Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Loiolarik ez balitz »  Kabernikolak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Kabernikolak

.1931-ko ekainean egin ziren Espainiako hauteskunde orokorretara CVDE (Candidatura Vasca Defensora del Estatuto) *aurkeztu zen Gipuzkoatik. EAJk eta Comunión Integrista de Guipúzcoa (karlisten joera bateratuak) alderdiek osatutako koalizio horrek zabaldu zituen mezuen artean honakoa zegoen*:

*Ezkerrera botua ematen dun gizona ez da biotzetik euskalduna, baizikan mingañetik*.

Badakigu hauteskunde kanpaina garaian esaten eta idazten diren askori ezin zaiela arreta handiegirik eman. Zorionez, ohikoa ez den sua eransten zaie adierazpenei eta harria ere, nora asko erreparatu gabe botatzen da sarri. Zaharra da joera hori lege.

Espainian Bigarren Errepublika nagusi jarri zenean ez dirudi abegi gozoa egingo zitzaionik Azkoiti-Azpeitietan, 1931ko udaberri hartan herri bietako udalak nola osatuta zeuden begiratzen bada behintzat. Hamasei zinegotzietatik hamahiru tradizionalistak ziren eta hiru jeltzale Azkoitian; Azpeitian, berriz, hamar katoliko monarkikoak ziren, hiru tradizionalistak eta beste hiru jeltzaleak.

Autonomia estatutuen aurreproiektuek markatu zuten Hego Euskal Herriko bizitza politikoa urte haietan. Munta berezia hartu zuen egitasmo bakoitzean nolako jarrera hartzen zen erlijio gaiaren inguruan, konfesionaltasunaren alde edo laikotasunaren alde egiten zen. Auzi hori erabakigarria gertatu zen eskuineko indarrek edo ezkerrekoak estatutua aldeztu zezaten, beti ere alderdi jeltzalea ezinbesteko osagai moduan ageri dela konbinazio eta balizko konponketa modu guztietan.

Ezin aipatu gabe utzi, ordea, jauntxokeriak, lehen ez ezik, 1890ean gizonezkoen sufragio unibertsala Espainian legeztatu zenetik izan zuen indarra. Udalen osaera esplikatzeko lagungarri delakoan dakargu hona. Azpeitiko hauteskunde barrutian, salbuespenak salbu, ez zen hautagai aukerarik izaten bozketetan. 1907ko hauteskunde legearen 29. artikulua baliatzen zuten horrela jokatzeko. Delako artikuluak hautagai falta (“abstención de candidatos”) hartzen zuen kontuan, eta horren arabera aukeratu behar zirenak baino hautagai gehiago ez bazegoen zerrendetan azaltzeko prest, aurkezten ziren guztiak atera ohi ziren hautatuak automatikoki.

Jauntxokeria edo kazikismoaren zerua izan ziren urte haiek, eta hauteskunde normalik ez zen izan 1931ko maiatzeko 8ko dekretuak indarrik gabe utzi zuen arte zorioneko 29. artikulua. Zenbat kargu zeuden, hainbeste hautagai aurkezten ziren urte batean bai eta hurrengoan ere bai, sekula deskuidatu gabe. Diputazioak sustatutako amarrukeria salatu zuen Evaristo Bouzas *El País Vasco* egunkariko zuzendariak 1924an, eta jauntxokeriaren bihotz zein joko, eta Azpeitiko barrutia jo zuen.

Tradizio horri berea emanda, bestelako gorabeherak ekarri zituen hogeita hamarreko hamarkadak. Azpeitian 1931ko ekainaren 11an Gipuzkoako udalerrien batzarra egin zen Eusko Ikaskuntzak ondu zuen estatutuaren aurreproiektua eztabaidatzeko. Emendakin garrantzitsua eta polemikoa ezarri zitzaion proiektuari bilkura hartan, hain justu ere Vatikanoarekin hartu-eman zuzenak izateko eskumena ezartzen zuena.

Handik hiru egunera, Lizarran onartu zen babes zabalez eta festa giroan Lizarrako estatutu bezala ezagun dena. Hala ere, Azpeitiko emendakin batek, laugarren idazpuruko 15. atalak jaso zuen hark harrotu zuen hauts gehien eta zaildu zuen onarpena zabalagoa izan zedin. Horrexek eragin zuen, beste arrazoi batzuen artean, ezkerreko indarrek proiektuari babesa ukatzea.

Giroa leuntzen ez zuen lagunduko Madrilgo gobernuak maiatzaren erdi aldera Gasteizko apezpikua, Mateo Mujika jauna, elizako artzain kargua politika egiteko baliatzen zuelakoan, mugaz beste aldera joatera gonbidatu izanak. Bidali aurretxoan egina zion bisita gainera Urola bailarari. Guztizko harrera beroa jaso zuela dio hari emandako zigorra kentzeko eskatuz Azpeitiko udalak gobernuari igorri zion idatzi ofizialak. Artean behin-behinekoa zen Madrilgo gobernua, eta egitekoak ziren hauteskundeek ezarriko zuten errepublikazaleen garaipenak zenbaterainoko oinarri sendoa zuen.

Zernahi eta ere, ez zen samurra izango errepublikaren alde kanpaina egiten agertzea orduko Azpeitia inguruan. Hauteskunde bezperetako Azpeitiko gertaeren karietara horrela idatzi zioten Pasaiako errepublikaren aldekoek Gober-nazioko Ministeritzari:

*Imposibilitados actuar candidatos, apoderados ni interventores en las elecciones en tan cavernícola región, es absurdo creer pureza sufragio, siendo verdadero héroe quien se atreva a votar candidatura de izquierda.*

Izan ere, egun batzuk lehenago, herriko plazan mitina eman nahi izan zuten Conjunción Republicano-Socialista-ANV koalizioko lau hizlariek epelak hartuta alde egin zuten.

Garai hartan ere baziren jeltzale izan beharrik gabe ere *mingañetik eta biotzetik euskaldun zirenak asko. Leiho honetara ekarri nahi izan ditugu Azpeitiko istiluak gai hartuta Joxe Mari Lopetegi kontratista irundarrak Irún Republicano* astekarirako jarri zituen sei bertsoak. Hauteskundeak 1931ko ekainaren 28an izan ziren, eta bertsook uztailaren 4ko alean ikusi zuten argia.

ASKATASUNAZ

Zer buruzbide biyotz gabea,
zer anaitasun zitala,
zer gizontasun neurri gabea,
zer zentzu gabeko ergela;
zer gertatzen da Euskal Erriyan,
zer garabiltza onela,
zer itxuretan anai jatorrak,
zer pakez ezin gaudela,
zer esan nai du jarraikera onek,
zer, zentzu gabeak gerala.

Nun gertatu da onelakorik
nun jaunak, nun, Azpeitiyan,
jesuita ta erlijiyua
besterik ez dan tokiyan;
Askatasunaz gaudezelako
*lau lagun aruntz joan giñan,*
gure barrengo fede leyala
aitortutzera itz biyan,
ekin ziguten laueri millak
guztiz modu itsusiyan.

Gugandu ziran atzaparrakin
lepotik ito nayean,
udazkenean nola enarak
*alanbrearen gañean,*
itz bat egiten utzi nai ezik
modurik okerrenean,
*odolean eziñ irukirikan*
*miñ zutela barrenean,*
beldur ziraden biurtutzeko
nonbait gure esanean.

Garate jauna Bergarakua
euskaldun jatorra berez,
euskalduna bai ezkerrekoa
apaizak ekusi nai ez;
eldu ziyoten zamarratikan
lau puska egin bearrez,
Santakruz zanen odol beretik
nazi dira nere ustez,
Aita Inaziyo sortu Erriyan
biyotz onekuak daudez.

Gomendio zan onen laguna
*jaun on bat oñatearra,*
otzikan gabe laja diyote
gizajoari bizkarra;
tira ta bultza autsi ziyoten
*soñian zeukan zamarra,*
*ekustearren zeñen pizkorra*
berez dan Azpeiti arra,
Askatasuna indartutzeko
ez dago kuadrilla txarra.

Milla baziran lau zatitzeko,
ez al da lotsa Euskalduna,
atze-erriyetan ai zer fama guk
iruki bear deguna;
au al da lege erlijiyuak
erakutsitzen dizuna,
modu orretan baldin badabill
maltzur zar biyotz astuna,
bide ortatik ez da etorko
Euzkadin Askatasuna.

Bertsoen munduan Lopetegi dela uste dugu nazi hitza estreinakoz darabilena. Arreta emangarria da, gainera, hizlarietako bat Justo Garate izan zela, Euzko Abertzale Ekintza (ANV) alderdi abertzaleko buruzagia. Garatenaren ondoan Gomendioren izena dakar hurrengo bertsoak. Hau gestore lanetan aritu zen Gipuzkoako diputazioan errepublika garaian eta 1936an, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Herri Auzitegiko fiskal izendatu zuen, beste grado bateko, baina Ildefonso Gurrutxaga bezala.

Handik egun gutxira bozak bildu eta emaitza beldurgarria da: Azkoitian botoen % 99,63 bereganatu zituen CVDEk eta Azpeitian %98,93; CR-S-ANVren alde boza eman zuten heroiak hemeretzi izan ziren Azpeitian eta Azkoitian sei.

Espainian barrena, aldiz, errepublikaren nagusitasuna nabarmendu zen. Lizarrako estatutua atzera bota zuen Madrileko gobernuak, eta 1931ko Konstituzioarekin bat (Espainian emakumeari lehenbizikoz aitortu zitzaion bozkatzeko eskubidea) etorri zen aurreproiektua sustatu zuen agintetik. Estatu eredu laiko baten alde egin zen handik atzera. Horrek berandu gabe eskuineko indar katoliko eta foruzale nagusiek proiektuari bizkarra ematea eragin zuen, eta jeltzaleekin batera ezker errepublikanoaren eta sozialisten babesa jasotzea 1933an.

Herri batzuetan udal hauteskundeak egin ziren berriro 1933an, eta tartean ziren Azkoitia eta Azpeitia. Gauzak ez ziren askorik aldatu, baina zertxobait bai: Azkoitian lau zinegotzi katoliko zehaztugabe (“católicos indefinídos”), beste zortzi tradizionalista eta beste lau jeltzale atera ziren; Azpeitian zazpi katoliko zehaztugabe, bat tradizionalista eta beste zortzi jeltzale.

Bitartean, ezkerreko errepublika agintean dela, jesuiten ordena desegin zuen Espainiako gobernuak dekretuz 1932ko urtarrilaren 23an. Esan gabe doa ez zela biharamunean Azpeitiko kaleetan protesta manifestaldirik eta Madrilera igorritako udalaren kexu eta deitore agiririk eskas izango.

Ordura arte ezkerreko mugimendu antolatua harripean bezala egongo zen inguru hauetan, baina gobernua sendotu ahala egituratzen hasi zen. Hala, 1931an Azkoitian, eta hurrengo urtean Azpeitian, zabalik izango du zeinek bere zentro errepublikanoa. Giroak leuntzera joko du nolabait, badirudi datozen urteetan lehentasun politikoa estatutua izango dela gurean, eta, hori bai!, edozein iraultza sozialen arriskua ekiditea.

Hurrengo kanpainetan eta hurrengo hamarkadetan ez dira falta izan hemen aipatutakoen antzeko hitzak, eta are gogorragoak ere. Atzo nazi jo dituzten beraiek, bihar, edo berrogei urte barru, beste edozeini ahoko zulora nazi! hoska aurki genitzake. Arerio politikoaren aurrean dena da libre. Eta hizkuntza bera ere narrastu eta lardastu egiten da zeharo.

Bibliografia:

ELOSEGI, Joxan: Joxe Mari Lopetegi. Errepublikanoen bertsolaria, Paper Hotsak, Soraluze, 2004.

GARMENDIA LARRAÑAGA, Joxe: *La enseñanza rural en Gipuzkoa. La labor de la Diputación y los ayuntamientos (1900-1950*), EHUko Argitalpen Zerbitzua, Bilbo, 2004.

RODRIGUEZ RANZ, Jose Antonio: *Guipúzcoa y San Sebastián en las elecciones de la II. República*, Publicaciones del Instituto Doctor Camino de Historia donostiarra, Donostia, 1994.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak