Urkamendikoak
Bertso paperek, gerora herritargo zabalaren artean nagusi jarriko den
prentsa idatziaren aitzindaritza lana bete zuten neurri batean. Garaiko kronistak dira bertso jartzaileak, gertaera gogoangarrienak jaso eta modu artistikoan, kantatzeko eran, paperean ematen zituztenak. Baina ez dira hori
bakarrik.
Funtzio sozial garrantzitsua ere bete zuten bertso berriek, estimazioa
halakoxea izaten zuten gero. Jendearen sentierarekin bat egiten zutenean bertsoak erruz saltzen ziren, harrapazka. Eguneroko prentsak ezin zion, ezta hurrik eman ere, bertsoek adina adierazkortasun eta indar eskaini orduko euskal-dunari.
Bertsoak kronika soziala izateaz gainera, iritziaren plaza ere baziren, eztabaida leku, trama biziak, eleberrien antzeko, eta gertatutakoan oinarri hartzen zutenak. Irakaspen nabarmena ekarri ohi zuten askotan, noski, hezigarri nahi zuten izan. Kantuz gogoan gorde zitezkeen, eta kantatuz nahi beste aldiz berritu.
Urkamendiko literaturak, berez, azpigenero bat osatzen duela esan daiteke. Ohikoa zen kondenatua hil behar zenean zeremonia eskarmentagarria antolatzea. Erritualak zehaztuta zituen xehetasunik txikienak: non behar zuen urkamendiak, nolako neurriak, zein apaingarri, kondenatuak nola behar zuen jantzita, zer jarreratan agertu, nola hil... Botere publikoek, agintariek idazle goraipatuak kontratatzen zituzten ikusitakoaren berri zehatza ahalik eta sentimendurik handienaz eman zezaten ondoren.
Eskolako haurrak exekuzioa ikustera derrigorrez eramaten zituzten. Borreroak, berriz, inork atsegin ez zuen langintza batean ziharduten “tekniko kualifikatu” haiek, hiltzeko tresneriarekin nahiko urrunetik iristen ziren. Aginteak gauzen ordena zuzenari eusteko sustatutako nolabaiteko “festa zibikoa” zen jendaurreko exekuzioa. Ilustrazioko garaiak ekarri zuen ikuspegi “pedagogikoarekin” bat zetorren sakrifizioa.
Gurean urkamendiko bertsoek saila osatzen dute (Hamalau heriotzena, Estudiante kondenatua, Jose de Larrinaga...), eta konstanteak dira lehen pertsonan kontatuak izatea, gertaeren deskribapena egitea, egindakoagatik damua erakustea, eta, azken buruan, Jainkoari, Ama Birjinari kupitu dakigula eskatzea, edo otoitz baten eskea gaizkilearen arimaren alde. Azpigenero horren tasunik markatuenak dira.
Bertsoek larderiaz juzgatzen dute zigortua beti, eredugarri behar du izan kastiguak jendartearentzat probetxukoa gertatuko bada. Inor ez dago barkatzeko mundu honetan, ez dira gai, zeruetako indarrei eskatzen zaie arima salba diezaiotela, ez dago gorputza galdu gabe libratzerik. Zor nauzu eta paga nauzu. Ez dago besterik.
Guzti-guztiena, hala ere, ez zen horren juzku gordina izan. Hizpidera dakargun kasuan, esaterako, Azpeitiko udalak, Gipuzkoako diputazioak hala aholkatuta, batzar berezian bildu eta Espainiako Maria Cristina erreginari indultoa eskatu zion Muatzeko Tejeriarentzat.
Krimenak jendearen grina ezkutuenak agerian jartzen ditu, ondorioak tragikoak izaten ditu eta harrien arreta ere piztuko luke. Biktimarekin identifikatzea ez da zaila, eta gizarteak kondenatua ere biktima bilakatzen du. Ezin da ukatu, morbo berezia sortzen du oinazeak.
Joanito Dorronsorok, Bertsotan bilduman kontatzen du Etxeberritxok idatzitako sail honen motiboa. 1900eko urtarrilaren 16ko goiz euritsu hartan, zortzietarako mundua bildu zen Azpeitiko urkamendi inguruetan. Bezperatik denak emanda omen zegoen herria, hainbeste zen eta bertara hurbildutako jendetza. Ostatu guztiak eta hamaika etxe bete zituen ikusgarria euren begiz ikustera etorritako olde hark.
Jose Frantzisko Tejeria zeritzan garrotea emanda exekutatuko zuten mutilari. Gipuzkoan horrela hil zuten azkena izan zen. Urte eta erdi lehenago Aiako Muatz (Mugaz) baserrian aita tiroz hil zuen Josek. Donostiara alde egin koartada bilatzeko ustean eta han Guardia Zibilak atxilotu eta Azpeitiko espetxera bidali preso.
Jateko artean lima sartu zioten etxekoek ihes egiten saiatzeko. Ia-ian ibili omen zen, baina kartzelako giltzeroa akordatu eta aukera zapuztu zion. Gero Donostiara eraman zuten eta garrotearekin lepaezurra bihurrituta jendaurrean hiltzeko zigorra irakurri zioten.
Erromeri giro betean murgilduta ilundu zuen urtarrilaren 15a. Tabernak ez zituzten itxi gau osoan. Orduko prentsak dio biharamunean sei bat mila pertsona bildu zirela kartzela aurrean. Jende modu guztietakoak gerturatu ziren heriotza haren txistu hotsera. Haurrik ez zen faltako, helburua didaktikoa ere bai baita, ikasbide garrantzitsu bat, eskarmentu hartzea besteren akatsen kontura.
Hala, Agustin Jauregi idazle eta sermoilari ospetsuak zorrotz gaztigatu zituen herriko gurasoak igandeko meza nagusian, eramateko eta eramateko umeak hura ikustera, zigorraren legea zer den kolpetik ikasiko zutela-eta.
Lekukoen artean zen Juan Mari Zubizarreta, Azkoitiko Etxeberritxo baserrian jaiotako bertsolaria. Beste bazter askotan bezalaxe, pentsa daiteke gurean ere idazleak, bertsolariak kontratatuko zituztela, jazoera larriak egoki konta zitzaten. Beharbada Etxeberritxo ez zen kapritxoz joango Azpeitiko urkamendi aurre hartara. Baliteke agintariek eskatuta, aurrez hitz eginda, lan arrazoiengatik gertatzea bertso paratzailea urtarrileko goiz busti hartan Perdillegiko inguruetan. Bertan ikusitakoa paperera hitz neurtuetan ekarri eta hurrengo azoka egunean Azpeitiko kaleetan zen bi semerekin bertso haien kantari. Eskuetatik kendu omen zizkieten atera zituzten milaka aleak. Best sellerra.
Harrezkero, oraindik bertso horiek berritzen dira aldika, jendeak noizbait kantuan hartzen dituenean, Jose Tejeriaren suertearen zertzeladak, heriotzaren korridore hartakoak akordura ekarriz.
Bertso hauek esaten ez badute ere, litekeena da, borrero etorri zena, Anatole Mayoral zeritzan Burgosko zigorkaria izatea, urtetsu horretan Gaztelako hiriko kargu hori betetzen ageri baita. Espainia osorako hiru bat zeuden izendatuta, batera eta bestera ibiltzen zirenak euren egiteko ilunari laguntzen.
Urkamenditik bertatik hitzaldia egin omen zuen aita Aizpuru jesuitak, erabat ezeztatuz Tejeriaren balizko zuribideak, aita zena errainarekin konpontzen zelako kontu hura eta. Ondoren, beste apaiz bat kredoa esaten hasi eta estutu zioten lepoko burdin uztaia Aiako parrizidari, begira-begira zuen mundu haren guztiaren aurrean.
Ahozko transmisioak eta irudimen kolektiboak, belaunez belaun guganaino gorde ditu gertaeren txatal batzuk. Zenbait etxetan esaten da, Jose Frantzisko Tejeria hil ostean, gorputza kartzela aurrean jarrita eduki zutela, herriko sarreran, handik pasatu behar zuten inguruetako eskola umeen eta herritarren beldurgarri.
BERTSO BERRIAK AZPEITI’KO URKAMENDIAREN GAINEAN JARRIAK
Jose Tejeria da
au nere grazia,
Gipuzkoa’ko Aia’n
jaio ta azia;
tiroz aita ill nuan,
orra desgrazia,
publikatzera nua
asunto guzia.
Deabrubak animua
eman biotzera,
tiroz atrebituba
nire aita iltzera;
Donostia’ra gero
zerbait ekartzera,
egin nuen okerra
desemulatzera.
Gizonak altxa zuten
aita bizirikan,
“O, semiak galdu nau!”
berak esanikan;
gurasubak etzuban
esan gezurrikan,
gorputza ill da anima
juan mundutikan.
Paperian jarrita
alde aurretikan,
aitari zenbat eman
*señalaturikan;*
eske ari zan beti
aldamenetikan,
gure enredo danak
sortubak ortikan.
Aitak eskatzen ziran
legez eta bidez,
egiten niona da
agindu ta eman ez;
buru dana betia
pentsamendu txarrez,
tirua eman nion
diruaren ordez.
Soldadu arma-dunak
lotu kurioso,
baita eraman ere
Azpeiti’ra preso;
deklarazio txarrak
*egiña ni oso,*
libratutzeko bear
gezurra preziso.
Aurrena egon nintzan
uka fuertian,
salatzallia pranko
bazan bitartian;
gero aitortu nuen
egunen batian,
gezur guztiak ziran
neretzat kaltian.
Azpeitia’tik juan
Donosti aldera,
Gipuzkoa’ko buru
dan tribunalera;
akusatuba nintzan
Judasen legera,
gezurrak balio ez,
neretzat galera.
Andriak eta biyok
emandako itzak,
konprenditzeko ere
oso dira gaitzak;
oiek guziak ziran
gezurrezko saltsak,
aitari ezarriaz
etzituben mantxak.
Gaizki egin nuala
ondo damutzen zat,
au eskarmenturako
beste guzientzat;
munduban ez da izan
oraindikan behintzat
ume bat txarragorik
gurasubarentzat.
Donostia’n artuba
nintzan albistia
posible etzala neri
bizirik uztia;
ai ura orduko
lastima tristia!
Etzan alegratuko
nere emaztia!
Donostia’*tik giñan*
Azpeitia’ra etorri,
bost guardiarekin
kotxian ekarri;
kartzelan sartu eta
an nenguan larri,
sententzia tristia
zuten irakurri.
Zuzen da garbi egin
^dute justizia,
badakit nuela nik
ondo merezia;
illbeltzan amaseirako
nere sententzia,
goizeko zortziretan
kentzeko bizia.
Gaiztua izan banaiz
orra sujetatu,
sententzia orrek ziran
biotza erdiratu;
Aita Aizpuru’rekin
gogoz konfesatu,
egindako okerrak
danak akusatu.
*Pauso bat eziñ eman*
nuan ezergatik,
bi lagun banituben
beso banatatik;
urkamendira juan
*giñan kartzelatik,*
borrerua begira
zeguan atzetik.
Urkamendian nintzan
eserita jarri,
*nire entrañak zeuden*
estu eta larri;
bizia eman bear
oso lotsagarri,
au beste guzientzat
eskarmentagarri.
Barkaziua nuan
azkena eskatu,
*zergatik egiñ nuen*
lenago pekatu;
orrengatik bear det
orain nik urkatu,
Jaungoikuari arren
nitzaz erregutu!
Bibliografia:
ARTECHE, Jose de: El gran asombro, Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S.A., Donostia, 1971.
DORRONSORO, Joanito: Bertsotan (1789-1936), GIE, Donostia, 1981.
ITURRIOZ, Joxin: Urolaldea bertsolari, Ikasberri Azpeitiko Ikastola, Azpeitia, 2001.
ELIAS, Imanol: Azpeitiko efemerideak. Herria historian zehar, Uztarria Kultur Koordinadora, Azpeitia, 2003.
ELIAS, Imanol: Azpeitia historian zehar, Azpeitiko Udala, Azpeitia, 1997.
ESLAVA, Juan: Verdugos y torturadores, Temas de Hoy, Madril, 1991.
LAKARRA, Joseba; BIGURI, Koldo; URGELL, Blanka: Euskal baladak. Antologia eta azterketa, Hordago, Donostia, 1983.
ZAVALA, Antonio: Azkoitia’ko zenbait bertsolari, Auspoa, Tolosa, 1970.
|