Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Loiolarik ez balitz »  Euskal festak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Euskal festak

ARTETXERENEKO ostatua Azpeitian gaua eman duten bisitarien aspaldiko aterpe izan da. Edward Spencer Dogsonek gela hartua zuen 1893ko irailaren 6an. Hizkuntzalari euskaltzale ingelesak bi egun bazeramatzan bertan. Aita Ara-nari gaztigatzen dio Antoine Abadia hilaren 9an dela iristekoa, Euskal Festak hasi bezperan, eta Resurreccion Maria Azkue Loiolan izango dela gogojardunak egiten irailaren 8tik. Zetozen egunetan ez zen aspertzeko beta handirik izango.

Antoine Thompson Abadia iragarritako egunean heldu zen, eta egundo ez bezalakoa egin zioten ongi etorria. Festa giro ederra zegoen kaleetan, afalondoan Artetxereneko atarira bildu zena mundu txiki bat izan zela ikusten da Joanito Dorronsoro bertso ikerlariari irakurrita.

Bostehun gazteren bueltan ba omen ziren “Biba Don Antoine Abadia”-ka errenditu ezinean. Soinujoleek “La Azpeitiana” izeneko bals doinuak jo bide zituzten eta gaua lehertu zutenak nonbait “Gernikako Arbolaren” aireak eta eztarri malkotu haien burrundara izan ziren. Han gertatutako askok ezingo zuen bihotz hondotik gau hartako ajea zotin pare batekin uxatu.

Irlandar euskaldun aberatsa izan zen Abadia (1810-1897), aita zuberotarra eta ama irlandarra zituen euskal Lore Jokoen mezenas eta gurasoak. Urtero-urtero bere poltsikotik jarri ohi zituen diruak 1851an hasita hil zen arte, jaietako pilotari, bertsolari eta bertso-idazleak saritzeko.

Abadiaren itzala, ordea, ez da euskal kulturaren izararen lau belarrien artean kabitzen ahal. Etxe aberatseko semea, aurki erakutsi zuen trebetasuna frango zientziaren, etnografiaren eta hizkuntzalaritzaren plaza gorenetan.

Euskal Jaien eta Lore Jokoen aitajaunak, euskal kulturaren eta literaturaren pizkundearen sustatzaile gertatu zen hark, bere bizitzan izan zuen, euskara maiteaz beste, nori zerbitzatua.

Esploratzaile ospe handikoa ere izan zen, Europako kolonialismoaren hiztegiarentzat, ofizio hori espioitzaren eufemismotzat hartzea gehiegikeria ez zen giro geopolitikoan. Hamaika bazter eta jende ezagutu zuen ibilera haietan: Brasil, Etiopia, Norvegia, Haiti, Espainia...

Eñaut anaiak eta biek Frantziako bandera ezarri zuten Nilo Zuriaren iturburu jo izan zuten tokian. Gisako nekeak hartuta ordainak ere iritsi zitzaizkion. Frantziako Ohorezko Legioaren domina jaso zuen 1850. urtean. Azpeitira heldu aurretxoan, berriz, 1892an, Frantziako Zientzien Akademiako buru izendatu zuten.

Beste jakingarri bat: 1892ko urte berean, Donibane Lohizuneko Lore Jokoetan jarri zen “Zazpiak bat” lema aurrenekoz. Bustinzuriko plazako gazte haiek nola ez zioten ba abestuko eztarria urratu beharrean!

Baina 1893ko jaiei izenik handiena ez zien Abadiak eman. Irailaren 10 hartako bazkalondoan jendearen gutizia piztua zuten lehien artean, bertsolarien arteko saioa ez zen azkena izango.

Saritarako jarri ziren 100 libera urre gorrizkoek ere ekarri behar zuten soka. Bost mila entzule ba omen ziren plazan bertso saioari begira. Epaimahaiko zein izango eta, R. M. Azkue, Txomin Agirre eta Felipe Arrese Beitia. Hiru txorten eder piku-sasoi aurreratu hartako baratzerako. Eta pikua diogu, arratsalde hartako epaiak eta ondorenak txortena ez ezik makina bat adar eta arantza zorrotz ere sortu zutelako.

Jendea bezala bertsolari batzuk ere agertu ziren bazkal ondoan udaletxeko balkoitik kantatzeko. Laster, baina, Jose Bernardo Otañok —Pedro Mari Otañoren iloba—, Juan Jose Alkain Udarregi-k, eta Pedro Elizegik Pello Errota-k egin zuten aurrera gainerakoak bidean lagata.

Gogor ekin omen zioten elkarri puska batean, batez ere bi nekazariek euren arrazoiekin errotaria nondik eraitsiko. Gai asko dantzatu zituzten, eta amaieran Euskal Herriari eta euskaldunen batasunari kantatu zioten.

Itxura denez, jendea Pello Errotaren alde hasi zen oihuka, eta juezek bat egin zuten eztarri olde harekin. Hala jaso zuen saria eta honek Jose Bernardorekin partitu zuen, antza, aurrez hala hitz eginda zeudelako, Udarregi ezer gabe utzita. Batzuek diote saria hiruren artean banatzeko kontua saio aurretik bertsolariek adostu nahi izan zutela, eta Udarregi ez zela konformatu. Beste batzuek, aldiz, alkateak dirua hiru zati egiteko baldintza aginduta amaitu zela saioa.

Udarregik beste bien arteko konponketaren berria izan eta Pello Errotak Usurbilen hurrena ikusi zuen batean adarra jo ziola ez ziola, bertsoak jarri zizkion Pellori. Sail ederra etorri zen aurreneko haien ondotik.

Bertso jartzaile askok hartu zuten parte egundaino ezagutu den bertsolarien arteko haserre sonatuena izan zen, eta bederatzi puntuko bertsoen sailik bikainena eragin zuen hartan. Euskal Herriko bazter askotan irrikaz jarraitu ziren bertso eman haren entregak, noiznahi eta nonahi kantatzen zirela.

Gaurdaino heldu diren orduko oihartzunak ez dira bertsolarien xextra sonatuarekin amaitu, hala ere. Esan bezala Euskal Jaien egitarauan kirolak, folkloreak, ikuskizunak tartea izaten zuen eta jai zabal horien barruan maiz Lore Jokoak ere jokatzen ziren, hots, bertso, literatur eta pilota lehiak nagusi zituzten kultur kutsuko festak.

Bertso idatzi eta poema ederrenarentzat urre edo zilarrezko kirtendun makila eta ontzako urrea jarri zituen Abadiak Azpeitirako. Emakumezkoen lasterka apustua ere izan zen zolki-ittulak buru gainean hartuta. Sariak honela banatu ziren: lehen saria, Francisco Lopez Alenen Ama baten otsa seaskaren ondoan; bigarren sariak, bata Felipe Casal Otegiren Ama euskera eta bere umiak, eta bestea Gracien Adema Zaldubi-ren Gauden Eskualdun lanari.

Zaldubik etorri oparoa izan zuen, estilo erraz eta dotorean euskara eta erlijio gaiak erabili zituen, poemetan gehien bat. Apezgintzan kargu asko bete zituen eta Errepublikaren kontrako militante zorrotz moduan dantzatu zuen luma sarri-sarri. Azpeitiko Euskal Jaiek omenaldi berezia ere eskaini zioten 1890eko hamarkada hasieran.

Lore Jokoetan krisiaren zantzuak sumatzen hasi ziren 1874koetan, irabaztun “Bizkaitar bat”-en Jaungoicoa eta Erriya poema, eta Ademaren Betirisanz ironikoa suertatu zirenean. Euskaldunon egoera salatu nahi zuten testuek nolabait, eta izan zen ondo hartu ez zuenik Iparraldeko egoera egonkor eta barexeagoa Hegoalderako hobeto zeuden eskabide gatazkatsuekin kutsatu behar hori.

Bigarren karlistaldi betean honela idatzi zuen anonimo batek *L’Avenir des Pyrénées et des Landes* aldizkarian Patxi Salaberrik jasoa duenez:

*Nous préférons la tranquilité des champs au cliquetis des armes et au sang fraticide qui se verse de l’autre côté des Pyrénées. Nous préférons la paix de nos montagnes au gri sauvage de guerre qui est, á notre point de vue, une insulte á la divinité et á la patríe.*

Berriro polemika sortu zen 1876an, Ademaren Biba Errepublika famatuak lehen saria irabazteko egokiena zirudienean. Saririk gabe utzi zen lehiaketa, ordea, Errepublikako gobernuarekin sor zitzakeen arazoak jarrita aitzaki.

Tirabira ideologikoak zirela-eta, 1879tik atzera Lore Jokoek muga pasatu eta Bidasoaz hegora egin zuten, Iparraldekoek hartua zuten tekuarekin askietsi ezinik edo. Abadiaren ekimenari Donostiako udalarena erantsi beharko zaio gerora, Manterola sustatzaile zela. Laster beste udal batzuk eta diputazioek ere lagunduko zituzten jaiok. Perretxikoak bezala ugaldu ziren.

Bitxi samarra da orain ikusita: alde batekoan Errepublikaren baloreak eta pertsonaiak goratzen dira, bestean, aldiz, euskara, foruak, askatasuna edo Errepublika zitalak martiri egindako Maddalen Larralde bezalakoak.

Zaldubik idatzitako Zazpi Euskalherriek, Agur eta ohore Euskal Herriari edo Gauden Eskualdun testuak, poema beraren aldaerak dira. Badirudi Zazpi Euskalherriek hori, Donibane Lohizuneko euskal jaietan abestu zela lehen aldiz 1882an, baina handik hamaika urtera Azpeitian saritu egin zuten, senperetarraren testu ezagunena bihurtu eta herriak beretzat hartu zuena.

Euskarari eta euskaldunen batasunari abesti suharra ere badena, bestelako osagaiz ere hornitua dator. Idazle horrek hainbat ahapalditan, berriketa handirik gabe jarri zituen agerian orduko euskaltasun molde baten alderdi aski esanguratsuak.

GAUDEN GU ESKUALDUN
(Euskaldun besta eta biltzarretako kanta)

(Errepika)
*Zazpi Euskalherriek
*Bat egin dezagun
*Guztiak bethi, bethi
Gauden gu Euskaldun.

Agur eta ohore
Euskalherriari
Lapurdi, Basa-Nabar
Zibero gainari;
Bizkai, Nabar, Gipuzko
Eta Alabari
Zazpiak bat besarka
Lot beitetz elgarri.

Haritz eder bat bada
Gure mendietan
Zazpi adarrez dena
Zabaltzen airetan,
Frantzian, Espainian
Bi alderdietan
Hemen hiruta han lau,
Bat da zazpietan.

Beharbada, Urkoren abestiari esker belaunaldi batentzat nahiko etxeko diren aurreko bertso hauen ondoan badira beste batzuk.

(...) Gu gare, Eskualdunak,
berexiak beraz
gure ethorkiz eta
mintzaira eskuaraz.
Nihongo arrotzekin
Ez dadien nahas,
arrotzek gureskuara
ez dirote ikhas.

(...) Ez behaiz, Eskualduna,
lehen bezein handi,
aphaldu gabe zutik
bederen egoadi,
odolez eta fedez
bethi berdin garbi,
bethi tinkatxikia
hire Eskuarari.

Zaldubik tolesik gabe adierazten du: azken beltzean nahiago da euskara galtzea arrotzek ikasita euskaldunon leinua betiko lohitzea baino. Honetan, Sabino Aranari urte batzuen aldea atera zion. Hain maite izanagatik axalekoago jotzen dena gabe (hizkuntza) hobeto izango gara, mamikoena eta izatea bera (arraza) usteltzen utzita baino. Eta, noski, lur emankorra topatuko zuten mezuok bailara honetan.

Baina ez ziren Euskal Jai guztietan mezu berdinak zabaldu ohi. Azkoiti-Azpeitietan ospatu ziren euskal kutsuko festa gehiago hurrengo hogei urtetan. Diputazioak eta udalak deitutako Euskal Festetan, bai Azpeitiko 1901ekoetan, bai 1910ean Azkoitian obratu zirenetan, kirola, bertsolaritza, musika sorkuntza, literatur lehiaketak eta eskolako haurrak euskaraz idatzi eta egoki irakurtzeagatik sariak jasotzen ikus daitezke. Hitzaldiak ere eman ziren bietan. Ez zen falta izan ume gehieneko familiei esker ordaina ematea ere.

Azkoitian 1910ekoan, izkribatzalleen indar neurtzean sarituta Juan Manuel Lertxundi, Abelino Barriola eta Bitoriano Iraola ageri dira. Euskara, herriko historia, antzerkia, bertako pertsonaien gorazarreak dira sarigarrien artean.

Euskararen geroa, euskal kulturaren iraupena, horra hor mende berriak zaharrari hartutako kezka eta eztabaida larrienen gaiak. Hegoaldeko Euskal Jaietan ere kontraesanen arrakalak durduzamenduak eragiten hasi ziren. Da-goeneko ez dago Arkadia hesiturik, konfliktorik gabeko ez baratza, ez mendirik.

.1901.eko abuztuaren 26an hautsak harrotu behar zituen hitzaldia egin zuen Bilboko Arriagan, Lore Jokoen barruan, Miguel Unamunok.

*El vascuence se extingue, sin que haya fuerza humana que pueda impedir su extinción; muere por ley de vida.*

(...) ...*y yo estoy convencido de que la principal causa es de origén intrínseco, y se basa en la inaptitud del eusquera para convertirse en lengua culta.*

(...) En el milenario eusquera no cabe el pensamiento moderno; Bilbao hablando vascuence, es un contrasentido. (...)

(...) *Enterrémosle santamente, con dignos funerales, embalsamado en ciencia; leguemos a los estudiosos tan entrañable reliquia* (...)

(...) *Porque el vascuence tiene que desaparecer por ser impropio de los actuales tiempos y recordar una época de barbarie, ignorancia y fanatismo*...

Lehendik ere asko ziren (Humboldt, Arrese Beitia, Campion...) ama euskararen hilaginekoak abestu zituztenak, baina gogo ernegarri eta antidoto moduan, lo zirenak iratzartzeko xedez.

Unamunoren hitzek sua zabaldu zuten eta 1901eko irailaren hondarretan, Azpeitiko Euskal Festak hasi zirenean artean bizi-bizi eta harro zeuden garren mihiak elekari. Unamunok ere, Zaldubik bezala, esentziak, modernotasuna, lehenago jarri zituen mundu berrira egokitzeko elbarri ikusten zuen euskara baino.

Arturo Campion iruindar euskaldun berriari jarri zioten festa haietako hitzaldia emateko ardura hilaren 30arekin. Beharrik, Unamunok aurrena, eta haren berotan Barojak, Maeztuk eta beste zenbait intelektualek euskarari emandako iragarpen beltzak izan zituen hizpide udal areto nagusian.

Puntu batzuetan, arima etnikoaren eta historiaren hainbat aiputan bereziki, zahar usaina darion arren, euskararen egoerari aurre egiteko jarraibide mamitsuak eta gogoeta aberatsak eskaintzen ditu.

Hizkuntzak ez dira berez hiltzen, heriotza egiten zaie eragin. Glotozidioaren teoria iradokitzen du Campionek, eta hizkuntza borrokena. Eta bistakoa dena, hiztunen jarrera erabakigarria da kontu hauekin ezertan hasterako.

*Para que un pueblo pierda su lengua es preciso que, en mayor o menor grado, comience por despreciarse a sí propio.*

(...) *Los baskongados, en relación a la supervivencia de su idioma, se dividen en tres grupos: los entusiastas, los indiferentes y los enemigos. El primero y el tercer grupo* —*selecto aquél, degenerado éste*— *constituyen minoría; el predominante es el segundo. Compónese de personas que hablan el euskara porque lo aprendieron en la cuna, y aún de hecho lo prefieren para las conversaciones familiares a cualquier otro que posean. No les pidáis más, su mentalidad es incapaz de acoger la idea de que la perdida del lenguaje es hecho de trascendencia suma en la vida del pueblo que le habla. (...) Con fría insensibilidad presencian la instalación en sus hogares de generaciones que les son absolutamente extrañas por su modo de hablar... (...) ...Los abuelos hablan exclusivamente el baskuenze, los hijos mal el baskuenze y el castellano, los nietos exclusivamente el castellano*.

Euskaldunak dauka Campionentzat hil kanpaiari kontra egiteko giltza. Nahiz iragana idealizatzeko joera izan literatur lanetan, eta pentsakeraz antiliberala eta foruzale agertu, berritu beharrean dakuski irtenbidea, modernotzean. Hizkuntzak eguneko premiei erantzun behar die eta noranahiko bihurtu, euskaldun guztien arteko komunikazio gailu izan eta, garbizalekerien arriskuaren gainetik eginda, bizi den garaian zikindu.

*La lengua euskara es una lengua esclusivamente popular. Fáltale, por tanto el vocabulario técnico de las artes y las ciencias. Pero si en vez de menospreciarla se usara de ella para fines artísticos y científicos, nacería el vocabulario que hoy falta: se le proporcionarán el neologismo y la metáfora, aparte del préstamo directo, que no le había de estar vedado al euskera como no le está a ningún otro idioma. Si le cerrais la importación extranjera, singularmente la griega*, “ipso facto” *quedará equiparado al del baskuenze el vocabulario técnico castellano.*

(...) La lengua euskara es hoy una lengua relativamente inculta... (...); *mas siendo capaz de cultura por contar con recursos gramaticales propios de que muchas otras lenguas carecen además de los comunes y ordinarios, se impone conclusión muy distinta de la que los intelectuales patrocinan. La conclusión de la lógica y del patriotismo es ésta: en vez de arrinconar y dejar que se muera el euskara, es preciso cultivarle filial y piadosamente.*

Campionek jakintsu usteko askoren saldukeria laineztu izana leporatzen dio Unamunori, eta hitzaldiaren azken buruan entzuten daudenei eskatzen die baskongado kaxkarren kontrako desadostasun publikoa adieraz deza- tela.

Ez zeukaten azpeitiarrek adar hura bi aldiz entzun beharrik. Handik zortzi egunera Juan Clemente herritarraren eskariz udalbatzak aho batez hartutako erabakia adierazgarria da.

...*que ya que tan brillantes habian resultado las Fiestas Eúskaras, (...) para digno remate de las mismas, debía el ayuntamiento demostrar su amor a la Lengua Euskara protestando contra los conceptos vertidos por don Miguel de Unamuno en su discurso de los Juegos Florales de Bilbao, y que se remitiera copia del acuerdo a los periódicos de la provincia.*

Artetxereneko ostatua itxita dago joan den aspaldian, zaharkitua eta narriatua eskaintzen zaio egungo begiari, dena baino ederragoa irudika litekeen baratza zoragarri bat duela harrizko hesiaren bizkarrean. Euskal Jai haien lurrinak kale zokoetatik, behebarru eta karrera bazterretatik ezkutatua behar duela ematen du, baina badira gabiltzan tokian, han-hemen bildu egiten gaituzten sikofonia moduko doinu eta oihartzun iradokorrak.

Herriak, sasoiak, eztabaidak eta borrokak aldatu dira. Aldika geure pentsamenduan ostatu hartzen dugu oraindik eta jende askorekin egiten dugu topo gure oldozmenaren geletan, korridoretan, sukaldean. Garenaz, izan nahi dugunaz egiten dugu gogoeta.

Bibliografia:

BERNAUDOU, Charles: *Azpeitia, Les fétes euskariennes de Septembre 1893*, Baiona, 1894.

CAMPION, Arturo: Obras completas-XIII. (“Discurso en las Fiestas Euskaras de Azpeitia el día 30 se septiembre de 1901”), Mintzoa, Iruñea, 1985.

DORRONSORO, Joanito: Bertsotan (1789-1936), GIE, Donostia, 1981.

ETXEZARRETA, Jesus Mari: Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak, Sendoa, Oiartzun, 1993.

SALABERRI, Patxi: Iraupena eta lekukotasuna, Elkar, Donostia, 2002.

ZAVALA, Antonio: Azpeitiko premiyoaren bertsoak (1893-1895), Auspoa, Tolosa, 1963.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak