gogoetak adierazteko delarik, mintzatzeko eta adierazteko balio duelako; horrexegatik beragatik da ona aizkora zorrotza, ebakitzeko sortua delarik, eta aizkora kamutsa, berriz, txarra. Gehi dezagun ez dela berez hizkuntza kamutsik, horrelako hutsik ageri baldin badu, zorrotz zezaketen adina zorroztu ez dutenena dela soil-soilik errua, behiala Axularrek zioenez.
Bitartekoa da hizkuntza, ez ontzia (...)
Ez dela egia diozu “*gauza bat euskeraz egiña baldin badago..., ondo dagola oso-osoan, dan-danean*”. Ez, arraioa! Nor da horrelakorik uste duena? Erakuts iezadazu, mesedez, horrelakoren bat, bere izena eta itxura hemendik aurrera gogoan ondo gorde ditzadan.
Bada, ordea, diozun beste zerbait: “Ez dezagula gaurko gure jokaerarekin euskerarenganako gorrotorik sortu erazi. Arrisku gogorrean gaude. Au esan bearra zegoan, eta ala bear eta nik esan”.
Ez dakit zure arrazoibideaz ongi jabetu naizen eta, hartu dudan bezala eta hartu dudan neurrian, hemen zabaltzera noa. (...)
Arrazoibidea honela ikusten dut: a) zenbait (gazte edo) ari dira gure artean inon sor daitezkeen barrabaskeriak idazten; b) zenbait horiek euskaraz idazten dituzte barrabaskeriak; c) munduaren azken-fina hurbil ez badago, izango dira gazteagoren batzuk oraingoen ondorengo; d) gazteago horiek, beharbada eta Jaunak nahi badu, hobeak izango dira, hots, ez gurasoak bezain aldrebeskerietara emanak; e) gazteago horiek euskaraz jakingo dute, gurasoenak irakurtzeko lain, behintzat. Ergo, f) gazteago horiek gorroto izango dituzte gurasoak (hori gaitz erdi litzateke) eta, bidenabar, gorroto izango dute gurasoek erabili duten hizkuntza.
(...) Gazte horiek euskaldun hutsak izango dira ala (ez edo!) beste hizkuntzaren bat, ingurukorik edo ez hain ingurukorik, dakitenak, bereaz gainera. Bestela, oraingoek ez bezala, pentsatuko dutela segur da, ez hain segur zer-nolakoa izango den “bestelakotasun” hori. Nolanahi den, hor nonbait pilatuak dauden bonbak airean barrena bidaltzen hasten ez badira, inolako dudarik gabe esan dezakegu besterik ere jakin beharko dutela, euskaraz gainera. (...)
Zer aurkituko dute, batekoak eta bestekoak irakurtzeko gaitasuna eta gogoa dutelarik? Garbiak oro erdaraz, inongo erdaraz, idatziak eta lizunak oro euskaraz? Gogoeta zuzenak besteren hizkuntzan beti eta okerkeriak, berriz, gurean? Are gehiago. Likits eta gordinkeria ugariago aurkituko dute, ehuneko horrenbestean, euskaraz edozein erdaraz baino? Erantzunik gabe utziko dut galdera: zuk dakizulako zein den, nik dakidalako eta mundu zabal osoak dakielako, begien bistan baitago. Ez dute, beraz, gure hizkuntza hutsa higuinduko, hizkuntza guztiak izango dituzte higuin eta, beste biderik ez dutelarik, gogozko mutu bihurtuko dira, hain galgarri den mintzatzeko gaitasuna erdeinuz baztertuaz.
Jose Artetxe hil berritan idatzi ziren dolu idazkiak eta iritzi artikulu zenbait bilduta liburu bat eman zuen argitara Donosti Aurrezki Kutxak 1972an, Canto a Joxe goiburuarekin. Azken agurra egin nahi izan zioten ezagutu zuten hainbat eta hainbat zahar eta gaztek: Nemesio Etxanizek, Jon Etxaidek, Iñaki Eizmendi Basarri-k, Jose Inazio Telletxea Idigorasek, Sabin Muniategik, Luis Haranburu-Altunak, Salbador Garmendiak, Eguzkizar-ek, Leopoldo Etxeberriak... Gogaide zituen asko, lagunak batzuk eta adiskidetutako etsai izandakoren bat edo beste ere bai.
Berriro, baina, izan zen despedidarako hitz gogorragoak eman zituen eskurik. Gabriel Arestiren ahotsa zurikeriatan asko epeldu gabe ageri da, Azken Harria lan postumoan. Hala ere, nahiago izan dugu hona ekarri, Arestik Harrizko herri hau liburuko eskuizkribuan zegoen testu beraren aldaera, orduan argitara eman ez eta Joan Mari Torrealdaik 1986an ezagutzera eman zuena.
Pater Noster txikia,
ematen ez daukuna ogia
*Don José de Artecheren aita,*
Linboan haizena;
barkatua izan bedi hire izena;
ez betorkigu hire erreinua (guk errepublika bat nahi baitugu);
egin bedi hire borondatea (eta ez hire semearena, ez Basarrirena, ez
[Lekuonarena, ez Labaienena), Linboan bezala Lurpean ere.
Gure eguneroko otarraina ez iezaguk gaur ere ken;
gure zorrik ez iezaguk paga-arazi, aberatsak ez ditezen aberatsago eta
[pobreok ez gaitezen pobreago,
*eta Don José de Arteche heure semeari euskaraz ez eskribatzeko*
[tentazioan erortzen utz iezok,
baina libra gaitzak dialekto mordoiloetatik,
zeren hireak baitira hire semearena, Basarrirena, Lekuonarena eta
[Labaienena.
Amen.
Benetan, euskara batuarena bestelako gerra, baina gerra izan zen, ez 1936koa bezalakoa, noski. Odol isurtzerik ekarri ez zuen arren, euskal jendea zatitzeko adina izan zen hura ere, hamaika etxetan jatordu bat baino gehiago garraztu zuela alajaina.
Eta Artetxek postura hartu zuen berriro, eta zeukan plazatik goraki defenditu zuen. Azken urteetan, azken bietan behintzat, euskaraz baino ez zuen idatzirik argitaratu. Berak honela azaltzen zuen bere jarrera 1969ko abenduko Zeruko Argia-ko “Zeñekin” zutabean.
“Sasoi guztiak ez dira berdinak izaten eta erderazko artikuluak eskribitzeari utzi egin nion era bat.
*Gure erriari egi gordiñak esateko garaia esateko iritxi zala iruditu zitzaidan.*
Ogeitamar urte nituanian bezelaxe ez negoen konforme. Gure-gurea dan erriari itzegiteko garaia iritxi zala pentsatu nuan. Aukera berriz, gure asteroko maite au.
Saiatzen naiz orain ere gauzak emendik esaten. Esan bearrekoak dira. Erderaz esango ez nituzkenak adierazten ditut euskeraz.
Batez ere gure erriaren erantzun-bear zentzuari, erresponsabilidadeari, ikuitu nai nioke.
*Gehiago esaten ez ba ditut ez da nire kulpa. Eskritoreak bakarrik dakizki gaur eguneko eragozpenak. Eskritoreak berebiziko ekilibriyoak bear ditu egin. Komeriantiak alanbre gañian bezelaxe.*
*Bañan joan nadin arira. Bertsolariak bezela, nik ere artikulo onen ziriya aurren-aurrenetik daukat buruan. Eta oso garbi gañera.*
*Auxe da nire ziriya. Denbora guztiak ez dirala berdiñak, eta munduan beti izaten dirala kanbiyuak. Au alde batetik: Eta bestetik berriz beste auxe. Aldan modurik onenean esan nai nuke*.¿Asmatuko al-det?
*Euskaldunak iru gerratetan galdu dutenarekin apuntatu gerala. Pasiak pasa. Jainkoak iñundik ere ez dezala nai, baño, laugarren izkanbilla sortuko balitz*, ¿*zeñekin apuntatu bear degu? Berriz ere* ¿galdu bear dutenarekin?”
Bibliografia:
ARESTI, Gabriel: Obra guztiak. Kriselu, Bilbo, 1976.
ARESTI, Gabriel: Harrizko Herri Hau, (Joan Mari Torrealdairen oharrak) Susa, Donostia, 1986.
ARTETXE, Joxe: El abrazo de los muertos, Donosti Aurrezki Kutxa, Donostia, 1970.
ARTETXE, Joxe: Bidez bide, Erein, Donostia, 1994.
ASKOREN ARTEAN: Canto a Joxe, Donosti Aurrezki Kutxa, Donostia, 1972.
MITXELENA, Koldo: Gure artean, Alberdania, Irun, 2001.
ZUBIMENDI, Jose Ramon; ATXAGA, Mikel: Jose Artetxe (1906-1971), Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, (Bidegileak bilduma), Gasteiz, 2001.
Zeruko Argia, 1969, abenduak 28; 1970, otsailak 1.
|