|
|
|
Harriak negarrez
Abarketa eginean ikusi zituen azkoitiarrak Lotik Zumarraga bidean pasatu zenean. Zola izan balitz, fabriketan sartuko zen, eta langileak, beste horrenbeste edo gehiago ikusiko zituzkeen, abarketa egiten batzuk, jutea prestatzen besteak, txapelgintzan harakoak.
Mendearen erdi aldetik atzera hasi ziren makinak sartzen herrian. Berria hasi zenerako, ehun langiletik gorako lau bat enpresa baziren, bertako nagusiak zituztenak denak. Txikiagoak ere, dezente. Langile asko da hori antolatu gabe edukitzeko.
Bilbo aldean sindikalismoa sozialismoaren bidetik sartu bazen ere, Azkoitian, Azpeitian eta Oņatin, esate baterako, sindikatu katolikoak izan ziren fabriketan nagusitu ziren bakarrak. Industrializazio prozesua poliki eman zen, ez zen kanpoko langilerik ia.
Orduko gizartearen osaketa ideologikoa zein zen ikusteko, nahikoa da 1911tik 1922ra bitarteko hauteskunde emaitzei erreparatzea. Tarte honetan, integristek zortzi-hamar zinegotzi izan zituzten udaletxean, jeltzaleek bi-lau,
eta karlistek, bat edo bi. Herri tradiziozalea izan da Azkoitia, tradiziozalerik izan bada.
Elizaren eragina beharginen bizimoduan, erabatekoa zen. Herrian ziren bi sindikatu nagusiak, alegia, Sindicato Católico Obrero eta Sindicato Católico Libre dira horren adierazgarririk onena.
Lehena, Zirkulu Katolikoen babesean hazia, Manzisidor enpresaburuak sortu zuen, eta Gurutz Garmendia historialariak esatera, Loiolako jesuiten babes osoa zuen. Honengatik guztiagatik, eta lan arazoetan sartzen ez zelako, amarilluak bezala ziren ezagunak Azkoitian sindikatu honetako partaideak.
Beste sindikatu nagusia, Librea, dominikoek bultzatua zen, Aita Gerard-ek eta Aita Garfo-k batez ere. Katolikoa izanagatik, borroka sindikal klasikoko elementuak bazituen. Besteak ez bezala, soldata duina eta orduen murrizketa eskatzen zuen, grebak antolatu zituen, eta hauetan irauteko, gero beste batzuk egingo duten bezala, erresistentzia kutxa ere bai. Jeltzaleei lotutako sindikatua izan zen herrian antolatzen azkena, Solidaridad de Obreros Vascos ez baitzen 1919ra arte eratu.
Lehen Mundu Gerrako oparoaldiaren ondoren, obrero kontzientzia eta katolikotasuna bat ziren antolaketa sozial honekin egin zion aurre Azkoitiko langileriak Versaillesko Itunak Hego Euskal Herriari ekarri zion krisi latzari. Bizi baldintzen kaskartzeari greba gogorrekin erantzun zitzaion. 1918an bakarrik, hogeita hamasei antolatu ziren Bizkaian. Urte berean Azkoitian ere izan zen lanuzte gogorrik, azkenean herriko erretorearen bitartekaritza onartu behar izan zuena konpontzeko.
Baina dudarik gabe, 1920ko borrokak izango dira zedarri herriko langileen antolaketan. Esan den bezala, gerraosteko krisiak miseriari dei egiten diolarik, grebarekin erantzuten dute langileek. Hala atera ziren Bergaran ehungintzan zihardutenak, hala Pasaia eta Errenteriako metaleko obreroak, hala Bilboko eraikuntzakoak. Azkoitian, abarketeroak dira urrian beharrera ez doazenak. Nagusiek lock-out-arekin, hots, fabriketako ateak itxita erantzuten dute. Guardia Zibilak lantegi aurrean bildutakoen kontra tiro egin eta zazpi lagun zauritu ditu.
Pobriakin oiek
Zer moduz dabiltzen,
Kristau maitiak, jarri
Zaitezte aditzen:
Gosiakin ez dute
*Iņor errenditzen,*
Asi zaizku plomozko
Konpitak partitzen.
Bertso sail ederrak dira, oraindik ere Jose Manuel Lizarralde Urkiolegi-renak, bertsolariak baitira, besterik ezean, orduko gertaeren kronistarik bihozberenak. Urkiolegi Sindikatu Librekoa da, eta nahiago du bertso jarrien patxada bat-batean aritzea baino. Adibide polita da sindikalgintzan Elizaren alderdi batek zuen eragina ikusteko:
Onla amenazoka
Jendia aspertu,
Txinako legerikan
Guk biar eztegu;
Ez gera salbajiak,
Kristauak gera gu,
Tokatzen dan moduan
Lana egingo degu.
Ez dira Urkiolegiren bertsoak orduko gertakariez dugun literatura bakarra. Lanean ez dutela ez zentimo bat merkiago, ez-da miņutu bat ere gehiago jardungo abisatzen zuten hainbat agiri kaleratu zituen euskara hutsez garai hartan Makiņisten Anaitasunak, Sindicato Católico Libreko adarretako batek. Multzo hartatik, lau behintzat heldu dira gureganaino, obrero katolikoen prosaren erakusgarri. Hona hemen bat, Azpeitiko Bitor Arregiren inprentan egina, orduko garaien lekuko eta euskara eskaera sozialetarako ezinbestekoa zen seinale.
Panfletoak ondo eutsi dio denboraren ibaiari, egungo irakurlearengan zirrara lortzerainoko emozioa transmititzeko gai da, poliki, arrazoien eta sentimenduen bidetik, erdiz erdi zaramatza, zoragarria zaizu tempoa. Zaila, baina sinetsi nahiko genuke aita dominiko batek beharrean Azkoitiko langile batek idatzia izatea...
AZKOITIKO ERRIARI, LANGILLIEI BATEZ ERE
*Etsaia zaituko bada, erne egon biar izaten da. Bere kontra egin nai baldin bada, ez lagatzeagatik geuri kalterik egiten, aurretik lana egin bear da; ondo neurriak artu bear dira gero borroka orretan eziņian ez arkitutzeko. Langilleak, eldu da denbora. Orain bear degu artu gerekin gere indar guztiya. Ordua da gere lo kaltegarri ontatik esnatutzeko. Zabaldu begiyak eta ikusi zazu zer burruka dabillen zure inguruan. Burruka txit gogorra, guretzat alderdi andiya daukana. Lau urte burrukan pasatu ditugu zerbait gere bizitza lasaitzearren, gosiak or pasatu giņuzen amaika aste, or gere odola eman genduan gere alderdiya gordetzearren, eta gaur ez degu ezertxo ere egingo? Orren errez utziko ote ditugu orrenbeste saiatuta ekarritako ondasunak? Gogoratu ondo lenago zer giņan eta zer modutan lan egiten genduan, gure guraso zarrak nola izan ziran, eta begiratu orain nola arkitzen zeran. Oraindik ondo izateko falta dezula esango dezu, aur asko badituzu:* *Oraindik ez naiz osatzen, orlakoren eta orlakoren etxian zorrak pagatzeko, umiei oņetarakuak ekarri biar, beren eskola, etxe-errenta, pagatzeko*.... Eta oraindikan, utzi ezkero, errezu luzia egingo luke. Onek esan nai du zure bizimoduan ez dala lasaikeri aundirik, geiago irabazi arren ere ez litzakiala sobratuko.
*Galdetu zeure buruari: Zer da nire eguneroko janaria? Zer deskantsu ematen diyot neure buruari? Nola bizi dira nire emazte ta umiak? Ondo galdera danai erantzun zaiozu, ikusiyaz ta aitortuaz garbi gertatzen zaizuna. Ez zaitez tristetu, langille gizajua, ez; oraiņ ez da tristetzeko denbora. Geure buruen alde lana egiteko ordua da. Tristatzeko arrazoi asko daukazu, zergatik ikusten dezun zere izate ona galtzen. Eguneko nekia ordaintzeko jan biar dezunik ez dezu, eta, au asko ez dala, oraindikan beste arantza batek miņ andiyagoa ematen dizu. Ainbeste maite dezun emaztea ikusten dezu tratu txarrarekin lengo antzik ez duala, kolore illarekin, osasun koskorrarekin bizi-eziņian, naigabez beteta bere aurtxuarentzat ezin inguraturik bear dutena. Zure umiak arpegi tristiarekin arkitzen dituzu, ez dutelako zerekin ixildu beren gosia, zerekin txukun estali beren gorputza. Besuak tolostatu eta egongo zera ezer egin gabe abek ikusita?*
*Kaleko arriak berak ere negar egingo luteke adituko balute zenbait langilleren etxian gertatutzen dana. Negarra ez da sendagaia. Malkua begiyetatik irtenarekin ez dezu arkituko zure zoriona. Beste zerbait egin bear degu. Non arkituko degu gure sengaia? ALKARTIAN. Ezer egingo badegu alkartu egin bear degu langilleak alkarrekin, baņan egiyazko alkartietan. Alkarte-oietan ikusi ta ikasi bear degu non eta nola arkituko degun ondo izatea. Au langille guztiyak egin bear deguna da. Ez utzi bestientzat lan au, norberak egin bear du bere aldetik al duan alegin guztiya. Ikusi dituzu lenago zer gauzak naigabez betetzen duten zure bizitza. Baita ere erakutsi dizugu non dagoan zure sendagaia. Orain biotzik badezu, maitasunik badezu, odolik zaņetan badaukazu, etorri alkartera. Zeiņ alkartetara?*
*Lau urte dira burrukan, alkartzen asi giņala. Lau urte pasa ditugu ezker-eskubira burrukan. Egiya ezagutu nai ez zuten asko ikusi ditugu. Langillien onik nai ez zutenak eta beren kontra egin dutenak ezagutzen ditugu, baita ere bera saldu dutenak azaldu giņuzen bere denboran, baita ere arpegi eman gure alkartia txartzat eta guk ixuritako odola infernuarentzat eta txarkerirako ixuri genduala esan zuanari. Ez degu gizon aben izenik azaldu nai, danok ondo ezagutzen dituzutelako. Berengatik egon giņan batian jornal gutxiagorekin, bestian geren kontzientziya estu genduala. Baņan izan ditu Eleiza Ama Santak jakintsuak, erriaren aurrian ontzat eman dutenak Urrillaren seian egin genduana. Danak bizi dira egun triste artan zauritutakuak, Jaungoikoaren mirari batez, eta orain arroturik ikusten degu gure bandera len baņo ere kolore biziyagoarekin. Egun orren gogoramenak indar berriya, indar biziyagoa, ematen digu aurrera joateko. Ez du gizonak lotsarik izan biar egiyaren alde egiteko. Asko dira erri onetan egirik ezagutu, aditu nai ez dutenak, eta egiya azaltzen degulako gorrotoz beteta arkitzen diranak. Beren barruan, subeak egiten duten bezela, pozoi txarra gordetzen dute, gorrotoz beteta bizi dira. Gero esango dute fedea dutela, katolikotasuna gordetzen alegin egiten dutela. Ez al dakite zer erakusten duen gure siņismenak? Ez al dute beņere irakorri Ebanjeliyo santuan zer esaten duan gai onetan Jesusek? Berak esaten digu iņorentzat badegu gorrotorik, iņori gaitzik egin badiogu, sakrifiziyora juan baņo lenago barkazioa eskatzeko. Eta egunero gorrotoz beteta ikusten ditugu mai santura joaten... Goguan iduki dezatela ez dala zeruan sartutako gorrotoan ill danik. Guk asitako huelga edo oporketaren ondorean jarri zuten loc-out arretan fabrikatik bialdutako bat, il zan beren barkazioa ikusi gabe. Ikusi zazu orain zer gizon diran abek. Ainbeste gizonen aurrean agindu zuten berriro artuko zituztela fabriketan, eta zer ikusten degu? Bat illa zan... Gu ta gure alkartia ondatu nai dituzte. Onen billa dabiltza alderdi guztietatik. Zergatik? Berentzat ona ez dalako, oinpean langillea nai dutelako, gure eskubiderik ta libertaderik ezagutu nai ez dutelako, erri ontan alkarte onek bakarrik ezeri beitu gabe arpegiya erakusten diyelako. Baditugu oraindik berakin kontuak arreglatutzeko, ez gaudez aztuta, geuriak goguan ditugu, egun egokiaren zai arkitzen gera. Alkarte au ondo ezagutzen degu, langillea. Alkarte onek beti arpegiya garbi erakutsi du. Gure batzar danetan atiak zabalik egon izan dira. Zertarako itzaldiya danian atiak itxi, egiyaz fede onez baldin bagabiltza? Egiyak lotsarik ez du. Badituzu beste alkarte bi ere. Bat da politikan sartzen dana, langillien alkarte egiyazkoa au ere ez, bere barruan ez ditulako danak ametitzen. Ez diogu langillien alkartietan begiratu bear nungua dan; danak alkar artu degu gere lana defenditzeko. Ez degu fronterarik ezagutzen alkartiarentzat; mundu guztiko langilleak anaitzat ezagutzen ditugu lan-kontuan. Azkoitian Solidaridad de Obreros Vascos orren lana danak dakizute. Lagundu izan digu, baņan karga ta arrixkoa guri gaņera botata. Beste bat ere bada, baņan ez da alkarte au langilearen mesderako jarria. Danak dakizute nagusiyak jarri zutela gure alkarteak indarrik artu ez zezan. Alkarte ori gorrototik jaiua da; au gure apaizpiku (obispo) jaunak esana da. Balentin Alberdi jaunak Otaņo**tarrentzako zuan gorrotoagatik. Orduan aiek nai zutena ez gendualako, jarri zan amarilluen alkartia. Nagusiyen desiua betetzearren. Au al da langille utsaren alkartea? Ordutik onera ez dute beste lanik egin: nagusiyen desiuak bete eta langillearen kontra egin. Alkarte artatik sortu dira esquirol guztiyak; lana orduetatik kanpora egiten dutenak an arkitzen dira. Alkarte orrek berak pagatu zituan gure huelga edo oporketako esquirol danak. Au da gezurrarekin bizi dan alkartea; ez alkarte ortara joan, ez orri indarrik eman. Gaur bezela aurrera ere garbi itz egingo degu. Orain bi itz, bukatu baņo len, makiņistari:*
*ANAIAK: Elkar ondo ezagutzen degu eta orregatik itz egin dezagun gure lan-kontuan. Aspaldiyan ikusten degu nola egiten diguten nagusiyak alegiņ tokatzen diran orduak baņo geiago sartzeko, extraordinariua pagatu nai ezik. Zortzi orduan osatuko ditugu gere nagusiyak, ez iduki kuidadorik. Dutenian izaten dira estu eta presa. Ez dutenian, egon biar izaten degu. Orregatik danak errespetatu zortzi orduak. Oietan egin zintzo lana, baņan miņutu bat geiago ez.*
*Pentsatu berriz gero zer daukagun. Ogei ta amar bat izatera eldutzen zeranean, geiago lan orretan egiteko gauza ez zeranean, zer egin bear dezu? Orain da orduba neurriak artzeko; ez gero damu izan. Aspertu gera danentzat bakarrik beti burrukan jarduten; min ematen digu geure kontra, gu nundik galduko dabiltzanak guk burrukan alkanzatutakua artzen; gaurtik aurrera beste gauzaren bat pensatu degu. Bestiak sufritzen dutena, bada, guk ere sufriko degu, baņa gure bizkarretik iņork ez du farrerik egingo.
Danak egin bear degu lana, danak alkarri lagundu. Diruan orain dabill borroka ikaragarria lanarekin. Orain, ez gero, artu biar degu erabaki au.
Ez degu jardungo lanian, ez zentimo bat merkiago, ez-da miņutu bat ere geiago.*
Au da gaur mundu guztiko langillien erabakia. Guk ere ala artu bear degu. Aurrera, langileak, ez atzera egin.
*Makiņisten Anaitasuna*
Bibliografia:
CASTELLS, Luis: El desarrollo de la clase obrera en Azcoitia y el sindicalismo católico (1900-1923), Memoriae L. Mitxelena, Magistri Sacrum, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostia, 1991.
GARMENDIA, Gurutz: Jasokunde Kooperatiba oroituz, Jasokunde kooperatiba, Azkoitia, 2003.
ZAVALA, Antonio: Azkoitiako zenbait bertsolari, Auspoa, Tolosa, 1970.
|