Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 8,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Loiolarik ez balitz »  Propagandaren habian

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Propagandaren habian

.1838-an jaioak ziren biak, Azkoitiko Baroikue etxean Jose Inazio Arana jesuita eta Donostiako Irisarri edo Iriberri baserrian, Aieten, Agustin Jauregi, Azpeitiko apaiz gerrillaria.

Kanpoan ibiliagatik Arana, donostiarra izanagatik Jauregi, bazuten elkarren ezagutza. Itzal handiko gizon, XIX. mendearen hondarretan Azkoiti-Azpeitietan bizi izan zen eliza giro itogarriaren adierazle ditugu biak.

Jose Inazio Aranak batetik besterako ibilian eman zuen haurtzaroa, harik eta 1854an Loiolan jesuita sartu zen arte. Ez zituen hamabost egun egin. Konpainiak erbesteko bidea hartu behar izan zuen. Josulagunekin, Hagetmau-ra jo zuen aurrena. Ondorengo urteetan Tormes ondoan aurkituko dugu, Salamancan, Carrionen... azkenik baita Loiolan bertan ere berriz, konpainiarako lanean beti. Ez da zaila egiten Aranaren nondik norakoak jakitea, dena utzi baitzuen idatzirik, euskaraz, 1.300 orrialdeko eguneroko batean.

Badakigu Frantzian izan zela 1868ko kanporaketaren ondoren, eta 1872koak dituela lehen euskal liburuak, *Ama Virgiña guciz garbi Concepcioaren ofizio laburra eta San Ignacio Loyolacoaren bicitza laburtua euskaraz eta gaztelaniaz. Asko idatziko du urte hauetan, tartean baita gutun mordoska ere euskara aztertzen ari zen Louis Lucien Bonaparte printzeari. Gazteleraz ere bai, literatura teoriaz, Arte métrica bascongada* (1872). Urduñako jesuiten kolegioan beste Arana baten irakasle izan zen, Sabinorena. Honek azkoitiarraren figuraz egindako ohar zorrotzik ere aurkitzen da *Lecciones de Ortografía del euskera bizkaino* liburuan:

*El P. Arana sobresalía más por su imaginación que por la profundidad de inteligencia: era más literato que lingüista*.

Literatura idazleago hizkuntzalari baino...

Bietatik, literaturatik eta hizkuntzaren inguruko gogoetatik artikulu eta sormen lan ugari aurki daiteke Manterolaren Euskal Erria aldizkaria pixka bat astinduz gero. Baditu saioak historiaz, “Granada kristau-gudariz inguratua” (1884); literaturaz, “El Doctor Etcheberry y sus obras” (1880), “El amalauco y el amaseico, o sobre el sonetillo y sonetos euskaros propios e impropios” (1883), “Teatro bascongado” (1883); etnografiaz, “Euskal Erriko erromeriyac” (1881); etimologiaz, zenbait euskal abizenez, esate baterako; literatur lanen itzulpenak, Calderon (1881) eta Camôesena, “Kamoens-en adiachoak Barbara zeritzan katibu-bati” (1894)...

Sormenari dagokionez, bi ditu motibo nagusiak; okasiozkoak, esan nahi da heriotza, urteurren edo omenaldiren bat dela-eta gogoratuaren ohorez propio eginiko laudorio olerkiak; eta erlijio gaien inguruan moldatuak. Aurrenekoetan daude, besteak beste, “On Jose Manterolari” (1884), “Astarloa jakindunari kantaeria” (1886), “Iparragirre-ri” (1881); “Uriarte euskerazalearen eriotzan” (1889)... eta bigarrengoan, “Oi Jesus-biyotza” (1886), “Belen-go izartxoa” (1888), “Jesus-en pistuera” (1889), “Ontzi salbatzallea” (1888), elizak himno bihurtu zuen “Arantzazuko”... eta nola ez, San Inazioren figura goratzen argitara emandako hamaika lan. Baina batez ere, Sarda i Salvani-ren itzulpena den Bai, pekatu da liberalqueriya da (Baiona, 1888), oker seguru asko, Aranaren lanik ezagunena.

Jon Bilbaoren Eusko Bibliographia eta Arana hil eta gutxira 1897an Azkueren Euskalzale aldizkarian Felipe Zugazagak argitaratutako “Jesusen Lagundiko Aita Aranatar Jose Iñigo euskalzale argiaren bizibani laburra” artikuluari esker dugu Aranaren ekoizpen ikaragarriaren berri. Bere bizitzaz, berriz, berak utzitako Egunekoa-ren bitartez dakigu dakiguna.

Hizkuntzalaria, historiagilea, bibliografoa, olerkaria... XIX. mendeko euskalaririk handienetakoa dugu Arana. Gazteleraz ere idatzi zuen, eta harreman estua izan zuen garaiko idazle eta sustatzaile askorekin: Duvoisin, Bonaparte, Intxauspe, Lardizabal, Agirre, Urruzuno, Arzak, Campion, Soroa, Arrese, Manterola, Sabino Arana eta abarrekin... baina batez ere Antoine Abadiarekin, Loiolan bertan atseden hartzen zegoela ezagutu zuena 1868ko irailean, mezenasa hara joana zelarik baratze aldean neurketa magnetiko batzuk egitera.

Eta Jauregi?

Azpeitian, beste altxamendu karlista bat zetorren ustean, Izarraitzera jo zuen herriko gazte askok 1870eko abuztuaren 29an. Guztien buru, azken hamabost hilabeteetan herriko erretore zen Agustin Jauregi. Armak “La Azpeitiana”, edo herriko jendeak Fabrika Zaharra deitu izan duen arma fabrikatik atera eta gorde izan zituen honek koro atzean, Abalia sakristauaren laguntzarekin. Ez zen altxamendurik izan, ordea. Saran zen Diaz de Rada jeneralak eta Escoda karabineroen koronelak ez zuten elkar hartu eta zeuden tokietan jarraitu zuten. Azpeitiko matxinatuak salduta gelditu ziren. Luze gabe, atxilo hartu zituzten. Gerra Kontseilua eratuta, erretorea epaitu eta Donostiako Urgull mendiko gazteluan sartu zuten morroilope.

Idazle moduan, estilista fina izan zen Jauregi, esandakoari kasu egitera. Duvoisinek zorion beroak ematen dizkio Euskal Erria aldizkarian irakurri berri duen Albiste on bat urteoro berritzen dana... *Barau Vigilia eta Bulda santuaren gañean* (1885) idatziarengatik, 1878an Madrilen argitara emandako artikuluaren berrargitalpena berau.

Ez du lan bakarra. 1868 eta 1870 artean, sinatu gabeko zazpi folleto eman ziren argitara Baionan, honako izenekin: *Pachicu eta Mañubel, Herejien eta beste gauza batzuben gañean, Pachicuren eta Mañubelen bigarren berriqueta, Teresharen zukaldea, Bi ganbarac, Joshé Miguelen ganbara eta Erligio eguiazcoaren siñaleac*. Vinsonek esatera, Berminghan jaunak bultzatuta kaleratu ziren, 1868ko iraileko iraultzaren ostean “kultu askatasunaren kontra” hartutako neurriei eta teoria liberalei aurre egiteko asmoz. Lino Akesolo izan zen Baionako liburuxkak eta Albiste on bat elkarren artean alderatu eta estilo zuten antzaz ohartzen aurrena. Hau horrela bada, Azpeitiko erretorearenak, Agustin Jauregirenak lirateke zazpi folleto antiliberalak.

Arana eta Jauregi zerk batzen zituen, badakigu. Euskarazko heziketa katolikoak zituen kezkatzen biak. 1875ean, Okzitaniako Poyanne-tik idazten dio Aranak Jauregiri, esanez prest dagoela euskal gramatika bat idazteko. Irazustaren Dotrina eskoletatik kentzeko ere eskatzen dio, honek darabilen euskara txarrarengatik. Ondorengo gutunetan eskoletan erabiltzeko libururik egokienak zein diren ere gomendatzen dio.

Ez dira bien arteko lotura bakarrak. Propaganda katolikoaren saio gogorrak dira hauek. 1872an, lan bitxia eman zen argitara Azpeitiko Martinez irarkolan, “San Ignacio-ren martxa berria, Jose Ignacio Aldalur apaiz jaunak soinuz ipinia”.

Aldalur apaiza oso ezaguna da Azpeitian. Azkoitiko semea, Azpeitiko organista eta Jauregiren laguntzailerik handiena izan zen 1870eko matxinada hartan. 1886an berriro egingo dute lan elkarrekin Aranak eta Aldalurrek. Zortzi zortziko txikitan, lehena koruarentzat eta beste zazpiak ahots bakarrarentzat, aire berri bat ondu zuten, “S. Inazioren martxa berriya”, hau ere Martinezenean inprimitu zena. Doinurik gabe, beste bi kantu gehiago ere egin zituen Aranak San Inazioren ohorez, “Erregu-Kantak San Ignazio Loyolakoari” (1886) eta “Aita San Inaziori Erreguzko kantak” (1884).

Garai honetakoa da Krispin Beobide azpeitiarraren obra nagusia ere. Hiru anaia ziren etxean, eta hirurek Donapaleun egin zituzten ikasketak, frantziskotarrenean. Zarautzen bizi izan zen Beobide. 1885ekoak ditu Asisko loria, Asisko San Frantziskoren bizitza, eta Jesus aurraren bederatziurrena.

.80ko hamarkada honetan Azpeitiko Pablo Martinezen moldiztegian bertan eman ziren argitara orduko eliza liburu asko, tartean hainbeste zabaldu ziren Gregorio Arrueren itzulpen bat baino gehiago.

Giro honetanxe egosten zen herria. Eta igarri egiten da. Beude ondorengo bertsoak esandakoaren argigarri. Jose Maria Segurola Uztarri bertsolariak 1868ko jesuiten kanporaketa dela-eta, ezin du barruan daraman pena gorde:

Begiratu Loiolari triste dagola dirudi;
beti limosnak eiten ai ziran,
*ezer ez kendu iñori;*
sermoi ederrak ugari
eiten zizkiguten guri;
orain ez dira ageri!

Zarrastrakuak lenbizi
agintzen zaizkigu asi;
len bere buruan jabe etzana
orain guztion nagusi;
ameika kontu itxusi
biar genduen ikusi;
ez gera gustora bizi!

Bibliografia:

ALTUNA, Patxi: “Jose Inazio Arana jesuitaren bizitza (1838-1896)”, Euskera XLII, 1997.

ARANA, Jose Ignacio: Egunaria, Euskaltzaindia, Bilbo, 2000 (Patxi Altunaren edizioa).

ARANA, Jose Ignacio: “Bai, pekatu da liberalqueriya”, ASJU-2, 1989 (Joseba A. Lakarraren edizioa).

ARANA, Sabino: *Lecciones de ortografía del euskera bizkaino*, Bilbo, 1896.

ARANA MARTIJA, Jose Antonio: “Jose Ignacio Arana, bibliografoa”, Euskera XLII, 1997.

ARTECHE, Jose de: El gran asombro, Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S.A., Donostia, 1971.

BEOBIDE, Crispin: Asis-co loria edo Francisco santu aundiyaren eta pobrien Aita-lenaren bicitza, Francisco Mugertzaren moldiztegia, Tolosa, 1885.

ELIAS, Imanol: *Guía histórica y taurina de Azpeitia*, Azpeitiko Udala, Azpeitia, 1986.

ZAVALA, Antonio: Azkoitiako zenbait bertsolari, Auspoa, Tolosa, 1970.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak