|
|
|
Inazio gure patroi handia
Esan liteke jesuitak Loiolara bildu arte ez dela San Inazio Loiolakoaren inguruko libururik egiteko erabakirik hartzen. Haren heriotza gertatu eta berrehun urtera ezagutuko den loraldia da hau.
Bi dira, liburuez ari garelarik, jesuiten izen ona zabaltzearren hauek aukeratutako bide nagusiak: bata, santuaren biografia ezagutaraztea, eta bestea, gogo-jardunen edizioa, euskal fededunentzat. 1736tik Loiolan bizi zen Agustin Kardaberaz hernaniarra dugu aitzindari bietan. Bereak dira bai Azpeitico erri chitez noblearen gloria paregabeac edo Aita San Ignacioren bicitza laburra (Loiolan zela idatzia baina 1901 arte argitara emango ez dena) eta bai Aita San Ignacio Loyolacoaren Egercicioac, beren consideracio ta afectoaquin (Iruñea, 1761).
Gerora, mende beteko isilune handia beharko da berriro ere antzeko liburuak indartsu ikusten heltzeko. Bi karlistaldien artean, Duvoisin kapitainak Liburu Ederra eman zuen argitara Baionan 1856an, Kardaberazen aipatutako liburuaren itzulpen moldatua lapurtar irakurleentzat.
Hegoaldean, Jauregirekin ikusi dugun bezala, karlismoa beste matxinada baterako prestatzen ari da. Elizetan, proselitismo handia egiten da Don Carlosen kausaren alde, batez ere kongregazioetako gazteen artean. Azpeitian, Agustin Jauregi erretoreak 162 gizoneko taldea osatu zuen Izarraitz mendian. Ez da bakarra, izango da Elizatik bultzatutako altxamendu karlista gehiago. Bor-borrean zegoen giro horretan, Gregorio Arruek itzulitako hagiografia izan zen inguruetan gehien irakurtzen zen liburuetako bat, San Ignacioren vicitza (1866). Hala ere, La Plata ibaiaren bi aldeetan ibili zen Frantzisko Lapitzek idatzia da, ordea, balio literario handiena duena: *Bi saindu heuskaldunen bizia: San Iñazio Loiolacoarena eta San Frantzisco Zabiercoarena (1867). Era berean, oso ezaguna egin zen bere garaian arestian aipaturiko Jose Inazio Arana jesuitaren San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gaztelaniaz* (1872).
1873an, gerra betean, karlismoaren hautagai zen Carlos VII.ak bisita jendetsua egin zuen Azkoitia, Azpeitia eta Loiolara. Orduko *Diario de San Sebastián*-ek esatera 200 apaiz eta 18 jesuita bildu ziren erregearen etorrerarako, nahiz eta azken hauek Loiolatik kanporatuak zeuden berez. Zortzi mila lagunek komulgatu omen zuten Loiolan irailaren zortziko hartan.
Gerra galduagatik, giro horrek bizi-bizirik jarraituko du, hala ere, gure bi herriotan. 1887an, Azpeitiko udalak herriak beti Erdi Kale deitu izan dion kaleari “calle San Ignacio” deitzea erabaki zuen. Bada liburu gehiago ere. Aipatzekoak dira karlismoaren habi-habian, Tolosako Frantzisko Mugertzaren moldiztegian atera zirenak: Aita San Inazio Loyola-coaren bizitza (1885), Pedro de Ribaneyraren liburuaz Jose Goenaga tolosar jesuitak egina; J.L.A.A.-ren San Inazio eta bere Eche Santuba, edo Loyola-co berri onac eta cantaldi ederrac, ango seme Done ta Aitalen andiaren jayotzatic laugarren euntean (1891) eta Aita San Inacioren ur bedeincatua ta bere eracarri miragarriac, Luis Ignacio Fiter jesuitak gazteleraz idatzi eta “apaiz euscaldun batec eusquerara itzulia”, 1903koa.
Mende berriarekin, inprentek ez dute atsedenik hartuko, Ad Maiorem Dei Gloriam. San Inazioren gogojardunak dira, zenbaiten iritziz, Bibliaren ostean mendebalde katolikoan edizio gehien izan dituen liburua. Euskaraz, Kandido Basabe lekeitiar jesuita dugu, duda izpirik gabe, oparoetan oparoena. Moldaketak, aldaketak, edizio berrituak, askotan eraman zuen moldiztegira liburu bera. Hauek ditu edizio nagusiak: *San Iñazioaren Ejertziuak (1910), San Iñazio*’ren ejertzijuetako gogartiak (1912), *San Iñazioren ejertzioetako gogarteak (1926), Iñaki deunaren gogo-iñarkunak (1932), eta azkenik Jaime Kerexetak zuzendu eta atondu zion San Iñazio*’ren gogo-jardunetarako gogarteak (1963). Zerrenda honi erantsi beharrekoa da Aita Olabideren *Loyolatar Eneko Deunaren Gogo-Iñarkunak* (1914) ere.
San Inazioren bizitzaz, aldiz, ezin aipatu gabe utzi Loiolan urteak egin zituen Prantzisko Apalategi donostiar historiagile eta idazlearen *Loyolatar Iñigo Deunaren bizitza (1928), Errementeriatar S.-ren irarkolan argitara emandako Loyola*’*tar Iñaki Deuna (1929), eta oso gerora, Inazio Maria Manzisidor azkoitiarraren Gure Patroi Aundia (1956). Lirikan, ostera, atal bat eskaini zion Arantzazu*, euskal poema sinbolikoan Salbatore Mitxelenak 1949an.
Biografiaz ari garelarik, ordura arteko onentzat zuen Andima Ibinagabeitiak Manzisidorrena. Hona haren hitzak, 1957ko orril-garagarrileko Euzko-Gogoa-n:
*Zurea bezalakorik ez dut irakurri. Zure liburutxoan beste guztietan baiño askoz ere gehiago ikasi dut Iñaki deunari buruz, gaiñera, santu andi au, beste liburuetan baño ortzargi, eskurakoi ta adiskideago agertu zait. Euskeraz idatzita dagolako bear bada? Baliteke.*
Denborak aurrera egin arren, fundatzaileak segitzen du etorria ematen. Hainbeste ez dela, Loiolan bertan bizi den Iñaki Goikoetxea Zeanuriko jesuitak *Iñigo Loiolakoa (1991) eta Loiolako semea (2001) eman ditu argitara. Eta amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi Patxi Altunak euskaraturiko Loiolako Ignazioren gogojardunak* (2003).
Baina beharbada San Inazioren bizitzaren eta gogojardunen gaineko liburuak baino, San Inazioren martxa izan da Armada Beltza-ren izena mundu guztian zabaltzen gehien lagundu duena.
Martxa, urteetan Azpeitian preso izaniko Juan Inazio Iztueta idazle eta folkloristaren liburu batean eman zen, dirudienez, estreinakoz. *Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo istoria beren soñu zar eta itz-neurtu edo versoaquin* 1824an kaleratu zen, Donostiako Ignacio Ramon Barojaren modiztegian. Bi urte geroago, aurreneko edizioan sartu gabeko hainbat kantu inprimatu ziren, tartean San Inazioren martxa. Letra Iztuetaren lagun min izan zen Agustin Pascual Iturriagarena da. Iturriaga, apaiz izanagatik, Iztueta bezalaxe frantsestu izatearen salaketapean bizi behar izan zuen. Ilustraziozale, euskara eskolan sartzearen aldeko, pedagogia modernoaren aldeko langile, erbestea ere ezagutu zuen arrazoi honengatik.
Doinuaz, bada kontatzeko moduko istorio bat. 1930ean gaude. Aita Donostia Marches et Ouvertures izeneko bilduma kontsultatzen ari da Parisko Biblioteque Nationalean. Horretan dabilela, armada martxa bati ematen dio begia. Nota bat edo besteren gorabeheran, San Inazioren martxa bera da. Marche de la Marine hau XVIII. mendekoa da. Datu honi esker dakigu Iztuetak herritik jaso zuen doinua frantses aire bat zela, bere lagun Iturriagak letraz, eta nolako letraz, sendo jantzia. Gregorio Mujikak esatera, letrarik gabe edo guregana heldu ez den letra batez kantatzen zen San Inazioren martxa hasiera batean, baina beti ere, kanonizazioaren ondoren, alegia, 1622az geroztik. Ikusten denez, bada oraindik guztiz itxi gabeko leihorik.
Bitxia ere bada. Frantsesen lagun zelako salatua bata, Ilustrazioren aldeko izateagatik erbesteratua bestea, Iztuetari eta Iturriagari esker, belaunaldiz belaunaldi, martxa militar frantses baten doinuan kantatu izan dio Azpeitiak ez ezik mundu guztian sakabanatutako Euskal Herriak bere santurik ezagunenari. Transmititu nahi dena, garbi erakusten du Iturriagak. Jesuitak soldaduak dira, Jainkoaren soldaduak, beren txispa, bandera eta guzti, etsaiari aurre egiteko gertu daudenak.
Honetan ere, bada leihorik. Felix Zabala Arana jesuitaren irudiko, kantatzen diren bertsoak ez dira oso egokiak, ez dute inondik ere santuaren neurria ematen, “karikaturizatuegi” agertzen omen da hau, hain militar eta gerrazale. Esan gabe doa, Iturriagaren letra du gogoan Zabala Aranak.
Ez du arrazoi faltarik. Ironiaren mugan ere, irakur liteke. Afrantsesatua, pedagogoa... Martxa, saski-naski batean ageri da. Kontsultatu ahal izan dugun *Fábulas y otras composiciones en verso bascongado* eskuizkribuan, alegiak ageri dira, artzain koplak, gazteei eskainitako bertsoak (“Neri euskal errico/gazteri ederra/ez det uste dedala/eguin lan alferra...”)... Ondoren, ezpata-dantza jostari bat dator: “Gaur/Batista Biribill/Dantzan ongui abill/Ez dec ezpataric/Ire parecoric”. Eta honen aurretik, San Inazioren martxa. Zer egiten du letra horrek hor? Hain nabarmen, hain deskriptibo, hain epiko.
Iturriagak berak aldaera bat baino gehiago egin zizkion hasierako letrari. Hona letra osoa, haren eskuizkributik transkribitua:
SAN YNACIOREN MARCHA
Ynacio gure patroi andia
*Jesusen compañia*
Fundatu, eta dezu armatu,
Ez da ez etsairic
Jarrico zaizunic,
*Yñolaz aurrean*
Gaurco egunean,
Naiz betor Lucifer deavrua (+)
Utciric infernua.
Zure soldaduac
Dira aingeruac,
Zure guidaria
Da Jesus andia,
*Garaitu ditu zure compañiac*
Etsaiac;
Ez dauca fedeac,
Ez cristau nereac,
Ez dauca beldurric
*Yñongo aldetic,*
Ynacio or dago,
Beti ernai dago,
Armetan jarria
*Dauca compañia,*
Chispaz armaturic,
Banderac zabalic,
Gau, eta egun,
Guc guztioc paquea degun,
Beti gau eta egun.
(+) Aurreneko idazkeran, ezabaturik, “aingerua” irakur daiteke eskuizkribuan.
***
Bildu dezu Ynacio munduan,
Arritceco moduan,
Gendea
Fede biciz betea,
Gende jaquintsua,
Eta indartsua,
Beti dabillena
Guerretan aurrena,
Dira Ynacio zure anaiac
*Chit mariñel andiac,*
Arraunac
Bogatcen daquitenac;
Pedroren ontcia
Badago ertsia
Arroca tartean
Egunen batean,
Bertatic botean dira sartcen,
Eta argana joaten;
Socaquin loturic
Arroquen artetic,
Baldin badu etsairic
Oiec garaituric,
An daramate ontcia cayera
Leorrera;
Naiz izan ecaitza
Bogatceco gaitza,
Eta baguen goiac
Naiz busti odoiac;
Arraunac arturic,
Botean sarturic,
Elizaren etsaiac billatcen,
Topatu ta garaitcen;
Dituzu anaiac
Guerra eguin naiac,
Da oien leguea
Etsai garaitcea,
Oiec ditu bere defensoreac
Fedeac;
Dirade esagun,
Dabiltza gautegun
Europan, Asian,
Afric-American,
Ydorrez, itsasoz
Dijoaz, ta datoz,
Dabiltza nequean
Yndio tartean,
Edo naiz cortean
Manera berean
Beti pelean
Bicitzac dirauen artean,
Beti beti pelean.
Herriak martxaren lehen partea baino ez du kantatzen. Gizarteratua,
onartua, ritualizatua, Gorosabelek martxaren funtzio sozialaz ohartarazten
digu:
*Los zortzicos del Corpus Christi, San Juan Bautista, la marcha de San Ignacio, etc... tenían así mismo su objeto propio para tocarlas en estas fiestas particulares, como la tienen aún ahora sin que apenas se toquen fuera de los días de su celebración.*
Ez da Iztuetak ematen diguna San Inazioren martxaren bertsio bakarra. Badira gehiago, euskaraz zein gazteleraz, garaietara moldatuak beti ere. XIX. mendearen hondarretan arestian hizpidera ekarri den Jose Inazio Aldalur organojoleak ondu zuen beste martxa bat, “Nueva Marcha de San Ignacio” bezala ezagutzen dena eta orkestra handi batek jotzeko gaitu zuena. Letra Aita Ramon Garciarena da, eta euskarazko moldaketa, Aita Aranarena, Euskal Erria aldizkarian 1882an eman zuena, “San Ignacio-ren martxa berria”. Zergatik aldaketa? Frantses airea izan zezakeen edozeren kontrako amorratuak ziren bai Aldalur eta bai Arana. Zerbait susmatuta ote?
Handik urte gutxira, frantses armadaren jatorrizko doinua errespetatuta, Sabino Aranak ere egin zion bertsiorik, Pascual Iturriagarenari “ahultxoa” eta abertzaleek gartsuki abesteko desegoki iritzita. Bi egin zituen, bata gizpuzkeraz eta bestea bizkaieraz, berak ohi zuen maneran, herriko moldetik urruti.
*Oñatz-Loyola eta Likonatar Iñaki*
Bizkayaren zaindari deunari bizkaitarrak
*Iñaki,*
Jaunguak bidalduba
Ludijan ixatera
Josu`ren
Gudarijen Buruba!
Batzarrak
Autu zindun
Bizkatarren
Zain Deuntzat:
Zeu zara
Zaindari ta
Jaun onena
Geurentzat.
*Iñaki,*
Entzun, arren, eiguzu
Ta geure opea artu!
Bijotza
Bizkatarrak
Jayotzetik
Damotzu:
Zeuria da
Beria...
Baso, mendi, ibai, arru...
Zeru-gotik,
*Deun-Iñaki,*
Jagon, ba,
Bizkaya!
Jago-ixu
Jaun-Goikua,
Jago-ixu
Lagi-Zarra:
Areyo-
Aurrian Zeuk
Agindu
Bizkatarra...
Gudean sarturik,
Ezpatea artuta
Bizkatarren aldez
Donge ta areyua
Indar zerutarraz
Zatitu osoro ta...
Zori-ontsuba
Bizkaya beti ixango da,
*Zeuk, Iñaki zainduta!*
Bertsio hau 1895eko uztailaren 10ean kantatu zen lehen bider jende aurrean. Bilboko Begoñako basilikan izan zen, Euzkeldun Batzokija-ren aurreneko urteurrenean. Aranaren martxak agudo zeharkatu zuen Atlantikoa, eta hala zabaldu zen Hego Ameriketako euskal-etxeetara. San Inazio Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindari izanik, berandu gabe hartu zuen uztailaren 31k Aberri Egunaren adinako gradoa. Horrela bihurtu zen nazionalisten abesti berez saindu gerlariaren omenezkoa zen martxa militarra.
Bertsio modernoago batean, Iturriagaren letra abertzaletuta ageri da. Terminologia, ikusten denez, aukeratua eta aukerakoa da.
Garaitu ditu
Zure Lagundiak
Etsayak
Ez dauka Eleizak,
Ez Euskal-erriak,
Ez dauke bildurrik
*Iñungo aldetik,*
*Iñazio or dago,*
Beti indartsuago,
Dauka Lagundia
Su-garrez betia.
Guda guda nairik
*Ikurriña zabalik,*
Gaut’egun guk
Guziok pakea dezagun
Beti gau eta egun.
Euskal-erria, ikurriña zabalik... eraldaketa, lortu da. San Inazio, lehen karlistena bezala, jeltzaleena da orain. Nolanahi ere, batzuena edo besteena, herria eta katolikotasuna lotzen dituen ikono izaten segitzen du.
Bibliografia:
ANSORENA, Jose Luis: “Procedencia de algunas melodías populares”, Txistulari 164. zenbakia, 1995.
BELAUSTEGUI, Juan Jose: “La marcha de San Ignacio”, Euskal-Erria, 1903.
DONOSTIA, Jose Antonio de: “La marcha de San Ignacio”, Vida Vasca, 1931.
DONOSTIA, Jose Antonio de: “Más sobre la marcha de San Ignacio”, RIEV, 1935.
GOROSABEL, Pablo: Noticias de las cosas memorables de Guipuzcoa, libro II, sección III, Tolosa, 1869.
IBINAGABEITIA, Andima: “Idazti berriak: I.M. Manzisidor, Gure Patroi aundia”, Euzko-Gogoa 36, 1957.
ITURRIAGA, Pascual: *Fábulas y otras composiciones en verso vascongado*, Ramon Baroja, Donostia, 1842.
LECUONA, Manuel: “La marcha de San Ignacio: sus textos”, RIEV, 1931.
ONAINDIA, Santi: Arana Goiri’tar Sabin olerkari, Igarri irarkola, Bilbo, 1982.
ZABALA, Felix: *Música ignaciana*, Comisión Loiola 91, Azpeitia, 1991.
|