Bidaiari sentimentala
.1927-an gara. Agorrileko edozein goiz da, Kanbon, zazpi lagun elkartu direlarik —hiru gizon eta lau andre— bi autotan. Eguzki ederra da eta bidea luzea zazpiek buruan dutena egiteko: Loiola ezagutu.
Gerla aitzinean mugaz bestalde lauzpabost aldiz ibilia zelako, aurreko kotxean ezarrarazi dute Jean Etxepare mediku eta idazlea. Garazirantz hartu dute. Bidarrai, Ortzaize, Uharte, Lasa, Arnegi... Zortziak eta erdietarako, Luzaideko mugan dira. Baina burokrazia zer den, polizia espainola falta, artean lo, antza. Ordubete egiten dute zubi gainean, Nafarroa erdibitzen duen ibaiari begira, errezibidorea etxetik noiz jagiko.
Ibañeta, Orreaga, Agoitz, Iruñea... Ezin deskribapen luzerik egin, kotxean doaz eta Loiola lekutan dago oraindik. Geldialdia. Victor Hugok estetikoki gorrotagarri iritzi zion katedrala ikusi. Zaila zaio mediku gazteari bidaia hutsean laketzea, behar du lagunei erakutsi, historia apur bat.
.1521-ean, Jean d’*Albret kondeak, Biarnoan, Amikuzen eta Garazin-barna Iruñarat jo zuen bere soldadoekin, hiriaren Espainiari kentzeko xedetan; baina jin-bidetik itzultzea behartu zion, ederki zafratua izanik.*
Nabarreko erregeren alde gudukatu zen orduan Inazio Loyolakoa. Saki bat itsusia egin baitzioten belhaun batean biarnesek, zalditik alditxar erori zen aitzindari gaztea, eta eremen zuten ordu berean Gipuzkoako bere jauregira.
Bazkaltzeko tenorea heldu zaie. Oilasko errea, gazta, tuaxak, madariak. Beltzetik eta txakolinetik dastatzeko astia ere bada. Irurtzunen barrena, Gipuzkoako sargia. Beteluko erreka zuloan aurrera egingo du autoak abuztuko berotik babestu nahian. Tolosa.
Tolosatik aurrera, Bidania gaina hartu arte. Errezildik hartu du autoak,
ataka itzaltsuan behera. Laster dira Loiolan. Arratsaldea da, zerua gorri
eder:
Iguzkia sartzerat abiatu baita, ez ditake erran bazter hunen ederra: mendien mazelak ez dira larrutuak nihun, nihun ez dira erreak; halako berde bat badute, begiarentzat ezin eztiagoa. Ordua osoa banagoke hemen gogotik, alfer, begiak bakarrik alha.
Gidaria beldur da, bost pinta gasolina besterik ez ditu Loiolara heltzeko. Landetara heldu aurretik, bide ertzeko baserri batean gelditzea erabaki dute.
—Etzinuke fortunaz ezantza-xorta bat?
—Ez —dio baserritarrak batera eta bestera begiratu ondoren. Ondo ordainduz gero...
Berriz ere alde guztietara begiratu, eta eskuaz keinu eginik, abiada bizian sartu da etxean, erregai bila edo. Berandu da ordea, eta Etxeparek, laguna besotik bildu eta gizonaren zain egon gabe, aldapa behera abiarazten du gidaria eta autoa.
Bospasei kilometrako bat egiten dukegunez, ez dakit, noiz eta patar xut kakola baten gainetik ikusten baitugu, mendi lerro andana gora batzuez inguratua, ametsetan baizik agertzen etzaizkizun zelai biribil pollit hetarik bat. Ez da zelaia ere: ibar bat, izaitekotz, urina bezain gixena.
Ibar hartan, mendixka apal baten gibeletik, begiak hetsidek artean itzali zait —ohartu othe zaizko berdin ene lagunak? Loyola-komentuko goipularria. Nere atsegin bethea! Harrotzen nu, Erromarat heltzean Michel-Angelen harrizko obrari ohartzen zaizkiotenek duketen atsegin berak. Bainan ixil-ixila nihaurentzat dadukat behin zikoizki.
Konparazioak behar ditu. Loiola Erroma bada, Landeta bidea frantziar pintore inpresionista guztiak zoratu zituen Provenza eguzkitsua bera baino ederragoa zaio. Koloreek mozkortzen dute, gasolina ahazteraino.
Aurkintze hau zinez xoragarria da. Beheititurik gordetzera doan iguzkiak urretatzen du oraino zeru-xoko bat, garaitiko eremu guzia urdin-argi dagolarik, eta lurra berotzen eztiki. Atsegin dute gure begiek, begien atseginaz alaitzen zaiku araberalat bihotza. Hemengoaren aldean, ikusi duten gutarik biek hitsa dela diote Provence eskualdeko zeru-gaina, iguzkiaren bero handixeagoak langar arin batez azpiltzen diolakotz bere kapa urdina; gordina aldiz, aditu dutenaren arabera, Greziakoa, hau argiarenarekin batean iguzkiaren saminak lanbro-lipits argalenetarik garbitzen omen duelakotz goien-goienean.
Bainan zonbat eta zonbat mendi-lerroek inguratzen duten jausten goazin ibarra! Hainbertze eta halako lur-mokorrek lotsa bat sortzen dauzute barnean.
Azpeitira heltzen ari dira.
Oixtiko ibarra zabaldu da bat-batean; zelai eder bilakatua, zelai gizen, dena pentze, dena artho-landa, daukute xoraturik ikusten begiek; bazter batean, eskuin, huna non zaikun agertzen Azpeitiako herri tarro polita, hainbertze pilotari aipatuen sor-lekua.
*Sartzean, bizpahiru etxeek beren leiho guzietarik agur egiten daukute lañoki, aireak idortzearekin xafla-xafla igitzen dituen xuriketez. Karrikako bertze etxeak ez ditugu haatik hoin abegiar: hotza-hotza daude beren pareta xuri eta harri pikatu beltzaan dorpeekin, leiho-hegalak elgarri hurrunduak, athe-aitzinean alhartzerik ere gabe. Gora dira gehienak, hiruna estaiekin bederen, lerro luze bedera egiten dutela bide galtzaratuaren bi sahetsetarik. Emazte bakar batzu gune batean, urgulu gutirekin jauntziak.*
Karrikatik athera orduko eguerdi-alde, bidea zabaltzen zaiku handizki eta beltz-beltza leuntzen, xuen-xuena luzatuz urruneraino.
Loiolako egonaldiaren ondoren, etxerako bidea hartu behar berriro, hainbesteko gozamena eman dion koadro inpresionista hartan barrena. Badu Etxeparek, lerrook irakurrita, 1922an Hegoaldetik Iparrera, Tolosatik Donapaleura Lizardik eginiko ibiliarekin antzik. Lizardi bezala, bidaiari sentimentala da Etxepare, paisaiari osoro lotua.
Biziki argi dago eguna. Uste ginuenetik haunitzez goizago dugu. Emeki, bagoazi, emeki, planaderan harat. Ezkerretarik, hunatekoan baino ederrago baizik etzaizkigu agertzen seroren bi komentuak. Nehor ez da leihoetarik ezagun. Gure aitzinean, elgarrekin elhe eta elhe badoazi oinez bi apez: bat adinetakoa, bertzea gazte hutsa, kasik haur bat bere lepo xuri luxe eta sorbalda hertsiekin. Urrats bakotx, bere sotana handiaren hegalak zaflaka sartzen zaizko zangar meharren arterat. Jesuista-gei ixtudiant zonbait? Behatu ere gabe aldaratzen zaizkigu biak, bethi beren solasari.
(...) Azpeitiko karrika iragan-eta, hartzen dugu ezker; bainan, herriko etxetarik urrundu gabe, zubi baten ondoan horra non elgarrekin hitz harturik bezala gelditzen zaizkigun bi otoak. Nor zen orhoit burdinazko zaldiek ere hatsa galtzen dutela azkenekoz, doi zaldare ez bazaiote emaiten? Beharrik orhoit zituzten ba gidariak...
Ezantzaz zurrustan bethetzen ari zaiolarik berea, ene laguna, biderat jautsia, egundaino ikusiak ez dituen bi azpeitiarrekin mintzo da karraskan eskuaraz. (...) *Zelai hertsi, gixen batean sartuak gira. Bortz ehun metra zabal balin bada, gorenaz. Bazter-aire, bere luzetasun guzian gure beribilek bezala ibaiño batek kurritzen du, ura lodi eta barna. Urola ere du bere izena. Han-hemenka, laborari etxe bakar batzu, baratze on batzuekin aldean. Pentze zolak berde agertzen zaizkigu, artho alhorrak musker, belhar ala landare guziak hezean ditazkelakotz alha. Zelaiaren bi sahetsetarik bizkitartean, guziz eskuinetik, mendi-paretak larre, eta tokika harriraino larrutuak*.
*Zonbait minuturen buruko, erregebidearen ezkerretarik etxe-lerro bat, luzatuz doana han-harat, urrunsko. Ez dugu galdegitearen beharrik non giren, afixa zozo batzuek erakutsia baitaukute. Cestona-ko hiriñoan gaindi bagoazi, alde orotarat beha, hanbatenaz begiak erneago non frantsesek toki hau irriz jokatzen ohi baitute, diotelarik: Cestona, le Vichy espagnol!*
Bibliografia:
ETXEPARE, Jean: Beribilez, (Maria Jose Kerejetaren edizioa) EEE, Donostia, 1987.
|