Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Loiolarik ez balitz »  Euskararen medikuak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Euskararen medikuak

.20-ko hamarkadak ezagutu zuen euskararen aldeko susperraldiaren beste adibide bat Euskal Esnalea aldizkariak eratutako hitzaldiak ditugu. 1918an ekin zitzaion hitzaldioi, Donostiako Novedades Antzokian, eta Iparraldeko Eskualtzaleen Biltzarrak antolaturikoen irudira, normalean euskaraz lantzen ez ziren gaiak izan ziren mintzagai. Hizkuntza, azken hamarkadetan jaso duen atzerakadaz arduratuta, modernitaterako gaitu nahi da, gerora Lizardik esango duen bezala, “noranahiko” bihurtu. Edozertarako nahi da euskara, bizitzaren asmo eta arlo guztietarako.

Iparraldean mende hasiera-hasieratik Jean Etxeparek medikuntzari buruzko gai asko eman bazuen ere Eskualduna eta Eskualdun Ona kazetetan, Bidasoaz hegoaldera ez dira ohiko medikuntzaz euskaraz egindako lanak. Inazio Artetxe (1892-1948) azpeitiarra izango da aitzindarietako bat, Larreko, Goti eta Hernandorenarekin batera. Badakigu eman zituela beste batzuk ere gazteago zela, Donostian, 1919an eta 1923an, baina 1926ko azaroaren 11an Novedades aretoan emandakoa da, hau da, “Sendagintza gizadiyetan zear” beharbada bere idazkeraren erakusgarririk ederrena. Hitzaldiaren mamiari ez ezik, garrantzi handia ematen zion Zumarragako pediatrak hizkuntzari berari. Neologismoren bat gora-behera, gipuzkera sotil, dotorea darabil. Hona hemen hitzaldi haren aurreneko zatiaren durundioa:

Jaunak:
*Gizonaren jakin-guria aundiya da. Badirudi, bere bukaera gabeko azterketan, bazter alderdi guztiyak, alaitasun ikusgarriya dutela gizonaren asmo zintzo orrentzaz; bañan ori ala bada ere, neonek uste det, bazter oyen artian badala bat, beste guztiak baño alaitsuagoa, atsegingarriagoa, onuratsuagoa. Au da edestiya*. ¿Badakizute zergatik?

*Ez da zalla galdera onen erantzuera. Gizonak, gizona dan artian, edukiko du bere barruban, zirikaka, gogo bat: bere asaben, gora bera, biziera, gudaldi, oiturak eta izakera; gizalditik gizaldira, aitak semiari, semiak bere ondorenguari esan izan dizkiyon ipuiñ, eta izanak, jayoterriyaren kondairak, gizon entzunaren bizierak, lanerako lanagoko zarren oiturak, asaben siñismenak, erlijioaren zimendubak, jakintzaren berriyak, guztiya. Itz batean esateko: edestiya.*

*Sendakintzak ere badu bere edestiya. Sendagilleak geran aldetik, ez det uste iñortxo ere, zuen artian egongo danik ikaratuta, gaur nik, nere itzaldiyaren gaitzat artu dedalako nere eginkizun edo eginbearraren edestiya. Sendakintza, gañera, da, gizonaren eginkizunen artian, bat behintzat, bere gaiñ eta beragaz, farre ugari egiñ izandu dan eginkizuna. Ez gera geyenok gizon jakintsuak, bañan jakintsuak ez izan arren, ez da egongo igeltsero, errementari, nekazari, lege gizonik, sendakintza gayetan, bere ustez, sendo eta astun ez dakiyenik. Au egiya dala, berialaxe agertuko dizutet ipuintxo batekiñ.*

*Lenagoko denboretan, orain bezalaxe oi ziran bakaldun edo erregeak. Lan asko ez dakit eduki oi zuten, bañan badakit euren inguruan ibilli oi zutela gizontxo bat, farre egin-erazteko bakar-bakarrik. Ez diyote kondairak eta ez digu ardura, zein bakaldun zan. Beiñ galdera egiñ omen zion gizon farre-eragille orri bere nagusi, bakaldun orrek:*

Aizazu, ¿*zeiñ eginkizunetara gaurko egunian juaten da notiñ edo jenterik geyena*?

Galderak bazuen bere gogo edo intentzioa. Gizontxua etzan ikaratu, eta an dijoa bizkor bere erantzuna:

Jauna. Gaur geyen-geyenak sendagilleak dira.

—¿Nolatan da ori? —diyo bakaldunak—. ¿Ez aldakizu ez degula bat bada ere sendagillerik billatzen?

Biyar emango diot agerpena, jauna —*erantzun diyo berriz gizon orrek. Urrengo egunian jauregi barruban bazebillen, gogoz arpegia lotuta, aurreko egunian ikusi degun gizon ori. Negarti dago, miñ samiñak dauzka iñolaz. Badator erregea eta galdetzen diyo:*

—¿Zer dezu, aiskiria?

—*Agiñeko miñ bizi eta aundiya det. Au geyegiya da.*

*Eta orduan bakaldunak agintzen diyo, miña kentzeko, onelako edo alako sendagaia ipinteko, ura dala ona ta.*

Gizontxuak, zapiyak laister kendubaz, erantzuten diyo:

—*Jauna: egiya da ikusten dubanez sendagillien ugaritasuna. Beori ere oraiñ sendagillea da, neri sendagayak agintzen dizkidan ezkero.*

*Ipuntxo au egi ala gezurra dan ez dakit. Bañan sakona da, egi aundiya agertzen digu. Sendakintza guztiok dakigun ezkero, itzaldi onen gai bezela sendakintza artuz*, ¿ez al da egoki izango?

*Baño aurrera guaz* (...)

*Oraindik ez da urte asko. Espaiñiyan gendukan sendagille bat: jauna. Beragatik esantzun bateron-batek* “jakintzari edo filosofua zala sendagillien artian”. Jaun orrek esantzuban sendagintzaren jatorriyari begiratuta, ezin izango zala errez sendagilleak arro azaltzia. Egiya da. Sendakintzaren jayotza guziz da txirotasun gogorrekua.

*Ona emen. Gaixo batzuek etzan oi ziran eleiz baten atayan. Altzutenak bere oñez juaten ziran ara. Bestiak eraman egiten zituzten. Batzuk eta bestiak, etzanda, eguzkitako epeltasuna artubaz edo kerizpea billatuaz, itxoin oi zuten*. ¿*Zeñeri? Elizkizunetara ugari etorri oi zan notiñ edo jendia. Euren artian azaltzen zan bat edo beste itxura artako gaitzaren berri zekiyana, eta gaixo gisaiso ari esan oi ziyon sendagai onekiñ edo arekin sendatua izango zala. Au izan zan sendakintzaren jayotza. Amarik gabekoa, gurasorik gabeko umiaren jayotza bezelaxe. Sasikoa, eta sasikoaren abizena labur izan oi da.*

Euskera sencilloa idatziko zukeen Arestik, ahozkotik oso gertukoa, inondik ere. Pixka bat beranduagokoa da Abelino Barriolaren seme zen Inazio Maria Barriola donostiarra. Aintzat hartzekoa da honen “Erri sendagintza euskaldunen artean” (1931). Gero, gerrak medikuntza euskarara urreratzeko edozein ahalegin zapuztuko zuen. Gazteleraz emango ditu bere lanak Donostian bizi izan zen Manuel Zelaia azpeitiar medikuak: *Evolución de la higiene pública municipal en San Sebastián (1969), Los cementerios de San Sebastián: de San Bartolomé a Polloe (1964), Patrimonio municipal. Artikutza. La traída de aguas (1964)... Higienez gazteleraz, euskara literaturarako gorde zuen. Hala itzuli zuen Apokalipsia (1964) eta Pio Barojaren La dama de Urtubi*, kaleratu gabe gelditu arren, nonbaiten hautsak biltzen.

Hainbeste ez dela, Beasaingo anbulategian Osasun Mentaleko Psikiatra den Blas Erkizia Amilibia azpeitiarrak Psikopatologia hiztegia buruturik duela jakin dugu, “hiztegia baino gehiago entziklopedia izan nahi duen” lan mardula.

Gainera, azken urteotan, komunikadore sen handiko ahotsa ageri du Julian Bereziartua sendagileak, hizkera txairo eta adierazkorraz osasuna eta elikadura hizpide hartuta Euskadi Irratiko asteburuko tartean diharduenean, eta Uztarria herri aldizkariko hileroko zutabean.

Hona lau azpeitiar mediku, euskarari kuku egin nahian...

Hemeroteka:

ARTETXE, Inazio: “Sendagintza gizadiyetan zear”, Euskalerriaren Alde, 1928.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak