Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Loiolarik ez balitz »  Idazten ikasi zuen emakumea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Idazten ikasi zuen emakumea

Euskal literaturan agertzen den lehen idazle emakumetzat jo izan da, oker, Bizenta Mogel, eta besterik agertu ezean hala da tamalez, Milia Lasturko, Santxa Otxoa eta Erdi Aroko beste eresigile batzuk aintzat hartzen ez baditugu. Eta galanta da.

Azkoitian jaio zen Bizenta Mogel, 1782an. Aita, Juan Inazio, Debatik ekarrarazi zuen udalbatzak aurreko urtean, mediku lanak bete zitzan herrian. Hala ere, Bizenta jaio eta urtebete baino lehen aita hil eta mogeldarren etxera, Markinara eraman zuten Juan Jose nebarekin batera. Han hazi zen Bizenta, osaba-izebek eskolaratuta.

Hemeretzigarren mendea hasi berria zen Bizenta Mogelek Ipui Onac liburua (1804) Donostiako Antonio Undiano liburugilearen etxean argitara eman zuenean. Ipuinak alegiak ziren, hau da, giza tasunak eta keriak animalien bidez azaltzen zituzten fabulak, eta esan gabe doa, ageriko asmo jakinez idatziak. Azpitituluak berak, garbi dio: Ipui Onac, ceintzuetan arquituko dituzten euscaldun necazari, ta gazte guztiac eracaste ederrac beren vizitza zuzentzeco. Eta ipuinak, esan bezala, erakusteko dira, balio didaktikoa dute, moralaren bide dira. Alde honetatik, Muniberen ilustrazio katolikoaren beroan sortutako liburua da Mogelena. Neurri handi batean, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak emakumeen formazioan egindako ahalegina izan zuen babes idazleak, etxean Peru Abarca-ren egile izan zen osaba Joan Antoniok emandakoekin batera.

Ipui Onac-ek Esoporen berrogeita hamar alegia dakartza, mendebaldeko euskaratik hurbil dagoen gipuzkeraz idatziak. Ondoren, bertsozko beste zortzi datoz, osabarenak. Alde honetatik, ez du Bizentak, liburuaren sorburua gordean edukitzeko inolako asmorik.

*Naiz sinistu, naiz ez, esan bear det, gaztetxoa nintzala irakurri ta azaldu oi nituela Fedroren latiñezko ipuiak; artu oi nuela atsegin guztiz andia enzunaz txakur, otso, azeri, ollar,... abere, lauoñeko, eta egaztien itzketa alkarren artekoak. Zortzi urte nituenean ekusirik nire neba edo anaia ikasten asi zala gure osabarekin latiñezko izkerea, jarri zitzatan buruan ikasi bear nuela nik ere. Ala, buruari neke gogorrik eman gabe, loari bere orduak emanda, ta zigor zaurigarriaren beldurrik ez nuela, jolasez bezela, irten nuen nire asmoarekin Virgilioren itzneurtu, ta apinduetan gozatzen nintzala. Edozeñek daki Esoporen ipui latiñez ta itz lotu gabeetan daudenak, errazagoak dirala aditzen, Fedro ta Virgilioren itz lotuak baño.*

Nahiko arrasto ematen du Bizentak nola hasi zen bera idazten, emakumearentzat kulturaren ateak guztiz itxita zeuden garai hartan. Nebaren babesean, osabarekin latina ikasiz... Izan ere, Santo Tomas Akinokoak erakutsitakoaren bidea sendoa da, bertatik dabil Eliza Katolikoa luze-zabalean mendeetan hedatzen ari den sinesmena: emakumeak ez du gizonezkoaren adinako baliorik. Askora jota, eginbehar zehatz batzuk dituen gizakia da. Honetaz, Xabier Kaltzakortak erakutsi duenez, bada perla ederrik euskarazko testugintzan. Agirre Asteasukoak, gipuzkoar letren eskurik trebeenak, Bizenta Mogelek liburua argitara eman eta bateratsu, garbi erakusten digu:

Nescachentzat ere chit gauza ona da escola, era bada, icasi deceen dotrina, goiz-arratseco jayera, Sacramentuac ongui artzeco prestaera, Elizan modestiarequin egotea, eta Meza entzuteco modua. Asco da au nescachentzat, bada escribitzen jaquitea, batzuentzat ona izan arren, gueyenentzat caltetsu izan liteque.

Esku artean liburua duen emakumea berebiziko arriskua da gizartearentzat. Ia mende bete ondoren, XX.aren hasieran, honela gogorarazten digu Ruben Vargas Ugarte historialari jesuitak:

*Niñas, si en el colegio se os ha despertado la afición a leer más que a trabajar, sois desgraciadas. Porque ni filosofía, ni ascética, ni historia, ni ningún libro serio, no leeréis mucho: lo sé. No hareis otra cosa que leer novelas, como tantas otras jóvenes que salen de los colegios incapaces de otra cosa ninguna. Cuanto valiera más que saliesen sin saber leer.*

Garai bertsuan, Txomin Agirre ahalegintzen da, Mogelen liburuaren 1912ko berrargitalpenari eginiko sarreran, Agirre Asteasukoa eta Ugarte baino harantzago heltzen, beti bere aldera bada ere. Nola esango genuke, erabateko kartzela beharrean, hobe halako baldintzapeko askatasun moduko bat:

*Antziñetako auzia da etxeko arazoetan jardun bear duan, ala beste arlo astunagoetarako almenik ote daukan.*

Ezetz ta baietz diote; ni baietzean nago. (...)

*Kalte egingo diola geiegi jakiteak? Oi! Eztaukagu geiegiaren bildurrik. Nork ikasi du geiegi. Nork daki asko? Zeñek naikua? Ez, geiegiak ez kalte, gutxiegiak izatekotan, gutxi jakinda erruz dakitelako usteak kalte, hamaika gizontxori gertatzen zaion irudira. Esanak esan, erruz ikasi dualako ezta iñoiz emakumea ondatu; gaizki azi dutelako bai, txorakeriak erakutzi zaizkiolako bai, polita dala liraña dala ta galanta dala, gezur-aizez arrotu degulako bai.*

*Ta berez bada gezatxoa ta buru ariña, txorakerietara berez badijoa ta beti amesetan badabill? Gatz pixka bat eman, txaldankeritik alderazi, amesetatik atera, zuzendu garaian zuzendu.*

*Zeñek? Geuk, prakadunok; gurasoak, senarrak, anai nagusiak, dana dalakoak. Ezkabiltz egunero emakumeak baño azkarrago gerala adierazten? Agertu dezagun gure azkartasuna andre, arreba ta alabai gure argia emanaz, gure adore ta kemena maitero eskeiñiaz.*

Eta irakurriak irakurrita, gaude hortxe duela, hain zuen, Mogelen liburuak baliorik preziatuena, nahiz eta aurrez beste batzuek erdaretan emandakoen bidetik izan, nahiz eta itzulia izan. Liburu bat. Prosa zibilean idatzia. Balio moralak landu nahi dituen nola halako fikzioa euskaldunentzat, euskaraz.

Jolasean hasitako liburu hau, ondoren etorriko diren alegia liburu askoren aitzindari izan zen. Alegigile onak izan ziren Frai Mateo Zabala bizkaieraz, Agustin Pascual Iturriaga gipuzkeraz, Goietxe lapurteraz, Marseillesa ere itzuli zuen Arxu zubereraz... elizgizonak guztiak. Aitzakia, ona da. Abaderiak ez ditu alegiak hain begi txarrez ikusten ageriko funtzioa betetzen duten neurrian. Didaktismoa deitu izan den hori, eramangarri zaio.

Euskal ilustrazio txikiaren fruitu, Mogelen liburua sor zedin baldintza geografikoek eta sozialek izan zuten eragina, gaitza da. Nebaren eta osabaren artean mamitutako formazio klasikoari munibetarren itzala gehitu behar zaio. Alde honetatik, Elizaren eta botere zibilaren arteko emaitza da Bizenta Mogelen lana.

Bitor Munibe Arangurengoari eskainia dator Ipui Onac. Munibetarrek jauregi ederra zuten Markin-Etxebarrian, eta handik etorriak ziren, itxura guztien arabera, Azkoitira.

*Nai banu agertu zure andikitasuna jatorriz, ta zure asaba jaunen argitasuna goi goi ipiñi, erraz izango nuke aitatzeaz bakarrik Munibeak, Idiakezak, Ugarteak, Aranzibiak, Sasiolak, Arizagak, Arangurenak, Alabak ta onelako beste izen eder azagutuak nonnai. Zure Asaben artean arkituko nituke Loiolakoak ere*...

Hona boterearen perfekzioa: Inazio Loiolakoaren oinordeko den munibetar bat...

Ipui Onac-i, aitzindari bat topatzekotan, izenetik bertatik hasita, gogora datorren aurreneko liburua Felix Maria Samaniegoren *Fábulas morales* da. Peñafloridako kondea zen Xabier Maria Muniberen iloba txikia, 1776an Bergarako Erret Seminarioan eskolak hasi behar zirela-eta, hark eskatuta ekin omen zion Samaniegok alegiak idazteari. Samaniego, Arabako Guardian jaioa, Tolosako alkate zen sasoi hartan. Eta hala burutu bide zen lana, Bergaran bildutakoei gustatu, eta idazten hasi. Arian-arian, bi alegia bilduma eman zituen, bost liburu aurrena, 1781ean, eta beste lau gehiago 1784an. Bertsoz daude bilduma biak, eta Esopo, Fedro, La Fontaine eta John Grayren ipuinen bertsioak dira guztiak. Bertsoz Samaniegok, hitz lauz Mogelek, bien arteko antzekotasunak, hala ere, handiak dira. Nola ez biak egile beren moldaketak izanda.

Prakadun gonaluze estuenen begietara gustu-gustukoa izango ez bazen ere, Mogelen liburuak izan zuen arrakastaren seinale dira ondorengo urteetan egin zitzaizkion edizioak. Alegietako batzuk Euskal Erria aldizkariak berrargitaratu zituen 1880 eta 1885 artean. Resurreccion Maria Azkueren Euskalzale-k ere, beste horrenbeste egin zuen 1899an. Euskal Esnalea-k, liburu moduan plazaratu zuen 1912an. Baita Auspoa-k ere 1968an...

Liburu-liburua, hauxe izan zen Bizenta Mogelek idatzi izan zuen bakarra, nahiz eta hor diren ere Abandoko frantziskotarrek sustatuta argitara emandako Gabon kanta anonimo batzuk, tartean 1819koak, Gabonetaco cantia Vizcaitar guztientzat izenez eman zena eta “euskaldun emakume batek ateria” sinatuta kaleratu zena. Toledoko Luis Borbon kardinalak idatzitako Espainiako Gotzai-buruaren Artzai-idazkia ere itzuli zuen (1820).

Azkoitiarra jaiotzez baino ez zen azkoitiar idazlea 1854an hil zen, artean Bilbok bereganatu gabeko Abandon.

Bibliografia:

ALTZIBAR, Xabier: “Bizenta Antonia Mogel, biziaz eta lanaz zenbait argibide”, Euskera XXVII, 1982.

AXMUTIL: “Euskal-esnale ta euskal-idazle”, Olerti I-II, 1962.

KALTZAKORTA, Xabier: Bizenta Mogel, Bidegileak, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 1992.

MOGEL, Bizenta Antonia: Ipui Onak, (Maite Iribarren edizioa) Klasikoak, Euskal Editoreen Elkartea, Donostia, 1991.

VARGAS UGARTE, Rubén: *Curiosidades preguntadas por los lectores del Sagrado Corazón de Jesús*, Tomo III, Mensajero, Bilbo, 1906.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak