Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Loiolarik ez balitz »  Erregeari euskaraz

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Erregeari euskaraz

.1922-ko irailaren 10etik 16ra, Eusko Ikaskuntzak Gernikan antolatu zuen III. batzarra. Bi urte lehenago, Iruñean izan zen; aurrenekoa, berriz, Oñatin, 1918an. Lehen batzar hartan, Espaniako errege Alfonso XIII.a bertan zela erabaki zuten Nafarroako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako diputazioek, besteak beste, euskararen hizkuntza akademia, Euskaltzaindia sortzea.

Gernikan, Gipuzkoako diputatu nagusi zen Julian Elortza azpeitiarra izan zen, sarrera eta amaiera hitzaldiak egin zituena. Pentsakeraz karlista, euskaltzale eta foruzale handia zen Elortza. Diputatu izan zen 1911 eta 1919 bitartean, eta antzeman egingo da sorterrian. Jaioterrian, Azpeitian, ezaguna egingo den udal bandoa emango da argitara 1918an. Urte berean, abuztuaren 1ean, Azpeitian entzungo da, aurreneko bider, “Agur Jaunak” Gipuzkoako diputazioaren ereserki bihurtuta.

Elortza Diputazioko lehendakari izan zen 1919tik 1924ra, eta berari zor zaio, beste hainbat gauzaren artean, Urola trena egitearen gestioa. Garai honetakoa du Eusko Ikaskuntzaren sorreran egin izan zuen lana. 1931ko Euskal Autonomia Estatutuaren idazkeran ere parte hartu zuen.

.1922ko III. batzar hartan hartutako erabaki nagusien artean, eskoletan euskaraz irakastearena zegoen, hala nola euskal unibertsitate bat sortzearena. Esan bezala, Julian Elortza izan zen, Euskal Herriaren eta Espainiaren onerako Alfonso XIII.ari ahal zuen neurrian lagun zezala eskatu ziona. Oso euskara argia darabil. Jeltzaleak Aranaren gramatika lanei jarraikiz erabiltzen hasiak ziren arauetatik libre, halako gipuzkera txukun bat. Merezi duelakoan, eta Elortzaren figura politikoa hobeto ezagutzeko baliagarri delakoan, hona osorik agur hitzaldi hura:

Euskalerriari dagozkion gai batzuek ikasten, gogoz lanean zortzi egun igaro ditugu Gernikan. Zortzi egun oiek ta gero, gure lanak bukatzean gure artera etorri zeralako, eskerrak eman nai dizkizut. Eta gure lanetan euskerari dagozkion gai asko erabilli ditugun ezkero, esker oiek zuri euskeraz ematea, aukera-aukerako gauza iruditzen zait.

*Nere erabaki au ez txartzat artu, jauna. Zerorrek Oñatiko Batzar eder artean esan ziguzun:*

“*Cultivad vuestra lengua, el milenario y venerable euskera, joya preciadísima del tesoro de la humanidad, que habeis recibido de vuestros padres y debeis legar incólume a vuestros hijos*”.

Gure euskera zar eta goragarria gure semeai oso-osorik eta bizi-bizirik uzteko, zerorrek esan ziguzun. Zuk esandakoa egiteko euskera alik eta geien erabilli bear degu. Gaur nik agur au euskeraz egitea, zure agindua betetzea bezelaxe da, bada, Jauna.

Irugarren aldiz gaur etorri zera gugana. Batzar oek egiten diran ezkeroztik, lanaldiak asitzean gurekin izan zera, ta gure artean zu ikusteak atsegin eta indar aundia ematen digu. Eskerrak, bada, Jauna, esker bero-beroenak Eusko Ikaskuntzaren izenean.

Dakizun bezela, Jauna, lan oetan bi gai erabilli ditugu: euskerari dagozkionak eta erakusteari dagozkionak.

Euskerarekin zer-ikusia duten gaietan, erabaki sendo-sendo, indartsu bat artu degu: geroz eta geigo maite ta geroz eta geigo zabaltzea. Euskera, gure ustez, ez da etxe-barruan bakarrik erabilli bear degun izkera; ez da senide artean bakarrik erdi-izkutuan itz-egitekoa. Zabalera, argitara, guzien begien aurrera atera nai degu. Euskera, gure mamia, gure odola, gure bizia bezelaxe da, ta ala dalako illunpe ta izkututik atera ta argiz beteta alde guztietan ikusi nai degu.

*Ez gaitu gure maitetasunak itxutzen. Urrutitik, beste errietatik, etorri diran izkuntza-zale jakintsu oiek, erakuspen ederra eman digute. Ez dira euskaldunak, euskera ez dute beren gurasoen ezpañetatik entzun, eta ala ere euskera bene-benetan maite dute, gogo-gogoz ikasi dute. Ta jakintsu arrotz oiek egiten dutena, guk, euskaldunak,* ¿ez al degu egingo? Erakustearekin zer-ikusia duten gaietan ere, beste guzien gain, erabaki au artu degu: Euskalerriko ikastetxietan euskera besterik ez dakianari, izkuntz ortan erakusten zaio. Belgikan ala egiten da; Inglaterran ala egiten da. Ta urrutitik etorri diran jakintsu oiek, emen ere ala egin bear litzakela esan digute. Bide zuzenagorik ez dala.

*Gure baserritarren artetik ez-jakitea kendu nai degu, baserritarrai erakutsi egin nai diegu, baña euskeraz erakusten ez badiegu, gure lanak alper-alperrikakoak izango dira.*

*Euskera, euskaldunen arterako bakarrik dala badakigu. Orregatik, guk ez degu erderarik ez erakusteko esaten. Ez: ikasteko esaten degu: gerok erakutsiko degu, erdaldunekin itzegiteko bear da-ta, baña bear bezela, poliki-poliki, ta euskeraren bidez erakutsiko degu.*

*Ta erakustearekin zer-ikusia duten gai oek aitatu ezkero, gure beste nai bero ta sutsu bat ezin aitatu gabe utzi dezakegu. Iruñako Batzarrean ere aitatu genuen: Ikastola nagusi bat, Universidade bat nai genuke Euskalerrian*.

*Jauna: Euskalerri guzia Universidade orren zai ta eske daukagu. Euskaldunak ikasi egin nai degu, geroz ta geigo jakin, baña neke ta lan aundi gabe ezin ikasi degu, Universidadeak urruti dauzkagu-ta. Beste guziak daukatena* ¿zer dala-ta guri ukatu? *Jauna: gai ontan zerbait albadezakezu, luzatu zazu gure erri-aldera zure esku ongille ori. Euskalerrian Universidade ori len-bait-len irikitzeko alegin egin zazu. Oñatin esan ziguzun:*

“*Consagraos al estudio y fomento de cuanto pueda contribuir al adelanto y progreso del país... y para tan nobles fines contad con mi decidido apoyo*”. *Zuk esandakoa egin nai degu, gure erriaren aurrerapenari dagokion guzia ikasi ta zabaldu nai degu, baña nun ikasirik ez daukagu. Zuk eskeiñitako laguntasuna eman zaiguzu bada; jaso dezagun Ikastola-nagusi ori, ta orduan bai, orduan zuk eskatu bezela, gure erriaren aurrerapenari dagokion guzia ikasi ta zabalduko degu. Orain ezin dezakegu, nun ikasirik ez daukagu-ta. Oek dira gure naikunde bizienak, jauna. Batzar oetan agirien jarri diran naikundeak oek dira.*

*Geroz ta euskaldunago izan nai degu, jauna, antxiñako legeak geroz ta geigo maite ditugu. Euskalerria bizi-bizirik ikusi nai degu: geroz ta bizigo, geroz ta gorago, ez guregatik bakarrik, jauna, zuregatik ere bai. Gu zenbat eta gorago, Españaren izena ainbat eta gorago jarriko da. Guk, zure koroi eder orren argi eder eta argiena izan nai degu.*

Hemeroteka:

“Gernikan”, Euskal Esnalea 225. zenbakia, 1922ko iraila.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak