Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Loiolarik ez balitz »  Idazlea mediku

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Idazlea mediku

Izeneko medikua zen Juan Bautista Ibaseta XVIII. mende hasiera hartako Azkoitian. Fede handia zitzaion herrian, antza, hainbestekoa non ez zen nahi edonork bete zezan hark utzi zuen lanpostua. Ibaseta hil ondoren, zeruak eta lurrak astindu zituzten udal agintariek maila emango zuen ordezkoa aurkitzeko. Ezarian-ezarian, Hondarribian topatuko zuten azkenik gustukoa. 1725ko abenduaren 25eko batzarrean erabaki zuen Azkoitiko Udalak Joannes Etxeberri Azkoitira ekartzea.

Heltzerako, bide luzea zuen egina. Saratarra sortzez, Pauen ikasia zen, jesuitetan. Frantzian hartua zuen medikuntzaren antzea. Maria Issargarate-rekin ezkondua, Saran bertan ekin zion sendagiletzari. Laster egin zuen mugaz hegoaldera. 1716an Beran baitzen, eta 1722an, Hondarribian.

Julio Urkijok eta Imanol Eliasek Azkoitiko udal artxiboetan egindako lanari esker, gaur egun xehetasun asko dakizkigu Etxeberri medikuaz. Egindako lanagatik zer kobratzen zuen, esate baterako:

...*las visitas de la población, por real de vellón cada una; en saliendo de la población, hasta media legua, por dos reales: en pasando de ella hasta una legua y media, seis reales; y pasando más adelante, v.g. a las Aguinagas, un real de a ocho*.

Aginetaraino. Oraindik ere, esaten dutenez, laino itsu eta euri langar egunetan ikusi egin daiteke Lapurdi argitik heldutako mediku zaharra zaldi gainean Zumarraga bidean, mendi artean barrena, atekaz ateka, ibai bazterretik gora, baso ilunak eta itzal ilunagoak lagun dituela, basetxe urrun bateraino heltzen.

Urkijo izan zen Etxeberriren Azkoitiko urteak sakon aztertzen aurrena. Udal artxiboan aurkitutako dokumentuen artean, badira 1739tik atzera herritarrek Etxeberriren kontra jarritako demandak eta kexuak, ustez lana ondo betetzen ez zuelako, ez zela deitutako tokietara heltzen eta halako.

Berritu egingo zitzaion eskritura Etxeberria jaunari beste urte batzuetarako aurrekoa bete ondoren, baina alkateak adieraziko zuen 1739ko apirilean 26an, kexak zirela herriko baserritarren aldetik, dirutza handia jasotzen zuenez. Horrela erabakiko zuten komisario bat izendatzea baserrietara ziren bideen berri jakin eta ordainketaren berri aztertu zezaten, aginduz baita ere sendagileari zaldieria bat prest izateko etxean beraren beharra izaten zuen unerako.

Bi urte geroago ere Etxeberria jauna zaldieri gabe zegoen, agintarien aldetik herritarren kexak jasotzen zirela.

Ikusten denez, arazoaren sorburua ez dago medikuaren utzikerian, udaletxeak zuen ordaindu ezinean baizik. Ordaintzen ez zitzaiolako ez zuen zaldia mantentzerik Etxeberrik.

*Considerando la estrechez de medios en que se halla esta villa y que la de Azpeitia y otras de esta provincia que tienen mucho mayores no se extienden a asalariar al médico ni aún con 400 ducados, reconocieron dichos señores la imposibilidad de poder continuar al presente don Juan de Echeverria con el señalamiento que hasta ahora a gozado de 550 ducados y determinaron conformes se le rebajen 100 ducados, quedando su salario en 450, y esto en atención a los años que ha servido en esta villa*...

.1748an, baserrietara heldu ezinean zebilen gure idazle medikua. Urte honetan bertan erabaki zuten herriko agintariek erretiroa ematea. Hondarribitik heldu eta jubilazioa hartu artean, hogeita hiru urte egin zituen mediku Joannes Etxeberri Sarakoak Azkoitian. Ez zuen asko gozatzerik izan, baina, hurrengo urtean hil baitzen, pentsatzekoa da Azkoitian bertan, heriotze agiria inon agertzen ez den arren. Laurogeita bat urte zituen.

Ez dago oso azkarra izan beharrik: laurogei urte zituela utzi zion medikuntzari. Aipatu kexak gizona oso zaharra zelarik eginak dira, hirurogeita hamar urte zituenekoak. Asko garai hartarako. Eta zaldi gainean joatea eskatzen zitzaion...

Honainokoan medikuaz hitz egin dugu; idazleak hartu beharko liguke gogoa ordea, Etxeberriren tristura zaldiaz haragokoa baita. Berebiziko idazlea izan zen Etxeberri, Lazarraga eta Oihenartez geroztik, elizgizon izan ez zen bakarra. Ez da bere lana erlijiosoa, hizkuntzarekin eta gazteriarekin kezkatuta ageri den pedagogo batena baizik, kultura noranahira eraman nahi duena. Hizkera dotore eta ederreko, Axular izan zuen eredu, eta halaxe, harexeri jarraitzen dio idazteko moldean. Baina duen balioa hainbestekoa den arren, gordean izan zen luzaroan, harik eta XX. mendearen hasieran Julio Urkijok Zarauzko frantziskotarren komentuan eskuizkribuak aurkitu eta argitara eman zituen arte.

Bizi zela, liburuxka bat bakarrik argitaratu ahal izan zuen, Lau-urdiri gomendiozko karta edo guthuna. Beran zegoela idatzia, Baionako Mateo Roquemaurelen etxean inprimatua, 1718an Uztaritzeko Biltzarrari zuzendutako gutuna da, diru laguntza eskatuz idatzirik zituen gramatika eta hiztegia argitara eman ahal zitzan. Agintarien axolagabekeria ez da oraingoa, Lapurdiko Biltzarrak atzera bota baitzuen Agustin semearen bitartez aurkeztu zuen egitasmoa. Itxura guztien arabera, ale bakarra gorde izan da, Harriet-ek Larresoroko seminarioan utzi zuena.

Tamalez, esan den bezala, argitara eman gabe gelditu ziren Etxeberriren obra nagusienak. Dena (ez bazuen behintzat hiztegia Azkoitian zegoela gizendu), Urola aldera heldu aurretikoa du.

Laburdiri escuararen hatsapenac (1712).

Hau da, dudarik gabe, Etxeberriren lanik interesgarriena, batez ere gazteriari zuzendutako atala. Idazle klasiko askoren aipuak erabiliz (Sokrates, Platon, Virgilio, Horazio, Seneka, Ovidio, Estrabon, Plinio, Martzial...), euskal hizkuntzaren apologia egitea du helburu nagusi. Euskaraz zein latinez idatzita dago, eta euskararen gutxieste historikoari aurre egin nahian, hizkuntza goresteari buruzko gogoeta ez ezik, historiari buruzko saioa ere bada. Oihenartek egin zuen bezala, gerora abertzaletasunak sarri askotan aldarrikatu izan duenaren erroa bertan aurki dezakegu, alegia, Nafarroako erresuma dela benetako Euskal Herriaren ardatza eta Iruñea bere hiriburua. Logika honi jarraituz, hala, Etxe-berriren aburuz, bai Espainia eta bai Frantzia hemendik sorturiko senideak lirateke. Nafarra zen Frantziako errege Henri IV.a eta nafarrak odolez honen ondorengoak ere, tartean borboitarrak Espainiako kortean sartu zituen Luis XIV.a.

Europan estatu-hizkuntzak sendotzen ari ziren garaian idatzia, euskararentzat haien mailako balioa eskatzera dator Etxeberri. Ez zen izan gaiari heldu zion orduko idazle bakarra, hari beretik tiraka ibiliko dira Larramendi, Etxabe, Poza eta enparauak. Aldea argia da. Haiek hizkuntzaren loriak gazteleraz idatzi zituzten bitartean, euskararen apologia euskaraz eman zuen bakarra izan zen Sarako medikuarena.

Escual-Herriari eta escualdun guztiei escuarazko hatsapenac latin ikhasteco (1712).

Izenburuak dioen bezala, latina ikasteko metodoa da, euskaraz idatzia. Deklinabideak eta aditzen konjugazioak ematen ditu, denak bere aurretiko idazleetarik hartuak, hau da, Axular, Oihenart, Pouvreau eta Ziburuko Etxeberri-rengandik.

Hiztegia, lau eletan.

Autoritate hiztegia da, nolabait esateko, aitzinagoko idazleen obretatik hartutako hitzez osatua. Euskarazkoei latinezko, frantsesezko eta gaztelerazko ordainak ezartzen zaizkie ondoan. Jakin badakigu, Larramendik bere hiztegiari eginiko sarreran dioenagatik, honek izan zuela esku artean zenbait egunez Etxeberriren hiztegi hau. Harrezkero zer gertatu den, ez dakigu, aita hil ondoren Etxeberriren seme Agustinek Zarauzko frantziskotarren etxean utzitako liburuen artean, hiztegi hau falta baita. Sbarbi jaunaren esku artean izan zen eta gerora Paura eraman zen hiztegia Etxeberrirena den, ezin ziurta daiteke. Zalantza horrexekin hil zen Urkijo bera.

Izarraitz hegoalde honek, badu, ikusten denez, istorio tristerik gordetzeko bere magalpean. Nolakoa zatekeen ezagutzen dugun euskal literatura Etxeberrik bere obra argitaratzea lortu izan balu, ez dugu inoiz jakingo. Baina zilegi bekigu amets egitea...

Bitartean, bego Joannes Etxeberrirena lotsakizun publiko baten adierazgarri. Ez apaiz ez fraile ez zen idazle bakarrenetarikoa izan, obra handia idatzi, zibila, hezkuntzara bideratua, eta agintarien laguntza faltan, argitara eman gabe galdu dena historiaren zuloan.

Bibliografia:

ELIAS, Imanol: Azkoitia historian zehar, Azkoitiko Udala, Azkoitia, 1999.

URQUIJO, Julio: Obras vascongadas del doctor labortano Joannes dEtcheberri, Paul Geuthner, Paris, 1907.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak