Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Loiolarik ez balitz »  Aingeruak armetan

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Aingeruak armetan

Jesuitak Loiola utzi duten ia bakoitzean sartu izan dira soldaduak etxe hustuan. Garai batean, armada frantsesa. Agirre lehendakariaren gudariak faxistak Espainiako II. Errepublikaren kontra harrotu zirenean.

Izabako seme zen Jose Estornes Lasari esker dakigu nolakoak izan ziren lehen gerra egun haiek Loiolako kuartelean.

Loiolako kuartela (Azpeitia)

Abuztuaren 5ean heldu gara, Felipe Amutxategirekin, Loiolako santutegira, santutegiaz eta etxeez jabetzera. Kaleko arropa daramat, traje marroi bat, eta ohikoa den legez, fusila autotik jaisten naizenean. Une hartan ezagun batzuk ari dira irteten, ohi zuten bezalaxe, Azpeititik mezatara Loiolara joanda. Zurtuta gelditu dira, ni ez naizelahorietakoauste baitzuten. Hauxe da lehen aldia pentsakeraz beste aldera pasatu den gure jendearekin topo egiten dudana. Hauxe da lehen aldia santutegian sartzen naizena. Elizara joan eta kanpaina hasi aurretik, aitortza egiten dut. Nire lagunek ere, gauza bera egiten dute. Gero, etxe barrenean ibili gara. Ordurako, zaintza egiten ari dira Azpeitiko eta Azkoitiko gudari batzuk.

Halaxe osatu zen Euzko Gudarostea. Jeltzaleak, santutegian jarri ziren. Eusko Abertzale Ekintzakoak, berriz, ondoko Hotel Loyolan. San Inazioren jaiotetxea itxita edukitzea erabaki zen.

Batetik besterakoa, zoratzekoa da. Diesel motorrak jartzen dira argi-indarrerako, okindegia, garajeak, eibartarren esku dagoen armategia, gasolindegia... (...)

Inprimakiak enkargatzera moldiztegira joan ginenean Azpeitira, aurreko bi gerretan karlistek eginarazitako lanak ez zizkiotela artean ordaindu esan zigun gizonak, eta hala erakutsi zizkigun ordaindu gabeko kontuak. Orduan, zertarako eztabaidatu diruaz? Halaxe da, oraingoan ere, kobratu gabe geratu baitzen.

Hunkigarria da boluntario talde bat iristen ikustea. Egun argiz bihurrikeriaren bat egitera doazen umeak bezain lotsati, gorpuzkeraz eta itxuraz elkarren anaia dirudite guztiek. Milrayas praka ordezkazeinek are etxe girokoago egiten dute dena. Mutil osasuntsuak, sendoak eta lasaiak, ia guztiak euskal tradizioaren baserri hauetatik etorriak, Europako askatasun eta demokraziarik zaharrenaren zutabe.

Urte batzuk beranduago, basilika inguruko baserritar idealizatu hauexek izango ditu gogoan Telesforo Monzonek erbesteko poemetan. Badu zerbait gurasotik ere. Agirreren gobernuko Barne kontseilaria izan zen Monzon.

TONTORRETAN IL ZIRAN KANTARI...

“*Bigarren doñuz*”

Txalupak laga ta goldeak utzita,
Gaztedirik ederren,
Bide ta mendiz gau osoa ibillita,
Loiolara zetorren.
Errietako langille gazteekin
Egun-argiz alkartu,
Ta aurrean artuta txistu ta ikurrin,
Loiola ibarran sartu...!

Ara! Emen euskal gaztedia...
Zai ta gorde naian bere erria.
Suak artu didala biotza
Ez zait beldurgarri eriotza.
Yatorriz gera bake zale,
Gudak atzeman gertu gabe,
*Baiñan arrotzak datozela,*
Amildu ditzagun goitik bera!
*Mendirik mendi guda soñua*...
Euskoak zapaltzeko sortua!
*Guk ari erantzun irrintziñez:*
Arrotzaren ankazpietan ez!
Eta izkillurik ez baitzuten,
Gudariak eskutsik irten...
Bizitza opaz Euzkadiri
Tontorretan il ziran kantari!

Erriak:
Dantza ta Guda mendi goietan...
Aupa mutillak! Aurrera!
Bakea baitegu biotzetan,
Ez degu iltzeko beldurra!
Euskalerriko mutil gazteak,
Aingeru, naiz ta Gudari
Gorroto gabe yausiak dira
Mendigoietan kantari!

Garai hartan, eta baita gerora ere, asko azpimarratuko den kontua izango da, eta ez soilik jeltzaleen aldetik, eusko gudariak “gorrotorik gabeko gizonak” direla, “garbiak” CNTkoen, UGTkoen, eta oro har, milizianoen aldean. Errepublikaren alde agertu ez zen Jose Artetxek ere behin eta berriz markatzen du desberdintasuna. Katolikotasunak gertuagoko egiten ditu. Monzonek, ikusi dugu, aingeruekin konparatzen ditu bere mutilak. Ez da nolanahi egindako erkatzea. Gudariak Loiolan daude, ber-bertan dute San Inazioren jaiotetxea. Eta Monzonek gogoan du Pascual Iturriagaren letra:

Zure soldaduac
dira aingueruac,
Zure guidaria
da Jesus andia...

Bada era honetako beste olerki bat ere, anonimoa, oraintsu Koldo Izagirrek ezagutzera emana eta Euzko Deya aldizkariko paperen artean Arteako Abertzaletasunaren museoan urteetan lo egon dena. Duda izpirik gabe, Monzonena da hau ere.

Loiolan gaude berriz ere. Gerrako aurreneko asteak dira, eta artean erori gabeko Gipuzkoatik, jauntxo asko datorkio, milizianoen beldur, Monzoni Loiolara, laguntza eske. Denborak aurrera egingo du, ordea, eta gudariak frentean hiltzen hasiko dira. Faxisten babesean, abaro bila heldutako haiek ahaztu egin dira Loiolan ziren gudariek egindako mesedeez. Hau eta bere mutilen heriotzaren aurrean ezer ez sentitzea leporatzen die Monzonek eskergabeko handikiei.

Titulua, gazteleraz, aski adierazgarria da. Gudariak, aurreko poeman bezala, gizon baino, aingeru dira:

INGRATITUD

Loyola jauregian
Euskal gudariak
Amaika andiki etxe aurrian
Urrutitik etorriak

Eskian omen datos
*Ta es Aita Iñasiori*
Belaunikaturik dagos
Otoitz abertzaliari

Batek naiko
Bere etxe saintzeko
Aingeru aietako pare bat gudari
Geienak dar-dar ta artian
Ango itzalpian lo toki

Sori aldatu
Egin onak astu
Ta atzoko aingeruak gaur zintzilikatu
¿Ta aien gorputzen aurrian
Ez al zerate ikaratu?

Bibliografia:

ESTORNES, Jose: *Un gudari navarro en los frentes de Euskadi, Asturias, Cataluña*, Auñamendi, Donostia, 1979.

MONZON, TELESFORO: *Gudarien egiñak*, Gr. Moderne, Baiona, 1947.

Monzonen 8 inedito. www.armiarma.com/emailuak/mizka/monzon.htm

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak